97. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

12/2022 FORU LEGEA, maiatzaren 11koa, haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, HAUR ETA NERABEEI ARRETA ETA BABESA EMAN ETA HAIEN FAMILIAK, ESKUBIDEAK ETA BERDINTASUNA SUSTATZEKOA.

ATARIKOA

I

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren 17., 18. eta 23. apartatuen arabera, Nafarroako Foru Komunitateak eskumen esklusiboa du honako arlo hauetan: gizarte laguntza, haur eta gazteen arloko politika, eta adingabeen babes eta tutoretzarako eta gizarteratzeko erakunde eta establezimendu publikoak; horrekin batera, foru zuzenbide zibilaren arloan ere eskumen esklusiboa du, lege organiko horren 48. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Arlo hauetan, berriz, eskumenak ditu: liburutegiak, kirola eta aisialdia, ikuskizunak, elkarteak, hezkuntza, osasuna, kontratuak, ingurumena eta ekologia, enplegua, toki administrazioa eta prozedura administratiboa, zuzenbide substantiboan edo erkidegoaren antolaketan Nafarroak dituen berezitasunen ondoriozkoa, 44. artikuluko 10., 14., 15. eta 19. apartatuetan eta 46., 47., 49.1 c) eta d), 53., 57. eta 58. 1 b) artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Bestalde, Espainiako Konstituzioaren 39. artikuluaren arabera, botere publiko guztiak beharturik daude familiaren babes soziala, ekonomikoa eta juridikoa ziurtatzera, bai eta adingabeen babes integrala ere, haien eskubideak zaintzen dituzten nazioarteko akordioetan aurreikusi bezala, bereziki Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan, Nazio Batuen Biltzar Nagusiak 1989ko azaroaren 20an onartutakoan.

Konbentzioak dakartzan betebeharrak bi jardun-eremu nagusitan banatzen dira.

Batetik, Nafarroan egoitza edo aldi baterako bizilekua duten adingabeak izateagatik, Nafarroako Administrazio Publikoetatik, modu koordinatuan, babes integrala jasotzeko eskubidea duten haur eta nerabe guztiak; babes horrek esan nahi du Konbentzioak ematen dizkien eskubideak aitortu ez ezik zaindu behar dela ere horiek benetan izatea, adingabeak eskubideen subjektu eta beren bizitzen protagonista nahitaezkoak diren aldetik, eta, horretarako, haien familiei laguntza eman behar zaie haien eginkizunak betetzeko, betiere ulertuta adingabeen interesa interes nagusi bat edo interes nagusia dela.

Bestetik, Konbentzioak berak dakarren beste jardun-eremua da babes sistema bat bermatu beharra, erabakiko duena, beharrezkoa denean eta salbuespeneko kasuetarako bada ere, adingabeak beren familietatik bereiztea, adingabe horien interes gorenaren izenean. Nolanahi ere, bigarren eremu honetan egoera irregularraren paradigma gainditzeko asmoa dago, helburu nagusia ez dadin izan, eredu paternalista bati jarraikiz, zaurgarritasun egoerak sortzen dituzten gabeziei erantzutea, baizik eta familien eta adingabeen gaitasunetatik abiatzea, horiek osatu eta laguntzeko behar diren baliabide guztiak erabiliz, eta ikuspegi integralari gurasotasun positiboaren printzipioa gehitzea.

Guztiarekin ere, beste printzipio gidari funtsezkoena, aipatutako bi eremuak elkarlotzen dituena, esku-hartzeak aurreratzea da, lehentasuna emanez prebentzioari, arreta goiztiarrari eta detekzio goiztiarrari, arreta eta babesa ez daitezen abian jarri konponbidea zailagoa denean egoeraren ondorioz, jakinik kalteak larriagotzen direla pertsonen bizitzaren hasieran, eta kontuan hartuta garrantzitsua dela haurtzaro ona izatea etorkizuneko gizarte integrazioa ere ona izan dadin.

Aipatutako guztiak ez du eragozten zaurgarritasun handieneko egoeretan daudenei eman beharreko arreta areagotzeko, eta, horretarako ezinbestekoak dira neurriak, diskriminazio mota oro –sexuak, desgaitasunak, baldintza ekonomikoek edo egiturazkoek nahiz desberdintasun kulturalek eragindakoak– ezabatzea bermatzen dutenak, eta ekintza positiboak, berdintasuna eraginkorra eta benetakoa izatea ahalbidetuko dutenak.

Familiek eta Administrazio Publikoek antolatu behar dute betebeharrak onartu eta sarean betetzeko modu integral hori, zeinetan bi alderdi hauek ere presentzia izan eta ekintza gidatzeko baliatu beharko baitira: pertsonarengan zentratutako arreta, ikuspegi etiko ukaezintzat hartuta, eta adingabeen parte-hartzea.

Pertsonarengan zentratutako ereduaren aldeko apustuak esan nahi du banakako formatuetan lan egitea, pertsonen beharretan, beraiek adierazitakoetan, zentraturik, berezitasun biografiko, pertsonal eta sozialak aitortuz, pertsonaren eta haren ingurune informal edo pribatuaren baliabideak bilduz, errekerimendu judizialak eta arauzkoak bilduz, lankidetzazko moldeekin; horrek esan nahi du zerbitzu eta profesional anitz daudela inplikatuta eta kontuan hartu behar direla eboluzioaren alderdiak ere; esan nahi du, halaber, uneoro akonpainamendua behar dela kasuek instituzioetan egiten duten ibilbideetan, eta zailtasunak gainditu gizarte integrazioa eta garapen pertsonala lortzeko.

Araudi hau ez da soilik egin adingabeentzat, adingabeekin baizik, haiei entzunez, adin talde bakoitzera eta egoera bakoitzera egokituz, protagonista nagusitzat hartuz; horri esker, sustatzen den inklusioa integrala da, ez bailitzateke halakoa adingabeak herritartasun demokratiko eta osoaren parte ez balira.

Foru lege honek izaera zibileko arauak jasotzen ditu, azken xedapenetako lehenengoan adierazten den bezala, bai eta Nafarroako Arartekoari buruzko arau batzuk ere. Bi gaiak, 13/1982 Lege Organikoaren arabera, gehiengo osoko foru legeei loturik daude.

II

Foru lege honek bost titulu, zazpi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta sei azken xedapen ditu.

Atariko tituluan, xedearekin eta aplikazio eremuarekin batera, printzipio gidariak jasotzen dira, aurreko araudikoak foru lege honen helburu nagusiekin osatu eta indartzeko, atarikoaren aurreko apartatuan aipatu den moduan.

Era berean, erantzunkidetasunaz gain, beste tresna garrantzitsu batzuk sartzen dira legean, hala nola aurrekontuetan lehentasuna emateari, eraginaren ebaluazioei eta inguruneen eta komunikazioaren baldintzei dagokienez, adingabeekin eta familiekin.

I. tituluko gaiak dira, batetik, eskubide horien, Konbentzioaren eta Haurren Eskubideen aldeko Batzordearen lanaren zabalkunde eta sustapenerako arau orokorrak; Nafarroan haurren ongizatearen jarraipena egiteko sistema instituzionalizatu baten beharra jasotzen da; asistentziarako telefono bat izateko elkarlana aurreikusten da; eta sustapenerako instituzioen multzoa osatzen da Nafarroako Gizarte Laguntzaren Etika Batzordearekin. Beren horretan uzten dira babes betebeharrak eta instituzioak, Nafarroako Arartekoa, adibidez, eta haien izaera subsidiarioa familien erantzukizunekiko.

Halaber, familientzat, Administrazioentzat eta gizartearentzat dakartzan betebeharren ikuspegitik, Konbentzioak adingabeei aitortzen dizkien eskubide nagusiak ere arautzen dira: bizitzarako eta osotasun fisiko eta psikikorako, Haur eta nerabeei indarkeriaren aurrean babes integrala emateari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak ezarritako betebeharrak onartuz; garapenerako; ohorerako, intimitaterako, norberaren irudirako eta datu pertsonalei dagokiena; nortasunerako; informaziorako; partaidetzarako eta entzunak eta adituak izateko, elkartegintzarako eta adierazpen askatasunerako; haien osasunaren babeserako; hezkuntzarako, kulturarako, aisialdirako eta harremanetarako; ingurumenerako eta jasangarritasunerako; gizarte inklusiorako; eta eskubide ekonomikoak eta lan arlokoak.

Arau berariazkoak ezartzen dira diskriminazio mota oro ekiditeko eta berdintasuna genero ikuspegitik sustatzeko, desgaitasuna duten pertsonak New Yorkeko Konbentzioak erabaki bezala hartzeko, zaurgarritasun sozioekonomikoaren aurreko ekintzak eta kulturartekotasunarekin lotutakoak.

II. tituluan, antolaketa administratiboari buruzkoan, I. kapituluan indartu egin dira diagnostiko, plangintza eta ebaluazioari buruzko arauak, dagoeneko eginik dauden planetan eskuratu den esperientzian eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren ebaluazioetan oinarrituta, erreferente tekniko eta metodologikoak zabaldu ondoren.

II. kapituluan, eskumenen banaketa mantentzen da, uztailaren 15eko 48/2020 Foru Dekretuak berriki toki esparruan egin duen esleipenarekin bat, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak emandakoak osatuz.

III. kapituluko 1. atala familiei buruzkoa da, eta aitortzen da familia molde asko daudela eta gerta daitezkeen diskriminazio guztien aurrean babestu beharra dagoela, LGTBI+ familiek jasan dezaketena aipatuz, adibidez; haur pobreziaren prebentzioa jorratzen da, bai eta haur-eskoletan sartzea, gurasotasun positiboaren sustapena, familien parte-hartzea plangintzan eta beste eremu batzuetan, eta arreta goiztiarrarekin lotutako guztia ere.

III. kapituluko 2. atalean mantendu egiten da adingabeen arreta eta babeserako zentroak baimentzeko araubidea. Beharraren printzipioa, zeina betetzen dela justifikatu behar baita, abenduaren 12ko 2006/12/EE Zerbitzuen Zuzentarauak hala exijituta, betetzen da adingabeen babesaren arloan, arrazoi hauengatik: adingabeei zerbitzuak ematean gertatzen diren ezaugarri bereziengatik; pertsona horiek bizitzaren etapa horretan duten zaurgarritasunagatik, zeren etapa horretan, alde guztietatik ikusita, nortasuna sortzen eta garatzen ari baitira; babesa behar izateagatik gabezia motaren bat jasan dutelako; eta politika sozialarekin lortu nahi diren helburuengatik. Inguruabar horiek interes orokorreko premiazko arrazoiak dira, arau honetan ezarritako baimenen araubidea justifikatzen dutenak.

Proportzionaltasun printzipioari dagokionez, adingabeen babesaren arloan justifikatuta dago baimena eskatzean, ez baitago hain murriztailea ez den beste neurririk, emaitza berberak lortzea ahalbidetzen duenik. Izan ere, mota honetako zerbitzuak abian jartzeko komunikazioa eta kontrol sistema “a posteriori” izatea ez litzateke nahikoa izanen zerbitzu horiek artatzen dituzten adingabeen osasuna, segurtasuna eta ongizate fisiko eta emozionala bermatzeko, eta gerta liteke “a posteriori” kontrol hori lesioa gertatu ondoren egitea, eta askotan konponbiderik gabekoa izatea, kontuan harturik kalteak handiagoak izaten direla txikitan.

Printzipio horiez gainera, Zerbitzuen Zuzentarauaren beste agindu batzuen ildotik, diskriminazio ezaren printzipioa aipatu beharra dago, aurreikusitako baimen araubideak ez baitu inolako diskriminaziorik ezartzen, ez zuzenean, ez zeharka, zentroaren titularraren nazionalitatean oinarrituta, edo zentroaren titulartasuna duen entitatearen edo pertsonaren egoitza soziala dela kausa, edo pertsona edo entitatea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldearen barruan egoteagatik edo ez egoteagatik.

Azkenik, aurreko guztiak ez du eragozten, ordea, prozedura espezifiko baten beharra kentzea, babes zerbitzuak kontratu edo itun sozialaren bidez eman nahi dituen entitate bat baimendu edo akreditatu behar denean; horrenbestez, zerbitzuak adjudikatzeko erabiliko den prozedura bera baliatuko da behar diren egiaztapenak egiteko, eta, horrela, bikoizteak eta atzerapenak saihestuko dira eta Zerbitzuen Zuzentarauaren 10.3 artikuluak emandako agindua beteko da, hots, akreditazioak emateko prozedurak ez sortzea baldintza eta kontrol berriak, adingabeentzako zerbitzu bat eman nahi duenak bete behar dituenen parekoak edo parekagarriak direnak funtsean.

III. kapituluko 3. atalean jasotzen dira metodologiaren erregulazioa eta haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioak.

IV. kapitulu berritzailearen gaia sareko lana da, eta haren helburua da bermatzea, batetik, adingabeak beraiek eta haien familiak erdigunean egonen direla departamentuek eta administrazioek, beren lan sektoriala betetzen duten esparruetan, adingabeei eragiten dieten gaiei buruz hartzen dituzten erabakietan, eta, bestetik, ekintza administratiboak ikuspegi guztiak landuko dituela konponbide bateratu eta partaidetzazkoak eraikitzeko, pertsonekin batera hirugarren sektoreko entitateak ere partaide direla. Arauan sartzen dira jadanik lanean ari diren batzorde zehatz batzuk, esate baterako, Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko Batzordea, edo zenbait esparrutan abian jarri behar diren beste batzuk, esparru sektorial nahiz nuklearretan –arreta goiztiarra edo harrerak, adibidez–.

Nafarroako Adingabeen Kontseiluaren ordez Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseilua ezartzen da eta haren osaketa osatzen da bermatuz bertako kide izanen direla, adingabeentzako arretan interesa duten pertsonak ez ezik, adingabeak beraiek ere.

V. kapituluan osatzen da arau-hausteen tipifikazioa eta zehapenak egokitzen dira tipifikatutako jokabideen larritasunera.

III. tituluan, aurreko araubidearekin alderatuta, osatzen eta zehazten dira prebentzioaren helburuak eta prebentziorako jarduketak esparru material desberdinetan. Halaber, haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioen figura garatzen da alor komunitarioan.

Komunitatea unitate sozial bat da, ezaugarri, interes, elementu edo funtzioren bat amankomunean duten kideak dituena, taldekotasun-kontzientziadunak eta eskualde geografiko jakin batean kokatuak, zeinetan pertsonek elkarrekintza mamitsuagoa baitaukate beren artean, ezen ez beste testuinguru batean; eta toki-komunitatea da, auzoek, herriek eta ibarrek, haien elkarteek eta bizilagun-sareek osatua, Nafarroan haurren eta nerabeen babesaren maila komunitarioa osatzen duena. Lurralde-testuinguru sozial horretantxe daude kokatuta familiak, eta, halaber, hor ehuntzen dira sostengurako gizarte-sareak, eta da nagusiki garatzen haurren, nerabeen eta haien familien bizitza publikoa haurtzaroan eta nerabezaroan zehar. Horregatik, bereziki garrantzitsua da gizarte-babeseko neurriak hartzea familiari eta komunitateari laguntzeko, haiei baliabideak helaraziz, haur eta nerabeen beharrizanei haien ingurunean erantzutera bideratuak.

Komunitateak erantzunkidetasun-esparru bat eskaintzen du, haur eta nerabeak beren ingurunean babestuak izatearen sustapenean, batetik herritarrentzat, bizilagun diren aldetik, eta bestetik zerbitzu eta zentro publikoetako profesionalentzat. Kontua ez da proiektu isolatuak deslai abiaraztea, baizik eta modu desberdinetan eszenatokiak eraikitzea, toki bakoitzean dagoen ehundurarekin konektatuak eta errotuak. Komunitatearekiko eta komunitatearengandiko lana egiten da haur eta nerabeen sustapenaren helburuarekin komunitatean bertan oinarrituta dauden proiektu zerbitzu eta zentro publikoen babeslana halaber indartuko dutenak.

Tokiko komunitateak bateralekuak eta elkarguneak sortzen ditu komunitate bateko sektore desberdin guztientzat. Tokiko komunitatea ohartematen da prebentziorako eta haur eta nerabeen babeserako nahitaezkoak diren lokarri sozialen dentsitate-, iraupen- eta intentsitate-esparru egokia eskaintzen duen lurralde-oinarri bezala.

IV. tituluan, funtsean mantentzen da babes sistemaren eskema, Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak osatu zuena, eta bereizten dira, batetik, arrisku eta babesgabetasun egoerak, bi baldintzaren arabera: egoeraren larritasun maila eta, hortaz, familia-nukleotik bereiztea beharrezkoa izatea edo ez. Bien definizioan sartu dira 2015eko erreforman 1996ko araudiari gehitutako gai nagusiak, 2005eko foru legea onetsi zenean hura zegoelako indarrean.

Zehatz-mehatz garatu da babesgabetasuna deklaratzeko prozedura, bai eta zer kasutan aplikatzen ahalko den prozedura laburtua edo noiz jarduten ahalko den berehalakoan; horrekin lotutako gai batzuk ere zehazten dira, hala nola espedienteen zaintza eta sarbidea.

Berariaz gehitu da borondatezko zaintza (108. artikuluan garatzen da haren araubidea), egoera desberdina baita, arriskua eta babesgabetasuna saihesten dituena.

Orain arte gatazka edo zailtasun soziala deitu dena, berriz, aurrekoetatik bereizten da eta haren izena aldatzen, kontzeptu horiek adierazten dutelako adingabea dela gatazka edo zailtasun bat sortzen duena gizartearentzat, eta ez arriskuaren biktima edo subjektua, nahiz eta halakoa eragin beste pertsona batzuentzat ere. Hori dela eta, egoera horretarako babesa beste apartatu batean eta beste izen batekin jorratzen da, jokabide arazoena, alegia, horrek babesaren jomuga jartzen duelako adingabeak babestean, egokitzapen falta larriaren ondorioz bere buruari edo beste pertsona batzuei kalte egiteko arriskua dagoenean.

Babestutako adingabeen eskubideak indartu egin dira, bai eta adingabeen ardura duten pertsonen betebehar espezifikoak ere.

Berritasunak sartu dira zaintzaren araubidean, eta nabarmenenak hauek dira: zaintzak egitea jatorriko familiara pixkanaka itzultzeko aukerarekin; zaintzaren aldi baterako izaeraren bermeak eta egonkortasun helburuarenak areagotzea; borondatezko eta behin-behineko zaintzari buruzko xehetasunak gehitzea.

Harreraren erregulazio espezifikoa sartu da, eta arautu dira haren eraketa, babeserako banakako plana, harreren jarraipena, harrerei laguntza emateko neurriak, bisiten araubidea, harrera modalitateak, aplikatu beharreko irizpideak.

Zehaztu dira, halaber, familia harreren araubidea, haien helburuak, harrera egiten dutenen eskubide eta betebehar espezifikoak, harrera familia gehiago eta hobeki erakartzeko eta haiei laguntzeko aurreikuspenak, harrerarako prozedura eta aurretiazko faseak.

Era berean, erregulazio espezifikoa garatu da egoitza harrerei buruz, gai hauen gainean: adingabeekiko dauden betebeharrak, adinari dagozkion mugak eta nukleo txikiak lehenestea, ikuskapenak eta gainbegiratzea, egoitzetan dauden adingabeen eskubideen eta betebeharren zerrenda, zentroetako bizikidetza; azken gai horretan, aurreko ikuspegia, diziplinan oinarrituta zegoena, aldatu egin da eta lehentasuna ematen zaie orain hezkuntzan oinarritutako neurri eta metodologia produktiboagoei, bizikidetza hobetzeko eta harremanetan giro ona egon dadin.

Adopzioen arloan, zenbait printzipio sartzen dira, adibidez, babes sisteman dauden nerabeen adopzioa sustatzea, edo adopzioan dauden adingabeak Arreta Goiztiarrean sar daitezen sustatzea, eta beste batzuk aldatzen dira, denbora lehentasunarena, kasu, adingabe bakoitzaren beharretarako egokitzearen printzipioa indartzeko.

Adopzio pribatuaren arloan, kasu batzuk ezartzen dira, Foru Berrian ez zeudenak.

Zehaztasunez arautzen da egokitasunarekin lotuta dagoena, eta zenbait berritasun sartzen dira, esate baterako erabakia atzeratzea arrazoi koiunturalengatik edo aldi baterako egokitasun eza. Aldez aurreko eskaintzarik gabeko adopzio nazionalerako kasu batzuk sartzen dira. Familia adoptatzaileen hautapenerako araubidea zehazten da. Adopzioaren ondoko jarduketen erregulazioa osatzen da.

Sartu eta arautzen diren beste figura batzuk dira adopzio irekia eta adopzioa helburu duen zaintza eskuordetzea.

Autonomia programak zirenak bizimodu independenterako prestatzeko programak dira orain, eta haien araubidea osatzen da, batez ere laguntzen eta segimenduaren definizioarekin edo mentoreen figuren sustapenarekin.

V. tituluan mantentzen da erabaki judizialen erregulazioa, gehienbat exekutiboa, lehen erreforma eta orain gazteentzako justizia deitzen denaren barruan.

Gehigarriak daude gai hauei buruz: estigmatizazioaren prebentzioa, adingabeen babesa telebistako eta ikus-entzunezko beste komunikabide batzuetako programazioaren aurrean, Haurren Eguna eta foru legearen beraren sustapena, garapenerako lankidetza eta eskolatzearen berezitasunak adingabeak babesteko neurrien ondorioz.

Azkenik, araubide iragankor bat ezartzen da adingabeak babesteko zentroen kalitate estandarrak finkatu bitarte, eta printzipio etiko espezifiko batzuk ezartzen dira, erreferente izan daitezen adingabeen arloan.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedeak ondoko hauek dira:

Haur eta nerabeentzako arreta integrala ziurtatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, haurrak eta nerabeak eta haien familiak eta eskubideak babesteko esparru juridikoa ezarriz, bai eta horien prebentzio eta sustapenerako neurri eta jarduketa administratiboak ere.

Gazteentzako Justizia Sistemaren menpe dauden adingabeen arloan orientazioa eta gizarteratzea helburu dituen esku-hartzea, organo jurisdikzionalek ezarritako neurriak betearaztearen esparruan.

Bi kasuetan bermatzea haien eskubideen erabilera, haien interesen defentsa eta, bizikidetzaren eremu guztietan, haien garapen integrala, eta haien askatasuna eta berdintasuna egiazkoak eta eraginkorrak izatea eragotzi edo zailtzen duten trabak kentzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua, pertsonena eta lurraldekoa.

1. Foru lege honetan aipatzen diren neurriak aplikatuko zaizkio egoitza Nafarroako Foru Komunitatean duen edo aldi baterako bertan dagoen edozein adingaberi, beste administrazio batzuek eta adingabeekin eta haien familiekin lan egiten duten zerbitzuetako pertsonek izan ditzaketen ahalmenak galarazi gabe.

2. Halaber, foru lege hau aplikatuko zaie Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren eraginpean dauden adingabeei eta, kasua bada, adin nagusikoei ere.

3. Foru lege honen ondorioetarako, adingabea izanen da Espainiako Konstituzioak ezarritako adin-nagusitasunera iritsi ez dena, baldin eta emantzipatuta ez badago edo adin-nagusitasunera iritsi ez bada aplikatzekoa zaion legean ezarritakoaren ondorioz.

4. Lehen haurtzaroa da pertsona jaiotzen denetik 3 urtera arteko bizitza-aldia.

5. Haurtzaroa da 4 urtetik 12 urtera arteko bizitza-aldia.

6. Nerabezaroa da 13 urtetik adin-nagusitasunera arteko bizitza-aldia.

3. artikulua. Adingabearen interes gorena.

Adingabe orok du eskubidea bere interes gorena baloratu eta lehenets dadin hari dagozkion ekintza eta erabaki guztietan, hala esparru publikoan nola pribatuan, bai eta interes goren horren interpretazioa eta aplikazioa kasu guztietan egin daitezen kontuan hartuz eta aztertuz adingabeen babes juridikoari buruzko estatuko araudian ezarritako irizpide orokorrak eta Nazio Batuen Biltzar Nagusiak 1989ko azaroaren 20an onartutako Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan aurreikusitakoa; horrekin batera, desgaitasuna duten adingabeen kasuan, aintzat hartuko da 2006ko abenduaren 13an onartutako Desgaitasuna dutenen eskubideei buruzko Konbentzioan aurreikusitakoa.

4. artikulua. Printzipio gidariak.

1. Nafarroan helbidea edo bizilekua duten pertsonek edo erakundeek eta Nafarroako Administrazio Publikoek adingabeei arreta emateko betetzen dituzten lanak adingabearen interes gorenaren printzipioarekin bat etorriko dira beti, bai eta printzipio hauekin ere:

a) Adingabeen inguruan hartzen den neurri orok nagusiki hezkuntzara eta gizartearen parte izatera bideratuta egon behar du.

b) Adingabeak familian integratzea eta gizartean integratzea bilatuko da, eta beren familia eta gizarte ingurunean iraun dezatela bermatuko, horrek haien interesei kalte egin ezean.

c) Edozein adingaberi haren zainketaz eta garapenaz arduratzen direnek eman behar dioten arretaren izaera integrala.

Alderdi guztietara zabalduko da, materialak, moralak, psikologikoak nahiz sozialak izan, horren barnean dela zaintzen dutenekin loturak atxikitzeko eskubidea, haren kaltetan ez bada, adingabeak izan dezan, finean, bizitza betea eta bere eskubide guztiak baliatzeko modua.

Orobat, eskubide horiek errespetatzea eta adingabeak eskubide horien titular aktibotzat hartzea sustatuko da.

d) Ekitatea eta diskriminazio ororen debekua.

e) Babes gabeziaren egoeren prebentzioa, eta ahaleginak egitea adingabearen garapen pertsonal eta sozial egokia eragozten edo zailtzen duten gabeziak atzeman eta apaltzeko.

f) Sustatzea adingabeen parte-hartzea adierazgarria izan dadila, haur eta nerabeentzat moldatuak eta egokiak diren metodologiak eta bideak erabiliz, eta, horrekin batera, herritarren sentsibilizazioa ere sustatzea, bereziki babes gabeziaren aurrean.

Parte hartzeko bideak eskuragarriak izanen dira desgaitasuna dutenentzat, adinen eta heldutasunaren araberakoak; horrekin batera, adingabeen eta haien familien arazoak kontuan hartuko dira.

g) Adingabeengan balioak sustatzea, hala nola, tolerantzia, elkartasuna, begirunea, berdintasuna eta diskriminazio eza, eta, oro har, Konstituzioan jasotzen diren bizikidetzako printzipio demokratikoak.

h) Adingabearen interesen alde edo hura babesteko egiten diren jarduketen konfidentzialtasuna.

i) Gurasotasun positiboa, adingabeen, aiten, amen eta familiako beste kideen ahalmenak eta baliabideak sendotzera zuzenduta, dituzten indarrak eta gaitasunak kontuan hartuz eta areagotuz, haien gabezien gainetik, eta haien zailtasunak gainditzen laguntzeko, materialak eta harremanetakoak barne.

j) Haurtzaroan eta nerabezaroan lagunak eta denbora izatea funtsezkoa dela aintzat hartzea, haur eta nerabeek uztar ditzaten beren heziketarekin lotuta bereganatzen doazen erantzukizunak eta beren behar ludikoak eta harremanetakoak.

k) Adingabeek pairatutako kalteak oneratzea.

m) Printzipio etikoak aintzat hartuko dira, erreferente gisa.

n) Familiei aitorpena eta sostengua ematea, adingabeen garapen normalerako babesingurunea diren aldetik.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek printzipio hauek beteko dituzte adingabeekin, haien familiekin eta adingabeen arretaren edo babesaren arloan jarduten duten erakunde publiko edo pribatuekin dituzten harremanetan:

a) Sarean lan egitea, ingurune komunitariotik, adingabeen arretaren eta haien eskubideen defentsan eta sustapenean esku hartzen duten administrazio publikoen eta erakunde pribatuen artean.

Ukitutako toki eta foru erakundeek eta departamentuek elkarri emanen diote beren jarduketen helburu, plan, metodologia eta jarraipenaren berri; horretarako, eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuak beharrezkoa den prestakuntza bultzatuko du.

b) Lehenestea prebentzio jarduketak eta familian errotzea eta arreta goiztiarra zaintzeko bide ematen dutenak.

c) Jarduketa testuinguru komunitarioetan sustatzea, ingurune desberdinetan belaunaldien arteko harremana atxiki eta sendotzeko, lehendik dauden lotura komunitarioak indartuz.

d) Babes lanaren objektibotasuna, inpartzialtasuna eta segurtasun juridikoa, eta neurriak modu kolegiatuan eta diziplina artekoan hartzen direla bermatzea.

e) Pertsonarengan zentratutako arreta, adingabe bakoitzarentzat dagoen baliabide onena aukeratuz, adingabearen eta haren ingurunearen parte-hartzearekin, eta artatzen duten entitate, zerbitzu eta profesional guztien eta instituzioen laguntzarekin.

Lehen haurtzaroko adingabeen kasuan, familiari eta berezko inguruneei zuzendutako arreta.

f) Arrazionalizazioa eta bizkortasuna kudeaketa prozeduretan eta jarduera materialetan.

g) Neurriek adingabeen ongizatean duten eraginaren jarraipena eta ebaluazioa, horren barnean direla planak, programak eta protokoloak, eta kontuak ematea.

h) Zerbitzuetako langileak banakako kasura egokituko dira, eta taldeko lana horretan zentratuko da, zerbitzu desberdinek esku-hartzeagatik disfuntziorik edo etenik sor ez dadin, sareko bilerak eginez, langileak eta zerbitzuak elkarlanean eta koordinatuta arituz.

i) Profesionalen taldean zuzeneko erreferente bat egotea, kasuan garrantzia duena, lagun eginen duena konpondu eta zerbitzutik atera arte, kasua zein den, horretan esku hartu behar duen bitartekoa edozein dela ere.

j) Kasu bakoitzari bideratutako lana, adingabearen eta haren inguruneko zailtasunak, testuingurua eta behar pertsonalak kontuan hartuz.

3. Diskriminazio mota oro galarazteko eta tratua egiaz berdintasunekoa eta ekitatiboa dela bermatzeko, bereziki zaindu eta sustatuko dira honakoak:

a) Genero ikuspegia, erantzunkidetasunari esparru zabalagoa eta esanahi sakonagoa emanen dizkiona, neskentzat eta emakumeentzat aukerarik eza edo aukera desberdintasuna dakarten egoerak eta jarduketak identifikatuz eta horien inguruan kontzientziatu eta esku hartuz, eta haien premia eta eskaera espezifikoei erantzunen diena eta haien ahalduntzea sustatuko.

b) Desgaitasuna duten adingabeei eman beharreko tratua, desgaitasuna dutenen eskubideei buruzko Konbentzioak aitortzen dizkien eskubideak benetan baliatzea ahalbidetuko duena.

c) Ikuspegi sozio-ekonomikoa, baliabideen birbanaketa sustatuko duena, adingabeek eta haien familiek oinarrizko beharrak beteta izan dezaten ziurtatzeko.

d) Kultur arteko ikuspegia, adingabeekin eta haien familiekin harrera eta esku-hartze egokiak egitea erraztuko duena, migrazio egoera eta errealitateetan eta kultura desberdinak elkarren ondoan daudenean.

5. artikulua. Lehentasuna aurrekontuetan.

1. Foru Komunitateko Administrazioak bere aurrekontuetan jasoko ditu lehentasunez Foru Komunitate honetako adingabeen zailtasunen atzemate goiztiarra eta horiek konpontzeko bitartekoen aktibazioa, sustapena, arreta, heziketa, babesa, gizarteratzea, integrazioa eta aisialdia; kontsignazio hori handituko da gutxienez ere gastu-mugaren gehikuntza adina, gastu-muga handitzen denean. Gastu-muga handitzen ez bada, mantenduko dira, baldin eta foru lege honen xede diren beharrak murriztu ez badira.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sustatuko du Nafarroako toki erakundeek beren gain har dezaten lehentasun hori, eta hitzarmenen bidez elkarlanean arituko dira eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuaren laguntza eta aholkularitzarekin beren plangintza garatu edo zehaztu nahi dutenekin.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak haur eta nerabeekin lotura duen gastuaren betetzearen gaineko jarraipena eginen du.

6. artikulua. Erantzunkidetasuna eta herritarren lankidetza.

1. Adingabeen gaineko erantzukizunik duen orok haien garapen eta integrazio osoa faboratuko duten bizi baldintza duinak izan ditzaten behar diren arreta eta zainketak eman beharko dizkiete.

2. Lehenik eta behin adingabeen gurasoek edo adingabeen tutoretza edo zaintza dutenek, eta, aldi berean edo modu subsidiarioan, kasuan-kasuan, Nafarroako Administrazio Publiko guztiek, erakundeek eta oro har herritarrek, Fiskaltzak eta organo jurisdikzionalek, elkarrekin koordinaturik, lagundu behar dute foru lege honen bidez lortu nahi diren helburuak betetzen, nork bere esparruan, ordenamendu juridikoak esleitzen dizkien betebehar, eskumen eta erantzukizunak erabiliz eta betez.

3. Pertsona edo agintaritza orok, eta, bereziki, beren lanbide edo eginkizunengatik adingabeekin lotura dutenek, adingabe baten arrisku egoera baten edo balizko babesgabetasunaren berri jakiten badute, edo haren eskubideak urratzen ari direla, hari beharrezkoa duen berehalako laguntza emateaz gain, agintaritza eskudunetan edo agintaritzaren agente hurbilenetan salatuko dute, neurri egokienak har ditzaten, foru lege honetan xedaturikoarekin bat eta, kasua bada, haur eta nerabeei indarkeriaren aurrean babes integrala emateari buruzko araudi organikoan ezarritakoarekin bat.

Salaketetan, salaketa aurkezten duen pertsonaren edo pertsonen nortasuna adierazi beharko da, bai eta Administrazioari jakinarazten zaizkion egitateen kontakizuna ere. Salbuespenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ofizioz irekiko du ikerketa, salaketak aurkezten dituztenek beren nortasuna adierazten ez dutenean, baldin eta egitateen eta inguruabarren kontakizuna zehatza bada, salatutako egoera benetan gertatu dela egiaztatzeko behar bestekoa.

7. artikulua. Arauen eraginaren ebaluazioak eta beste jarduketa administratibo batzuk.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek eraginaren ebaluazioak eginen dituzte arau proiektuak prestatzean, horrela aurreikusi ahal izateko zer eragina izan dezaketen haur eta nerabeengan eta haien eskubideen erabileran.

2. Era berean, haur eta nerabeengan eta haien eskubideen erabileran eragina duten planak eta protokoloak ebaluatuko dituzte, bai eta izaera orokorreko edozein erabaki administratibo ere, eta eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuaren sostengua izaten ahalko dute horretan.

3. Ebaluazio horietarako kontuan hartuko diren irizpide eta metodologiak Haurren Defendatzaileen Europako Sareak bultzatzen dituenak bezalakoak izanen dira.

8. artikulua. Ingurune atseginak eta komunikaziorako modua.

1. Adingabeek erabili behar dituzten espazio eta ingurune publikoak, bereziki horietan zain egon behar badute, seguruak eta atseginak izan daitezen antolatuko dira, eta bertan egotea eta itxoitea errazago egiten duten eta tentsioa arintzen duten elementuak izanen dituzte.

Indarkeriaren biktima diren haur eta nerabeentzat espazio bereziak egonen dira, arreta integrala eta diziplina anitzekoa ematen laguntzeko eta bigarren mailako biktimizazioa saihesteko.

2. Administrazio publikoek adingabeekin duten komunikazioa haien mailara moldatu beharko da, errespetuzkoa, positiboa, beroa, enpatikoa, interakzio eragilea eta egoerara egokitua izateko. Desgaitasuna edo zailtasunen bat duten pertsonen kasuan, saihestuko da beti begirada partziala, hau da, gaixotasuna edo muga ikusten duena, pertsona bera osotara eta bere balio osoarekin ikusi ordez.

3. Aurreko apartatuetan aurreikusitako komunikazio inguruneak eta moduak sustatuko dira gizarte eremu guztietan.

4. Familiei informazioa emanen zaie haien seme-alabei edo beren kargura harreran dituzten adingabeei eragiten dieten erabakiei buruz, prozedura mota bakoitzean ezartzen diren protokoloekin bat, batez ere 91.2 artikuluan jasota dauden kasuetan.

Begirunea eta humanizazioa nagusi izanen dira erabiliko den komunikazio moduan, eta, erabaki zailetan, ziurtatuko da informazio argia ematen dela, funtsezkoena idatziz, eta baloratzeko denbora, erabakiak hartzeko presaren eta haien ondorioen proportzioan.

I. TITULUA

Haur eta nerabeen eskubideak

I. KAPITULUA

Printzipio orokorrak

9. artikulua. Adingabeen eskubideak babestea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek, beren eskumenen barruan, bermatuko dute errespetatzen eta behar bezala betetzen direla adingabeen eskubide eta askatasunak salbuespenik gabe eta arraza, etnia, sexu, hizkuntza, kultura, erlijio, iritzi, jaioterri, egoera ekonomiko, egoera edo desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezko edo norberaren, familiaren edo gizartearen esparruko beste edozein egoeraren araberako bereizketarik edo diskriminaziorik egin gabe. Eskubide eta askatasun horiek dira aitorturik daudenak Konstituzioan eta Espainiak berretsiriko nazioarteko tratatuetan, bereziki Nazio Batuen Erakundeak 1989ko azaroaren 20an onarturiko Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan eta Desgaitasuna dutenen eskubideei buruzko 2006ko abenduaren 13koan, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan eta oro har antolamendu juridikoan adierazten direnak.

2. Era berean, eskubide horiek eraginkorrak izan daitezen beharrezkoak diren legegintza-, administrazio- eta beste edozein izaeratako neurri guztiak hartuko dituzte.

3. Nafarroako Arartekoa haur eta nerabeen eskubideak babesteaz arduratuko da, eta, horretarako, beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu, honakoak besteak beste:

a) Jardutea, ofizioz edo norbaitek eskatuta, eskubideen urraketari buruzko kexak jarriz. Egitateek ondorio penala izan dezaketenean, berehala emanen diote horien berri Fiskaltzari.

Haur eta nerabeek Nafarroako Arartekora jotzen ahalko dute ordezkaririk gabe, mota guztietako kexak eta proposamenak aurkezteko.

b) Nafarroako Administrazio Publikoei jardun dezaten eskatzea, foru lege honekin zerikusia duten gaietan.

c) Nafarroako Foru Komunitateko haur eta nerabeek duten egoera baloratzea urteko txostenean.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo Nafarroako toki erakundeei eskatzea legean jasotako programak eta jarduketak benetan bete daitezela.

e) Bitartekaritzako erakundearen eginkizunak betetzea foru lege honekin lotutako gaietan, bere araudian jasotakoarekin bat.

4. Sostengua emanen da baldintzak onak izan daitezen (materialak, harremanetakoak, eskolakoak eta komunitarioak, mota orotakoak), haurtzaroa modu seguruan eta zorigaitz larrietatik salbu bizitzeko.

10. artikulua. Haur eta nerabeen eskubideak sustatu eta haien berri zabaltzea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek behar diren ekintzak gauzatuko dituzte haur eta nerabeen eskubideek zabalkunderik handiena izan dezaten lortzeko, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren edukiak eta Haurren Eskubideen aldeko Batzordearen lanak ezagutarazteko ekitaldiak eta jardunaldiak antolatuz, zeinetan parte hartuko baitute eskubide horiek eraginkorrak izan daitezen laguntzen duten eragileek eta familiek, bereziki harrera familiek.

2. Era berean, behar diren baldintzak sustatuko dituzte, gurasoek, tutoreek edo zaintza dutenek eta adingabeekin aritzen diren profesionalek modu egokian bete dezaten haien gainean duten erantzukizuna, prestakuntzarako eta informaziorako behar dituzten baliabideak emanez eta gizartea nahiz profesionalak sentsibilizatuz haur eta nerabeen eskubideak eraginkorrak izateak duen garrantziaz.

Aipatutako baldintza horietako batzuk izanen dira jardunaldiak eta beste ekimen batzuk antolatzea, horien bidez sustatu eta partekatzeko, besteak beste, haurrei zuzendutako tratu ona, gizarte berrikuntza eta ebaluazioa, gardentasunez eta kontuak emanez.

3. Eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuak datuak bildu eta aztertzeko sistema instituzionalizatu bat izanen du, erkidego eta toki mailako informazioa jasoko duena, bai eta Nafarroan haurren ongizatearen jarraipena egiteko ere, arlo horretako politiken norabidea ezartzeko eta informazio hori zabaltzeko, gizartearen sentsibilizazioari begira.

4. Eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuak txostenak eskatzen ahalko dizkio Nafarroako gizarte laguntzako Etika Batzordeari, adingabeen eskubideen eraginkortasuna indartzeko.

5. Eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentua elkarlanean arituko da adingabeentzat eskuragarriak diren laguntza telefonoak dituzten erakundeekin, zerbitzu horien ezagutarazpena errazteko eta haien esku-hartzea antolatzeko, dei horien bitartez beharra dagoela antzematen denean.

6. Eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuak lagundu eta sustatuko du jardunbide egokiak sor daitezen, eta prestakuntza programak eta gogoetarako guneak garatuko ditu zerbitzuetan, haiek ikaskomunitate gisa sustaturik.

11. artikulua. Subsidiariotasuna.

Nafarroako Administrazio Publikoen jarduketa subsidiarioa izanen da gurasoei, tutoreei edo zaintza dutenei, baita harrera egiten dutenei ere, dagokienaren aldean, haiek baitira, ahal duten heinean eta behar duten sostenguarekin, adingabeen garapen integralerako beharrezkoak diren bizi baldintzak ziurtatzeko ardura dutenak.

II. KAPITULUA

Eskubideak: haien ezagutza eta erabilera babestu eta sustatzea

12. artikulua. Bizitzarako, osotasun fisiko nahiz psikikorako eta garapenerako eskubidea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek, beren eskumenen esparruan, prebentzio jarduketak eginen dituzte eta arreta emanen diete, haien gurasoen baimena izan gabe ere, edozein indarkeria mota pairatzen duten adingabeei, indarkeria instituzionala barne, bai eta tratu txarrak, ankerkeria, manipulazioa, arduragabekeria, esplotazioa, pederastia edo mota guztietako sexu abusua jasaten dutenei ere.

Era berean, adingabeak babestuko dituzte lan esplotazio mota orotatik eta eskean ibiltzetik ere, eta neskato adingabeak bereziki babestuko dituzte, haien segurtasuna bermatzeko, plangintzarako kontuan hartuz toki eta ordutegi jakin batzuetako arriskuak.

2. Adierazitako egoerak atzeman eta salatzeko xedez, koordinaziorako bide eta protokolo eguneratu eta egokiak ezarriko dira, haur eta nerabeei indarkeriaren aurrean babes integrala emateari buruzko araudi organikoarekin bat, batez ere osasunaren, hezkuntzaren, gizarte zerbitzuen eta poliziaren sektoreetan.

Arreta espezializatua sustatuko da eta Haurren kontrako Indarkeriaren arloko Gizarte Zerbitzuen Erregistro Bateratua erabili eta zabalduko da, bai eta sexu delitugileen eta gizakien salerosketaren Erregistro Zentralaren bidezko kontrolak eginen ere.

3. Foru lege honetan ezartzen diren babes neurriak deusetan galarazi gabe, Nafarroako Administrazio Publikoek Fiskaltzari jakinaraziko dizkiote adingabeen osotasun fisiko eta psikikoaren kontrako gertaerak, eta bidezko diren lege-akzio guztiak beteko dituzte.

4. Nafarroako Administrazio Publikoek edozein adingaberi bermatuko diote garapenerako eskubidea, gizaki ororen giza eskubide besterenezina den aldetik. Eskubide horrek ahalmena ematen dio giza eskubide guztiak eta oinarrizko askatasun guztiak osotara bete ahal izateko garapen ekonomiko, sozial, kultural eta politikoan parte hartzeko.

Era berean, garapen horretan laguntzea bermatuko diote, garapen hori lortzeko eragile nagusi eta parte-hartzaile aktibo gisa, eta eskubide horretaz gozatzea, haren onuraduna baita.

13. artikulua. Ohorerako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea eta datu pertsonalen babeserako eskubidea.

1. Adingabeen babes juridikoari buruzko legeria organikoan jasotakoarekin bat:

a) Haur eta nerabeek eskubidea dute ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako, eta eskubide horretan sartzen dira familiaren egoitzaren eta gutunen bortxaezintasuna, bai eta komunikazioen sekretua eta haien ohorearen eta izen onaren kontrako erasoen aurrean babestea ere.

b) Baldin eta aurreko letran aipatzen diren eskubideak urratu egiten badira informazioa jendartean hedatuz edo haur eta nerabeen irudiak edo izenak hedabideetan erabiliz, eta horrek zilegi ez den intromisioa badakar haien intimitateari, ohoreari edo izen onari dagokionez, edo haien interesen aurkakoa bada, orduan, Fiskaltzari horren berri emanen zaio eta legean aurreikusitako kautela eta babes neurriak hartzeko eskatuko da eta, hala badagokio, kalte-ordainak ere bai eragindako kalteengatik. Eta hala jardutea bidezkoa izanen da haurrak, nerabeak edo haren legezko ordezkariek baimena eman badute ere.

c) Aurreko letran aipatzen diren kasuetan, haur edo nerabeen legezko ordezkarien lege-akzioak galarazi gabe, Fiskaltzak ere jardun ahal izanen du, bai ofizioz, bai haurrak edo nerabeak berak eskatuta nahiz beste edozein interesdun fisiko edo juridikok zein erakunde publikok eskatuta.

d) Haur edo nerabeen gurasoek edo haien zaintza dutenek eta botere publikoek errespetatu eginen dituzte eskubide horiek, eta babestu ere bai beste batzuek erasoz gero.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zainduko du bete dadila datu pertsonalen babesari buruzko araudia, eta haren zabalkundea eginen du, haren berri izateko. Bereziki zainduko du adingabeen babesa esparru digitalean eta haien eskubide digitalen errespetua, haietaz balia daitezen Espainiako Gobernuak populazio osoarentzat sustatzen dituen hein berean.

14. artikulua. Nortasunerako eskubidea.

1. Adingabeen nortasunerako eskubidea modu egokian bermatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduketa hauek beteko ditu:

a) Haurrak jaiotzen direneko ospitale publiko edo pribatuetan jaioberriak zalantzarik gabe identifikatzeko behar diren bermeak ezarriko ditu.

b) Halaber, behar diren neurriak sustatuko ditu haur bakoitzaren jaiotza Erregistro Zibilean inskribatzeko, inskripzio hori eskatzeko legezko betebeharra dutenek halakorik egiten ez dutenean.

2. Errespetatuko da adingabeak libreki aukeratzen duen kultur nortasuna eta erkidego baten parte izatea edo ez, diskriminaziorik, bazterketarik edo asimilazio beharturik ezarri gabe, bai eta bere eskubidea ere bere kultur nortasuna libreki adierazteko, bere kultur jardunbideak gauzatzeko eta bere bizimodua egiteko, bizikidetzaren arauak betez betiere.

3. Adingabeen sexu nortasuna eta orientazioa adieraztea errespetatuko da, eta errespeta dadin sustatuko da; haien garapen librea babestuko da, bai eta bigarren iritzia jasotzeko eta baimen informaturako eskubidea ere, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren arloko eskubide eta betebeharrak eta Nafarroan LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialaren tutoretza juridikoa arautzen duten legeetan aurreikusitako moduan.

15. artikulua. Informaziorako eskubidea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek erraztasunak emanen dizkiete adingabeei argibide eta dokumentazio zerbitzuak, liburutegiak eta gainerako kultur zerbitzuak erabiltzeko.

2. Nafarroako Administrazio Publikoak arduratuko dira hedabide guztiek adingabeei arreta berezia eman diezaieten hezkuntza arloan, eta haiekin lan eginen dute adingabeek modurik izan ez dezaten beren garapenari kalte egin diezaioketen zerbitzuak telekomunikazioen bidez erabiltzeko.

3. Nafarroako Administrazio Publikoek zainduko dute adingabeak erabil ez daitezen Foru Komunitatean zabaltzen diren eta adingabeentzat debekaturik dauden jarduerak bultzatzen dituzten publizitate iragarkietan.

Zainduko dute, halaber, arlo horretan, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematen dituzten erakundeek errespeta ditzaten debekuak, ikus-entzunezko komunikazioari buruzko estatuko araudi orokorrean, adingabeen babeserako ezartzen diren ordutegietan, jasotakoak, eta merkataritza komunikazioetan araudiak aurreikusten dituen mugak ere bai, adingabeei kalte moral nahiz fisikorik ez sortzeko.

4. 16 urte bete dituzten adingabeei beti adieraziko zaie zein diren adingabeentzat indarrean dauden lan baldintzak lan egin nahi duten arloan.

16. artikulua. Pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna.

Nafarroako Administrazio Publikoek errespetatu eta jarduketak garatuko dituzte gurasoek eta legezko ordezkariek errespeta dezaten adingabeek beren askatasun ideologikoaz baliatzea, beren ideiak inposatu gabe; horrek ez du galarazten adingabeei orientabideak ematea haien garapenerako egokiena irizten diotenean.

17. artikulua. Gizartean parte hartzeko eta elkartegintzarako eskubidea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek edozein adingabek bere inguruneko gizarte, kultur, arte eta josteta bizitzan parte har dezan bultzatuko dute; halaber, adingabeengan eragina duten gaietan esku har dezaten ere bultzatuko dute, bakoitzaren garapenaren eta gaitasunaren arabera betiere.

Horretarako, batetik, jarduketa eta zerbitzu espezifikoak jarriko dira, eta, bestetik, formulak, bitartekoak eta laguntzak jarriko dira adingabeen eskura, horien bidez errazagoa izan dadin dituzten interes eta iritziak adieraztea, haien eskariak jasotzea eta egiten dituzten proposamenak bideratzea; bitarteko horietan zentzuzko egokitzapenak eginen dira desgaitasuna duten adingabeentzat.

2. Adingabeek eskubidea dute ekimen eta proposamen jardueretan parte hartzeko, beren eskubideen sustapen eta defentsa jarduerei dagokienez nahiz haiei bideratutako laguntza eta babes jarduketei dagokienez.

Parte hartzeko moduetako bat Gazteen Parlamentua izanen da, zeinak eskatzen ahalko baitu bertan hitz egin dezatela eztabaidatu nahi dituzten gaietan edo haien ekimen eta proposamenen xede direnetan eskumena duten departamentuen ordezkariek.

3. Administrazio publikoek sustatuko dute haur eta gazte elkarteak eta adingabeentzako beste antolakuntza mota batzuk egotea, erraztasunak emanen dituzte horietako eta horien organoetako kide izan daitezen eta horien jardueretan parte har dezaten, elkartzeko eta adingabearen babes juridikorako eskubidearen arloko arauetan aurreikusitako moduan, inola ere behartu edo baldintzatu gabe horietan sartu edo egotera, eta laguntza emanen diete zuzendaritza organoetan adin nagusikorik ez izateagatik aholku eskatzen dietenei.

4. Administrazio publikoek sustatuko dute adingabeek boluntariotza-jardueretan parte hartzea.

18. artikulua. Entzunak eta adituak izateko eskubidea eta adierazpen askatasunerako eskubidea.

1. Gurasoek edo tutoretza edo zaintza dutenek eta Nafarroako Administrazio Publikoek eta, zehazki, adingabeei laguntza emateko kasuetan erreferente diren taldeek bermatuko diete adingabeei entzunak eta adituak izateko eskubidea, bai familian bai edozein prozedura administratibotan, eta, beharrezkoa bada, jakinaraziko diete eskubide hori bera dutela zuzenean diharduten esparru judizialean ere bai, legeek ezartzen duten moduan.

Informazio hori desgaitasuna dutenek eskuratzeko moduan egonen da beti.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek bermatu eta errespetatu eginen dute eskubide hori, kontuan hartuz adingabearen gaitasun intelektuala eta emozionala eta haren heldutasun baldintzak, adina edozein dela ere, baita haren egoera eta gaiak harengan duen eragina ere, haren intimitatea babestuta; ziurtatuko dute eskubidearen erabilera, gurasoak edo haren gaineko zaintza edo tutoretza dutenak bertan ez badira ere, beharrezkoa denean presako arrazoiengatik edo haiekin interes-gatazka dagoelako, edo haiek bertan egotea edo laguntza terapeutikoa jasotzea, beharrezkoa denean.

3. Adingabeak eskatzen duenean entzuna eta aditua izatea, zuzenean edo hura ordezkatzen duen pertsonaren bidez, administrazio bidean entzutea ukatzen bazaio, ukoa arrazoitua izan beharko da eta Fiskaltzari eta haiei jakinaraziko zaie berehala. Jurisdikzio zibil eskudunaren aurrean dagozkion akzioak betetzen ahalko dira halakoetan, aldez aurretik errekurtso administratiborik aurkeztu gabe.

4. Nafarroako Administrazio Publikoek aintzat hartuko dute adingabeek adierazitakoa eta berariaz justifikatuko dute haren kontra ebazteko arrazoiak, beti jasota utziz adingabearen interes gorena baloratu dela, eta adingabeen adierazpen askatasuna errazten duten bitartekoak sustatuko dituzte.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zabaldu eta kontuan hartuko du partaidetzarako tokiko kontseiluek edo egitura egonkorrek, haurrek eta nerabeek osatutakoek, adierazitako irizpidea, udal esparruan kontsulta eta partaidetzarako eginkizunak badituzte.

6. Nafarroako administrazio publikoek adingabeen adierazpen askatasuna errazten duten baliabideak sustatuko dituzte arlo guztietan.

19. artikulua. Osasunaren babeserako eskubidea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adingabeei bermatuko dizkie osasuna babestu eta sustatzeko eskubidea eta osasun laguntza jasotzekoa, behar denean etxean ere bai, indarra duten legeetan xedaturikoarekin bat.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adingabeei bermatuko die beren osasunari buruz argibideak hartzeko eskubidea eta, bereziki, jasan behar dituzten prozedura medikoei buruzkoak, beren adina, heldutasuna, egoera psikologikoa eta desgaitasuna aintzat hartuz egokia den hizkera erabiliz. Era berean, haien baimena eskuratu beharko du legez ezarritako baldintzetan eta, 16 urtetik beherakoen kasuan, honakoak kontuan hartuz:

a) Adingabea, 12 urte baino gutxiago izanik ere, bere iritzia izateko gai izan daitekeela.

b) Haren iritzia entzun eta haren gaitasunekin bat datozen argibideak emateko betebeharra dagoela, nahiz eta ondorioztatu esku-hartze baten norainokoa ulertzeko adina gaitasun intelektual eta emozionalik ez duela, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Komunitatean osasun arloko eskubide eta betebeharrei buruzko foru legerian.

c) Osasun langileek ez badute informaziorik edo segurtasunik adingabearen gaitasun intelektual eta emozionalaz, hau da, haren osasunari eragiten dion esku-hartze baten norainokoa ulertzeko gai ote den jakiteko, aukera izanen dute erabakia hartzeko beste heldu batzuengandik lor dezaketen informazio osagarria kontuan hartuz, esate baterako ikastetxean edo familian.

3. Nafarroako Administrazio Publikoek bermatuko diete haur eta nerabeei haien historia klinikoaren eta, baldin badago, historia sozialaren, konfidentzialtasuna babestea, bai eta haien familia-egoerari eta egoera sozioekonomikoari buruzko beste edozein daturena ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zainduko du haur eta nerabeekin haien osotasuna eta osasuna arriskuan jar dezakeen esperimentu zientifikorik edo medikurik egin ez dadin.

Ordezkaritza dela-eta baimena eman behar dutenen artean desadostasuna egonez gero, esku hartzen ahalko da, osasun langileen iritziz adingabearen osotasun fisiko edo psikikorako arrisku larria dagoenean edo lesio fisikoak nahiz kalte psikiko konponezinak eragitea gerta daitekeenean.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko die adingabeei osasun zerbitzuetan hartzen dituztenean gurasoek, legezko ordezkariek edo bestelako ahaideek, edozein familia motatakoek, edo beren konfiantzako pertsonek laguntzeko eskubidea, kostu gehigarririk gabe, baita tentsio uneetan haiekin harremanetan jartzeko ere, salbu eta laguntza hori komeni ez denean, osasun langileek ematen dituzten jarraibideen arabera. Betiere, adingabeen interesak izanen du lehentasuna.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko die adingabeei ospitalean dauden bitartean edo etxean suspertzen ari diren bitartean eskolako prestakuntzari lotzeko eskubidea. Eskola agintariek haien esku uzten dituzten langile eta baliabideez baliatuko dira, bereziki luzaz dirauten gaixotasunetan, baldin eta jarduera horrek haien ongizateari kalterik egiten ez badio edo tratamenduei traba egiten ez badie.

Osasun zentroetan, adingabeak bertan egotea beharrezkoa denean, haurrentzat egokiak diren guneak sortuko dira. Horietan, jolasteko eskubidea erraztuko da, eta eskura jarriko zaizkie jostailuak, liburuak eta ikus-entzunezkoak, eta adingabeen eskola eta familiarekiko loturak haustea eragotziko da ahalik eta gehien.

6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko die osasun laguntza publikoa bere tutoretzapean dituen adingabe guztiei. Horretarako, behar diren agiriak luzatuko ditu, gurasoei dagozkienez gain.

Familia harrera bat eratzean, harrera familiek eskubidea izanen dute hartzen dituzten adingabeei buruzko informazio sanitarioa ofizioz jasotzeko, bai eta osasun zentroan hitzordu bat izateko ere, harreran duten pertsonari buruzko osasun aurrekarien berri jasotzeko.

7. Nafarroako osasun publikoaren sisteman orientabide hauei helduko zaie:

a) Humanizazioa beti aplikatuko da, besteak beste, arreta atsegina eta zainketak ematean, jaiotzean eta edoskitzean eta zainketa aringarri pediatrikoetan.

b) Familiarengan eta inguruneetan zentratutako arreta, osasunaren, eskubide sozialen eta hezkuntzaren arloko eskumenak dituzten departamentuen artean koordinatuta.

c) Gaixotasun kronikoak artatzeko estrategia, prozesu diagnostiko-terapeutikoen eta hezkuntza eta gizarte arlokoen ezaugarri nagusi bihurtuz, besteak beste, honakoak: informazio erraza, egokitua eta eskuragarria ematea hasieratik bertatik eskakizun eta baliabide erabilgarriei buruz, loturako erizaintza sustatzea eta psikologoak jartzea adingabeentzat eta haien familientzat.

8. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko du haur eta nerabeen eskubidea, osasun laguntza emateko jarduketa guztiek atxikia izan behar duten informazioaren barruan, argibideak eman dakizkien jarduketa horien eraginkortasunaz eta efektibitateaz, zer ondorio kaltegarri dituzten eta jarduketaren onurak baino gehiago diren, baita zer onura dituzten ere arriskua-onura ikuspegitik, ebidentzia zientifikoan oinarrituta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko du sufrimendu fisiko, psikologiko nahiz bestelakorik ez pairatzeko eskubidea, osasun jarduketa horien ondoriozkoak direnean eta ekidin daitezkeenean.

9. Arlo pediatrikoan, jokabide-laguntza positiboaren eredua sustatuko da adingabeentzat eta haien familientzat; bereziki, desgaitasun intelektuala edo autismoaren espektroko nahasmenduak eta autoerregulazio arazoak dituzten pertsonen kasuan egoera akutu kritikoak kudeatzeko.

10. Babes-neurriak ezarrita dituzten adingabeentzako osasun laguntza ematen denean, erreferentziazko taldeak haien arazo medikoak ezagutzen ahalko ditu, babes eginkizunak betetzeko beharrezkoa den neurrian. Kasu horietan, taldean mediku instantzien aurrean erreferente izateko izendatutakoak jardunen du.

20. artikulua. Hezkuntzarako eskubidea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko du behar adinako ikaspostu egoki dagoela adingabeen eskola arreta ziurtatzeko.

Protokolo bat ezarriko da, hezkuntza laguntza behar duten ikasleek gizarte eta hezkuntza aldetik duten zaurgarritasun egoera berariaz zehazteko irizpideak homogeneoak izan daitezen; protokolo hori prestatzen parte hartuko dute hezkuntzaren eta eskubide sozialen arloetako eskumenak dituzten departamentuen, ikastetxeen eta oinarrizko gizarte zerbitzuen ordezkariek.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zainduko du hezkuntzak eman diezaiola adingabeari prestakuntza integrala, bere nortasuna eratzeko aukera emanen diona, adingabearen gaitasunak eta edozein motatako erronka eta zailtasunei aurre egiteko trebetasunen garapenari zuzenduta, tolerantziaz, elkartasunez, askatasunez eta diskriminaziorik gabe joka dezan.

Hezkuntza emozionala eta pertsonalizatua emanen zaie, haurren eskubideak sustatzen dituena, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioari jarraikiz, eskolako espazio, jarduera eta ordutegi orotan, horrek erraztuko baitu autonomiaz esku hartzea Nafarroaren garapen prozesuan eta erkidego honetako herritar diren aldetik.

Balio horiei buruz eta unean-unean kezkatzen dituzten beste batzuei buruz tutoretzak eta debateak egitea sustatuko da, bereziki lantzeko 4.3 artikuluan eta titulu honen hurrengo kapituluan aipatzen diren desberdinkeriak, baita beste gai batzuk ere, hala nola sexualitatea, feminismoa, norberaren hizkuntzen balioa edo gatazkak.

3. Nafarroako Administrazio Publikoak ahaleginduko dira adingabeak lehen urteetan zaintzen dituzten zentro eta zerbitzuek, edozein delarik horien izen generikoa, sailkapena edo titulartasuna, adingabeen arreta sozialean eta hezkuntza arlokoan lagundu dezaten, haurren gaitasunak garatuz (harremanetarako, behaketarako, nork bere gorputza ezagutzeko eta autonomia modu progresiboan bereganatzeko). Sustatuko dute haien prestazioak bideratu daitezen gehienbat haur eta nerabeen beharrak asetzera eta haien ongizatea giro osasuntsu eta seguru batean sustatzera.

Ikastetxeek hezkuntza arloko departamentu eskudunak ezartzen dituen curriculuma, instalazioak, langileak eta baldintzak izanen dituzte. Baldintza horiek betetzen ez dituztenek eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuak ezartzen dituenak bete beharko dituzte, horien barne direla prestakuntzakoak, eta hazkuntza-moldeari dagozkion gutxieneko batzuk, bermatzekoak arreta emozional egokia izatea eta bizi-kalitatea iristea alderdi psikofisiko, emozional eta sozialetan.

4. Nafarroako Administrazio Publikoek zainduko dute nahitaezko eskolatzea bete dadin eta nahitaezkoen ondoko ikasketak egiten jarraitzea bultzatuko dute, indarra duten legeen arabera. Ekintzak eta batzordeak koordinatu eta bultzatuko dituzte, beharrezkoak direnak adingabeak ikastetxeetara erregulartasunez joan daitezen eta eskola huts egin ez dezaten eta ikasteari utz ez diezaioten, lehenetsiz, betiere, motibazioa, metodologia malguak eta familien inplikazioa.

5. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa ahaleginduko da adingabeek ongi ezagut ditzaten Nafarroaren errealitate historiko eta kulturala, bai eta bertako errealitate sozial, natural eta instituzionala ere.

6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak familiei lagunduko die adingabeen hezkuntza prozesuan, eta ikastetxeetan gurasoen elkarteak eta eskolak sortzea bultzatuko du, eta horietan aitona-amonek edo guraso lanak betetzen dituzten beste figura batzuek ere parte har dezaten sustatu eta lagunduko du, laguntza, hezkuntza eta prebentziorako neurri egokia delakoan.

7. Hezkuntza arloko eskumena duen departamentuak honakoak egin beharko ditu haur eta nerabeen artean jazarpen eta bortxa egoera orori aurrea hartu eta horiek zuzentzeko xedeaz:

a) Emozioak lantzea, enpatia, asertibitatea, harremanak eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko sistema, tratu onaren kultura eta pertsonen arteko harreman orekatuak talde trinkotuen barnean sortzeko, eskola giroa egokia dela ziurtatzeko.

b) Ikastetxeetako bizikidetza batzordeak eta planak arautu eta sustatzea, bai eta curriculum tresna zeharkakoak ere.

c) Ongizatea eta babesa koordinatzeaz arduratuko diren pertsonak izatea, bai eta programa espezifikoak ere, mentoretzakoa, kasu, ikasle etorri berrien edo bizikidetza arazoak dituztenen harrera errazteko.

8. Hezkuntza arloko eskumena duen departamentuak eskola inklusiboa sustatuko du, kontuan hartuko duena integrazioa bai gizartean bai hezkuntzan; horrek ekarriko du ikastetxeetan:

a) Bizikidetza planak izatea.

b) Honako hauek izatea funtsezko piezak:

–Familiak eta irakasle dinamikoak, eskola erakargarria bultza dezaten.

–Tresna eta metodologia malguak eta motibatzaileak, kolektibo eta adingabe bakoitzaren egoerara egokituak.

–Talde desberdinen arteko trukeak, aniztasunarekin bizitzeko.

–Eskola-sustapenerako edo -bitartekotzarako figuren laguntza.

c) Edozein motatako familietako edo zaurgarritasun egoeratako ikasleei irekita egotea. Normalizatzen eta harrera egiten saiatuko dira, harrera-planak bezalako tresnak sustatuz, familiei eta ikasleei lehentasunezko tratamendua emateko.

Hor sartuko dira migrazioak edo kultura-desberdintasunek ukitutakoak, desgaitasunak dituztenak, egoera sozioekonomiko ahulean daudenak eta babes-sisteman sartuta daudenak edo egoera bereziki zaurgarrian jartzen duen edozein alderdik ukitutakoak.

d) Hezkidetzaren arloko plan bat izatea, hezkuntza arloko eskumena duen departamentuak ezarritako estrategiak garatzen dituena.

Plan horretan sartuko da emakumezko erreferenteekin egin beharreko lana, ikasteko lehentasunak hautatzean genero joerak ezabatzen eta genero estereotipoak desegiten laguntzeko.

e) Irakasleek informazioa eta berariazko prestakuntza eskaintza izatea adopzioan edo harreran dauden ikasleei arreta emateko gaietan.

9. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak sustatuko du ikastetxeen digitalizazioa prozesu planifikatuen bidez, horiek erabiltzeko aukeretan berdintasuna zainduz eta eten digitala eta soziala saihestuz.

Halaber, teknologia berriak baliatuko ditu bai hezkuntzarekin lotutako eskubideak erabiltzeko bai haurren partaidetzarako.

10. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bermatuko du eskualdeko ikastetxeek jantoki zerbitzua ematea eta sustatuko du gainerako ikastetxeek ere zerbitzu hori emateko aukera izan dezaten.

21. artikulua. Kultura eta aisialdirako eskubidea eta harremanen sustapena.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek sustatuko dute adingabeen eskubidea jolaserako, aisialdirako eta kultur zerbitzuak eta kirol, arte eta aisialdiko jarduerak erabiltzekoa, funtsezko osagaiak baitira haien garapenean eta sozializazio prozesuan; betiere, prozesu hori adingabe guztiengana iristen dela zainduko da eta neurriak sustatuko dira bakardadea ekiditeko eta zoriona lor dezaten laguntzeko.

2. Agintari eskudunek bermatuko dute jolas, aisialdi eta kirol jarduerak haien beharrekin eta garapenarekin bat etortzea, desgaitasunak dituztenentzat behar diren egokitzapenak eginda, eta adinaren arabera gune seguruak sustatuko dira bertan zuzeneko ikuskapenik gabe jolas daitezen eta haien autonomia eta gaitasunak gara ditzaten; nerabeentzat eskaintza bereizia egitea sustatuko da.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako toki erakunde eskudunek elkarlanean sustatuko dute kirol, aisialdi, udaleku eta beste jarduera batzuen eskaintza handitzea, lehenetsiz horien prezioak bat etortzea familien egoera ekonomikoarekin eta familien adingabe kopuruarekin, eta sustatuko dute, halaber, familien atsedenerako jarduerak egotea, terapeutikoak-aisialdikoak, oporrak egitekoak, egokiak babes sistemako adingabeentzat, eta zaurgarritasun egoeran edo bazterketa arriskuan daudenentzat.

22. artikulua. Ingurumenerako eta jasangarritasunerako eskubidea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek sustatuko dute zehaztu dadila Nafarroako Foru Komunitateak egin beharreko ekarpena nazioartean, Parisko Akordioa eta Nazio Batuen 2030 Agenda oinarri hartuta, jasangarritasunarekin eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin dagoen konpromisorako, eredu sozioekonomiko eta energetiko berri batera igarotzea erraztuz. Eredu horrek karbono gutxi darabilen ekonomia izanen du, eta efizientzian eta energia berriztagarrietan oinarrituta egonen da, baliabide naturalen erabilera arrazionala eta solidarioa bermatuz, mugikortasun jasangarriaren alde eginez eta horren plangintza bultzatuz, emisiorik ez sortzeko helburuarekin.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek, adingabeek ingurumen osasungarri eta kutsatugabea izateko duten eskubidea garatuz, honakoak bultzatuko dituzte:

a) Adingabeek natura errespetatu eta ezagutzea, eta, klima aldaketa geldiarazteko eta ingurumen osasungarria izateko helburuarekin, egokitzeko eta elkarlanean aritzeko garrantziaz jabearaztea.

b) Hondakinen birziklatzeari eta naturako baliabideen erabilera arduratsuari buruzko prestakuntza, hedapen eta kontzientziazio programak eta ingurumena zaintzeko ohitura egokiak hartzea.

23. artikulua. Gizarte inklusiorako eskubidea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek bermatuko dute adingabe guztien gizarte inklusiorako eskubidea.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek desgaitasuna duten adingabeei bermatuko diete gainerako haur eta nerabeek duten gizarte inklusio berbera jasotzeko eskubidea.

3. Nafarroako Administrazio Publikoek, beren eskumenen esparruan, aurrea hartuko diote haurren pobreziari profesionalen laguntza soziala emanez eta diru-sarrerak bermatzeko sistema baten bidez, oinarrizko premiak ase gabe dituztenentzat. Diru-sarreren bermea gauzatzen ahalko da ardurapeko seme edo alaba bakoitzagatik prestazioak edo zerga kenkariak ezarriz eta gizarte inklusiorako eskubidea baliatuz, prozesu pertsonalizatu baten bidez, zaurgarritasun edo gizarte bazterketako egoerei aurrea hartzeko eta erantzuna emateko. Aipatutako guztia gauzatu beharko da errenta bermatuari eta gizarte inklusiorako eskubideari buruzko foru araudian edo kasuan kasuko foru araudian ezarritako moduetan eta baldintzak betez.

4. Nafarroako Administrazio Publikoen etxebizitza arloko politikek aintzat hartuko dituzte seme-alabak dituzten familien beharrak, bereziki familia gurasobakarrenak eta harrera bidez babestu diren pertsonenak.

5. Nafarroako Administrazio Publikoek bermatuko diete beren egoera pertsonalagatik edo beren familia egoeragatik gizarteratzeko zailtasunak dituzten adingabeei behar duten laguntzarako eskubidea, eskola edo lanbide arloko prestakuntza bukatzeko, haien inklusioa eta bizitza sozialaren jardueretan erabateko parte-hartzea ahalbidetzeko.

6. Nafarroako Administrazio Publikoek Nafarroako Foru Komunitatean dauden atzerritar adingabeei bermatuko diete, edozein delarik haien legezko egoera, haien arretarako eta gizarte, hizkuntza eta kultur inklusiorako laguntza ematen dieten baliabide eta zerbitzu publikoetarako eskubidea.

7. Foru Komunitateko Administrazioak begiratuko du hezkuntza behar bereziak dauzkaten adingabeek hezkuntza eta lanbide arloko prestakuntza har dezaten, gizarte inklusiorako, norbera garatu eta errealizatzeko eta ahalik eta egoera normalizatuenean lanpostu bat lortzeko modukoa, haien asmo eta gaitasunen arabera.

8. Nafarroako Administrazio Publikoek bermatuko dute 0 eta 6 urte bitarteko adingabeei arreta goiztiarra ematen zaiela, haien gizarte inklusioa segurtatzeko, garapeneko alterazio edo nahasmenduen ondorioz edo faktore biologiko edo psikosozialak direla-eta arrisku handiko egoeran egoteagatik dituzten behar iraunkorrei edo iragankorrei erantzuteko.

24. artikulua. Eskubide ekonomikoak eta lanekoak.

1. Nafarroako botere publikoek behar diren ekintzak bultzatuko dituzte adingabeen esplotazio ekonomikoa ekiditeko, eta, lan arloko indarreko legedian ezarritakoarekin bat, adingabeek babesa izanen dutela ziurtatuko dute, hau da, gutxieneko adina izan gabe ez dutela lan eginen, edo ez dutela eginen lan arriskutsurik, osasunarentzat kaltegarria denik edo haien hezkuntza eta prestakuntza nahiz garapen integrala oztopatuko duenik.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek ahalik eta modurik zorrotzenean aplikatuko dute kontratu publikoei buruzko legerian ezarritako debekuen araubidea baldin eta legeri horretan jasotako gertakarien ondoriozko kondenarik edo zehapenik atzeman badute eta delitu edo arau-hauste horrek adingabeen esplotazio ekonomikoa, haien lan eskubideen urratzea edo genero indarkeria, biktimak adingabeak izan direnean.

3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek edozein herrialdetako adingabeen esplotazioa ekiditen laguntzeko konpromisoa abiapuntu hartuta bideratuko dituzte beren ekintzak.

4. Lanerako gutxieneko adina lortu eta lan merkatuan sartu nahi duten adingabeek administrazio publikoen laguntza jasoko dute prestakuntzarik eta gaikuntzarik egokienak bermatuta izan ditzaten, eta, horrenbestez, laneratzerik egokiena izateko aukera izan dezaten, eta zailtasun erantsiak dituztenei laguntza berezia emanen diete.

III. KAPITULUA

Berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzea

25. artikulua. Generoa eta orientazio desberdinak errespetatzea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek behar diren baldintzak sustatuko dituzte emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubide konstituzionala Foru Komunitatean egiazkoa izan dadin haur eta nerabeen bizitzaren esparru eta etapa guztietan, eta, halaber, balio aldaketa bultzatuko dute, haur eta nerabeen lekua indartuko duena eta haien autonomia eta ahalduntzea sendotuko dituena, Nafarroako gizartea bere adingabe guztientzat librea, zuzena, demokratikoa eta solidarioa izan dadin lortzea eragotzi edo zailtzen duten trabak kenduta.

2. Esparru guztietan eta bereziki eskolan errespetatu eta onartuko da sexu orientazioa eta sexu identitatearen adierazpena, eta kontuan hartuko dira adingabe eta nerabe LGTBI+en behar espezifikoak, osasun laguntza berdintasun baldintza objektiboetan jasotzeko eskubidea ziurtatzearren.

26. artikulua. Desgaitasuna.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek bermatuko diete desgaitasuna duten haur eta nerabeei foru lege honetan eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan aipatzen diren eskubideak erabili ahal izatea desgaitasun hori dela-eta inolako diskriminaziorik jasan gabe.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek sustatuko dute desgaitasuna duten haur eta nerabeek bizitza betea eta gizabidezkoa izan dezaten, baldintza egokiekin, haien duintasuna ziurtatzeko, etorkizunean laguntza gutxiago behar izatea, edo laguntzarik behar ez izatea lortu eta, berdintasunez, ahalik eta autonomia handienarekin moldatzeko aukera emateko, eta beren ingurune komunitarioan eta gizartean parte-hartze aktiboa izan dezaten errazteko.

27. artikulua. Zaurgarritasun sozioekonomikoa.

Nafarroako Administrazio Publikoek familientzako politikak eta prestazioak egokituko dituzte, haur eta nerabeentzako laguntza bereziki bermatzeko, pobreziak eragindako arrisku egoerak daudenean, eta pobrezia arriskuan dauden etxeetan behar adinako elikagai osasuntsuak eskuratzeko aukera izateko estrategiak garatuko dituzte.

Nafarroako Administrazio Publikoek arreta integrala planifikatuko dute adingabeentzat eta haien familientzat arrisku faktoreak daudenean, eta saiatuko dira etxebizitza eskuratzeko eta gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko neurriak hartzen.

Nafarroako Administrazio Publikoek bermatuko dute zaurgarritasun ekonomiko handieneko adingabeek hezkuntza eremuan garapen egokirako beharrezkoak diren euskarri informatikoak eskura ditzaten, horrela eten digitala saihesteko.

28. artikulua. Kulturartekotasuna.

1. Nafarroako administrazio publikoek sustatuko dute gizartearen sentsibilizazioa eta adingabe migratzaileekin edo beste kultura batzuetakoekin diharduten langileen prestakuntza, honako gai hauei buruz: migrazio-prozesu eta -errealitateak, migrazio-doluak, kulturarteko bizikidetza, gure erkidegoan dauden gutxiengo etnikoetako babes-neurriak behar dituzten haur eta nerabeen egoera, eta arrazakeriaren, ijitoaurkakotasunaren eta xenofobiaren kontrako borroka.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek estrategia bat sustatuko dute migratzaileen harrerarako eta haiekin esku-hartze espezializatua egiteko, migrazio dolua behar bezala artatu eta beharrezkoa den akonpainamenduaren bidez arintzeko, batez ere familia berriz batzeko egoeretan, tartean diren kultura gakoak kontuan hartuta.

3. Nafarroako administrazio publikoek prebenitu eginen dituzte portaera arrazistak eta langile publikoen artean prestakuntza-jarduerak sustatuko dituzte arrazakeria- edo diskriminazio-kutsudun ekintza oro saiheste aldera.

Halaber, adingabeen arteko bizikidetza sustatzeko jarduketak eginen dira, diskriminazioa onartu gabe.

4. Nafarroako Administrazio Publikoek bigarren eta hirugarren belaunaldiekin esku-hartze espezifikoak planifikatuko dituzte, ikusgai jartzeko eta gainerako berdinen arteko inklusio egokia bermatzeko.

5. Nafarroako Administrazio Publikoek neurriak sustatuko dituzte familia migratzaileentzat hizkuntza oztoporik izan ez dadin, horrek seme-alaba adingabeekin komunikatu behar duten guneetan behar bezala komunikatzeko eragozpena ekar dezakeenean.

6. Migrazio gaietan eskumenak dituen departamentuak, errealitate soziala aztertzearen arloko eskumena duen departamentuarekin batera, azterketak eginen ditu migrazioaren egoeraz Nafarroan, haur eta nerabeak adin-talde gisa aintzat hartuz.

IV. KAPITULUA

Gizarte integrazioa helduaroan

29. artikulua. Erantzukizunak norberaren gain hartzea.

1. Babesetik emantzipaziora eta helduaroko gizarte integraziora bitarteko trantsizio progresiboan eta eraginkorrean lagun egiteko, gurasoek eta legezko ordezkariek lagunduko diete adingabeei esparru hauetan, besteak beste, dituzten erantzukizunez jabetzen, alde batera utzi gabe lege zibilek adingabeei ezartzen dizkien betebeharrak haien gurasoei eta legezko ordezkariei dagokienez eta familian, hezkuntzan eta gizartean parte hartzeaz denaz bezainbatean:

a) Nahitaezko irakaskuntzan zehar ikastea, horrela beren prestakuntza lortu eta beren nortasuna osoki garatzeko. Ikastetxera joan beharko dute eta bertan bizikidetzako arauak errespetatu beharko dituzte.

b) Ikasketak egiten dituzten ikastetxeko irakasleak eta gainerako langileak, bai eta ikaskideak eta adinekoak ere, errespetatzea beti.

c) Aitortzen zaizkien eskubideen titulartasunari eta erabilerari dagozkien betebehar eta erantzukizunak bere gain hartu eta betetzea.

d) Gizalegezko portaera izatea, tolerantzian eta legearen eta beste pertsonen eskubideen errespetuan oinarritutako gizarteko bizikidetza arauekin bat datorrena, sexuak, desgaitasunak, jatorri kulturalak edo egoera sozioekonomikoak eragindako inolako diskriminaziorik gabe.

e) Etxeko lanetan ekitatez parte hartzea, rolak sexuaren arabera bereizi gabe.

f) Ingurumena eta kultura ondarea eta ondare historikoa errespetatzea eta hura zaintzen eta hobetzen laguntzea.

g) Jabari publikoko ondasunak eta, bereziki, hiri-ondarea errespetatzea.

h) Babes-sistemaren barruan sartuta dauden adingabeen kasuan, haien erreferente profesionalekin harremanetan jarraitzea, beren kezken berri eman ahal izateko

2. Nafarroako Administrazio Publikoek adingabeek beren eskubideak ezagutu ditzaten bultzatzeko ekintzak eginen dituzte, eta horiek baliatuko, halaber, bide batez zabaltzeko eskubideek betebeharrak dituztela atxikita, eta beste pertsonekiko betebeharrak dituztela, artikulu honetan ezartzen direnak, hain zuzen.

30. artikulua. Debekuak, mugak eta jarduketak.

1. Gurasoek edo legezko ordezkariek aintzat hartuko dute badirela, adingabeak babesteko helburuarekin, debekuak, mugak edo jarduketak, zenbait jarduera, bitarteko eta produktu zehatzi buruzko araudian ezarrita daudenak edo ezarriko direnak, batez ere establezimendu eta ikuskizun publikoen arloan, eta, horien artean, hauekin lotuta: jokoa, argitalpenak, ikus-entzunezko eta telekomunikazioetako bitartekoak eta bitarteko telematikoak, eta, horien barruan, sare sozialak, publizitatea, kontsumoa eta merkataritza.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adikzioen errehabilitaziorako zerbitzu espezifikoak emanen ditu edo ematen lagunduko du.

II. TITULUA

Antolaketa administratiboa

I. KAPITULUA

Diagnostikoa, plangintza eta ebaluazioa

31. artikulua. Diagnostikoa, plangintza eta jarduketen programazioa.

1. Plan bakoitza prestatu aurretik, diagnostiko bat eginen da Nafarroan haurrek duten egoeraz, eta horretarako kontuan hartuko dira unibertsitateek eta adingabeen arloko eskumena duen departamentuak eginiko azterketak, bai eta Nafarroako Arartekoak gai honi buruz egindako txostenak ere.

2. Ekintzetan ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko, foru lege honetan xedatutakoaren esparruan haurrentzat gauzatu beharreko jarduketa guztien plangintza integrala eginen da, autonomia erkidegokoa eta tokikoa; plangintza hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta toki erakundeek (hauek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezarritako gutxienekoak betez) egin beharko dute hurrenez hurren, horietako bakoitzak bere esparruan zer arreta eta babes eginkizun dituen kontuan hartuta.

Nafarroako toki erakundeek eskatzen ahalko dute haur eta nerabeen arloko politikak egiteko eskumenak dituen departamentuak txostena edo laguntza ematea planak prestatzeko.

3. Nafarroan, haurrentzako laguntza eta babes politiken plangintzak hurrengo printzipioak izanen ditu gidari: erantzukizun publikoa, unibertsaltasuna, inklusioa, familia babestea adingabearen garatze-ingurune natural bezala, esku-hartze ordezkoa eta normalizatua, pluraltasuna, erakundearteko lankidetza, solidaritatea eta parte-hartzea. Plangintza hori genero ikuspegiaz gauzatuko da, haren jarraipena eta ebaluazioa egitea ahalbidetuko duten helburuak eta adierazleak zehaztuz, datuak sexuaren arabera bereizita.

4. Nafarroako Gobernuak behar diren sistemak eta mekanismoak ezarriko ditu administrazioen arteko elkarlana arlo guztietan bermatzeko, batez ere familiaren, hezkuntzaren, osasungintzaren eta gizarte zerbitzuen arloetan, eta bereziki toki erakundeekin eta beste erakunde publiko batzuekin. Haien eta familien eta adingabeen ordezkarien ekarpenak aintzat hartuko dira plan estrategikoak eta urteko plan operatiboak egiteko.

5. Nafarroan haurren arreta eta babesera bideraturiko politiken alorreko diagnostikoa, planifikazioa eta ekintzen programazioa halaber egonen dira oinarrituta Foru Komunitateko auzo, herri eta ibarretan haur eta nerabeekin diharduten tokiko erakunde komunitario eta sareen kooperazioan, lankidetzan eta sustapenean.

32. artikulua. Jarduketen ebaluazioa eta jarraipena.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek, beren eskumeneko esparruetan, sistema bat izanen dute foru lege honetan aurreikusitako jarduketak gauzatzeko baliabide, zerbitzu eta prozedura espezifikoen eraginkortasuna eta kalitatea ebaluatzeko, haur eta nerabeen arreta eta babeserako politiketako planak ebaluatu ahal izatea bermatuko duen sistema bat alegia, horretarako kontuan hartuz Nafarroako Foru Komunitatean politika publikoen ebaluagarritasun protokoloan ezarritakoa.

Nafarroako toki erakundeek eta haur-gaietako erakunde laguntzaileek zilegi izanen dute eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuari eskatzea aipatu protokoloari buruzko informazioa, horrek ezertan galarazi gabe hari buruzko publizitate aktiboa, gardentasunari buruzko foru araudiari jarraikiz.

2. Plangintzan jasotakoaren jarraipen eta ebaluazio egokia bermatzeko:

a) Haurren ongizatea, arreta komunitarioa eta sareko lana sustatzeko batzordea arduratuko da jarraipen sistema bat taxutzeaz, ebaluaziora bideratua, genero ikuspegiarekin, eta jarraipenaren urteko txostenak emanen ditu foru esparruko plangintza integralerako.

b) Ebaluaziora bideratutako jarraipen sistemak gauzatzea, emaitza eta eragina neurtzeko adierazleak izanen ditu, gutxienik ere honakoen ebaluazio irizpideak barne hartuta: parte-hartzea, eskuratzea, estaldura, eraginkortasuna, eragimena eta eragina, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Politika Sozialen Ebaluazio Gidan ezarritakoari jarraikiz; Nafarroako toki erakundeek horri buruzko informazioa eskatzen ahalko dute, galarazi gabe haren publizitate aktiboa ere egitea, gardentasunari buruzko foru araudiarekin bat.

Jarraipen sistemek sexuaren arabera bereizitako datuak izanen dituzte, eta kontuan hartuko dituzte neurriek, sexuaren arabera, haur eta nerabeentzat dakartzaten eragin desberdinak.

c) Aurreko apartatuan aipatzen diren adierazleetatik, baten bat egon beharko da nahitaez plangintza integralean, bide ematen duena familia harreren lehentasuna ebaluatzeko, eta tokiko plangintzetan ere baten bat egon beharko da nahitaez, prebentzio ekintzen edo familian laguntzeko babes ekintzen emaitza ebaluatzeko.

d) Eskubide sozialen arloko eskumenak dituen departamentuko unitateek eta organismoek, haurren ongizatearen jarraipen instituzionalizatuaren ardura duen organismo edo unitatearekin elkarlanean, zehaztuko dute zein diren ebaluazio galderak, haien tipologia eta diseinua; horrez gain, prozesua koordinatu eta gainbegiratzearen erantzukizuna ere izanen dute, eta haiek komunikatuko dituzte, aipatu organismo edo unitatearen bitartez, 31.2 artikuluan jasotzen den foru-plangintzari dagozkion emaitzak, konklusioak eta gomendioak. Nafarroako toki erakundeei ere laguntzen ahalko diete haienak prestatzen.

e) Aurreikusitako ekintzen ardura duten erakundeak edo unitateak identifikatuko dira, zeinak beharturik egonen baitira, organo eskudun bakoitzeko titularraren bidez, egindakoaren, ez egiteko arrazoien eta egiteko aurreikuspenen berri ematera, baita hori jakinaraztera ere plan batek indarra duen bitartean erakunde, organismo edo unitateen ardura edo titulartasuna bere gain hartzen dutenei.

3. Foru lege honen menpeko entitateen eta zentroen jardueren memorietan berariaz jasoko dira gogoetarako espazioak, prestakuntza jarduerak, egindako ponentziak edo ikastaroak, gainbegiratze instituzionala eta sareko jarduerak.

II. KAPITULUA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki erakundeen eskumenak

33. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa da erakunde publiko eskuduna, bere lurraldean, adingabeen prebentzioan eta babesean eta organo jurisdikzionalek harturiko neurriak betearazteko, foru lege honetan ezarritako baldintzetan, eta legeria zibilean eta arlo honetan aplikatzekoak diren Estatuko beste legeetan xedatutakoarekin bat.

2. Adingabeen arloko eskumenak dituen departamentuak, bere egitura organikoari buruzko arauetan zehazten diren organo administratiboen bidez, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Adingabeentzako prebentzio, babes eta erreformaren arloko jarduketak zuzendu, planifikatu eta programatzea.

b) Toki erakundeek gai horiei buruz, zeinek bere esparruan, prestatu behar dituzten planen helburu, lehentasun eta gutxieneko edukiak zehaztea.

c) Adingabeen eskubideak sustatu eta aldezteko eginkizun orokorrak, gehienbat gizartearen sentsibilizaziorako kanpainak eta harrera familienak antolatuz.

d) Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuekin, gainerako administrazio publikoekin eta foru lege honen esparruan diharduten erakunde pribatuekin elkarlanean aritzeko bideak sortzea, haiek denek esparru horretan egiten dituzten jardueren jarraipena eta ebaluazioa bermatzearren.

Hori horrela, urtero toki erakundeek memoria bat igorri beharko diote adingabeen babesaren arloko eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoari, adingabeen babesaren esparruan eginiko jarduketa guztiak bilduko dituena eta 32. artikuluan aurreikusitako adierazleei buruzko informazioa ere jasoko duena, kasuko hitzarmenean jasotzen den bezala.

e) Adingabeen prebentzio, babes eta erreformaren gaietan egokiak diren baliabide eta programak eman, kudeatu eta sustatzea.

f) Babes gabeziaren egoeran dauden adingabeentzako eta erantzule penal deklaratutako adingabeentzako zerbitzu eta zentro guztiak baimendu, ikuskatu eta kontrolatzea.

g) Adopzioaren arloko erakunde laguntzaileak akreditatu, ikuskatu eta kontrolatzea.

h) Foru lege honetan aurreikusten den Adingabeen Erregistroa kudeatzea.

i) Arlo honetako profesional eta laguntzaileentzat antolatzen dituen prestakuntza eta espezializazioko ekintzak prestatu, gainbegiratu eta, kasua bada, gauzatzea.

j) Foru lege honen xede diren gaiei buruzko azterketa eta ikerketa programak antolatu eta garatzea, horietan genero ikuspegia erabiliz.

k) Gogoetarako eta esperientziak trukatzeko espazioak, prestakuntza eta sareko lana sustatzea.

l) Haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioen akreditazioa, ikuskapena eta kontrola.

m) Foru Komunitateko auzo, herri eta ibarretan haur eta nerabeen alorrean diharduten erakunde komunitarioek kudeaturiko baliabide eta zerbitzuak sustatzeko udal-ekintzen aldezpena eta gainbegiratzea.

3. Bereziki, adingabeen arloko eskumenak dituen departamentuak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Babesgabetasun egoerak deklaratzeko eta tutoretza administratiboa bereganatzeko prozedurak ebaztea, bai eta edozein babes neurri hartu eta bertan behera uztea eta erreforma neurriak betetzea, horrek galarazi gabe Fiskaltzari eta adingabeen arloan eskudun diren organo jurisdikzionalei dagozkien eginkizunak.

b) Toki erakundeekin elkarlanean aritzea haien eskumenekoak diren familiarentzako laguntzarako zerbitzuak garatzen, bereganatuz arrisku-egoeretan neurriak egikaritzearen zeregina noiz eta, toki erakunde eskudunen lana denean ere, horiekin adosten baitute aipatu zeregina bereganatzea kasuaren konplexutasunagatik edo bitartekorik ezagatik.

Desadostasuna egonez gero, hasiera batean alderdiek zilegi izanen dute desadostasun hori 45. artikuluan aurreikusitako batzordeen esku uztea, edo haiek horretarako erabakitzen dituzten bideak jorratzea.

c) Adingabeen harrerak gauzatu, burutu eta haien jarraipena egitea, bai eta harrera egin behar dutenak informatu, erakarri, haien egokitasun balorazioa, trebakuntza, hautapena eta jarraipena egitea ere.

d) Adopzioaren gaineko araudiak babeserako erakunde publikoari esleitzen dizkion eginkizunak, horren barne direla adopzio nazionala nahiz nazioartekoa, aurreko lotura afektiboak atxikita nahiz atxiki gabe egiten dena, eta jatorria bilatzeko eskubidea baliatzeko modua, besteak beste:

–Adopzio-eskatzaileei informazioa ematea eta eskatzaileak erakarri, baloratu eta trebatzea.

–Adopzio-eskatzaileen egokitasun baldintzak baloratzea eta haien egokitasun ziurtapenaz ebaztea.

–Adoptatzaileen hautaketa.

–Adoptagarritasuna deklaratzea eta legerian jasotzen diren kasuetan hura eratzeko proposatzea.

–Adopziorako helburua duen zaintza esleitu eta formalizatzeko prozedura.

–Prestakuntza, orientazio eta jarraipen jarduketak eta adopzio ondoko programari dagozkion guztiak.

e) Arreta eta babeserako sistema publikoko baliabide bakoitzean jarduteko irizpide teknikoak ezartzea.

f) Adingabeei arreta emateko zentro eta zerbitzu bereziak sortzea.

g) Foru lege honek edo gainerako ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion beste guztiak.

4. Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek, zeinek bere eskumenak erabiliz, zainduko dute foru lege honetan adingabeentzat ezartzen diren eskubideak sustatu eta aldezten direla.

34. artikulua. Nafarroako toki erakundeen eskumenak.

1. Nafarroako toki erakundeei dagokie betetzea, gizarte zerbitzuen arloan dituzten eskumenak erabiliz, araudiak esleitzen dizkien eginkizunak, zehazki oinarrizko programak eta oinarrizko gizarte zerbitzuen finantzaketa sistema arautzen dituen araudiak, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duenak eta gainerako ordenamendu juridikoak esleitutakoak.

2. Nafarroako toki erakundeek, gainera, eginkizun hauek betetzen ahalko dituzte, Foru Komunitateko Administrazioan eskudun den organoak eginiko kudeaketa-esleipenen bidez:

a) Adingabeen zaintza gauzatzeko jarduketa material, tekniko edo zerbitzukoak.

b) Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean aritzea, ikertzen, ebaluatzen, erabakiak hartzen, esku hartzen, jarraipena egiten eta adingabeak familian eta gizartean integratzen, foru lege honetan arreta eta babeserako aurreikusten diren jarduketen esparruan.

c) Erantzule penalak diren adingabeei ezartzen zaizkien neurrien betearazpen materialean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin elkarlanean aritzea, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan, eta laguntzea adingabe horiek familian eta gizartean integratzeko jarraipena egin eta sostengua emateko lanetan.

3. Toki erakundeek proposatzen ahalko dute jarduketak zedarritzea, eskumen partekatuen esparruan, adostu dituzten hitzarmen edo organoen bitartez, foru lege honen 33.3 b) artikuluan aurreikusten den bezala.

III. KAPITULUA

Familia, entitate laguntzaile eta haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioekiko ekintzak

1. ATALA

Familiak

35. artikulua. Familien sustapena.

1. Familien balioa eta garrantzia sustatzean, ulertuko da familia dela bai Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazio edo Foru Berriaren 50. artikuluan aipatzen diren familia harremanetatik sortutakoa bai foru lege honekin bat eratutako familia harreretan sortutakoa.

2. Oinarrizko beharrei erantzuteko prestazioetan, errenta bermatuan, kasu, kontuan hartuko da seme-alaben kopurua haren zenbatekoa zehazteko ondorioetarako.

3. Nafarroako Administrazio Publikoek faboratuko dute haur-eskoletan sar daitezen arrazoi sozioekonomikoek eraginda zaurgarritasun handiagoa duten familien seme-alabak, babes neurriak dituzten adingabeak eta desgaitasuna duten adingabeak.

4. Administrazio publikoek lan eginen dute erantzunkidetasun askoz ere handiagoa duen gizarte baterantz pausoak emateko. Horretarako, laguntzak eta zerbitzuak ezarri eta sustatuko dituzte norberaren bizitza, familia-bizitza eta lan-arloko bizitza bateragarri egiteko, erantzunkidetasunaren eta genero-rolen hausturaren ikuspuntutik.

5. Erakunde eta enpresentzako aholkularitza sustatuko da, adingabeen zainketaren gaineko erantzukizun partekatuaren eta kontziliazioaren gaietan laguntzeko eta sentsibilizatzeko, batez ere guraso gazteen kasuan.

6. Nafarroako Administrazio Publikoek familiak sentsibilizatuko dituzte eta sustatuko dute haiei orientabideak nahiz trebakuntza ematea, haien gurasotasuna positiboa izan dadin, haien gaitasunen inguruan eratuta.

7. Familiak sustatu eta laguntzeko ekintzak eta neurriak sartuta egonen dira 31. artikuluan aurreikusitako plangintzan, eta 32. artikuluaren araberako ebaluazioa izanen dute.

8. Familia osoak parte hartzeko espazioak sustatuko dira esku-hartzearen esparru desberdinetan.

9. Foru Komunitateko Administrazioak berariazko laguntza lerroak mantenduko ditu familia ugarientzat, harrera familientzat eta familia gurasobakarrentzat edo gurasobakartasun-egoeran daudenentzat.

10. Foru Komunitateko Administrazioak bultzatuko du eta erraztuko du, egokia denean, laguntza eman dakien harremanetarako eta hezkuntzako zailtasunak dituzten adingabeen familiei.

11. Lehen haurtzaroan, familiari eta berezko inguruneei zuzendutako arreta ereduak sustatuko dira.

12. Nafarroako Administrazio Publikoek diskriminazio mota ororen aurrean babestuko dituzte LGTBI+ pertsonen bikoteak.

Horretarako, informazio programak sartuko dituzte familientzat, generoko errealitate eta errealitate afektibo desberdinen berri zabaltzeko eta sexu orientazioan, genero adierazpenean eta sexu edo genero identitatean oinarritutako diskriminazioari aurka egiteko; LGTBI+ familietan, jaiotza, harrera edo adopzioa dela eta, bizi diren umeenganako errespetua eta babesa sustatuko dituzte; beharrezkoak diren tresnak ezarriko dituzte dokumentazio administratiboa bat etor dadin LGTBI+ pertsonen harreman afektiboekin eta familia egitatearen heterogeneotasunarekin.

Familia indarkeriatzat hartuko dute familia barruan, kideetako edozeinen sexu orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea dela eta, gertatzen den indarkeria mota oro.

Adingabeengan kalte psikikorik dagoen ebaluatu behar duten langileen artean adingabeen transexualitateari buruzko ezagutza sustatuko da.

2. ATALA

Erakunde laguntzaileak

36. artikulua. Kontzeptua eta betebeharrak.

1. Adingabeen arretarako erakunde laguntzaileak dira adingabeei arreta integrala emateko jarduerak eta eginkizunak betetzeko, Foru Komunitateko Administrazioaren baimena jaso duten elkarte, fundazio edo bestelako erakunde pribatuak.

2. Halakotzat aritzeko baimena dutenez gain, adingabeei arreta emateko erakunde laguntzaileen akreditazioa izanen dute pertsona juridikoek ere, kontratazio edo itun sozialerako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen bada:

a) Legez eratuak eta erregistratuak egotea.

b) Beren estatutuetan edo eratze-arauetan adingabeen sustapena eta babesa helburu gisa agertzea.

c) Adingabeen arretarako esleituta dituzten eginkizunak betetzeko antolaketa eta diziplinarteko lantalde egokiak edukitzea.

d) Erakunde horietan diharduten langileen prestakuntza eta kualifikazioa bermatzea.

e) Haien jardunbideei eta jardunari buruzko gogoetarako espazioak sortzen direla bermatzea, profesionalentzat eta zuzendaritzarentzat, ikasteko komunitateak eratzeko helburuarekin, horietan bermaturik egon dadin departamentuen, hierarkien eta profesional mota desberdinen arteko komunikazio librea, espazio horiek eraiki eta aktibatzeko proiektu bat izanik.

3. Erakunde horiek ezin dute irabazi-asmorik izan, honako kasuetan badaude: Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan aipatzen direnak badira, organo jurisdikzionalek harturiko neurriak betearazteari dagokionez, eta Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan aipatzen direnak, nazioarteko adopzioaren arloko bitartekaritza-erakunde gisa akreditatzeko moduari dagokionez, bai eta itun sozialaren bidez zerbitzuak ematen dituztenean ere, sistema hori lehentasunezkoa izanen baita adingabeen babesarekin lotutako zerbitzuen zeharkako kudeaketa sistema gisa.

37. artikulua. Jarraipena, erregistroa, publizitatea eta zerbitzuen baimena.

1. Erakunde horiek, jardutean, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunaren jarraibide, ikuskapen eta kontrolak onartu beharko dituzte, eta bakarrik arlo horretan aplikatzekoa den araudian aipatzen diren mugen barruan hartzen ahalko dituzte beren gain zaintza eta bitartekotza eginkizunak. Ziurtatu beharko dute eginkizun horiek adingabeen onerako baizik ez direla.

2. Erakunde laguntzaileak ofizioz inskribatuko dira Gizarte Zerbitzuen eta Baimen Espezifikoen Erregistroan, kasuko zerbitzuaren titular gisa.

3. Erakunde laguntzaile bati zerbitzuak adjudikatzeko ebazpen administratiboetan espresuki adierazi beharko dira adingabeei arreta emateko lan edo jarduerak, akreditazioaren xede direnak. Ebazpen horiek Kontratazio Atarian argitaratu beharko dira.

4. Adingabeei arreta emateko zerbitzuak Administrazioak esleituak direnean, horiek ireki eta aritzeko, baimen administratiboa lortu beharko da aldez aurretik, eta Administrazioak esleituak ez direnak, berriz, aldez aurretik jakinarazi beharko dira, indarreko araudian ezarritako baldintzekin eta prozedurarekin bat betiere.

38. artikulua. Erakunde laguntzaileen eskubide eta betebeharrak.

1. Foru Komunitateko Administrazioko organo administratiboek lankidetza eta laguntza emanen diete erakunde laguntzaile akreditatuei.

2. Adingabeei arreta emateko eginkizunak, akreditazioaren xede direnak, betetzeko, erakunde laguntzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ordenamendu juridikoak adingabeei aitortzen dizkien eskubideak errespetatzea eta betearaztea, eta horretarako entzutea adingabeari, gurasoei eta harrera nahiz adopzio familiei, elkarrekin lan eginez esku-hartzea egokia izan dadin.

b) Akreditazioaren xede diren lan eta jarduerak egitea, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak ematen dituen arau, jarraibide eta gidalerroekin bat.

c) Barne funtzionamendurako arauak izatea, kasu guztietan jasoko dutenak gai hauekin lotutako guztia: adingabeen eskubideak mugatzea, neurri zuzentzaileak, tratamendu pertsonalen motak eta maiztasuna.

d) Foru Komunitateko Administrazioari erraztasunak ematea ikuskapen eta kontrol eginkizunak betetzeko.

e) Ezarririko erregistro administratiboetan inskribatuta irautea.

f) Gogoetarako eta ikasteko espazioak ziurtatzea.

g) Erregelamenduetan aurreikusirik edo akreditazioetarako ebazpenetan espresuki ezarririk dagoen beste edozein.

39. artikulua. Erakunde laguntzaileen akreditazioa errebokatzea.

Organo eskudunak, aldebiko espedientean emandako ebazpen arrazoitu baten bidez, errebokatzen ahalko du erakunde laguntzaile gisa aritzeko akreditazioa, erakunde horiek 36. artikuluan eskatzen diren baldintzak edo betebeharrak edo kasuan kasuko itun sozialean edo kontratu publikoan jasotako baldintzak betetzen ez dituztenean.

3. ATALA

Metodologia komunitarioa eta haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioak

40. artikulua. Haur eta nerabeen babeserako metodologia komunitarioa.

Komunitatetasuna gizarte- eta hezkuntza-lan publikorako metodologia bat da, lan hori komunitateko kideen artekoa nahiz horiek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen zerbitzu eta zentro publikoekin eginikoa dela ere. Horren bitartez erantzunkidetasun soziala garatzen da erantzukizun publikoko maila desberdinak dauzkaten eragileen artean, horretarako plan, proiektu eta baterako ekintzen bidez.

41. artikulua. Haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioak.

1. Haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitario dira harako elkarte, federazio, fundazio edo bestelako entitate sozial haiek, zeinek plan, proiektu eta ekintza komunitarioak egiten baitituzte Foru Komunitateko auzo, herri eta ibarretako haur eta nerabeen eskubideak sustatzeko.

2. Aipatu entitate sozialak honakoek osatuak dira:

a) Hezitzaile komunitario gisa jardutearen zeregina beren gainean hartzen duten toki-komunitateko bizilagunek.

b) Haur eta nerabeek, erakundean parte hartzeko beren taldeen ekintza komunitarioaren protagonista izanda.

c) Gizarte-langileek eta hezitzaile profesional edo boluntarioek, babes-ekintza komunitarioa aldeztuz eta zentro eta zerbitzu publikoekiko lan komunitarioan bitartekari arituz.

3. Haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioek haur eta nerabeak babestu egiten dituzte beren lurralde komunitarioan, prebentziorako eta babeserako egiten dituzten plan eta proiektuen bitartez.

4. Haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioek zilegi dute sare komunitarioak eratzea auzo, herri edo ibarreko haur eta nerabeekin diharduten zerbitzu edo zentro publikoekin edo komunitateko beste entitate batzuekin, prebentzio eta babeserako elkarlaneko plan eta proiektuak garatzeko.

5. Haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioek zilegi dute komunitatearteko sareak eratzea beste auzo, herri eta ibar batzuetako antzeko beste erakunde batzuekin, elkarlaneko prebentzio- eta babes-plan eta -proiektuak garatzeko.

6. Haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioak irabazi asmorik gabeko erakundeak dira, eta ez dute inolako antola-loturarik edukiko erakunde politiko eta erlijiosoekin, hain zuzen ere beren izaera komunitarioa bermatzearren: plurala, kulturartekoa eta irekitasunezkoa.

7. Haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioak behartuta daude:

a) Legalki eratuta egotera eta erregistratuta egotera, elkartze-eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren ildoan, edo Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearenean.

b) Beren estatutuetan edo fundatze-arauetan helburu gisa jasota edukitzera haur eta nerabeen eskubideen sustapena eta babesa.

c) Antolamendu eta profesional- edo boluntario-lantalde tekniko egokiak edukitzera adingabeen arretarako diharduten proiektu komunitarioetan esleituta dituzten eginkizunak betetzeko.

d) Jarduten duten auzo, herri edo ibarreko sare sozial eta komunitarioen aitorpen publikoa edukitzera.

e) Bai esparru komunitarioan bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen programa desberdinetan haur eta nerabeak artatzen dituzten zerbitzu eta zentro publikoekin sarean lan egitera.

f) Erakunde horietan diharduten boluntarioen eta langileen prestakuntza eta kualifikazioa bermatzera.

42. artikulua. Jarraipena, erregistroa, publizitatea eta zerbitzuen baimena.

1. Erakunde horiek beren jarduna moldatuko dute Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunaren jarraibideetara, ikuskapenera eta kontrolera, eta gaiari aplikatzekoa zaion araudian aipatzen diren mugapenen barneko berezko eginkizunak besterik ez dute hartu ahalko, betiere ziurtaturik eginkizun horiek esklusiboki adingabeen interesen mesedetan betetzen direla.

2. Erakunde laguntzaileak ofizioz inskribatuko dira Gizarte Zerbitzuen Erregistroan, “erakunde komunitario” nolakotasunaren aipamen esplizitua eginez.

3. Erakunde komunitario bati zerbitzuak adjudikatzeko ebazpen administratiboetan espresuki adierazi beharko da adingabeei arreta emateko zer zeregin edo jardueratarako dagoen akreditatua.

4. Adingabeei arreta emateko zerbitzuak administrazioek esleituak direnean, horiek ireki eta aritzeko, aldez aurretik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari homologazio administratiborako jakinarazpena egin beharko zaio behin zerbitzua esleituta, eta Administrazioak esleituak ez direnak, berriz, aldez aurretik jakinarazi beharko dira, indarreko araudian ezarritako baldintzekin eta prozedurarekin bat betiere.

43. artikulua. Haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioen eskubideak eta betebeharrak.

1. Foru Komunitateko administrazio eskudunetako organo administratiboek beren lankidetza eta laguntza helaraziko diete erakunde komunitario akreditatuei, bai proiektu-garapenean, bai haur eta nerabeak komunitate-esparruan babesteko agente gisa urratsak egiten hasteko.

2. Adingabeak artatzeko akreditazioa duteneko eginkizunak betetzean, entitate laguntzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ordenamendu juridikoak adingabeei aitortzen dizkien eskubideak errespetatzea eta betearaztea eta, horretarako, adingabeari, gurasoei eta harreragile edo adoptatzaile diren familiei entzutearen izapidea mantentzea, esku-hartzea egokia izateko moduko elkarlana eginez.

b) Barne funtzionamendurako arauak izatea, gutxienez ere jasoko dutenak bizikidetasun arauekin eta tratamendu pertsonalen motekin zerikusia daukana.

c) Foru Komunitateko administrazioek eginiko ikuskapen- eta kontrol-ekintzak erraztea.

d) Laguntza ematea ezarritako administrazio-erregistroetan jasotako informazioa egunean mantentzeko.

e) Erregelamenduetan edo akreditazio-ebazpenetan espresuki ezartzen den beste edozein.

44. artikulua. Akreditazioa errebokatzea.

Organo eskudunak aldebiko espedientean emandako ebazpen arrazoitu baten bidez errebokatzen ahalko du akreditazioa, erakunde horiek ez badituzte gehiago betetzen aplikatu beharreko araudian edo kasuko itun sozial edo kontratu publikoan ezartzen diren betekizun edo baldintzak.

IV. KAPITULUA

Koordinazioa eta partaidetzako organoak

1. ATALA

Sareko lana

45. artikulua. Batzordeak.

1. Gizarte-zerbitzuen eta adingabeen babesaren arloko eskumena duen departamentuak gainerako gaietako eskumena duten departamentuekin sarea osatuz lan eginen du buru gisa, haur eta nerabeengan eragina duen edozein gai jorratzeko; eta, bidezkoa denean, toki erakundeekin ere bai, haien ordezkariei proposamena egin ondoren edo ordezkari horien ekimenez.

Horretarako, tresna batzuk prestatu, berrikusi edo eguneratzea sustatuko du, horien bidez bermatze aldera modu homogeneoan garatzen direla beharrezkoak diren esku-hartzeak eta ukitutako departamentuetako langileen prestakuntza, bai eta beste administrazio batzuekiko elkarlana ere, ekintza-gidak partekatzekoa. Hori guztia, pertsonengan eta haien beharretan zentratutako eredu baten arabera, zeinak funtsezko zeresana esleitzen baitie kasu bakoitza kudeatzen duen taldeari eta ikaskomunitateak eratzeari.

2. Gizarte-zerbitzuen eta adingabeen alorreko eskumena duen departamentuak koordinazio-lana eta elkarlana eginen ditu departamentu eskudun desberdinekin eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetako langileekin, haur eta nerabeen alorrean eginkizun diren urratsetarako, beharrezkotzat jotzen diren batzordeen edo mahaien bitartez, eta, betiere:

a) Arlo hauetan: etxebizitza, hezkuntza, osasuna, enplegua, aisialdia eta kirola.

b) Adingabeekin zerikusia duten suizidio-portaeren prebentzioan eta artatzean.

c) Gizarte-zerbitzuen, hezkuntzaren eta osasunaren alorretako eskumenak dituzten departamentuek haurren ongizatea, arreta komunitarioa eta sareko lana sustatzeko batzorde bat eratuko dute, zeinak, besteak beste, sarean lan egiteko oinarrizko eredu adostu bat ezarriko baitu, ahalbidetuko duena informazio-lanabesak partekatzea, lan-metodologiak bateratzea eta haur eta nerabeen arloan aritzen diren profesionalen multzoa koordinatzea.

3. Eskubide sozialen eta adingabeen arloko eskumena duen departamentuak adingabeen arloko bere politikak eta ekintzak planifikatu eta garatuko ditu bere berdintasun unitatearen bitartez elkarlana eginez gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloko eskumena duen erakundearekin, genero-ikuspegia bermatzearren.

4. Haur edo nerabeei arreta edo babesa emateko zerbitzuen titularrak diren pertsona eta erakundeak Pertsonarengan Zentratutako Arreta Sareko kide izaten ahalko dira; sare hori aurreikusita dago gizarte zerbitzuen esparruan egoitza-zerbitzuen, egunekoen eta anbulatorioen jarduna eta baimen, aldez aurreko komunikazioen eta homologazioen araubidea arautzen duen foru araudian.

Horrekin batera, sektore horretako adituak ere sartuko dira Pertsonarengan Zentratutako Arreta Sareari laguntzeko batzordean, bertan aurreikusitakoan, eta ordezkari sindikalei jakinaraziko zaie batzordean foru lege honen aplikazioaz hitz egiten denaz, halaxe baitago jasota araudian.

5. Familia eta egoitza harreretarako mahaiak eratuko dira, honakoen ordezkariek osatuak: harrera familiak, administrazio publikoetako langile espezializatuak, adingabeen babesaren arlokoak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta haietako profesionalak, Arartekoa-Adingabearen Defendatzailea; mahaien zeregina izanen da foru lege honetan familia harrera sustatzeko aurreikusten diren ekintzetan esku hartzea.

6. Babes-mahaiak eratuko dira arlo komunitarioan, gurasoen elkarteen ordezkariekin, adingabeak komunitatean babesteko espezializazioa daukaten administrazio publikoetako langileekin, haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioekin eta udal eta kontzejuen ordezkariekin, esku hartze aldera foru lege honek prebentzioaren eta babes komunitarioaren sustapenari dagokionez aurreikusitako ekintzak direla-eta.

7. Arreta goiztiarrari dagokionez, 0 eta 6 urte bitartekoentzat Arreta Goiztiarraren Sarea bultzatuko da, eta jarduketa guztiak gauzatu beharko dira Nafarroako Foru Komunitateko Arreta Goiztiarraren Sarearen barruan, Administrazio Publikoko organoen jarduketa integrala bultza dezan erantzunkidetasuneko espazio komuna indartuz, eta zerbitzu eraginkorra, efizientea eta kalitatezkoa bermatuz.

Toki erakundeez gaindiko mailetan, departamentuen arteko lana faboratuko da, Arreta Goiztiarraren Batzorde Gidariaren eta Arreta Goiztiarraren departamentu arteko Batzordearen bitartez, zeinak kide izanen baititu irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta familien eta toki mailako profesionalen ordezkariak.

Bestalde, toki mailan eta maila komunitarioan, arreta goiztiarreko taldeak haurren sustapenerako dauden toki sareetan egotearen alde eginen da.

Sareko lana bultzatuko da inplikatuta dauden unitate eta talde desberdinen lana koordinatzea beharrezkotzat jotzen denean, eta esku hartzeko baterako planak sortuko dira.

Aldi berean, informazio sistema bakar bat ezarriko da Arreta Goiztiarreko Sareko eragileen artean, 0 eta 6 urte bitarteko adinekoekin zerikusia duten departamentu guztientzat.

8. Koordinaziorako batzorde eta ekintza guztietan erraztuko da administrazio publikoetako langileen parte-hartzea, sustatuko da gurasoek ere parte hartzea eta guneak izatea, arazo edo kezka berdinak dituztenek bilerak egiteko, eta bermatuko da adingabeek beraiek ere parte hartzeko aukera izatea.

9. Horietan guztietan berariaz aurreikusiko da beren lana nola zabaldu toki esparruan, tokiko sareak eta auzokideenak sendotuz eta bultzatuz eta transmisoreen figura sustatuz, beren gain har dezaten toki mailako erreferenteekiko koordinazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumen esparru desberdinetan.

10. Guztietan zainduko da osaketan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatuaren printzipioa errespetatuko dela.

11. Adingabeei laguntza emateak berekin ekarriko du lana antolatzea kasuaren zuzeneko erreferente nagusi bat izanen duten bitartekoen bidez.

Sareko gainerako profesionalek kasuaren inguruko gogoetan, koordinazio-lanetan eta bileretan parte hartuko dute, eta, hala badagokio, nagusia ordeztuko dute solaskide lanetan hura ez dagoenean.

46. artikulua. Funtzionamendu arauak.

Aurreko artikuluarekin bat eratzen diren batzorde edo kide anitzeko organo guztietan, organo horiek beraiek onetsiko dituzte beren helburuak, egutegiak eta jardunerako barne erregelamenduak, horrek galarazi gabe kide anitzeko organoak sortzeko arauetan eta horiek arautzen dituen foru legerian organo horietarako aurreikusita dagoena.

2. ATALA

Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseilua

47. artikulua. Sorrera.

1. Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseilua sortzen da, haur eta nerabeen arloko sustapen, arreta eta babeserako aholkularitza, parte-hartze eta kontsulta eginkizunak dituen kide anitzeko organo gisa.

2. Funtzionamenduaren ondorioetarako, Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseilua adingabeen babesaren arloko eskumena duen departamentuari atxikitzen zaio.

48. artikulua. Eginkizunak.

1. Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

A. Aholku emanen du, nahitaezko txosten ez-lotesleen bidez, gai hauei buruz:

a) Adingabeen babesa arautzeko foru lege aurreproiektuak eta xedapen orokorren proiektuak.

b) Adingabeen eta haien familien babes eta arretarekin eta haur eta nerabeentzako prebentzio-zerbitzuekin zerikusia duten plan integralak eta urteko plan operatiboak.

B. Kontsulta organoa izanen da eta txostenak eginen ditu Nafarroako Gobernuak edota haren departamentuek egiten dizkioten galderei buruz.

C. Parte-hartze eta informazio organoa izanen da, haur eta nerabeen eskubideak sustatzeko edo haien beharrei erantzuteko, toki erakundeek eta adingabeekin lotura duten elkarte sozialek helarazten dizkioten proposamenak edo ekimenak ezagutzera emateko edo eztabaidatzeko, baita adingabeen babesaren arloko eskumena duen departamentuak jakitera ematen duenaz ere, hala nola jardueren urteko laburpenaz.

2. Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluak txostenak eskatzen ahalko dizkie Nafarroako Gobernuko departamentuei eta Nafarroako Arartekoari, adingabeen eskubideen defentsaren eta babesaren arloan dituen eginkizunak bete ahal izateko.

49. artikulua. Antolaketa.

1. Kontseiluaren Osoko Bilkura antolaketa eta funtzionamendurako erregelamenduak zuzenduko du eta, horretan aurreikusirik ez dauden gaietan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko kide anitzeko organoetarako ezarrita dauden arauek.

2. Dituen eginkizunak bete ahal izateko, Kontseiluak baliabide material eta giza baliabide nahikoak izanen ditu. Baliabide horiek adingabeen babesaren arloko eskumena duen departamentuak emanen dizkio.

3. Kontseiluak batzordeak eratzen ahalko ditu, haren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko erregelamenduak xedatzen duenari jarraikiz.

50. artikulua. Kontseiluaren osaera.

1. Haur eta Nerabeen Nafarroako Kontseiluak kide hauek izanen ditu, gutxienez:

a) Adingabeen babesaren arloko eskumena duen departamentuko kontseilaria Kontseiluko lehendakaria izanen da.

b) Adingabeen babesaren arloko eskumena duen departamentuaren bi ordezkari; horietatik maila altueneko lanpostua duena Kontseiluko lehendakariordea izanen da.

Lehendakariordea lehendakariaren ordez arituko da hura kanpoan dagoenean, edo gaixo, edo haren lanpostua aldi baterako hutsik dagoenean. Halaber, lehendakariak esleitzen dizkion edo erregelamendu bidez ezartzen diren eginkizunak izanen ditu.

c) Adingabeen babesarekin eta arretarekin lotura zuzena duten gainerako departamentuetako ordezkari bana; zuzendari nagusiaren maila izanen dute.

d) Gehienez ere sei ordezkari, erakunde bakoitzeko bat, adingabeen babesaren eta arretaren arloan diharduten erakunde edo elkarte nagusietakoak; haietako bat, gutxienez, harrera egiten duten familiak edo adopzio familiak ordezkatzen dituztenetakoak izanen dira.

e) Gehienez ere sei ordezkari, erakunde bakoitzeko bat, adingabeen eskubideak aldezteko eratuta dauden elkarteetakoak.

f) Nafarroako toki erakundeen lau ordezkari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuak, zeinetatik hiru, gutxienez, hautetsiak izanen baitira.

g) Desgaitasuna duten adingabeen eskubideak ordezkatzen dituen erakunde bat, edo sektore horretako erakundeak biltzen dituena.

h) Ordezkaritza handiena duten sindikatuen lau ordezkari, horietatik bi Nafarroan orokorrean dutenak eta beste biak, berriz, ordezkaritza handiena dutenak gizarte zerbitzuen sektorean, beste biak ez direnak.

i) Nafarroako Arartekoa-Adingabearen Defendatzailea, edo instituzioaren ordezkari bat.

j) Haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioen bi ordezkari.

Sustatuko da Kontseiluko kide izan daitezen, 1 d) eta 1 e) letretan aipatzen diren erakundeak ordezkatzeko, haietako haur edo gazteen ataletako kide diren adingabeak edo haien jarduera edo zerbitzuetan laguntzen dutenak edo haien onuradun direnak.

Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legearen 56. artikuluan aurreikusitako Partaidetzarako Tokiko Kontseiluetan ordezkari diren adingabeak gonbidatuta egonen dira osoko bilkuretan parte hartzera eta proposamenak egiten ahalko dituzte haiekin erabakitzen den moduan.

2. Kontseiluko idazkariak zuzenbideko graduduna edo lizentziaduna eta adingabeen babesaren arloko eskumena duen departamentuko funtzionarioa edo langilea izan beharko du, eta hitzarekin baina botorik gabe jardunen du.

3. Adingabeen babesaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariak izendatuko ditu Kontseiluko kideak, lau urterako, ordezkatutako organismoen proposamenak, halakorik egiten badute, kontuan hartuta eta, gainerako kasuetan, osaketan emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatuaren printzipioa errespetatuz.

V. KAPITULUA

Zehapenen araubidea

51. artikulua. Arau-hauste administratiboak eta erantzuleak.

1. Arau-hauste administratiboak erantzuleen egiteak edo ez-egiteak dira, kapitulu honetan tipifikatuak, deusetan galarazi gabe arlo zibilean, penalean edo bestelakoetan gerta litekeen erantzukizuna eta arlo sozialean Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari dagozkion eskumenak.

2. Erantzuleak dira foru lege honetan tipifikatzen diren arau-hausteak diren egite edo ez-egiteak egozten ahal zaizkien pertsona fisiko edo juridikoak.

3. Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

4. Baldin eta hurrengo artikuluetan jasotako egite edo ez-egiteetakoren bat, bere larritasunagatik edo garrantziagatik eta tipifikazio penal baten osagai guztiak biltzeagatik, Zigor Kodean jasotako delitua izan badaiteke, zigor arloko jurisdikzioak izanen du lehentasuna, eta ezin izanen da administrazio-zehapenik ezarri zigor arloan epaitutako subjektua, gertakaria eta oinarria berberak direla ikusten den egitateengatik; zehapena ezartzeko organo eskudunak ezin izanen du prozedura hasi eta gertakizunak Ministerio Fiskalari jakinarazi beharko dizkio.

5. Zehapen-prozedura bat hasi ondoren, egitate berberengatik zigor arloko prozedura bat izapidetzen ari dela jakiten bada, administrazio-prozedura eten eginen da, zigor arloko erabaki irmoa eman arte.

52. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak honako hauek dira:

a) Zentro edo zerbitzuetako titularrek adingabeei behar duten tratamendua eta arreta ez ematea, haiei kalterik sortzen ez badiete.

b) Nahitaezko eskolatze aldian dauden adingabeentzat ikasposturik ez eskatzea, horretarako bidezko arrazoirik izan gabe.

c) Adingabeen edo haien familien txosten sozialak edo psikologikoak erabiltzea, edo babes sisteman lan egiten dutenen datuak, intimitatea edo pertsona fisikoen datu pertsonalak babesteari buruzko araudiaren arabera zilegi ez diren tratamenduetarako, horrek ez badie kalte nabarmenik ekartzen ukitutakoei.

d) Foru lege honetan adingabeei aitortzen zaizkien eskubideak lesionatzea edo aintzat ez hartzea dakarten egite edo ez-egite guztiak.

e) Prebentzioan edo babesean aritzen diren zentro eta zerbitzuetan adingabeei arreta ematen dieten profesionalekin kontra eginez, begirune faltaz, mehatxuka, irainka, errepresaliekin jokatzea edo haien kontrako beste edozein presio mota arina baliatzea.

f) Adingabeen arretan edo babesean esku hartzen duten langile espezializatuek haien seme-alabentzat beharrezkotzat jotzen dituzten hezkuntza eta gizarte arloko esku-hartzeei edo esku-hartze terapeutikoei aurka egitea justifikaziorik gabe, horrek esku-hartzeak atzeratzen baditu.

g) Adingabeei eskaini, saldu, alokatu, edozein bitarteko erabiliz zabaldu edo ikusgai jarri, haien esku libreki geratzeko moduan, argitalpenak, objektuak, ikus-entzunezko materialak, joko informatikoak edo mota guztietako materialak, bultzatzen dutenak delituzko ekintzak nahiz edozein diskriminazio mota egitera, edo eduki pornografikoa dutenak edo bultzatzen dutenak substantziak kontsumitzera edo adikzioak sortzen dituzten jokabideak izatera, edo haur eta nerabeek aitortuak dituzten eskubide eta printzipioak urratzen dituzten jarrera edo portaerak izatera.

h) Aurreko letran deskribatutako edukiak dituen ikus-entzunezko materiala, edozein motatakoa, proiektatzea toki publikoetan edo adingabeentzat eskura dauden ikuskizunetan.

i) Gurasoek, tutoreek edo zaintzaileek ez betetzea, babesgabetasunaren espedientea tramitatzen den bitartean, deituta dauden entzunaldiaren tramitera joateko betebeharra, arau-hauste astuna ez bada.

53. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

a) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

b) Adingabe baten balizko arrisku edo babesgabetasun egoeraren berri ez ematea agintaritza eskudunei.

c) Administrazioak akreditatu gabe adingabeen harreran edo adopzioan bitartekotza-zereginetan esku hartzea.

d) Adingabeentzako arretaren arloan ematen diren administrazio ebazpenak ez betetzea edo erakunde publiko eskudunak arrisku edo babesgabetasun arloan erabakitako babes neurriak bete daitezen oztopatzea edo galaraztea, arau-hauste oso astuna ez bada.

e) Hedabideen bitartez zabaltzea adingabeen edo babes sisteman lan egiten dutenen irudiak edo datu pertsonalak, edo haien txostenak, adingabeei buruzkoak, hori zilegi izateko arrazoirik egon gabe edo pertsona fisikoen datu pertsonalak babesteari buruzko araudian ezarritako debekuaren salbuespenik egon gabe, horrek kalte nabarmena ekartzen badie ukituei.

f) Neurri judizialen menpeko adingabeei gehiegizko neurri zuzentzaileak ezartzea edo adingabeen eskubideak murriztea epaileen erabakietan edo adingabeak dauden zentro eta erakundeen barne funtzionamenduari buruzko arauetan xedatzen denaz gaindi.

g) Osasun zentroak edo osasun langileek ez betetzea jaioberriak identifikatzeko betebeharra, foru lege honetako 19.6 artikuluan ezarritakoaren araberakoa.

h) Adingabearen guraso-erantzukizunaren titularrek, tutoreek edo haren zaintza dutenek adingabea ikastetxera joatea oztopatzea, horretarako arrazoi justifikaturik gabe.

i) Adingabeak erabiltzea haientzat debekatutako jarduera edo ikuskizunetan.

j) Adingabeei debekatuak dituzten establezimendu edo lokaletan sartzen uztea.

k) Saldu, eman, erakutsi edo zabaltzea adingabeentzat kaltegarriak izan daitezkeen irudi, mezu, gauza edo argitalpenak, edo Konstituzioan eta antolamendu juridikoaren gainerakoan aitorturiko eskubide eta printzipioak urratzen dituzten jarrera edo portaerak bultzatzen dituztenak.

l) 12 urtetik beherakoei saldu, alokatu, zabaldu edo proiektatzea zuzenean edo zeharka bortizkeria edo delituak edo edozein diskriminazio mota egitera bultzatzen duten bideoak, bideo-jokoak edo beste edozein ikus-entzunezko material, eta, halaber, eduki pornografikoa dutenak edo Konstituzioan eta antolamendu juridikoaren gainerakoan aitorturiko oinarrizko eskubide eta askatasunen kontra jotzen dutenak.

m) Adingabeen egoeren erregistroa behar ez bezala erabiltzea.

n) Foru lege honetan adingabeei aitortzen zaizkien eskubideak modu larrian lesionatzea edo aintzat ez hartzea dakarten egite edo ez-egite guztiak.

o) Prebentzioan edo babesean aritzen diren zentro eta zerbitzuetan adingabeei arreta ematen dieten profesionalekin kontra eginez, begirune faltaz, mehatxuka, irainka, errepresaliekin jokatzea, edo haien kontrako beste edozein presio mota baliatzea.

p) Seme-alabek jasandako kalte larriak, adingabeei arreta edo babesa emateko esku hartzen duten langile espezializatuek haien seme-alabentzat beharrezkotzat jotzen dituzten gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzeei edo esku-hartze terapeutikoei aurka egiteagatik justifikaziorik gabe.

q) Administrazio publiko eskudunari edo beste agintaritza publiko bati ez jakinaraztea haur edo nerabe bat arrisku edo babesgabetasun egoeran dagoela edo etxetik ihes egin duela, zerbait egiteko benetako aukerak daudenean eta hala ez egiteak argi eta garbi dakarrenean babes gabeziaren egoera luzatzea, betiere foru lege honek eta adingabearen babes juridikoari buruzko gainerako legeek xedatzen dutenarekin bat.

r) Administrazio publiko eskudunaren edo beste agintaritza publiko baten edo familiaren esku ez jartzea, 24 orduko epean, abandonatuta, galduta edo etxetik ihes eginda dagoen haur edo nerabe bat.

s) Foru lege honetan ezarritako debekuen edo printzipioen aurkako publizitatea eman edo zabaltzea Nafarroako Foru Komunitatean. Ekintza hauen erantzukizuna publizitate hori eman edo zabaltzen duten hedabideena da.

t) Nafarroako Foru Komunitatean eman edo zabaltzen den publizitatean adingabeak erabiltzea foru lege honetan ezartzen denari aurka eginez. Ekintza horren erantzukizuna iragarlearena eta publizitate hori eman edo zabaltzen duten hedabideena da.

u) Familiakoa ez den haur edo nerabe bat hartzea, etorkizunean adoptatzeko asmoz, erakunde publikoaren organo eskudunaren esku-hartzerik gabe.

v) Haur eta nerabeei arreta emateko irabazi-asmorik gabeko zentro edo zerbitzuen titularrek edo haien zerbitzuko langileek irabazizko jardunbideak babestu edo betetzea, barne dela baimendu gabeko diru-kopuruak jasotzea haur eta nerabeei edo haien familiei emandako arreta zerbitzuen kontraprestazio gisa.

w) Gurasoetako batek edo haur edo nerabearen tutoretza edo zaintza duten pertsonetako batek ez betetzea, babesgabetasun espediente baten tramitazioan, deia helarazi dien egoitza administratiboan agertzeko betebeharra, ez betetzeak ekartzen badu edo ekar badezake arrisku larri edo oso larri bat adingabearen osotasun fisiko edo psikikorako.

x) Adopzio ondoko jarraipen txostenak edo haurren adopzioaren edo harreraren aurreko beste babes neurri batzuen jarraipenekoak egin edo bidali behar dituen erakunde edo organismoak egindako errekerimenduak ez betetzea aplikatzekoa den legeriak ezarritako moduan eta epean, edo trabak jartzea erakundeari edo organismoari aipatutako txostenak egin edo bidaltzeari dagozkion lanetan.

54. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astunak honako hauek dira:

a) Arau-hauste astunetan berrerortzea.

b) Aurreko artikuluan aipatzen diren arau-hauste astunak egitea, baldin eta adingabeen eskubideei kalte konpongaitz edo konponezina ekartzen badiete.

c) Prebentzioan edo babesean aritzen diren zentro eta zerbitzuetan adingabeei arreta ematen dieten profesionalen kontrako eraso fisikoak.

d) Adingabeen kontrako eraso fisikoak.

e) Edozein pertsona fisiko edo juridikok esku hartzea haur edo nerabe baten harrera edo adopziorako bitartekaritza lanak betez, kasuko gaikuntza izan gabe, tartean prezioa, iruzurra edo ageriko arriskua egon bada haur edo nerabearen osotasun fisiko edo psikikorako.

f) Familiakoa ez den haur edo nerabe bat hartzea, etorkizunean adoptatzeko asmoz, erakunde publikoaren organo eskudunaren esku-hartzerik gabe, tartean prezioa, iruzurra edo ageriko arriskua egon bada haur edo nerabearen osotasun fisiko edo psikikorako.

g) Haurrak edo nerabeak erabiltzea publizitate jardueretan edo ikuskizunetan lege honek debekatzen badu, tartean prezioa, iruzurra edo ageriko arriskua egon bada haur edo nerabearen osotasun fisiko edo psikikorako.

h) Haurrak edo nerabeak erabiltzea debekatutako publizitate jardueretan edo ikuskizunetan, tartean prezioa, iruzurra edo ageriko arriskua egon bada haur edo nerabearen osotasun fisiko edo psikikorako.

i) Nazioarteko adopzioa formalizatzea atzerriko herrialde batean, beste herrialde baterako emandako adopziorako egokitasun deklarazio batean babestuta.

j) Haur edo nerabe baten babesgabetasun egoera ezagutzen duenak ez betetzea haren berri emateko betebeharra, foru lege honetan ezarritakoa, ez betetzeak ekartzen badu edo ekar badezake arrisku larri edo oso larri bat adingabearen osotasun fisiko edo psikikorako.

k) Babesgabetasunaren arloko eskumena duen erakunde publikoak erabakitako babes neurriak betetzeko trabak jartzea edo galaraztea, egoerak ekartzen badu edo ekar badezake arrisku larri edo oso larri bat adingabearen osotasun fisiko edo psikikorako.

l) Babestutako adingabe baten zaintza esleitua dutenek haren duintasunari eragiten dion tratu umiliagarria ematea, eta haren eskubideak urratzea, kaltea eraginez, foru lege honetan eta urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan aitortuta dituenak, hain zuzen ere.

m) Adopzio ondoko jarraipenaren txostenak edo haurren adopzioaren edo harreraren aurreko beste babes neurri batzuen jarraipenekoak egin edo bidali behar dituen erakunde edo organismoak egindako errekerimenduak behin eta berriro ez betetzea aplikatzekoa den legeriak ezarritako moduan eta epean, edo trabak jartzea erakundeari edo organismoari aipatutako txostenak egin edo bidaltzeari dagozkion lanetan.

55. artikulua. Berrerortzea.

Berrerortzea gertatzen da arau-hauste baten erantzuleak, urtebeteko epean, foru lege honetan ezarririko izaera bereko arau-hauste bat edo gehiago egiteagatik ebazpen irmo baten bidez zehapena jaso duenean.

56. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Arau-hauste oso astunek hiru urte pasatzean preskribatuko dute; astunek, bi urte pasatzean; eta arinek, urtebete pasatzean, arau-haustea egin denetik hasita.

57. artikulua. Zehapen administratiboak.

1. Kapitulu honetan tipifikatutako arau-hausteak honelaxe zehatuko dira:

a) Arau-hauste arinak: idatzizko ohartarazpena edo 1.000 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak, 1.001etik 30.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunak, 30.001etik 100.000 eurora bitarteko isuna.

2. Ezartzen diren zehapenek ez dute eragotziko kalte-ordainak egotea, bidezkoak direnak, zehatutako jokabideek kalteak eta/edo galerak eragin badizkiete adingabe batzuei.

58. artikulua. Zehapen osagarriak.

1. Arau-haustearen erantzulea den pertsonak edo erakundeak, adingabeak babesteko dirulaguntzarik hartu badu, eskatuko zaio dirulaguntza itzul dezala.

Halaber, arau-hauste astun edo oso astunen kasuan, urtebetetik bost urte bitarteko epean gaikuntza kentzen ahalko zaio Foru Komunitateko Administrazioaren edozein laguntza edo dirulaguntza hartzeko.

2. Arau-hauste astunak edo oso astunak izanez gero, erantzuleak adingabeei laguntzeko erakunde laguntzailetzat jotzen diren zerbitzu, etxe funtzional edo zentroen titularrak izanez gero, aurreko apartatuan aipatzen direnez gain, zehapen osagarriak honako bat edo batzuk izanen dira:

a) Arau-haustea gertatu zeneko zentroa, etxe funtzionala edo zerbitzua ixtea aldi baterako edo betiko, osorik edo hein batean.

b) Erakunde laguntzailearen aitortza errebokatzea.

c) Urtebetetik bost urtera bitarte gaikuntza kentzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoarekin kontratuak izenpetzeko.

3. Erantzuleei, hedabideen titularrak badira eta arau-hausteak hedabideen bitartez egin badira, zehapen osagarri gisa, 1. apartatuan aipatzen direnez gain, ezartzen ahalko zaie hedabide beretan zehapen-ebazpena publikoki zabaldu beharra.

4. Arau-haustea adingabeei debekaturiko produktu edo ondasunak saldu, eman edo helaraztea bada edo adingabeek debekatuta dituzten establezimendu edo lokaletan sartzen uztea bada, zehapen osagarri gisa ezartzen ahalko da, 1. apartatuan aipatzen direnez gain, arau-haustea gertatu zeneko establezimendu, lokal, instalazio, esparru edo guneak bost urte bitarte edo betikoz ixtea.

59. artikulua. Zehapenen mailakatzea.

1. Zehapenak eta isunen zenbatekoa zehazteko, haiek bat etorri beharko dute arau-haustearen astuntasunarekin. Gehienbat irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Hutsegitea zenbatean egin den nahita edo arduragabekeriaz.

b) Beren egoeragatik adingabeei, edo beste batzuei, eginiko edozein kalte.

c) Arau-haustearen oihartzun ekonomiko eta soziala.

d) Arau-hausteetan berrerortzea.

2. Arau-haustearen ondorioz lorturiko etekin ekonomikoa foru lege honetan ezarririko zehapenaren zenbatekoa baino handiagoa bada, zehapena etekinaren zenbatekoa berdindu arte handituko da.

60. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Arau-hauste oso astunengatik ezarritako zehapenek hiru urte pasatzean preskribatuko dute; astunengatik ezarritakoek, bi urte pasatzean; eta arinengatik ezarritakoek, urtebete pasatzean, ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita.

61. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Ebazpenak emateko eskudun den organoak noiznahi ere, arrazoiak emanda, behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu ebazpenaren eraginkortasuna eta prozeduraren bukaera ona ziurtatzeko eta arau-haustearen ondorioen iraupena saihesteko.

Betiere, adingabeen osotasun fisikoa eta psikikoa gordetzeko behar diren neurriak hartu beharko dira.

2. Kautelazko neurriek bat etorri beharko dute kasu bakoitzean lortu nahi diren helburuen garrantziarekin, proportzionaltasunarekin eta beharrekin.

3. Kautelazko neurriak hartzen ahalko dira haiek ez hartzeak adingabeei edozein motatako kaltea ekartzen ahal diela aurreikusten den guztietan.

4. Ezarritako kautelazko neurriak kenduko dira horiek hartzeko zergatikoak desagertu orduko edo adingabeak babesteko beharra beste modu batean betetzen denean.

62. artikulua. Zehapenak publiko egitea.

Organo zehatzaileak erabakitzen ahalko du arau-hauste astunak edo oso astunak egiteagatik foru lege honetan aurreikusten diren zehapenak ezartzeko ebazpen irmoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela.

III. TITULUA

Aurreneurriak

63. artikulua. Lehentasunezko izaera eta helburuak.

1. Adingabeentzako arreta integrala emateko, lehentasuna izanen dute prebentziorako jarduketek, balizko babes gabeziaren egoerei eta haien garapena kaltetzen duten edo haien eskubideak urra ditzaketen gabezia larriei aurrea hartzekoek.

2. Prebentzioak helburu hauek izanen ditu:

a) Adingabeen eskubideak errespetatu eta bermatzen direla zaintzea, informazio, dibulgazio eta sustapen jardueren bidez, eta erantzuna sustatuz lehen adinetan, loturaren hastapenetan, jaio aurreko etapa barne, jaio aurretik eta jaiotzean jarraipena eginez.

b) Integrazio soziofamiliarra eta aisialdiaren jolas- eta sozializazio-erabilera mesedetzen eta bermatzen dituzten jarduera publikoak egin eta irabazi asmorik gabeko jarduera pribatuak sustatzea, era horretan autonomia indartze aldera, esparru komunitarioan batez ere.

c) Adingabeek beren garapen integralari kalte egiten dioten baliabide, produktu eta jarduerak eskura ditzaten mugatzea.

d) Adingabeentzat segurtasun falta edo arrisku egoera ekar dezaketen faktoreak murriztea, arrisku faktoreen aurrean garaiz jardunez, babesten ez duten egoerak bideratzeko, eta haurren beharrak, bai fisikoak bai emozionalak, ekonomikoak eta hezkuntzakoak, modu egokian asetzea, ingurune seguru eta egokituetan eta hasierako adinetatik, harreman egonkor eta seguruak ezar daitezen.

e) Gizarte eta familia ingurunea hondatzen ahal duten arrazoiak saihestea, eta ahalmenak eta gaitasunak areagotzearen alde egitea, orientabideak, formakuntza eta laguntza emanez.

f) Sarean lan egitea edozein eskubide-urraketaren antzemate goiztiarrerako, barne harturik erakundeen egintzetatik erator litezkeenak.

g) Hazkuntzarako lanei sostengu iraunkorra emateko, Nafarroa osoko sare lokal guztietan txertatzea prebentzioaren ikuspegia, prebentziotik helduz detekzioari, sentsibilizazioari eta esku-hartzeari, bai eta ikuspegi lokal eta komunitarioa ere.

h) Haur eta nerabeei arian-arian eta beren garapenaren esparru ezberdinetan prestakuntza ematea beren buruaren babesa beren gain har dezaten, dituzten heldutasun-mailaren eta gaitasunen arabera. Prebentzio-prestakuntza hori haien autonomia errespetatuz eginen da, eta horretan laguntzaile izanik haien familiak, irakasleak, erreferente komunitario profesional nahiz boluntarioak, gizarte- eta osasungintza-zerbitzuetako profesionalak, eta haren inguruneko erreferentziazko beste edozein pertsona heldu.

64. artikulua. Prebentzio jarduketak.

Nafarroako Administrazio Publikoek, beren eskumenen esparruan, foru lege honetan ezarritakoaren esparruan, prebentzio lanak garatu eta bultzatuko dituzte, lehenetsiz 32. artikuluan aipatzen den plangintza integralean zehazten direnak, besteak beste jarduketa hauen bitartez:

1. Adingabeen eskubideen sentsibilizazioaren arloan:

a) Adingabeei eta haien familiei informazioa ematea haien eskubideez eta haientzako arreta eta babeserako Nafarroako Foru Komunitatean dauden baliabideez, bai familia ingurunean bai publikoan, babes sistema eta, bereziki, harrera familien lana horien barnean direla.

b) Adingabeen eskura jartzea beren egoeraz zerbitzu publikoekin komunikatu eta kontsultatzeko bideak, laguntza iraunkorrerako telefonoekin lankidetzan aritzea barne.

c) Adingabeen beharrez eta behar horiei erantzuteko gaitasunak indartzeko modu egokiez jabearaztea.

d) Haurren eskaletza desagerrarazteko prebentzioa eta kontrola, horrelako jardunak sortzen dituzten zergatiak aintzat hartuta.

e) Generoarekin, transexualitatearekin, desgaitasunarekin, zaurgarritasun sozioekonomikoarekin edo kulturartekotasunarekin lotutako egoerek sor ditzaketen zailtasun erantsiak.

f) Haur eta nerabeek indarkeriarik gabeko ingurune batean bizitzeko eskubidea dutela sentsibilizatzekoak.

g) Neskek haurtzaroan eta nerabezaroan genero indarkeriarik gabeko ingurune batean bizitzeko eskubidea dutela sentsibilizatzekoak.

2. Hezkuntzaren eremuan:

a) Haur-eskolak sustatzea eta faboratzea bertan sar daitezen desgaitasuna duten adingabeak eta gizarte, kultura eta ekonomiaren aldetik ahulenak diren populazio taldeetakoak.

b) Irakaskuntza nahitaezkoa ez den adinetan, adingabeei arreta emateko gainerako hezkuntzaz kanpoko zentroetan gutxieneko hezkuntza jarraibideak finkatzea.

c) Nahitaezko eskolatzearen bermea eta eskolako absentismoa gutxitzeko ekintzak.

d) Eskola porrotaren prebentzioa.

e) Programak garatzea ohiko eskola sistema onartzen ez duten adingabeentzat, porrot egin dutenentzat edo eskola huts egiten dutenentzat.

f) Gizarte inklusiorako programak garatzea zailtasun bereziak dituzten adingabeentzat, goiz agertzen den zoritxarra barne, baita bestelakoak ere, eskola inklusiboari dagozkionak, aniztasunarekin lotuak (sexu edo kultur arloan, eta gaitasunetan).

g) Ingurune behartsuetako adingabeentzako konpentsazio neurri zehatzak.

h) Haur eta nerabe etorkinentzako eta babespean dauden adingabeentzako neurri espezifikoak biltzen dituzten hezkuntza programak garatzea. Programa horiek gauzatuko dira hezkuntzako profesionalak, gizarte hezitzaileak eta populazio talde zehatz honek beharrezkoa duen arretan adituak diren langile espezializatu guztiak aintzat harturik, hizkuntzaren ezagutzarekin lotutakoak barne.

i) Zeharkako hezkuntza-programak sartzea, helburu gisa dutenak genero indarkeriaren prebentzioa eta detekzio goiztiarra, –berdintasuna sustatuz–, eta jarrera xenofoboena –ezberdinak direnekiko errespetua eta haien integrazioa faboratuz–.

j) Ikastetxeetan haur eta nerabeek jasaten duten eskola-jazarpena kontrolatu eta desagerrarazteko programak garatzea langile kualifikatuen bitartez.

k) Programa guztietan kontuan hartzea landa eremuko behar espezifikoak.

l) Adingabeen kontrako bortizkeriaren eta sexu abusuen prebentzioa.

3. Osasungintzaren eremuan:

a) Osasunerako hezkuntza, txertaketa kanpainak edo bestelako programak, populazio ahulenari edo arriskuan dauden giza taldeei zuzenduak, ezgaitasunak sortzen dituzten gaixotasunen prebentziorako ekintza espezifikoak eta arreta goiztiarreko programak garatzea.

b) Adingabeen edo haien gurasoen osasun mentaleko arazoen prebentziorako programak.

c) Haurren bilakaerako etapa bakoitzerako egokia den hezkuntza afektiboa eta sexuala.

d) Alkohol, tabako eta bestelako drogen kontsumoaren eta adikzioen prebentzioa.

e) Adingabekoen artean norbere burua lesionatzeko jokabideen prebentzioa eta prebentzio lana eremu psikosozialean eta ongizate emozionalekoan.

f) Istripuen prebentzioa, etxean bereziki.

g) Guraso izanen direnen prestakuntza, haurdunaldiaren hasieratik. Osasun etxeetako langileekin egiten den prestakuntzan sartuko dira atxikimendu seguruaren kontzeptua, aitatasun eta amatasunaren arlo psikologikoko trebetasunak garatzea, eta zaurgarritasun edo arrisku egoerak detektatzea.

h) Gizentasunaren prebentzioa eta elikadura osasuntsua eta aisialdi osasungarria sustatzea, eta, halaber, pantailen erabilera segurua eta bizimodu osasuntsuak, atsedenaren garrantzia barne, autonomiatik eta norbere buruaren zainketatik bideratuta.

i) Prebentzioa 16 urte baino gehiagoko adingabeen lanari dagokionez.

j) Haurtzaroan eta nerabezaroan gertatzen den sexu indarkeria goiz detektatzea eta programa terapeutikoak sexu indarkeriaren biktima diren haur eta nerabeekin; sexu esplotaziorako «salerosketaren» biktima diren haur eta nerabeekin goiz detektatzeko eta esku hartzeko programa; garaia baino lehenagoko ezkontzak –hau da, ezkontza hitzartuak edo behartuak– detektatzeko eta saihesteko jarduketa protokoloa; emakumeen genitalen mutilazioa jasateko arriskuan dauden neskak detektatzeko programa.

4. Familientzako sostengua:

a) Adingabe bakoitzarentzat egoki diren zainketak bermatzea helburu nagusi duen guraso-erantzukizun positiborako hezkuntza sustatuko da eta, bereziki, harako hezkuntza zeina zuzenduta baitago familia gurasobakarrei, gizarte-sarerik gabeko edo oinarrizko heldulekurik gabekoak izan eta desgaitasuna edo gaixotasun mentalen bat duten seme-alabak dauzkaten familiei.

b) Familian zigor fisikoen erabilera desagertzeko eta tratu onaren garrantziaz sentsibilizatzeko programak, tratu ona eta edozein motatako zigor fisikoa bateraezinak direla ulertzeko, eta horri buruzko kanpainak, jardunaldiak edo tailerrak sustatzea.

c) Jarduketa sozial edo terapeutikoak, gurasoen eginkizunak egoki betetzeko, familiaren dinamika egokia garatzeko eta beren ingurunean deserrotzea saihesteko.

d) Gabezia ekonomiko eta materialen ondoriozko gabeziak konpentsatzeko dirulaguntzak, oinarrizko beharrei aurre egiteko, errenta bermaturako eta inklusio sozialerako eskubideari buruzko araudiarekin bat.

e) Familiendako orientazio eta bitartekotza programak eta guraso bereiziei eta haien seme-alabei elkarrekin biltzeko erraztasunak emateko tresnak, familia-gatazkak konpontzeko bide alternatibo gisa, genero-indarkeria dagoen kasutan izan ezik, nazioarteko, estatuko eta foru araudiak jasotako moduan.

f) Etxeko laguntza ematea.

5. Gizarte harremanen, aisialdiaren eta animazioaren eremuan:

a) Adingabeek beren buruak babesteko programak, arrisku egoerei aurre egin ahal izan diezaieten.

b) Adingabeen kontrako indarkeriaren eta sexu abusuen arloko prebentzioa, nola jokatu eta laguntzeko bitartekoak azaltzeko informazioa barne.

c) Gizartearen kontrako portaeren eta delinkuentziaren arloko prebentzio ekintza orokor edo bereziak gauzatzea, batez ere nesken segurtasuna bermatzeko emakumeen kontrako indarkeria egoeretan, eta gizartearekin ongi moldatzen ez diren adingabeen gizarte inklusioan laguntzen dutenak.

d) Balioak eta trebetasunak sustatzea: elkarlana, elkartasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza, gizalegezko jokabidea eta indarkeriarik eza.

e) Aisialdia modu egokian ingurune komunitarioan erabiltzeko orientatzea.

f) Helduarorako prestatzea.

6. Prestakuntzaren, enpleguaren eta lan baldintzen eremuan:

a) Enplegurako prestatu eta orientatzea.

b) Gazteen enplegua sustatzea. Sostengu berezia emanen zaie beren egoera pertsonal edo sozialarengatik laneratzeko zailtasun handiagoak dituztenei, oinarrizko mailako prestakuntza gabeziak dituztenen ezaugarrietara ere egokitua.

c) Lan esplotazioari aurrea hartzea.

7. Arreta goiztiarraren eremuan:

Arreta goiztiarra dira 0tik 6 urtera bitarteko haurrei, haien familiei eta inguruneari modu koordinatuan zuzendutako prebentzio, ebaluazio eta esku-hartze jarduketak, horien helburua delarik ikuspegi integral batetik erantzuna ematea haurrek dituzten behar iraunkor edo aldi baterakoei, haur horiek garapenean alterazioak nahiz nahasmenduak dituztenean, edo horiek izateko arrisku handian daudenean faktore biologiko eta/edo psikosozialen eraginpean egoteagatik.

Nafarroako Gobernuak Arreta Goiztiarreko Zerbitzua bermatu beharko du jaiotzatik 6 urteko adinera arte, bai eta arreta hori artikulu honek xedatzen duenari jarraikiz ematen dela bermatu ere.

Adingabeen familiei eta haien ingurune komunitarioetako eragileei akonpainamendu egokia bermatuko zaie, haien gaitasunari lagunduko zaio eta familien eta adingabeen parte-hartzea bermatuko da.

Arreta goiztiarreko jardunbideen oinarrian ebidentzia zientifikoa eta etika izanen dira, eta familiaren inguruan ardaztuta; haien xedea eta asmoa izanen da familiaren ahalduntzeari eta autogaitasunaren sentimenduari laguntzea, horrek hobetu dezan adingabeen eta haien familien bizi kalitatea. Familiak parte hartuko du lan helburuen diseinuan, planifikazioan eta gauzatzean, eta esku-hartzeak haurrei, haien familiei eta inguruneari zuzenduta egonen dira.

Horrekin batera, testuinguru babesle eta inklusiboak sortzen lagundu beharko da.

Jarduketak gauzatuko dira printzipio hauek oinarri hartuta: irisgarritasun unibertsala, aukera berdintasuna, doakotasuna, parte-hartzea, inklusioa, diziplinartekotasuna, zerbitzuen kohesioa, kalitatea, batez ere berezko inguruneetara zuzendutako esku-hartzea, arreta prozesuaren izaera dinamikoa eta banakakoa, deszentralizazioa Foru Komunitateko zona guztietan, eta esku-hartze integrala.

8. Esparru komunitarioan, topagune gisa:

a) Komunitatearen baitan gertatzen diren arrisku- eta babesgabetasun-egoeren antzemate goiztiarra.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuekiko lankidetza, arrisku- eta babesgabetasun-egoeren jarraipena egiteko.

c) Banakako eta taldekako gizarte- eta hezkuntza-akonpainamendua, babes-harremanetatik, kaleetan eta arrisku-egoerako haur eta nerabeen zentro komunitarioetan.

d) Haur eta nerabeen partaidetzarako taldeei laguntzea.

e) Askotarikoen berdintasunezko elkarbizitza eraikitzea eta gatazka-ebazpena erraztea.

f) Komunitatera iristen diren haur eta nerabeen harrera komunitarioa.

g) Esparru komunitario seguruak eratu eta garatzea, ekipamendua daukatenak eta haur eta nerabeen ongizate psikosoziala sustatzen dutenak, horrekin batera helduei modua emanik adingabeak babesteko zereginean laguntzeko.

h) Belaunaldiarteko zainketa komunitarioak sustatzea bai krisialdietan bai komunitateko eguneroko bizitzan.

i) Hezitzaile komunitarioak prestatzea.

j) Errealitatearen analisi iraunkorra egitea diagnostiko komunitarioen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuekiko koordinazioan.

k) Haurrak eta nerabeak protagonista gisa txertatzea komunitatearen prozesu sozial eta kulturaletan.

l) Adingabeen eta gizarte- nahiz hezkuntza-erreferente diren helduen artean pertsonarteko harremanak lantzea.

m) Nafarroako, beste autonomia erkidego batzuetako eta munduko beste komunitate batzuetakoak diren beste haur eta nerabeekiko solidaritatea eta harremana suspertzea.

n) Sostengua ematea Nafarroako foru Administrazioaren tutoretzapekoak diren komunitateko haur eta nerabeei, beren helduleku komunitarioei eutsi ahal izan diezaieten familia- edo egoitza-harrerako egoeran dauden bitartean.

o) Auzoko, herriko edo ibarreko pertsonen eta familien arteko familia-harrera sustatzea.

65. artikulua. Prebentzio-jarduketa.

31.2. artikuluan aurreikusitako prebentzio-plan orokorreko prebentzioari buruzko atalean zehaztuko dira 64. artikuluak jasotzen dituen orotariko prebentzio-jarduketak egiteko neurriak.

66. artikulua. Ikastetxeen betebeharrak.

1. Ikastetxeetako arduradunek, eskola kontseiluek eta irakasleek elkarlanean aritu beharko dute toki erakundeekin eta Foru Komunitateko Administrazioan hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuarekin, nahitaezko eskolatzea bermatzeko. Hartarako, betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntzea, motibazioa, metodologien malgutasuna eta familien inplikazioa lehenesteko, 20.4 artikuluarekin bat.

b) Ikastetxera ez agertzeko hutsegite guztiak erregistratzea eta justifikatu gabeko hutsegiteen berri ematea.

c) Eskola-absentismoaren kontra egiteko neurriak aplikatzea, Hezkuntza Departamentuaren protokoloetan toki erakunde eskudunen adostasunez jasotakoak, hain zuzen, edo departamentuak berak hartutakoak ukitutako gainerako departamentuekin, bidezkoa bada, koordinatu ondoren.

2. Erakunde pribatuekin eta partikularrekin izenpetzen diren hezkuntza itunetan berariaz adieraziko dira artikulu honetan aipatzen diren jakinarazpen eta elkarlan betebeharrak.

67. artikulua. Prebentzio komunitarioa.

1. Prebentzio komunitarioa da auzo, herri eta ibarretan egiten diren arlo desberdinetako prebentzio-jarduketen multzoa.

2. Prebentzio komunitarioa erantzukizun partekatua da, Nafarroako foru Komunitateko Administrazioaren, toki administrazioen eta haur eta nerabe alorreko sare komunitarioen artekoa.

3. Nafarroako Foru komunitateko Administrazioak erkidegoaren lurraldean dituen zerbitzu eta zentroek bai eta toki administrazioek ere lurralde horretako haur- eta nerabe-alorreko sare komunitarioekin elkar harturik lan eginen dute plan eta proiektu komunitarioetan.

4. Toki administrazioek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sostenguarekin, beren lurraldean sustatuko dute haur- eta nerabe-alorreko erakunde komunitarioen abiarazpen eta garapena, baliabide ekonomikoak, lokalak eta lantokiak horretara bideratuz.

68. artikulua. Prebentzio arloko plangintza.

1. Prebentzio-jarduketa plangintza orokorrean jasoko da eta bertan alor desberdinetako jarduketak zehaztuko dira:

–Gizarte eta hezkuntzarena: parte-hartzea eta prestakuntza.

–Sozioekonomikoa: zerbitzuak eta prestazioak.

–Soziosanitarioa: osasunaren sustapena eta arriskuaren kudeaketa.

–Informatiboa: informazioa eskuratu eta kudeatzea.

2. Gizarte zerbitzuen arloan eskumena daukan departamentuak deialdi bat eginen du toki entitateek haur eta nerabeen babeserako prebentzio-plan komunitarioak prestatu ahal ditzaten.

IV. TITULUA

Babesa

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

69. artikulua. Babes sistema.

1. Babes sisteman sartuko dira babesik ez duten adingabeak, arrisku edo babes gabeziaren egoeran daudelako, bai eta babeserako erakunde publikoaren zaintzapean daudenak ere, inguruabar larri eta iragankorrak direla-eta gurasoek edo legezko ordezkariek hala egiteko eskatu ondoren.

2. Arrisku-egoerako esku-hartzea administrazio publiko eskudunari dagokio, ikastetxeekin eta gizarte- nahiz osasungintza-zerbitzuekin koordinazioan, bai eta, kasua bada, dagokion lurralde-esparruko entitate laguntzaileekin edo beste edozeinekin koordinatuta.

Toki-entitateek jakiten dutenean adingabe bat arrisku-egoera batean egon daitekeela, hori egiaztatu eta ebaluatzeko egokiak diren urratsak eginen dituzte.

Arrisku-egoera baloratzeak barne hartuko du familiari buruzko gizarte- eta hezkuntza-alorreko esku-hartze proiektu bat abiaraztea, non jasota egon beharko diren helburuak, ekintzak, baliabideak eta epe-aurreikuspena, betiere sustaturik adingabearen babeserako faktoreak eta adingabea bere famili ingurunean mantendurik. Lan eginen da gurasoek, tutoreek, zaintzaileek edo harreragileek proiektuaren prestaketan parte har dezaten. Edozein kasutan ere, horien iritzia entzun eta aintzat hartuko da proiektua adosteko ahaleginean. Proiektua alderdiek sinatua izan beharko da, eta, horretarako, modu ulergarrian eta formatu eskuragarrian komunikatuko zaie. Adingabeari ere komunikatu eta eginen zaio kontsulta, baldin behar adinako heldutasuna badu eta, betiere, hamabi urteko adinetik aurrera.

3. Arrisku egoerak dira hezkuntzaren, norberaren, familiaren edo ingurune sozialaren inguruabarren, gabezien edo gatazken ondorioz, kalte egiten diotenak adingabearen garapen pertsonalari edo hezkuntza, familia edo gizarte garapenari, edo haren ongizateari edo eskubideei, adingabeen gurasoek edo legezko ordezkariek egoera horiek arintzeko beren erantzukizunak osorik beren gain hartzen ez dituztenean edo ezin hartu dituztenean, egoera horietarako babesgabetasun deklaraziorik egiteko beharrik ez badago eta legeak aginduta tutoretza hartu beharrik ere ez, egoeraren garrantzia, intentsitatea edo maiztasunagatik, eta bai ordea administrazio publiko eskudunek esku hartzea, zailtasunak edo egokitzeko ezintasuna baztertu, gutxitu edo konpentsatzeko eta babesgabetasuna eta bazterketa soziala saihesteko, adingabeak haien familia ingurunetik bereizi gabe. Ondorio horietarako, arrisku adierazlea izanen da, besteak beste, egoera horretan deklaratutako anai-arrebarik izatea, non ez diren modu agerikoan aldatu familiaren inguruabarrak. Inguruabar edo gabezia materialak egotea ere arrisku adierazletzat hartuko da, baina ez du inoiz ekartzen ahalko familia ingurunetik bereiztea.

Arrisku egoeran esku hartzeko eskuduna den administrazio publikoa, kasuan kasuko osasun zerbitzuekin elkarlanean, jaio aurreko arrisku egoeretarako prebentzio, esku-hartze eta jarraipen neurri egokiak hartuko ditu, geroago gerta ez dadin jaioberriaren arrisku edo babesgabetasun egoera deklaratu beharra. Horretarako, ulertuko da jaio aurreko arrisku egoera dela haurdun dagoen emakumearen zainketa fisikoen falta edo adikziorako ahalmena duten substantzien gehiegizko kontsumoa, bai eta emakumeak berak edo beste batzuek egin eta emakumeak onartzen duen edo onartzen ez duen beste edozein ekintza ere, jaioberriaren garapen normala kaltetzen duena edo eritasun nahiz anomalia fisiko, mental edo zentzumenezkoak eragiten ahal dizkiona. Osasun zerbitzuek eta osasun arloko langileek horren berri jakinarazi beharko diote administrazio publiko eskudunari eta Fiskaltzari. Jaio ondoren ere eutsiko zaio esku-hartzeari adingabearekin eta haren familia unitatearekin, beharrezkoa bada, arrisku edo babesgabetasun egoera deklaratzeko, egokiro babestearren.

Adingabe baten gurasoek, tutoreek edo haren zaintza dutenek, edo harrera egiten dutenek, haren bizia edo osotasun fisiko nahiz psikikoa zaintzeko beharrezkoak diren tratamendu medikoetarako baimena emateari uko egitea arrisku egoera da. Horrelakoetan, osasun agintaritzak agintaritza judizialari zuzenean edo Fiskaltzaren bitartez jakinaraziko dizkiote egoera horiek, adingabeen interes nagusia zaintzeko behar den erabakia har dadin.

4. Babesgabetasun egoera da adingabeak zaintzeko xedez legeek ezarririko babes betebeharrak ez betetzeagatik, bete ezin izateagatik edo ongi bete ez izateagatik sortutakoa, adingabeak beharrezkoa zaien laguntza moral edo materialaz gabeturik suertatzen direnean.

5. Inguruabar larri eta iragankorrengatiko babesgabetasun-egoera, gurasoek edo tutoreek arrazoi behar bezala frogatuengatik adingabea zaindu ezin izatearen ondoriozkoa. Entitate publikoari eskatu ahalko diote zaintza beregana dezan beharrezkoa den denboraz, zeina ez baita bi urte baino gehiagokoa izanen adingabea aldi baterako zaintzeko aldi gisa, non eta adingabe horren interes gailenak ez duen komenigarri egiten, salbuespen gisa, neurriak luzatzea. Epea edo, kasua bada, luzapena igarota, adingabeak guraso nahiz tutoreengana itzuli beharko du; bestela, horretarako baldintza aproposik suertatzen ez bada, legezko babesgabetasun-egoera aitortu beharko zaio.

Borondatezko zaintza-eskualdatzea idatziz eginen da, jasota utzirik ezen guraso edo tutoreei jakinarazi egin zaizkiela adingabearekiko izaten segitzen duten erantzukizunak eta entitate publikoak zaintza hori zein modutan egikarituko duen. Bermatu eginen da, batik bat desgaitasunen bat duten adingabeen kasuan, ordura arte jaso dituzten laguntza espezializatuen etengabetasuna, edo haien premietarako egokiagoak diren beste sostengu batzuk abian jartzea.

70. artikulua. Babes neurriak.

1. Honakoak hartzen dira neurri babesletzat:

a) Arrisku egoerak deklaratu eta horietan esku hartzea.

b) Legearen aginduz tutoretza hartzea, babesgabetasun egoera deklaratu ondoren edo adingabeentzako tutoreen izendapen judiziala sustatzea.

c) Tutoretza arrunta.

d) Familiarentzako sostengua, babes neurriaren izaera duela zehazten bada horretarako emandako erabakian edo ebazpenean edo moduren batean jasota gelditzen bada.

e) Adingabearen zaintza hartzea, adingabeei berehalakoan arreta ematea barne, haien zaintza behin-behinekoz hartuz.

f) Epaitegi eskudunaren aurrean adingabea adoptatzeko proposamena egitea.

g) Jokabide arazoak dituzten adingabeei dagokienez foru lege honetan ezartzen diren neurriak.

h) Adingabeen onerako den beste edozein neurri, adingabearen egoera pertsonala, familiakoa eta soziala kontuan hartuz.

2. Egoera konplexu edo larriagoetarako aurreikusitako babes neurriak hartzea proposatzen ahalko da, justifikatuz gero, soilik, babes gabeziaren egoera oso larria denean, justifikatuta, edo arrisku egoeraren nahitaezko balorazioa eginda, horrek berarekin ekarri badu familiarentzako hezkuntza eta gizarte arloko esku-hartzerako proiektu bat abian jartzea, non jasotzen baitira helburuak, jarduketak, baliabideak eta epeen aurreikuspena, adingabearen babes faktoreak sustatuz eta bere familia ingurunean mantenduz.

71. artikulua. Babes neurriak bertan behera uztea.

Aipaturiko babes neurriak bertan behera utziko dira:

a) Adingabea adin-nagusitasunera heltzean edo emantzipatzean.

b) Adingabea adoptatzean.

c) Epaileek ebazpen irmoa ematean.

d) Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunaren ebazpena, edo toki erakunde bakoitzaren barne araudiaren edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen antolaketaren arabera dagokion organo edo unitatearena, neurria hartzera bultzatu zuen egoera desagertu denean eta adingabearen onerako komeni denean.

e) Neurria ezarri zuen ebazpenean eta, hala bada, haren luzapenean aurreikusiriko epea betetzea.

72. artikulua. Adingabeen egoeren erregistroa.

Administrazioak adingabeei arreta eta babesa emateko ekintza administratiboan segurtasun juridikoa eta haren antolaketa egokia bermatzeko, Adingabeen Egoeren Erregistroan idatzi eta jasoko dira edozein adingabe, foru lege honetan arauturiko jarduketa edo neurrien ondorioz, egon daitekeen egoera guztiak, bai eta hura adoptatzeko arrazoitzat jotzen diren beste batzuk ere; hori erregelamendu bidez garatuko da.

73. artikulua. Esku hartzeko irizpideak.

Babes neurriak hartzerakoan, irizpide hauei jarraituko zaie kasuan-kasuan eskudunak diren administrazio publikoen jardunean:

a) Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren irizpide orokorrak, gizarte zerbitzuen arloko Nafarroako legeria indardunean eta haren arauetan eta garapen planetan jasotakoak.

b) Adingabeen autonomia pertsonala, haien askatasuna, duintasuna eta banakako eta taldekako nortasun-bereizgarriak errespetatzea.

c) Esku-hartzea adingabearen familia ingurunean egin dadin lehenetsiko da, gurasoek eta ingurune horretako gainerako kideek integrazio eta normalizazio prozesuan parte har dezaten lagunduz; posible bada, prozesu horrek erraztu beharko du adingabeak bere ingurune horretan jarraitzea eta gelditzea, eta egoitzako arreta azken neurri gisa ikusi behar da, beste aukerarik ez dagoelarik aplikatu beharrekoa, dela gainerako neurriak ez direlako eraginkorrak izan, dela kasuaren ezaugarriak direla-eta beharrezkoa delako, eta, ahal dela, aldi baterako baizik ez da izanen, ezinbestekoa den denbora laburrenerako.

d) Adingabea familiatik bereizi beharra dagoenean, aukerako baliabideak erabiliko dira, ahal den guztietan familia harrera, eta bere familiara itzultzeko aukera kontuan hartuko da egoerak horretarako aukera eman orduko; esku-hartzeak lagundu behar dio haur edo nerabeari neurria hartzea eragin duen jatorrizko egoera ulertzen. Familiatik behin betiko bereiziz gero, lan eginen da adingabea ahalik eta lasterren haren behar eta ezaugarrietarako egokiena eta egonkorrena den beste familia nukleo batean sartzeko, eta ahalegina eginen da, adingabeentzat kaltegarri ez denean, anai-arrebak elkarrekin egon daitezen eta jatorrizko taldearekin eta beste pertsona garrantzitsu batzuekin harremanak izan ahal ditzaten. Bi kasuetan adingabeei bermatuko zaizkie haien beharretarako egokiak diren bizi kalitatea eta hezkuntza.

e) Esku-hartze administratiboa ahal den txikiena izanen da, babes egokia ziurtatzeko behar-beharrezkoa dena, adingabearen eta familiaren bizitzan ahalik eta gutxien sartuz eta, bereziki, poliziak ere esku-hartzea beharrezkoa izanez gero, saihestuko da ibilgailu errotulatuetan eramatea eta agente uniformedunek jardutea.

f) Adingabeak –bai eta bere gurasoek ere, adingabearen interes gorenerako onuragarriena bada– bere gaitasunen arabera parte hartuko du bere egoeraz eta hartu beharreko neurriez erabakiak hartzen.

g) Objektibotasuna, inpartzialtasuna eta segurtasun juridikoa babesteko jardueran, eta bermatzea modu kolegiatuan, diziplina anitzekoan eta administrazioartekoan egiten direla kasuen diagnostikoa eta esku-hartzea, erabakiak ere horrela hartzen direla.

h) Babesgabetasun-egoeren balorazioa eginen da eskubide sozialen alorreko departamentuak onetsiko dituen jardun-eskuliburuei jarraikiz. Departamentu horrek eskuliburu bat prestatuko eta ezagutaraziko du, babesgabetasun-egoerak eta haien larritasun-maila baloratzekoa. Eskuliburu horren berri emanen zaie esku hartzen duten sistema eta eragile desberdinei, eta haiek aldiroko prestakuntza jasoko dute eskuliburua behar bezala erabiltzeko.

i) Abian diren neurrien jarraipena eta kontrola eta aldizkako berrikuspena, kasu bakoitzean ebatzi ahal izateko horiek mantendu, aldatu edo bertan behera uzteaz, betiere errespetatuz araudian edo departamentuak onartu eta babes arloan esku hartzen duten langileen artean zabaltzen dituen esku-hartzerako esku-liburuetan aurreikusten diren epeak, eta kontuan hartuz beti denborak duen eragin konponezina, adingabe bakoitzaren eboluzioaren unearen arabera.

j) Neurrien progresibitatea, halako moduan non babes gabeziaren egoera guztiak baloratu beharko baitira eta larritasun maila desberdinetarako egokiak diren neurri guztiak saiatu, neurri larriagoak proposatu edo onartu aurretik, horretarako arrazoiak emanez.

k) Arretari dagokionez, pertsonarengan eta kasu bakoitzean zentratutako eredu bati jarraituko zaio; eredu horretan zeregin funtsezkoa izanen du kasu bakoitza kudeatzen duen taldeak, horrela bermatuko baitira laguntzaren jarraitutasuna eta kasu bakoitzean zentratutako jarduna.

l) Sareko lan asistentzialaren helburua izan beharko du laguntzaren jarraitutasuna mantentzea hasieratik bukaerara, landutako egoera konpontzera bideratzea, zerbitzu eta bitartekoen arteko mugak igarotzen laguntzea eta ikuspegi orokor bat lortzea, banakako kasuari begiratzen ez diona, testuinguruari baizik.

m) Nafarroako Gobernuak zainduko du langileek eta entitateek etengabeko prestakuntza egin dezaten, eta, horrela, ikasteko komunitateak izan daitezen; horrekin batera, sustatuko du, gisa horretako komunitate diren aldetik, gogoeta eta gainbegiratze instituzionalerako espazioak gara ditzaten, jardunbide onak garatzeko eta horien berri emateko sare asistentzialetan. Sareko lana bultzatuko du, zerbitzu estanko eta bereizien eredua gainditzeko eta lanbide eta zerbitzu desberdinetako langileen artean elkarlan malgua lortzeko.

74. artikulua. Babestutako adingabeen eskubide espezifikoak.

1. Babespean dauden adingabeek, foru lege honek eta antolamendu juridikoaren gainerakoak adingabe guztiei aitortzen dizkieten eskubideez gain, berariaz honakoak izanen dituzte:

a) Babestuak izateko, haien gurasoek edo lege ordezkariek nahi ez badute ere, arrisku edo babesgabetasun egoera egiaztatzen denean, eta, hamasei urte betetzen dituztenean, bereziki haien nahia kontuan har dadin, bizimodu independenterako prestatuak izateko.

155. artikuluan aipatzen diren kasuetan, arreta espezializatua eta integrala jasotzeko, izan ditzaketen jokabide arazoei erantzuteko.

b) Beren egoera pertsonalaren, hartu beharreko neurrien, horien iraupenaren eta edukiaren, eta dagozkien eskubideen berri izateko, bai eta babesgabetasuna edo adopzioa deklaratzeko edo babes neurriak hartu, eten, aldatu edo bertan behera uzteko prozeduren berri izateko ere. Horretarako, esku hartzeko prozesuak dirauen bitartean, egiazko informazioa emanen zaie, ulergarria, beren egoerarako egokia, etengabea eta ahalik eta osoena.

c) Beren iritzia adieraztean entzunak izateko eta, hamabi urte beteak dituztenean edo aski den heldutasun eta gaitasuna dutenean, beren kasuari buruzko erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzeko eta babes neurriei eta babesgabetasuna deklaratzeko prozedurei aurka egiteko prozesuan parte izateko, beren defentsa juridikoarekin, hori dena legeria zibilean xedaturikoarekin bat beraiek adostasuna ematea beharrezkoa den kasuak deusetan galarazi gabe.

d) Beren beharrak bilatu eta asetzeko prozesuan subjektu aktibotzat hartuak izateko. Nafarroako Administrazio Publiko guztiek haien autonomia pertsonala gizarteari eta legeei dagokienez sustatu eta bermatu beharko dute.

e) Tramitazioa ahalik eta eraginkorrena eta azkarrena izateak ematen dien segurtasun juridikoa eta emozionala izateko, horrek behin-behineko neurriak luzatzea eragotzi, behar-beharrezkoa denaz gaindi haien intimitatean esku sartzeak saihestu eta jarduteko gaitasunaren mugak eta haien eta beren familien bizitzan esku sartzea ere ahalik eta gehien murriztuko baitu.

f) Ahal dela, beren familian gelditzeko eta, familiatik bereizi badituzte, ahal bezain laster haiekin itzultzeko aukera kontuan har dadin eta, hori gauzatzerik ez badago, ahalik eta lasterren beste familia nukleo batean sartzeko eta jatorrizko taldearekin eta garrantzitsuak diren beste pertsona batzuekin harremanak izateko, lotura afektiboei eusteko, horrek babesaren xedean eraginik ez badu edo kalterik egiten ez badio, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak, interesdunei jakinarazitako ebazpen arrazoituaren bidez ezarritako bisita araubidearen barruan, bai hasierako bisitetarako bai ondoren erabakitzen diren berrikuspenetarako.

Senide biologikoekiko lotura afektiboak atxikitzeko, ahalegina eginen da familia berak egin dezan guztien harrera edo adopzioa eta, ezinezkoa bada, erakunde publiko eskudunak eginen du bitartekari lana lotura horiek atxikitzen direla ziurtatzeko.

g) Jatorrizko familiara itzultzea ezinezkoa denean, familia alternatiba bat eman dakien, babes sisteman dauden haur eta nerabeen adopzioa bultzatuz, bereziki iragan direnean neurri iraunkorrak hartzeko gehieneko epeak, araudian aurreikusitakoak.

h) Haien gizarte inklusioan laguntzen duten bitartekoak izateko, haien kultur nortasuna eta hizkuntza errespetatuz, eta haien esku bitartekoak jar daitezen harreman sozialak izateko eta jardueretan parte hartzeko bera bezalakoek bezala.

i) Beren familiek aski den laguntza eta sostengua izan dezaten, adingabeak gutxieneko baldintza egokietan tratatu ahal izateko.

j) Harrera kasuetan, beren adinaren eta beren gaitasunaren arabera, beren eta beren familien historia ezagutzeko eta, jatorrizko familiatik behin betiko bereiziak izan badira, beren kultur eta gizarte aurrekariak ere bai. Horiek beti errespetatuko dira.

k) Beren eta beren familien egoera erabat isilpekoa izan dadin, salbu eta eraginkortasunez esku hartzeko behar-beharrezkoa den heinean, betiere haien onerako.

l) Harreman zuzenak izateko Fiskaltzarekin, Nafarroako Arartekoarekin, babeserako erakunde publikoarekin eta bere babesaren arduradun tekniko eta administratiboekin, bai eta bere erreklamazio edo kexak haiei helarazteko ere.

m) Babesgabetasun egoeran daudenean, doako laguntza juridikorako eskubidearen onuradun direla aitor dakien.

n) Desgaitasuna duten adingabeen eskubideak gauzatzeko behar diren informazioa, zerbitzuak eta laguntzak planifikatu eta eman daitezen.

ñ) Behar duten laguntza jasotzeko, hezkuntzakoa eta psikoterapeutikoa, barne dela laguntzea behaketan eta hasierako harrera egoeretan, ikastetxeetara joatea ezinezkoa edo zaila denean, eta beharrezkoak diren orientabideak eta laguntza jasotzeko etorkizun akademiko eta profesionalari begira aukeraketak egiteko orduan.

o) Beraien espedientea ikusteko eta beraien jatorriari eta ahaide biologikoei buruzko datuak jakiteko, adin-nagusitasunera iristen direnean.

p) Administrazioak epaitegi edo auzitegietan sala ditzan haien osotasun fisikorako eskubidearen urraketak edo delitu izan daitezkeen beste egoera larri batzuk, horien berri duenean.

q) Administraziotik lortzea beren bizi eta familia egoeraz hark daukan informazio guztia, beren gaitasun intelektual eta emozionalerako egokituta, batik bat familian bizitzeari utzi baldin badiote.

Eskubidea izanen dute, halaber, informazioa izateko hezkuntzan haiei buruz hartzen diren prozesu eta erabaki guztiei buruz eta, bereziki, dituzten eskubideei buruz.

2. Familia harreren kasuan, aurrekoaz gain honetarako eskubidea ere izanen dute:

a) Harrera egiten duen familiaren edo pertsonaren bizitzan osotara parte hartzeko, eta konpainia eta garapen psikoafektiboa, elikadura, hezkuntza eta heziketa integrala jasotzeko.

b) Harrera bukatzen delarik, harremanak atxikitzea harrera familiarekin, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunaren iritziz adingabearen interes gorenarekin bat baldin badator eta horrekin ados baldin badaude adingabea, heldutasuna duenean eta, kasu guztietan, hamabi urte baino gehiago dituenean, harrera familia eta jatorrizko familia, edo, kasua bada, adopzio familia edo harrera iraunkorrekoa.

c) Aurreko paragrafoko l) letran aipatzen diren pertsona edo erakundeetatik edozeini informazioa eskatzeko familia harrerari buruz, eta eskatzeko, beren ekimenez, heldutasun nahikoa badute, familia harrera eten edo bertan behera uzteko.

3. Adopzioen kasuan gainera, honetarako eskubidea izanen dute:

a) Adopzioaren aurreko eta ondoko zerbitzu publikoak, foru lege honetan aurreikusten direnak, eskatu eta haiei buruzko informazioa lortzeko, bai eta horiek jasotzeko ere, bidezkoa denean.

b) Kontuan har daitezen, bere kasuan, abandonua, zoritxar goiztiarrak eragindako trauma edo atxikimendu faltak sortutako arazoak.

c) Adopzioa dakarren babes neurri berrirako prestatzeko, egokitzeko eta moldatzeko faseetan laguntza jasotzeko.

d) Adoptatuak direla jakiteko eta beren egoera pertsonalari eta familiarrari buruz dagozkien eskubideen berri izateko, adopzioaren arloan indarrean dagoen legedian ezartzen diren baldintzekin.

e) Adopzioen kasuan edo adopzioa helburu duten zaintzen kasuan, beranduago eskolatzeko, berehalakoan, eskolatzeko aldi arrunta bukatuta ere.

75. artikulua. Langile espezializatuak.

1. Foru Komunitateko Administrazioan adingabeen arloko eskumena duten organoek eta Nafarroako toki erakundeek langile espezializatuak izanen dituzte, erregelamenduz ezartzen diren osaera, eginkizun eta atxikipenarekin, eta langile horiek eskubidea izanen dute adingabeen babesaren eta genero ikuspegiaren arloan beharrezkoa den prestakuntza osagarria jasotzeko gai horietako adituen eskutik.

2. Langile espezializatu horiek edozein organo administratiboren laguntza eta lankidetza eskatzen ahalko dute, eta horrek informazioa eta laguntza aktiboa eman beharko die, foru lege honetan edo berau garatzen duen araudian esleituak dituzten eginkizunak betetzeko beharrezkoa dena, inongo baimenik eskatu beharrik gabe eta ondorengo konfidentzialtasunaren betebeharra galarazi gabe.

Langile espezializatuei identifikaziorako ziurtagiri bat emanen zaie, beren eginkizunak betetzean beste pertsona edo erakunde batzuengandik behar duten informazioa eskuratzea errazteko.

3. Beren segurtasuna babesteko, langile hauek beren datuen ordez identifikazio zenbaki bat baliatzen ahalko dute, beren identifikazio datu pertsonalak izanen dituen erregistro batekin lotuta.

4. Foru lege honen 33.2 eta 64.1 artikuluetan aurreikusitako sentsibilizazio ekintzetan, adingabeen babesaren arloan dihardutenen lana aitortu eta balioetsiko da.

5. Zaintza sistema bat arautuko da, ohiko egun eta ordutegietatik kanpo adingabeei arreta eman behar zaien egoeretarako edo agerraldietara joan beharra dagoenerako, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 28.2 artikuluan aurreikusirik dagoen bezala.

6. Adingabeei arreta emateko sortzen diren laguntza taldeen eginkizunak hauek dira:

a) Kasuan erreferente iraunkorra izatea adingabearentzat, familiarentzat eta kasuarekin zerikusia duten instituzio, zerbitzu eta bitartekoentzat.

Zuzendariak, erreferente nagusiak, bere gain hartuko du adingabearekin oso maiz mintzatzeko ardura, eta familiarekin nahiz inplikatutako profesionalekin aldizka eta jarraitutasunez, eta, halaber, adingabearen eta kasuaren bilakaera orokorra idatziz erregistratuko duen sistema bat ezarriko du, hartu-emanen, planen eta uneko erabakien berri emanen duena.

b) Departamentuak ezarritako printzipio etikoak bildu, sustatu eta egokitzea kasuak lantzean.

c) Modu proaktiboan jasotzea adingabea artatzean eta kasuaz profesionalei, familiei eta adingabeari sortzen zaizkien kezkak.

d) Beharrezkoa denean, sareko bilerak deitzea; bilera horietan adingabea eta familiartekoak ere sartuko dira, beharrezkoa den guztietan. Haiek bideragarri egitea, metodoa eta egitura sortuz eta akordioak bilduz, gero parte hartu duten guztiei helarazteko.

e) Erreferentziako taldeak sareko bilerak deitzea, bere ekimenez edo familiak nahiz beste interesdun batzuek eskatuta, eta sare pribatuari deitzea gaiari buruz hitz egiteko, kasu bakoitzean beharrezkoak diren osasun zerbitzuetako langileekin batera.

f) Kasuaz ikuspegi orokor eta globala izatea, kasuaren formulazio batean jasoko dena eta adingabearekin, familiarekin eta langileekin prestatuta. Formulazioa aurkeztutako egoeraren hipotesi eskematiko bat izanen da, garatzen ari dena etengabe, eta bertan identifikatuko dira inplikatutako faktoreak, kasuan modu globalean lan egiteko aukera ematen dutenak, eta alderdi zehatzak.

g) Inplikatutako langileekin harremanetan jartzea, bideratzeak garatzea eta kasuari buruzko ezagutza helaraztea langileen eta zerbitzuen koordinazioari, profesionalen eta familien kezkak biltzen eta apaltzen laguntzeko.

h) Kasuarekin lotura mantentzea lehen hartu-emanetik sarean alta eman arte, eta ondoren ere aldizkako jarraipena egitea.

76. artikulua. Balorazio batzordea.

1. Balorazio batzordea kide anitzeko organo bat da, babes gabeziaren egoerak deklaratu beharraz eta adingabeak babesteko hartu beharreko neurriez informatzeko eskumena duena. Foru Komunitateko Administrazioko langile espezializatuak dira batzordeko kideak.

2. Haren osaketa, eginkizunak, ezaugarriak eta funtzionamendua erregelamendu baten bidez zehaztuko dira.

77. artikulua. Epaileen eta poliziaren laguntza.

1. Adingabeen gurasoak edo legezko ordezkariak ados ez egoteagatik edo bestelako eragozpen larri batzuk egoteagatik, kasua ikertzea edo jadanik erabakiriko babes neurriak betetzea eragotzi edo ezinezko eginez gero, agintaritza judizialari eskatuko zaio behar dena xeda dezala neurri horiek betearazteko, horrek galarazi gabe berehalako esku- hartzeak, adingabeen bizi edo osotasunerako berehalako arriskuak saihestu eta haien oinarrizko eskubideak bermatzeko beharrezkoak direnak.

2. Halaber, Segurtasun Indar eta Kidegoen lankidetza eta laguntza eskatzen ahalko da ezinezkoa denean Administrazioak dituen baliabideen bidez bakarrik ikerketa egitea edo babes neurriak betetzea.

78. artikulua. Erantzukizuna hazieran eta heziketan eta eskubideak eta betebeharrak babes ekintzan.

1. Haurrak eta nerabeak hazi eta hezteko erantzukizun oinarrizkoa aitari eta amari, tutoreari edo haien zaintza esleitua dutenei dagokie, indarrean dagoen legediak ezarritako eran. Erantzukizun hori gauzatzeko orduan, bermatu egin behar dituzte, ahal duten neurrian, haur eta nerabeen garapen integrala lortzeko beharrezko bizi baldintzak.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek, beren eskumenen esparruan, zaindu egin behar dute gurasoek, edo guraso izanen direnek, tutoreek eta zaintza esleitua dutenek beren erantzukizunak era egokian bete ditzaten, eta, horretarako, haur eta nerabeen garapenari eragiten dioten arlo guztietan diren zerbitzu guztiak jarriko dituzte haien eskura, baita diru-prestazioak ere, baldin eta horietarako eskubidea badute, batik bat errenta bermatua edo kasu bakoitzean aplikatzekoa den prestazioa.

3. Nafarroako Administrazio Publikoek, beren eskumenen esparruan, modu subsidiarioan beteko dituzte haur eta nerabeak hazi eta hezteko lanak.

4. Nafarroako Administrazio Publikoetako edo foru sektore publiko instituzionaleko erakundeetako langileek, adingabeei arreta ematen aritzen direnek, gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartzea edo esku-hartze terapeutikoa egiten ahalko dute, guraso edo legezko ordezkarietako batek bakarrik eskatuta, larrialdia dagoenean eta beste gurasoa edo ordezkaria ados ez dagoenean, horretarako arrazoirik gabe; beste guraso edo ordezkariari helaraziko zaio erabakia hartzen duen ebazpena, edo eskatzailea premiatuko da desadostasuna epaitegietan planteatzera, guraso erantzukizunaz baliatuz, ez-egiteak ekar dezakeen arriskuaren arabera.

5. Babes ekintzaren izaera eta helburuarekin bateragarriak badira, bai eta familia harrera formalizatuaren modalitate eta motarekin ere, harreran dagoen adingabearen gurasoek edo tutoreek eskubide hauek izanen dituzte, babes ekintzaren ondorioz bertan behera gelditzen ez direnez gain:

a) Jakinaraz dakizkien ebazpen administratiboak, babes gabeziaren egoera bat baloratu, babes neurriak ezarri edo bertan behera utzi, bisiten araubidea aldatu edo eteko prozedura hasi eta bukatzeari buruzkoak eta adingabeari dagokionez interesekotzat jotzen den beste edozein.

b) Familia harrera planifikatzen eta garatzen parte hartzekoa, bai eta babes ekintzaren barruan beren seme-alabei edo tutoretzapekoei eragiten dieten erabakiak hartzen ere.

c) Harreran dagoen adingabearekin bisitak, harremanak, komunikazioa edo, kasua bada, egonaldiak izatekoa, salbu eta horrek arrisku larria edo kalte nabarmenak eragiten badizkio adingabeari edo ez bada komenigarria haren interes gorenerako.

d) Laguntza teknikoa jasotzekoa, horren helburua baldin bada adingabea jatorrizko familiara itzul dadin ahalbidetzen laguntzea, bai eta gurasoen edo haren tutoretza dutenen eta adingabearen arteko harreman afektiboa hobetzen laguntzea ere.

e) Erakunde publikoari eskatzekoa, legez ezarritako epeen barruan, babesgabetasun egoeraren deklarazioa errebokatzeko eta adingabea jatorrizko familiara itzultzeko.

f) Erakunde publikoari informazioa ematekoa, babesgabetasun egoera deklaratu eta bi urtera, babesgabetasun egoeraren deklarazioa eta babes neurria hartzea eragin zuten inguruabarren aldaketari buruzkoa, inguruabar horiei esker adingabearen guraso erantzukizuna edo tutoretza bere gain hartzeko moduan daudela iritzirik.

g) Erakunde publikoak egin dezan familia berriz batzearen ondoko jarraipena, eta familiak behar dituen laguntza teknikoak eman ditzan.

h) Kasu guztietan, haur eta nerabeei babesa emateari buruzko legerian eta hura garatzeko araudian, aplikagarria denean, aitortzen zaizkion eskubideak.

6. Babes ekintzaren izaera eta helburuarekin bateragarriak badira, bai eta familia harrera formalizatuaren modalitate eta motarekin ere, harreran dagoen adingabearen gurasoek edo tutoreek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Beren seme-alaben ongizatea eta interes gorena zaintzekoa.

b) Beren guraso gaitasunak baloratu eta hobetzeko ezarritako laguntza teknikoari dagokionez lankidetza eta inplikaziorako jarrera izatekoa.

c) Kasurako erabakitako babes neurriak eta jarduketak betetzea erraztekoa eta, kasua bada, parte hartzekoa horiek betetzen, kasuaz arduratzen diren teknikariei laguntzekoa eta, hala aurreikusi denean, harrera familiari edo pertsonei ere, babes ekintzaren bidez lortu nahi diren helburuak betetzea faboratzeko.

d) Nafarroako Foru Komunitateak ezarri dituen diru-kopuruak ordaintzekoa, mantenuaren kontzeptuan eta haien ahalmenen arabera, adingabearen zainketak eta arretak dakartzan gastuetan laguntzeko, bai eta adingabeari berak egindakoengatik egozten ahal zaion erantzukizun zibilak eragindako gastuetan ere.

e) Harrera egiten duten pertsonen edo familien pribatutasunerako eskubidea errespetatzekoa eta haietaz dakizkiten datuen konfidentzialtasuna gordetzekoa. Egoitza harreraren kasuan, adingabeekin bizi direnen eskubide hori bera babestekoa.

79. artikulua. Haur eta nerabeek etxebizitzarako eta familiako bizitzarako duten eskubidea babestea.

Administrazio publikoek, utzarazpen-prozedura judizial baten ondoriozko familien ohiko etxebizitzaren utzarazpen edo etxebizitzatik botatze kasuetan, noiz eta haien kideren bat adingabea denean, bizitoki-soluzio egokia bermatzeko neurriak bultzatuko dituzte, eta neurriak sustatuko dituzte, haien bidez bermatze aldera Haurren Eskubidearen Konbentzioan jasotako eskubideak, haren interes gailena aintzat harturik, bai eta Eskubide ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren 11. artikuluan jasotakoak ere.

Era berean, etxebizitzatik botatzea edo utzarazpena gertatzen den kasuetan, gertatu ondoren, administrazio eskudunak urgentziaz sustatuko ditu sostengu psikosozialeko neurriak, balizko inpaktu emozionala murriztearren, ezertan galarazi gabe beste zaurgarritasun-egoera larri batzuk aintzat hartuak izatea.

80. artikulua. Gurasoen eta seme-alaben arteko harremanerako eskubidea eta bizikidetza.

1. Adingabeek eskubidea dute beren gurasoekin bizitzeko, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan xedatutakoaren arabera bereiztea beharrezkoa denean izan ezik. Era berean, eskubidea dute beste ahaide batzuekin eta gertuko pertsonekin bizitzeko eta harremanak izateko, batez ere aitona-amonekin eta anai-arrebekin, eta ezin zaie eskubide hori kendu haien interes gorena babestea ez den inolako arrazoirengatik.

2. Aitarekin, amarekin edo legezko ordezkariekin edo ez bata ez bestearekin bizi ez badira, adingabeek eskubidea dute haiekin harremana izateko, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan xedatutako baldintza eta mugekin eta, horrekin bat, babeserako erakunde publikoak babesgabetasun egoeran dauden adingabeentzat bisitetarako aurreikusitakoa betez; nolanahi ere, bisitak etetea erabakitzen ahalko du inplikatutako alderdi guztiei entzunaldia emanen dien prozedura baten bidez, alderdi horietako edozeinek hala eskatuta, galarazi gabe bisita horiek berehalakoan bertan behera uztea, mantenduz gero arrisku larria dagoela ikusita, eta horren berri emanen die Fiskaltzari eta aitari edo amari, aurkaratzeko eskubidea erabili ahal izan dezaten.

Adingabeak bisitatzeko eskubidea egonen da, halaber, espetxeetara sartzea dakarrenean, epaitegi eskudunak ezartzen duenak baldintzatuta betiere.

3. Aurrekoarekin lotuta, eta familia barruko gatazkak konpontzeko ordezko bide bat eskura jartzeagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak familia-bitartekaritza arautu eta sustatuko du. Era berean, guraso eta seme-alaben arteko harremana bermatzeko modua emanen duten elkarguneak sortzea sustatuko du, egoera dela-eta bisita ikuskatzea komeni denean edo elkargunea neutroa izateak harremanari on egin liezaiokeela uste denean.

II. KAPITULUA

Arrisku egoera

81. artikulua. Arrisku egoerak eta adierazleak.

1. Honako hauek arrisku egoerak dira beti, ez badira larriak ez eta kronikoak ere:

a) Gurasoek edo legezko erantzuleek adingabeei laguntza fisiko edo psikikorik ez ematea, horrek haien osasun fisiko edo emozionalerako kalte arina dakarkienean, oinarrizko beharretarako zabarkeria ez-larria denean edo haien eskubideak erabiltzea eragozten duenean, baldin eta ikusten bada haien izaeragatik edo maiz gertatzeagatik iraun dezakeela edo adingabeek pairaturiko ondorioak larriagotzen ahal direla.

b) Aurreko apartatuan aipatzen diren pertsonak gai ez izatea adingabeei laguntza fisiko, psikiko eta emozionala emateko, hala egin nahi badute ere, eta horrek garapenerako kalteak sortzen baditu, zehazki 69.3 artikuluan aurreikusitakoak.

c) Zigor fisiko edo emozionala erabiltzea adingabearekin, indarkeria gertaera larria edo errepikapen kronikoa ez bada.

d) Mota guztietako gabeziak, familian modu egokian konpentsatu ezin direnak, ez eta familiatik bideratu ere zerbitzu eta baliabide normalizatuetara tratamendua ematera, sortzen ahal dutenak adingabeen gizarte bazterketa, egokitzeko ezintasuna edo babesgabetasuna.

e) Gurasoen arteko gatazka ireki eta etengabea, banatuta egonda nahiz ez, beraien beharrak lehenesten badituzte haur edo nerabearen beharren gainetik, eta genero indarkeria kasu arin eta ez-kronikoak, fisikoak ez direnak.

f) Jaio aurreko arriskua, hau da, haurdun dagoen emakumearen zainketa fisikoen falta edo adikziorako ahalmena duten substantzien gehiegizko kontsumoa, bai eta emakumeak berak edo beste batzuek egin eta emakumeak onartzen duen edo onartzen ez duen beste edozein ekintza ere, jaioberriaren garapen normala kaltetzen duena edo eritasun nahiz desgaitasun fisiko, mental edo zentzumenezkoak eragiten ahal dizkiona, adingabearen babes juridikoari buruzko araudian aurreikusitako jarduketak egitea nahitaez ekartzen duena.

g) 69. artikuluko 3. apartatuan jasotzen diren guztiak, baldin eta, iraunez gero, adingabeen babesgabetasuna sortzen ahal badute.

h) Familiarekin izandako esku-hartze programen bilakaera negatiboa eta horiek garatu edo abian jartzea oztopatzea.

i) Guraso erantzukizuna dutenen diskriminaziozko jokabideak haur eta nerabeen kontra, horiek adingabeen ongizateari eta osasun mental eta fisikoari kalte egiten badiete, bereziki honakoak:

Lehena. Diskriminaziozko jokabideak, genero, adin edo desgaitasuna dela eta areagotu ditzaketenean haur eta nerabeak etxean itxita gelditzeko aukerak, hezkuntza ez jasotzeko, aisialdirako aukerarik eta arteaz eta kultur bizitzaz loturarik ez izateko, bai eta beste edozein inguruabar, genero, adin edo desgaitasunean oinarritua, beren eskubideak berdintasunez baliatzeko eragozpena bada.

Bigarrena. Ez onartzea adingabearen sexu orientabidea, genero identitatea edo sexu ezaugarriak.

j) Emakumeen genitalen ablazioa, mutilazioa edo generoan oinarritutako beste edozein indarkeria mota jasateko arriskua nesken kasuan, bai eta ezkontza beharturako hitz-emateak edo akordioak ere.

k) Amak salerosketaren biktima gisa identifikatzea.

l) Adingabeak maiz ospitaleratzea zentro desberdinetan errepikatzen diren, azaldu ezin diren edo diagnostiko bidez baieztatzen ez diren sintomekin.

m) Adingabeen aldetik droga toxikoak edo edari alkoholdunen kontsumo ohikoa.

n) Adingabeen gaineko indarkeria dakarren beste edozein inguruabar, iraunez gero, larriagotu eta haur edo nerabearen babesgabetasuna ekar dezakeena.

2. Arrisku adierazleak dira, halaber, arrisku egoeran dagoen anai-arrebarik izatea, familiaren baldintzak aldatu ez badira, eta inguruabar edo gabezia materialak ere tartean izatea.

82. artikulua. Administrazioaren jarduketaren helburua.

Adingabeen arrisku egoeren kontra administrazioak eginiko jarduketek haien eskubideak bermatuko dituzte eta helburu hauek lortzera bideratuko dira:

a) Familia ingurunea hobetzea, adingabeen gurasoen edo legezko ordezkarien eta adingabeen beraien laguntzarekin.

b) Arrisku faktoreak desagerrarazi, indargabetu edo gutxitzea, adingabeen beharrak egoki betetzeko, gurasoen gaitasunak indartuz; horretarako, etxean gelditzea ahalbidetuko duten baliabide tekniko eta ekonomikoak emanen zaizkie.

c) Zerbitzu eta baliabide normalizatuek adingabeen behar nagusiak egoki betetzea.

d) Gurasoen edo legezko ordezkarien jardunaren osagarri izatea, behar den heinean. Adingabeen itzulera bultzatuko da haien zaintza hartu denean.

83. artikulua. Arrisku egoera amaitzea.

1. Arrisku egoera amaituko da:

a) Egoera sortu zuten inguruabarrak desagertzen direnean edo behar bezala bideratuta daudela ulertzen denean.

b) Foru lege honen 70. artikuluan aurreikusiriko beste babes neurri batzuk hartzen direnean, familiari sostengua ematekoak galarazi gabe.

2. Arrisku egoera amaituz gero halaxe jakinaraziko zaie egoera bera hasia zela jakinarazi zitzaien pertsona eta erakundeei.

III. KAPITULUA

Babesgabetasun egoera

1. ATALA

Ondorioa eta kasuak

84. artikulua. Babesgabetasunaren deklarazioaren ondorioa.

Edozein adingabe babesgabetasun egoeran dagoela iritziz gero, foru lege honetan ezarritakoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak egoera hori deklaratuko du, zuzenean adingabearen tutoretza hartuko du bere gain, eta etenda geldituko da guraso erantzukizuna.

85. artikulua. Babesgabetasun egoerak.

69. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, babesgabetasun egoerak, besteak beste, honakoak dira:

a) Adingabea abandonatzea, ordenamendu juridikoaren arabera haren zaintza bete beharko luketen pertsonak ez daudelako, edo ez dutelako nahi edo ezin dutelako bete.

b) Tratu txar fisiko nahiz psikiko larriak edo arinak, kronikoak badira, ematea, familia inguruneko genero indarkeria barne, eta familiako kideren batek egindako sexu abusuak, edo beste batzuek, adingabearentzat babes gabezia egonda, gertatzen direlako, baimentzen edo egiten uzten direlako edo berriz ez gertatzeko behar diren neurriak hartzen ez direlako.

c) Eskaletza, delinkuentzia edo prostituziora bultzatzea edo horien aurrean ezer ez egitea.

Bai, halaber, adingabea gizakien salerosketaren biktima denean eta interes gatazka dagoenean gurasoekin edo legezko arduradunekin.

d) Lan esplotazioa, aldian aldikoa edo iraunkorra, edo antzeko beste edozein esplotazio ekonomiko.

e) Zabarkeria fisikoa edo emozionala arretari dagokionez, larria edo kronikoa, barne dela zabarkeria larria mantenu eta osasun betebeharretan, familia unitateko kideen edo beste batzuen aldetik, familiako kideek onartuta.

f) Adingabeen drogamenpekotasunera edo alkoholismora edo bestelako adikzio jokabideetara bultzatzea, edo horiek onartu edo toleratzea, errepikatua denean.

g) Administrazioak zaintza bere gain hartzeko zergatikoak desagertzean zaintza berriro ez eskuratzea.

h) Borondatezko zaintzarako epea iragan izana, adingabearen legezko arduradunak adingabearen zaintza beren gain hartzeko moduan egonik ere ez badute hartu nahi, edo, hartu nahi badute ere ez badaude hartzeko moduan, salbuespeneko kasuetan izan ezik, borondatezko zaintzarako bi urteko epea luzatzen ahal denean.

i) Adingabearen ohiko eskolatzea ez betetzea, haren ikastetxeari modu egokian justifikatu gabe.

j) Gizarte edo familiaren inguruneak edo bizi baldintzek adingabeen osotasun morala edo osasun mentala modu larrian endekatzea edo haren nortasunaren garapena kaltetzea.

k) Familia unitatea osatzen duten pertsonen ohiko drogamenpekotasuna edo alkoholismoa, bereziki adingabeen guraso erantzukizuna dutenena, adingabeen garapenari eta ongizateari kalte egiten dionean; babesgabetasun adierazle bat da tratamendurik ez hartzea edo tratamenduan behar adina ez laguntzea.

l) Gurasoen edo zaintza bere gain dutenen nahasmendu mental larria, guraso erantzukizuna, tutoretza edo zaintza normaltasunez betetzea eragozten duena; babesgabetasun adierazlea izanen da tratamendurik ez jasotzea edo tratamendua jaso bitartean behar adina ez laguntzea.

m) Zaintza eginkizunak bete behar dituztenak ez egotea, edo horiek ezin bete ditzaketenean edo adingabeari arrisku larria eraginez betetzeko egoera daudenean.

n) Jaioberriari kalte larriak eragiten zaizkionean jaio aurreko tratu txarren ondorioz.

ñ) Adingabeen zaintzarako legeek ezarritako babes betebeharra ez betetzeagatik edo ezin bete izateagatik edo gaizki betetzeagatik egitez sortzen den beste edozein egoera, ondorio saihestezinak dituztenak adingabeak bere bizikidetza ingurunean iraunez gero, horrek ekartzen badu behar duen laguntzarik gabe gelditzea.

2. ATALA

Prozedura

86. artikulua. Babesgabetasun egoera deklaratzeko prozedura eskatzea.

Babesgabetasun egoera deklaratzeko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko, ebazpen arrazoituaren bidezko erabakia beharko da, balorazio batzordeak txosten loteslea eman ondoren, edo batzorde horrek erabaki arrazoitua ematea, baldin eta ebazpen hori emateko eskumena duen organoa batzorde horretan integratuta badago eta dagokion erabakirako sinatu duela jasota badago, betiere ezarritako prozedura betez eta berariaz jasota utziz adingabearen interes gorena nola hartu den aintzat.

87. artikulua. Prozedura hasi aurreko neurri behin-behinekoak.

1. Lehenbiziko ikerketak bukatuta eta zantzuei esker baieztatu denean babes gabeziaren egoera bat egon daitekeela, prozedura ireki ondoren instrukzio faseari ekinen zaio, adingabearen eta haren familiaren egoeraz dakiten pertsonek eta organismoek eman ditzaketen datu garrantzitsu guztiak biltzeko.

2. Espedientearen instruktore bat izendatuko da, kasuaz eta espedientearen tramitazioaz arduratzeko; babeserako erakunde publikoko teknikari bat izanen da. Espedientearen instruktoreak babeserako erakundearen diziplina anitzeko talde teknikoaren lankidetza eta laguntza izanen ditu.

3. Jarduera dela-eta, kasuarekin lotura duten profesional eta erakunde publiko edo pribatu guztiak, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, edo babeserako erakunde publikoak edo espedientearen instruktoreak hala eskatuta, beharturik egonen dira elkarlanean aritzera babes zerbitzuekin, eta adingabearen egoera baloratzeko garrantzitsua izan daitekeen informazio eta laguntza oro ematera. Ikerketan ez laguntzeak edo hura oztopatzeak ekar dezake zehapen administratiboak eta/edo penalak ezartzea eta erantzukizuna eskatzea.

4. Gurasoak eta tutoreak edo zaintza dutenak beharturik daude ebaluazioan laguntzera eta eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia helarazi eta ematera.

5. Ebaluazioaren helburua izanen da ezagutzea, ahalik eta zehatzen, zein den adingabearen egoera, haren beharrak eta inguruabarrak, sozialak nahiz familiakoak. Prozeduraren instruktoreak txostenak eskatuko ditu haur edo nerabeaz, haren familiaz edo zaintza duten pertsonez edo adingabearen egoera baloratzeko garrantzia duten pertsonez: osasun arlokoak, psikologikoak, gizarte eta familia arlokoak, hezkuntzakoak, lege arlokoak eta egokitzat jotzen dituen guztiak, txosten horietan oinarrituko baitu bere proposamen teknikoa. Txostenak espedienteari erantsiko zaizkio.

6. Adingabeari buruzko azterketa espezializazioa duten profesionalek eginen dute, eta adingabearen egoera pertsonalari buruzko egiaztapenak prozeduran parte hartzen duten guztientzat, batez ere adingabeentzat, gutxien traumatikoak diren modu eta baldintzetan gauzatuko dira.

88. artikulua. Aldez aurreko informazioa.

1. Prozedura hasteko erabakia hartu aurretik, organo eskudunak aldez aurreko informaziorako epe bat irekitzen ahalko du, kasu zehatzaren ezaugarriak ezagutzeko eta prozedura hastea komeni den edo ez zehazteko.

2. Aurreko apartatuetan deskribatutako hasierako jarduketa horiek guztiak idatziz jasoko dira osorik.

3. Hasierako egiaztapenen ondorioz frogatzen bada babes prozedurari ekiteko eskumena duen organoa beste administrazio publiko bat dela, irekitako espedientea horretara bideratuko da ofizioz.

89. artikulua. Prozeduraren hasiera.

1. Prozedura ofizioz hasiko da, erakunde publiko eskudunak emandako ebazpen administratiboaren bidez, bere ekimenez edo salaketa baten ondorioz. Era berean, ofizioz hasiko da hala eskatzen dutelarik agintaritza judizialek edo Fiskaltzak, agintaritzek edo haien agenteek jakinarazita, edo funtzionarioek eta profesionalek jakinarazpena, txostena edo komunikazioa igorrita.

Prozedura hasiko da, halaber, aitak, amak edo tutoreak eskatzen badu adingabearen zaintza erakunde publikoak bere gain hartzea.

Haurren kontrako Tratu Txarren Erregistro Bateratuaren bidez egindako jakinarazpenak ere prozedura ofizioz hasteko eskaeratzat hartuko dira.

2. Babes espediente bat irekitzea ekar dezaketen gertaerak jakitera ematen dituztenen segurtasuna eta intimitatea bermatze aldera, errespetatu beharko da adingabearen, familiako edozein kideren edo familiakoak ez direnen anonimotasuna, hala nahi badute.

3. Prozedurari hasiera emateko ebazpenean, ebazteko eskumena duen organo administratiboak, ofizioz nahiz alderdi batek eskatuta eta arrazoiturik, behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu prozeduran bukatuko den ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko egokitzat jotzen dituenak. Hartu beharreko behin-behineko neurrietako bat da adingabearen zaintza hartzea behin-behinekoz.

90. artikulua. Instrukzioa.

1. Lehenbiziko ikerketak bukatuta eta zantzuei esker baieztatu denean babes gabeziaren egoera bat egon daitekeela, prozedura ireki ondoren instrukzio faseari ekinen zaio, adingabearen eta haren familiaren egoeraz dakiten pertsonek eta organismoek eman ditzaketen datu garrantzitsu guztiak biltzeko.

2. Espedientearen instruktore bat izendatuko da, kasuaz eta espedientearen tramitazioaz arduratzeko; babeserako erakunde publikoko teknikari bat izanen da. Espedientearen instruktoreak babeserako erakundearen diziplina anitzeko talde teknikoaren lankidetza eta laguntza izanen ditu.

3. Jarduera dela-eta, kasuarekin lotura duten profesional eta erakunde publiko edo pribatu guztiak, Espainiakoak edo atzerrikoak izan, edo babeserako erakunde publikoak edo espedientearen instruktoreak hala eskatuta, beharturik egonen dira elkarlanean aritzera babes zerbitzuekin, eta adingabearen egoera baloratzeko garrantzitsua izan daitekeen informazio eta laguntza oro ematera. Ikerketan ez laguntzeak edo hura oztopatzeak ekar dezake zehapen administratiboak eta/edo penalak ezartzea eta erantzukizuna eskatzea.

4. Gurasoak eta tutoreak edo zaintza dutenak beharturik daude ebaluazioan laguntzera eta eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia helarazi eta ematera.

5. Ebaluazioaren helburua izanen da ezagutzea, ahalik eta zehatzen, zein den adingabearen egoera, haren beharrak eta inguruabarrak, sozialak nahiz familiakoak. Prozeduraren instruktoreak txostenak eskatuko ditu haur edo nerabeaz, haren familiaz edo zaintza duten pertsonez edo adingabearen egoera baloratzeko garrantzia duten pertsonez: osasun arlokoak, psikologikoak, gizarte eta familia arlokoak, hezkuntzakoak, lege arlokoak eta egokitzat jotzen dituen guztiak, txosten horietan oinarrituko baitu bere proposamen teknikoa. Txostenak espedienteari erantsiko zaizkio.

6. Adingabeari buruzko azterketa espezializazioa duten profesionalek eginen dute, eta adingabearen egoera pertsonalari buruzko egiaztapenak prozeduran parte hartzen duten guztientzat, batez ere adingabeentzat, gutxien traumatikoak diren modu eta baldintzetan gauzatuko dira.

91. artikulua. Entzunaldia.

1. Prozeduran bermatuko da hamabi urte beteak dituen adingabeak eta, adin hori izan gabe ere, heldutasun eta gaitasun nahikoak dituenak, aukera duela entzuna eta aditua izateko; eskubide horretaz bera baliatzen ahalko da edo berak izendatutako ordezkari bat, eta batak edo besteak egokitzat jotzen dituen alegazioak egin eta frogak proposatzen ahalko ditu.

2. Entzun eginen zaie, halaber, adingabearen gurasoei, tutoreei edo zaintza dutenei, eta, horrez gain, alegazioak egin eta bidezkotzat jotzen dituzten frogak proposatzen ahalko dituzte.

3. Aurreko bi apartatuetan aipatzen diren pertsonei entzuterik izan ez bada, espedientean jasoko dira horren arrazoiak.

92. artikulua. Behin-behineko neurriak prozeduran.

1. Prozeduraren tramitazioan erakunde publikoak larrialdiko egoera bereziki larri baten berri badu, adingabearen zaintza hartzea beharrezko delarik, baimena ematen ahalko du, titularraren ofizio bidez, adingabearen babeserako behar diren jarduketak betetzeko, haren zaintza behin-behinekoz hartzea barne.

Behin larrialdiari erantzuna emanda, gurasoei edo zaintzaren ardura dutenei adingabeen egoeraren berri emateko behar diren kudeaketak eginen dira. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak lehenbailehen jakinaraziko dio Fiskaltzari hartutako neurria, haren berri izan dezan.

Neurri hori hartu eta hamabost eguneko epean, hartutako neurria berretsi, aldatu edo kentzen duen ebazpena eman beharko da.

2. Era berean, prozedura hasita dagoela, organo eskudunak hartzen ahalko ditu, arrazoiturik, adingabea babesteko behar diren neurriak.

Gehienez ere sei hilabete irauten ahalko dute.

93. artikulua. Alegazioak eta entzunaldiaren tramitea.

1. Prozedura instruiturik eta ebazpen proposamena organo eskudunari igorri aurretik, adingabearen gurasoek edo haren tutoretza edo zaintza betetzen dutenek espedientea ikusi eta haren kopia eskatzen ahalko dute, salbu eta ukitutakoen edo beste batzuen eskubide eta askatasunen babesa arriskuan jar dezaketen informazio edo datuei dagokiena, batez ere haien intimitaterako, datu pertsonalen babeserako eta segurtasunerako eskubidea, edo gauzatzen ari diren ikerketen beharrei dagokiena.

Kasu horietan, espedientea emanen da pertsona horiei buruzko informazioa eta haien identifikazioa ezabatuta.

2. Interesdunek egokitzat jotzen dituzten agiriak edo justifikazioak alegatu eta aurkezten ahalko dituzte, bai eta komenigarri iruditzen zaizkien froga elementu guztiak baliatu ere.

3. Entzunaldiaren tramitea aurrez aurre eginen da, prozeduraren instruktorearengana bertaratuz. Entzutea emanen zaie adingabearen gurasoei edo haren tutoretza edo zaintza betetzen dutenei eta haurrari edo nerabeari, behar besteko heldutasuna badu eta, kasu guztietan, hamabi urte baino gehiago baditu. Horretarako, hamabi urte baino gutxiago dituzten adingabeen gurasoak edo haien zaintza betetzen dutenak beharturik daude bertaratzeko deialdian adierazten den egoitza administratiboan agertzera. Agertu ezean tramitea egintzat joko da.

Pertsona guztien eskubideak zaintzeko, debekaturik egonen da tramite hori grabatzea, parte hartzen dutenen onarpena jasota egonda ere.

Adingabeak bere adin eta gaitasunarekin bat datorren hizkeran jasoko ditu azalpenak.

4. Entzunaldiaren tramitea kendu edo eteten ahalko da kasu hauetan:

a) Interesdunek idatziz adierazi badute ados daudela ezarri beharreko babes neurriarekin, ebazpen proposamena eman aurretik adierazi ere.

b) Heziera oneko edo kortesiazko gutxieneko neurriak betetzen ez badira, instruktorea bortxaz tratatzen bada, irainak edo jarrera mehatxagarriak badaude edo mehatxuak egiten badira instruktorearen edo erakunde publikoko langileen aurka. Kasu horietan, gainera, egoera horren berri emanen zaio Fiskaltzari, eta jokabide horiek dituztenen kontrako ekintzak eskatzen ahalko dira. Era berean, foru lege honetan aurreikusitako zehapen prozedurari hasiera ematen ahalko zaio.

5. Entzunaldiaren tramiteaz kasuko akta eginen da, agertu direnen adierazpenak jasoz.

94. artikulua. Bukatzeko ebazpena.

1. Prozedura bukatzen duen ebazpenak behar bezala arrazoiturik egon beharko du, eta egitateak eta hartutako erabakia justifikatzen duten zuzenbideko oinarriak bildu beharko ditu. Horrez gain, ebazpenerako zioetako bat izaten ahalko da prozedura instruitu bitartean erantsi zaizkion txostenen onarpena.

2. Babes neurrirako beharrezkoa bada adingabearen zaintza hartzea, nahitaezkoa izanen da espedientean txosten juridikoa sartzea.

3. Prozedurari bukaera ematen dioten ebazpenek egoera hauetako bat deklaratuko dute, egindako balorazioaren emaitza kontuan hartuta:

a) Babesgabetasun egoera.

b) Egoera larria eta iragankorra gertatzea, aitak eta/edo amak alegatutakoa.

c) Adingabearen arrisku egoera; kasu horretan espedientea bideratuko da toki erakunde eskudunera, adingabea babesteko neurri egokiak hartzeko.

4. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa da, eta beste hiru hilabetez luzatzen ahalko da informazio eta balorazio beharra dela eta. Prozedura geldiarazten bada gurasoei, tutoreei edo harrera egiten dutenei eta adingabeari berari ere egozten ahal zaizkien arrazoiengatik, eten eginen da ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epearen kontaketa.

5. Prozeduraren bukaera eraginen du, halaber, hura aurrera eramateko ezintasun materialak, gerora gertatutako arrazoiengatik, besteak beste, adingabearen adin-nagusitasuna edo adingabea Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora joatea. Ebazpena arrazoitua izan beharko da kasu guztietan.

95. artikulua. Babes ebazpenen aurka egitea.

Adingabea babesteko hartzen diren neurrien aurka egiten ahalko dute horretarako interes legitimoa dutenek, lege prozesal zibiletan aurreikusitakoarekin bat.

96. artikulua. Babes erabakiak eta jakinarazpena tramitazioan.

Prozeduraren tramitazioan zehar ematen diren ebazpen eta erabaki administratiboak, adingabearen zaintza hartzea dakartenak eta, bereziki, babesgabetasun egoera eta hartutako neurriak deklaratzen dituen ebazpena, legeak agindu bezala jakinaraziko zaizkie Fiskaltzari, gurasoei, tutoreei edo zaintza dutenei eta ukitutako adingabeari, behar besteko heldutasuna baldin badu, eta, kasu guztietan, hamabi urte baino gehiago baditu, berehalakoan eta berrogeita zortzi orduko gehieneko epea iragan aurretik.

Informazioa argia eta ulergarria izanen da eta formatu eskuragarrian emanen da, Administrazioaren esku-hartzea eragindako arrazoiak eta hartutako erabakiaren ondorioak ere azalduta, eta, haur edo nerabearen kasuan, haren heldutasun mailara egokituta.

Posible den guztietan, eta bereziki adingabearen kasuan, informazio hori aurrez aurre emanen da.

97. artikulua. Prozedura laburtua eta berehalako ebazpena.

1. Prozedura laburtu bat tramitatzen ahalko da kasu hauetarako:

Eskuratzen den lehenbiziko informazioa ikusita, egiaztatzen bada adingabearen egoera kritikoa dela.

Uste denean haren osotasun fisiko edo psikikorako arrisku larri eta berehalakoa dagoela edo ondorioztatzen denean lehenbailehen esku hartu beharra dagoela. Kasu horietan beharrezkoak diren kautelazko neurri guztiak hartuko dira.

Gurasoak edo legezko ordezkariak babesgabetasunarekin ados daudenean.

2. Prozedura horretan arau hauek aplikatuko dira:

a) Prozeduran zehar, ebazpena eman aurretik noiznahi, erabakitzen ahalko da ohiko tramitazioaren arabera jarraitzea.

b) Tramitazioa erraztua denean, prozedura hogeita hamar egunean ebatzi beharko da, prozeduraren tramitazio erraztua egiteko erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta tramite hauek besterik ez du izanen:

Lehena. Prozeduraren hasiera.

Bigarrena. Prozeduraren hasieran egindako alegazioak, bost eguneko epean.

Hirugarrena. Entzunaldiaren tramitea.

Laugarrena. Zerbitzu juridikoaren txostena, nahitaezkoa denean.

Bosgarrena. Ebazpena.

c) Prozedura batek eskatzen badu aurreko apartatuan aurreikusi gabeko tramite bat egitea, modu arruntean tramitatu beharko da.

3. Inguruabar hauek gertatzen direnean, adingabe baten babesgabetasun deklarazioa egiten ahalko da dagokion ebazpen administratiboa eman beste tramiterik gabe:

a) Adingabe baten babes espedientea bereganatzea, babesgabetasun egoera beste autonomia erkidego batek deklaratu duenean. Kasu horretan, espedientea eta ezarritako babes neurriak bereganatuko dira.

b) Adingabearen zaintza inguruabar larri eta iragankorrengatik bereganatu zenetik gehieneko epea iragan denean, luzapenak barne.

98. artikulua. Espediente administratiboa, zaintzea eta eskuratzea.

1. Adingabeen babesari buruzko espediente administratiboa dokumentu eta jarduketen multzo ordenatua da, ebazpen administratiboaren aurrekari eta oinarri izateko balio duena eta hura betearazteko eginbideak ere jasotzen dituena.

2. Zaintza eta jagoletza egiteko, espedientea artxibatuko da segurtasuneko neurri tekniko eta antolaketakoak hartuz, tratamendurako sistema eta zerbitzuen konfidentzialtasuna, integraltasuna, eskuragarritasuna eta erresilientzia iraunkorrak bermatzeko gai direnak, horrek galarazi gabe bermaturik egotea erakunde publikoei edo agintaritza judizialei ematea, beren eskumenak betetzeko eskatzen dutenean, bai eta interesdunari ere, eskatzen duenean.

3. Babes jarduketari buruzko espedientea interesdunek eskuratzekotan, espedientean dauden datu pertsonalak barne, bete beharko da datu pertsonalen babesari buruz Europako, Estatuko eta autonomia erkidegoko ordenamendu juridikoan xedatutakoa, bai eta aplikagarria den gainerako legerian xedatutakoa ere, batez ere espedienteak eskuratzeko mugak jartzen dituena adingabeen edo espedienteak ukitzen dituen pertsonen segurtasunagatik. Eskubide hori espedientea zaintzeko ardura duen organoari zuzendutako eskaera baten bidez baliatu beharko da.

4. Motibaziorik eta legitimazio espezifikorik gabe informazio publikoa eskuratzeko eskubidetik kanpo daude adingabeak babesteari buruzko espedienteak, horrek galarazi gabe inoren identifikazioa ez duten edo horretarako bide ematen ez duten datuak eskuratzeko eskaera egiteko eskubidea.

99. artikulua. Babes jarduketen bukaera.

Babes jarduketak bukatzeko zergatiak:

a) Erakunde publiko eskudunaren ebazpena, jarduketak eragin zituzten inguruabarrak desagertu direla ulertzen denean eta, halaber, adingabeen interesa dela-eta komeni denean.

b) Hasiera batean ezarririko mugaeguna edo epea edo erabakiriko luzapena bukatzea.

c) Epaileen ebazpen irmoa, legeetan ezarritako kasuetan.

d) Adingabe babestuak adin-nagusitasunera iristea edo emantzipatzea.

e) Adingabe babestuak hiltzea, desagertzea edo behin betikoz Komunitatetik kanpora bizitzera joatea.

IV. KAPITULUA

Arrisku eta babesgabetasun egoeretan hartu beharreko babes neurriak eta neurri horiek betearazteko jarduketak

1. ATALA

Familiarentzako sostengua

100. artikulua. Kontzeptua eta edukia.

1. Familiarentzako sostenguaren xedea da diru, material, gizarte, hezkuntza eta terapia arloetako laguntzak ematea, familiaren ingurunea eta haur edo nerabearen ongizatea eta adingabeen beharrak asetzeko modua hobetzeko, familiaren bereizketa saihestearren edo, bereizketa gertatu bada, familiara itzultzea lortzeko.

2. Sostengua toki erakundeetako oinarrizko arretako zerbitzuen eta zerbitzu espezializatuen esku-hartze teknikoaren bidez eta Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzu espezializatuen bidez gauzatuko da.

101. artikulua. Familiari sostengu emateko jarduketak.

1. Hona hemen familiei laguntzeko jarduketa batzuk:

a) Aholkuak eta orientabide teknikoak, bai guraso eginkizunak modu egokian betetzen laguntzeko, gaitasunak indartuz, eta familia dinamika normalizatua izateko, bai gerta daitezkeen gatazka larriak gainditzeko.

b) Familien hezkuntza, guraso-eginkizuna betetzen dutenak seme-alabak artatu, hezi eta zaintzeko eginkizunetarako modu positiboan gaitzeko.

c) Familiaren esparruan esku hartzeko nahitaezko programak, familia zaindu edo berriz batzeko eta haren baitako bizikidetza normalizatzeko.

d) Adingabeak familian duen bilakaeraren jarraipena egitea.

e) Eguneko zentroetan eta adingabeei laguntzeko zentroetan laguntzea, eskolatzea nahitaezkoa ez den adinetan.

f) Aldi baterako dirulaguntzak eta prestazio ekonomikoak.

g) Etxeko laguntza, adingabeak etxean gelditu ahal daitezen bertan zaindu eta lagundu ahal izateko.

h) Bitartekaritza, gatazken konponketaz ikasteko.

i) Aurreko artikuluan aipatzen diren helburuak lortzen laguntzen duen beste edozein.

2. Jarduketa horiek eta 70. artikuluan aipatzen direnen artetik egiten ahal diren besteek babes neurrien izaera izanen dute hartzen den erabakian edo ebazpenean hala zehazten denean.

102. artikulua. Familia onuradunaren lankidetza.

1. Sostengatzeko neurri eta jarduketen onuradun den familiak lagundu beharko du esku-hartzeari ezarritako helburuak lortzen.

2. Familia onuradunak lankidetzarik eskaini ezik edo neurriak eta jarduketak oztopatuz gero, horiek bertan behera utzi eta beste batzuk hartzea aztertzen ahalko da, babesgabetasunaren deklarazioa barne, eta familiari beti eman beharko zaio informazio hori modu argi eta ulerterrazean.

103. artikulua. Familiarentzako laguntzaren lehenespena.

Familiari sostengua emateko neurria, haur eta nerabeen beharrak asetzea eta haien familia ingurunea hobetzea helburu dituena, babes neurri lehenetsia izanen da, baita nahitaezkoa ere, adingabeen interes gorenaren kalterako ez bada.

2. ATALA

Zaintza

104. artikulua. Kontzeptua, eskumena eta edukia.

1. Foru lege honi dagokionez, zaintza da adingabeak babesteko neurrietako bat, babes gabeziaren egoeraren ondorioz hartzen dena.

2. Foru Komunitateko Administrazioari dagokio zaintza bere gain hartzea, eta legeria zibilean aipatzen diren eduki eta betebeharrak dakartza berarekin, baita, kasua bada, agintaritza judizialak ezartzen dituenak ere, Foru Berriaren 71. legean aurreikusitakoarekin bat.

3. Familia harreraren bitartez beteko da zaintza, eta egoitza harrera erabiliko da soilik familiakoa ezinezkoa bada edo komenigarria ez bada adingabearen interes gorenerako. Familia harrera erakunde publikoak zehazten duen pertsonak edo pertsonek beteko dute. Egoitza harrera beteko du adingabea harreran dagoen zentroko zuzendariak edo arduradunak, adingabeen babesari buruzko legerian ezarritako baldintzetan eta, behin-behineko zaintzaren kasuetan, Orientazio eta Harrera Zentroko edo kasuan kasuko baliabideko zuzendariak edo arduradunak beteko du, adingabearen egoera baloratu arte eta/edo babes neurri egokia hartu arte.

4. Genero ikuspegia kontuan hartu beharko da, zaintza betez egiten den esku-hartzearen zeharkako ardatz gisa.

105. artikulua. Zaintza betetzeko kasuak.

Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak kasu hauetan erabakiko du adingabearen zaintza betetzea babes neurri gisa, legez egokia den kasuetan hartzen diren erabaki judizialak galarazi gabe:

a) Babesgabetasunaren deklarazioaren ondorioz, legearen aginduz adingabeen tutoretza bere gain hartzen duenean.

b) Guraso erantzukizunaren titularrek edo legezko ordezkariek hala eskatzen dutenean, baldin eta justifikatzen badute inguruabar larri eta iragankorrengatik ezin diotela arreta eman eta, ezintasun hori egiaztatu ondoren, Familia berriz Batzeko Plan batekin konpromisoa hartzen badute.

c) Behin-behineko zaintza hartzen denean.

106. artikulua. Zaintza betetzea, iraupena eta helburuak.

1. Zaintza betetzeak berekin ekarriko du adingabe bakoitzarekin banakako esku-hartze bat egitea. Hori Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunaren eta guraso erantzukizunaren titularren, legezko ordezkarien, harrera familien eta erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza aktiboaren bidez gauzatuko da, babeserako banakako planean ezarritakoarekin bat.

2. Zaintza betetzearen lehen helburua da babes gabeziaren egoerak eragindako kaltea oneratzea eta bereizketaren ondorioak arintzea. Halaber, adingabearen beharrizan fisikoak, hezkuntzakoak, afektiboak, psikologikoak eta sozialak ere ase beharko ditu.

3. Adingabe bakoitzaren zaintzak ezinbesteko iraupena baizik ez du izanen, zaintza hartzea eragin zuten inguruabarrek iraun bitartean eta adingabearentzat ingurune hori familiara itzultzea baino onuragarria den bitartean, errespetatuz betiere babeserako banakako planetan ezarritako epeak eta, plan horietan aldi baterako bereizteko neurria ezartzen den kasuan, familia berriz batzeko planetan daudenak ere; plan horiek Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak egin beharko ditu, jatorrizko familiari aipatutako itzulerarako eman beharreko sostenguekin batera.

4. Aldi horretan, adingabeen onerako bada, ahaleginak eginen dira adingabeen familia eta gizarte harremanak ahalik eta gutxien aldatzeko. Beren ingurunetik ahal bezain hurbil geldituko dira, eta jatorrizko familiara itzul daitezela izanen da beti helburua. Babeserako banakako planaren arabera harreman horiek mugatuz gero, berehala emanen zaio horren berri Fiskaltzari. Babeserako banakako planean adingabea bere familiarekin itzultzea bazterturik dagoenean izan ezik, gainerako kasuetan hasiera-hasieratik lan eginen da helburu horrekin, eta familiei, 101. artikuluan aipatzen diren jarduketen bidez, behar den sostengua emanen zaie.

5. Adingabeentzat edo besterentzat kaltegarri izan daitezkeen egoera, jarduera edo portaerak aintzat harturik, adingabeei mugak jartzen ahalko zaizkie, neurri pedagogikoen bidez. Horrek ez du inola ere haien oinarrizko behar edo eskubideei eman beharreko arreta kaltetuko eta ez du arriskuan jarriko haien osotasun fisiko edo psikikoa.

6. Zaintza betetzean edozein aldaketa egiteko erabakiak arrazoitua izan beharko du, baita zentroz aldatzeari buruzkoak ere, eta harrera familiari eta, egoerak horretarako aukera ematen badu, adingabeei ere entzun ondoren hartuko da. Gurasoei edo legezko ordezkariei jakinaraziko zaie eta Fiskaltzari eta agintaritza judizialari haren berri eman, erabaki ondoren. Desgaitasuna duten adingabeen kasuan, ebazpen horretan adieraziko dira adingabeak jasotzen dituen eta mantendu behar dituen laguntzak edo haren beharretarako egoki direnak.

7. Fiskaltzari goi mailako zaintzarako dagozkion eskumenak galarazi gabe, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunari dagokio harturiko zaintza neurriaren jarraipena egin eta begiratzea. Horretarako, aldian-aldian behar den informazioa jasoko du, indarreko araudian aurreikusitako epeetan.

8. Zaintzaren ondoriozko harrera bukatzean, 101. artikuluan aipatzen den sostengua luzatzea komenigarria eta egokia ote den edo beste neurri edo jarduketa zehatz batzuk hartzea baloratuko da, adingabea gizarteratzeko prozesua erraztu edo sendotzearren.

9. Gurasoei eskatuko zaie inplika daitezela seme-alabei arreta ematen eta, horretarako, errenta bermatua jasotzeko eskubidea ematen duten baliabideak baino gehiago dituztenek lagundu beharko dute adingabeen zaintzak dakartzan kargei aurre egiten, eta Administrazioari ordainduko dizkiote hark zehaztuko dituen diru kopuruak, zaintzak sortzen dituen gastuen araberakoak, gutxienez ere seme edo alaba bakoitzeko dagokion errenta bermatua adinako zenbatekoa, edo gurasoek hartuko dute bere gain zuzenean.

10. Foru Komunitateko Administrazioaren zaintzapean dauden adingabeen defentsa judiziala Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuak hartuko du bere gain, adingabeen arloko gaietan espezializatuta dauden langileen bidez, hurrengo artikuluan arautzen diren borondatezko zaintzako kasuetan izan ezik, kasu horietan adingabeen gurasoek edo legezko ordezkariek hartuko baitute beren gain haien defentsa.

11. Harrera bukatzen denean adingabea bere jatorrizko familiara itzuliz, beharrezkotzat jotzen den babesgabetasun kasuetan, familia berriz batzeko plan bat ezarriko da. Horretarako, adingabea bere jatorrizko familiara itzuli ondoko sei hilabeteetan, babesgabetasun egoera luzatzen ahalko da, eta zaintza betetzea bere gain hartuko dute gurasoek edo legezko ordezkariek, egoera eragin zuten arrazoiak desagertu direla egiaztatzearren.

12. Harreran dauden adingabeek lehentasunezko gizataldea izanen dira hezkuntza, osasun eta desgaitasun arloetako baliabideak eskuratzeari begira, eta behin adin-nagusitasunera iritsita, etxebizitza, prestakuntza, enplegua eta haien autonomia prozesuan laguntzeko beste prestazio batzuk lortzeari begira ere.

13. Legez esleitutako eginkizunez gain, erakunde publikoak igorriko du Fiskaltzara adingabe baten egoera justifikatzen duen txosten bat baldin eta adingabea aldi baterako egoitza edo familia harreran bi urte baino gehiago eman dituenean, eta erakunde publikoak justifikatu beharko du zergatik ez den hartu babes neurri egonkorragorik denbora epe horretan.

107. artikulua. Borondatezko zaintza.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere gain hartuko du haur edo nerabe baten zaintza haren gurasoek edo tutoretza dutenek eskatzen dutenean, behar bezala frogatutako inguruabar larri eta iragankorrak direla-eta beraiek zaintzerik ez dutenean.

2. Eskaera baiesteko, frogatuta gelditu beharko da inguruabar larriek galarazten dietela babestutako pertsona modu egokian zaintzea, eta inguruabar horiek iragankorrak direla eta, beraz, zaintza bukatuta posible izanen dela familia berriz batzea, eta gurasoek lagunduko dutela familia berriz batzeko plana ongi atera dadin; horretarako, foru lege honetan aurreikusitako babes prozedura tramitatuko da.

3. Oro har, guraso erantzukizunaren edo tutoretzaren titularren adostasuna beharko da. Aurrekoa gorabehera, guraso erantzukizunaren edo tutoretzaren titularrak bat baino gehiago direnean eta soilik haietako batek eskatzen badu erakunde publikoak bere gain hartzea borondatezko zaintza, erakunde publikoak hartzen ahalko du besteen adostasuna eskatu gabe, betiere kasu hauetan:

a) Epai judizial batek beste pertsona horri guraso erantzukizuna edo tutoretza kendu badio edo eten baldin badu.

b) Zaintza soil-soilik eskatzaileari esleitzen dion epai judiziala dagoenean, eta beste pertsonak uko egiten badio edo ezin badu adingabearen ardura hartu.

c) Guraso erantzukizunaren edo tutoretzaren beste titularrak ohiko bizilekua atzerrian duenean.

d) Adingabea eta guraso erantzukizunaren edo tutoretzaren beste titularra urtebetez elkarrekin bizi ez badira eta ohiko harremanik edo kontakturik bat ere ez badute.

e) Guraso erantzukizunaren edo tutoretzaren beste titularraren egoitza ezezaguna denean edo espetxeraturik dagoenean.

f) Guraso erantzukizunaren edo tutoretzaren beste titularra genero indarkeriarekin lotutako delitu batengatik kondenatu dutenean.

Gainerako kasuetan, erakunde publikoak borondatezko zaintza bere gain hartzea eskatu duenean guraso erantzukizuna edo tutoretza duten pertsonetako batek bakarrik, zaintza hartuko du baldin eta alderdi guztiak ados badaude edo, legeak agindu bezala errekerimendua jakinarazi ondotik, berariaz kontra egotea adierazten ez badute hamar eta hogei egun bitarteko epean.

4. Era berean, erakunde publikoak borondatezko zaintza bere gain hartzeko, zaintza eskaeraren xede den adingabearen adostasuna beharko da hark 14 urte baino gehiago dituenean. Haren adostasunik izan ezean, haren zaintza hartzeko beharrezkoa izanen da aurretik adingabearen babesgabetasun egoera deklaratzea.

5. Prozedura tramitatzean ikusten bada haurra edo nerabea babesgabetasun egoeran dagoela, egoera horren deklarazioa eginen da.

6. Zaintza hartzearen formalizazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak emandako ebazpen administratibo baten bidez gauzatuko da, zeinean jasoko baita neurriaren iraupena, zaintza betetzeko modua eta, desgaitasuna duten adingabeen kasuan, ordura arte izan eta mantendu behar dituen laguntza espezializatuak edo haren beharretarako egoki direnak, bai eta legeria zibilean eta 1/1996 Lege Organikoan bilduta dauden gainerako edukiak ere.

Ebazpen horri erantsiko zaio adingabea borondatez uzteko akordioa, familiarekin sinatutakoa, zeinean familiak konpromisoa hartuko baitu babestutako pertsonaz arduratzea galarazten dion egoera gainditzeko behar diren esku-hartze profesionalak onartzekoa.

7. Zaintza hartzeari buruzko ebazpen administratiboa, bai eta hura betetzeko moduan gerora egindako edozein aldaketari buruzkoa, oinarritua egonen da eta jakinaraziko zaie guraso erantzukizuna dutenei edo tutoreei eta Fiskaltzari.

8. Gehienez ere bi urtez hartuko da haur edo nerabeen zaintza guraso erantzukizunaren edo tutoretzaren titularrek egindako eskaeraren ondorioz. Epe hori salbuespenez luzatzen ahalko da, gehienez ere beste urtebetez, babestutako pertsonaren interesa dela-eta komeni denean eta epe horretan familia berriz batuko dela aurreikusten bada. Gehieneko epea eta luzapena iraganik, borondatezko zaintza bukatu eginen da, non adingabearen legezko arduradunek ez duten nahi adingabearen zaintza bere gain hartu edo, nahi badute ere, horretarako egoeran ez dauden. Horrelakoetan bidezkoa izanen da adingabearen babesgabetasun egoera deklaratzea, egoera deklaratzen duen ebazpena eman beste tramiterik gabe.

9. Borondatezko zaintzaren bitartean, guraso erantzukizunaren edo tutoretzaren titularrek eragozten badute adingabeari zainketa egokia ematea, oztopatzen badute babes ekintza, onartutako konpromisoak sistematikoki betetzen ez badituzte, edo profesionalen esku-hartzeari uko egiten badiote, erakunde publikoak adingabearen babesgabetasun egoera deklaratzeko ebazpena ematen ahalko du.

10. Borondatezko zaintza besterik gabe bukatuko da babestutakoa adin-nagusitasunera heltzean, emantzipatzean edo hiltzean. Bukatuko da, halaber, familia berriz batzeko ebazpen administratiboaren ondorioz, hura ofizioz nahiz alderdi batek eskatuta emanda, horretarako baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero; iraunaldia bukatzen denean; babesgabetasun egoera deklaratzen denean; edo egoera hauetakoren bat dagoela deklaratzen duen ebazpen administratiboaren bidez:

a) Zaintza hartzeko arrazoiak desagertu direla.

b) Adingabea bere borondatez beste herrialde batera joan dela.

c) Adingabea beste autonomia erkidego bateko lurraldean dagoela eta hango erakunde publikoak ebazpena eman duela babesgabetasun egoeraren deklarazioaz bai eta kasuko adingabearen tutoretza bere gain hartu ere, edo dagokion babes neurria, edo haren ustez ez da beharrezkoa babes neurririk hartzea, adingabearen egoera kontuan hartuta.

d) Adingabeak bere borondatez babes etxetik alde egin zuenetik hamabi hilabete iragan badira eta non den jakiterik ez badago, hura lokalizatzeko eta egoera egiaztatzeko ahaleginak egin ondoren.

11. Borondatezko zaintza behin bukatuta, familiari laguntzeko neurriak ezartzen ahalko dira, edo jarraipenekoak, adingabearen zainketa egokia dela bermatzeko.

108. artikulua. Zaintza amaitzea.

1. Adingabe baten zaintza amaituko da:

a) Babes ekintza amaitzen denean ebazpen judizialaren edo erakunde publikoaren ebazpen bidez, ofizioz edo honakoek proposatuta: guraso erantzukizuna kenduta ez duten gurasoek, tutoreek, adingabea harreran dutenek edo adingabeak berak, behar besteko heldutasuna badu, edo, kasu guztietan, 12 urte baditu.

Bidezkoa izanen da adingabearen interesa babesteko beharrezkotzat jotzen denean hura bukatzea edo babes neurri egonkor edo iraunkorrago bat hartzea, alderdi guztiei entzun ondoren.

Guraso erantzukizuna edo tutoretza berriz onartzeko proposamena onartzea dakar.

Administrazioak zaintza bere gain hartzea eskatu zutenek lagun-egitea eskatzen badute, egiaztatu beharko da bidezkoa ote den beste babes neurriren bat hartzea adingabearen onerako, Administrazioak zaintza bere gain hartzea eragin zuten gainerako inguruabarrek beren horretan dirautenean.

Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak, babesgabetasun egoera dagoela ulertuta, egokitzat jotzen ez badu zaintza bukatzea, gurasoek edo legezko ordezkariek eskatu bezala, berehala babesgabetasun egoera hori deklaratu beharko da.

b) Hasiera batean ezarririko mugaeguna edo epea edo erabakitako luzapena bukatzean.

c) Aurreikusitako helburuak neurriaren bidez lortu direla ulertzen denean, neurria desegokia bihurtu denean edo lehentasunezko beste batek ordezten ahal duenean.

Horrelakoetan, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak baldintza batzuk jartzen ahalko ditu, ebazpen bidezkoak, neurrien aldaketak egiteko, familiara azkarrago itzultzeko, betiere ziurtatuz familia berriz batzeak adingabeentzat espero diren emaitzak dakartzala.

Xede horrekin berarekin, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak eteten ahalko du denbora batez zaintza edo aldatzen ahalko ditu hura formalizatzeko baldintzak.

d) Fiskaltzak proposatuta

e) Harreran zutenen heriotzagatik edo heriotzaren deklarazioagatik.

f) Adin-nagusitasunera heltzeagatik edo emantzipazioagatik.

2. Zaintza bukatzen bada adingabea jatorrizko familiara itzultzeagatik, itzulera erabakitzeko ezinbestekoa izanen da erakunde publikoak egiaztatzea familian bilakaera positiboa dagoela, familiako bizikidetza berreskuratzeko adinakoa objektiboki ikusita, loturak mantendu direla, guraso erantzukizunak egokiro betetzeko asmoa dagoela eta familiara itzultzeak ez dakarrela arrisku nabarmenik adingabearentzat; hori guztia kasuari buruzko txosten teknikoan jasoko da.

Familia harreraren kasuan, adingabearen itzulerari buruzko erabakia hartzean kontuan hartu beharko da harrera familian eta ingurunean zenbat denbora eman duen eta nolako integrazioa izan duen, bai eta harekin lotura afektiboak sortu diren.

3. ATALA

Zuzeneko tutoretza administratiboa eta tutoretza arrunta

109. artikulua. Administrazioak tutoretza bere gain hartzea.

Babesgabetasun egoeraren deklarazioa egiteko prozedurak ebazteak berarekin dakar babesgabe dauden adingabeen tutoretza hartzea.

110. artikulua. Berehalako arreta eta behin-behineko zaintza.

1. Administrazioak tutoretza bere gain harturik, adingabeek berehalako arreta jasoko dute lehen harrera egiteko zentroetan edo horretarako gaitzen diren larrialdiko harrera familiekin. Behin-behineko neurri horiek adingabeen beharretarako jarduketarik egokiena zehazteko behar-beharrezkoa den indarraldia izanen dute, gehienez ere sei hilabete.

2. Erregelamenduz garatuko da larrialdiko harrera familiek zer laguntza hartzeko eskubidea duten, izan ditzaketen kostuak ordaintzen laguntzeko, eta beti jasoko dituzte harrera iraunkorrak betetzen dituzten familiek dituztenak.

3. Berehalako arreta emateko betebeharra betetzeko, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak bere gain hartzen ahalko du adingabeen behin-behineko zaintza, Fiskaltzari komunikatu beharko zaion ebazpen administratibo bat emanez, zaintza hartu eta berrogeita zortzi orduko epean komunikatu ere, eta, horrekin batera, babesgabetasuna lehenbailehen deklaratzeko edo bidezkoa den babes neurria hartzeko behar diren eginbideak eginen dira.

4. Lehen harrerako zentroetan arreta jasotzen duten haur edo nerabeek sexu abusuen biktima izan direla susmatzen bada, informazioa jasoko da, adingabeak berak emana, ahalik eta biktimizazio txikiena eraginez, salaketa aurkeztuko da behar izanez gero, eta adituen txostena eskatuko da, biak 15 eguneko epean gehienez ere.

111. artikulua. Administrazioak tutoretza baliatzea.

1. Adingabeen tutoretza, legeria zibilean xedaturikoarekin bat, familia harreraren bidez beteko da posible eta adingabearen interesarekin bateragarria den guztietan.

2. Horrez gain, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak beste edozein neurri edo jarduketa erabakitzen ahalko du, adingabeen onerako bada, haren egoera pertsonala, familiakoa edo soziala kontuan hartuz, adingabeak jatorrizko familiara itzultzeko, haien onerako bada, babes gabeziak eragindako kaltea oneratzeko eta, haien eskubidea baita, familia harremanak mantentzeko.

3. Administrazioak tutoretza bere gain hartzeak berekin dakar Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunari adingabeen eginkizun pertsonalak, legezko ordezkaritza eta ondarearen administrazioa esleitzea, legeria zibilean ezartzen denaren arabera.

4. Foru Komunitateko Administrazioaren tutoretzapean dauden adingabeen defentsa juridikoa Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuak hartuko du bere gain, borondatezko zaintza kasuetan izan ezik.

112. artikulua. Tutoretza arrunta.

1. Aurreko artikuluetan adierazitakoa gorabehera, tutorea arau arrunten arabera izendatzea sustatuko da honelakoetan:

a) baldin badago norbait, adingabearekin duen harremana edo beste arrazoi batzuk direla eta, tutoretza bere gain hartzen ahal duena, adingabearen onerako;

b) haur edo nerabearen interes gorenari begira, baztertzen denean harreran dagoen adingabea bere jatorrizko familiara itzultzea, eta, kontuan hartuta harrera egiten duen pertsonak edo familiak dituen baldintzak eta inguruabarrak, komenigarritzat hartzen denean familia harrerako neurria tutoretza bihurtzea, hura ebatzi bitartean tutoretza ahalmenak hari esleitzeko eskatuz, egokia bada.

2. Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak, tutoretza arruntak edo harrerak sustatzeko, egoeraren arabera, informazioa eta aholkua emanen die adingabeen egitatezko zaintza dutenei, modu egokian betetzen dutela egiaztatu ondoren.

4. ATALA

Ezaugarri bereziak dituzten adingabeak

113. artikulua. Ezaugarri bereziak dituzten adingabeak.

Foru lege honen ondorioetarako, ezaugarri bereziak dituzten adingabeak dira hezkuntza arreta eta arreta psikologiko espezializatuagoa eta intentsiboagoa behar dutenak, banakako akonpainamendu iraunkor baten eredutik, eta beti:

a) Desgaitasuna edo eritasun larria duten adingabeak, tratamendu kronikoa behar dutenak, herentziazko osasun arazoen aurrekari klinikoak dituztenak, osasun arazo bereziak dituztenak, edo desgaitasuna garatzeko aukera handiak dituela dioen txosten medikoa dutenak –nahiz eta momentuan ez izan–, autonomia pertsonalean zailtasunak dakartzatenak edo arreta egokirako zainketa espezializatuak behar dituztenak.

b) Senide taldeak edo familia batzean daudenak, haien arteko lotura afektiboak direla-eta komeni ez denean bereiztea.

c) Lau urte baino gehiago duten adingabeak, adopzioaren kasuan, eta zazpi urte baino gehiagokoak harreraren kasuan.

d) Aurretik beste adopzio edo familia harrera bat izan duten adingabeak.

e) Arazo emozionalak edo erregulazio emozionalerako zailtasunak dituzten adingabeak, haien garapenerako traba direnean, loturarako gaitasuna mugatzen dietenean edo haien egokitzapen sozialari eragiten diotenean.

f) Babes gabezia larriko egoerak bizi izan dituzten eta arazo emozional bereziak dituzten adingabeak.

g) Genero indarkeria gertatu den familia ingurune batean bizi izan diren adingabeak.

i) Erakunde publikoak aurreko apartatukoak ez diren behar bereziak justifikatzen dituen kasuak.

5. ATALA

Harrera

114. artikulua. Harrera ezartzea.

1. Adingabearen zaintza bere gain hartu ondoren, erakunde publikoak baloratuko du zein harrera motak erantzuten dion hobekien haur edo nerabearen interes gorenari, galarazi gabe behin-behineko zaintzaren kasuan egon daitezkeen berezitasunak.

2. Espedientea aztertu eta baloratu ondoren, profesionalen talde teknikoak entzunaldiaren tramitea emanen die adingabeari, jatorrizko familiari eta, kasua bada, harrera egiten duen familiari egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta agiriak eta justifikazioak aurkez ditzaten.

3. Entzunaldiaren tramitea bukatuta, eta haren emaitza ikusirik, profesionalen talde teknikoak txosten bat prestatuko du, behar bezala arrazoitua, proposatutako harrera neurriaz bere iritzia emanez. Txosten hori, babeserako banakako planarekin batera, zeinean zehaztuko baitira planifikatutako esku-hartzeak edo jarduketak, igorri eginen da dagokion ebazpena eman dadin.

4. Ebazpen horretan jaso beharko dira gutxieneko eduki hauek, non horietakoren bat ez den beste ebazpen baten xede:

a) Aurrekarien azalpen laburra.

b) Babeserako banakako planean esku-hartzerako proposatzen den helburua.

c) Proposatzen den babes neurria. Familia harrerak egoitza harreraren gainetik lehentasuna duela bermatzeko, egoitzakoa ezartzen denean berariaz jaso beharko da ezinezkoa izan dela familiakoa izatea edo zergatik ez zen komeni, bai eta egoitza harrera ahalik eta motzena izan dadin ezarri diren ekintzak edo epeak ere.

d) Familia harrerarako proposatzen den modalitatea. Familia harreraren kasuan, larrialdikoa, aldi baterako edo iraunkorra den, eta adingabearen familia zabalean edo harena ez den familia batean eratzen den. Azken kasu horretan, zehaztuko da ez dagoela familia zabalik familia harrerarako, edo, baldin badago, ez dela egokia baloratu dela. Egoitza harreraren kasuan, zehaztuko da jokabide nahasmenak dituzten adingabeentzako zentro espezifikoan egiten den, eta, halakoetan, hura proposatzeko arrazoien justifikazioa.

e) Ezinezkoa denean anai-arreba guztien zaintza batera mantentzea, arrazoiak justifikatuko dira.

f) Berariaz adieraziko da zein egunetan egin diren adingabeari, jatorrizko familiari eta, kasua bada, harrera egiten duen pertsonari edo familiari entzunaldia emateko tramitea. Adingabearen eta jatorrizko familiaren adostasuna nahiz adostasun eza ere jasoko da.

g) Proposatutako bisita araubidea eta haren justifikazioa.

h) Harrera ezarri den eguna.

i) Hartutako neurria berrikusteko eguna.

5. Hartutako ebazpena hamar eguneko epean jakinarazi beharko zaie harrera egiten duen pertsona edo familiari, harreran dagoen adingabeari, Fiskaltzari eta adingabearen gurasoei edo haren tutoretza edo zaintza dutenei.

115. artikulua. Babeserako banakako plana.

1. Erakunde publikoak bere gain hartzen duenean adingabearen tutoretza edo zaintza, babeserako banakako plan bat prestatuko du, zeinean ezarriko baitira zein diren jatorrizko familiarekin hartu beharreko esku-hartze neurrien helburuak, aurreikuspena eta epea, baita familia berriz batzeko plana ere, pronostiko horren ondorioa denean jatorrizko familiara itzultzeko aukera.

2. Esku-hartzea, banakakoa nahiz familiakoa, babeserako banakako planean ezarritakoarekin bat gauzatuko da, bai eta, kasua bada, familia berriz batzeko planean ezarritakoarekin ere.

3. Babeserako banakako plana hura egin duten eta haren jarraipenaz arduratuko diren teknikariek aurkeztu eta azalduko diete adingabeari, jatorrizko familiari eta, kasua bada, harrera egiten duen pertsona edo familiari, aurrez aurre.

4. Babeserako banakako plana eman edo igorriko zaie jatorrizko familiari, adingabeari, heldutasun nahikoa badu, edo, kasu guztietan, 12 urte baino gehiago baditu, eta, kasua bada, harrera egiten duen pertsona edo familiari. Edukitik kentzen ahalko da ukituak gerta daitezkeen beste pertsona batzuen intimitaterako eskubidearekin nahiz eskubide pertsonala eta familiakoarekin lotura izan dezaketen gaiak, datuak edo informazioa biltzen duen edukia, baita datu pertsonalen babesarekin zerikusia duena ere.

5. Babeserako banakako planean adieraziko da zein den haren jarraipenaz arduratuko den teknikaria, bertan aurreikusten den maiztasunaz eta moduaz. Era berean, haren lan izanen da plana berrikustea eta, hura ikusita, planaren eguneratzeak edo aldaketak egitea, esku-hartzea ahal den hobekien eta egokien garatzen dela bermatzeko xedea dutenak, haur edo nerabearen interes gorena aintzat hartuta beti.

6. Babeserako banakako planak honakoak zehaztu beharko ditu, besteak beste, eta beti proposatutako esku-hartzearen helburua kontuan hartuz:

a) Adingabearen lege egoera.

b) Proposatutako babes neurria.

c) Esku-hartzearen xedea eta jarraitu beharreko jarduketa ildoak.

d) Esku-hartzearen helburuak, adingabearentzat eta jatorrizko familiarentzat proposatutakoak.

e) Haur edo nerabeari, jatorrizko familiari eta, kasua bada, harrera familiari akonpainamendua emateko bete beharreko jarraibideak.

f) Adingabearen eta jatorrizko familiaren bisita araubidea.

g) Kontingentzia plana, adingabearentzat eta jatorrizko familiarentzat proposatutako helburuen bilakaeraren arabera.

h) Planaren jarraipena eta berrikuspena egiteko aldizkakotasuna.

7. Sexu-abusuen biktima izan diren haur eta nerabeei laguntza eta arreta espezializatua emateko bitartekoak sustatuko dira.

8. Hurrengo artikuluan aipatzen diren jarraipen txostenetan oinarrituta, babeserako banakako plana eta erakunde publikoak hartutako erabakiak berrikusiko dira, eta, halakorik bada, haien eguneratzea edo aldaketa, eta berrikuspenerako epean babeserako banakako planean bertan jasoko dira, edozein kasutan:

a) Babes neurri ez-iraunkorren esparruan, hiru hilabetean behin berrikusiko da, hiru urte baino gutxiagoko haurrak direnean, eta sei hilean behin, hiru urtetik gorako haurrei eragiten dietenean.

b) Babes neurri iraunkorren esparruan, lehen urtean sei hilean behin berrikusi beharko da, eta bigarren urtetik aurrera hamabi hilean behin.

Babeserako banakako planaren eguneratzeak edo aldaketak eman edo igorriko zaizkie jatorrizko familiari, adingabeari, heldutasun nahikoa badu, edo, kasu guztietan, 12 urte baino gehiago baditu, eta, kasua bada, harrera egiten duen pertsona edo familiari. Edukitik kentzen ahalko da ukituak gerta daitezkeen beste pertsona batzuen intimitaterako eskubidearekin nahiz eskubide pertsonala eta familiakoarekin lotura izan dezaketen gaiak, datuak edo informazioa biltzen duen edukia, baita datu pertsonalen babesarekin zerikusia duena ere.

116. artikulua. Harreraren jarraipena.

1. Foru lege honen 75. artikuluan aipatzen diren langile espezializatuek eginen dute familia eta egoitza harreren aldizkako jarraipena, oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuen laguntzarekin.

2. Hartutako harrera neurriaren jarraipenak xede hauek ditu:

a) Adingabeari dagokionez, ziurtatzea arreta eta zainketa onak jasotzen dituela, eguneroko oinarrizko beharrak ase dituela eta bermatzen zaiola bere eskubideak erabiltzea eta akonpainamendua ematen zaiola pixkanaka erantzukizunak bere gain hartzen.

Horretarako, harreran dagoen adingabea egokitzen edo aldatzen ari dela egiaztatu beharko da, hezkuntza eta ikaskuntza prozesuan daraman integrazioaren, garapenaren eta aurrerapenaren alderdi guztietan, zaintza dutenekin eta jatorrizko familiarekin dituen harremanetan, gizarteratzean eta garapen emozionalean; atzemanen dira alde positiboak eta egon daitezkeen arazoak, zailtasunak eta gabeziak, eta lortu beharreko helburuak planifikatuko dira.

Horrekin batera, baloratuko da babeserako banakako planean jasotako helburuak bete diren, hau da, babes gabeziaren egoerak eragindako kaltea oneratu den, adingabea babes neurrira egokitu den eta jatorrizko familiarekin ezarritako hartu-emanen araubidea egokia den.

b) Jatorrizko familiari dagokionez, jarraipenaren xedea da haren bilakaera ebaluatzea, babeserako banakako planean jasotako helburuak betetzen diren baloratzea, adingabea bere jatorrizko familiara itzultzeko aukera baloratzea aldi baterako bereizteko neurriak ezarri direnean, eta, neurri iraunkorren kasuan, adingabearen eta jatorrizko familiaren arteko harremana mantendu behar den baloratzea.

c) Familia harreraren kasuan, jarraipenaren beste xede bat izanen da bermatzea harrera egiten duen pertsonak edo familiak trebetasunak eta bitartekoak badituela haur edo nerabearen behar material eta emozionalak asetzeko eta egonkortasuna emateko.

3. Jarraipena egiteko informazioa lortuko da adingabearengandik beragandik, jatorrizko familiarengandik, haren zaintza duen edo duten pertsonengandik eta aurrekoekin harremana duten profesionalengandik, bai eta zuzeneko egiaztapenekin, etxeetara egindako bisitetan eta elkarrizketetan.

4. Jarraipena ez da bukatuko hartu den harrera neurria bukatu bitarte, eta babeserako banakako planean aurreikusitako aldizkakotasuna izanen du, kasu bakoitzaren beharrek agindutakoaren arabera. Halere, jarraipenaren maiztasuna aldatzen ahalko du erakunde publikoak larrialdi berezi baten aurrean, krisi batean nahiz egoeraren ezaugarriengatik beharrezkoa den guztietan, betiere haur edo nerabearen interes gorena aintzat hartuz.

5. Adingabearekin, jatorrizko familiarekin eta harrera egiten duen pertsona edo familiarekin esku hartzen duten langileek idatzizko jarraipen txostenak eginen dituzte babeserako banakako planean ezarritako aldizkakotasunarekin, eta kasuari buruzko espedienteari erantsiko zaizkio.

Edozein kasutan, nahitaezkoa izanen da adingabeak, jatorrizko familiak edo harrera egiten duen pertsonak edo familiak parte hartzea jarraipen txostenak egitean. Horretarako, parte-hartze hori sustatzen duten beste jarduketa batzuk baztertu gabe betiere, adingabearekin, jatorrizko familiarekin edo harrera egiten duen pertsona edo familiarekin esku hartzen duten langileek itzulketa eginen dute eta jarraipen txostena emanen diete adingabeari, jatorrizko familiari eta harrera egiten duen pertsona edo familiari.

Edukitik kentzen ahalko da ukituak gerta daitezkeen beste pertsona batzuen intimitaterako eskubidearekin nahiz eskubide pertsonala eta familiakoarekin lotura izan dezaketen gaiak, datuak edo informazioa biltzen duen edukia, baita datu pertsonalen babesarekin zerikusia duena ere.

6. Harreran dauden pertsonek beren jatorria ezagutzen ez duten kasuetan lagundu eta esku hartuko da.

117. artikulua. Harrerari laguntzeko neurriak.

1. Erakunde publikoak, hartutako harrera neurria formalizatu aurretik, neurriak iraun bitartean, bukatu ondoren eta adin-nagusitasunera iritsi ondoren ere, eman beharko dizkie adingabeari, jatorrizko familiari eta harrera familiei aholkularitza, heziketa, orientazio eta akonpainamendu eta sostengu tekniko eta espezializatuko neurriak, programak, baliabideak edo zerbitzuak, beharrezkoa bada haur edo nerabearen interes gorena aintzat hartuz, eta begiratuko du arreta espezializatua eskaintzen dela desgaitasuna duten adingabeen beharretarako.

Nolanahi ere, familia harrerako neurri baten hautapen edo formalizazioaren zain dauden eta egokitzat deklaratu diren pertsonei edo familiei eskaintzen zaien trebakuntza jasotzea nahitaezkoa izanen da haientzat, behinik behin adingabeen babesaren arloko eskumena duen departamentuak ezartzen duen gutxienekoa.

2. Neurri horiek garrantzia emanen diote, batez ere, adingabeak, jatorrizko familiak eta harrera familiek, harrera neurria formalizatu aurretik eta garatzen den bitartean, jasotzen duten trebakuntzari esker ulertuko dituztela bere gain hartzen dituzten betebeharrak, beharkizunak eta erantzukizunak, eta aurre egiten ahalko dietela harrerak dituen zailtasun eta inplikazioei; finean, trebakuntzak prestatuko ditu harreran duten adingabearekiko erantzukizunak modu egokian betetzeko.

3. Familia harreraren kasuan, erakunde publikoak laguntza ekonomikoa eman beharko die harrera familiei, familia harrerak dakartzan kostuak konpentsatzeko bai eta, behar denean, familien prestasun berezia ere behar bereziak dituzten adingabeei arreta emateko. Laguntza horiek erregelamenduz garatuko dira familia harreraren modalitate desberdinetarako, larrialdiko familia harrera barne.

4. Jatorrizko familiari laguntzeko jarduketak ez dira eginen gurasoak edo tutoretza duena non diren jakiterik ez dagoenean, ez eta, hasiera batean erabaki bada ere adingabea familia-nukleotik bereiztea, ulertzen bada jarduketa horiek egitea ez dela ona haur edo nerabearen interes gorenerako, edo proiektatutako harrera neurriaren helburuetarako.

5. Harrerarako aurrez trebatu eta trantsiziorako jarduketa hauek eginen dira:

a) Adingabeari dagokionez, trebatzeko jarduketak orokorrak izanen dira, bere adin eta heldutasunarekin bat datozenak, uler ditzan familia-nukleotik bereizteko arrazoiak, proposatutako neurria onar dezan, hartu beharreko erabakietan inplika dadin, harrera neurria azaltzeko, eta informazioa emateko haren zaintzaren ardura hartu behar duten pertsonei eta hori egiteko arrazoiei buruz eta jatorrizko familiarekin izanen duen bisita araubideari buruz. Erraztasunak emanen zaizkie, halaber, adieraz ditzaten beren sentimenduak eta beldurrak, eta ahalegina eginen da haien zalantzak argitzeko; erabakiko da adingabearen eta harrera egin behar duten pertsonen arteko aurreneko hartu-emana egitea, progresiboa, zuzenekoa nahiz sinbolikoa, eta haur edo nerabearen interes gorenerako komenigarritzat jotzen bada, bizikidetzako ingurune edo nukleo berria ezagutzekoa ere.

b) Jatorrizko familiari dagokionez, informazio ulergarria eta argia jasoko dute babeserako banakako planaren xedeaz eta bertan ezarritako helburuez, harrera neurriaren ezaugarri eta edukiaz, eta neurria formalizatzeko prozeduraz. Erabakiak hartzen eta neurria planifikatu, garatu eta betetzen parte har dezaten bultzatuko da, neurria garatzen eta betetzen lagundu eta inplikatzea beharrezkoa dela uler dezaten sustatzen ahalegintzearekin batera.

c) Harrera egiten duen pertsona edo familiari dagokionez, behin hautatu ondoren, bilera bat eginen da harekin, informazioa emateko adingabeaz eta proposatutako harrera neurriaren ezaugarri orokorrez. Proposamena onartzen bada, harrera egin behar duen pertsona edo familiaren trebakuntzaren gaiak izanen dira familia harrerako akordioetan jasotako baldintzak, proposamenari lotuta espero direnak eta sentimenduak eta kasurako erreferente diren profesional taldearekin izan beharreko komunikazioa eta harremana. Adingabeek dituzten behar espezifikoei modu egokian erantzuteko, trebakuntza osagarriko jarduketak antolatzen ahalko dira.

Hasierako prestakuntza bukatuta, adingabeak bizikidetzako testuinguru berrira trantsizioa egiteko faseari helduko zaio. Fase horretan, jarduketen helburua izanen da sustatzea pixkanaka elkarrengana hurbiltzen joan daitezen adingabea eta haren zaintza bere gain hartu behar dutenak, edo harrera egin behar duen pertsona edo familia edo, egoitza harreraren kasuan, egoitza zentroko langileak.

6. Adingabea harreran dagoen bitartean, bermatze aldera harrera neurria bat datorrela adingabearen beharrekin, jarduketa hauek beteko dira:

a) Adingabeari dagokionez, haren egokitzapenaren eta eboluzioaren jarraipena eginen da, arreta, integrazio eta garapenaren alderdi guztietan, bereziki haren prozesu fisikoa, hezkuntzakoa eta ikaskuntza, eta haren zaintza duten pertsonekin eta jatorrizko familiarekin dituen harremanak, gizarteratzea eta garapen emozionala. Adingabearentzako akonpainamendua ezarriko da, hezkuntza arloko esku-hartzea eta laguntza psikoterapeutikoa, haren premiei erantzuteko beharrezkoa dena.

b) Jatorrizko familiari dagokionez, laguntzak haren gaitasunak eta bitartekoak baliatuko ditu, eta orientabide orokorra eta laguntza zehatzagoak ere bilduko ditu, gai hauei hobeki heltzeko:

Lehena. Inplikatzen dela babes neurria garatzen eta betetzen.

Bigarrena. Lan egiten duela espedientearen ardura duten profesionalen taldearekin.

Hirugarrena. Guraso gaitasuna sustatu eta hobetzen duela adingabearen beharrei arreta egokia emate aldera.

Laugarrena. Trebatu eta prestatzen dela etorkizunean familia berriz batzeko, adingabearen onerako bada.

Bosgarrena. Gaitasunak sustatzen direla adingabearekin bisita araubidea, harremana edo komunikazioak izateko eta harrera egiten duten pertsonekin izan behar dituzten hartu-emanetarako, behar denean.

Seigarrena. Behin betiko bereizketa neurriak daudenean trebakuntza eta laguntza ematen zaiola uko egitea eta itzulerarik eza onartzeko.

c) Harrera egin behar duen pertsona edo familiari dagokionez, akonpainamendua ezarriko da aurre egin diezaien familia harreraren behar eta zailtasunei, bai eta estrategia egokiak emateko eta banakako nahiz taldekako sostengua ere eskaintzeko. Harrera egiten duten pertsonek edo familiek, familia harreraren modalitatearen eta adingabearen beharren arabera, laguntza ekonomikoak jasoko dituzte, indarreko araudiari jarraikiz dagozkienak.

7. Hartutako harrera neurria formalizatu eta garatzen hasten denetik hasita, adingabea prestatuko da uler dezan, bere adina eta heldutasuna kontuan hartuta, neurria behin-behinekoa dela eta, neurria bertan behera uzten ahal denean, bukatu dela uler dezan; horrez gain, posible den guztietan, neurria bertan behera uztea aurreikusi edo planteatu delarik, prestakuntza horri helduko zaio modu planifikatuan eta behar bezain garaiz, bai adingabearekin bai haren jatorrizko familiarekin, bai eta, kasua bada, harrera egiten duen pertsona edo familiarekin ere, koordinatuta aritzeko, besteak beste alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Adingabeari behar adinako informazio egokia ematea gertatuko den aldaketaz.

b) Erraztasunak ematea bere iritziak, zalantzak eta beldurrak adieraz ditzan.

c) Bere harreman pertsonalak pixkanaka egokitzen joatea.

d) Bere loturak berrantolatzea eta bere espektatibak egoera berrira moldatzea.

Prestakuntza hori egokituko da behar edo inguruabar bereziak dituzten adingabeen ezaugarri edo baldintza berezietara, 113. artikuluan adierazi bezala.

Neurria ustekabean bertan behera uzten denean, jarduketaren jomuga nagusia izanen da egoerak adingabearengan sor ditzakeen ondorio negatiboak ahalik eta gehien apaltzea, egoera gertatzeko arrazoiak argi eta aski azalduz, eta baloratuko da zer aukera dauden kasu horretan egin beharreko esku-hartzea prestatu eta egokiro planifikatzeko.

8. Harrera neurriaren indarraldia bukatzen denean haur edo nerabea adin-nagusitasunera iritsi delako, laguntza programak emanen zaizkio, babes neurriari jarraipena eman ahal izateko.

Harrera bukatu ondoren emantzipazio prozesu bati ekiten dioten adinekoen kasuan, aukera izanen dute autonomiari laguntzeko eta bizimodu independenterako prestatzeko programetan parte hartzeko.

Familia harrera bukatu ondoren harrera egin duen pertsona edo familiarekin bizitzen jarraitzen duten adin nagusikoen kasuan, indarreko araudian eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badira, laguntza teknikoak eta ekonomikoak luzatzen ahalko dira indarreko araudian ezarritakoari jarraikiz.

118. artikulua. Bisita, harreman edo komunikazio araubidea jatorrizko familiarekin.

1. Erakunde publikoak haur edo nerabearen interes gorena kontuan hartuz arautuko du harreran dagoen adingabeak gurasoekin (nahiz eta guraso-ahala ez erabili), haren tutoretza edo zaintza dutenekin, aitona-amonekin, anai-arrebekin eta gainerako ahaide eta gertukoekin, adingabeak bere lotura afektiboak atxikitzen dituela bermatzeko, baldin eta horrek ez badio kalte egiten haren ongizateari, garapen fisiko edo psikiko normalari, integrazio pertsonalari nahiz familia, gizarte edo hezkuntza integrazioari, edo oztopatzen ez badu garatutako babes ekintza.

2. Horretarako, erakunde publikoa ahaleginduko da anai-arreba taldeen zaintza pertsona, familia edo zentro bakar bati esleitzen, elkarrekin egon daitezen. Ezinezkoa denean, haien guztien arteko harremanak erraztuko dira eta, oro har, jatorrizko familia osatzen duten kide guztiekin harremanak izatea faboratuko da, dagokion bisita araubidearen barnean, bai eta haien bizitzan garrantzitsuak diren pertsonekin ere, adingabeen interes gorena gailenduko delarik betiere.

3. Adingabearen eta haren gurasoen arteko bisita araubidea ebazpen arrazoituaren bidez ezarriko da, eta babes neurria formalizatzen duen ebazpenean berean jasotzen ahalko da.

4. Nolanahi ere, erabakitako bisita, harreman edo komunikazio araubideak arau hauek bete beharko ditu:

a) Berrikusi beharko da babeserako banakako planean ezarritako maiztasunarekin eta, horretan ezarritakoaren arabera, adingabearen eta jatorrizko familiaren arteko bisita edo komunikazioen aldizkako jarraipena eginen da, baloratzeko nola gauzatzen diren eta adingabearen ongizatean, garapen normalean eta integrazioan duten eragina.

b) Harrera egiten duen pertsonak edo familiak, adingabearen ahaideek, gertukoek edo harekin harremana edo komunikazioa dutenek, edo kasuan inplikatuta dagoen beste edozein profesionalek erakunde publikoari eman beharko diote bisitek, harremanek edo komunikazioek haur edo nerabearengan ondorio kaltegarriak dituelako edozein zantzuren berri.

c) Erakunde publikoak arrazoiturik erabakitzen ahalko du, kontuan hartuta familia, gizarte edo hezkuntza egoera, baita adina edo baloratu den beste edozein inguruabar adierazgarri ere, betiere haur edo nerabearen interes gorenari erantzunez, bisita, harreman edo komunikazio araubidea aldatzea edo aldi baterako etetea.

d) Bisita, harreman edo komunikazio araubidea aldatzea edo aldi baterako etetea erabaki aurretik entzunaldia eman beharko zaie ukitutakoei, bereziki harrera egiten duen pertsona edo familiari, eta adingabeari, heldutasun nahikoa badu eta, kasu guztietan, hamabi urte baino gehiago baditu.

e) Bisita, harreman edo komunikazio araubidea aldatzea edo aldi baterako etetea erabakitzen duen ebazpena hamar eguneko epean jakinarazi beharko zaie Fiskaltzari, harrera egiten duen pertsona edo familiari, harreran hartutako adingabeari eta adingabearen gurasoei edo haren tutoretza edo zaintza dutenei.

f) Ebazpenak ukitzen dituen pertsonek eta, bereziki, adingabeak, haren kontra egiten ahalko dute eta indarreko legerian aurreikusitako errekurtsoak aurkezten.

5. Bisita, harreman edo komunikazio araubidea erakunde publikoak horretarako gaitutako elkarguneetan edo familiaren bisitetarako gunean gauzatzen ahalko da, haur edo nerabearen interes gorena dela-eta komeni denean, eta jatorrizko familiaren nahiz harrera egiten duen pertsona edo familiaren pribatutasunerako eskubidea babesteko.

Gurasoak preso daudenean, eta haur edo nerabearen interes gorena dela-eta komeni denean haiekin bisita, harreman edo komunikazio araubidea izatea, erakunde publikoak baloratuko du, adingabeen onerako, non eta nola egin hartu-eman horiek.

Horiek espetxean egiten badira, lagundu beharko du adingabearen joan-etorriak eta akonpainamendua egin daitezen harrera egiten duen pertsona edo familiarekin edo profesional batekin, zeinak zainduko baitu adingabea eta gurasoa bisitarako prestaturik egonen direla.

Nolanahi ere, bisita espetxean egitekotan, eskola ordutegitik kanpo eginen da eta adingabearentzat egokia den ingurunean.

119. artikulua. Harreraren modalitateak.

1. Harrera familiakoa edo egoitzakoa izan daiteke. Familia harrera sailkatzeko irizpideak iraupena eta helburuak dira, eta kontuan hartzen dira, halaber, adingabeak harrera egiten duen pertsona edo familiarekin duen lotura eta haren ezaugarriak.

2. Hortaz, familia harreraren iraupena eta helburuak kontuan hartuz, honakoak izan daitezke:

a) Larrialdiko familia harrera, batez ere sei urte baino gutxiago dituzten haurrentzat, dagokion familia babeserako neurria erabaki bitartean.

Harreraren modalitate honen iraupena ez da inoiz izanen sei hilabete baino gehiagokoa.

b) Aldi baterako familia harrera, berriz, iragankorra izanen da, adingabearen egoera dela-eta aurreikusirik dagoelako bere familiarekin berriz batzea, edo bitarte bat behar delako babes neurri egonkorrago bat erabakitzeko, familia harrera iraunkorra edo adopzioa, esate baterako.

Harrera mota honen gehieneko iraupena bi urtekoa izanen da, salbu eta haur edo nerabearen interes gorena dela-eta komeni bada neurria luzatzea aurreikusirik dagoelako berehala batzea berriz familiarekin, edo behin betirako beste babes neurri bat hartzea. Horrelakoetan, erakunde publikoak egoera justifikatzen duen txostena igorriko du, eta organo eskudunak arrazoitu beharko du zergatik ez den hartu babes neurri egonkorragorik bitarte horretan.

c) Familia harrera iraunkorra, zeina eratuko baita behar bereziak dituzten adingabeen kasuan, adingabearen eta bere familiaren egoera dela-eta komeni denean, edo aldi baterako harrerarako bi urteko epea amaitutakoan, egiaztatuta dagoelarik ezinezkoa dela familia berriz batzea.

Erakunde publikoak eskatzen ahalko dio epaileari harrera egiten duen pertsona edo familia iraunkorrei tutoretza ahalmenak esleitzeko, haien erantzukizunak betetzen laguntzeko, betiere haur edo nerabearen interes gorenari erantzunez.

3. Adingabeak harrera egiten duen pertsona edo familiarekin duen lotura eta haren ezaugarriak kontuan hartuz, harrera izan daiteke:

a) Adingabearen familia zabalean, harrera egiten duen familiaren edo pertsonaren eta adingabearen artean ahaidetasun harremana dagoenean.

b) Adingabearena ez den familian, hau da, familia zabaleko harreraren modalitateak ez diren guztiak.

4. Adingabearena ez den familian egiten den harrera espezializatua izan daiteke, hura garatzen duen araudian legez ezarritako inguruabarrak eta baldintzak betetzen badira.

Familia harrera espezializatua profesionalizatua izanen da harrera egiten duen pertsonak edo adingabearena ez den familiako kideetako batek kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa duenean eta, horrez gain, harrera egiten duten pertsonek lan harremana dutenean erakunde publikoarekin.

Adingabeak babesteko figura horren modalitateen edukia eta prozedura erregelamendu bidez garatuko dira.

120. artikulua. Harreretan erabili beharreko irizpide orokorrak.

Harreretan, Foru Komunitateko administrazioko organo eskudunak irizpide hauek erabiliko ditu:

a) Adingabeak beren ingurunean gelditzearen alde lan eginen da. Ahalegina eginen da harrera familia zabalean egin dadin, egokitzat hartzen bada, salbu eta ez bada komenigarria adingabearen interesetarako.

b) Familia harrerak egoitza harreraren gainetik lehentasuna duela bermatzeko, egoitzakoa eratzen denean berariaz jaso beharko da ezinezkoa izan dela familiakoa izatea edo zergatik ez zen komeni, bai eta egoitza harrera ahalik eta motzena izan dadin ezarri diren ekintzak edo epeak ere.

c) Adingabe bakoitzaren eta bere familia naturalaren arteko harremanak erraztuko ditu, berriz batzea ahalbidetzeko, kaltea oneratzeko eta familiako lotura afektiboak atxikitzeko.

d) Ahaleginduko da anai-arreba guztien zaintza harrerarako pertsona edo familia bakar bati esleitzen.

e) Harrera behar-beharrezkoa den denborarako izanen da bakarrik, adingabe bakoitzarentzat planifikatutakoaren eta Esku-hartzearen Esku-liburuaren jarraibideak kontuan hartuz. Ahalegina eginen da adingabea gizarteratzeko eta hezkuntza, osasun eta lan arloetako sistemak erabil ditzaten.

f) Harreran dauden pertsonek beren jatorria ezagutzen ez duten kasuetan lagundu eta esku hartuko da, 151.5 artikuluan aurreikusitako moduan.

g) Egokitasunaren baldintzak eta irizpideak baloratuko dira, baita horien deklarazioarekin lotutakoa ere, erregelamenduz ezarritakoarekin bat; horrela aurreikusitakoak berdin aplikatuko dira adopzio-eskatzaileentzat ere.

h) Adin tarte bertsuan daudenak familia-nukleo edo egoitza bakar batean biltzeko ahalegina eginen da, eta posible ez denean prebentzio eta jarraipen neurri espezifikoak hartuko dira.

121. artikulua. Harrera familiei laguntza ematea.

Familia harreretan, harrera familiek dituzten beharrizanei erantzuna emateko neurriak ezarriko dira erregelamenduz, eta behar diren laguntza ekonomikoak, materialak nahiz bestelakoak emanen dira, familia ingurunea hobetzeko eta adingabeari baldintza egokietan arreta emateko.

122. artikulua. Harreraren aldaketa.

1. Harreraren modalitatea aldatuko da adingabe bakoitzarentzat onuragarritzat jotzen denean edo aldaketa egiteko ezarritako epea iragan denean. Harrera epai bidez ezarri baldin bada, epaitegi eskudunean sustatuko da aldaketa.

2. Harrera familiek komunikatu beharko dituzte bai egokitasunaren baloraziorako baliatu ziren baldintzen aldaketa orokorrak, balorazioa eguneratzeko eta, kasua bada, gaitasunen eta beharrizanen arteko uztartze egokia ziurtatzeko behar den trebakuntza edo laguntza emateko, bai senar-emazteen edo bikote egonkorren banaketak ere, bietako edozeinek izanen baitu eskubidea Administrazioak zehatz dezan zein diren irizpideak, banaketa gertatu ondoren, harreran dagoen pertsonari arreta emateko.

6. ATALA

Famili harrera

123. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Familia harrerak, zaintza babes neurri gisa betetzeko modua den aldetik, helburu orokorra du adingabeari ordezko edo osagarrizko arreta ematea, familia edo bizikidetza testuinguru egoki batean, hura familiatik bereiztea erabaki denean babesgabetasunaren deklarazioaren ondorioz, edo borondatezko zaintzapean dagoenean, eta, horretarako, adingabearen zaintza hori ematen zaio pertsona zehatz bati edo batzuei.

2. Familia harreraren ondorioa da adingabeak osotara parte hartzen duela haren zaintza bere gain hartzen duen familiaren bizitzan.

3. Harrera bateragarria izanen da adingabearen lotura afektiboak atxikitzearekin, baldin eta ez bada haren interesaren kontrakoa, kaltegarria ez bada haren garapen edo integraziorako, edo oztopatzen ez badu babes ekintza, eta hala izanik, ahalegina eginen da anai-arreba guztien zaintza pertsona edo familia bakar bati ematen, haien arteko harremanak erraztuko dira batera esleitzerik ez dagoenean, eta faboratuko da jatorrizko familiarekin harremanak izatea dagokion bisita araubidearen barruan, bai eta, kasua bada, haren bizitzan garrantzitsuak diren pertsonekin ere.

4. Adingabearen interesaren printzipio gorenak gidatuko du haren aplikazioa bidezkoa den zehazteko balorazioa, neurria hartu aurrekoa, eta, horrez gain, oinarria izanen da neurriaren modalitatea eta mota ezartzeko, edukia eta betetzeko baldintza bereziak zehazteko, eta zaintza bere gain hartu behar duen familia edo pertsonak hautatzeko. Horretarako, ziurtatuko da, posible denean, adingabearen nahia ere aintzat hartuko dela hamabi urte baino gehiago dituenean, edo haren iritzia baloratuko dela heldutasun eta gaitasun nahikoak dituenean, gazteagoa bada ere.

5. Posible bada, sustatuko da harreraren formalizazioa eta garapena oinarritu daitezen adingabearen beraren, jatorrizko familiaren eta harrera egiten duen pertsonaren edo familiaren parte-hartzean, ahalegina eginez guztien nahiak bat etor daitezen eta lankidetza egon dadin erabakiak hartzen eta neurria betetzen.

124. artikulua. Harrera egiten duten pertsonen edo familien eskubide eta betebeharrak.

1. Harrera egiten duten pertsonek edo familiek eskubide hauek dituzte:

a) Informazioa jasotzeko, harreraren izaeraz eta ondorioez, eta, halaber, aldez aurreko prestakuntza, jarraipena eta laguntza tekniko espezializatua ere, bai harrera bitartean bai bukatutakoan. Desgaitasuna duten adingabeen kasuan, harrera egiten duten pertsonek edo familiek eskubidea izanen dute orientazioa, akonpainamendua eta laguntza izateko, adingabearen desgaitasunerako egokituak.

b) Erakunde publikoak entzun eta aditu ditzan, adingabeari eragiten dion edozein ebazpen hartu aurretik, bereziki jatorrizko familiarekiko bisita, harreman edo komunikazio araubidea aldatu edo aldi baterako eten aurretik.

c) Informazioa jasotzeko, babeserako banakako planaz eta, harrerarekin lotuta, harreran dagoen adingabeaz hartzen diren neurriez eta aldizkako berrikuspenez; halaber, adingabearen espedienteari buruzko informazioa lortzeko, beren eginkizunak betetzeko beharrezkoa dutena, beste batzuen intimitaterako eskubidearekin eta datu pertsonalen babesarekin zerikusia dutenak izan ezik.

d) Harreran dagoen adingabea babesteko neurrien eta haren babesgabetasun egoeraren deklarazioaren kontrako prozesu guztietan parte izateko, bai eta tutoretza eginkizunekin formalizatu den familia harrera iraunkorreko neurriarekin lotutako aurkaratze prozesu guztietan ere.

e) Erakunde publikoarekin lankidetzan aritzeko, harrerarako ezarritako jarduketa eta jarraipen planetan.

f) Harreran duten adingabearen dokumentazioa izateko, identifikaziokoa eta osasun eta hezkuntza arlokoa.

g) Zaintzak atxikiak dituen eskubide guztiak baliatzeko.

h) Harreran duten adingabeak errespeta ditzan.

i) Erakunde publikoari laguntza eskatzeko, beren eginkizunak betetzeko.

j) Adingabearekin bidaiatzeko, baldin eta horren berri ematen bazaio erakunde publikoari eta hura aurka ez badago.

k) Konpentsazio ekonomikoa eta bestelako laguntza jasotzeko, halakorik ezarri bada.

l) Harreran duten adingabeari seme-alaba biologikoei edo adoptatuei ematen zaizkien baldintza berberak emateko, adingabea haiekin bizi den bitartean familiako eskubide eta betebehar berberak izan ditzan.

m) Adingabearekin harremanak izateko, harrera bukatu ondoren ere, erakunde publikoaren ustez adingabearen interes gorenerako komeni bada eta jatorrizko familia edo, kasua bada, adopziokoa edo harrera iraunkorrekoa, horrekin ados baldin badago, baita adingabea bera ere, heldutasun nahikoa badu eta, kasu guztietan, hamabi urte baino gehiago baditu.

n) Bere datu pertsonalak babesteko, jatorrizko familiari dagokionez, indarreko legeriarekin bat.

ñ) Erakunde publikoari formalki kexak eta iradokizunak aurkezteko, 30 egun iragan aurretik tramitatu daitezen, eta, entzunaldia eskatuz gero, epe hori iragan aurretik entzun dakien.

o) Harrera egiten duen pertsonak edo familiak, halaber, Administrazioak gainerako familia unitateei aitortzen dizkien eskubide berberak izanen ditu.

2. Harrera egiten duten pertsona edo familiek betebehar hauek dituzte:

a) Adingabearen ongizateaz eta interes gorenaz arduratu, ondoan izan, elikatu, hezi eta heziketa integrala emateko, ingurune afektibo batean. Desgaitasuna duten adingabeen kasuan, ordura arte jasotzen zituen laguntza espezializatuak ematen jarraitzeko edo haren beharretarako egokiagoak diren beste batzuk emateko.

b) Adingabeari entzun eta aditzeko, hari eragiten dioten erabakiak hartu aurretik, heldutasun nahikoa baldin badu eta, kasu guztietan, 12 urte baino gehiago baldin baditu, desgaitasunak eragindako inolako bazterketarik gabe, eta erakunde publikoari adingabeak egiten dituen eskaerak helaraztekoa, haren heldutasunaren arabera.

c) Adingabeak familiaren bizitzan osotara parte hartzen duela ziurtatzeko, eta parte-hartze hori adierazgarria eta benetakoa dela.

d) Erakunde publikoari adingabeari dagokionez garrantzia duen edozein gertaera jakinarazteko.

e) Adingabearen jatorrizko familiarekiko harremanak errespetatu eta errazteko, harrera egiten duten pertsonen edo familien aukeren arabera, jatorrizko familiarentzat ezarritako bisita araubidearen barruan eta familia berriz batzeari begira, halakorik bada.

f) Erakunde publikoekin lankidetza aktiboa izateko, adingabearen banakako esku-hartzea gauzatzean, eta neurriaren jarraipenean, haren oharrak eta orientabideak betez.

g) Adingabearen aurrekari pertsonalei eta familiakoei buruzko datuen konfidentzialtasuna errespetatzeko.

h) Erakunde publikoari familiaren egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko, harrerarako oinarri gisa hartu ziren datu eta inguruabarrei dagokienez.

i) Harreran dauden adingabeen intimitate eta nortasunerako eskubidea bermatzeko, baita norberaren irudiaren errespetua ere, eta haren oinarrizko eskubideak betetzen direla zaintzeko.

j) Proposatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzeko.

k) Adingabearen babes neurritik jatorrizko ingurunera, adopziora edo beste harrera mota batera igarotzean laguntzeko, edo babes neurri egonkorrago bat hartu ondoren ezartzen den ingurunera.

l) Harrera egiten duten pertsona edo familiek izanen dituzte, adingabearekiko, legeak guraso erantzukizunaren titularrentzat ezartzen dituen betebehar berberak.

125. artikulua. Harrera familiak erakartzea eta haiei laguntza ematea.

1. Adingabeen gaineko eskumenak dituen departamentuak sentsibilizaziorako estrategia bat ezarriko du harrera familien beharrari eta horiek erakartzeari buruz, irizpide hauekin: familiak erakartzeko kanpainak antolatzea, dauden harrera familien irizpidea eta gaiari buruzko azterketak eta esperientziak kontuan hartzea eta emaitzen jarraipena egiteko sistema bat ere jasotzea.

Adingabeen arloko eskumena duen departamentuak mota horretako ekintzak ere erantsiko ditu, kanpainak eta ekintzak osatu eta indartuko dituenak, onesten diren dirulaguntza deialdietan.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako estrategiaren baitan, irabazi-asmorik gabeko erakundeekin, adopzioan interesa duten familiekin eta Nafarroako Administrazio Publikoekin elkarlanean, kanpainak eta informazioa zabalduko dira eta familia harreraren gaian sentsibilizaziorako eta sustapenerako baterako saioak antolatuko dira.

3. Interesa duten familiei informazioa eta trebakuntza bermatuko zaizkie eta, ondoren, haien lanaren jarraipena eginen dela, behin harrera ezarri ondoren; kasu bakoitzean gutxienekoak ezarriko dira: informazioa eta sostengua, batez ere jasan duten galera edo kaltea arintzekoa, halakorik bada, eta ohikoenak diren zailtasunei aurre egitekoa, etxetik alde egiteari, lotura atxikitzen denean, familiek beraiek eskatzeko aukera bermatuz.

4. Harrera familientzako laguntza eta konpentsazio ekonomikoen sistema mantendu eta berrikusiko da, kontuan hartuta dituzten gastuak.

5. Familia harrera bat ezartzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileek eskubidea izanen dute familia laguntza gisa aurreikusitako ordainsaria jasotzeko familia biologikoen baldintza berdinetan.

6. Familien parte-hartzearekin (45. artikuluan aurreikusitako batzordearen bidez), kalitate irizpide eta estandarrak ezarriko dira, erabakitzen diren gaietan gutxienekoak eta hobetzeko bideak ere jasoz, honako hauek gutxienez: egokitasuna baloratzeko jarraibideak, konpentsazio ekonomikoak, harrera eta elkartegintzaren sustapena, harrera egiteko guneak egokitzea adingabeen beharretara, neurrien arteko trantsizioetarako prestakuntza, loturetarako arriskuak, batez ere harrerak bukatzeko prozesua, eta adingabeen arloko eskumena duen departamentuak harrera familiei tutoretza eginkizunak emateko eskatzeko baldintzak.

7. Adingabearen babes juridikoari buruzko araudian eta foru lege honetan harrera egiten duten pertsonei edo familiei aitortzen zaizkien eskubide guztiak errespetatuko dira eta erraztuko da haien erabilera, eta laguntza emanen da ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, halako moduan non bidaietarako baimenen araubidearen ordez komunikaziokoa baliatuko baita adingabearen eta familiaren intereserako komeni denean.

8. Aurrekontuetan lehenetsiko dira harrera familien jarraipena egitea eta erakartzea, foru lege honen 32. artikuluaren arabera ezartzen diren familia harreraren portzentajeak lortu bitarte.

126. artikulua. Familia harrerarako prozedura eta aldez aurreko faseak.

1. Familia harrerako neurria formalizatzeko fase hauek bete beharko dira:

Lehena. Familia harrerarako eskaintzaren eskaera aurkeztea.

Bigarrena. Familia harrerarako eskaintza egiten duten pertsonen edo familien egokitasunaren azterketa eta balorazio psikosoziala; horretarako, kontuan hartu beharko da, besteak beste, familia egoera eta heziketarako gaitasuna; kasuko adingabearen edo adingabeen mota guztietako beharrak ongi asetzeko gaitasuna; haren motibazioa eta harreraren izaera eta helburua, zein den modalitatea, bat datozen; eta babeserako banakako planaren helburuak betetzen laguntzeko jarrera, bai eta familia berriz batzeko programakoak ere, halakorik balego, adingabearen eta jatorrizko familiaren arteko harremana faboratuz.

Hirugarrena. Familia harrerarako eskaintza egiten duten pertsona edo familien egokitasunaren deklarazioa, ezarri nahi den harreraren modalitatearen arabera.

Laugarrena. Egokitzat deklaratutako harrera egiten duen pertsona edo familien hautaketa.

Bosgarrena. Hartutako familia harrerako neurria ezarri eta formalizatzea.

2. Familia harrerako neurri bat garatzeko egokitasuna da ahalmen, gaitasun eta motibazioa egokiak izatea zaintzari datxezkion erantzukizunak betetzeko, adingabearen beharrak asetzeko eta arreta eta heziketa integrala emateko ingurune afektibo batean, kontuan hartuz beti haur edo nerabearen premiak eta interes gorena, bai eta familia harrerako neurriak dakartzan ondorioak, berezitasunak eta ardurak bere gain hartzeko ere, adingabeari eskaini ahal izateko egonkortasuna, afektua, estimulazioa, zainketa eta haren nortasunaren ezaugarrien errespetua, garapen integralerako aukera emanen diotenak.

3. Adingabeen harrerarako eskaintza egiten duten pertsonen edo familien egokitasunaren balorazio psikosoziala egitean, lehentasuna emanen zaio haur edo nerabearen interes gorenari, egon daitekeen beste edozein interes legitimoren gainetik; eskaintza ez onartzea ekarriko duten egoerak hauek izanen dira:

a) Guraso erantzukizuna baliatzeko gabeturik edo hura etenda izatea ebazpen judizial edo administratiboaren bidez, edo hura gabetu edo eteteko kausan egotea.

b) Tutoretza egoera batetik legez baztertuta egotea.

c) Arriskuagatik edo babesgabetasunagatik, beren ardurapean dituzten adingabeak babesteko gauzatzen ari den ikerketa batek edo erabakitako neurri edo jarduketa batek ukituta egotea.

d) Askatasuna kentzen duen zigor baten kondena jaso izana, hura bete bitartean.

e) Epai irmoaren bidez kondenatuta egotea delitu hauengatik: giza hilketaren dolozko delitua, edozein dela ere modua, edo lesioena, askatasunaren, osotasun moralaren edo familiako eskubide eta betebeharren kontrako delitua, genero indarkeriarekin lotutakoa, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren kontrakoa, horren barne direla sexu erasoa eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea eta gizakien salerosketa.

f) Kautelazko neurrien menpe egotea, genero indarkeriaren edo emakumeen kontrako indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktimentzako babes agindu batekin lotuta.

g) Haur baten jaiotzaren edo adingabe baten adopziorako aurresleipenaren zain egotea, ugalketa lagundurako prozesu edo teknikak hartzen, seme edo alaba baten jaiotza edo adopzioa, azken kasu horretan sei hilabete iragan ez badira jaiotzetik edo adopziotik familia harrerarako eskaintzaren eta egokitasun deklarazioaren eskaera aurkeztu den egunera arte.

h) Kasu guztietan, araudi zibilean aurreikusitako xedapenen arabera tutoretza egitea galarazten duten egoera guztiak.

4. Horrez gain, kontuan hartuko da familia harrerarako eskaintza egiten duten pertsonak edo familia egotea ondotik aipatzen diren egoeretako batean, izan ere, horrek ekarriko baitu haiek ezestea, bai eta, larritasunaren edo nahitasunaren arabera, egokitasun eza deklaratzea edo prozedura etetea, edo emandako egokitasuna indarrik gabe uzten duen ebazpena ematea, egoera gertatzen bada edo haren berri izaten bada deklarazioa egin ondotik:

a) Ez izatea familia harrera egiteko behar diren baldintza egokiak (jarrera, ahalmena, gaitasuna, prestasuna, espektatibak, trebetasunak eta motibazioa), hain zuzen ere zaintzari datxezkion eginkizunak eta erantzukizunak betetzeko behar adinako bermea eman eta ahalbidetzen dutenak adingabeari arlo guztietan arreta behar bezala emanen zaiola.

b) Balorazioa egiteko garrantzitsuak diren datuak ezkutatu edo faltsutu izana, balizko legezko erantzukizunak baztertu gabe.

c) Balorazio psikosozialaren prozesua ez onartzea.

d) Kasuan kasuko espedienteari aplikatu beharreko prozeduraren arauak ez betetzea, espedientearen tramitazioari oztopoak jartzea edo ezartzen diren betebeharrak ez betetzea.

e) Hartutako familia harrerako neurriaren bilakaeraren gaineko jarraipen teknikoan egiaz laguntzeko borondaterik ez izatea, ez eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jatorrizko familiarekin esku hartzeko hartu diren neurrietan ere.

f) Adingabeen babeserako erakunde publikoak haur edo nerabearen onerako eskaintzen duen aholku, orientazio, laguntza nahiz arreta tekniko espezializatua ez onartzea.

g) Diskriminazio jarrerak, harrera baldintzatzen dutenak adingabeen ezaugarri fisikoen, sexuaren edo jatorri soziofamiliarraren arabera.

5. Erakunde publikoak berariazko ebazpena emanen du familia harreran interesa dutenen egokitasunaz eta, kasua bada, zehaztuko du familia harreraren zer modalitatetarako edo zer adingaberentzat den egokia ere.

Pertsona edo familia eskatzailea harrerarako ez-egokitzat ezartzen duen deklarazioak zehaztu beharko ditu horretarako arrazoiak.

Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, familia harrerarako eskaintzaren eta egokitasunaren deklaraziorako eskaera tramitaziorako organo eskudunaren erregistroan sartzen denetik hasita.

Aipatutako epean ez da denbora kontatuko baldin eta espedientea etenda badago familia harrerarako eskaintza egiten dutenei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

Familia harrerarako egokitasunaz emandako ebazpenen kontra legez ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira, ebazpen horiek egokitasuna eman edo ukatzen badute edo deklaratutako egokitasuna bertan behera uzteko helburua badute.

127. artikulua. Balorazioa eguneratzea.

1. Familia harrerarako egokitasunaren deklarazioa eman ondoren, bidezkoa izanen da egindako balorazioa eguneratzea kasu hauetan:

a) Egokitasunaren ebazpena eman zenetik hiru urte iragan direnean. Kasu hori ez da aplikatuko familia harrera formalizatua duten familietan, salbu eta berriz aurkeztu badute familia harrerarako eskaintza.

b) Egokitasunaren deklaraziorako zio izandako inguruabarretan aldaketa garrantzitsurik gertatzen bada, familia banatzea, adibidez. Horretarako, interesdunak beharturik egonen dira komunikatzera horrelako aldaketa esanguratsuak gertatu orduko, eta, hala egin ezean ulertuko da e) atalean jasotzen den kasuan daudela.

c) Interesdunek eskatzen dutenean, egokitasunaren deklarazioaren balorazioa eguneratzeko arrazoiak edo egoera aipatu beharko direla.

d) Familia harrerarako esleitutako adingabea onartu dutela epean komunikatzen ez badute edo esleipen bat justifikatu gabe onartzen ez badute.

e) Egiaztatzen denean interesdunek gerora ez dituztela betetzen familia harrerarako egokitasuna deklaratzea ekarri zuten irizpideak, edo horri buruzko datu garrantzitsuak isildu edo faltsutu badituzte.

f) Erabakitzen bada harrera bertan behera uztea harrera egiten dutenen egoera aldatu delako, halako moldez non egokitasun eza dakarren edo den kasu batean dauden, edo ez badituzte betetzen hautatzeko kontuan hartu ziren baldintzak edo irizpideak, familia harrera bertan behera uzteko aurreikusitako kasuez gain.

2. Egokitasunaren deklarazioaren balorazioa eguneratzeak berekin ekar dezake lehenago emandako deklarazioari eustea edo hura errebokatzea eta, horren ondorioz, ukitutako pertsona edo familiari emandako egokitasuna galtzea.

128. artikulua. Egokitasuna zuzenean galtzea eta errebokatzea.

1. Emandako egokitasuna zuzenean galdu eta errebokatzea ekarriko dute egoera hauek:

a) Familia harrerarako eskaintza egindako pertsonetako bat hiltzea edo hilik deklaratzea, familia harrerarako eskaintza egindako pertsonen dibortzioa, ezkontza-deuseztasuna eta banaketa, egokitasunaren deklarazioa eman ondoren formalizatu ez bada familia harrerako inolako neurririk eratzea.

b) Familia harrerako neurri bat eratzeari dagokionez proposatutako esleipena ez onartzea behar bezala justifikaturik ez dagoenean.

Horrelakoetan, erakunde publikoko organoak, familia harrerarako egokitasunaren deklaraziorako prozeduraz ebazteko eskumena duenak, berariazko ebazpena eman beharko du, behar bezala arrazoitua, hurrengo apartatuan aurreikusitako prozedura bete beharrik gabe, baldin eta aipatutako inguruabarrak espedientean berariaz jaso badira; ebazpen horren bidez errebokatuko da lehenago emandako egokitasuna, eta hamar eguneko epean jakinarazi beharko zaio ukitutako harrera egiten duen pertsona edo familiari, indarreko legeriaren arabera bidezko diren errekurtsoak aurkezteko aukera ematearekin batera.

Emandako egokitasuna errebokatu eta galtzeak ukitutako pertsonak edo familiak interesa badu familia harrerarako eskaintzeko, beste eskaera bat aurkeztu beharko du eskaintza egin eta egokitasun deklarazioa jasotzeko, eta hura lege honetan xedatutakoaren arabera tramitatuko da.

2. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, horretan aurreikusitako egoerak gertatzen badira formalizatuta dagoen familia harrerako neurri bat gauzatzen ari delarik, erakunde publiko eskudunak beste ebazpen bat emanen du, haren bidez egokitzeko eratuta dagoen familia harrerako neurriaren baldintzak errealitate berrira, pertsonala nahiz familiakoa izan.

Era berean, harrera egiten duen pertsonak edo familiak izenpetutako akordioen baldintzak aldatu beharko dira, harrera familiaren ezarpena formalizatzeko ebazpen berriari erantsi behar zaizkionak.

Jarduketa horiek beteko dira familia harreraren aldaketari buruz aurreikusitakoari jarraikiz, galarazi gabe emandako egokitasun deklarazioaren balorazioa eguneratzeko prozedurari ekiteko aukera.

3. Egokitasunaren deklarazioa errebokatzeak berekin ekarriko du lehenago emandako egokitasun deklarazioa indarrik gabe gelditzea.

129. artikulua. Harrera egin behar duen pertsona edo familiaren hautaketa.

Adingabe zehatz batentzat familia harrerako neurria hartu beharra dagoela detektatu ondoren, ofizioz hasiko da hautaketa prozedura, egokitasun deklarazioa indarrean dutenen artean, arau hauei jarraikiz:

Lehena. Adingabea bere ingurunean gelditzen laguntzeko, egokitzat jotzen den familia zabala baldin badago, haien artean eginen da hautaketa. Era berean, aintzat hartuko dira gertuko pertsonak edo familiak ere, adingabearekin aurretik harremana edo bizikidetza esanguratsua, positiboa eta egokia izan badute. Halere, familia-nukleo egoki bakarra baldin badago, ez da beharrezkoa izanen hautaketa prozedurarik.

Bigarrena. Hautaketa egin beharko da ezarri beharreko harrera modalitaterako egokitasunaren deklarazioa duten pertsona edo familien artean.

Hirugarrena. Hautaketa prozeduran ez dira aintzat hartuko familia harrerarako eskaintza egin duten pertsona edo familiak baldin eta egoera hauetako batean badaude:

a) Egokitasun deklarazioa etenda izatea.

b) Adingabearena ez den familia batean harrera egiteko hautaketa prozesua denean, hamabi hilabete iragan arte gertaera hauetatik:

–Seme edo alaba baten jaiotze datatik;

–Adopzioa eratzeko ebazpen judizialaren datatik, edo, kasua bada, atzerriko agintaritza publikoak, horretarako eskumena duenak, neurri edo ebazpen baliokidea eman duen datatik; edo

–Zaintza adopziorako helburuarekin eratu dela ebazpen administratiboaren bidez formalizatu denetik.

Laugarrena. Harrera neurriaren xede den adingabearentzat egokiena den pertsona edo familia hautatzeko, irizpide orokor hauek kontuan hartu beharko dira, eta beharraren eta proportzionaltasunaren printzipioen arabera baloratu eta ponderatu, aintzat hartuz beti haur edo nerabearen interes gorena eta hura betetzeko erarik onena:

a) Hautapen prozeduraren hasieraren xede den adingabearen anai-arrebak harreran egotea lehenagotik.

b) Adingabearekin harreman edo bizikidetza garrantzitsua, positiboa eta egokia egotea lehenagotik.

c) Pertsona edo familiaren familia edo gizarte inguruabarrak egokiagoak izatea adingabearen ezaugarri eta beharretarako.

d) Adingabea hazi den ingurune soziokomunitarioan mantentzea edo, kontrakoa, handik urruntzea komeni den.

e) Pertsonaren edo familiaren ingurunean baliabideak izatea.

f) Adingabeak bere familia eta gizarte ingurunean erabili ohi duen hizkuntza jakitea.

Bosgarrena. Aurreko arauan jasotako irizpideetatik salbuespena ezartzen ahalko da harrera egiteko pertsona edo familia bat hautatzeko prozedura hastearen xede den adingabea behar edo inguruabar bereziak dituen adingabea denean foru lege honetan definitzen den bezala.

Seigarrena. Eratu gogo den familia harreraren modalitatea zein den, irizpide hauek ere kontuan hartu beharko dira, eta beharraren eta proportzionaltasunaren printzipioen arabera baloratu eta ponderatu, aintzat hartuz beti haur edo nerabearen interes gorena eta hura betetzeko erarik onena:

a) Familia harrerako neurri bat familia zabalean eratu nahi denean:

a.1) Adingabearen familia arazoak hobeki ulertzea.

a.2) Adingabeari harrera neurria hartu aurretik interes handiagoa erakutsi edo arreta handiagoa eman izana.

a.3) Dena delako pertsonak edo familiak egonkortasun handiagoa ematea harrera neurriari eusteko.

a.4) Dena delako pertsonak edo familiak harreman ez gatazkatsua izatea adingabearen gurasoekin edo tutorearekin.

b) Familia harrerako neurri bat eratu nahi denean adingabearena ez den familia batean eta nukleo bat baino gehiago egokiak direnean, lehentasuna emanen zaio adingabearekin lotura afektibo handiagoa duen familiari, edo lehenagotik harekin harreman edo bizikidetza positibo eta egokia izan duenari.

c) Familia harrera iraunkorreko neurri bat eratu nahi denean eta egokiak diren familia nukleoetan baldintza berdinak daudenean, lehentasuna emanen zaie adingabearekin, hautaketaren unean, berrogeita bost urtetik beherako adin tartea dutenei. Bikote bat bada, kontuan hartuko da bikotekide gazteenaren eta adingabearen arteko adin tartea.

d) Familia harrera espezializatuko neurri bat eratu nahi denean, ahal dela hautatuko da harreraren xede den adingabearen ezaugarri eta behar espezifikoekin hobekien bat datorren pertsona edo familia, haren prestasuna, kualifikazioa edo esperientzia profesionala edo pertsonala dela eta, haren alde lehenago formalizatu den familia harrera espezializatu batean frogatuta.

130. artikulua. Familia harrerako neurria aldatzea.

1. Familia harrera formalizatua duten pertsona edo familiak beharturik egonen dira, familia harrerako neurria hasten den egunetik beretik, haren jarraipenaz arduratzen den teknikariari komunikatzera egokitasun deklarazioa egiteko kontuan hartutako inguruabarretan gertatzen den edozein aldaketa adierazgarri; horretan sartzen dira harrera egiten duten pertsonetako baten heriotza edo heriotzaren deklarazioa, haien banaketa, dibortzioa, eta ezkontza-deuseztasuna edo ezkontzaren parekoa den bikotearen edo harreman afektibo-sexualaren bukaera.

2. Behin ezagutu ondoren harrera egiten duen pertsona edo familiaren egoera berria, familiakoa, pertsonala nahiz soziala, haren balorazioa egin beharko da, harreran dagoen adingabearen egoerari dagokionez, eta horrek ekartzen ahalko du aldaketak egitea, dela neurrian, harrera egiten duen pertsona edo familiaren egoera berrira eguneratzen laguntzeko, dela harrera egiten duen pertsona edo familiaren egokitasun deklarazioan.

3. Familia harreraren neurri bat hartzea eragin zuten inguruabarrak funtsean aldatzen badira, eta, horren ondorioz, eta haur edo nerabearen interes gorenari begiratuta, erreferentziako pertsona gisa esleituta dagoen profesionalen talde teknikoko pertsonaren iritziz hartutako familia harrerako neurria aldatu behar bada funtsezko baldintzei dagokienez edo harreraren modalitateari dagokionez, txosten bat eginen du zeinean justifikatu beharko baitu neurriaren aldaketa, arrazoiak emanez, eta adierazi zein diren lehenago hartutako familia harrerako neurriak izan beharreko baldintza berriak edo zein izan beharko lukeen neurriaren modalitate berria.

4. Espedientea aztertu eta baloratu ondoren, profesionalen talde teknikoak entzunaldiaren tramitea emanen die, hamar egunez, adingabeari, harrera egiten duen pertsona edo familiari eta, kasua bada, jatorrizko familiari, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta agiriak eta justifikazioak aurkez ditzaten.

5. Entzunaldiaren tramitea bukatuta, eta haren emaitza ikusirik, profesionalen talde teknikoak txosten bat prestatuko du, behar bezala arrazoitua, familia harreraren aldaketaz bere iritzia emanez. Txosten hori igorri eginen da babeserako banakako planarekin batera, zeinean zehaztuko baitira planifikatutako esku-hartzeak edo jarduketak, dagokion ebazpena eman dadin.

6. Nolanahi ere, familia harrerako neurria aldatu aurretik, neurriak ukitzen dituen pertsonen adostasuna eskatu beharko da, familia harrerako neurriak dituen baldintza berriak ezartzeko. Harrera egiten duen pertsonak edo familiak ez baditu onartzen familia harrerako neurriaren baldintza berriak, edo adostasunaren berri ematen ez bada, bertan behera geldituko da ukitutako adingabeari dagokionez indarra zuen familia harrerako neurria, foru lege honetan aurreikusitako baldintzetan.

7. Hartutako ebazpena hamar eguneko epean jakinarazi beharko zaie harrera egiten duen pertsona edo familiari, harreran dagoen adingabeari, Fiskaltzari eta adingabearen gurasoei edo haren tutoretza edo zaintza dutenei.

8. Familia harrerako neurri bat hartzea eragin zuten inguruabarrak aldatu baldin badira harrera egiten duten pertsonen bizikidetza edo harreman afektibo-sexuala bukatu delako, banaketa, dibortzio edo ezkontza-deuseztasunaren ondorioz, haur edo nerabearen interes gorena aintzat hartuz, familia harrerako neurriaren aldaketa egiten ahalko da, zaintza eta jagoletza bi bikotekideek modu partekatuan betetzea dakarrena, baldin eta inguruabar hauek badira tartean:

a) Harreran dagoen adingabea gutxienez ere bi urtez bizi izana harrera familiarekin.

b) Bi pertsonak egokiak izatea familia harrerako neurri bat betetzeko.

c) Bi pertsonak elkarrengandik gertu bizitzea.

d) Bi pertsonek adostasuna adieraztea familia harrerako neurriaren baldintza berriekin.

9. Familia harrerako neurri bat larrialdi batean edo aldi baterako eratzea formalizatzen denean, eta haren indarraldian edo behin bukatuta egiaztatzen bada ezinezkoa dela harreran dagoen adingabea jatorrizko familiara itzultzea, edo adingabearen eta bere familiaren inguruabarrak direla-eta komeni denean, haur edo nerabearen interes gorena aintzat hartuz, baldin eta familia harrerako neurriaren jarraipenean lortutako informazioak erakusten badu modu egokian gauzatzen ari dela, proposatzen ahalko da familia harreraren modalitatea aldatzea eta larrialdikoa zena aldi baterako edo iraunkor bihurtzea, edo aldi baterako familia harrera iraunkor bihurtzea, bidezkoa dena.

Horretarako, familia harrera baten indarraldia bukatzen denean, izan larrialdikoa izan aldi baterako, horren berri emanen zaio harrera egiten duen pertsona edo familiari, eta hark adierazten ahalko du neurria betetzen ez segitzeko asmoa.

Dena dela, lehendik dagoen familia harrerako neurriak indarrean jarraituko du edo luzatu eginen da familia harreraren modalitatea aldatzea erabakitzen duen ebazpena eman arte edo, harrera egiten duen pertsonak edo familiak adostasunik eman ezean familia harrerako neurriaren modalitate berriari, familia harrerako neurri berriaren eraketa formalizatzen duen ebazpena eman arte.

131. artikulua. Familia harrerako neurria etetea.

1. Erakunde publikoak erabakitzen ahalko du, betiere haur edo nerabearen interes gorena aintzat hartuz eta harrera egiten duen pertsona edo familiarekin eta adingabearekin entzunaldiaren tramitea bete ondoren, hartutako familia harrerako neurria aldi baterako etetea, eta beraz harreran dagoen adingabea harrera nukleotik bereiztea berriz batzeko perspektibekin.

2. Profesionalen talde teknikoak entzunaldiaren tramitea emanen die, hamar egunez, adingabeari, harrera egiten duen pertsona edo familiari eta, kasua bada, jatorrizko familiari, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta agiriak eta justifikazioak aurkez ditzaten.

3. Entzunaldiaren tramitea bukatuta, eta haren emaitza ikusirik, profesionalen talde teknikoak txosten bat prestatuko du, behar bezala arrazoitua, familia harrera aldi baterako eteteaz bere iritzia emanez. Txosten horrek adieraziko du etetea zenbat denbora luzatu beharko litzatekeen, gutxi gorabehera, eta igorri eginen da dagokion ebazpena eman dadin.

4. Ematen den ebazpenean erabakiko da familia harrerako neurria etetea eta zehaztuko da haren ondorioak aldi baterako etetea eta harrera egiten duen pertsonak edo familiak dituen betebeharrak eta eskubideak; eta, bereziki, adingabearen bisiten, egonaldien, harremanaren edo komunikazioaren araubideari dagozkionak.

5. Ebazpena hamar eguneko epean jakinarazi beharko zaie harrera egiten duen pertsona edo familiari, harreran dagoen adingabeari, Fiskaltzari eta adingabearen gurasoei edo haren tutoretza edo zaintza dutenei.

6. Familia harrerako neurriaren aldi baterako etenaldian, mantenduko dira adingabearen eta harrera egiten duen pertsona edo familiaren arteko bisiten, egonaldien, harremanaren edo komunikazioaren araubideari dagozkion eskubideak, bai eta haur edo nerabearen interes gorenari begira beharrezkoak diren aholku, trebakuntza, orientazio eta laguntza eta arreta tekniko espezializatuko neurriak ere.

7. Hartutako familia harrerako neurria aldi baterako eteteak ez du inola ere ekarriko familia harrerako neurriak indarra galtzea, baina etenaldi horretan eten egiten ahalko da, halaber, ezarritako konpentsazio edo laguntza ekonomikoak jasotzeko eskubidea.

8. Familia harrerako neurria aldi baterako etetea erabaki ondoren, etenaldiak dirauen bitartean adingabearen zaintza izanen duen baliabidea edo familia zein izanen den zehaztuko da; etenaldiak, oro har, sei hilabete iraunen du gehienez.

9. Erabakitako etenaldia iraganik, bidezkoa izanen da adingabea harrera egiten duen pertsona edo familiara itzultzea edo, ezinezkoa bada, familia harrerako neurria behin betiko bukatzea, hasiera batean formalizatu zen baldintzetan.

132. artikulua. Familia harrerako neurria bukatzea.

1. 108. artikuluan zaintza bukatzeko jasotzen diren arrazoiez gain, familia harreraren kasuan hauek ere izanen dira bukatzeko arrazoiak:

a) Harrera egiten duen pertsonak edo familiak bere gain hartu dituen konpromiso, betebehar eta beharkizunen ez-betetze larria edo errepikatua.

b) Atzematea harrera egiten duen pertsonak edo familiak ez duela gaitasunik edo motibaziorik adingabeaz arduratzeko.

c) Erabaki zen familia harrerako neurria aldi baterako eteteko aldia iragan dela edo, eteterako aurreikusitako gehieneko epea, sei hilabetekoa, eta egiaztatzen bada ezinezkoa dela adingabea harrera nukleoarekin berriz batzea.

d) Harrera egiten duen pertsona bakarra denean, haren heriotzagatik edo heriotzaren deklarazioagatik, edo hura gaitasun juridikoaz baliatzearen gaineko neurriak hartzeagatik, horrek galarazten badio adingabeari dagokionez bere gain hartu dituen konpromisoak, betebeharrak eta beharkizunak betetzea.

e) Aldi baterako familia harreraren modalitatea familia harrera iraunkor bihurtzea, haur edo nerabearen interes gorenerako komeni bada.

f) Bizikidetza edo harreman afektibo-sexuala bukatzea, banaketa, dibortzio edo ezkontza-deuseztasunaren ondorioz, salbu eta bidezkoa bada indarra duen familia harrerako neurrian aldaketa egitea eta, beraz, zaintza eta jagoletza bi bikotekideek batera betetzea, partekatuz.

g) Harrera egiten duen pertsonak edo familiak ez onartzea familia harrerako neurriaren baldintza berriak, edo horiekiko adostasunaren berri ez ematea.

2. Familia harrerako neurria bukatzea erabakitzen bada harrera egiten duen pertsona edo familiaren egoera pertsonala edo familiakoa aldatu delako, halako moldez non familia harreraren eskaintza ez onartzea ekarriko zuketen egoeretako bat gertatu den, bukatzea erabakitzen duen ebazpenak erabakitzen ahalko du, halaber, harrera egiten duen pertsona edo familiaren egokitasun deklarazioa errebokatzea.

3. Familia zabalean egindako harrera bat bukatzeak zuzenean ekarriko du harrera egiten duen pertsona edo familiari lehenago emandako egokitasun deklarazioa errebokatzea, eta bukatzea erabakitzen den ebazpenean hala dela jasoko da berariaz. Nolanahi ere, aurrekoaren salbuespena da familia harrera bukatzeak berekin ez dakarrenean familia harrerarako formalizaturik dauden beste neurri batzuk bukatzea.

4. Adingabearena ez den familia bateko harrera bukatzeak, harrera egiten duen pertsonari edo familiari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, ez du ekarriko azkentzea haren egokitasunaren inskripzioa harrera egiten duten pertsonen erregistroan.

5. Erakunde publikoak ezartzen ahalko du adingabearen eta harrera egiteari utziko dion pertsonaren edo familiaren arteko bisita eta komunikazio araubidea, betiere haur edo nerabearen interes gorenaren menpe.

7. ATALA

Egoitza harrera

133. artikulua. Egoitza harreran dauden adingabeekiko betebeharrak.

Egoitza harreran dauden adingabeei dagokienez, erakunde publikoek eta adingabeak dauden zerbitzu eta zentroak kudeatzen dituzten erakundeek foru lege honen aginduzko printzipioen arabera jardun beharko dute, osotara errespetatuz harreran dauden adingabeen eskubideak, eta oinarrizko betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eguneroko bizitzaren beharrizanak ase dituztela ziurtatuko dute, eta bermatuko dituzte adingabeen eskubideak, haien proiektu orokorra adingabe bakoitzaren ezaugarri pertsonaletara moldatuz, gizarte eta hezkuntza arloko banakako proiektuen bitartez, adingabearen ongizatea eta garapen fisikoa, psikologikoa, soziala eta hezkuntzakoa helburu, erakunde publikoak zehazten duen babeserako banakako planaren barruan eta foru lege honetan jasotako eskubideak bermatuta.

b) Adingabeen garapenerako egokia den bizikidetza esparru bat eskainiko dute, oinarrizko beharrizanak, psikologikoak, hezkuntzakoak, afektiboak eta sozialak aseko dituena.

c) Gizarte eta hezkuntza arloko proiektu orokor bat izanen dute eta banakako proiektu bat arreta jasotzen duten pertsonetako bakoitzari eta haren familiari arreta emateko. Banakako proiektu horrek babeserako banakako plana garatuko du, eta argi eta garbi ezarri beharko du zein den egoitzan sartzeko xedea, lortu beharreko helburuak, lortzeko epea eta jarduketak, ebaluazio adierazleak eta adingabea prestatzeko jarduketak, egoitzan sartzean eta handik ateratzerakoan.

d) Adingabeen egoitza harrerarekin lotuta hartzen diren erabaki guztiak haien hobe beharrez hartuko dira.

e) Senideen arteko bizikidetza eta harremana sustatuko dituzte, baldin eta haien onerako bada, eta ahaleginduko dira adingabeek egoitza egonkortasuna izan dezaten.

f) Familiarekiko harremana eta lankidetza bultzatuko dituzte eta, horretarako, jatorrizko familiara itzultzea edo harremana atxikitzea ahalbidetzeko behar diren baliabideak programatuko dira, erakunde publikoak ezarritako babeserako banakako planean ezarritakoari jarraikiz.

g) Adingabeen hezkuntza integrala eta inklusiboa bultzatuko dute, kasu eginez, bereziki, desgaitasuna duten adingabeen beharrei, eta zainduko dute bizitza betea izan dezaten trebatzen direla, batez ere haien eskolatzea eta heziketa.

h) Hamasei urtetik hemezortzi urtera bitarteko adingabeen kasuan, lehentasunezko helburuetako bat izanen da bizimodu independenterako prestatzea, lanerako orientazioa ematea eta laneratzeko trebatzea.

i) Funtzionamendurako eta bizikidetzarako barne araudia izanen dute, hezkuntza nahiz babes beharrei erantzunen diena, eta kexak eta erreklamazioak egiteko prozedura bat izanen dute jasota.

j) Adingabeei, sendagileak aginduta eta hark jarraipena eginda, behar dituzten medikamentuak emanen dizkiete, osasun arloko profesionalen praxisa betez. Horretarako, adingabe guztien osasun historia biltzen duen erregistro bat izanen dute.

k) Aldizka berrikusiko dute babeserako banakako plana, egoitzako baliabidea adingabearen egoera pertsonalarekin bat ote datorren baloratzeko.

l) Adingabeentzat onuragarria den guztietan, haien gurasoekin harreman egokia izan dezaten bultzatuko dute, erakunde publikoak ezarritako bisita araubidearen barruan betiere. Bisita araubidearen aldaketa nabarmena egiteko edozein proposamenaren oinarrian familiako esku-hartze planaren aurrerapena egonen da eta, edozein kasutan, baloratu beharko da eta erakunde publikoaren onarpena jaso beharko du.

m) Harreran dauden adingabeen zainketa eta arretarako alternatiba familiarrak sustatuko dituzte, familia harrerak, egonaldietarako eskuordetzeak, asteburuko irteerak edo oporrak eta mentoretza programak baliatuz. Horretarako, erakunde publikoarekin elkarlanean arituko dira aktiboki, harrera egiteko pertsona edo familia horiek erakartzeko eta familia harrera sustatzeko, babeserako neurri lehenetsi gisa.

n) Adingabeak beren ingurune komunitarioan dauden zerbitzuetan eta aisialdi, kultura nahiz hezkuntza jardueretan normaltasunez integratu daitezen sustatuko dute.

ñ) Babes neurrien jarraipena eta doikuntza egiteko, oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuekin eta zerbitzu espezializatuekin koordinatzeko behar diren bitartekoak ezarriko dituzte.

o) Zainduko dute prestakuntza izan dezaten bizimodu independenterako, eragiten dieten erabakietan parte har dezaten bultzatuz, horren barne dela zentroaren kudeaketa bera, autonomia bereganatzea eta erantzukizunak bere gain hartzen joatea pixkanaka.

p) Hezkuntza eta ikuskapen neurriak ezarriko dituzte, adingabeak informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta sare sozialak erabiltzen dituenean haren datu pertsonalak babesturik daudela bermatzeko.

q) Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osotara babesteari buruzko araudiak eskatzen dituen protokoloak eta horien eraginkortasuna ebaluatzeko tresnak izanen dituzte.

r) Adingabeen arloko eskumena duen departamentuak gai hauetan ezartzen dituen kalitate estandarrak beteko dituzte: langileen gutxieneko portzentajea eta kualifikazioa, zerbitzuak eta instalazioak eman eta kudeatzeko baldintzak, eta erabiltzaileen gogobetetze maila jakitekoa.

s) Adingabeek, haien familiek eta zerbitzua ematen dieten langileek parte hartzeko bitartekoak aurreikusi beharko dituzte.

t) Adingabeei babesa edo arreta emateko moduari dagokionez, itun soziala hobetsiko da, eta edozein bidetatik zerbitzuen adjudikaziorako irizpide gisa zerbitzuaren kalitatearekin lotutakoak erabiliko dira, lehentasuna emanez langileak ahalik eta gutxien aldatzeari, eta zerbitzua betetzeko baldintza berezietako bat, gutxienez, emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotuta egonen da.

u) Eskatuko da zentroetan diharduten langileen zati batek behintzat gaikuntza izatea emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arloan.

134. artikulua. Egoitza harrera mugatzea adinagatik eta familiakoa lehenesteagatik.

Hiru urtetik beherako adingabeentzat ez da egoitza harrera egitea erabakiko, non ez den une horretan ezinezkoa familia harrerako neurria hartzea edo neurri hori ez den komenigarria adingabearen interes gorenerako; kasua behar bezala egiaztatu beharko da. Egoitza harrera erabakitzeko muga hori sei urtetik beherakoei ere aplikatuko zaie ahalik eta eperik laburrenean egoera horretan egon daitezen. Nolanahi ere, oro har, adingabe horien egoitza harrerako aldia hiru hilabetekoa izanen da gehienez.

Era berean, erakunde publikoak sustatuko du egoitza harrera egin dadin adingabeen nukleo txikietan, familiako baldintzen antzeko bizimoduarekin.

135. artikulua. Ikuskapena eta gainbegiratzea.

Adingabeen eskubideen babesa ziurtatzeko, erakunde publikoak sei hilean behin egin beharko du zentro eta zerbitzuen ikuskapena eta gainbegiratzea, bai eta egoera dela-eta beharrezkoa den guztietan ere.

136. artikulua. Egoitzetan dauden adingabeen eskubideak.

Adingabeek, egoitzetan bizi diren bitartean, foru lege honen 74. artikuluan, gizarte zerbitzuei buruzko foru araudian eta antolamendu juridikoaren gainerakoan aitortzen zaizkienez gain, eskubide hauek dituzte:

a) Arreta jasotzeko, ezein arrazoi, baldintza edo ezaugarri pertsonal edo sozialetan oinarritutako diskriminaziorik gabe.

b) Zentroko langileen eta beste egoiliarren aldetik tratu duina hartzeko.

c) Eguneroko bizitzaren funtsezko beharrak ase izateko, garapen pertsonal egokirako aukera ematen dietenak, barne direla doako osasun laguntzarako eskubidea, nahitaezko oinarrizko irakaskuntza jasotzea, bakoitzaren adinari dagokiona, zentroan duten egoera edozein dela ere, eta haien inguruabarren araberako prestakuntza jasotzeko, hezkuntzakoa edo profesionala.

d) Haien intimitate pertsonala eta haien jabetzako gauzak errespetatu dakizkien, zentroan indarra duen hezkuntza arloko testuinguruan desegokiak ez badira.

e) Haien historiala eta bertan ageri diren datuak isilpean erabil daitezen eta haiekin harremanak dituzten langileak isilpeari atxiki dakizkion.

f) Beren legezko egoera ezagutzeko eta beren banakako proiektua prestatzen parte hartzeko.

g) Beti entzun eta aditu dakien garrantzia duten erabakiak hartzerakoan eta haien iritziak kontuan har daitezen 12 urte beteak dituztenean eta, gazteagoak izanda ere, nahikoa zentzuzkoak badira; eskubidea izanen dute, halaber, haien legezko ordezkariek informazioa jaso dezaten haien egoeraz eta bilakaeraz eta dagozkien eskubideez.

h) Harremanak izateko familiakoekin eta gertuko beste batzuekin eta Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak ezarritako bisita araubidea izateko, barneratze araubidean dauden adingabeen kasuan hiru urtetik beherako seme-alabak ondoan izateko eskubidea barne, erregelamenduz ezartzen diren baldintzekin betiere.

i) Zentroko jarduerak, barrukoak zein kanpokoak, prestatu eta garatzen modu aktiboan parte hartzeko.

j) Eguneroko bizitzan lo, jarduera eta aisialdirako aldi orekatuak izateko.

k) Haien nortasuna egoki garatzeko aukera eman dakien.

l) Kexa aurkezten dutenean entzun eta informazioa eman dakien zentroak kexa eta iradokizunetarako ezarritako sistemaz, eta horiek eta emandako erantzunak jasota gelditzeko, eta, halaber, informazioa eman dakien kexa eta erreklamazioetarako zentrotik kanpoko bideez, foru lege honen 74 l) artikuluan jasotakoez hain zuzen.

137. artikulua. Egoitzetan dauden adingabeen betebeharrak.

Egoitzetan dauden bitartean, adingabeek, besteak beste, betebehar hauek izanen dituzte:

a) Zentroetako funtzionamendu eta bizikidetzarako arauak betetzeko.

b) Zentroko langileen eta beste egoiliarren duintasuna eta eginkizunak errespetatzeko.

c) Hezkuntza, lan eta prestakuntza arloetako jarduerak kemenez eta etekinez egiteko.

d) Egoitzako instalazioak eta haien esku jartzen diren bitarteko materialak egoki erabiltzeko.

138. artikulua. Bizikidetza zentroetan.

1. Administrazio publiko eskudunak zentroko bizikidetza bermatzeko neurri egokiak hartzen ahalko ditu, jokabide desegokien kasuan hezkuntza arloko neurriak baliatuz, inolaz ere ez dutenak adingabeen duintasunaren kontra joko. Adingabe egoiliarrek zentroetan egiten dituzten diziplina faltak arinak, astunak edo oso astunak izanen dira, faktore hauen arabera: erabilitako bortizkeria, nahitasuna, emaitzaren garrantzia eta ukitutako pertsonen kopurua.

2. Adingabe egoiliarren portaera hauek izanen dira falta arinak:

a) Zentroko bizikidetzarako arauak arin urratzea.

b) Zentroko edo kanpoko edonoren errespetuari arin huts egitea.

c) Barne araubideko arauek debekatzen ez dituzten gauzak edo gaiak gehiegikeriaz eta modu kaltegarrian erabiltzea.

d) Zentroko gela, material eta tresnei eta besteren jabetzakoak diren gauzei kalte egitea edo horiek erabilezin uztea, ardurarik gabe edo utzikeriaz erabiltzeagatik.

e) Artikulu honetako 3. apartatuan aipatzen diren egite edo ez-egiteak, ez-betetzea edo kaltea larria ez bada, gertatzen diren gorabeheren arabera.

3. Adingabe egoiliarren portaera hauek izanen dira falta astunak:

a) Zentroko bizikidetzarako arauak modu larrian urratzea.

b) Zentroko edo kanpoko edonoren errespetuari modu larrian huts egitea, modu arinean eraso egin, mehatxatu edo derrigortzea.

c) Barneratzean dauden beste adingabe batzuk bultzatzea taldean matxinadak egitera, men ez egitera edo desordenetara, besteek kasurik egiten ez badiete.

d) Baimendutako aldi baterako irteera bat izan ondoren, ezarritako egunean eta orduan zentrora ez itzultzea, horrela jokatzeko justifikaziorik izan gabe.

e) Modu agerikoan zentrotik ihes egiten saiatzea.

f) Zentroko langileek, beren eskudantziak legitimoki betetzen ari direla, emandako aginduei men ez egitea, edo modu pasiboan aginduak betetzeari aurka egitea.

g) Zentroko gela, material eta tresnak edo beste pertsona batzuen gauzakiak nahita erabilezin uztea, kostua 300 euro baino gutxiagokoa bada.

h) Ausarkeriaz zentroko gela, material eta tresnei edo beste pertsona batzuen gauzakiei kalte egitea edo horiek erabilezin uztea.

i) Barne araubideko arauetan debeku diren gauzaki edo gaiak zentroan sartu, eduki edo kontsumitzea, 4. apartatuko g) eta i) letretan aipatzen direnak ez badira.

j) Errebindikazio gisa beren buruak zauritzea edo nahitaezko lanak saihesteko itxura egitea zauriturik edo gaixo daudela.

k) Baimenduriko irteeretan kontrolatzeko ezarritako baldintza eta neurriak ez betetzea.

l) Artikulu honetako 4. apartatuan aipatzen diren egite edo ez-egiteak, ez-betetzea edo kaltea oso larria ez bada, gertatzen diren inguruabarren arabera.

m) Falta arinetan berrerortzea.

4. Adingabe egoiliarren portaera hauek izanen dira falta oso astunak:

a) Zentroan edo kanpoan edonori eraso egitea, mehatxatzea edo derrigortzea, modu larrian denean.

b) Taldean matxinada, men ez egiteko ekintzetan edo desordenetan parte hartzea edo horietara bultzatu izana, halakorik gertatu bada.

c) Zentrotik ihes egitea edo horretarako laguntza ematea.

d) Zentroko langileek, beren eskudantziak legitimoki betetzen ari direla, emandako aginduei modu aktibo eta larrian aurka egitea.

e) Zentroko gela, material edo tresnak edo beste pertsona batzuen gauzak nahita erabilezin uztea, kostua 300 euro baino gehiagokoa bada, eta haietan nahita txikizioak egitea.

f) Zentroko material edo tresnak edo beste pertsona batzuen gauzakiak lapurtzea.

g) Zentroan alkohola, droga toxikoak, gai psikotropikoak edo sorgorgarriak sartu, eduki edo kontsumitzea.

h) Zentroan armak edo pertsonentzat arriskutsuak diren gauzak sartzea edo edukitzea.

i) Falta astunetan berrerortzea.

139. artikulua. Adiskidetzea, erreparazioa eta neurri zuzentzaileak.

1. Adingabeek eginiko faltetarako neurri zuzentzaileen eduki eta funtzioa gehienbat hezkuntza arlokoak izanen dira eta zuzenean edo zeharka ez dute ekarriko gorputz zigorrik, lotura mekanikorik, umilaziorik, elikagaiez gabetzerik, ahaideen bisitarako eskubideaz gabetzerik, nahitaezko hezkuntzarako eta ikastetxera joateko eskubideaz gabetzerik, eta ez dute ekarriko inolako indarkeriarik edo adingabeen osotasun fisiko edo psikikoa kaltetzerik edo haien duintasunaren kontra joko ere.

Adingabearentzat edo beste batzuentzat ohiz kanpoko edo berehalako arriskua, ihes egiteko arriskua edo instalazioetan kalteak eragiteko arriskua badago, lehenik eta behin, emozioak eta gatazkak kudeatzeko hitzezko teknikak erabiliko dira, tentsioa murriztu, eta bizikidetza leheneratze aldera. Soilik azken baliabide gisa, eta aurreko teknikak aplikatu ondoren arriskua bukatu ez bada, fisikoki lotzeko neurriak hartzen ahalko dira, indarkeriarik gabekoak betiere, eta aplikatuko dira kasu guztietan printzipio hauek betez: adingabearen interes gorena, duintasun pertsonalaren, haurraren pribatutasunaren eta eskubideen errespetua, salbuespeneko izaera, beharra, proportzionaltasuna, banakotasuna, behin-behinekotasuna eta esku-hartze txikiena. Neurri horien guztien legezkotasun-kontrola egin eta ikuskatzen ahalko dituzte administrazio edo instituzio eskudunek, eta foru lege honetan aurreikusitako bitartekoen bidez entzunaldia, erreklamazioa edo kexa egiteko aukera bermatuko da.

2. Ez da bidezkoa izanen neurri zuzentzailerik aplikatzea aurretik ahalegindu gabe gatazka modu baketsuan konpontzen eta oneratzea edo erreparazioa egiten zigorrez kanpoko bitartekoak erabiliz, horren barne dela bizikidetzarako konpromisoak hartzea Nafarroako ikastetxeetako bizikidetzari buruzko araudian aurreikusitako baldintzetan.

Neurri zuzentzaileek ez dute kaltetuko adingabeen oinarrizko beharrei eta eskubideei eman beharreko arreta, eta hartuko dira beti kontuan hartuz adingabearen egoera pertsonala eta jarrera eta haren portaerak eragindako emaitzak.

3. Falta arinen kasuan, adingabeei aplikatzen ahal zaizkien neurri zuzentzaileak hauek dira:

a) Ohartarazpena.

b) Zentroko aisialdiko jarduerez gabetzea, egun batetik seira bitarte.

4. Falta astunen kasuan, adingabeei aplikatzen ahal zaizkien neurri zuzentzaileak hauek dira:

a) Egun batetik hamabostera bitarte asteburuetan irteerez gabetzea, ezarritako bisita araubideari traba egin gabe.

b) Aisialdirako irteerez gabetzea, gehienez ere hilabetez.

c) Zazpi egunetik hamabostera bitarte zentroko aisialdiko jardueretan parte hartzeko aukeraz gabetzea.

d) Taldetik bereiztea, oldarkortasuna, bortizkeria edo bizikidetzaren asaldatze larrien kasu nabarmenetan, gehienez ere bi egunez.

e) Taldetik asteburu batean edo bitan bereiztea.

5. Falta oso astunen kasuan, adingabeei aplikatzen ahal zaizkien neurri zuzentzaileak hauek dira:

a) Hamabost egunetik hilabete batera bitarte asteburuetako irteerez gabetzea.

b) Aisialdirako irteerez gabetzea, hilabete batetik bira bitarte.

c) Taldetik bereiztea, oldarkortasuna, bortizkeria edo bizikidetzaren asaldatze larrien kasu nabarmenetan, hiru egunetik zazpi egunera bitarte.

d) Taldetik hiru asteburutik bostera bitarte bereiztea.

6. Neurri zuzentzaileak mailakatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Adingabeen adina eta ezaugarriak.

b) Hezkuntza arloko banakako proiektua.

c) Hutsegitea zenbatean egin den nahita edo arduragabekeriaz.

d) Arau-hausteak behin eta berriro egitea.

e) Berrerortzea, urtebetean eite bereko falta bat baino gehiago egin bada, foru lege honen araberako neurri zuzentzaile bat aplikatu zaionean falta horregatik.

f) Zentroko funtzionamendua asaldatzea.

g) Beste egoiliarrei, langileei edo zentroko ondasun edo instalazioei eginiko kalteak.

7. Falta bat egitearen ondorioz halabeharrez beste falta bat edo batzuk egin badira, egindako falta astunenari dagokion zehapena bakarrik ezarriko da.

8. Eraso egin zaion pertsonari barkamena eskatzeak, ondasunak itzultzeak edo kaltea konpontzeak eten edo apaltzen ahal ditu neurri zuzentzaileak, jokabide arau-hauslea errepikatu ezik.

140. artikulua. Prozedura.

1. Gatazkak konpontzeko edo neurri zuzentzaileak ezartzeko prozedura erregelamenduz edo zentroetako barne arauetan garatuko da, baina beti bermatuko dira adingabeen eskubide hauek:

a) Neurriak ezartzeko prozedurarik ez da hasiko aurreko artikuluaren 2. apartatuan jasotzen denaren arabera konponbidea saiatu gabe.

b) Prozedurari buruzko informazioa eta orientazioa eskuratzeko, bai eta horretan dituen eskubideez eta ondorioez eta tramitatzen dituztenak identifikatzeko eta, kasua bada, errekusatzeko ere.

c) Entzun eta aditu dakien eta, kasu guztietan, haien iritziak eta alegazioak kontuan har daitezen ebazpena ematean, nahikoa zentzudunak badira eta beti 12 urtetik gora.

d) Frogak aurkezteko.

e) Zentroan horretarako izendatzen duten pertsonaren aholkuak hartzeko.

f) Aplikatutako neurriei buruz eta neurriak eten edo apaltzeko aukera ematen duten inguruabarrei buruz azalpen argiak eta errazak jasotzeko.

2. Adingabe egoiliarrei ezartzen zaizkien neurri zuzentzaileen berri emanen zaie berehala adingabearen gurasoei, tutoreei edo legezko ordezkariei, Fiskaltzari eta, adingabeak zentrora epaileen ebazpenaren ondorioz eraman badira, kasuan kasuko organo jurisdikzionalari ere bai. Halaber, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunari ere jakinaraziko zaizkio, espediente pertsonalean ager daitezen.

8. ATALA

Adopzio nazionala eta nazioartekoa

1. AZPIATALA

Printzipio orokorrak

141. artikulua. Adopzio nazionalari eta nazioartekoari buruzko printzipio orokorrak.

Babes neurri hori proposatzean, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak printzipio orokor hauek hartuko ditu kontuan:

a) Ororen gainetik, adingabeen interes gorenak lehentasuna izanen du zilegi den beste edozein interesen gainetik, funtsezko printzipio gisa.

b) Adingabeak esleitzeko, kontuan hartuko da adoptatu nahi duten pertsonengan baloratu diren gaitasunak bat datozen adoptatu beharrekoengan atzeman diren beharrekin. Kontuan hartzen ahalko da aldi baterako lehentasunaren irizpidea ezaugarri bereziak dituzten adingabeen adopzioak ez direnean.

c) Adingabeen adopzioa sustatuko da bakarrik, familiaren egoera zehatz-mehatz baloratu ondoren, adingabea familian gelditzerik edo hartara itzultzerik ez dagoenean.

Egoera hori adieraziko da adingabea adoptatua izateko aukerei buruzko agiri bakoitzeko babeserako banakako planean.

d) Adingabe bakoitza beren familia berrian erabat integratzen dela bermatzeko, adopzioa helburu duen zaintzako aldi bat sustatzen ahalko da, eta adopzio proposamena igorri aurretik edo ondoren egiaztatu ongi joan den.

e) Adopzio arloko jarduketa guztiak isilpekoak eta konfidentzialak izanen dira.

f) Adopzioa eskatzen dutenek beren eskaeran ezin dezakete egin inolako diskriminaziorik adingabeen sexu, arraza, etnia edo desgaitasunean oinarrituta; horrez gain, ezaugarri bereziak dituzten adingabeak adoptatzeko baldintzak bete eta konpromisoak bere gain hartu behar izanen dituzte, adopzio horietarako eskaerak onar daitezen.

g) Adoptatuko denari, 12 urte baino gehiago baditu, adostasuna eskatuko zaio, entzun eginen zaio beti eta haren iritzia baloratuko da gazteagoa bada, aski zentzuduna bada.

h) Adoptatzeko eskaera bost urtetik bost urtera gaurkotuko da, eskabide berri baten bidez. Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunari aldatzen diren identifikazio datu guztien berri emanen zaio.

i) Babes sisteman dauden nerabeak adoptatzea sustatuko du, batez ere egoitza harreretarako aurreikusitako gehieneko epeak iragan direnean.

j) 6 urtetik beherakoak Arreta Goiztiarreko sisteman sartzea bultzatuko du.

k) Kontuan hartuko du adopzio irekia proposatu behar den, babeserako banakako planean adingabearen onerako aholkatuta dagoelako, bi familien inguruabarrek horretarako aukera ematen dutenean.

l) Adoptatutakoen eskubidea beren jatorria ezagutzeko, eta laguntza ematea bai gurasoen identitateari eta anai-arrebarik izateari buruz informazioa emateko bai, kasua bada, pertsona horiekin harremanetan jartzea erraztea, bi aldeek hala nahi badute.

2. AZPIATALA

Adopzio nazionala eta nazioartekoa

142. artikulua. Adopziorako bete beharrekoak.

1. Babeserako erakunde publikoak proposatuta adopzioa gauzatzeko, beharrezkoa da erakundeak deklaratzea, babes neurri gisa, adingabe bat adoptatua izan daitekeela, hau da, haur edo nerabe bat adoptatua izateko egoeran dagoela, familia batean bizi proiektu egonkor eta iraunkor bat sustatzeko xedeaz.

Haur edo nerabeak adoptatuak izateko egoeran egon daitezke arrazoi hauengatik:

–Filiazio ezezaguna.

–Gurasoei guraso erantzukizuna kendu zaielako edo tutoretza kendu delako.

–Gurasoek edo legezko ordezkariek beren seme-alabak adopzioan ematearekin ados daudelako.

–Babeserako erakunde publikoaren erabakia babestutako haur eta nerabeen gainean, kasu hauetan:

a) Gurasoekiko lotura afektiboak hautsita edo oso hondatuta daudelako.

b) Lotura afektiborik garatu ez delako gurasoekin edo jatorrizko familiako beste kide batzuekin, horiek izanik inoiz adingabeaz arduratu direnak edo haren zainketa bere gain har dezaketenak.

c) Adingabearen osasun fisiko, emozional, mental edo espiritualerako arriskua dagoelako.

d) Adingabearen eskubideak urratzeko arriskua dagoelako eta haren egoerarako egokiak diren lotura afektibo berriak ezartzea eta horrekin babes osoa lortzea posible dela ulertzen bada.

e) Babesgabetasun egoerak ezegonkortasuna eragiten dionean eta horrek okerrerako baldintzatzen badu haren garapena, eta babes neurri iraunkor bat behar duenean, premiazkoa duen egonkortasuna emateko.

f) Harrerako babes neurria ezarria duen adingabeak eskatzen duelako.

2. Erakunde publikoak honetan oinarrituta baloratuko du adoptatua izateko aukerak daudela:

a) Babes neurriaren jarraipena egiten duen talde tekniko espezializatuak egindako txostenak. Txosten horiek egin beharko dira adingabearen familia integrazioa eta gizarteratzea lortzen ahalegintzeko egin diren gizarte eta familia esku-hartzeei buruz, arrazoitu beharko dute bidegabekoa dela familia berriz batzea eta adoptatua izateko egoeran dagoela baloratzea sustatzea. Halakoetan, ulertuko da familia biologikoan berriz sartzerik ez dagoela itzultzeko aukeraren bat egonda ere denbora gehiegi behar denean horretarako, hain zuzen ere adingabearen garapen psikosozialean kalte handiagoa ekarriko lukeen denbora.

b) Txosten teknikoak, sozialak, medikoak, psikologikoak eta hezkuntza arlokoak, adingabeari bere familian bertan arreta emateko aukerei buruzko informazioa ematen dutenak, eta familiarekin dituen lotura afektiboen balorazioa, bai eta familiarekin berriz bat egitea bideragarria den edo ez.

c) Erakunde publikoari egoitza edo familia harreran dagoen adingabearen ezaugarrien berri emateko protokoloa, adoptatua izateko haren egoera baloratzeko; protokoloa adingabearen erreferentziako talde teknikoak eginen du.

d) Familia zabalarekin balizko harrera planteatzea ez dela bideragarria arrazoiekin justifikatzea, eskaerarik izan ez delako edo adingabearen harrera egiteko ez egokiak baloratu direlako, eskaera egin ondoren.

e) Adingabea prestatzea, ezagutu eta uler dezan bere bizitzaren historia, familia-nukleora itzultzeko aukerarik ez dagoela eta eskaintzen ahal zaizkion alternatiba familiarrak.

3. Balorazio batzordeak berretsiko du talde teknikoak egindako txostena. Berretsi ondoren, ebazpena emanen da, gurasoei, zaintza dutenei edo legezko ordezkariei jakinaraziko zaie, eta adingabea Adopzioen Erregistroan inskribatuko da, “Adoptatuak izateko egoeran dauden adingabeak” izeneko atalean.

4. Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak proposaturik, adopzioa eskatzen dutenek adoptatzen ahalko dute baldintza hauek betetzen badituzte, Foru Berrian aurreikusitakoez gain:

a) Nafarroan bizitzea.

Salbuespen gisa, Nafarroako Foru Komunitatean adingabe batzuentzat familia egokirik egon ezik, adingabeen interesa, goragokoa baita, kontuan hartuz, adopzioa eskatzen dutenak Nafarroako Foru Komunitatean ez bizitzea onartzen ahalko da.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak egokitzat deklaratu ondoren, organo horrek berak proposatzea, haien gaitasunak adoptatu beharreko adingabearen beharrekin bat datozela egiaztatu ondoren.

c) Ez edukitzea zigor-aurrekaririk. Behar den ziurtagiriarekin egiaztatu beharko da hori.

5. Horrez gain, babeserako erakunde publikoaren proposamen beharrik gabe adoptatzen ahalko da, babes sistematik kanpo, adoptatua egoera hauetako batean baldin badago:

Lehena. Umezurtza izatea eta adoptatzailearen laugarren graduko odol edo ezkontza-ahaidea.

Bigarrena. Ezkontidearen edo bikotekide egonkorraren semea edo alaba izatea.

Hirugarrena. Adoptatzailearekin urtebetetik gora egon izana adopzioa helburu duen zaintzan edo tutoretzapean.

Laugarrena. Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua.

143. artikulua. Adopziorako ordena.

Eskaeren tramitazio eta balorazioaren hasiera ordenatuko da eskaintzan jasotzen den adopzio proiektua kontuan hartuz eta lehentasuna emanez adopzio irekirako eskaintzei eta ezaugarri bereziak edo adoptatuak izateko aukera gutxiago dituzten haur eta nerabeentzat familia alternatiba dakarten eskaintzei. Esleitzeko irizpideak haien inguruabar berezietara egokituko dira. Erakunde publikoak baloratutako familien egoeraren aldizkako jarraipena eginen du.

144. artikulua. Adopzioari buruzko informazioa eta trebakuntza.

Adingabe baten adopzioa eskatzen dutenek eskubidea dute informazio orokorra jasotzeko prozeduraz, adingabeen ezaugarriez, hautatu eta baloratzeko irizpide orokorrez eta adopzio prozesuan laguntza teknikoa izateaz; eskubidea dute, halaber, trebakuntza jasotzeko, 8.3 artikuluan aurreikusitako jarraibideak aintzat hartuz, eta haiek, beren aldetik, lagundu beharko dute prozesu horietan eta balorazio edo berrebaluaziokoan, eskatzen zaien informazioa aurkeztuz.

145. artikulua. Egokitasuna.

1. Babeserako erakunde publikoak ebatziko ditu egokitasun eskaerak, edo 147.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan, bermatze aldera pertsonek edo familiek ahalmena dutela kasuko adingabeen beharrak asetzeko eta foru lege honi eta aplikagarriak diren gainerako arauekin bat adopzioari datxezkion betebeharrak betetzeko, adingabeei egonkortasuna, afektua, estimulazioa eta zainketa emanez eta haien nortasun ezaugarriak errespetatuz, horrek osotara garatzea ahalbidetu dezan.

2. Egokitasunerako baldintzak izanen dira erregelamenduz aurreikusitakoak, errespetatuz betiere foru lege honetan ezarritako printzipio orokorrak, bai eta aurrekari penalik ez izatea, dagokion ziurtagiriaren bidez frogatuta, eskaeran adingabearen sexuak edo jatorri etnikoak eragindako diskriminaziorik ez egitea, aldez aurreko trebakuntza jarrera positiboarekin egin izana eta Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea, administrazioen arteko lankidetza dela-eta salbuespenak egitea galarazi gabe.

3. Egokitasunaren baloraziorako irizpideak eta egokitasun eza deklaratzea, prozedura etetea edo deklaratutako egokitasuna indarrik gabe uztea eragin dezaketen inguruabar negatiboak zein diren erregelamenduz ezarriko da eta adingabeen arloko eskumena duen departamentuak garatu eta argituko ditu, adopziorako interesa dutenei haien berri emateko, bai eta, balorazioa egin ondotik, haren emaitza eta indartu beharreko faktoreak edo trebakuntza behar dutenak jakinarazteko

4. Egokitasunaren balorazioa hasita, inguruabar koiunturalak agertzen direnean, eta izan dezakeen bilakaeragatik edo desagertu, konpentsatu edo alda daitezkeelako, komeni bada prozedura jakin bati buruzko erabakia atzeratzea, interesdunek eskatzen ahalko dute egokitasunaren baloraziorako prozedura epe baterako etetea, babeserako erakunde publikoak kasu bakoitzean zehazten duen gehieneko eperako, gehienez ere bi urtez.

146. artikulua. Egokitasunaren deklarazioa.

1. Eskatzaileek elkarrizketa batzuk egin beharko dituzte Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak izendatutako teknikariekin, adopziorako egokitasuna zehazteko zenbait arlotan (materialak, fisikoak, psikologikoak, esperientzia, familia eta gizarte ingurunea), horren arabera aurreikusteko beteko direla edozein adingabek behar dituen errespetua, segurtasuna, egonkortasuna, moldagarritasuna, malgutasuna, motibazio eta jarrera positiboa. Erregelamendu bidez, elkarrizketa horien kopurua eta ezaugarriak zehaztuko dira.

2. Ebazpen proposamena ikusirik, adingabeen babesaren arloko eskumena duen erakunde publikoak ebatziko du eskatzaileen egokitasunaz, egokitasun ezaz edo egokitasun iragankorraz.

3. Egiaztatzen denean eskatzaileek gaitasun, ahalmen eta motibazio egokiak dituztela guraso erantzukizuna betetzeko eta bere gain hartzeko adopzioak berekin dakartzan berezitasunak, ondorioak eta erantzukizunak, egokitasun ebazpena emanen da, arau hauekin bat:

a) Egokitasunaren deklarazioa gehienez zazpi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, adopzio eskabidea eta harekin nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazio guztia adingabeen babesaren arloko eskumena duen organoaren erregistroan edo Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidearen estatuko araudian aurreikusitako edozein erregistrotan edo tokitan sartzen denetik zenbatzen hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe iraganez gero, ezetsitzat emanen da egokitasunaren deklarazioaren eskaera.

Egokitasunaren edo egokitasun ezaren deklarazioei buruzko berariazko nahiz presuntziozko ebazpenen aurrean, interesdunek haien aurka egiten ahalko dute zuzenki jurisdikzio zibilean.

Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidearen estatuko araudian aurreikusitako kasuetan eta baldintzetan eten eta luzatzen ahalko da ebazpena emateko eta jakinarazteko legeak ezartzen duen gehieneko epea.

b) Ebazpenean jaso beharko da adingabearen zer adin-tartetarako egiten den eskaintza; pertsona horiek onartzen duten adoptatzea jatorrizko familiarekin harremana atxikitzen duen adingabe bat, eta onartzen duten adoptatzea behar bereziak dituen adingabe bat, hau da, 113. artikuluan bilduta dauden beharrak; aldez aurreko baloraziorik gabeko adopzioaren kasu espezifikoan, berariaz jaso beharko da adingabe zehatzaren adopziorako egokitasunaren kalifikazioa.

c) Ebazpenak hiru urterako balioa izanen du gehienez, baldin eta ezertan aldatzen ez badira kalifikazio hura egiteko kontuan hartutako inguruabar psikosozialak, eta eskubidea emanen du eskaera Adopzioen Erregistroan dagokion atalean inskribatzeko, baina ez ordea adingabe bat esleitzeko eskubidea.

Egokitasunaren deklarazioa ofizioz eguneratuko da.

4. Egokitasun ezaren deklarazioak zehaztu beharko ditu eragin zuten arrazoiak eta, eskatzaileek eskatuz gero, azalpen pertsonal bat ere jasoko dute hari buruz, 8.3 artikuluan adierazitako jarraibideekin, eta, kasua bada, orientazioa emanen da aldatu beharreko alderdiez edo indartu beharreko baldintzez.

5. Aldi baterako egokitasun ezaren ebazpena emanen da egiaztatzen denean eskatzaileek balorazioaren unean ez dituztela betetzen guraso erantzukizuna baliatzeko eta adopzioari datxezkion berezitasunak, ondorioak eta erantzukizunak bere gain hartzeko behar diren gaitasun, ahalmen eta motibazio egokiak, eta ebazpenean epe bat ezarriko da, edo ekintza batzuk, prestakuntzakoak, hezkuntzakoak, terapeutikoak edo bestelakoak, edo bi baldintzak aldi berean; hori egin ondotik beste balorazio bat egin eta bidezkoa den ebazpena emanen da.

147. artikulua. Adopzio nazionalerako proposamena.

1. Bidezko diren kasuetan, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak agintaritza judizialari igorriko dio adopziorako proposamena, legeria zibilean ezarririko betebehar eta prozeduren arabera egokienak diren eta adingabe bakoitzaren beharretarako egokiak diren adoptatzaileen aldekoa.

2. Aldez aurreko eskaintzarik gabeko adopzio proposamena igortzen ahalko da aintzat hartuz Foru Komunitateko Administrazioaren tutoretzapean dagoen pertsona baten harreman bereziak, babeserako erakunde publikoak ezartzen duenean pertsona edo bikote zehatz bati dagokionez tutoretzapean dagoenaren interesari erantzuten diola. Halakoetan, adopzio proposamena atzeratuko da interesdunen adostasuna izan arte eta adopziorako haien egokitasuna deklaratu arte.

Egokitasunaren prestakuntza eta balorazioaren helburua izanen da, kasu horretan, familiak adopzio zehatz horretarako baldintza egokiak betetzen dituela sustatu eta egiaztatzea, eta adopzio horretara mugatuko da egokitasunaren deklarazioa.

148. artikulua. Nazioarteko adopziorako eskaerak.

1. Ez da tramitera onartuko nazioarteko adopziorako eskaera bat baino gehiago herrialde batzuetan aldi berean.

Adopzio nazionaleko eskaintza bat eta nazioarteko beste bat aurkezten ahalko dira, aldi berean nahiz ez, eta batera tramitatzen ahalko dira.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, ebazpen arrazoitu bidez, aldi baterako eteten ahalko du nazioarteko adopzioen espediente berrien izapidetzea herrialde jakin baterako, baldin eta alde handia badago edo aurreikusten bada dagoeneko izapidetzen ari diren adopzioen kopuruaren eta herrialde horretan egiten diren esleipenen artean, eta espediente kopurua mugatu behar baldin bada espedienteak izapidetu ahal izateko.

Horretarako arrazoi objektiboak baldin badaude, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, ebazpen arrazoitu bidez, nazioarteko adopzio eskaeren aurkezpena ixten ahalko du, edo aurrerago berriz ireki.

3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuetan, ebazpena interesdunei jakinarazi beharko zaie.

149. artikulua. Balorazio prozeduraren berezitasunak nazioarteko adopzioan.

1. Balorazio irizpideak erregelamenduz ezarriko dira, betiere errespetatuz foru lege honetan ezarritako irizpide eta printzipio orokorrak eta jatorriko herrialdeko araudia eta han eskatzen diren baldintzak.

2. Nazioarteko adopziorako balorazio eskaeren egokitasuna egokitasun ziurtagiriaren bidez ebatziko da. Ziurtagiri hori eginen da adingabearen jatorriko legeriaren formatuak, ereduak eta irizpideak errespetatuz.

3. Eskaera ez onartzeko, foru lege honetan orokorrean ezarritako egoerez gainera, eskatzaileek jatorrizko herrialdean ezarritako baldintzak ez betetzea ere izanen da eskaera ez onartzeko inguruabarra.

150. artikulua. Familia adoptatzaileen hautaketa eta trantsizioaren prestaketa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adopzioa sustatuko du babestutako pertsonaren onerako baldin bada, onura horretarako egokiena den familia baloratuko duen talde teknikoak edo balorazio batzordeak hala erabaki ondoren. Adopzioa adoptatzen ahal den pertsonaren interes gorena betetzearen printzipioarekin bat datorren zehazteko, kontuan hartuko dira, hori ulertzeko eta ponderatzeko irizpide orokorrez gain, honakoak ere:

a) Jatorrizko familian sartzea adingabearen interesaren kontrakoa izatea eta egoera aldatzeko aukerarik ez aurreikustea, dauden arrisku faktoreak eta egoera lehengoratzeko egindako jarduketak ere aintzat hartuta.

b) Babestutako pertsonari entzun ondoren, egiaztatzea beste familia batean sartu nahi duela edo horren aldeko jarrera duela eta, heldutasun nahikoa badu, berariaz bere adostasuna adierazten badu.

c) Adopzioa izatea beste babes neurri batzuk baino hobea adingabearen onerako. Helburu horrekin, kontuan hartuko dira, beste irizpide batzuen artean, neurri desberdinen egonkortasuna eta epe luzera babestutako pertsonaren beharrak asetzeko dituzten aukerak, bai eta bere ingurunean erroturik dagoen eta bertan dauzkan loturak, eta horiek adopzio irekiaren bidez mantentzeko aukera dagoen.

2. Egiaztatuta dagoenean adoptatuak izateko aukerak dituzten adingabeak daudela, haurra edo nerabea esleituko zaio familiarik egokienari, egokitasun ziurtagiria indarrean dutenen artean. Eskatzaile egokienen hautaketa irizpide hauek aintzat hartuz eginen da:

a) Adingabearen integrazio eta garapenerako berme onenak eskaintzen dituzten pertsonak.

b) Adoptatzen ahal den adingabearen adina bat datorren familiaren eskaintzan adierazitako adin tartearekin.

c) Familia biologikoa bizi den herriraino dagoen distantzia. Salbu eta adingabearen interesa dela-eta besterik egitea komeni denean, ahalegina eginen da adingabea adopzioan hartzen duten pertsonak bizi diren herria ez dadin izan familia biologikoaren jatorriko herria, familia zabala barne, lokalizatzea, identifikatzea eta harekiko harremanak saihesteko.

d) Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea. Irizpide hau ez da kontuan hartuko Foru Komunitatean ez badago adingabe zehatz baten adopziorako familia egokirik, adoptatzeko egoeran dagoen adingabearen beharrak, ezaugarriak edo inguruabar bereziengatik, eta beste autonomia erkidego batzuetan bizi diren familia egokiengana jo behar bada.

e) Adingabea eta adopzioko familia-nukleoaren arteko etorkizuneko integrazio hoberena lortzeko xedearekin aplikatu beharko den beste edozein irizpide tekniko, behar bezala justifikatua.

3. Lehentasunez, aintzat hartuko da adoptatu beharreko pertsonaren onerako beharrezkoa den familiaren baldintza partikularren bat, adopziorako bereziki egoki bihurtzen duena. Irizpide hori aplikaezina bada edo aski ez bada, adopzioko familia hautatuko da aurrez ezarritako beste irizpide objektibo batzuen arabera, adoptatu beharreko pertsonarentzat onuragarrienak ustez direnak eta, azken irizpide gisa adopzioaren eskaintzaren antzinatasuna erabiliko da. Eskatzaileen baldintzak berdintsuak badira, antzinatasun handieneko eskaeraren alde eginen da hautaketa.

4. Adopzioaz arduratzen den talde teknikoak beharrezkotzat jotzen badu, elkarrizketak egiten ahalko ditu familia izangaiarekin, formalki hautatu aurretik.

5. Hautaketaren proposamenaren berri eman beharko zaio familiari aurrez aurre, baina, eraginkorra izateko, proposatutako adingabearen adostasuna ere beharko da eta ondoren adingabea eta hautatutako familia bat etortzea.

6. Erabakia hartzeko prozesua errazteko, proposatutako eskatzaile guztiei emanen zaie adingabeari eta haren familia biologikoari buruz dagoen informazioa guztia, bereziki babestu behar ez dena eta beharrezkoa dena, baina jasotako informazioaren konfidentzialtasuna gorde beharko dute. Agerraldi hori eginda, 7 eguneko gehieneko epean adierazi beharko du familiak, aurrez aurre, adopzioa onartzen duen. Epe horretan adierazten ez bada, esleipena ez dela onartu ulertuko da.

7. Adopzioa justifikaziorik gabe ez onartzeak, espresuki nahiz esan gabe, berekin ekarriko du familiaren alde emandako egokitasunaren inskripzioa ezabatzea adopzioen erregistroan dagokion atalean.

8. Adopzioa denean neurririk egokiena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren tutoretzapean dagoen pertsona batentzat, baina hura, haren ezaugarriak eta beharrak kontuan hartuz, adoptatzeko egokitasunaren deklarazioa duen familiarik ez dagoenean, familia izangai bat bilatuko da modu aktiboan, beste erakunde publiko batzuekin elkarlanean, edo adopzio proiektua adopzioaren zain dagoen pertsonaren beharretatik gertukoa duten beste familia batzuei informazioa emanez eta haien balorazioa eginez.

9. Trantsizioa familia edo egoitza harreratik egiten bada, prozesu hori prestatuko da harrerarako aurreikusitako moduan, 45.5 artikuluan jasotzen diren mahaietan erabakitzen diren protokoloei jarraikiz.

151. artikulua. Adopzioaren ondoko jarduketak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, erakunde publiko eskudunaren bidez, adoptatutako adingabeen eta adopzio familien esku jarriko ditu laguntza, akonpainamendu, aholku, orientazio eta trebakuntza zerbitzuak, bizitako babes gabeziaren egoerek eta babes neurri honen berezitasunek ekartzen dituzten behar espezifikoei aurre egitera bideratuta. Babes eta segurtasun faktoreak sustatuko dira loturak sortzean eta zerbitzuen arteko koordinazioa.

Horretarako, aholkularitza, laguntza eta orientazio espezializatua emanen zaie adoptatutako pertsonei eta haien familiei, betiere familia-harremana hausteko arriskua duten familiendako esku-hartze goiztiarra eta esku-hartze bereziak jasoko dituena, bai eta laguntza eta bitartekaritza ere beren jatorri biologikoak ezagutzeko eskubidea baliatu nahi duten adoptatuei ere.

Adoptatuen edo adopzio familien elkarteek xede horrekin egiten dituzten trebakuntza eta elkarren laguntzarako jarduketak bultzatuko dira.

2. Adopzio familia inguruneei adopzioaren ondoko esku-hartze eta laguntza jarduketak hasten ahalko dira adopzio familiek eskatuta, edo erakunde publikoak ere eskatuta, jarraipenetan ikusten badu adingabeak integrazio zailtasunak dituela familian nahiz gizarte edo hezkuntza arloetan, edo adopzio familiako edozein kidek egokitzeko zailtasunak.

Jarduketa horiek banakakoak, familiakoak edo taldekoak izan daitezke, atzemandako beharren arabera. Horretarako, erakunde publikoak zerbitzu espezializatu bat izanen du jarduketa horiei erantzuteko.

3. Erakunde publikoa arduratuko da adopzio nazionalaren bidez adoptatutako adingabeen jarraipenaz, eta babes neurri hau egoki garatzeko behar diren akonpainamendua eta laguntzak bermatuko ditu, arau hauekin bat:

a) Jarraipen hori adoptatuaren babeserako banakako planaren edukietan oinarrituko da. Planean jasotako helburuak eta horiek lortzeko beharrezkoak diren jarduketak garatuko ditu.

b) Adopzio irekiak direnean edo adopzioan aurreikusi denean adoptatuak harremanak atxikiko dituela bere anai-arrebekin, xede hori duten jarduketak ere sartuta egonen dira planean.

c) Plana familia adoptatzaileari aurkeztuko zaio, bai eta adingabeari ere heldutasun nahikoa badu edo hamabi urte edo gehiago.

d) Plana berrikusten ahalko da eta egokitzen joanen da adoptatuaren bilakaerara, babes neurriaren egokitzapenera eta helburuak lortzera. Berariazko laguntza psikosoziala emanen da sei urte baino gehiagoko adingabeak, tratu txar larriak edo bestelako esperientzia traumatikoak jasan dituztenak, osasun arazo larriak dituztenak edo familian integratzea zailtzen duten beste egoera batzuetan daudenak adoptatu ondoren.

e) Nolanahi ere, jarraipenak sei hilean behin eginen dira adopzioa eratu ondoko bi urteetan, eta bermaturik egonen da urtean behin bisitan joatea etxera. Epe horiek laburragoak izan daitezke ezaugarri bereziak dituzten adingabeen kasuan eta adopzio proposamenak aldez aurreko eskaintzarik gabe egiten direnean.

4. Atzerrian adoptatutako adingabekoen jarraipen elkarrizketak egiteko, arau hauek beteko dira:

a) Familia adoptatzaileak beharturik egonen dira horiek egiten laguntzera, bai eta adingabeen jatorrizko herrialdera bidaltzera ere jarraipenen ondorioz sortzen diren txostenak, jatorrizko herrialdeko agintaritza eskudunak eta/edo adingabeen babesaren arloko eskumena duen erakunde publikoak ezartzen duen pauta eta aldizkakotasuna betez.

b) Jarraipen elkarrizketak Nazioarteko Adopziorako akreditazioa duten erakundeek, prozeduretan parte hartu dutenek, eginen dituzte, edo horretarako aldez aurretik baimena jaso duten beste erakunde batzuek. Elkarrizketa horiek adopzioa egin dutenen etxean eginen dira.

c) Erakunde akreditatu baten bidez egin ordez, protokolo publiko baten bidez egin diren nazioarteko adopzioen kasuan, erakunde publikoak bidaliko ditu zuzenean jarraipen txostenak jatorrizko herrialdera. Informazio guztia profesionalek itzuli beharko dute, eta familiek bere gain hartu itzulpen horren gastuak eta beharrezkoak diren beste guztiak.

d) Adingabearen jatorrizko herrialdeak eskatzen ez badu ere jarraipen elkarrizketarik egiterik, egin eginen dira, adingabeak eta familiak elkar hartzeko prozesuan ebaluazioa egin eta laguntza emateko xedearekin. Kasu horretan, elkarrizketak egin beharko dira familia-nukleo berrira iritsi eta 6 hilabetera, urtebetera eta bi urtera, baina pauta hori aldatzen ahalko da justifikatzen duten argudio teknikoak egonez gero.

5. Jatorriaren bilaketarako ekintzek printzipio hauek bete beharko dituzte:

a) Adoptatutako pertsonaren ekimen askatasuna bere jatorria ezagutzeko. Adingabeen kasuan, beren gurasoek behar bezala ordezkatuta egon beharko dute.

b) Konfidentzialtasuna eta sekretu profesionala: adopzio espedienteetan bildutako datuak isilekoak dira, eta erakunde publikoak horrela aritu beharko du arlo honetan, eta neurri egokiak hartu, daukan informazioari eta informazio hori dagoen fitxategi edo erregistroei tratamendu konfidentziala ematen zaiela bermatzeko, intimitaterako eskubidea aplikatuz, datu pertsonalen babesari buruzko araudian jasotako baldintzetan.

6. Erakunde publikoak ziurtatu behar du haur edo nerabeen jatorriari buruz duen informazioa eta haien bizi-historia gordetzen dela, bereziki gurasoen identitateari buruzko informazioa, haien eta haien familien osasun historia eta jarduketetan bildutako dokumentazio guztia. Informazio hori berrogeita hamar urtez gorde beharko da gutxienez, adopzioa behin betiko bihurtzen denetik aurrera. Informazioa gordeko da soilik adoptatutako pertsonak baliatu ahal izan dezan hurrengo paragrafoan aipatzen den eskubidea.

Adoptatutako pertsonek, adin-nagusitasunera iristen direnean edo adingabeak direnean haien legezko ordezkarien bidez, eskubidea dute beren jatorriari buruz erakunde publikoek dituzten datuak ezagutzeko, horrek galarazi gabe jatorrizko herrialdeetako legeria dela-eta egon daitezkeen mugak, nazioarteko adopzioaren kasuan.

Eskubide hori betetzeko, erakunde publikoak eskatuko ditu adoptatutako pertsonaren edo haren jatorrizko familiaren txosten eta aurrekari guztiak, beharrezkoak direnak, eta eskaera jasotzen duen erakundeari ohartaraziko dio eman egin behar dituela, indarreko araudian xedatutakoarekin bat.

Eginkizun horiek betetzeko, datu pertsonalen tratamendurako eta lagapenerako ez da titularraren baimenik beharko, baina erakunde publikoa ahaleginduko da lortzen posible den guztietan eta, lagatzeko kontrako jarrera espresua dagoenean, adoptatuari baizik ez dizkio komunikatuko, edo beste batzuei, disoziazio prozedurak bete ondoren, datu pertsonalen babesari buruzko araudiarekin bat.

Edozein erakunde publiko nahiz pribatu beharturik dago ematera erakunde publikoari eta Fiskaltzari, eskatzen zaizkionean, haur edo nerabeari eta haren jatorrizko familiari buruz beharrezkoak diren txostenak eta aurrekariak. Zehazki, nazioarteko adopzioan bitartekari izan diren organismoek informazioa eman beharko diete erakunde publikoei haur edo nerabearen jatorriaz dituzten edo herrialdean biltzen dituzten datuei buruz.

Eskubide horren erabilera zehazki nola gauzatu eta erakundeei informazioa eskatzeko modua ere erregelamenduz zehaztuko da.

7. Jatorria ezagutzeko aholku eta laguntza emateko jarduketa teknikoen helburua izanen da adoptatutako pertsonak ezagutzea bere babes espedientean eskura dauden datu garrantzitsuak eta erraz diezaiotela bere historia pertsonala eraikitzea eta prestatzea eta hartaz jabetzea modu egokian, alderdi horrek pertsonarentzat berebiziko garrantzia duelakoan.

Jatorriak ezagutzeko aholku eman eta bitartekaritza egiteko jarduketak hauek dira:

a) Informazioaren berri izateko prozedurari buruzko aldez aurreko informazioa.

b) Entitate publiko eta pribatuei informazioa eskatzea.

c) Espedientean haren jatorriaz dagoena ezagutu eta transmititzea erraztea, bai eta, bidezkoa bada, beste pertsona batzuei eragiten dieten datu pertsonalen disoziazioa ere.

d) Bidezkoa denean, Nafarroako Adopzioen Erregistroan dauden idazpenei eta haien edukiei buruzko informazioa ematea, noizbait ere haren familia biologikoko kide batek edo beste pertsona garrantzitsu batzuek eskatutako adierazpenak direnean.

e) Haren jatorriari buruzko datuen berri ematea, eskatutako jardueraren emaitza direnean, datu horiek haren identitate pertsonalari dagokion mota orotako informazioa dela ulertuta.

f) Ukitutako gurasoei jakinaraztea adoptatutako pertsonak egin duen eskaera, eta eskatutako aholku eta laguntza zerbitzuak ematea, datuak komunikatu aurretik.

g) Beharrezkoa bada, gurasoak eta ahaide biologikoak aurkitzeko lanak kudeatzea, kasuaren arabera, eskatzaileak adierazten badu interesa duela haiek ezagutzeko eta haiekin egoteko.

h) Sostengu psikologikoa eta soziala, datuen berri emateak eragin dezakeen inpaktu emozionala arintzeko eta jatorrizko errealitatean interesa duen pertsonaren espektatibak lantzeko.

i) Informazioa aurrez aurre transmititzea adoptatutako pertsonari. Adingabeen kasuan, aldez aurretik bilera bat eginen da adopzio gurasoekin, garrantzitsua izan daitekeen informazioa eskatzeko.

j) Aldeen arteko elkartzea, bi aldeak ados badaude, gertatzen bada, eta prestatzeko saioak egitea aurretik nahiz ondoren, behar diren guztiak.

k) Jatorria ezagutzeko eskubidea gauzatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak.

8. Akonpainamendua egiteaz arduratzen den talde teknikoak prestakuntza eta esperientzia egokiak izan behar ditu arlo psikologikoan, sozialean, bitartekaritzan, adopzioan eta artxiboen bilaketan, prozeduraren helburuak betetzen direla bermatzeko, eta, halaber, ezagutza juridiko nahikoa datu pertsonalen babesaren eta filiazioaren arloetan.

152. artikulua. Nafarroako Adopzioen Erregistroa.

1. Nafarroako Adopzioen Erregistroa adingabeen babesaren arloko eskumena duen departamentuari atxikirik dago, eta kudeaketarako bitarteko publiko bat da, sarrera mugatukoa, barne antolamenduan ataletan egituratua. Adopzioei buruzko datuen inskripzio, kontrol, inbentario eta mantentze lanak betetzen ditu. Erregistroko langileak eta hartaz arduratzen den agintaritza beharturik daude konfidentzialtasuna gordetzera egiten diren inskripzioez.

2. Ondoko atal hauek ditu:

1. atala. Adopzio nazionalerako eskaerak.

2. atala. Adopzio nazionalaren eskatzaileak, egokitasunaren deklarazioa dutenak.

3. atala. Nazioarteko adopziorako eskaerak.

4. atala. Nazioarteko adopzioaren eskatzaileak, egokitasun ziurtagiria dutenak.

5. atala. Adoptatuak izateko egoeran dauden adingabe baloratuak.

6. atala. Adopzioa helburua duten zaintza eskuordetze formalizatuak eta adopzio nazionalak, auto judizial irmoaren bidez eratuta daudenak.

7. atala. Nazioarteko adopzio eratuak.

8. atala. Adoptatutako pertsonen eskaerak, jatorria bilatzeko.

9. atala. Adopzioaren ondoko aholku, esku-hartze eta laguntza eskaerak adingabe eta familientzat.

10. atala. Familia biologikoaren eta beste pertsona garrantzitsu batzuen adierazpenen inskripzioa.

3. Ataletako informazioa eta inskribatzeko modua erregelamenduz garatuko da.

4. Erregistroan sartzeak ez du esan nahi aitortzen zaienik inskribatutako pertsonei adingabe bat kontzeptu horretan benetan emateko eskubidea. Erregistroko inskripzioak eta idazpenak interesdunei ematen dieten eskubide bakarra da inskribatzeko eman behar diren ekintzak eta datuak garbi islatuta geratzekoa.

3. AZPIATALA

Adopzio irekia eta adopzioa helburu duen zaintza eskuordetzea

153. artikulua. Adopzio irekia.

1. Adopzio irekia lehenetsiko da beti, baldin eta erantzuten badio babestutako pertsonaren interesari, batez ere posible denean neurri horren bidez faboratzea lotura bateko edo biko anai-arreba biologikoen arteko harremana; erabakitzen ahalko da harreman edo lotura motaren bat atxikitzea, bisita, komunikazio edo harremanetarako beste modu batzuk erabiliz adingabearen, kasuko jatorrizko familiako gainerako kideen eta adopzio familiaren artean.

2. Adopzio irekiak babestutako pertsonaren interesari erantzuten dion zehazteko, babeserako erakunde publikoak kontuan hartuko du, hori ulertzeko eta ponderatzeko irizpide orokorrez gain, atxiki beharreko harremanek pertsona horrentzat duten garrantzia afektiboa, ematen dioten segurtasun emozionala eta horiek atxikitzeak epe luzera izan ditzakeen ondorioak haren nortasunaren garapenean eta adopzio familian lotura eta integrazioa lortzeko prozesuan.

3. Adopzio irekirako hautatuko dira soilik beren adopzio proiektuan halakoa berariaz jasotzen dutenak eta horretarako egokitasunaren deklarazioa jaso dutenak.

4. Agintaritza judizialean aurkezten den adopzio irekirako proposamenean zehaztuko dira jarraibide orokorrak, adoptatu beharreko pertsonarentzat onuragarri jotzen direnak harremanaren maiztasunaz, iraupenaz, modalitateaz eta baldintzez.

5. Erakunde publikoak eginen du sustatzen dituen adopzio irekien jarraipena, eta esku hartuko du bultzatzeko harremanak eta loturak modu egokian garatzen direla eta familian integratzeko prozesuaren arrakasta, inplikatutakoei behar duten laguntza eta aholkua emanez. Erregelamenduz zehaztuko dira horretarako jarduketak, harremanetan bitartekari lanak egiteko baldintzak eta prozedura, beharrezkoa bada, eta eskatzen diren txostenen edukia.

154. artikulua. Adopzioa helburu duen zaintza eskuordetzea.

1. Adopzioa helburu duen zaintza eskuordetzeari buruzko ebazpen bat eman aurretik eta familiak onartu ondoren, adingabearen eta hautatutako familiaren arteko harremana egiten lagunduko da, adingabea bere familia-nukleo berriarekin ongi etor dadin prestatzeko eta egokitzeko. Horretarako, adopzioaren talde teknikoak, adoptatu beharreko adingabearen babeserako banakako planean oinarrituta, banakako proiektu bat diseinatuko du prestaketarako eta adingabea eta familia-nukleo berria bat etortzeko, kontuan hartuz adingabearen adina eta haren berezitasun pertsonalak.

2. Adopziorako talde teknikoak bat etortzeko prozesua gainbegiratzean egiaztatzen bada zailtasun nabarmenak daudela, edo egokitasunarekin bateraezinak diren aldagai psikosozialak daudela familian, balorazio batzordeak, emandako txostenak aztertu ondoren, egokitasuna berrikusteko proposamena egiten ahalko du.

3. Familian sartu eta harekin bat egiteko prozesua ongi garatzen denean, erakunde publikoak ebazpena emanen du, adopzioa helburu duen zaintza eskuordetzeko; ebazpenean hau jaso beharko da:

a) Jatorrizko familiarekin bisita araubidea etetea, erakunde publikoak ahalmen hori lehenago erabili ez badu.

b) Guraso erantzukizunaz gabetzeko prozesua, bidezkoa bada.

c) Adingabearen behar bereziak, halakorik bada.

d) 113. artikuluan jasotzen diren kasu berezietako bat izatea.

4. Ebazpen hori gurasoei, tutoreei eta zaintza dutenei jakinarazi beharko zaie. Era berean, ebazpen hori Fiskaltzari komunikatu beharko zaio eta, atzerriko adingabeen kasuan, zein estatu edo herrialdetako nazionalak diren, hango kontsul-agintaritzari.

5. Adingabe baten adopzioa helburu duen zaintza formalizatu ondoren, Adopzioen Erregistro Orokorrean dagokion atalean inskribatuko da.

6. Adingabearen interesa zaintzeko, erakunde publikoak akonpainamendua eta jarraipenak eginen ditu, adingabea familia berrian nola integratzen den baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituenak. Horretarako, adoptatua izateko egoeran dagoen pertsonaren babeserako banakako planean oinarrituta, familiako akonpainamendu plan bat prestatuko da, familiari aurkeztuko zaiona, jarraipen horien edukia eta maiztasuna zehaztuta, adingabea bere errealitate familiar eta sozial berrian egoki garatu eta egokitzen den egiaztatzeko, eta, horretarako, koordinatu eta bideratu beharko dira hezkuntza, osasun eta gizarte sistemekin.

7. Adopzioa helburu duen zaintza egoeraren indarraldian eta adopzio proposamena epaitegi eskudunak ebatzi arte, Administrazioak zainduko du pertsona edo familia horiek prozedura judizialaren tramitazioari buruzko informazio egokia jaso dezaten.

V. KAPITULUA

Arreta espezializatua jokabide arazoengatik

155. artikulua. Kontzeptua.

Babes sistemaren parte izanen dira Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak egokitzeko ezintasun larriaren egoera dela-eta adingabeen arazoen aurrean betetzen dituen jarduketak, adingabe horiek bere buruari edo beste pertsona batzuei kalte egiteko arriskuan egon daitezkeenean eta jarduketa horien helburu nagusia denean haiek gizarteratzea, banakako hezkuntza edo terapia tratamendu baten bidez eta, ahal dela, haien ingurune soziokomunitarioan, denboraldi zehatz baterako.

156. artikulua. Jarduteko neurriak.

1. Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak, halako arazoen aurrean, laguntzeko neurriak hartuko ditu, hala nola:

a) Orientazioa eta jarraipena. Horien funtsa izanen da hezkuntza programa espezializatu bat egitea, esate baterako lan komunitarioko zereginak edo lan boluntarioa edo, hezkuntza eta prebentzio arloan, adikzioen biktimei arreta ematen dieten zentroetara bisitan joatea.

b) Lanean hasi aurreko lanerako prestakuntza ematea, oinarri duena lanerako prestakuntza lantegietan eta lanean hasi aurreko laneratze tailerretan aktiboki parte hartzea.

c) Gizarte, hezkuntza edo terapia arloetako arreta espezializatua. Horretarako, gabezia nabarmenak atzeman ondoren, profesionalen esku-hartzea onartu beharko dute. Neurri horrek adingabeak zentro espezializatu batean sartzea ekar dezake. Hala eta guztiz ere, zentro espezializatu batean sartzea beti planteatuko da beste neurri batzuek -esate baterako, familia-hezkuntzako profesionalen esku-hartzea, familiako terapia eta abar- porrot egin ondoren edo posible izan ez direnean.

2. Aurreko neurriak gauzatzeko, adingabeek eta haien familiek beren borondatez hartutako konpromisoa eduki beharko da, parte hartzekoa.

3. Konpromisorik ez badago, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak organo judizialari baimena eskatzen ahalko dio. Fiskaltzari jakinaraziko dio.

VI. KAPITULUA

Egonaldietarako, asteburuetako irteeretarako eta oporretarako zaintza eskuordetzea

157. artikulua. Egonaldietarako, asteburuetako irteeretarako eta oporretarako zaintza eskuordetzea.

1. Harreran dagoen adingabearen integrazio pertsonala eta soziala faboratzeko, harrera egiten duen pertsonari edo familiari haren zeregina betetzen laguntzeko, edo haren onurarako komeni denean beste arrazoi batzuengatik, erakunde publikoak erabakitzen ahalko du, familia edo egoitza harreran dagoen adingabeari dagokionez, egonaldiak, asteburuetako irteerak edo oporraldiak egitea eginkizun horietan aritzen diren familia edo instituzioekin.

2. Horretarako, adingabearen beharretarako egokiak diren pertsonak edo instituzioak besterik ez dira hautatuko. Haur edo nerabearekin aldizka irteerak eginen dituen familiak erakunde publikoak emandako egokitasun ziurtagiria izan beharko du.

3. Hautatu den pertsona edo familiaren eta neurriaren xede den adingabearen adostasuna lortu ondoren, adingabeak nahikoa heldutasun badu edo, kasu guztietan, hamabi urte baino gehiago baditu, profesionalen talde teknikoak txosten bat igorriko du zaintza eskuordetzea proposatuz, zein den hautatutako pertsona edo familia adierazita, dagokion ebazpena emateko.

4. Edonola ere, ematen den txostenari erantsi beharko zaizkio zaintza eskuordetzen zaion pertsona edo familiaren eta erakunde publikoaren arteko akordioak, zeinetan jasoko baita adingabearen ongizatea ziurtatzeko beharrezkoa den informazio guztia, arreta berezia emanez administrazioak edo epaileak hartutako neurri murriztaileei.

5. Zaintza eskuordetzea onartzen duen ebazpen administratiboak ezarriko du zein esparrutan proposatzen den, eta komunikatuko zaie Fiskaltzari, guraso erantzukizuna edo tutoretza kenduta ez duten gurasoei edo tutoreei, eta, kasua bada, harrera egiten duten pertsona edo familiei ere. Pertsona edo familia horien datuak babestuko dira hala egitea komeni denean adingabearen onerako edo zilegi den arrazoiren bat dagoenean.

6. Egokitasun deklarazioa duten familiek, adingabe baten zaintza eskuordeturik dutenek egonaldietarako, asteburuetako irteeretarako edo oporraldietarako, araudian aurreikusitako akonpainamendu teknikoa eta sostengua jasoko dituzte.

VII. KAPITULUA

Autonomiarako eta bizimodu independenterako prestatzeko programak

158. artikulua. Kontzeptua eta edukia.

1. Bizimodu independenterako prestatzeko programa da babes neurri batean, bereziki egoitza harreran edo zaurgarritasun bereziko egoeran, dauden adingabeei, 16 urte baino gehiago dituztenei, egiten zaien jarraipen pertsonalizatua, adin-nagusitasunera iritsi baino bi urte lehenagotik edo horretara iritsi ondoren, baita adin nagusikoei ere, neurri administratibo edo judizialen bat ezarria izan dutenean; jarraipen hori profesionalek egiten dute denboraldi zehatz batean, erregelamenduz zehazten den bezala, prestakuntzarako konpromiso edo programa baten bidez, heziketa beharrak asetzeko, pertsona horien gizarteratze eta laneratze progresiboak, haien independentzia eta, egoitza nahiz familia harrera bukatutakoan, bizimodu independenterako beharrezkoak diren autonomia sozial eta pertsonalerako gaitasunak lortzeko.

2. Bizimodu independenterako prestatzeko programek sostengu eta jarraipen pertsonalizatua eman beharko dituzte, zeinak, gazteak bere garapen pertsonalerako, gizarteratzeko eta laneratzeko dituen beharren arabera, ematen ahalko baitio gizarte eta hezkuntza arloko akonpainamendua, laguntza psikologikoa, akonpainamendua kudeaketa ekonomikoan eta ostatua izateko, gizarteratzea eta laneratzea eta laguntza ekonomikoak. Arreta berezia emanen zaie desgaitasuna duten pertsonen behar espezifikoei.

159. artikulua. Jarduketak

1. Autonomia pertsonalerako edo bizimodu independenterako prestatzeko programetan aurreikusten ahalko da dirulaguntzak ematea bertan parte hartzen duten adingabeei. Laguntza horiek zuzenean gainbegiratuko dituzte kasuaz arduratuko diren langileek eta ordainduko dira programa garatzeko komeni den moduan eta erreferentzia gisa hartuta ohiko gastuei eta gastu bereziei buruz Foru Berrian ezarritakoa.

2. Programa horietan sustatuko da erreferentziako pertsonak edo mentoreak egotea, harrera ahaideak barne, hala eskatzen dutenei bizimodu independenterako prestatzeko prozesuan akonpainamendua edo sostengu puntuala eman dezaketenak; erreferente horiei adieraziko zaie adin nagusikoak ere adoptatzeko aukera dagoela, Foru Berriaren 59. legearekin bat.

3. Hamasei urte bete dituzten adingabeek eta, arrisku egoeragatik, babesgabetasun egoeragatik edo jokabide arazoengatik babeserako edo jarduketa judizialen baten xede izan diren adin nagusikoek eskatzen ahalko dute bizimodu independenterako prestatzeko edo autonomia pertsonaleko programa batean parte hartzea. Edonola ere, programa pertsona horien beharretara egokitzeko, erakunde publikoaren balorazioa eta onarpena beharko dira beti.

4. Bizimodu independenterako prestatzeko programa abian jarri aurretik, adingabearen edo adin nagusikoaren konpromisoa jasoko da, bere borondatez aktiboki parte hartzekoa, programan dagoen bitarte osoan mantendu beharko duena, hura ez betetzeak programatik bazterturik gelditzea ekartzen ahalko baitu.

5. Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak lankidetza hitzarmenak edo itunak izenpetuko ditu beste administrazio batzuekin eta erakunde publiko eta pribatuekin, programa horietan laguntza jasotzen duten adingabeei laneratzen laguntzeko. Horretarako, administrazioek eta erakundeek gazteen lan trebakuntzarako eta gazteentzako enplegurako neurriak eta deialdiak diseinatzean, babes neurriren bat ezarria izan duten gazteak sartzea faboratuko da, bai eta bizimodu independenterako prestatzeko programa horietan egon diren gazteak ere, sartzeko baldintzetan diskriminazio positiboa aplikatuz.

6. Erakunde publikoak gazte horien laneratzearen alde eginen du, eta egiten dituen kontratu edo itun sozialetan adjudikaziorako irizpide edo exekuziorako baldintza sozial gisa erabiliko du. Ekintza positiboko neurriak ezarriko dira, gizarteratze eta laneratze programetako gazteak sartzea eta baliatzea sustatuko dutenak.

7. Erakunde publikoaren tutoretzapean dauden adingabeak, adin-nagusitasunera iritsi ondoren ere, alokairurako eta etxebizitza eskuratzeko laguntzen onuradunak izaten ahalko dira lehentasunez, bizimodu independenterako prestatzeko programa horiek osatzeko helburuarekin. Era berean, arretarako lehentasunezko gizataldea izanen dira oinarrizko osasun laguntzako gizarte zerbitzuen eta zerbitzu espezializatuen gizarteratze eta laneratze programa eta neurrietan.

8. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, bere departamentuen bitartez, sustatu eta erraztuko du bere tutoretzapean egondako ikasle gazteek ikasketa eta lanbide prestakuntzan sartzea eta hura jasotzea, diskriminazio positiboa aplikatuz ikasketa horietan sartzeko, tasen eta matrikulen ordainketaren salbuespena eta bekak eskuratzeko lehentasuna izateko, halako moldean non ziurtatzen ahalko baita tutoretzapean egondako pertsonek prestakuntza jasotzen jarraitu ahal izatea adin-nagusitasunera iritsi ondoren ere, adin horretako edozein gaztek bezala, eskubide horri uko egin gabe familia testuingururik eta autonomia ekonomikorik ez izateagatik.

9. Bizimodu independenterako prestatzeko programetan aurreikusten diren jarduketek erabiliko dituzte, ahal den guztietan, populazioari oro har, gazteei, edo bazterketa arriskuan daudenei zuzendutako baliabide orokorrak, babeserako erakunde publikoaren laguntza edo prestazioekin osatuz.

10. Programa hauetako jarduketak genero ikuspegiarekin gauzatuko dira.

11. Programa horietan parte hartzen dutenak desgaitasuna duten gaztean direnean, jarduketa guztiak eginen dira haien autonomia pertsonala faboratzeko behar dituzten doikuntzekin.

V. TITULUA

Jarduketak gazteentzako justizia sisteman

160. artikulua. Gazteentzako justizia sistemaren menpe dauden adingabeak.

1. Gazteentzako justizia sistemaren menpeko adingabeak dira Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan aipatzen direnak, bersozializaziorako eta gizarteratzeko neurriak behar dituztenak.

2. Organo jurisdikzionalek ezarritako neurriak betetzearen esparruan egiten den esku-hartzea gehienbat hezkuntza arlokoa izanen da eta haren helburua adingabearen garapen integrala eta gizarteratzea eta familian integratzea lortzea izanen da.

3. 14 urte baino gutxiago dituztenean, foru lege honen III. eta IV. tituluetan aurreikusitako prebentzio eta babes neurriak sustatuko dira.

161. artikulua. Gazteentzako justiziaren arloko eskumenak.

1. Foru Komunitateko Administrazioari dagokio adingabeen jurisdikzioa arautzen duten estatuko arauak betetzeko adingabeen epaitegiek harturiko neurriak betearaztea.

2. Epaileen ebazpena Foru Komunitateko administrazioko organo eskudunari jakinarazi ondoren, berak neurriak betetzeari dagozkion kontu zehatzak erabakiko ditu, ebazpen hartan xedatzen denarekin bat.

3. Halaber, Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunari dagokio Fiskaltzak edo adingabeen epaitegiek arau-hausleei buruz igortzen dizkioten kasuak baloratzea, jurisdikzio horretan espedientea irekitzea bidezkoa ez denean, largestea erabakitzen denean edo arloa arautzen duten legeetan aurreikusiriko gainerako kasuetan. Orduan, aplikatzekoak diren neurri eta jarduketa administratiboak zehaztu eta betearaziko ditu.

4. Horretarako, aurreko apartatuetan aipatzen diren eginkizunak betetzeko behar diren zerbitzu, erakunde eta programak sortu, antolatu, kudeatu, ikuskatu, kontrolatu eta haien zuzendaritza-lana egitea ere hari dagokio.

162. artikulua. Neurriak betearaztea zuzentzen duten printzipioak.

Neurri judizialak betearaztean Foru Komunitateko Administrazioaren jardunbidean indarra izanen duten printzipioak, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan ezarritako printzipioak galarazi gabe, honakoak izanen dira:

a) Neurria betearazteko prozesuan, zainduko da adingabeen interesak eta aitortzen zaizkien eskubideen errespetuak lehentasuna izan dezaten.

b) Neurri horiek aplikatzean, hezkuntzaren arloko edukia eta helburuak izanen dira nagusi.

c) Neurriak materialki betearaztean, zainduko da ahalik eta denbora laburrena pasa dadin jakinarazten denetik egiazki betetzen den arte.

d) Esku-hartzea bana-banakoa izanen da eta, ikuspegi integral batetik, adingabe bakoitzaren behar eta inguruabarrak hartuko ditu kontuan eta bateragarria izanen da haien intimitatearekin eta nortasunarekin; horrez gain, eskatuko du haiei entzun eta aditzea, eta, haien adinaren eta haien heldutasunaren arabera haien iritziak eta haien nahiak aintzat hartzea.

e) Adingabeen garapen pertsonala sustatuko da, eta autonomia eta beren buruekiko erantzukizuna bultzatuko.

f) Ahal denean arreta emanen zaie zerbitzu orokorren bidez. Ahaleginak eginen dira egoki den familian eta gizarte-ingurunean geldi daitezen edo hara itzul daitezen, berezkoa dutenari lehentasuna emanez.

g) Adingabeak gizarteratzeko prozesuan familiaren, beren ingurune hurbileko pertsonen eta helburuen artean jarduera hori duten instituzio eta erakunde publiko eta pribatuen parte-hartzea eta lankidetza bultzatuko dira. Erregelamendu bidez ezarriko dira horiek gauzatzeko bideak, eta familiei komunikatu zaie laguntza eman behar dutela, horren gaineko sentsibilizazioa ere landuz.

h) Jarduketak, murriztaileak diren heinean, esku-hartze txikienaren printzipioak gidatuko ditu. Adingabeei miaketak egitea mugatuko da ezinbesteko premia dagoen kasuetara, segurtasun arrazoiek eraginda, eta, eginez gero, Adingabearen Erantzukizun Penala arautzen duen Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian ezarritako bermeak bete beharko dira.

163. artikulua. Neurriaren ondoko laguntza eta jarraipen jarduketak.

Organo jurisdikzionalak edo administrazioak ezarririko neurria bukatu ondoren, gizarteratzea burutzeko laguntza behar duten adingabeei Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak orientazio eta/edo sostengu jarduketak eskainiko ditu, gizarteratzen eta gizartearekin egokitzen laguntzeko ekintzak luzatzen dituztenak; horietako bat izanen da bizimodu independenterako prestatzeko programetan sartzea, foru lege honen 158. artikuluan aipatzen diren horietan.

164. artikulua. Neurriak betearaztea eta horretarako esparrua.

1. Erregelamendu bidez, adingabeen jurisdikzioa arautzen duen Estatuko legeriaren barruan organo judizialek hartzen dituzten neurriak betearazteko modua arautuko da.

2. Adingabeen epaitegiak ezarritako neurriak materialki betearaziko dira edukiaz, iraupenaz eta helburuez ebazpenean xedatuarekin bat, eta indarra duten legeek agindu bezala; Foru Komunitateko Administrazioak zerbitzuak izanen ditu Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan aurreikusitako neurri guztietarako.

3. Adingabeen onerako, neurriak betearazteko osagarri gisa, foru lege honetan aipatzen diren beste jarduketa batzuk ere egiten ahalko dira, familian egoki integratzen direla bermatzeko.

4. Gurasoen edo legezko ordezkarien erantzukizun zibil solidarioaren ondorioetarako, kontuan hartuko dira Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan aurreikusitako irizpideak.

Lehen xedapen gehigarria.–Estigmatizazioaren prebentzioa.

Foru lege honetan bezala, ahalegina eginen da adingabeak ez sailkatzeko izenekin, BDA erabiliz (erdaraz MENA), adibidez, edo gatazka edo zailtasun sozialekin, erreferentzia sozial eta pertsonal negatiboa eragin dezaketelako.

Horrek ez du galaraziko haien beharrei babes sistematik heltzea; bereziki zainduko da hitz egiteko modua nazioan nahiz nazioartean adoptatutakoekin, migratzaileak, atzerritarrak edo beste jatorri batzuetakoak direnean.

Bigarren xedapen gehigarria.–Publizitatea eta telebistako nahiz beste ikus-entzunezko komunikabide batzuetako programazioa.

Adingabeak publizitatetik eta telebistako nahiz ikus-entzunezko beste komunikabide batzuetako programaziotik babesteari dagokionez, haien garapenerako kaltegarria izan daitekeenean, sustatuko da ezagutu daitezen aplikatu beharreko babes indartuko debekuak, mugak eta ordutegiak, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legean ezarri bezala.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Haurren Eguna.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitatean Haurren Egunaren ospakizuna bultzatuko du urtero, Nazio Batuen Biltzar Nagusiak hautaturiko egun berean, eta baliatuko du harrera familien eta adingabeentzako arreta eta babesaren arloko langileen inguruko zabalkunde, sentsibilizazio eta balioespen ekintzak egiteko.

Laugarren xedapen gehigarria.–Foru lege honen sustapena.

Foru lege honetako xedapen guztiak ahalik eta gehien ezagutzeko eta oso-osorik betetzeko, eta horiek betearazteko jarduketen eraginkortasunik handiena lortzeko, Nafarroako Administrazio Publikoek bultzatuko dute lege hau ahalik eta gehien zabaldu dadin eta ahalik eta sentsibilizazio handiena lor dadin adingabeen, orokorrean, eta zehazki babes sistemaren inguruan dauden arazoez, bereziki adingabeen eta haien familien artean eta legean aipatzen diren esparruetan diharduten profesional, erakunde eta instituzioen artean; bultzatuko du, halaber, pertsona eta erakunde horien lan sozialaren balioa nabarmentzea eta, batez ere, harrera familiena.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Garapenerako lankidetza.

1. Garapenerako lankidetzaren esparruko dirulaguntzak banatzean, haurren arretari eta babesari zuzendutako proiektuei lehentasuna emanen zaie, Nafarroako Garapenerako Lankidetzari buruzko martxoaren 5eko 5/2001 Foru Legean aurreikusitako baldintzekin.

2. Nafarroako Garapenerako Lankidetzari buruzko martxoaren 5eko 5/2001 Foru Legean arautzen diren jarduketei dagokienez, horien oinarrian den elkartasun printzipioa eta Haur eta Nerabeen Eskubideak aitortu eta bermatzeko erantzunkidetasuna direla eta, dirulaguntzak baloratzean aintzat hartuko dira laguntzen hartzaile diren herrialdeetan adingabeen bizi baldintzak hobetzea sustatzen duten lankidetza ekintzak; horrez gain, proiektu horietan ziurtatu beharko da bat datozela Nazio Batuen Biltzar Nagusiak 1989ko azaroaren 20an onartutako Haurren Eskubideen Konbentzioarekin. Nafarroako Administrazio Publikoek, haur eta nerabeei babesa eta arreta emateko eskumenak dituzten unitate administratiboen bitartez, lankidetza teknikoko proiektuetan parte hartzen ahalko dute, haien helburua denean Nafarroako lankidetzaren bazkide diren herrialdeetako babes eta arreta sistemetako gaitasunak sendotzea.

Seigarren xedapen gehigarria.–Ikasketak direla-eta aldi baterako Nafarroako familiek hartzen dituzten atzerritar adingabeak.

Ikasketak direla-eta aldi baterako Nafarroako familiek hartzen dituzten atzerritar adingabeei foru lege honetan jasotako eskubide guztiak aitortzen zaizkie.

Ikasketak direla-eta aldi baterako atzerritar adingabeak hartzen dituzten pertsona edo familiek adingabeen arretaren eskumena duen departamentuaren baimena izan beharko dute nahitaez. Gobernuak aipatu baimenaren tramitazioa erraztu eta soilduko du, bere eskumenen barruan.

Ikasketak direla-eta aldi baterako atzerritar adingabeak hartzen dituzten pertsona edo familiek eskubidea dute beren eskakizunak Foru Administrazioan entzunak izan daitezen, bai bakarka eginikoak bai jada errotutako elkarteen edo sor litezkeen beste batzuen bidez eginikoak.

Foru Gobernuak aztertuko du adingabe horiek Nafarroako etxeetan urtean zehar emandako denbora aintzat hartzeko aukera hartzen dituzten familien ondorio fiskaletarako.

Adingabe horiek hartzen dituzten pertsona edo familiek hartutako adingabearen ongizateaz eta interes gorenaz arduratzeko betebeharra dute, bai eta ondoan izan, elikatu, hezi eta heziketa integrala ematekoa ere, ingurune afektibo batean, harrerak irauten duen bitartean.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Planak Nafarroako Parlamentura igortzea.

Nafarroako Gobernuak Parlamentuari helaraziko dizkio onesten dituen haur eta familia arloan onesten dituen plan orokorrak, horien berri izan dezan.

Lehen xedapen iragankorra.–Zentroen kalitate-estandarrak.

133. artikuluari jarraikiz, adingabeentzako zentroetarako kalitate-estandar espezifikoak ezartzen ez diren bitartean, erabiliko dira horietan abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren III. eranskinean aurreikusitakoak; foru dekretu horrek, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua arautzen du adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

Bigarren xedapen iragankorra.–Printzipio etikoak.

4.1 m) artikuluari jarraikiz, adingabeen arlorako printzipio etiko espezifikoak ezartzen ez diren bitartean, erreferente gisa erabiliko dira abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren IV. eranskinean aurreikusitakoak; foru dekretu horrek, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua arautzen du adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte inklusioaren arloetan, eta, bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Haurren eta Nerabeen Nafarroako Kontseilurako izendapenak.

Foru lege honek indarra hartzen duenean Nafarroako Adingabearen Kontseilurako egindako izendapenen gehieneko epea amaitu ez bada, Nafarroako Haurren eta Nerabeen Kontseiluko kide izaten jarraituko dute Nafarroako Adingabearen Kontseilurako izendatutako pertsonek, izendapenaren gehieneko epea amaitu arte, eta foru lege honen 50. artikuluaren arabera sartu behar direnak izendatuko dira, azken izendapenetik 4 urtera arte geratzen den eperako.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

1. Indargabetzen dira Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea eta foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

2. Foru lege honi aurka egiten ez dion guztian, indarrean dirau uztailaren 22ko 168/2002 Foru Dekretuak, nazioarteko adopzioaren gaietarako erakunde laguntzaileak arautzen dituenak.

Azken xedapenetako lehena.–Artikuluen izaera.

1. 69.4, 71, 84, 85, 95, 96, 104, 105, 106.2, 106.3, 106.4, 106.6, 106.7, 107.1, 107.2, 107.3, 107.4, 107.5, 107.8, 107.9, 107.10, 108, 110, 111, 112, 119.1, 122.1, 130, 141 g), 142, 146.3, 147, 149.2 artikuluak izaera zibilekoak dira eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren babesean ematen dira.

2. Gainerako artikuluak Espainiako Konstituzioaren 148.1. Hogeigarrena artikuluaren eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 10., 14., 15., 17., 18., 19. eta 23. apartatuen eta 46., 47., 49.1.c) eta d), 53., 57. eta 58.1.b) artikuluen babesean ematen dira.

Azken xedapenetako bigarrena.–Ordezko legeak.

1. Gizarte laguntzaren arloan, foru lege honetan eta aplikatzekoak diren foru legeetan aurreikusirik ez dagoen guztian Estatuko legeak aplikatuko dira ordezko gisa.

2. Foru zuzenbide zibilaren arloan, Foru Berriaren 2. eta 6. legeetan xedatu bezala eginen da.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Eskolatzea harrera eta adopzioetan.

Eskolatzeari buruzko araudian jasoko dira, Estatuko oinarrizko araudian aurreikusitakoarekin bat, onarpen irizpideetan harreran dauden seme-alaben alde egiteko neurriak, biologikoentzat edo adopziokoentzat daudenen parekoak, bai eta berehalako eskolatze berantiarra bermatzeko neurriak ere, harrerak edo adopzioak eskolatzeko epe arrunta iragan ondoren eratzen diren kasurako.

Azken xedapenetako laugarrena.–Terminoen glosarioa.

Eskubide sozialen arloko eskumena duen departamentuko kontseilariak termino glosario bat onetsiko du, foru lege honetako terminologia garrantzitsuena ulertzen laguntzeko eta foru legeak indarra hartzen duenean zabaltzeko.

Azken xedapenetako bosgarrena.–Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuak foru lege hau garatu eta betetzeko behar diren xedapen guztiak emanen ditu.

Azken xedapenetako seigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabetera hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 11n.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2206857