88. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

53/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 20koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez María Teresa Marquínez Ruiz de Gaona andrea izendatzen baita, bitarte baterako, Nekazaritzako Ekoizpen Baliabideen eta Jasangarritasunaren Bulegoko buru.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen duenez, ataletako eta bulegoetako burutzak bitarte baterako bete daitezke, organo eskudunak egindako izendapenaren bidez; burutza horiek betetzen dituztenek nahitaez Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo hari atxikiak izan beharko dute.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, kasuan kasuko unitate organikoa zein departamenturi dagoen atxikirik, departamentu horren titularrak eginen ditu bitarte baterako izendapenak, funtzio publikoaren arloan eskudun den departamentuak aldeko txostena eman ondoren.

2022ko apirilaren 4an, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak aipatu txostena eman du; beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz,

AGINTZEN DUT:

1. María Teresa Marquínez Ruiz de Gaona andrea, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa, bitarte baterako izendatzea Nekazaritzako Ekoizpen Baliabideen eta Jasangarritasunaren Bulegoko buru.

2. Foru agindu hau jakinaraztea interesdunari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, departamentuko Langileria Bulegoari eta Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariari.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 20an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2205737