88. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESTERIBAR

Eten da lizentziak ematea, lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko edo ezartzeko energia berriztagarrien instalazio berriak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak

Esteribarko Udalak, 2022ko martxoaren 31n egindako bilkuran, honako hau erabaki zuen:

Esteribarko Arau Subsidiarioetan ez dago berariazko arauketarik xedatzen duenik bateragarria ote den lurzoru urbanizaezinean ezartzea energia berriztagarrien instalazioak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak. Hortaz, horrelako arauketa orokor eta lausoak interpretazio arazoak sor ditzake planeamenduan. Batetik, ez dago argi zer araubide aplikatu behar zaien proiektu mota horiei, lurzoru urbanizaezinean baimengarriak edo debekatuak diren jarduketei dagokienez, eta, bestetik, ez dago argi planean egun definituta dauden lurzoru urbanizaezineko azpikategorietatik zeinekin diren bateragarriak.

Esteribarko Udaleko Arau Subsidiarioak aldatzeko azterlanetik sor daitekeen antolamendua ez dadin jaio indarreko antolamenduak baldintzaturik, Udalbatzak bidekozkotzat jotzen du erabaki bat hartzea, eten dadin lizentzien ematea adierazten diren eremuetan eta adierazten diren erabileretarako.

Ikusirik Udaleko Hirigintzako Zerbitzuaren eta Idazkaritzaren txostenak, eta aplikatuz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70. artikulua (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), eta apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2.c artikulua (lege horren bidez arautzen dira toki araubidearen oinarriak).

Kontuan hartuz zer txosten eman duen aldez aurretik Hirigintza, Lurralde, Etxebizitza eta Garapen Jasangarriko Informazio Batzorde Iraunkorrak (Lehendakaritza, Ekonomia eta Ogasuna, eta Gizarte eta Kultura Gaiak eta Hiritarren Sustapena), 2022ko martxoaren 25ean bildurik,

Osoko Bilkurak,

ERABAKITZEN DU:

1. Jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 70.1 artikuluari (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina), dekretatzea Esteribarko udalerrian eten egiten dela lizentziak ematea lurzoru urbanizaezinean eraikitzeko eta ezartzeko energia berriztagarrien instalazio berriak (instalazio fotovoltaikoak, eolikoak edo gisakoak) eta haien ebakuazio azpiegiturak (kategoria guztietan), salbu eta autokontsumorakoak, jartzen direnak lehendik dauden eraikinen estalkietan; izan ere, zenbait alderdi aztertu nahi dira: lurraldea, ingurumen-, etnografia- eta konektibitate-ezaugarriak, lurraldean instalazio horiek sortzen duten inpaktua eta abar. Alderdi horiek kontuan hartuta, bada, erabakiko da zein diren mota horretako instalazioak hartzeko eremu egokienak lurzoru urbanizaezinean, eta zein izanen den aplikatuko zaien araudi partikularra. Horretarako aldaketa bat izapidetuko da Planean.

2. Ezartzea etenak iraunen duela Udal Plana aldatzeko hartu beharreko denboran; alegia, aldaketa hori aztertzeko, eratzeko eta izapidetzeko behar den denboran, gehienez urtebetez, asmoa izanik lurzoru urbanizaezina egoki arautzea; hori dena, jarraikiz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.3 artikuluari. Epe horretan hasierako onespena ematen bazaio, etena mantendu eginen da planeamenduko determinazio berrien ondorioz hirigintza-antolamendua aldatzen duten eremuetan, eta eten horren ondorioak behin betiko iraungiko dira bi urte pasatzen direnean planeamendua edo haren erreforma aztertzeko hartutako etendura-erabakitik. Baldin hasierako onespena gertatzen bada urtebeteko epea pasatu ondoren, gehienez urtebete iraunen du hasierako onespen horretatik heldu den etenak.

3. Agintzea lizentziak emateko prozeduraren etena, eta erabaki hau jakinaraztea, hartu baino lehenago lizentzia eskaera egina duten guztiei.

4. Erabaki hau jakinaraztea Esteribarko kontzejuei, izan ditzan Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.5 artikuluan ezarritako ondorioak, eta xedatzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean editatzen diren egunkarietan.

5. Ohartaraztea erabaki honen kontra errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara:

1.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

2.–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Esteribarren, 2022ko apirilaren 12an.–Alkatea, María Matilde Añón Beamonte.

Iragarkiaren kodea: L2205623