88. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Gutxieneko zerbitzuak ezartzea, Coloretes haur-eskolako langileek greba egiteko deialdia dela eta

Cascanteko Alkatetzak 2022ko apirilaren 27an eman ebazpen baten bidez, honako erabaki hau hartu da:

Lehena.–María Cristina SI enpresako langileek (enpresa hori Coloretes haur-eskolako zerbitzua kudeatzeko kontratuaren adjudikazioduna da) oinarrizko gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiliko dute greba egiteko eskubidea:

–Tutore bat (1) unitate bakoitzeko.

–Ikastetxeko zuzendaritza.

–Jantokiko laguntzaile bat (1).

Bigarrena.–Aurreko artikuluaren jasotzen diren oinarrizko zerbitzuak emanen dituzte María Cristina SI enpresa kudeatzaileko zuzendaritzak izendatutako gutxieneko zerbitzuetako langileek; aurretik, sindikatu-ordezkaritzari entzunen dio.

Hirugarrena.–Lehen zenbakian aipatu gutxieneko zerbitzuak egiteko hautatzen diren langileek zerbitzua ematen ez badute edo hartan edozein aldaketa eginez gero, legearen kontrakotzat joko da ondorio guztiekin, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu Legearen 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta zerbitzua bete ez edo hura aldatzen dutenek erantzukizuna izanen dute.

Era berean, dagozkion kontratu-erantzukizunak izanen ditu María Cristina SI enpresak, berak ematen baitu Coloretes haur-eskolako zerbitzua, ez baditu betetzen ebazpen honetan zehaztutako gutxieneko zerbitzuak.

Laugarrena.–Aurreko apartatuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

Bosgarrena.–Agintzea ebazpen hau argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Cascanteko Udalaren iragarki-taulan eta jakinaraz dakiola María Cristina SI enpresari, eta haren berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.

Ebazpen honen aurka, behin betikoa baita administrazio bidean, errekurtso hauek jar daitezke:

1.–Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, organo honi zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

2.–Aukerako gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean, bat etorriz urriaren 18ko 279/1990 Foru Dekretuan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez zati batean garatu zen, Nafarroako toki erakundeen egintza eta erabakien inpugnazioari dagokion arloan, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

3.–Edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluarekin (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea).

Cascanten, 2022ko apirilaren 27an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

Iragarkiaren kodea: L2205958