88. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

11/2022 FORU LEGEA, maiatzaren 4koa, neurriak ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen hautapenari eta lanpostuen betetzeari begira.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NEURRIAK EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOKO UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASLE FUNTZIONARIOEN HAUTAPENARI ETA LANPOSTUEN BETETZEARI BEGIRA.

HITZAURREA

2021eko abenduaren 29an “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu zen abenduaren 28ko 20/2021 Legea, enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzkoa.

Beste neurri batzuez gain, haren 2. artikuluak aldi baterako enplegua egonkortzeko tasa gehigarri bat baimentzen du, zeinak barnean hartuko baititu 2020ko abenduaren 31 aurreko hiru urteetan, gutxienez, aldi baterako langileek etenik gabe bete dituzten egiturazko lanpostuak, aurrekontu-zuzkidura baldin badute, egon nahiz ez egon lanpostu zerrendetan, plantilletan edo administrazio publikoek giza baliabideak antolatzeko erabiltzen dituzten bestelako sistemen barnean. Egonkortze tasa horri erantsiko zaizkio lege beraren seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan aurreikusitako lanpostuak; horiek iraupen luzeko enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdi batean eskaini behar dira.

Bestalde, Nafarroako Alderdi Sozialistak, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako programa-akordioak –“Programa-akordioa bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako (2019-2023)”–, 3.1 apartatuko 36. puntuan, akordioaren gutxieneko eduki gisa ezartzen du atzerriko hizkuntzak irakatsi eta ikasteko curriculum- eta antolakuntza-egitura diseinatu eta garatzea, bai eta araudi bat onartzea ere, hizpide dugun gaiari dagokionez irakasle plantillak eta irakasle lanpostuen hornikuntza arautuko dituena.

Nafarroako kasuan, hain zuzen ere atzerriko hizkuntzak ikasteko programak ezarriak dituzten ikastetxeetako irakasle plantilletan dago aldibaterakotasun tasarik handiena.

Atzerriko hizkuntzak ikasteko programak ezartzen direnean, arlo edo irakasgairen bat atzerriko hizkuntza batean ematen duten irakasleek frogatu behar dute hezkuntza-administrazio eskudunak ezarritako jakite maila dutela hizkuntza horretan.

Atzerriko hizkuntzak ikasteko programetan aldi baterako kontratu administratiboa duten lanpostuak egonkortzea lortu behar da, eta lanpostu horiek funtzionario berriekin bete, administrazio publikoetako aldibaterakotasuna murrizte aldera, hala eskatzen baitute Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak eta arestian aipatutako 2019-2023 legegintzaldirako programa-akordioak. Horretarako, irakasle kidegoetarako sarbideari buruzko Estatuko araudiak ez duenez betekizun hori aurreikusten, Nafarroak hezkuntzaren eta funtzio publikoaren alorretan dituen eskumenak baliatu beharra dago. Eskumen horiek eman zaizkio Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. eta 49.1.b) artikuluetan eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 98. artikuluan.

Hortaz, foru lege honetan aurreikusten da irakasle lanpostuak sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillan, eta lanpostu horiek nola lortu eta beteko diren arautzen da. Atzerriko hizkuntzen jakite maila zehatz bat frogatzeko eskatuko da, atzerriko hizkuntzak ikasteko programak ematen dituzten ikastetxeetan aritu ahal izateko.

Hori guztia gogoan, eta asmotan diren helburuak iristea errazteko, honako foru lege hau onetsi behar da.

1. artikulua. Unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lanpostuak sortzea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan.

1. Nafarroako Gobernuak atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lanpostuak sortuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillan, hezkuntza sistemaren beharrizanen arabera.

2. Lanpostu horien araubidea izanen da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoa (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori). Lanpostu horiek betetzen dituzten funtzionarioak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartuko dira ondorio guztietarako.

2. artikulua. Lan publikoaren eskaintzak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionario izateko.

Aurreko artikuluan aipatu lanpostuak betetze aldera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako lan publikoaren eskaintzak egiten direnean, atzerriko hizkuntzaren eskakizuna eta lanpostuaren hizkuntza (gaztelania edo euskara) egiaztatu behar diren lanpostuak eskainiko dira.

3. artikulua. Atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten lanpostuetarako deialdiak.

Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lanpostuetarako hautapen prozeduren deialdietan, nola egiaztatuko diren arau honen eranskinean ageri diren titulazioak edo ziurtagiriak.

Atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten lanpostuetarako hautapen probak lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntzan eginen dira (gaztelaniaz edo euskaraz).

4. artikulua. Lanpostuak betetzea.

Aurreko artikuluan aipatutako sarrera-deialdietan hautatzen diren funtzionarioek, lurralde mugikortasunaren ondorioetarako, soilik parte hartzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere kudeaketa eremuaren barnean deitzen dituen lekualdatze lehiaketa autonomiko eta mugikortasun-prozeduretan eta hautaprobak gainditzeko izan duen atzerriko hizkuntzaren eskakizuneko postuetarako, salbu eta postuak kentzen direnean, kasuan kasuko deialdian zehazten denaren arabera.

5. artikulua. Lanpostuak aldi baterako betetzea.

Hizkuntzaren eskakizuna duten lanpostuak, 3. artikuluan aipatutakoak, betetzeko sarrerako hautapen prozedurak amaitzen direnean, Hezkuntza Departamentuak atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten lanpostu horiek aldi baterako betetzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko ditu, bat etorriz aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauekin.

Izangaien zerrenda horiek lehentasuna izanen dute atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten lanpostuak betetzerakoan.

Lehen xedapen gehigarria.–Salbuespenezko lehiaketa-deialdia.

1. Atzerriko hizkuntzaren titulazio eta ziurtagirien egiaztapena, 3. artikuluan aurreikusten dena, aplikatzekoa izanen da Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan aipatzen den salbuespenezko lehiaketa-deialdian.

2. Enplegu publikoan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan aipatzen den salbuespenezko lehiaketa-deialdian ez da izangai zerrendarik eratuko irakasle lanpostuetarako aldi baterako kontratuak egiteko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Aplikatu beharreko araudia.

1. Ez arau honetan, ez Irakaskuntzako Funtzio Publikorako Sarbidea arautzen duen abenduaren 27ko 17/2017 Foru Legean, ez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lanpostuak lortzeko eta betetzeko Nafarroako Foru Komunitateak onetsitako gainerako arauetan aurreikusten ez diren gaiei dagokienez, irakasle kidegoentzat gai horiek arautzen dituen Estatuko araudia aplikatuko da, hala xedatzen baitu 98. artikuluan abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duenak.

2. Nafarroako Gobernuak behar diren izapideak eginen ditu, foru lege honetan ezarritakoari jarraituz hautatzen diren funtzionarioak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle kidegoetan sar daitezen lortzeko.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Ingelesez Ikasteko Programa beste ikastetxeetan egiteko eskubidea.

1. 2022-2023 ikasturtean ingelesez ikasteko programa eskaintzen duten ikastetxeen kopurua nabarmen jaisten ez den bitartean, 2023-2024 ikasturtetik Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehenengo maila aipatu programarekin hezkuntza eskaintzarik ez duten ikastetxeetan hasi beharko luketen ikasleek, eskubidea izanen dute ingelesez ikasteko programa egiteko ikastetxeen sareko departamentu bereko beste ikastetxe publiko batzuetan erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. Aurreikuspen bera aplikatuko da Haur eta Lehen Hezkuntzako gainerako mailetan, beti ere ikasleen bizilekuaren aldaketa denean, haiek programan jarraitzea bermatze aldera.

Horretarako, Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu eta behar diren baliabide pertsonalak, teknikoak eta materialak eskainiko ditu, aurreko paragrafoan xedatutakoa gauzatzeko, Nafarroako zonalde jakin batzuetako ikasleen ekitatea eta aukera berdintasuna bermatzeko kontuan hartu den bezala.

2. Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio ingelesez Ikasteko programa pixkanaka ezartzea baloratzeko, programa horretan eskolatzeko eskaeretatik gehienak, gutxienez ere, aurkeztu diren ikastetxeetan, erregelamenduz ezartzen denarekin bat.

Laugarren xedapen gehigarria.–Programa hizkuntza-eredu bihurtzea.

Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio, behin ingelesez ikasteko programako irakasleak egonkortzeko prozesua eginda eta programa horretan aniztasunari erantzuteko neurri egokiak ezarrita eta ebaluatuta, prozedura bat abian jar dezan aipatu programa hizkuntza-eredu bihurtzeko, zeina, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan pixkanaka ezarriko den.

Xedapen indargabetzailea.–Indargabetzen diren xedapenak.

Indarrik gabe gelditzen dira arau honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Eranskina aldatzea.

Hezkuntza Departamentuko titularrari ahalmena ematen zaio arau honen eranskinean ageri diren atzerriko hizkuntzak, titulazioak eta ziurtagiriak aldatzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Arau-garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio arau honetako aurreikuspenak garatzeko.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 4an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

ERANSKINA

Alemana

ENTITATEA

ZIURTAGIRIA

Hizkuntza eskola ofizialak

Alemaneko C1 mailako edo C1 maila aurreratuko ziurtagiria

Alemaneko C2 mailako edo C2 maila aurreratuko ziurtagiria

Hizkuntza Eskola Ofizialeko hizkuntza ikasketa espezializatuetako lehen mailako goi zikloko gaitasun ziurtagiria, alemanekoa

Goethe Institut TestDaf-Institut

Goethe-Zertifikat C1

Goethe-Zertifikat C2 (GZ C2)

C1 Oberstufe Deutsch (OD)

Zentrale Oberstufenprüfung ZOP

PWD (Prüfung Wirtschaftsdeutsch International)

Kleines Detusches Sprachdiplom (KDS)

TestDaF Nivel 5 (Test Deutsch als Fremdsprache)

Grosses Deutsches Sprachdiplom (GDS)

ÖSD (Österreichisches Sprachdiplom Deutsch)

ÖSD Zertifikat C1

ÖSD Zertifikat C2

ÖSD Zertifikat C2

Wirtschaftssprache Deutsch C2 (WD)

Kulturministerkonferenz (KMK)

Deutsches Sprachdiplom Stufe 2 (DSD II)

-

The European Language Certificates (telc)

telc Deutsch C1

telc Deutsch C2

Germaniar Filologiako lizentziaduna edo gradu baliokidea

Alemaneko Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna edo gradu baliokidea

Atzerrian unibertsitate tituluren bat lortu izana ikasketa osoak alemanez eginda, eta titulu hori Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak homologatuta egotea

Frantsesa

ENTITATEA

ZIURTAGIRIA

Hizkuntza eskola ofizialak

Frantseseko C1 mailako edo C1 maila aurreratuko ziurtagiria

Frantseseko C2 mailako edo C2 maila aurreratuko ziurtagiria

Hizkuntza Eskola Ofizialeko hizkuntza ikasketa espezializatuetako lehen mailako goi zikloko gaitasun ziurtagiria, frantsesekoa

Aliantza Frantsesa

Frantziako Hezkuntza Ministerioa

Diplôme Approfondi de Langue Française (DALF C1)

Diplôme Approfondi de Langue Française (DALF C2)

Diplôme Supérieur d’Etudes Françaises Modernes (DS)

Diplôme de Hautes Etudes Françaises (DHEF)

Test de connaissance de Français (TCF) C1

Test de connaissance de Français (TCF) C2

Chambre de Commerce et d’industrie de Paris

Test d’Evaluation de Français (TEF) C1 (699-833)

Test d’Evaluation de Français (TEF) C2 (834-900)

Frantses Filologiako lizentziaduna edo gradu baliokidea

Frantseseko Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna edo gradu baliokidea

Atzerrian unibertsitate tituluren bat lortu izana ikasketa osoak frantsesez eginda, eta titulu hori Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak homologatuta egotea

Ingelesa

ENTITATEA

ZIURTAGIRIA

Hizkuntza eskola ofizialak

Ingeleseko C1 mailako edo C1 maila aurreratuko ziurtagiria

Ingeleseko C2 mailako edo C2 maila aurreratuko ziurtagiria

Hizkuntza Eskola Ofizialeko hizkuntza ikasketa espezializatuetako lehen mailako goi zikloko gaitasun ziurtagiria, ingelesekoa

Cambridge English Language Assessment

CAE (Certificate in Advanced English)

CPE (Certificate of Proficiency in English)

IELTS 7-8

IELTS 8.5-9

LinguaSkil C1

IELTS (International English Language Testing System)

7-8

8,5-9

ETS (Educational Testing System)

TOEFL iBT 110-120 (Internet Based Test)

TOEFL iBT >120 Internet Based Test)

TOEIC C1 (Test of English for International Communication) Four skills: ≥1345

British Council

APTIS C1

APTIS C2

Trinity College London

ISE III (Integrated Skills in English)

ISE IV (Integrated Skills in English)

LanguageCert International ESOL

Expert C1

Mastery C2

Pearson

PTE General Level 4

PTE General Level 5

Ingeles Filologiako lizentziaduna edo gradu baliokidea

Ingeleseko Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziaduna edo gradu baliokidea

Atzerrian unibertsitate tituluren bat lortu izana ikasketa osoak ingelesez eginda, eta titulu hori Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak homologatuta egotea

Iragarkiaren kodea: F2206313