8. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 5ekoa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako hegazti ustiategi guztietan hegazti gripearen aurkako biosegurtasun neurriak ezartzen dituena.

Hegazti gripe oso patogenoa gaixotasun biral bat da, A motako gripearen birusaren azpimota batzuek (H5 eta H7) eragiten dutena; Orthomyxoviridae familiakoa da eta hegazti espezie gehienei eragiten die. Eritasun sistemikoa eta oso kutsakorra eragiten du, eta, egun bakar batean, oso hilkortasun handia hegazti ustiategi komertzialetan. Hortaz, oso ondorio larriak izaten ahal ditu lurralde edo herrialde bateko hegaztien eta hegazti produktuen ekoizpen eta merkaturatzean. Birusaren azpimota horietako batzuek potentzial zoonosikoa dute. Horiek horrela, eritasun hori Animalien Osasunerako Munduko Erakundearen eta Europar Batasunaren nahitaez jakinarazi beharreko eritasunen zerrenda bakarrean dago. Hegaztien neguko migrazioak eritasun hori zabaltzeko arriskua areagotu ohi du.

Uztailaren 27ko APA/2442/2006 Aginduak hegazti gripearen kontrako babes neurri espezifikoak ezarri zituen arrisku eta zaintza eremu jakin batzuetan. Nafarroako Gobernuko Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren 1159/2020 Ebazpenaren bidez, 2020-2021 neguan zabaldu zen neurri horien aplikazioa Nafarroako ia lurralde osora.

Azken asteotan Portugalen eta Frantziako hegoaldean eritasun horren hauteman diren fokuen garapena dela-eta, eta Katalunian 2022ko urtarrilaren 4an basafaunari eragiten dion beste foku bat jakinarazi denez, beharrezkoa da neurri horiek berriro aktibatzea, eritasun hori Nafarroan zabaltzeko arriskua arintzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Agintzea Nafarroako hegazti ustiategietan ezartzeko hegazti gripearen birusaren kontra honako biosegurtasun neurri hauek:

a) Debeku da etxeko hegaztiak aire zabalean haztea. Hala ere, hori ezinezkoa bada, agintari eskudunak etxeko hegaztiak aire zabalean mantentzeko baimena ematen ahalko du, ahal izanez gero, txori-sareak edo basa hegaztiak sartzea eragozteko beste edozein modu jarriz, baldin eta hegaztiei jatekoa eta edatekoa instalazioen barruan ematen bazaie, edo leku babestu batean, non ezin diren hegazti basatiak iritsi, horiek etxeko hegaztien jaki edo urarekin kontakturik izan ez dezaten.

b) Debeku da etxeko hegaztiei ura ematea, hegazti basatiak sartzen ahal diren ur biltegietatik badator, salbu eta ura tratatzen bada hegazti gripearen birus posibleak deuseztatzea bermatzeko.

c) Etxeko hegaztiak hazteko edozein motatako ustiategietan biosegurtasun neurri zorrotzenak hartuko dira: instalazioetarako bisitak gutxienekoak izanen dira, eta ibilgailuek zein pertsonak garbitzeko eta desinfektatzeko protokoloak aplikatuko dira.

2.–Neurri hauek sinatzen diren egunean hartuko dute indarra eta horien indarraldiak 2022ko otsailaren 15era arte iraunen du, orduan berraztertuko baita egoera epidemiologikoa.

3.–Ebazpen hau Animalien Ekoizpenaren Atalari eta Animalien Osasunaren Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Ebazpen hau Nafarroan dauden hegazti ustiategien titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 5ean.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2200265