8. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

350/2021 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: “Nafarroako toki-erakundeentzako dirulaguntzak ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzearren, 2022”. DDBN identifikazioa: 601223.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legeak, 52. artikuluan (“Ehiza sustatzeko neurriak”), xedatzen du, beste hainbat kontzepturen artean, laguntza ekonomikoak ezartzea, neurri batzuk ezartzeko ehiza espezieek egiten dituzten kalteak kontrolatzeko.

Azken urteotan, ehizako espezie batzuek (hala nola untxiak, orkatzak eta basurdeak) kalteak egin dituzte nekazaritzako laboreetan, eta horrek arazo ekonomiko eta sozial handiak eragin ditu. Horregatik, komeni da toki-erakundeei sostengua ematea, haiek arduratzen baitira kasuan kasuko ehiza barrutiak kudeatzeaz, aurre egin diezaieten ehizari buruzko foru araudiak horretaz zehazten dituen betebeharrei, eta bultza ditzaten, zeinek bere lurralde eremuan, laboreak babesteko neurri eraginkorrak. Ildo horretan, adierazi behar da ehiztarien tokiko elkarteek badutela izaera berdintsuko eta urteroko dirulaguntzen beste lerro bat, tradizio luzea duena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza honen deialdia onestea: “Nafarroako toki-erakundeentzako dirulaguntzak ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzearren, 2022”.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan ageri dira.

3. 40.000 euroko gastu-konpromisoa onestea, 2022ko gastuen aurrekontuan gaituko den 2021eko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidearen kargura: 74200/740002/4609/456309, “Toki erakundeentzako dirulaguntzak habitatak hobetzearren eta ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzearren”, aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzarekin.

4. Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.

7. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Foru Ogasuneko kontu-hartzailetza delegatuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Ehiza Atalari.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Nafarroako toki-erakundeentzako dirulaguntzak, ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzearren, 2022. Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea toki-erakundeei, tokiko ehiza barrutiak kudeatzeko ardura dutenetik, emanen zaizkien laguntzak, ordain dezaten ehiza espezieek egiten dituzten kalteak prebenitzeko materiala erostearen ondoriozko gastuen zati bat.

2. oinarria. Laguntzen helburua.

Laguntza hauek helburu dute ehiza espezie batzuek nekazaritzaren edo basoaren eremuetan egiten dituzten kalteen arriskua gutxitzea edo murriztea, eremu horiek Nafarroako toki-erakundeek zuzenean kudeatzen dituzten ehiza barrutietan daudenean.

3. oinarria. Onuradunak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako toki-erakundeetatik eskaera aurkezteko unean tokiko beren ehiza barrutiak kudeatzeaz arduratzen diren horiek.

4. oinarria. Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak izapidetzeko onar daitezen, toki-erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epean:

4.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea. Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da hori.

4.2. Egunean izatea zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, interesdunari jakinarazten zaio ezen eskaeran baimena ematen diola departamentuari hori frogatzen duten datuak begira ditzan, eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoko 10 egun natural iragandakoan.

4.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko zorrik ez izatea.

4.4. Ehizan aritzeko zehapen irmorik ez izatea eskaera aurkeztean.

5. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira 2022an egindako inbertsio mota hauengatik egindako gastuak, BEZa kanpo (materiala instalatzearen eta mantentzearen ondoriozko gastuak eta jarduketak ez dira diruz lagunduko):

a) Laboreak babesteko sare-hesien kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak. Metro bat altu izanen dira gutxienez, 20 zentimetro lurrean sartuta dutela. Sare-hesiak, justifikatutako kasuetan izan ezik, labore iraunkorretan ezarriko dira edo balio ekonomiko handikoetan, hala nola, mahastietan, olibadietan edo beste fruta-arbola batzuen alorretan, zainzuri, brokoli edo beste barazki batzuen sailetan.

b) Babes hodien edo antzeko sistemen kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak.

c) Laboreak babesteko hesi elektrikoen kostu materiala, barnean direla horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzeko beharrezkoak diren osagai guztiak. Hari kopuruak eta haien arteko tarteak kasu bakoitzerako egokiak izan beharko dute, eta baterien edo korronte elektrikoaren bidez elikatuko dira, halako moduan non haren intentsitatea etxeko abereentzat erabili ohi dena halako bi izanen den.

6. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren, aurreko puntuko kontzeptuen arabera onartutakoaren (BEZa kanpo) %60 adinakoa.

7. oinarria. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

7.1. Eskaerak aurkeztea.

7.1.1. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta departamentu horretako erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña) aurkeztuko dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean. Aurkeztu ahal izanen dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan (hor bertan adierazitako eran).

7.1.2. Eskaera harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskaerak ez baditu eskatzen diren baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun naturaleko epean zuzendu ditzala, eta ohartaraziko ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta halaxe jakinaraziko zaio.

7.2. Eskatzen den dokumentazioa:

7.2.1. II. eranskineko ehiza espezieek egindako kalteak prebenitzeko laguntzaren eskaera.

7.2.2. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, dirulaguntza eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua.

8. oinarria. Dirulaguntzak emateko lehentasun irizpideak.

8.1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek.

8.2. Aplikatuko diren lehentasun irizpideak:

8.2.1. Eskaerak ordenan jarriko dira, balorazio irizpideak aplikatuz emandako puntuen arabera:

ATALA

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

1

Toki-erakundeen ehiza barrutia edo haren zati bat kalteak prebenitzeko plan baten xedekoa izatea.

20

2

Toki-erakundeek baimen bereziak eskatu izana azken 3 urtean basurdeek eta/edo untxiek egindako kalteak kontrolatzeko, kalteak prebenitzeko planik izan gabe.

10

8.2.2. Puntuazio bera lortuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren, lehentasun hurrenkera ezartzeko: lehendabizi, zeinek duen obra gauzatzeko aurrekontu onartu handiena A neurrietarako; bigarrenik, zeinek duen obra gauzatzeko aurrekontu onartu handiena B neurrietarako, eta, bukatzeko, zeinek duen obra gauzatzeko aurrekontu onartu handiena neurri guztietarako.

8.2.3. Lehentasun hurrenkera horren arabera esleituko da dagoen aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

9. oinarria. Instrukzio organoa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

10. oinarria. Balorazio Batzordea.

10.1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabete baino gutxiagoko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

10.2. Balorazio Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Lehen batzordekidea: Ehizaren Ataleko burua.

–Bigarren batzordekidea: Basoak Kudeatzeko Ataleko burua.

–Idazkaria: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Administrazio Laguntzako Bulegoko administraria.

10.3. Batzordeko kide bakoitzak Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

10.4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileek aurretiazko landa-bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte eskatu diren inbertsioak egokiak diren erabakitzeko.

10.5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

11. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

11.1. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari igorriko dio.

11.2. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

11.3. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta bat etorriz arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunekin.

11.4. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

12. oinarria. Ebazpena.

12.1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

12.2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

12.3. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

12.4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

12.5. Eskaera ezetsi dela ulertuko da baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epean.

13. oinarria. Eskaerak aldatzea.

Ez da aldaketarik onartuko aurkeztutako eskaeretan.

14. oinarria. Ordainketaren eskaera: Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Frogagiriak aurkezteko azken eguna 2022ko urriaren 14a izanen da. Onuradunek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan (González Tablas, 9; Iruña) aurkeztu beharko dituzte gastuen frogagiriak, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan, Nafarroako Gobernuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari zuzenduta. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Onuradunaren izenean egindako gastuen fakturak, deialdi honi dagozkionak (jatorrizkoak edo fotokopiak), eta ordainketa horiek frogatzen dituzten bankuko ziurtagiriak.

–Egindako inbertsioen egiaztagiriak, III. eranskineko ereduari jarraikiz. Hesi elektrikoen inbertsioan izan ezik, nahitaezkoa izanen da kasuan kasuko laukitxoak betetzea babes materialaren xede diren lurzatiei dagokienez eta babesaren xede den laboreari dagokionez.

15. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Egiaztagiriak azterturik, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari, eta, horrekin batera, txosten bat, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak bete dituztela frogatzen duena.

Ordainketa bakarrean pagatuko da dirulaguntza.

16. oinarria. Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

16.1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

16.2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari.

16.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

16.4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

17. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, baldin onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen badu, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluaren d) letran xedaturikoarekin bat.

18. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (http://www.navarra.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

Deskargatu II. eta III. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2117863