8. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduaren 15ean hartua, Iruñerriko Hondakinen Tratamendurako Zentroaren (Iruñerriko Ingurumen Zentroa, IIZ) Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duena. Iruñerriko Zerbitzuak SA (IZSA) da sustatzailea.

I.–Xedea eta aurrekariak.

Lurralde antolamendurako tresna honen xedea da behar diren determinazio zehatzak ematea Iruñerriko Ingurumen Zentroa (aurrerantzean, IIZ) ezarri ahal izateko Noain Elortzibarko udal-mugartean, Iruñeko Garraioaren Hiria (IGH) Handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseko lurzati batean, Iruñerriko hiri-hondakinen tratamendu integrala egiteko.

IIZk, zerbitzu horri atxikita dauden Iruñerriko 48 udalerrietako bide publikoko bilketa ereduko 5 edukiontzietako 4tako hiri-hondakinak (denak papera eta kartoia izan ezik) tratatzeko behar diren instalazioetako eraikinez gain, honako hauek hartuko ditu barne:

–Digestio anaerobioan sortzen den biogasa arazteko instalazioa, biometanoa lortzeko eta gasaren sarean txertatzeko.

–Gas natural konprimatuaren (GNK) karga lasterra egiteko instalazioa, hondakinen kamioien eta ibilgailuen hornidurarako.

–Energia fotovoltaikoa plaka fotovoltaikoen bidez aprobetxatzeko instalazioa, IIZko eraikinen estalkien zati handi bat hartzen duena. 1.180 kW-eko potentzia nominal instalatua aurreikusten da.

–Hondakinak biltzeko kamioi eta ibilgailuetarako nabea.

Ez da aurreikusten kanpoko azpiegiturarik egitea, soilik dagoeneko han dauden edo IGHko 4. faseko urbanizazio proiektuan aurreikusten diren azpiegitura edo zerbitzu sareetako harguneak edo konexioak egiteko behar direnak.

Udalez gaindiko proiektu sektorialak bi faseko programazio orientagarria jasotzen du. 1. fasean azpiegitura horren garapen ia osoa aurreikusten da, baita eraikin osagarriak, bideak, aparkalekuak, barneko urbanizazioa eta instalazio osagarriak ere. 2. faserako uzten dira zura tratatzeko eta beira fintzeko eta biltzeko instalazioak eta eraikinak. Hondakinak biltzeko ibilgailuetarako nabea, aurreikuspenen arabera, era independentean exekutatuko da, edo hasiera batean aurreikusten diren bi faseetako baten exekuzioarekin batera.

Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2021eko ekainaren 18an aurretiko txostena emanda, Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 30ean hartutako erabakiaren bidez, Iruñerriko Hondakinen Tratamendurako Zentroaren (Iruñerriko Ingurumen Zentroa, IIZ) proiektuari udalez gaindiko proiektu sektorialaren deklarazioa eman zitzaion eta jendaurrean jartzeko eta Noain Elortzibarko Udalari entzunaldia emateko izapideak hasi ziren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutako ondorioetarako. Iruñerriko Zerbitzuak SA (IZSA) da sustatzailea.

Jendaurrean jartzeko eta Noain Elortzibarko Udalari entzunaldia emateko aldi bereko izapideak hasi ziren Nafarroako Gobernuaren 2021eko ekainaren 30eko erabakia argitaratu zenean 2021eko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 178. zenbakian; eta izapideotan ez da alegazio idazkirik aurkeztu.

II.–Amaierako dokumentazioa.

2021eko azaroaren 12an, jendaurrean jarritako dokumentazioari dagokionez aldatutako dokumentuak (UPSa eta 1. eranskina, ingurumen eranskina) aurkeztu zituen sustatzaileak. Aurkeztutako aldaketek txosten sektorialei, Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 30ean hartutako erabakiari eta sustatzaileak proiektuan atzemandako beharrei erantzuten diete. Jarraian eta erabaki honen hurrengo apartatuan, aldaketa horiei heltzen zaie.

Hasierako erabakirako erantzuna:

Proiektuak indarreko planeamenduarekiko duen koherentziari dagokionez, erabakiak eskatu zuen UPSa onetsi baino lehen justifika zedila “zer irizpiderengatik dauden zenbatzen ez diren eraikinak edo eremuak” eta goi tentsioko transformadoreak hartzeko xedatutako bi lokalen kokapena zuzendu zedila, gehieneko lurzati lerrokadurekin bat etorrarazteko.

Horretarako, sustatzaileak testu bat sartu du memoriaren 5.4.20 apartatuan eta, bertan, honako hau argitu du: “Okupazio edo eraikigarritasun ondorioetarako, aipatutako eraikin edo eremu bakoitzaren perimetroko hormen kanpoaldeko lerroaren barruan dagoena jotzen da azalera konputagarritzat; beraz, ez da zenbatzen inolako itxiturarik ez daukana, hala nola ataripeak edo ebakuazio eskailerak”.

Bestalde, CT-3 delakoaren kokapena aldatu, eta enplegatuen aparkalekuaren ondoan jarri da. CS ebakitze zentroa ere lekualdatu da; hain zuzen, ponpa gela eta sutearen aurkako babeserako biltegia jartzeko erreserbatutako gunean kokatu da, erabilera publikoko aparkalekuaren eta enplegatuentzako aparkalekuaren artean. Horrela, UPSan aurreikusitako eraikin eta instalazio guztiek gehieneko lurzati lerrokadurak betetzen dituzte.

Erabakiarekin eta 253/2019 Foru Dekretuarekin bat etorriz, antolamendu egituratzaileko determinazioei eragiten dieten datu multzoei (kasu honetan, jarduketaren eremuari buruzkoei) dagokien informazio bektoriala aurkeztu da.

“10-ORD-ADECUAC PLANEAMIENTO-A1-1-750” planoa aurkeztu da informazio moduan (“07-Información-Adecuación al Planeamiento -A1-1-750”), eta, nahasmenduak saihesteko, “lurzatiaren gehieneko itxitura lerrokadura” argi irudikatu da.

UPSaren araudiaren 5. artikulua berrikusi da; hain zuzen ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 44.1 artikuluaren babesean, obrak exekutatzeko eskatzen ahal diren egokitzapenak ahalbidetzen ditu, muga batzuekin. Zehatz-mehatz, egokitzapen posible guztiak eraikinaren araberako mugekin burutu dira eta, araututako gainerako egokitzapenak bezala, lurzati okupazioari, eraikinen altuerari eta azalera eraikiari buruzkoak zedarriztatu dira. Gainera, eraikinen barne banaketari dagozkion mugak ezabatu egin dira, erabakiak tresna honetan bidezkoak ez direla jo baitu, eta “azalera eraikia” jarri beharrean “eraikigarritasuna” jarri da (Iruñeko Garraioaren Hiriaren araudian eta UPSaren memorian erabiltzen den terminologia bera erabiltzeko).

Horri dagokionez, bidezkoa da adieraztea ez dela UPSa aldez aurretik aldatu behar baldin eta obraren exekuzioaren eskakizunagatik IIZ garatzeko prestatzen diren proiektuek izaten ahal dituzten egokitzapenek ez badituzte gainditzen artikulu horretan xedatutako mugak.

Azkenik, testuaren 6. artikulua ezabatu da, hasierako erabakiaren arabera 5. artikuluarekin inkoherentea zelako, eta araudiaren 3. artikulua aipatutako akordioan adierazitako aipamenekin osatu da (exekuzio proiektuak ingurumena babesteko araudiarekin ez ezik Garraioaren Hiriaren 4. faseko determinazioekin eta legeria sektorial aplikagarriekin ere bat datozela egiaztatzea).

Sustatzaileak proposaturiko aldaketak:

Aldaketa guztiak proposaturiko eraikinen eta instalazioen kokapenari buruzkoak dira, eta batzuk inguratzaileari buruzkoak ere bai. Hona hemen aldaketok:

–Zura biltegiratzeko nabea. Funtzionaltasunarekin lotutako arrazoiak direla eta, kokapena aldatu da, zura tratatzeko nabearen ondoan jartzeko. Gainera, altuera 7,60 m-tik 10,50 m-ra aldatu da, berreskuratutako materialen eraikinaren altuerarekin parekatzeko, biek eraikuntza multzo bera osatzen baitute.

–Beira biltegiratzeko nabea. Aurreko aldaketa dela eta, zura biltegiratzeko nabearen hasierako kokapena hartzen du orain.

–Ibilgailuen lantegia. Zirkulazioarekin eta funtzionaltasunarekin lotutako arrazoiak direla eta, kokapena aldatu da zabor kamioiak zentroan sartzeko eremutik hurbilago kokatzeko, eta beira biltegiratzeko nabea zegoen lekua hartzen du orain.

–Landare hondakinak biltegiratzeko nabea. Aurreko aldaketa dela eta, ibilgailuen lantegiaren hasierako kokapenera lekualdatu da. Gainera, proiektatutako altuera 10,5 m-tik 7,60 m-ra aldatu da, beira biltegiratzeko eraikinaren altuera hartzen duelako, biek eraikuntza multzo bera osatzen baitute.

–Sutearen aurkako babeserako biltegia eta ponpa gela. Eraikin horren okupazioa 121,89 m²-tik 230 m²-ra handitu da, ebakitze zentroa eta harguneak barne hartzeko, eta haren eraikigarritasun proiektatua ere bai, 121,89 m²-tik 230 m²-ra. Altuera ez da aldatu.

–Hondakin urak tratatzeko nabea. Arrazoi teknikoak direla eta, haren azalera murriztu da; hain zuzen, haren okupazio proiektatua 432,00 m²-tik 230 m²-ra pasatu da, eta haren eraikigarritasun proiektatua ere bai, 432,00 m²-tik 230 m²-ra. Altuera ez da aldatu.

–Biometanoa lortzeko nabea. Ekipamendu teknikoak hartzeko azalera handiagoa behar duenez, haren okupazioa 73,79 m²-tik 260 m²-ra pasatu da, eta haren eraikigarritasuna ere bai, 73,79 m²-tik 260 m²-ra. Altuera ez da aldatu.

–GNKz hornitzeko instalazioa. Kamioien nabearen hegoaldera lekualdatu da eta 180,00 m²-ko okupazioa, 180,00 m²-ko eraikigarritasuna eta 3,00 m²-ko altuera esleitu zaizkio.

–Bisitetarako pasabidea. Haren ibilbidea murriztu egin denez, okupazio proiektatua 744,44 m²-tik 200 m²-ra pasatu da, eta eraikigarritasun proiektatua, berriz, 1.298,88 m²-tik 1.105,00 m²-ra. Altuera proiektatua ez da aldatu. Bisitetarako pasabidearen ibilbidea murriztuta, ebakuazio eskaileretako bat desagertu da, pasabiderako bakarrik balio zuelako.

Aldaketa horien ondorioz, hasiera batez aurreikusitako guztizko okupazioari (54.202,99 m²) 272,12 m² kendu zaizkio, eta hasiera batez aurreikusitako guztizko eraikigarritasunari (58.640,14 m²) 78,44 m² gehitu.

Aipatutako aldaketak ezin dira funtsezkotzat edo garrantzitsutzat jo jendaurrean jarritako proposamenari dagokionez; hortaz, ondorioztatzen da dokumentazioa ez dela berriro jendaurrean jarri behar.

III.–Txosten sektorialak.

Jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko izapideak hasi aurretik, honako erakunde hauek proiektuaren aldeko txostenak eman zituzten: Babes Zibilerako Zerbitzuak (2021eko martxoaren 23an), Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak (2021eko martxoaren 8an), Iruñerriko Mankomunitateak (Azpiegitura Zuzendaritzak, 2020ko azaroaren 19an, eta Garraio Zuzendaritzak, 20an) eta Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko Telekomunikazioetako eta Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia (2020ko azaroaren 22an).

Aurreko txostenetatik, bidezkoa da Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiarena eta Babes Zerbitzuarena aipatzea, UPSan sartu beharreko gogoetak barne hartzen baitituzte.

Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren txostenak zortasun aeronautikoei buruzko xedapenak eta planoak sartzeko baldintza ezarri zuen. Txosten horri erantzuteko, sustatzaileak beste plano bat (“11. Antolamendua. Zortasun aeronautikoak”) eta beste artikulu bat (“14. artikulua.–Zortasun aeronautikoen eremua”) gehitu ditu.

Bestalde, Babes Zerbitzuaren txostenak irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretua betetzeko baldintza ezarri zuen, baita etorkizunean honako hauek baimendu ezin izatea ere:

–Lerrokaduren aldaketak, industria establezimenduetako suteen aurkako segurtasun erregelamenduaren arabera C MOTAKOA den establezimendu batetik hiru metrora edo gutxiagora eraikitzeko aukera ematen badute.

–Lurzatien banantzeak, horien ondorioz sortutako lurzatien muga berriak industria establezimenduetako suteen aurkako segurtasun erregelamenduaren arabera C MOTAKOA den establezimendu batetik hiru metrora edo gutxiagora badaude.

Txosten horri erantzuteko, sustatzaileak bi artikulu sartu ditu araudian: “12. artikulua.–Substantzia arriskutsuak tartean dauden istripu larriak izateko arriskua” eta “13. artikulua.–Industria sektoreetako sute arriskua”.

Ondotik, 2021eko urriaren 13an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, jabari publiko hidraulikoaren babesari eta lasterren araubideari dagokienez, UPSan jasotako jarduketen aldeko txostena eman zuen eta adierazi zuen ez dela proiekturako baimenik eskuratu beharko. Gainera, errepikatu zuen 2019-OU-146 espedientean aipatutako ur baliabideak eskuragarri daudela eta, saneamendu sareari dagokionez, bai hiriko hondakin uren kolektoreen sareetan bai hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzea aurreikusten denean kontuan hartu beharreko determinazio batzuk ezarri zituen.

Azkenik, 2021eko azaroaren 4an, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak txostena eman zuen eta, bertan, esan zuen bai trafiko azterketa egiteko aplikaturiko prozedura bai ateratako ondorioak zuzenak direla. Bere eskumenei dagokienez, ez zuen UPSrako determinaziorik ezarri.

IV.–Interes orokorreko deklarazioa.

Mankomunitate sustatzaileak IIZri buruzko UPSa interes orokorrekotzat jotzeko eskatu du, LAHFOTBan xedatutako ondorioetarako.

Horretarako, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko ekainaren 15ean emandako txostena jasota dago. Bertan, kontuan hartuzko hauek biltzen dira:

–“Nafarroako Gobernuak, 2016ko abenduaren 14an egindako bilkuran, Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Plana (aurrerantzean, NHP) onesteko erabakia hartu zuen, ekonomia zirkularraren kontzeptua eta hondakinen hierarkia aintzat hartuz. Horren bidez, hondakinen prebentzioa, hondakinak bereizita biltzeko sistemak eta birziklatzea sustatzen dira.

–Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Plana Prebentzio Programan eta Kudeaketa Planean egituratuta dago; komunikazioari, hondakin fluxuen jarraipenari eta kontrolari, aukera berdintasunari eta enpleguari buruzko kapituluek zeharka eragiten diete biei.

–Nafarroako Hondakin Plana bultzatzeko funtsezko neurri gisa, 2018ko ekainaren 22an Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea argitaratu zen; bertan, NHParen prebentzio eta kudeaketa helburu nagusiak xedatzen dira.

–NHPak 2.6 baldintza gaitzailean (‘Hondakinen kudeaketaren plangintza eguneratua’) xedatutako irizpideak betetzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/98/EE Zuzentarauak (hondakinei buruzkoak eta zuzentarau jakin batzuk indargabetzen dituenak) 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, Europako Parlamentuaren Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/851 (EB) Zuzentarauak (hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentaraua aldatzen duenak) egindako aldaketarekin.

–Gaur egun, Nafarroan isuri aurretik tratatzeko 2 instalazio daude, CÁRCAR HTZn (Cárcarren) eta CULEBRETE HTZn (Tuteran); horietan, Nafarroako gainerakoen frakzioa (Iruñerrikoa izan ezik) tratatzen da eta, gainera, ontziak eta hondakin biodegradagarriak hautatzeko instalazioa dago. Halaber, ontziak hautatzeko beste bi instalazio daude: bata, Gongoran (Iruñerriko Mankomunitatean) eta bestea, Azkoienen (Erriberagoieneko Mankomunitatean).

–NHPak birziklatzeari eta deuseztatzeari buruz ezartzen dituen helburuen eta neurrien artean, O.R.05 eta O.D.04 daude. Horien arabera, hondakin guztiak isuri aurretik tratatu beharko dira, zehazki udal hondakinen gainerakoen frakzioa, adibidez, Iruñerriko Mankomunitatekoa, orain zuzenean Gongorako hondakindegira bideratzen baita.

–Horretarako, gainerakoen frakzioa dauden instalazioetan tratatzearen ordez Iruñerrirako instalazio bat eraikitzeko aukera xedatzen du NHPak; izan ere, Nafarroako biztanleriaren erdia baino gehiago hartzen du eta, horrela, beste tratamendu instalazio batzuetara garraiatzea saihestuko litzateke, M.R.05.29 neurrian (‘Dauden instalazioak Nafarroa osoko gainerakoen frakzioa jasotzeko egokitzea eta, hala badagokio, aukeran, Iruñerriko gainerakoen frakzioa tratatzeko instalazio berri bat sustatzea’) xedatzen den moduan .

–Iruñerriko tratamendurako azpiegitura hori NHPko inbertsioen barruan ere jaso zen eta hala kontsignatu zen planeko aurrekontuan (8.2 kapituluan)”.

Horregatik guztiagatik, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak adierazten du Iruñerriko Ingurumen Zentroa (IIZ) dela-eta xedatutako jarduketa Nafarroako Gobernuaren hondakinen inguruko politika sektoriala gauzatzeko neurrietako bat dela, bereziki Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Plana gauzatzeko, eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean xedatutako helburuak betetzea ahalbidetuko duela.

Aurreko txostena kontuan izanik, uler daiteke UPS honetan xedatutako obrek Nafarroarentzako interes orokorrekotzat jotzeko baldintzak betetzen dituztela.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2021eko azaroaren 26ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Iruñerriko Hondakinen Tratamendurako Zentroaren (Iruñerriko Ingurumen Zentroa, IIZ) Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea. Iruñerriko Zerbitzuak SA (IZSA) da sustatzailea.

2. Udalez gaindiko proiektu sektorial honetan xedatutako obrak interes orokorrekotzat jotzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen testu bateginaren 47. artikuluan xedatutakoaren babesean.

3. Udalez gaindiko proiektu sektorial honetan jasotako jarduketak egiteko idazten diren eraikuntza proiektuek UPSa izapidetzean emandako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dute.

Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokienez edo, hala badagokio, exekuzioa baldintzatu dezaketenei dagokienez, behar diren baimen guztiak jaso beharko dira organo eskudunetatik, kasuan kasuko gaiaren arabera.

Proiektu horietarako hirigintza baimena emateko izapidean, Iruñeko Garraioaren Hiriaren UPSaren 4. faseko araudiak arautzen dituen kontuak baloratuko dira, batez ere barneko urbanizazioari eta akaberei dagozkienak, baita araudi sektoriala betetzea eta duela gutxi onartutako Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. faseko birzatiketa eta urbanizazio proiektuetara egokitzea ere.

Bidezkoa da gogoraraztea Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. faseko urbanizazio lanak hartu arte LAHFOTBaren 105. artikulua (“Urbanizazioa eta eraikuntza aldi berean egitea”) kontuan izan behar dela, alegia: “Administrazioak baimena ematen ahalko du urbanizazioa eta eraikuntza aldi berean egin daitezen, betiere horretarako behar diren berme proportzionatuak eskatuz –ezin izanen baitira izan lurzatiaren edo esparruaren hirigintza-kargaren %30 baino handiagoak–, abal ekonomikoaren bidez edo zuzenbidean onartzen diren bermeetako edozein erabiliz”.

4. Erabaki hau, eranskin gisa jasotzen den araudi onetsiarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, herritar guztiek horren berri izan dezaten, eta Babes Zibilerako Zerbitzuari, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioko Telekomunikazioetako eta Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Ingurumen Eraginaren Atalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Noain Elortzibarko Udalari eta sustatzaileari helaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Onetsitako dokumentua Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean eskuragarri egonen da.

5. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko abenduaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Eranskina–Iruñerriko Hondakinak Tratatzeko Zentroari edo IIZri buruzko UPSaren araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2117623