73. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

28E/2022 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau eta zuzenduko duten oinarriak: “PIRIBIZI 2022 Pirinioetako Planaren lurralde eremuan etxebizitzarako sarbidea sustatzeko eta, hala, biztanleria finkatzeko dirulaguntzak”. DDBN identifikazioa: 615222.

Hala ezartzen baitu bere 28. artikuluan urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da “lurralde garapen jasangarria lortzeko estrategiarako politika publikoak gauzatzea” eta “lurraldea ardazten duten, aurrerapena ekartzen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak” sustatzea, laguntzea eta haien jarraipena egitea, “zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz”.

2017ko maiatzean eratu zen “Pirinioetako Mahaia”, eskualde horretako toki erakundeek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artziko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolakuntzan tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko Ponentziak egindako txostenean jasota daude Nafarroako Pirinioaldeko diagnostikoaren elementu kritikoak: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, etxebizitza lortzeko zailtasunak... Horren aurrean, aldiz, bizimolde berriak ditugu, hirikoa eta herrietakoa parekatzen dituztenak, landa eremuari sustatu beharreko balioa ematen dion ikuspegia agertzen hasi da, bertako ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak eta herritar taldeen bizitasuna ere hor daude... Horiek guztiak Pirinioetako Lurralde Garapen Jasangarriaren pizgarri izan daitezkeen aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat “Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea” da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia bat erabiliz.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan, Pirinioek presentzia zehatz eta nabarmena dute, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7 kapitulua. Pirinioak eta beste espazio natural eta nekazaritzako batzuk), bai lurraldearen kultura berrirako estrategian (4.5.2 kapitulua. Pirinioak).

Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorrek 70.000,00 euroko kreditua dute “PIRIBIZI dirulaguntzak; Pirinioetan erronka demografikoari heltzea” izeneko 330000 33100 7800 921100 kodeko gastu partidari aplikatua.

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorrita Sektore Publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko urtarrilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, jarraibideak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren erakundeek ematen dituzten dirulaguntzen eta laguntzen informazioa tratatzeko. Ezarritako sisteman, beharrezkoa da bereiztea gastua baimentzeko fasea eta dirulaguntza ematekoa, eta, orobat, ez da onartzen bi faseak batera tratatzen dituen kontabilitateko dokumenturik.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. “PIRIBIZI 2022 Pirinioetako Planaren lurralde eremuan etxebizitzarako sarbidea sustatzeko eta, hala, biztanleria finkatzeko dirulaguntzen” deialdia onartzea.

2. Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 70.000,00 euroko gastua baimentzea 2022ko gastu aurrekontuaren “PIRIBIZI dirulaguntzak; Pirinioetan erronka demografikoari heltzea” izeneko 330000 33100 7800 921100 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 14an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

PIRIBIZI 2020 PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE EREMUAN ETXEBIZITZARAKO SARBIDEA SUSTATZEKO ETA, HALA, BIZTANLERIA FINKATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

1.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen helburua ohiko etxebizitza iraunkorra izatera bideratutako etxebizitza birgaitzen eta erosten laguntzea da. Ohiko etxebizitza iraunkortzat jotzen da, hain zuzen ere, Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoa, Pirinioetako Planaren lurralde eremuko edozein udalerritan, Nafarroako Toki Administrazioa Erreformatzeko otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean zehaztutakoaren arabera, bai eta Artzi eta Orotz-Beteluko udalerrietan ere (aurrerantzean, Pirinioetako Planaren lurralde eremua), horretarako 3 dirulaguntza lerro ezarriz:

–A lerroa: Pirinioetako Planaren lurralde eremuan dauden udalerrietan cohousing araubidean etxebizitza kolaboratiboen proiektu bat jartzera bideratutako etxebizitza eraikinak eta etxebizitza indibidualak erosteko laguntzak, betiere udalerriotan erroldatutako pertsonen ohiko etxebizitza iraunkorra izanen badira.

–B lerroa: Pirinioetako Planaren lurralde eremuan dauden udalerrietan etxebizitza indibidualak erosteko laguntzak, betiere udalerriotan erroldatutako pertsonen ohiko etxebizitza iraunkorrak izanen badira.

–C lerroa: etxebizitza erakinean edo etxebizitza indibidualean beharrezko diren birgaitze lanak egiteko laguntzak, zimenduak, egitura, instalazioak, estalkiak, teilatuak, fatxadak eta mehelinak zaintzeko, bai eta legez eskatzen diren funtzionaltasun, bizigarritasun, segurtasun eta higieneko gutxieneko barne baldintzei eusteko edo segurtasuna eta irisigarritasuna hobetzeko ere, Pirinioetako Planaren lurralde eremuan dauden udalerrietan, betiere etxebizitza horiek udalerriotan erroldatuta dauden pertsonen ohiko etxebizitza iraunkorrak izanen badira.

2.–Onuradunak eta betebeharrak:

2.1. Oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira:

–A eta B lerroak: 2021eko urtarrilaren 1aren eta eskariak aurkezteko epea amaitzen den dataren artean Pirinioetako Planaren lurralde eremuan dagoen udalerri batean etxebizitza bat erosi duten pertsona fisikoak.

–C lerroa: Pirinioetako Planaren lurralde eremuan kokatutako egoitza izaerako etxebizitza eraikinen edo etxebizitza indibidualen jabe bakarrak edo jabekideak diren pertsona fisikoak.

2.2. Onuradunek beren ohiko etxebizitza iraunkorra ezarri beharko dute erositako etxebizitzetan, eta horietan erroldatuta egon beharko dute gutxienez zazpi urtez, salbu eta inguruabar jakin batzuen ondorioz (esatera baterako, ezkontideak banandu direlako, lanaren zioz lekualdatu behar izan direlako, enplegua aldatu delako, desgaitasunen baten zioz etxebizitza egokia ez delako edo justifikatutako antzeko arrazoiren bat gertatu delako), helbidea epe hori baino lehen aldatu bada.

2.3. Pertsona onuradun guztiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako betekizunak bete beharko dituzte.

2.4. A eta B lerroetako laguntzen onuradunek edo beren familia unitateko beste kideek ezin dute izan beste etxebizitza baten edo gutxienez haren % 50eko zati alikuotaren jabariaren edo erabilera eta gozamenerako eskubidearen titularrak.

2.5. Onuradunek gaitasun ekonomikoari buruzko honako betebehar hauek bete beharko dituzte.

2.5.1. A eta B lerroetarako: gehieneko diru-sarrerak Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 3.ter artikuluan aipatzen den Errenta Egokiaren araberako Erosteko Nahikotasun indizea halako 6,5 izatea, eta urtean gutxienez 15.000 euroko diru-sarrerak izatea.

2.5.2. C lerrorako: gehieneko diru-sarrerak Errenta Egokiaren araberako Erosteko Nahikotasun indizea halako 4,5 izatea.

2.6. Onuradunek egunean eduki beharko dituzte zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta horrez gain, dirulaguntza publikoak itzultzearen ziozko betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte.

2.7. Etxebizitza bat erosi duten hainbat pertsonak edo birgaitu beharreko higiezin baten jabekideek egiten badute laguntza eskaria, horien guztien diru-sarrerak zenbatuko dira, guztien baturak 5. atalean aipatutako diru-sarrerak gainditzen ote duen zehazteko. Edonola ere, guztietan bete beharko dira oinarri hauetan etxebizitza bat erosteko laguntzaren onuradun izateko ezartzen diren betebeharrak.

Banaka egindako eskarietan nahiz laguntzen onuradun diren hainbat pertsona fisiko dauden eskarietan diru-sarrerak baloratzeko, kontuan hartuko da zerga oinarri orokorraren zenbatekoa eta aurrezkiaren zerga oinarriaren zenbatekoa, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenekoa, hain zuzen ere familia unitateko edo bizikidetza unitateko kide bakoitzak laguntza eskariaren unean aurkezpen-epea amaituta daukan azken zergaldiari buruz aurkeztutakoa.

Oraintsuko datu fiskalik eduki ezean, beste datu edo informazio batzuk eskatzen ahalko dira, besteak beste bizikidetza unitateko diru-sarreren gaineko erantzukizunpeko adierazpena.

Deialdi honetara aurkezteko informazio, laguntza, orientazio eta aholkularitza zerbitzu bat behar duten eskatzaileek modu pertsonalean jo dezakete Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiko teknikariengana, 848427648 telefonora deituta, edo posta elektronikoz helbide honetara idatzita: dirección.general.proyectos.estratégicos@navarra.es.

3.–Ekintza diruz lagungarriak.

3.1. Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuek soilik jaso dezakete dirulaguntza, baldin eta 6. oinarri honetan ezarritako epean gauzatzen badira.

3.2. Ekintza diruz lagungarriak dira honako hauek:

a) Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak titulu bidez erosteko eragiketak, 2021eko urtarrilaren 1etik eskariak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte sinatutakoak.

b) Erositako etxebizitza eraikinaren edo etxebizitza indibidualaren gainean egin beharreko birgaitze jarduketak, zimentazioa, egitura, instalazioak, estalkiak, teilatuak, fatxadak eta mehelinak zaintzeko, bai eta legez eskatzen diren funtzionaltasun, bizigarritasun, segurtasun eta higieneko gutxieneko baldintzei eusteko edo segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko ere, 2022ko urtarrilaren 1aren eta azaroaren 15aren artean egindakoak.

4.–Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Erosketak eta birgaitze ekintzak diruz lagunduko dira balorazio irizpide hauen arabera lortzen duten puntuazioak ezarritako ordenan:

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

60 puntu

1. ETXEBIZITZA ERAIKIN BAT EDO ETXEBIZITZA INDEPENDENTE BAT EROSTEA, ETXEBIZITZA KOLABORATIBOKO EDO COHOUSING ARAUBIDEKO PROIEKTU BAT JARTZEKO, ETA HORREN GARAPEN MAILA.

1.1. Etxebizitza eraikin bat edo etxebizitza independente bat erostea, etxebizitza kolaboratiboko edo cohousing araubideko proiektu bat jartzeko: gehienez ere, 10 puntu.

1.2. Proiektuaren garapen maila: gehienez ere, 10 puntu.

1.3. Cohousing proiektuaren onuradunak izanen diren pertsonen kopurua: gehienez ere, 10 puntu.

1.4. Etxebizitza independentearen edo eraikinaren metro karratuak: gehienez ere, 10 puntu.

40 puntu

2. ETXEBIZITZA INDIBIDUAL BAT EROSTEA, BERTAN ERROLDATUTA DAUDEN PERTSONEN OHIKO BIZILEKUA IZATEKO, COHOUSING PROIEKTURIK GABE (inguruabar bakoitzeko gehienez 15 puntu).

2.1. Etxebizitzan erroldatuta dauden bizikidetza unitateko edo familia unitateko kideen kopurua.

2.2. Etxebizitzaren metro karratuak.

30 puntu

3. EROSITAKO ERAIKINEAN EDO ETXEBIZITZAN BIRGAITZE EKINTZAK EGITEKO BEHARRIZANA ETA HORIEN GAUZATZE MAILA.

3.1. Birgaitze obrak hasi eta amaitzeko aurreikusten diren datak (gehienez ere 10 puntu)

3.2. Higiezinaren antzinatasuna (gehienez 5 puntu)

3.3. Birgaitu beharreko higiezinean erroldatutako pertsonen kopurua (gehienez 10 puntu)

3.4. Birgaitu beharreko higiezinaren metro karratuak (gehienez 5 puntu)

30 puntu

4. ONURADUNEN INGURUABARRAK (gehienez 4 puntu inguruabar bakoitzeko):

4.1. 14 eta 30 urte bitarteko taldeko kideak.

4.2. 60 urtetik goitikoak.

4.3. Emakumeak.

4.4. Maila ekonomikoan nahiz sozial edo familiarrean zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak.

4.5. Desgaitasuna dutenak.

20 puntu

5. GARATU BEHARREKO BIRGAITZE EKINTZEN INGURUMEN IRIZPIDEAK (gehienez 5 puntu irizpide bakoitzeko):

5.1. Energia-efizientziarako neurriak.

5.2. Hondakinak kudeatzeko plana.

5.3. Birgaitze jasangarria, bioeraikuntzako irizpideen araberakoa.

5.4. Birgaitu beharreko higiezinaren ingurumen estandar orokorra hobetzen dela bermatzeko ekintzak.

20 puntu

Gutxienez 20 puntu lortu behar dira kasu bakoitzean eskatutako dirulaguntza jasotzeko aukera izateko.

5.–Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

5.1. Deialdirako aurreikusitako hornidura 70.000 eurokoa da guztira. Gastua 2022ko ekitaldiko aurrekontuetako “PIRIBIZI dirulaguntzak; Pirinioetan erronka demografikoari heltzea” izeneko 330000 33100 7800 921100 partidari egotziko zaio.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da:

–A lerroa: Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosteko laguntzaren zenbatekoa etxebizitza erosteko prezioaren % 20ra artekoa izanen da, eranskinik gabe, eta erosketari dagozkion gastuak eta zergak kontuan hartu gabe, eta, edonola ere, etxebizitza bakoitzeko 10.000 euroko muga ezarrita. Kopuru hori 10.000 euro igoko da, cohousing proiektu bakoitzeko.

–B lerroa: Etxebizitza indibidualak erosteko laguntzaren zenbatekoa etxebizitza erosteko prezioaren % 20ra artekoa izanen da, eranskinik gabe, eta erosketari dagozkion gastuak eta zergak kontuan hartu gabe, eta, edonola ere, etxebizitza bakoitzeko 10.000 euroko muga ezarrita.

–C lerroa: Birgaitze bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa birgaitze gastuen % 80koa izanen da, etxebizitza bakoitzeko gehienez ere 10.000 euroko muga ezarrita.

5.2. Laguntza eskatzen duena etxebizitza baten titularkidea bada, jaso dezakeen laguntzaren zenbatekoa jabetzan duen partaidetza kuotaren proportzioaren araberakoa izanen da. Salerosketaren kontratu pribatuan edo eskritura publikoan partaidetza ehunekoa agertzen ez bada, zati berdinetan erosi dela ulertuko da.

5.3. A eta B lerroen laguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko da laguntza eskariarekin batera aurkeztutako kontratu pribatuan edo eskritura publikoan agertu beharko den etxebizitzaren prezioa. Eskaria egitean kontratu pribatu bat aurkezten bada, eta justifikaziorako aurkezten den eskritura publikoan esleitutako prezioa baino txikiagoa bada, dirulaguntza azken horren arabera ordainduko da, desadostasun horren zioz gertatu ahal izan diren erantzukizunak eragotzi gabe.

5.4. Deialdi hau norgehiagoka bidezkoa da. Ondorioz, eskaerak lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 4. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira aurrekontuko partida ahitu arte.

5.5. Esleitutako puntuazioan berdinketarik badago, hurrengo atal hauetan lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da:

–A lerroa: 4. oinarriko 1.3 atala.

–B lerroa: 4. oinarriko 2.1 atala.

–C lerroa: 4. oinarriko 3.3 atala.

Lerroetako edozeinetan berdinketak bere horretan jarraitzen badu, 4. oinarriko 4. atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

5.6. Erabilgarri dauden funtsak eskaera bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, partidan gelditzen den diru kopurua esleituko zaio, partida agortu arte.

6.–Gauzatzeko epea.

Diruz lagundu daitezkeen erosketak publiko bihurtzeko eragiketa 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko azaroaren 15era bitartean eginda egon ahal izanen da. Horrek ez du eragotziko erosketa kasuetan diruz lagundu beharreko zenbatekoa baloratzean dirulaguntza eskariarekin batera aurkeztutako agirian agertzen den balioa kontuan hartzerik.

Birgaitze proiektuak 2022ko urtarrilaren 1aren eta azaroaren 15aren artean egin beharko dira.

7.–Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Behar bezala betetako eskabidea, I. eranskinari jarraikiz.

b) Eskatzailearen NANa edo nortasunaren berri ematen duen agiria, bere izenean edo ordezkaritzan, bai eta ordezkaritza hori betetzeko titulua.

c) Laguntzak etxebizitza kolaboratiboko edo cohousing araubideko proiektu baten barruan eskatzen badira, proiektu horren kopia eta haren garapen eta ezarpen maila ongi ezagutzeko egokitzat jotzen den beste edozein informazio.

d) Diru-sarreren egiaztagiriak, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera: etxebizitza erosleak diren pertsona fisikoen errenta aitorpena, eskariaren datan itxitako azken ekitaldiari dagokiona.

e) Laguntzak etxebizitza erosteagatik eskatzen badira, salerosketaren kontratu pribatuaren edo eskritura publikoaren kopia.

f) Laguntzak birgaitze lanetarako eskatzen baldin badira:

a. Etxebizitzaren jabetza titulua egiaztatzen duen eskritura publikoaren edo erregistroko idatzohar sinplearen kopia, eskatzaile bakoitzak jabetzan duen partaidetza ehunekoa eta katastroko erreferentzia jasotzen dituena.

b. Proiektua, edo, horrelakorik eskatzen ez bada, memoria teknikoa, teknikari eskudun batek edo, hala badagokio, instalatzaile batek sinatua, non behar bezala azalduko baitira abiapuntuko egoera eta egin beharreko jarduketak, hala badagokio, eta birgaitze jarduketak eginen dituen enpresaren (edo enpresen) aurrekontua, behar bezala banakatuta.

g) Dirulaguntza eskatzen duten pertsonen edo erosleen erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren arabera, honako alderdi hauek jasoko dituena:

–Eskualdatu edo birgaitu beharreko etxebizitza laguntzaren onuradunaren ohiko etxebizitza iraunkorra izanen dela, zazpi urtez, hura erosten den egunetik zenbatzen hasita.

–Laguntzen onuradunek ez dutela inter vivos eskualdaketarik egiten edo erabilerarik lagatzen ahalko ezein tituluren bidez laguntzaren xede diren etxebizitzetan, salerosketaren eskrituraren datatik zazpi urteko epean.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela erosle guztiek.

–Erosle guztiek egunean dituztela beren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

h) Nafarroako Gobernuaren laguntzen hartzaile berri diren kasuan edo bankuko kontu zenbakia aldatzen den kasuan soilik aurkeztu beharko da bankuko helbideratzearen inprimakia, behar bezala beteta, laguntzak zein kontutan sartuko diren adieraziz.

i) Beste dirulaguntza batzuk eskuratu izanaren adierazpena, IV. eranskinaren arabera.

j) Laguntza eskatzaileen baimena, Nafarroako Gobernuari aukera emateko datu pertsonalak tratatu ditzan, baldin eta beharrezkoa bada laguntzak kudeatzeko, Datu pertsonalak babestu eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, V. eranskinari jarraikiz. Erosleen datu pertsonalak, ekonomikoak, zerga izaerakoak edo ondare izaerakoak egiaztatuko ditu Administrazioak, administrazio eta erakunde desberdinekin ezarritako lankidetzaren esparruan.

k) Maila ekonomikoan edo maila sozial edo familiarrean zaurgarritasun egoera egiaztatzen duen dokumentazioa, baldin eta inguruabar hori alegatu bada.

l) Desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa, baldin eta inguruabar hori alegatu bada.

8.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

8.1. Eskabideak eta erantsitako agiriak ahal dela telematika bidez aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoko loturaren bitartez (www.navarra.es), hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizietan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

8.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, eskatzaileari errekerituko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da, eta, horrez gain, abisu bat bidaliko da eskabide ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

9.–Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

9.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

9.2. Eskaerak 4. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

9.3. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

10.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

10.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 2 hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko. Hori guztia Administrazioaren ebazpena eman beharraren obligazioaren kalterik gabe.

10.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: eskatzaileen zerrenda, diruz lagunduko erosketak eta birgaitze ekintzak, diruz laguntzen den jarduera bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaion ezetz (arrazoia zehaztuta).

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

10.3. Dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

11.–Frogagiriak.

Jarduketak egiteko laguntzen azken hartzaileek 2022ko azaroaren 25a baino lehen justifikatu beharko dituzte laguntza horiek, instrukzio organoaren aurrean. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Birgaitze ekintzen kasuan, diru-sarrerak eta gastuak justifikatzen dituen kontua, III. eranskinaren arabera.

b) Jabetzaren eskritura publikoa, bertan adierazten direlarik etxebizitza eraikina edo etxebizitza erosten duten pertsonak, bai eta erosketako partaidetza ehunekoa, erregistroko datuak eta katastroko erreferentzia ere, 2022ko azaroaren 15a baino lehen sinatua, baldin eta dokumentazio hori ez bazen eskariaren unean aurkeztu.

c) Birgaitze jarduketak egin badira, garatutako jarduketen memoria eta obrako zuzendariak eta obraren exekuzioaren zuzendariak sinatutako obra amaierako ziurtagiria.

d) Gastuen zerrenda eta gastuen justifikazioa, bai eta fakturen eta bankuko ordainagirien kopia ere, egindako birgaitze lanei lotuta eta aurrekontuarekin eta aurkeztutako kontratuekin bat, C lerroko eskarietarako, edo etxebizitzaren erosketa prezioaren ordainagiria, A eta B lerroen kasuan.

e) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dituelako egiaztagiriak.

f) Beste dirulaguntza batzuk jaso izanaren erantzukizunpeko adierazpena, IV. eranskinaren arabera.

Edonola ere, jarduketa egin eta justifikatzeko epea bukatzen denean gastuen zati bat baino ez bada ordaindu, proportzionaltasun printzipioa aplikatuko da, laguntza jasotzeko eskubidea galtzearen ondorioetarako.

12.–Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta erakunde onuradunak 11. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren. Transferentzia bidez ordainduko da.

13.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izanen dira xede bererako beste edozein erakunde publiko edo pribatuk ematen duen beste edozein laguntzarekin, betiere jasotako laguntzen zenbateko osoa ez bada diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoaeta, edonola ere, beste laguntzen araudiak, izan nazionala izan Europakoa, horretarako bide ematen badu.

Horretarako, laguntzen eskatzaileak eskarian adierazi beharko du ea laguntzarik eskatu duen xede eta aldi bereko beste erakunde batean, eta, hala denean, onuradun izan den, zer laguntza mota jaso duen eta zenbat kobratu duen adieraziko du. Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren erakundeek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, jarduera diruz lagungarri bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

14.–Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak izanen du, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuko teknikarien bitartez, diruz lagundu daitezkeen jardueren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

15.–Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Etxebizitza eraikina edo etxebizitza indibiduala cohousing proiektu batera bideratzea, A lerroaren kasuan; eta, betiere, ohiko bizileku iraunkorra izan dadin bertan bizi diren pertsonentzat, gutxienez zazpi urtez.

b) Oinarri hauetan aipatzen diren gainerako konpromiso eta betebeharrak betetzea, eta, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak eskatuz gero, hala egiaztatzea.

c) Dirulaguntzaren xede den jarduketa dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako birgaitze proiektuaren, etxebizitzaren erosketaren edo cohousing proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea.

d) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako jarduketak egin direla, eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

e) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztuko du.

f) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan aritzea diruz lagundutako jarduketen zabalkundean, horien ezagutza eta gizartearen parte-hartzea eragiteko.

i) Jarduerak gauzatzen diren denbora guztian Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiarekin elkarrizketarako bideak eta koordinazioa mantentzea, horrela cohousing edo birgaitze proiektuei eta horietan gerta litezkeen aldaketei buruzko jarraipena, egiaztapena edo informazio eskaerak egin ahal izateko.

j) Jakinarazpena jasotzen denetik zazpi eguneko epea egonen da eman den dirulaguntzari uko egiteko, baldin hala egitea erabakitzen bada. Horretarako, komunikazio bat bidali beharko zaio Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Uko egindako zenbatekoa beste proiektu batzuei esleitzen ahalko zaie, zehazki, laguntzarik gabe gelditu direnei aurrekontuan krediturik ez izateagatik, lortutako balorazioaren arabera, edo, halako proiekturik ez badago, onuradun atera diren beste proiektuen artean hainbanatuko da.

k) Eskaeran eta dirulaguntzaren justifikazioan beharrezkoa den dokumentazio eta informazio guztia sortzea eta entregatzea.

l) Aurkeztutako eta onartutako jardueren aurrekontuaren % 100 justifikatzea, emandako dirulaguntzak estaltzen duen ehunekoa edozein dela ere.

16.–Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo zati batean, itzuli behar izatea, baita berandutze interesak ordaintzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak.

16.2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, % 20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen onuradunak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

16.3. Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin ere.

19.–Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

20.–Datuen babesa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza horien esleipena kudeatzeko. Halaber, jakinarazten dizugu zure datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakezula: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ejercicio-de-los-derechos-de-proteccion-de-datos-personales.

Argibide gehiago jasotzeko:

https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/19._dpto._ordenacion_del_territorio_viviendo_paisaje_y_proyectos_estrategicos.pdf

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskaerak aurkezteko inprimakia.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko.

III. eranskina.–C lerroko gastuak justifikatzeko taula.

IV. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuen aitorpena.

V. eranskina.–Datu pertsonalak kontsultatzeko baimena.

Deskargatu I. eranskinetik V. eranskinera bitarte (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2203982