73. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

26E/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 11koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak, 2022an kirol instalazioen tokiko plana egin dezaten beren eraginpeko eremu geografikoan. DDBN identifikazioa: 614891.

Kirolak gaur egun Nafarroan duen hedapena eta toki entitateek arlo horretan duten inplikazioa dela eta, Nafarroako Gobernuak hainbat neurri eskaintzen ditu Nafarroako herritar guztiek kirola egiteko aukera izan dezaten eta, orobat, toki entitateei laguntzeko dagozkien eskumenak beren gain har ditzaten eta kirol antolaketa gara dezaten.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.g) artikuluan, helburu gisa hauxe finkatzen du: “plangintza bat ezarri eta bultzatzea, Foru Komunitatean kirol instalazioen sare bat ezarri eta mantentzea helburu”. Horretara bideratu behar dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak, eta Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburua da.

Nafarroako kirol instalazioen eraikuntza eta berritzea planifikatzeko, beharrezkoa da honako hauek aztertzea: kirol instalazioen eskaera eta joera berriak, hirigintzaren hazkundea, ingurune soziogeografikoa, etab. Horietaz gain, egungo instalazioen zahartzea ere aztertu behar da; izan ere, horrek behartzen gaitu epe ertain eta luzean horiek egokitzeko behar diren inbertsioak egitera.

Nafarroako kirol instalazioen gaur egungo erroldak erakusten digu kirol azpiegituren errolda zabala dela, eta batzuetan gehiegizkoa. Beharrak ongi aztertu eta zehaztu behar ditugu, oraingoak behar baino gutxiago ez erabiltzeko eta kudeatzeko bideraezinak diren instalaziorik ez eraikitzeko. Eta, behar denean, oraingoak birmoldatzeko.

Nafarroako Kirolaren Institutuak dituen funtzioen artean, haren estatutuetan, 17. artikuluan, hau ezartzen da: Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren bidez, toki entitateei aholku eta laguntza ematea kirol instalazioen tokiko planak (KITP) egiten dituztenean.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuak dituen funtzioen artean, haren estatutuetan, 25. artikuluan, hau ezartzen da: Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzaren bidez, toki entitateei aholku ematea kirol instalazioen gaian, bai eraikitzeko edo berrikuntzak egiteko, baita kudeatzeko ere; eta hori ez ezik, erabilera publikoko kirol instalazioetan eta horien ekipamenduetan planak kudeatzea, baita toki entitateei gaiari buruzko aholkua ematea ere.

2017az geroztik, toki entitateak dirulaguntzak jasotzen ari dira kontzeptu horrengatik, eta iaz, esate baterako, 11 izan ziren toki entitate onuradunak. Hala, bidezkoa da deialdi honekin jarraitzea.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen tokiko plana egin dezaten.

Horren bidez plangintza bultzatu nahi da, agiri bat eginez, ahalik eta kirol eragile gehienekin lankidetzan, azkeneko helburua lortzeko, hots: Nafarroako Foru Komunitatean kalitatezko kirol instalazioen sarea izatea, egungo gizartearen eskaerei erantzuteko.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak eta eranskinak onestea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen tokiko plana egin dezaten 2022an.

Laguntzak emateko ezinbesteko baldintza izanen da aurrekontuan behar adina diru egotea (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 5. artikulua).

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 20.000 euroko gastua baimentzea, honako honen kargura: Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateentzako dirulaguntza, instalazioen planak egiteko” izeneko A50001-A5400-4609-336100 partida ekonomikoa.

3. Foru agindu hau eta haren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzara, haren Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora.

5. Foru agindu honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki entitateek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 11n.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen tokiko plana egin dezaten, honako apartatu honetan zehazten diren jarraibideei jarraikiz:

1.2. Diruz lagunduko dira kirol instalazioen tokiko planak, baldin eta protokolo honen arabera prestatzen badira. Protokoloak 3 fase dauzka:

1. fasea.–Kirol instalazioak:

egoera errealaren datuak biltzea. Zein izan den azken 5 urteotan kirol instalazioen erabilera, eta zer mantentze-lan egin diren. Kirol instalazioen egungo egoera eta lokalizazioa. Honako atal hauek ditu bere baitan:

1.–Planean aztertzen den kirol instalazio bakoitzean azken 5 urtean mantentze-lanetarako erabili den aurrekontuko zerrenda. Atal honetan sartuko da mantentze-lanetako ohiko zereginetarako edo instalazioak eraberritzeko erabilitako aurrekontua. Honelako funtzionamendu-gastuak ez dira sartuko: argia (elektrizitatea), ura, gasa, berokuntzarako erregaiak, instalazioa irekitzeko behar diren eragiketak, pintatzea, etab.

2.–Instalazio bakoitzean azken 5 urtean egindako jarduerak, barnean direla normalean kirolekoak izaten ez diren guneetan egindakoak, denak zenbaturik (eskura dauden parte-hartze datuekin).

3.–Kirol instalazio bakoitzaren kontserbazio egoeraren deskribapena. (Egoera ona, hala moduzkoa, txarra, instalazioa itxita egotea)

4.–Eraginpeko eremuaren hirigintza planoa, kirol instalazioen eta kirol instalazioak dituzten ikastetxeen kokapenekin.

2. fasea.–Kirol jarduerak:

jardueren programazioa eta plangintza. Hurrengo urteetan egin nahi diren etorkizuneko jarduerak aztertzea. Jardueren aurreikuspen ekonomikoa. Honako atal hauek ditu bere baitan:

5.–Hurrengo 5 urtean toki entitate eskatzaileak gauzatu nahi dituen jarduera fisikoen eta kirol jardueren plana eta programa, eta garatu nahi den antolakuntza eredua. Atal honetan sartu behar dira bai orain egiten ari diren jarduerak, bai jarduera berriak. Baloratu beharko da ea jardueraren bati udalez gaindiko izaera eman behar zaion, daukan garrantziagatik edo parte-hartzaileak gutxi izateagatik elkarrekin egitea komeni delako.

6.–Hurrengo urteetan jardueren planerako erabiliko diren aurrekontuen kalkulua.

3. fasea.–Kirol instalazioen plana:

dauden kirol instalazio eta kirolguneen aukerak eta gabeziak aztertzea. Funtzionamendu eta jarduketa plana egitea eta diseinatzea. Kronograma. Honako atal hauek ditu bere baitan:

7.–Oraingo instalazioen edukiera eta aukerak aztertzea eta baloratzea, gaur egungo espazioak berrantolatuz eta egungo jarduerak birkokatuz, ebaluatzeko ea aurreikusitako jarduerak oraingo instalazioetan kokatzerik dagoen, kirolgune berriak eraiki beharrik gabe.

8.–Kirolguneetan gabeziak hautematea, eta horiek konpontzeko aukera aztertzea.

9.–Behar diren espazioek edo instalazioek bete beharreko ezaugarri teknikoak eta espezifikoak zehaztea, oraingo eta etorkizuneko jarduerak beren baitan hartzeko, garrantzia emanez horiek izan ditzaketen askotariko erabilera edo eginkizunei.

10.–Instalazioen plana egitea, kontuan harturik aurkitutako beharrak eta etorkizunerako aurreikusitako populazioa. Atal honetan, honako aldagai hauek hartu beharko dira kontuan:

10.1.–Oraingo instalazio bakoitzak, eraikuntzaren aldetik, handitzeko edo aldatzeko dituen aukerak, beste modalitate batzuei erantzuteko, edo edukiera handitzeko.

10.2.–Oraingo instalazioak egokitzeko aukerak, birmoldaketen bidez, espezialitate edo behar berriak beren baitan hartzeko.

10.3.–Behar diren instalazio berriak.

Kontuan hartu behar dira instalazio eta jarduera mankomunatuak, inguruneko herriekin egin daitezkeenak, eta zer herri eta instalaziotan egiten diren.

11.–Hurrengo urteetarako jarduketen kronograma. Koordinatu egin beharko dira jardueren planaren ezarpena eta egin beharreko obrak: eraberritzekoak, hobekuntzakoak edo eraikuntza berriak egitekoak.

12.–Eraikuntzako bideragarritasun plana. Aukera ekonomikoetara egokitu beharko da, eta entitate sustatzaileek une bakoitzean duten aurrekontu ahalmenaren menpe egonen da.

13.–Mantentzearen eta funtzionamenduaren bideragarritasun plana.

Bideragarritasun plan bat izanen da herrian egiten diren instalazio eta jarduera guztietarako. Horrek berekin dakar honako azterlan hauek egitea:

  • Ustiapen edo negozio plan bat.
  • Erabilera edo jarduera kopurua instalazio bakoitzeko.
  • Mantentze-lanen kostuak.
  • Funtzionamenduaren kostuak.
  • Kuotek edo erabilerek ekartzen dituzten diru-sarrerak.

1.3. Berariaz baieztatuko da toki entitateak aurkeztu duen kirol instalazioen tokiko plana prestatzeko 3 faseetako apartatuei jarraitu zaiela, lehen aipatutako protokoloaren arabera. Aurkeztutako planak ez baditu betetzen baloratutako ezaugarriak, onartutako dirulaguntza ordaintzeari uko eginen zaio. VI. eranskina.

2.–Helburua.

Eraginpeko eremuko kirol instalazioen udal plana betetzeko 2022ko urriaren 15a arte egindako ekintzek ekarritako gastuak ordaintzeko erabiliko da dirulaguntza.

3.–Aurrekontu kreditua.

3.1. Helburu horretarako 20.000 euroko kopurua izanen da, deialdiari erantzuteko, honako honen kargura: Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateentzako dirulaguntza, instalazioen planak egiteko” izeneko A50001-A5400-4609-336100 partida ekonomikoa.

3.2. Dirulaguntzen deialdi honetarako esleitutako guztirako kreditua honako atal hauetan banatuko da, 8. oinarrian ezarritako baremoaren arabera:

BANAKETA GEOGRAFIKOKO MULTZOAK

GEHIENEKO
ZENBATEKOA/ENTITATEKO

GEHIENEKO
ZENBATEKOA/MULTZOKO

1. MULTZOA

1.000 biztanle arte

1.500 euro

3.000 euro

2. MULTZOA

1.001 - 7.000 biztanle

3.000 euro

9.000 euro

3. MULTZOA

7.001 - 15.000 biztanle

4.000 euro

4.000 euro

4. MULTZOA

15.000 biztanletik gora

4.000 euro

4.000 euro

GUZTIRA

20.000 euro

Lehendabizi, 4. multzoko eskaerei (eraginpeko populazioa, 15.000 biztanle baino gehiago) esleituko zaie diruz lagundutako gehieneko zenbatekoa. 4. multzoan aurkeztutako eskaera guztiei erantzun eta gero, ez bada banatzen multzo horri dagokion diru kopuru guztia, soberakina 3. multzoari esleituko zaio (eraginpeko populazioa, 7.001 eta 15.000 biztanle artean). 3. multzoan aurkeztutako eskaera guztiei erantzun eta gero, kreditua gelditzen bada, soberakina 2. multzoari esleituko zaio (eraginpeko populazioa, 1.001 eta 7.000 biztanle artean). 2. multzoan aurkeztutako eskaera guztiei erantzun eta gero, ez bada banatzen multzo horri dagokion diru kopuru guztia, soberakina 1. multzoari esleituko zaio (eraginpeko populazioa, 1.000 biztanle gehienez).

Zenbateko erabilgarria geratzen bada, kontuan hartu ez ziren edo aurrekontu krediturik ez izateagatik dagokien multzoan gehieneko zenbatekoa lortu ezin izan zuten eskaeretara bideratuko da. Lehendabizi, 4. multzoko eskaerei erantzunen zaie, gero 3. multzokoei eta horrela 1. multzoko eskaeretara arte.

Bi eskaera edo gehiagoren artean puntu berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien duen toki entitatearen alde ebatziko da.

3.3 Kultura eta Kirol Departamentuak lehenago onetsi dituen deialdietan kirol instalazioen tokiko planak egiteko dirulaguntza bat jaso duten toki entitateek, zeinei ordainketa ukatu baitzaie azkenik dirulaguntzaren xedeko plana egin ez dutelako, berriz aurkezten ahal dute eskaera deialdi honetan.

3.4. Edonola ere, dirulaguntza emateko baldintza izanen da dagokion ekitaldi ekonomikoan helburu honetarako kreditu egoki eta aski egotea.

4.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

4.1. Beren eraginpeko eremu geografikoan kirol instalazioen tokiko plan bat 1.2 oinarriko protokoloaren arabera egiten duten toki entitateek (udalak, kontzejuak, mankomunitateak, etab.) parte har dezakete dirulaguntzen deialdi honetan.

4.2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

Nafarroako kirol instalazioen erroldan erregistratuta eta eguneratuta edukitzea beren kirol instalazioak eta kirolguneen segurtasun aktak.

http://www.navarra.es/censoinstalacionesdeportivas

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera, gastu diruz lagungarriak dira bat datozenak dirulaguntzaren xede den jardueraren izaerarekin eta egiten direnak oinarri arautzaileetan ezarritako epearen barruan. Oinarri arautzaileei dagokienez, gastu diruz lagungarriak dira 2022an bere eraginpeko eremu geografikoko kirol-instalazioen tokiko plana egiteko egindako gastuak:

a. Baliabide teknikoak eta administratiboak.

–Toki entitateko kirol teknikarien eta administrazioko langileen soldatak eta gizarte segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz laguntzen ahal diren zereginetan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Diruz lagundutako zereginak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin izenpetzen diren aholkularitza teknikorako kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin izenpetzen diren kontratuenak.

b. Baliabide materialak. Bulegoko materiala eta abar.

6.–Aurkezteko tokia eta epea.

6.1. Dirulaguntza jasotzeko eskaera eta hasierako dokumentazioa aurkezten ahalko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 30 egun natural igaro arte.

6.2. Dirulaguntza eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabilita. Helbide horretan esteka bat izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.

6.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horietan ezin izanen da zuzenketarik egin.

6.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.–Eskaerak eta hasierako dokumentazioa.

7.1. Eskaera orokorra-II. eranskina. Eskaera egiteko, eskaera egiten duen toki entitateko alkate udalburuak sinatutako eskaera orokor bat aurkeztu beharko da, Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzendua, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

–Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako azken zentsukoa izanen da entitate bakoitzeko eraginpeko populazioa.

–Kirol instalazioen zenbaketan ez dira kontuan hartuko kirol instalazio edo multzo beraren barneko kirolguneak.

–Eragindako toki entitateen zerrendari dagokion puntuan, udalak berak bakarrik parte hartzen badu toki entitate gisa, hura koadroan sartuko da.

7.2. III. eranskina. Ereduaren araberako ziurtagiria, tokiko entitateko alkateak edo udalburuak eta idazkariak sinatua, frogatzen duena toki entitatea ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko debeku egoera batean. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasota daude.

7.3. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

7.4. Tributu arloko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

7.5. Eskaera egiten duen toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, alkateak/udalburuak ontzat emana, 2022ko udal aurrekontuan kirol instalazioen tokiko plana prestatzeko aurreikusitako zenbatekoa adierazita.

7.6. IV. eranskina. Beste toki entitate batzuek parte hartu eta lagundu behar badute kirol instalazioen tokiko plana egiten, entitate horien parte-hartzezko konpromisoak.

7.7. V. eranskina. Entitate laguntzaileek (toki entitateak salbu) parte hartu eta lagundu behar badute kirol instalazioen tokiko plana egiten, entitate laguntzaile horien parte-hartzezko konpromisoak.

7.8. Toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, adierazten duena udalerriko kirol instalazioak eta instalazio horietako kirolguneak egunean daudela Nafarroako kirol instalazioen erroldan, dirulaguntza eskatzen den egunaren aurretik, eta eguneratua dutela segurtasun akta. Helbide elektronikoa: http://www.navarra.es/censoinstalacionesdeportivas.

8.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

8.1. Deialdiko dirulaguntzak emateko puntuak esleituko dira irizpide objektibo hauen arabera:

8.1.1 Eraginpeko biztanleen kopurua. 5 puntu gehienez.

1.000 biztanle arteko toki entitateak

1,00 puntu/200 biztanleko edo zatikiko

1 - 200 bizt.:

1,00 puntu

201 - 400 bizt.:

2,00 puntu

401 - 600 bizt.:

3,00 puntu

601 - 800 bizt.:

4,00 puntu

801 - 1.000 bizt.:

5,00 puntu

1.001 - 7.000 biztanleko toki entitateak

1,00 puntu/1.400 biztanleko edo zatikiko

1.001 - 1.400 bizt.:

1,00 puntu

1.401 - 2.800 bizt.:

2,00 puntu

2.801 - 4.200 bizt.:

3,00 puntu

4.201 - 5.600 bizt.:

4,00 puntu

5.601 - 7.000 bizt.:

5,00 puntu

7.001 - 15.000 biztanleko toki entitateak

1,00 puntu/3.000 biztanleko edo zatikiko

7.001 - 9.000 bizt.:

3,00 puntu

9.001 - 12.000 bizt.:

4,00 puntu

12.001 - 15.000 bizt.:

5,00 puntu

15.001 edo biztanle gehiagoko toki entitateak

1,00 puntu/5.000 biztanleko edo zatikiko

Oharra: Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako azken zentsukoa izanen da entitate bakoitzeko eraginpeko populazioa.

8.1.2. Planean aztertutako udal titulartasuneko kirol instalazio kopuruaren arabera: 5 puntu gehienez.

Instalaziorik ez

1,00 puntu

Instalazio 1

2,00 puntu

2 instalazio

3,00 puntu

3 instalazio

4,00 puntu

4 instalazio edo hortik gora

5,00 puntu

Oharra: instalazioen zenbaketan ez dira kontuan hartuko kirol instalazio edo multzo beraren barneko kirolguneak.

8.1.3. Plana prestatzeko ekarritako baliabideen arabera. Puntu bat aurreikusitako 1.000 euroko edo zatikiko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Ziurtagiri baten bidez frogatuko da; oinarri hauetako 7.5 puntuan adierazitako ziurtagiriaren bidez, hain zuzen. Eskaera egiten duen toki entitateko idazkariarena izanen da, alkateak edo udalburuak ontzat emana, 2022ko udal aurrekontuan helburu horretarako aurreikusitako zenbatekoa adierazita.

8.1.4. Planaren eraginpeko edo planean sartutako toki entitateen arabera. Puntu 1 emanen da toki entitate bakoitzeko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Frogatuko da behar diren “Toki entitateen parte-hartzezko konpromisoak” aurkeztuz (IV. eranskina).

8.1.5. Plana prestatzen laguntzen duten beste entitate batzuen (klubak, federazioak, ikastetxeak, enpresak, etab.) parte-hartzearen arabera. Puntu erdia entitate parte-hartzaile bakoitzeko. Gehienez ere 5,00 puntu.

Frogatuko da behar diren “Toki entitate laguntzaileen parte-hartzezko konpromisoak (toki entitateak izan ezik)” aurkeztuz (V. eranskina).

8.1.6. Behin eskaerak jasota, horietako bakoitza dagokion multzoan jarriko da, lortutako puntuen hurrenkeran, aurreko balorazio irizpideak aplikatu ondoren.

8.2. Hautaketa, balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa:

8.2.1. Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak hautatuko ditu dirulaguntza jaso dezaketen toki entitateak, oinarri hauetako irizpide eta lehentasunei jarraikiz. Aurkeztutako agiriak baloratu eta aztertuko ditu, eta egoki diren egiaztapenak eginen ditu.

8.2.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak toki entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

8.2.3. Oinarri hauetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira dirulaguntzaren onuradun izan ahal izateko hautatu diren toki entitateen eskaerak, eta dagoen kontsignazio ekonomikoaren arabera. Horretarako eskaeren zerrenda bat prestatuko da, multzo bakoitzean lehentasun ordenaren arabera aukeratuta.

8.3. Eskaera bakoitzari ematen ahal zaion diru-kopuruaren muga:

a) 1.000 biztanle arteko udalerriak. 1.500 euro gehienez.

b) 1.001 eta 7.000 biztanle arteko udalerriak. 3.000 euro gehienez.

c) 7.001 eta 15.000 biztanle arteko udalerriak. 4.000 euro gehienez.

d) 15.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak. 4.000 euro gehienez.

9.–Laguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

10.–Antolamendua eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetza izanen da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instruituko duen organo eskuduna.

11.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

11.1. Behin eskaera eta hasierako dokumentazioa 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkezturik, eta eranskin honen 8. eta 9. oinarrietan ezarritakoaren arabera baloratu ondoren, dirulaguntza emateko ebazpena emanen da.

11.2. Laguntza eskaerei buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta interesdunei jakinaraziko zaie, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik bi hilabeteko epean gehienez.

11.3. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

11.4. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Orobat, dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

11.5. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

12.–Frogagiriak.

Frogagiriak egoki diren inprimakiak behar bezala beteta aurkeztuko dira:

–Honako hauek aurkeztu beharko dira 2022ko urriaren 15era arte (egun hori barne):

1. Eraginpeko eremu geografikoko kirol instalazioen tokiko plana, 1.2 oinarrian ezarritako protokoloaren arabera egina.

Berariaz baieztatuko da toki entitateak aurkeztu duen plana prestatzeko 3 faseetako apartatuei jarraitu zaiela, lehen aipatutako protokoloaren arabera. Aurkeztutako planak ez baditu betetzen baloratutako ezaugarriak, ez da onartutako dirulaguntza ordainduko. VI. eranskina erabiltzen ahal da kirol instalazioen tokiko plana egiteko.

2. VII. eranskina. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira.

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, jatorrizkoak edo elektronikoak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkateak edo udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

3. Kofinantzaketa orria. VIII. eranskina.

4. Hornitzaileak aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia. IX. eranskina.

5. Azpikontratazio-inprimakia. X. eranskina.

13.–Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

13.1. Frogagiriak 12. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena.

13.2. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, justifikazioa egiteko epea bukatzen denetik hasita.

14.–Laguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da administrazio honek berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten beste laguntza batzuekin, eta kontuan hartuko da ezen dirulaguntzen zenbatekoak, guztira, ezin direla inola ere izan aurreikusitako jarduketen kostua baino handiagoak.

15.–Betebeharrak.

15.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak onartuko ditu eta haiek egin daitezen lagunduko.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.

15.3. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

15.4. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

16.–Ez-betetzeak.

16.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

16.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

17.–Azpikontratazioa eta kanpokoen kontratazioa.

17.1. Toki entitate onuradunek zilegi dute diruz lagundutako zereginak azpikontratatzea, guztiz edo partez, eta ez dago horretarako portzentaje-mugarik. Nolanahi ere, onuradunak berak egiten badu dirulaguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da, aplikatzekoa den araudiaren arabera.

17.2. Behin ere ez da kontraturik eginen beste batzuekin, diruz lagundutako zereginen kostua garestitu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

17.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

17.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7. artikuluan adierazitako pertsonekin.

18.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki entitateek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

19.–Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskaera eredua.

III. eranskina–Toki entitateen ziurtagiri eredua.

IV. eranskina.–Toki entitateek parte-hartzezko konpromisoa adierazteko eredua.

IV. eranskina.–Entitate laguntzaileek parte-hartzezko konpromisoa adierazteko eredua.

VI. eranskina.–Herri edo eskualde batean kirol instalazioen eta jardueren plana egiteko inprimakia.

VII. eranskina–Fakturen eta ordaindutako gastuen zerrendaren ereduzko fitxa.

VIII.–Kofinantzaketari buruzko inprimakia.

IX. eranskina–Azpikontratazio-inprimakia.

X. eranskina.–Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia.

Deskargatu II.etik X.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2203752