73. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERASKOAIN

Ordenantza, udal hilerriaren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Beraskoaingo Udalak, 2021eko abenduaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Beraskoaingo udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza eta ondoko izapideak egitea.

Espedientea jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaratuta 2022ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 4an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurreko aldian ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu; beraz, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatutako artikulua).

Argitara ematen da, aipatutako ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.

Beraskoainen, 2022ko martxoaren 24an.–Alkatea, José Luis Larrea Cenoz.

BERASKOAINGO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Beraskoaingo Udalaren hilerria jabari publikoko ondasuna da, zerbitzu publiko akonfesional bati atxikia; haren titularra Udala da eta berari dagozkio haren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, beste agintaritza eta erakundeen esku den hartan izan ezik.

2. artikulua. Udalari dagozkio:

–Hilerria zaindu, garbitu eta egokitzea.

–Lur, hilobi eta gainerako zerbitzuen antolaketa, funtzionamendua, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

–Hilobiak ehorzketarako erabiltzeko eskubideen lagapena.

–Eman diren edo etorkizunean ematen diren osasun neurriak betetzea.

–Lizentziak ematea gorpuak eta gorpu-hondakinak ehortzi, desehortzi eta lekualdatzeko, hileta-osasuneko arauei jarraikiz.

–Zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere, hilobiak hustu eta garbitzean agertzen baitira.

–Hilobien eta kolunbarioen tokia antolatzea.

–Hilerriko zerbitzuekin zerikusia izan dezaketen Udalaren bestelako administrazio eskumenak.

–Erregelamendu hau betetzen dela begiratzea eta, hala ez bada, zehatzea.

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

3. artikulua. Hilerria Udalak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urtaro bakoitzaren ezaugarrien arabera.

4. artikulua. Gauaz espresuki debeku da hilerriaren esparruan lan mota oro egitea, non ez diren salbuespenezko eta behar bezala justifikaturiko lanak.

5. artikulua. Ehorzketak ohiko ordutegiaren barnean eginen dira. Hala ere, hilaren ahaideek aldez aurretik eman beharko diote ehorzketa orduaren berri udal arduradunari.

6. artikulua. Udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako hilobi kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

7. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten gorpu guztiak lurperatuko dira, betiere legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasei buruzko I. eranskinean jasotzen diren ehorzketa eskubideak.

8. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobietako elementuak paratzeko erabiliko da, ez besterako.

9. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak segur, garbi eta apain edukitzea.

Kontserbazio egoera egokia ez denean, Alkatetzak interesdunei eskatuko die hogeita hamar egun naturaleko epean hilobiak egokitzeko.

Interesdunek hori egiten ez badute, Udala arduratuko da hilobiak egokitzeaz, eta lan horien kostua ordainaraziko die.

10. artikulua. Udalak eremu bat finkatu du hilerriaren barnean gorpu erraustuen ontziak ehorzteko: kolunbarioak. Errauts horiek ehorzteko nahiz desehorzteko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.

11. artikulua. Kontzesioak honako arrazoi hauengatik iraungi daitezke:

–Hilerria desagertzeagatik.

–Interes publikoagatik.

–Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

12. artikulua. Gorpuak hilerrian bertan lekualdatzeko desehortz daitezke, bai eta beste hilerri batera eramateko ere.

Desehorzketa guztiak egin beharko dira osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

13. artikulua. Ehorzketa berriak egiteko desehorzketak.

Izkinatik hasiko da, lehenengo lerroko hilobi zaharrenetik. Desehortziko dira, baldin eta hamabi urte baino gehiago badituzte. Hamabi urte ez badituzte egin, hurrengora pasako da. Lerroa bukatutakoan, hurrengora pasatuko da, eta, lerro guztiak amaitzen direnean, lehenengora itzuliko da.

Desehorzketak zer egun eta ordutan eginen diren adieraziko zaie hartan interesa dutenei, lan hori ikus dezaten, hala nahi badute.

Epea amaitzeagatik desehortzi behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

14. artikulua. Hilerrian bertan beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko desehortzi diren gorpu-hondakinak ez dira gorputegira eramaten ahalko.

15. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik izan ez badu, baltsamatu gabeko gorpuak baldintza hauetan desehorzten ahalko dira:

–Lurpean ehortzitako gorpuak desehortz daitezke gutxienez hamar urte iragandakoan lurperatu zirenetik, arrunt hezurturik baldin badaude.

–Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein unetan desehortzi eta lekualdatzen ahal da, baldin eta hilkutxa kontserbazio egoera onean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da gorpurik desehorzteko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean, eta Alkatetzak baimendutako salbuespenezko kasuetan izan ezik.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da desehorzteko baimenik emanen, epaile batek agindu ezean.

16. artikulua. Gorpu baltsamatuak desehortzi eta lekualdatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria paratu beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

17. artikulua. Bai lekualdatzeko desehorzketak, bai berrehorzketak egiten direnean, horien oharra jasoko da behar den liburuetan.

18. artikulua. Nitxo, hilobi edo kolunbario batean edozein elementu jartzeko, lortu beharko da beharrezkoa den baimena, aldez aurretik Udalean eskaera eginez.

Langileak

19. artikulua. Udal langilearen lana da hilerria zaindu eta begiratzea. Hona hemen haren eginkizunak:

Hilerriko ateak ireki eta ixtea, beharrezkoa denean.

Nitxoak, hilobiak eta kolunbarioak egokitzea, gorpu-hondakinak sartzeko.

Esparrua garbitu eta zaintzea, behar bezain segur, garbi eta apain egon dadin.

20. artikulua. Ez dagokio Udalari, ez eta udal langileari ere, gurutzeak, hilarriak eta harlauzak jartzea, ez eta hilobiaren buruan beste ezein apaingarri paratzea ere.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2204406