73. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

TRANSFERENTZIEN BATZORDEAREN OSOKO BILKURAREN AKORDIOA.

Transferentzien Batzordeak, 2022ko martxoaren 31n egindako bilkuran, akordio hau onetsi du, Nafarroako Foru Komunitateak bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kotizazio gabeko prestazioaren kudeaketa bere gain hartzeari buruzkoa.

AKORDIOA

A) Nafarroak gai hori bere gain hartzea babesten duten konstituzio arauen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren eta lege arauen aipamena.

Konstituzioaren 149.1.Lehena artikuluan ezartzen da Estatuak eskumen esklusiboa duela espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzen erregulazioaren arloan, eskubide konstituzionalak baliatu eta betebehar konstituzionalak betetzeko. Bestalde, 149.1.Hamazazpigarrena artikuluaren arabera, Estatuak eskumen esklusiboa du Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren arloan, horrek ukatu gabe autonomia erkidegoek haren zerbitzuak betetzea.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 54.1 artikuluan xedatzen duenez, berriz, Gizarte Segurantzaren arloan, Nafarroari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betetzea –Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa osatzen duten arauak izan ezik– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea.

54. artikulu horrek ezartzen du, gainera, Nafarroak bere lurraldearen barruan antolatu eta administratzen ahalko dituela lehen aipatutako gaiei dagozkien zerbitzu guztiak, eta haiekin zerikusia duten instituzio, entitate eta fundazioen tutoretza gauzatuko duela. Estatuari dagokio artikulu honetako ahalmen eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskapena.

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera ezartzen duen abenduaren 20ko 19/2021 Legearen bidez, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera sortu eta arautu zen, bakarrik edo bizikidetza-unitate batean integratuta bizi diren pertsonen pobreziaren eta bazterketa sozialaren arriskuari aurrea hartzeko prestazio gisa, oinarrizko premiak betetzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez izateagatik kalteberatasun-egoeran daudenean. Era berean, bosgarren xedapen gehigarriak, Estatuaren 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 22/2021 Legeak aldatuak, xedatzen du ezen, foru ogasunak izateak dakarren berezitasuna dela eta, prestazio horri dagokionez, foru araubidea duten autonomia erkidegoek beren gain hartuko dituztela, beren lurralde-eremuari dagokionez, lege horretan Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari esleitzen zaizkion eginkizunak eta zerbitzuak, bai eta, foru ogasun horiek finantzatzeko sistema aintzat hartuta, ordainketa ere, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren Gizarte Segurantzaren kotizazio gabeko prestazioari dagokionez, erabakitzen diren baldintzekin.

Bukatzeko, abenduaren 19ko 2356/1984 Errege Dekretuak ezartzen ditu Transferentzia Batzordearen eginkizunak eta jarduteko prozedura, eta horiekin bat hartzen da akordio hau.

Arau-aurreikuspen horietan oinarrituta, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartzea bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kotizazio gabeko prestazioaren kudeaketa.

B) Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartzen dituen eginkizunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateak, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren izaera bateratuaren eta elkartasun-printzipioaren errespetuaren barruan, bere gain hartzen ditu, Estatuak ezarritako oinarrizko araudiaren esparruan, Nafarroan bizi diren pertsonek bertan eskatzen duten bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kotizazio gabeko prestazioaren kudeaketari atxikitako honako eginkizun hauek, eskatzailearen nazionalitatea edozein dela ere:

1.–Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kotizazio gabeko prestaziorako eskubidea aitortzeko administrazio-prozedurari buruzko informazioa ematea, eta horiek hasi, instruitu eta ebaztea.

2.–Prestaziorako eskubidea aldatzeko, azkentzeko edo berrikusteko administrazio-prozedurak hasi, tramitatu eta ebaztea, barne direla kautelazko neurriak hartzea eta kentzea eta kasuan kasuko prozeduretan sor daitezkeen gorabeherak ebaztea.

3.–Aitortutako eskubideari eusteko baldintzak betetzen diren gainbegiratzea eta kontrolatzea, bidegabeki jasotako prestazioak itzultzeko betebeharraren deklarazioa egitea eta zehapen-ahalmena erabiltzea.

4.–Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunen kontu-hartzailetzako eginkizuna, Gizarte Segurantzaren eremuan betetzen den modalitate eta baldintza berberekin.

5.–Aurrekontuaren eta administrazioaren kudeaketa, prestazioa antolatzeko eta onuradunei ordaintzeko.

6.–Bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko kudeaketa.

7.–Finantza-entitateekiko harremana, Nafarroako Foru Ogasunaren araudiarekin bat, kontuak irekitzeko, esleitzeko eta ezeztatzeko baimena barne.

8.–Epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizunak, Gizarte Segurantzako arauen interpretazioan eta aplikazioan irizpide-batasuna bermatzeko Estatuak ezarritako jarraibideak betez.

9.–Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari esleitutako gainerako eginkizun betearazleak, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioarekin zerikusia dutenak, bai eta Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioari dagozkionak ere, apartatu honetan aipatutako eginkizunak eta zerbitzuak zuzendu, antolatu, zaindu eta tutelatzeari dagokionez.

2. Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartutako eginkizunak garatzeko, Estatuak ezarritako arau eta interpretazio irizpideak aplikatuko dira, C) Laugarrena apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

3. Ulertuko da Nafarroako lurraldean aurkeztu direla bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kotizazio gabeko prestazioaren eskaera telematikoak, lurralde horretan bizi diren pertsonek egindakoak badira.

4. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioaren onuraduna Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean erroldatuta egonez gero, Foru Komunitate horrek bere gain hartuko ditu prestazioaren kudeaketari atxikitako eginkizunak.

C) Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetzen dituen eginkizunak.

Estatuko Administrazio Orokorraren eremuan mantenduko dira eginkizun hauek:

1. Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriari eta araubide ekonomikoari dagokienez Estatuari dagozkion eginkizunak eta jarduketak.

2. Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroaren kudeaketa eta funtzionamendua, Gizarte Txartel Digitalean txertatu arte.

3. Gizarte Txartel Digitalaren euskarri izanen den erregistroa eta sistema informatikoa administratzea, kudeatzea eta mantentzea, baita txartel horren funtzionaltasunak ere.

4. Irizpide-batasuna bermatzea; horretarako, Estatuak arau- eta interpretazio-irizpide homogeneoak ezarriko ditu sistema efektiboa eta eraginkorra izan dadin, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna, elkartasun-printzipioa eta herritar guztien berdintasuna bermatzeko, Gizarte Segurantzaren arloan haien eskubideak eta betebeharrak betetzeari dagokionez.

5. Kontu-hartzailetzako eginkizuna ondorengo finantza-kontrolaren modalitatean, Nafarroako Foru Komunitateak emandako egintzak legezkotasun, ekonomia eta efizientzia printzipioekin bat datozela ezartzeko, egindako kudeaketa prozedurak laginketa-tekniken bidez aldizka aztertuz, kudeaketa-estandarrak eta arau eta interpretazio irizpideak modu homogeneoan aplikatzen direla egiaztatzeko. Nafarroako Foru Komunitateak dagozkion txostenetatik eratorritako gomendioetara egokituko ditu bere prozedurak, bai eta, hala badagokio, kanpo-kontroleko beste organo batzuen txostenetatik eratorritakoetara ere.

D) Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen elkarrekiko betebeharrak eta eginkizun konkurrenteak.

Estatuko lurralde osoan berdintasunaren eta Gizarte Segurantzaren sistemaren batasunaren printzipioak bermatze aldera, eta aurreko klausuletan ezarritakoa alde batera utzi gabe, bi administrazioek eginkizun konkurrenteak beteko dituzte, eta honako elkarrekiko betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateak, eduki ekonomikoko gizarte prestazio publikoak kudeatzeko ardura duen aldetik, behar diren jarduketa guztiak eginen ditu Gizarte Txartel Digitalaren sistema eta Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroa eguneratzen dela bermatzeko, Gizarte Txartel Digitalean txertatu arte, bi administrazioen artean zehaztutako informazio-trukerako protokoloen bidez. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateak bermatuko du informazio hau bidaltzen dela: batetik, eduki ekonomikoko gizarte prestazio publikoen onuradun diren herritarren errentari eta ondareari buruzkoa, eta, bestetik, bestelako informazio garrantzitsua, eguneratuta, desgaitasun, mendetasun, enplegu-eskaera eta familia ugariko prestazioen betekizunei buruzkoa, besteak beste.

Nafarroako Foru Komunitateak etengabe izanen du Gizarte Txartel Digitalaren informazioa eta haren funtzionaltasunak eta zerbitzuak eskuratzeko aukera, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan.

b) Nafarroako Foru Komunitateak hilero jakinaraziko dizkio Gizarte Segurantzari honakoak: bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kotizazio gabeko prestazioaren titularren identifikazio-datuak, onuradunenak, ezkontideenak eta bizikidetza-unitateko beste kide batzuenak, ordaindutako prestazioaren zenbatekoak eta prestazioak ondorioak izan ditueneko data; horrela, bermatuko da Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroa eta Gizarte Txartel Digitala eguneratzen direla, horien gaineko araudian eta urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean aurreikusitako moduan.

c) Nafarroako Foru Komunitateak bizikidetzaren kontrola egiteko behar den informazioa emanen du.

d) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalera espedienteak bidaltzeko protokoloak adostuko dituzte, onuradunen mugikortasunarekin lotutako kasuetarako.

e) Nafarroako Foru Komunitateak behar den informazioa bidaliko du Estatuko Administrazio Orokorrak abenduaren 20ko 19/2021 Legean jasotako ebaluazioak eta ezar daitezkeen ebaluazio gehigarriak egin ditzan.

f) Nafarroako Foru Komunitateak jarraipen-txosten bat eginen du urtero eta bertan laburtuta jasoko dira kudeaketa alderdiak, bai eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren Koordinazio eta Jarraipenerako Batzordean, seigarren klausulan aurreikusitakoan, adostutako beste alderdi batzuk ere.

g) Estatuko Administrazio Orokorrak, bere eskumenen esparruan eta Nafarroako Foru Komunitatearekin lankidetzan eta elkarlanean, gizarte inklusiorako estrategiak sustatuko ditu bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunentzat. Ildo horretan, Foru Komunitateak Gizarte Inklusiorako Ibilbideen Plan bat eginen du urtero, Nafarroako gizarte inklusiorako plan estrategikoen esparruan zehaztutako metodologia erabiliz, gutxieneko eduki honekin:

–Planaren helburuak.

–Sartutako onuradunak, plana gauzatu aurreko urteko abenduaren 31n Nafarroan bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenak alegia.

–Ezarritako helburuak lortzeko eta ukitutako kolektiboen behar partikularrei erantzuteko garatu beharreko jarduketak, beharrezkoa den kasuetan gizarte zerbitzuen, enpleguaren, etxebizitzaren, osasunaren edo hezkuntzaren sistemen esku-hartzea barne.

–Nafarroako Foru Komunitatean jarduera horiek garatzeko ardura duten organismo eta instituzioei buruzko informazioa.

–Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak ezarri diren helburuak lortzeko egiten duen ekarpena ebaluatzeko modua, bai eta helburu berberetara bideratutako beste neurri batzuena ere, hala nola Errenta Bermatua edo Nafarroako gizarte inklusiorako plan estrategikoak, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuradunei eragiten dietenak.

Planaren edukia Estatuko Administrazio Orokorrarekin elkarlanean ezarriko da, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren Koordinazio eta Jarraipenerako Batzordearen barruan, eta onuradunen artean inklusioaren arloan emaitzak lortzera bideratuko da.

h) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitateak kasuan kasuko hitzarmenak, akordioak edo elkarlanerako beste edozein tresna ezartzen ahalko dituzte lankidetza-harremanak areagotzeko, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kotizazio gabeko prestazioaren kudeaketaren efizientzia hobetzeko, eta bitarteko eta zerbitzu publikoen erabilera bateratua errazteko, elkarrekiko laguntzaren eta informazio-trukearen bidez.

Zehazki, Gizarte Segurantzak erabiltzen dituenen antzeko ordainketa-prozedurak adostuko dira, hileko nominekin, ordaintzekoak ez diren nominekin, hildakoen gurutzaketekin eta ordaindutako prestazioen atzera eramatearekin, funts publikoen kudeaketa egokia ziurtatzeko.

i) Nafarroako Foru Komunitateak informazioa emanen dio Estatuko Administrazioari, bere gain hartutako eginkizunei buruzko estatistikak egin ahal izateko, estatistiken koordinazioa eta integrazioa bermatuta egon daitezen.

E) Nafarroak bere gain hartzen dituen eginkizunen finantza-araubidea.

1. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kotizazio gabeko prestazioari lotutako eginkizunak bere gain hartzeko, Nafarroako Foru Komunitateak diru kopuru hau izanen du urtero: Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onesten duen abenduaren 26ko 28/1990 Legearen arabera, ekarpena kalkulatzeko erabiltzen den egozpen-indizearen ehunekoa Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren Programa osatzen duten gastuen aurrekontuko kreditu guztiei, ekitaldi bakoitzean indarra dutenei, aplikatzearen emaitza den zenbatekoa.

2022ko ekitaldirako, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren Programaren aurrekontuko kredituak honako hauek dira:

Gastuen aurrekontuko kredituak (2022ko ekitaldia)
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala

PROGRAMA

KAPITULUA

MILAKA EUROTAN

1205

1

49.800,00

1205

2

6.000,00

1205

4

2.966.126,14

GUZTIRA

3.021.926,14

2. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kotizazio gabeko prestazioari lotutako eginkizunak bere gain hartzeagatik Nafarroako Foru Komunitateari dagokion urteko zenbatekoa konpentsatu eginen da Estatuari ordaindu beharreko behin-behineko ekarpena kalkulatzean, eta laurdenetan ordainduko da dagokion ekitaldiko martxoan, ekainean, irailean eta abenduan.

3. Aurrekontu-ekitaldia likidatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion baliabideak egokituko dira, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak, ekitaldiko behin betiko datuekin, onartzen dituen Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren Programaren obligazioen arabera. Zenbateko hori hurrengo ekitaldiko martxoan erregularizatuko da.

4. Likidazioaren ondorioetarako, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak informazioa igorriko dio Nafarroako Foru Komunitateari Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren aurrekontu-programaren urteko aurrekontu-kredituen obligazio onartuei buruz.

F) Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren Koordinazio eta Jarraipenerako Batzordea.

1. Lankidetzaren ondorioetarako, eta herritarrek bizitzeko gutxieneko diru-sarrera berdintasunez lortzeko eta jasotzeko aukera bermatze aldera, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren Koordinazio eta Jarraipenerako Batzordea eratzen da. Paritarioa izanen da eta zortzi kidek osatuko dute: lau Estatuko Administrazio Orokorrak izendatuko ditu, eta beste lau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak.

2. Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kotizazio gabeko prestazioaren eremuan lankidetza eta elkarlana sustatzea, zehazki prestazioa tramitatzeari eta prestazioak aitortu eta ordaintzeko informazioa trukatzeko protokolo eta prozesu teknikoei dagokienez.

b) Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketaren jarraipena egitea. Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateak urteko txostena aurkeztuko dio Batzordeari hurrengo urteko lehen hiruhilekoaren barruan. Txosten horretan, kudeaketa-alderdi guztien laburpena, Gizarte Inklusiorako Ibilbideen Urteko Planaren ondorioen laburpena eta Batzordeak adostutako beste alderdi batzuk jasoko dira.

c) Gerta daitezkeen exekuzio eta betetze arazoei heltzea, eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioaren kudeaketan sortzen diren gatazkak eta desadostasunak konpontzea.

d) Akordio honen D).g) atalean aurreikusitako Gizarte Inklusiorako Ibilbideen Urteko Planari dagokionez, bi administrazioek egin beharreko jarduerak definitzea.

3. Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren Koordinazio eta Jarraipenerako Batzordea urtean bitan bilduko da gutxienez, eta, horrez gain, bi administrazioetako edozeinek eskatzen duenean.

G) Batzordeak bere gain hartutako eginkizunei buruzko dokumentazioa eta espedienteak entregatzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartutako eginkizunei buruzko dokumentazioa eta espedienteak bi administrazioen artean bitarteko telematikoak erabiliz bidaliko dira.

2. Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak herritarren eskura jarritako web atariaren bidez grabatzen diren eskaera berriak astero bidaliko dira Nafarroako Foru Komunitatera.

3. Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak akordio honek ondorioak izan aurretik tramitatu eta ebatzi dituen eskaerei dagokienez, hilabeteko epean hasiko da dokumentazioa eta espedienteak entregatzeko kudeaketa, akordio honek ondorioak dituen egunetik hasita. Hilero, indarrean dauden dokumentuen eta espedienteen entrega horren aurrerapen-txosten bat eginen da, dagokion entregatze- eta jasotze-aktara arte, egiten ari den tramitazioaren bilakaera teknikoki ezagutzeko helburuarekin. Espediente guztiak eta haien dokumentazioa bidaltzeko gehieneko epea sei hilabetekoa da, bidalketako jarduketa eta kudeaketa zuzenak egiaztatzeko, jada aitortutako prestazio horien datuen migrazioa baliozkotzeko eta interesdunen nominen ordainketa benetan egin dela ziurtatzeko, erabat inplementatu eta Foru Komunitateari entregatu arte.

H) Eginkizunen onarpena aldatzea.

1. Akordio hau Transferentzien Batzordeak aldatzen ahalko du, eta bertan zehaztuko dira aldaketaren baldintza berriak eta eraginkortasun-data.

2. Akordio hau bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren eremu subjektiboan edo objektiboan izan daitezkeen lege-aldaketetara egokitzeko erabakia Transferentzia Batzordean hartuko da, Koordinazio eta Jarraipenerako Batzordeak deialdia egin ondoren.

I) Eginkizunen onarpenaren eraginkortasun-data.

1. Akordio hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta 2022ko urriaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

2. Nafarroako Foru Komunitateak bere gain hartzen dituen eginkizunak garatuko dira bai akordioa indarrean jarri aurretik aurkeztu eta ebazteke dauden bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazio-eskaeretarako, bai akordioa indarrean jarri aurretik Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aitortutako bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren prestazioetarako ere.

3. Akordioa mugagabea izanen da.

Iruñean, 2022ko martxoaren 31n.

Iragarkiaren kodea: F2205021