73. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

560/2022 Ebazpena, 2022ko martxoaren 15ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak onesten dituena”, Gobernu Kontseiluak 2022ko martxoaren 15ean hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekreturen bidez onetsi ziren Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindua ematen dut Gobernu Kontseiluak 2022ko martxoaren 15ean hartutako erabakia argitaratzeko. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak onetsi dira.

ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO ETA UNIBERTSITATE MASTERREKO IKASKETEN ARAUAK ONESTEN DITUENA

Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretua indarrean sartzeak zenbait aldaketa ekarri dizkio unibertsitateko ikasketen orain arteko diseinuari.

Aldaketa horietako asko unibertsitateen barne araudiaren bidez garatu behar dira, besteak beste unibertsitate masterreko tituluetan sartzeko, onartua izateko eta titulua emateko baldintzei dagozkienak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen matrikulari eragiten dioten beste alderdi batzuk gehitu behar zaizkie aldaketa horiei, hain zuzen ere graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen antolamenduak berak eta unibertsitatearen kudeaketa ekonomikoko eta administratiboko premiek zehazten dituztenak.

Zerbitzu publikoen kudeaketan administrazio elektronikoko prozedurak ezartzeko legezko eskakizunak, halaber, prozesuak eta epeak egokitzea exijitzen du, modu progresiboan ezar daitezen bultzatzeko.

Orain arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoak araudi bereiziak izan ditu beti graduko ikasketetarako eta unibertsitate masterrekoetarako. Hala ere, ikasketa batzuen eta besteen prozesu akademiko-administratiboen antzekotasuna ikusirik, eta korrelazio nabarmena dagoenez bi ikasketa-mailen artean, zeina errege dekretu berrian islatu baita masterretako matrikula baldintzatuaren bidez, beharrezkotzat jo da bi ikasketa-mailetarako araudi komun bakarra prestatzea.

Beraz, araudi bat prestatu behar da elementu horiek erregulatzeko, segurtasun juridikoa emateko eta ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizialetan eskainitako prestakuntza behar bezala aprobetxatuko dutela bermatzeko.

Araudi honek 42 artikulu ditu, eta bederatzi kapitulutan dago banatua. Atariko kapituluan eta lehenbiziko lauretan, arauaren xedeaz eta aplikazio eremuaz gain, unibertsitateko ikasketen egitura eta edukia aipatzen dira, eta alderdi orokor batzuk arautzen dira prozedura akademikoen ikuspegitik: egutegi akademikoak eta administratiboak definitzen dira, baita antolamendu akademikoaren berezko elementuak ere, ikasleari segurtasun juridikoa bermatzen diotenak, hala nola tituluen eskaintza, programazioa, ikasketen zuzendaritzak, irakaskuntza-gidak eta ebaluazio eta tutoretzen egun-orduak, baita ikasleei arduraldiaren arabera dagozkien kategorien araubidea ere.

Bosgarren, seigarren eta zazpigarren kapituluek ikasketetan sartzeko eta onartua izateko prozedurak arautzen dituzte, eta matrikula –formalizatzea, aldatzea eta baliogabetzea– eta azterketen deialdiak eta ebaluazioa. Zortzigarren kapitulua kredituen aitorpenari eta transferentziari buruzkoa da, eta, azkenik, bederatzigarrenak tituluen eskaera eta horiek emateko prozesua arautzen ditu, baita ikasketak bukatzeko epea ezarri ere.

Arau hauek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikuluan ezarritakoaren babesean eman dira -2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70 zk., 2011ko apirilaren 11koa)-; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dago jarraibide orokorrak eta horiek ikasketak antolatzeko arloetan aplikatzeko prozedurak onestea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeak aldeko txostena eman du arau honi buruz, baita Zerbitzu Juridikoak eta Irakaskuntza Zerbitzuak ere.

Horregatik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakaskuntzako errektoreordeak proposaturik, bere kideek aldez aurretik eztabaida eginda, 2022ko martxoaren 15ean egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak, erabaki honen eranskin gisa datozenak.

Bigarrena.–Erabaki hau Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeari, ikastegi eta sailetako zuzendariei eta Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariari helaraztea. Erabaki hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea.

Hirugarrena.–Agindua ematea erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Laugarrena.–Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du. Interesdunek zilegi dute erabaki honen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, zuzenean.”

Iruñean, 2022ko martxoaren 15ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

Nafarroako unibertsitate publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen arauak

ZIOEN AZALPENA.

ATARIKO KAPITULUA.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. artikulua. Xedea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

LEHENBIZIKO KAPITULUA.–GRADUKO ETA UNIBERTSITATE MASTERREKO IKASKETEN EGITURA ETA EDUKIA.

3. artikulua. Ikasketen egitura eta edukia.

BIGARREN KAPITULUA.–EGUTEGI AKADEMIKOA ETA ADMINISTRATIBOA.

4. artikulua. Egutegi akademikoa.

5. artikulua. Egutegi administratiboak.

HIRUGARREN KAPITULUA.–IRAKASKUNTZAREN ANTOLAMENDUA.

6. artikulua. Titulu ofizialen urteko eskaintza.

7. artikulua. Graduko tituluen zuzendaritza akademikoa.

8. artikulua. Unibertsitate masterreko tituluen zuzendaritza akademikoa.

9. artikulua. Irakaskuntza-programazioa.

10. artikulua. Ebaluazioen egun-orduak.

11. artikulua. Irakaskuntza-gidak.

12. artikulua. Tutoretza akademikoak.

LAUGARREN KAPITULUA.–IKASLEEN KATEGORIAK ETA ARDURALDIA.

13. artikulua. Ikasleen tipologia arduraldiaren arabera.

14. artikulua. Mugikortasuneko ikasleak eta ikasle bisitariak.

15. artikulua. Ikasle elkartuak.

BOSGARREN KAPITULUA.–SARBIDEA ETA ONARPENA GRADUKO ETA UNIBERTSITATE MASTERREKO IKASKETA OFIZIALETAN.

16. artikulua. Sarbidea eta onarpena graduko ikasketetan.

17. artikulua. Baldintza orokorrak unibertsitate masterreko ikasketetan sartzeko.

18. artikulua. Unibertsitate masterreko ikasle berrientzako ikaspostuen erreserba.

19. artikulua. Unibertsitate masterreko ikasketetan onartua izateko prozesua.

20. artikulua. Matrikula baldintzatua duten ikasleen onarpena unibertsitate masterreko ikasketetan.

21. artikulua. Prestakuntzako aldez aurreko baldintzak unibertsitate master batean sartzeko.

22. artikulua. Prestakuntza-osagarriak unibertsitate masterreko ikasketetan.

SEIGARREN KAPITULUA.–MATRIKULA.

LEHENBIZIKO ATALA.–Kredituen formalizazioa eta antolamendua.

23. artikulua. Matrikularen formalizazioa.

24. artikulua. Matrikulako kredituen denboraren araberako antolamendua.

25. artikulua. Ofiziozko jarduketa matrikula-eskaerei dagokienez.

BIGARREN ATALA.–Matrikularen behin-behineko edukia.

26. artikulua. Behin-behineko edukia duen matrikularen kasuak.

27. artikulua. Behin-behineko edukia duen matrikularen ondorioak.

HIRUGARREN ATALA–Matrikula aldatzea.

28. artikulua. Matrikula aldatzeko kasuak eta epeak.

29. artikulua. Aldaketaren ondorioak.

LAUGARREN ATALA.–Matrikula baliogabetzea.

30. artikulua. Matrikula erabat baliogabetzea.

31. artikulua. Baliogabetzearen ondorioak.

ZAZPIGARREN KAPITULUA.–AZTERKETEN DEIALDIAK ETA EBALUAZIO PROZESUAK.

32. artikulua. Azterketen deialdiak.

33. artikulua. Deialdi motak.

34. artikulua. Deialdi berezia.

35. artikulua. Ebaluazioa.

36. artikulua. Ikasketetan jarraitzea eta errendimendua.

ZORTZIGARREN KAPITULUA.–KREDITUEN AITORPENA ETA TRANSFERENTZIA.

37. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

BEDERATZIGARREN KAPITULUA.–UNIBERTSITATEKO TITULUA ESKATZEA ETA EMATEA.

38. artikulua. Unibertsitateko titulua emateko eskaera.

39. artikulua. Atzerriko hizkuntzako gaitasunari buruzko baldintzak graduko tituluetarako.

40. artikulua. Graduko ikasketen bukaeratzat jotzen den eguna.

41. artikulua. Unibertsitate masterreko ikasketen bukaeratzat jotzen den eguna.

42. artikulua. Titulua ematearen ondorioak.

XEDAPEN GEHIGARRIA.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.

AZKEN XEDAPENAK.

ZIOEN AZALPENA

Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretua indarrean sartzeak zenbait aldaketa ekarri dizkio unibertsitateko ikasketen orain arteko diseinuari.

Aldaketa horietako asko unibertsitateen barne araudiaren bidez garatu behar dira, besteak beste unibertsitate masterreko tituluetan sartzeko, onartua izateko eta titulua emateko baldintzei dagozkienak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleen matrikulari eragiten dioten beste alderdi batzuk gehitu behar zaizkie aldaketa horiei, hain zuzen ere graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen antolamenduak berak eta unibertsitatearen kudeaketa ekonomikoko eta administratiboko premiek zehazten dituztenak.

Zerbitzu publikoen kudeaketan administrazio elektronikoko prozedurak ezartzeko legezko eskakizunak, halaber, prozesuak eta epeak egokitzea exijitzen du, modu progresiboan ezar daitezen bultzatzeko.

Orain arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoak araudi bereiziak izan ditu beti graduko ikasketetarako eta unibertsitate masterrekoetarako. Hala ere, ikasketa batzuen eta besteen prozesu akademiko-administratiboen antzekotasuna ikusirik, eta korrelazio nabarmena dagoenez bi ikasketa-mailen artean, zeina errege dekretu berrian islatu baita masterretako matrikula baldintzatuaren bidez, beharrezkotzat jo da bi ikasketa-mailetarako araudi komun bakarra prestatzea.

Beraz, araudi bat prestatu behar da elementu horiek erregulatzeko, segurtasun juridikoa emateko eta ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizialetan eskainitako prestakuntza behar bezala aprobetxatuko dutela bermatzeko.

Araudi honek 42 artikulu ditu, eta bederatzi kapitulutan dago banatua. Atariko kapituluan eta lehenbiziko lauretan, arauaren xedeaz eta aplikazio eremuaz gain, unibertsitateko ikasketen egitura eta edukia aipatzen dira, eta alderdi orokor batzuk arautzen dira prozedura akademikoen ikuspegitik: egutegi akademikoak eta administratiboak definitzen dira, baita antolamendu akademikoaren berezko elementuak ere, ikasleari segurtasun juridikoa bermatzen diotenak, hala nola tituluen eskaintza, programazioa, ikasketen zuzendaritzak, irakaskuntza-gidak eta ebaluazio eta tutoretzen egun-orduak, baita ikasleei arduraldiaren arabera dagozkien kategorien araubidea ere.

Bosgarren, seigarren eta zazpigarren kapituluek ikasketetan sartzeko eta onartua izateko prozedurak arautzen dituzte, eta matrikula –formalizatzea, aldatzea eta baliogabetzea– eta azterketen deialdiak eta ebaluazioa. Zortzigarren kapitulua kredituen aitorpenari eta transferentziari buruzkoa da, eta, azkenik, bederatzigarrenak tituluen eskaera eta horiek emateko prozesua arautzen ditu, baita ikasketak bukatzeko epea ezarri ere.

Arau hauek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikuluan ezarritakoaren babesean eman dira -2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70 zk., 2011ko apirilaren 11koa)-; izan ere, artikulu horren arabera, Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean dago jarraibide orokorrak eta horiek ikasketak antolatzeko arloetan aplikatzeko prozedurak onestea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeak aldeko txostena eman du arau honi buruz, baita Zerbitzu Juridikoak eta Irakaskuntza Zerbitzuak ere.

ATARIKO KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

Araudi honen xedea Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketak arautzea da.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1.–Araudi hau Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen diren graduko eta unibertsitate masterreko ikasketetan aplikatuko da. Ikasketa horiek, aldi berean, 2021eko irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak erregulatzen ditu, zeinak unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen baititu.

2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren parte-hartzearekin egindako unibertsitatearteko tituluen kasuan, eta NUP unibertsitate koordinatzailea ez bada, horiek arautzen dituen hitzarmenean ezarritako xedapenak aplikatuko dira, eta, subsidiarioki, araudi honetan emandakoak.

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen egitura eta edukia

3. artikulua. Ikasketen egitura eta edukia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai horri buruz indarrean dagoen araudiak gobernatuko ditu graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen egitura eta edukia.

BIGARREN KAPITULUA

Egutegi akademikoa eta administratiboa

4. artikulua. Egutegi akademikoa.

1.–Gobernu Kontseiluak onetsiko du graduko eta unibertsitateko masterreko ikasketen egutegi akademikoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak proposaturik.

2.–Egutegi akademikoaren egiturak honako hauek errespetatu beharko ditu:

a) Ikasturte bakoitzak bi seihileko izanen ditu. Lehenbizikoa udazkeneko seihilekoa deituko da, eta bigarrena, udaberriko seihilekoa.

b) Seihileko bakoitzean, eskolen eta ebaluazioaren irakastaldia 18 eta 20 aste bitartekoa izanen da guztira.

c) Seihileko bakoitzean, azken ebaluazio probak behar dituzten ikasgairen bat duten tituluetan, irakastaldiko asteetatik azken biak gordeko dira horretarako.

d) Ebaluazio jarraituaren metodologian oinarrituak dauden eta azken ebaluazio probarik behar ez duten tituluen kasuan, irakastaldiak seihileko osoa iraunen du.

e) Errekuperazioko ebaluazioaren aldiak ere zehaztu beharko dira.

5. artikulua. Egutegi administratiboak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak onetsiko du graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen egutegi administratiboa, eta hor zerrendatuko dira prozedura administratibo eta akademiko guztiak eta horiei dagozkien epeak.

HIRUGARREN KAPITULUA

Irakaskuntzaren antolamendua

6. artikulua. Titulu ofizialen urteko eskaintza.

Ikasturte bakoitza hasi baino lehen, Gobernu Kontseiluak graduko eta unibertsitate masterreko titulu ofizialen urteko eskaintza onestea proposatuko dio Nafarroako Gobernuari, baita titulu horietako ikasle berrientzako ikaspostuen kopurua onestea ere.

7. artikulua. Graduko tituluen zuzendaritza akademikoa.

Graduko tituluen zuzendaritza akademikoa titulua atxikia duen ikastegiko zuzendaritza-taldeari dagokio, ikastegien barne araudian eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

8. artikulua. Unibertsitate masterreko tituluen zuzendaritza akademikoa.

1.–Unibertsitate masterren zuzendaritza akademikoa Batzorde Akademikoari edo ikastegiko zuzendaritza-taldeari dagokio, egoki denaren arabera. Errektoreak izendatuko du zuzendaria, ikastegiak proposaturik. Unibertsitateko Ikasketa Batzordean emanen da izendapenen berri.

2.–Masterraren Batzorde Akademikoa unibertsitate masterrean arduraldi osoan diharduten irakasle batzuek osatuko dute. Haietako bat zuzendari akademikoa izanen da, beste bat idazkaria, eta gainerakoak, berriz, batzordekideak. Behar bezala justifikatutako kasuetan, errektoreak zilegi izanen du baimena ematea Batzorde Akademikoko kideak masterrean irakaskuntza ematen duten sailetako arduraldi osoko irakasleen artetik izendatzeko.

3.–Batzorde Akademikoko kideetako bat kalitatearen arduradun gisara arituko da.

4.–Unibertsitatearteko masterreko titulu ofizialen kasuan, Batzorde Akademiko horren osaera parte hartzen duten unibertsitateek sinatutako hitzarmen eta akordioetan jasotakora egokituko da.

5.–Masterraren Batzorde Akademikoaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Unibertsitate masterraren garapenaren jarraipena egitea, Tituluen Kalitatearen Barne Bermerako Sisteman identifikatutako prozesuak betetzen direla ziurtatzea eta haien emaitzak jasotzea, aztertzea eta Ikastegiko Kalitatearen Berme Batzordeari horien berri ematea.

b) Tituluaren kalitatea ziurtatzeko barneko eta kanpoko jarraipen txostenak egitea.

c) Irakaskuntzaren arloan eskumena duen errektoreordetzari urteko irakaskuntza-programazioa eta ikasle berrientzako ikaspostuen kopurua proposatzea, ikastegiaren bitartez.

d) Graduondoko Atalari ikasleak masterrean onartzeko proposamena bidaltzea, titulua egiaztatzeko txostenean ezarritako balorazio irizpideen eta onarpen baldintza espezifikoen arabera.

e) Ikastegiari kredituen balioaren aitorpenak eta horien transferentziak proposatzea.

f) Ikastegiari proposatzea master amaierako lanen epaimahairako kideak.

g) Masterraren Batzorde Akademikoaren bileretan hartutako erabakien berri ematea unibertsitate masterreko irakasleei.

9. artikulua. Irakaskuntza-programazioa.

1.–Ikasturte bakoitzean, graduko eta unibertsitate masterreko tituluen irakasgai guztiak jasotzen dituen irakaskuntza-programazioa onetsiko du Gobernu Kontseiluak. Programazio horretan aditzera emanen dira irakasgai horien tipologia, profila, irakastordu kopurua, eskainiko den irakaskuntza-talde kopurua, hizkuntza, eta zein seihilekotan emanen diren, bai eta zein saili atxikitzen zaizkion ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntza Ofizialak Antolatzeko Jarraibideek ezarritakoarekin bat etorriz.

2.–Eskainitako irakasgaiek bermatu egin beharko dute edozein ikaslek modua izanen duela ikasketa-planean jasoa dagoena ikasturte horretan burutzeko.

3.–Gobernu Kontseiluaren erabaki batean zehaztuko da graduko eta unibertsitate masterreko tituluetan aukerako zer irakasgai eskainiko diren urte horretan, aipamenak edo espezialitateak barne.

10. artikulua. Ebaluazioen egun-orduak.

1.–Behin Gobernu Kontseiluak irakaskuntza-programazioa onetsi eta, hortaz, irakasgai eta hizkuntza bakoitzeko taldeen kopurua ezarrita, ikastegiek beren tituluen ordutegiak prestatu eta onetsiko dituzte. Horiek, edozein kasutan, errespetatu eginen dituzte irakaskuntzaren arloan eskumena duen errektoreordetzaren ebazpenean ordutegien konfigurazioari eta argitalpenari buruz ezarritako irizpideak.

2.–Ikastegiak arduratu behar dira azken azterketen datak ezartzeaz, baita, beharrezkoa bada, errekuperazioko azterketenak ere, ebaluazio prozesuen araudian ezarritako irizpideei jarraikiz.

3.–Matrikula egiteko epea hasi baino lehenago, ikastegiek asteko eskolen ordutegiari buruzko informazioa jarriko dute ikasleen eskura Unibertsitatearen webgunean, baita azken azterketen eta, beharrezkoa bada, errekuperazioen datak ere.

11. artikulua. Irakaskuntza-gidak.

1.–Irakaskuntza-gidak modu sistematikoan jasoko du irakasgai baten irakaskuntzaren plangintzari buruzko garrantzizko informazio guztia. Honako hauek adierazi beharko ditu: irakaskuntzaren arduradunak, edukiak, ikaskuntzaren emaitzak, gaitasunak, prestakuntzako jarduerak, gai-zerrenda eta bibliografia, ebaluazio sistemak eta irizpideak, hizkuntza, eta irakasgaia non emanen den.

2.–Ikasleek matrikula egiteko epe ofiziala baino lehenago izan beharko dute sarbidea irakasgai bakoitzaren irakaskuntza-gidara.

12. artikulua. Tutoretza akademikoak.

1.–Seihileko bakoitzean eginen diren tutoretzen bidez, ikasleei laguntza eta argibideak emanen zaizkie haien ikasketa-planeko irakasgai bakoitzaren ikasketa-prozesuan zehar.

2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak bermatu eginen du, beharrezko irizpideak ezarrita, ikasleek tutoretzez baliatzeko aukera dutela.

3.–Sailari dagokio atxikiak dituen irakasleen tutoretzen ordutegiak zehaztea, baita horiek bete daitezen zaintzea ere, irakasle bakoitzak ematen dituen ikasketen ikasketa-planekin eta irakaskuntza-plangintzarekin bat etorriz.

LAUGARREN KAPITULUA

Ikasleen kategoriak eta arduraldia

13. artikulua. Ikasleen tipologia arduraldiaren arabera.

1.–Graduko ikasketetan, ikasleen tipologia hauek ezarri dira ikaslearen arduraldiaren arabera:

a) Arduraldi osoko ikaslea: ikasturte bateko matrikulan 60 ECTS kreditutik 84 ECTS kreditura bitarte hartzen dituena. Arduraldi horrekin jarraituko du ikasketak bukatzeko falta zaion kreditu kopurua 60tik beherakoa denean eta bukatzeko gelditzen zaion guztia matrikulan hartzen duenean.

b) Arduraldi partzialeko ikaslea: ikasturte bateko matrikulan 30 ECTS kreditutik 59 ECTS kreditura bitarte hartzen dituena.

c) Arduraldi murriztuko ikaslea: ikasturte bateko matrikulan 12 ECTS kreditutik 29 ECTS kreditura bitarte hartzen dituena. Arduraldi murriztuko ikasleen izaera salbuespenezkoa izanen da, eta denbora-muga edukiko du.

2.–Unibertsitate masterreko ikasketetan, ikasleen tipologia hauek ezarri dira ikaslearen arduraldiaren arabera:

a) Arduraldi osoko ikaslea: ikasturte bateko matrikulan 60 ECTS kreditutik 84 ECTS kreditura bitarte hartzen dituena. Arduraldi horrekin jarraituko du ikasketak bukatzeko falta zaion kreditu kopurua 60tik beherakoa denean eta bukatzeko gelditzen zaion guztia matrikulan hartzen duenean.

b) Arduraldi partzialeko ikaslea: ikasturte bateko matrikulan 15 ECTS kreditutik 59 ECTS kreditura bitarte hartzen dituena.

3.–Arduraldi osoko nahiz arduraldi partzialeko ikasleen tipologiak matrikula formalizatzen denean zehaztuko dira.

4.–Hezkuntza-premia bereziak direla eta, baliteke ikasleak kreditu kopuru txikiagoa hartu behar izatea matrikulan. Beharrezkoa izanen da ikasle bakoitzaren egoera aztertzea.

14. artikulua. Mugikortasuneko ikasleak eta ikasle bisitariak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren mugikortasunari buruzko araudi indardunean definitu eta arautuko da mugikortasuneko ikaslearen eta ikasle bisitariaren figura.

15. artikulua. Ikasle elkartuak.

1.–Graduko edo unibertsitate masterreko modulu, jakintzagai edo irakasgai bakar batean edo batzuetan matrikulatzen direnak izanen dira ikasle elkartuak, betiere prozedura ofizialen bidez sartu ez badira, alde batera utzita 14. artikuluan araututako kategoriak.

2.–Ikasle elkartuek graduko edo unibertsitate masterreko ikasketa unibertsitarioetan sartzeko baldintzak bete beharko dituzte, egin nahi dituzten ikasketak zer mailatakoak diren.

3.–Ikasle elkartuak onartzeko baldintza matrikula-prozesu arrunta bukatutakoan irakaskuntzarako aski baliabide eta material egotea izanen da. Ikasle elkartua izateko eskaera egutegi administratiboak ikasturte bakoitzerako ezartzen dituen epeetan egin behar da (5. artikuluan dago ezarria).

4.–Irakaskuntzaren arloan eskumena duen errektoreordetzak ebatziko ditu onartua izateko eskaerak, eta ikastegiko zuzendaritzak horri buruzko txosten bat aurkeztuko du aldez aurretik.

5.–Ikasle elkartuek modu presentzialean egin beharko dute matrikula, Graduko edo Graduondoko atalean, kasuaren arabera. Zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, eta prezio publikoei buruzko foru aginduan ezarritako prezioak aplikatuko zaizkie.

6.–Ikasle elkartuak irakasgaien akta ofizialetan agertuko dira.

7.–Ikasle elkartuek ez dute titulu ofizialik eskuratuko nahiz eta matrikulan hartuak dituzten kredituak gainditu. Horren ordez, ziurtagiri bat emanen zaie, non adieraziko baita zer irakasgai zituzten hartuak matrikulan eta zer kalifikazio lortu duten.

8.–Ikaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste titulu ofizial bat egiten ari bada, aukera izanen du ikasle elkartu gisara gainditutako kredituak titulu horretan aitortuak edo transferituak izan daitezen.

9.–Ikasle elkartuek gainerako ikasleen eskubide eta betebehar berberak izanen dituzte, botoa emateko eta ordezkari izateko eskubideak izan ezik.

BOSGARREN KAPITULUA

Sarbidea eta onarpena graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa ofizialetan

16. artikulua. Sarbidea eta onarpena graduko ikasketetan.

Graduko ikasketa ofizialetan sartzeko, honako araudi hauetan ezarriak dauden baldintzak bete behar dira: Espainiako oinarrizko araudia graduko ikasketa ofizialetan onartua izateko prozedurei buruz eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arauak graduko ikasketetan onartua izateko.

17. artikulua. Baldintza orokorrak unibertsitate masterreko ikasketetan sartzeko.

1.–Unibertsitate masterreko ikasketetan sartzeko, unibertsitateko titulu ofizial espainiar bat behar da: dela graduko titulua edo horren baliokidea den titulu bat, dela unibertsitate masterreko titulu bat, edo graduko zein masterreko titulu espainiarren maila bereko titulu atzerritar bat, baldin eta Europako Unibertsitate Eremuko goi mailako hezkuntzako unibertsitate edo erakunderen batek emana bada eta titulua eman den herrialdean modua ematen badu masterreko ikasketetan sartzeko.

2.–Era berean, Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko hezkuntza-sistemetako tituludunek ere, graduaren pareko titulua badute, aukera izanen dute masterreko ikasketetan sartzeko beren tituluak homologatu beharrik gabe; horretarako, Unibertsitateak egiaztatu egin behar du tituluen prestakuntza-maila Espainiako unibertsitateko titulu ofizialen baliokidea dela eta modua ematen duela titulua eman den herrialdean unibertsitateko graduondoko ikasketetan sartzeko. Sarbide modu horrek inolaz ere ez du ekarriko interesdunak aurretik duen tituluaren homologazioa, ezta beste ondoriorik ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitate masterreko ikasketak egitearena ez bada.

3.–Araututako lanbideetan jarduteko gaitzen duten unibertsitate masterretan sartzeko, beharrezkoa izanen da graduko titulu jakin bat edo lizentziako zein ingeniaritzako titulu jakin bat edukitzea 967/2014 Errege Dekretuaren I. eranskinean ezarria dagoenaren arabera.

4.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan gaztelaniaz ematen den unibertsitate master ofizialetan sartzeko, herrialde gaztelaniadunetakoak ez diren atzerriko ikasleek nahitaezkoa izanen dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (EEEB) gaztelaniazko B1 maila egiaztatzea, salbu eta tituluaren memorian maila altuagoa eskatzen bada. Ez zaie halakorik exijituko masterrean sartzeko modua ematen duten ikasketak gaztelaniaz gainditu dituztenei.

18. artikulua. Unibertsitate masterreko ikasle berrientzako ikaspostuen erreserba.

1.–Gehienez ere unibertsitate masterreko ikasle berrientzako ikaspostuen % 25 gordetzen ahalko dira atzerriko ikasleen mugikortasuna errazten duten erakundeekin egindako hitzarmenen bidez sartzen diren ikasleentzat.

2.–Eskaintzen diren ikaspostuen % 5, berriz, % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa aitortua duten ikasleentzat gordeko dira, bai eta desgaitasun arrazoi pertsonalei lotutako hezkuntza-premia berezi iraunkorrak dituzten ikasleentzat ere, baldin eta ordura arteko eskolatzean laguntza eta baliabideak behar izan badituzte hezkuntzako erabateko inklusiorako.

3.–Onartua izateko eta matrikula egiteko epe bat baino gehiago ezartzen baldin badira, masterreko Zuzendaritza Akademikoak aukera izanen du epe bakoitzean ikaspostuen kopuru mugatu bat esleitzeko.

19. artikulua. Unibertsitate masterreko ikasketetan onartua izateko prozesua.

1.–Unibertsitate master bakoitzaren webgunean argitaratuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak titulua egiaztatzeko memorian jasoak dauden onarpen irizpide espezifikoak.

2.–Ikasturte bakoitzerako aurreinskripzio datak egutegi administratiboan zehaztuko dira (5. artikuluan dago ezarria).

3.–Aurreinskripzio eskaera bat bakarra aurkeztu behar da. Ikaslea ez badute onartzen eskatu duen titulazioan, aukera izanen du ikaspostuak bete gabe dituen beste titulazio batean eskaera egiteko.

4.–Master bikoitzen programazio espezifikoetarako aurreinskripzioan, bi masterretako zein lehenesten duen adierazi behar du ikasleak; izan ere, kontuan hartuko da hori ikaslea master bikoitzean onartzen ez badute.

5.–Masterraren Zuzendaritza Akademikoak onartuak dauden eta zain dauden ikasleen zerrenda prestatuko du. Zerrenda hori unibertsitate master bakoitzaren egiaztapen memorian ezartzen diren sartzeko baldintza eta onarpen irizpide espezifikoen arabera eginen da. Gero, Zuzendaritza Akademikoak zerrenda onesteko proposatuko dio sarbidearen arloan eskumenak dituen errektoreordeari, eta hark emanen du ebazpena.

6.–Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da ikasle onartuen zerrenda, eta ikasle bakoitzari buruzko xehetasun hauek jasoko ditu: sartzeko baldintza eta onarpen irizpide espezifikoen balorazioaren emaitza, eta, beharrezkoa bada, ikasle bakoitzak nahitaez matrikulan hartu beharreko prestakuntza-osagarriei buruzko informazioa, zeinak 22. artikuluan ageri baitira.

7.–Onarpena behin-behinekoa izanen da, eta, izangai bakoitzak matrikula egiteko unean unibertsitate master bakoitzean sartzeko baldintza orokor eta espezifikoak betetzen dituela frogatzen duenean, behin betiko onarpen bihurtuko da.

8.–Zilegi da zerrenda horien aurkako erreklamazioa aurkeztea egutegi administratiboak ikasturte bakoitzerako ezartzen dituen epeetan (5. artikuluan dago zehaztua).

20. artikulua. Matrikula baldintzatua duten ikasleen onarpena unibertsitate masterreko ikasketetan.

1.–Unibertsitate masterreko ikasketetan matrikula baldintzatua eskatzen ahalko dute, 822/2021 Errege Dekretuaren 18.4 artikuluan jasoa dagoen bezala, aurreinskripzio epea bukatu ondoren graduko titulua eskuratzeko honakoa falta zaien ikasleek: hizkuntza-gaitasuna egiaztatzea, edo gradu amaierako lana eta gehienez ere 9 ECTS kreditu egitea.

2.–Errektoreak ezarriko du ebazpen baten bidez unibertsitate masterreko zein titulutan ez dagoen aukerarik matrikula baldintzatua egiteko, masterrean sartzeko arauekin edo ikasleen aurrerabide egokiarekin zerikusia duten arrazoiengatik.

3.–Unibertsitate masterretan ikasleak onartzeko prozesuan, sarbide baldintzak betetzen dituzten ikasleak onartuta ikasposturen bat libre gelditzen bada onartuko dira matrikula baldintzatuko ikasleak, ez bestela.

4.–Matrikula baldintzatua egin duten ikasleen artean berdinketarik badago Zuzendaritza Akademikoaren balorazioaren emaitzetan, honako irizpide hauen arabera ezarriko da lehentasuna:

a) Masterrean sartzeko graduko titulua eskuratzeko beharrezkoa den hizkuntza-gaitasuna egiaztatu gabe duten ikasleak.

b) Gradu amaierako lana bakarrik dutenak gainditu gabe.

c) Gradu amaierako lana eta gehienez ere irakasgaien 9 ECTS kreditu dituztenak gainditu gabe, edo gehienez ere irakasgaien 9 ECTS kreditu dituztenak bakarrik gainditu gabe. Gainditu gabe kreditu gutxien dituzten ikasleek izanen dute lehentasuna. Kredituak zenbatzeko, aurreinskripzioa egitean aitortu gabe zenbat kreditu dauden hartuko da kontuan.

Kasu horietan berdinketarik badago, gainditutako kredituen batez besteko nota hartuko da aintzat, eta ikasketen ziurtagiri akademikoaren bidez egiaztatu behar da hori.

5.–Onartua izanez gero, egutegi administratiboak ikasturte bakoitzerako ezartzen dituen epe arruntetan egin beharko dute matrikula.

6.–Matrikula baldintzatua egiten duten ikasleek ezin izanen dute unibertsitate masterreko titulua lortu baldin eta lehendik ez badute eskuratu masterrean sartzeko behar zuten graduko titulua.

21. artikulua. Prestakuntzako aldez aurreko baldintzak unibertsitate master batean sartzeko.

1.–Baliteke unibertsitate master batean onartua izateko prestakuntza-baldintza jakin batzuk bete behar izatea baldin eta hala jasoa badago titulua egiaztatzeko memorian.

2.–Aldez aurreko prestakuntza-eduki horiek ez dira masterraren parte izanen, eta kasuan kasuko masterrerako sarbide zuzena ematen duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko edo graduetako jakintzagai edo irakasgaiez egonen dira osatuak.

3.–Hori zehazteko, masterreko Zuzendaritza Akademikoak kontuan hartuko du ikasle bakoitzak aurreko ikasketetan lortutako gaitasunak bat ote datozen aurreko atalean adierazitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduarekin edo graduekin.

4.–Unibertsitate masterrak atxikia duen ikastegiko Zuzendaritzak ebazpen baten bidez zehaztuko ditu zein diren prestakuntza-baldintzak, masterreko Zuzendaritza Akademikoak adierazitakoa aintzat hartuta.

5.–Aldez aurreko prestakuntza-baldintzei graduko ikasketen arauak aplikatuko zaizkie matrikulari, deialdiei eta prezio publikoei dagokienez.

6.–Aldez aurreko prestakuntza-baldintza diren jakintzagaiak edo irakasgaiak gainditu behar dira masterrean onartua izateko.

7.–Baldintza guztiak 4. atalean aipatzen den ebazpenean adierazitako ikasturte akademikoan gainditu beharko dira, eta horrela hurrengo ikasturtean masterrera automatikoki sartzeko modua izanen da.

8.–Gainditu eta gero, hurrengo ikasturtean matrikula formalizatzen ez bada, masterreko ikaspostu erreserba galduko da, eta, geroago sartu nahi izanez gero, onartua izateko beste eskaera bat egin beharko da.

22. artikulua. Prestakuntza-osagarriak unibertsitate masterreko ikasketetan.

1.–Baliteke unibertsitateko masterreko tituluek prestakuntza-osagarriak izatea; hala bada, ECTS kreditutan definituak egonen dira titulua egiaztatzeko memorian.

2.–Prestakuntza-osagarriei esker, ikasleek, egin nahi duten unibertsitate masterrarekin zuzenean lotzen ez diren graduetako titulazioetatik datozenean, behar diren gaitasunak eskuratuko dituzte, gainditzeko bermearekin egin ahal izateko beren masterrak.

3.–Masterreko Zuzendaritza Akademikoak masterrean onartua izateko prozesuan zehaztuko du zer prestakuntza-osagarri egin behar duen ikasle bakoitzak.

4.–Prestakuntza-osagarri horiek ez dira sartuko unibertsitate masterreko ikasketa-planean. Hortaz, unibertsitate masterraren irakastordu kopurua berbera izanen da, eta ez da kontuan hartuko zer titulazio erabili den sartzeko ezta prestakuntza-osagarriren bat egin behar den ere.

5.–Unibertsitateko masterreko titulu ofizial bat egiteko onartuak izan diren ikasleak, prestakuntza-osagarriak egiten ari badira, masterreko ikasleak izanen dira ondorio guztietarako.

6.–Prestakuntza-osagarriak unibertsitate masterreko ikasketatzat hartuko dira matrikulari, deialdiei eta prezio publikoei dagokienez.

SEIGARREN KAPITULUA

Matrikula

LEHENBIZIKO ATALA

Kredituen formalizazioa eta antolamendua

23. artikulua. Matrikularen formalizazioa.

1.–Egutegi administratiboa onesten duen ebazpenean ikasturte bakoitzerako ezarritako epeetan formalizatu behar da matrikula, hots, 5. artikuluan ezarria dagoen egutegia administratibokoetan.

2.–Matrikularen zenbatekoa kalkulatzeko, ikasturte bakoitzerako prezio publikoak ezartzen dituen foru aginduko prezioak aplikatuko dira, eta hor adierazitako hobari zein salbuespenak halakorik badagokio, Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu akademikoak emateagatik eta titulu ofizialak lortzeko gainerako eskubideengatik ezartzen diren prezioak zehazten dituen foru agindukoak alegia.

3.–Oro har, telematikoki formalizatu behar da matrikula. Prozesu jakin batzuetan eta zehazten diren salbuespen kasuetan, presentzialki ere egiten ahalko da.

4.–Lehenbiziko ikasturtean, ikasleek ez badute ezarritako epean formalizatzen matrikula, horretarako eskubidea galduko dute, non eta ez den zerbait larria edo ustekabekoren bat gertatu eta behar bezala egiaztatu. Halakoetan, eskabidea aurkeztu behar dio ikasleak errektoreari, eta hark emanen du ebazpena.

5.–Matrikula formalizatu ahal izateko, egiaztatu eginen da masterrean sartzeko eta onartua izateko arauetan ezarriak dauden baldintza akademikoak betetzen direla, eskaerako datuak egiazkoak direla eta ikasketekin segitzeko baldintzak betetzen direla.

6.–Ikasturte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen ikasleak ez badu jaso horri buruzko jakinarazpenik, matrikula behin betiko formalizatua dagoela ulertuko da.

24. artikulua. Matrikulako kredituen denboraren araberako antolamendua.

1.–Ikasturte bakoitzean, gehienez 84 ECTS hartuko dira matrikulan. Salbuespenez, bi kasu hauetan gainditzen ahalko da kopuru hori:

a) Graduko edo unibertsitate masterreko titulu bikoitzen matrikuletan, baldin eta programazio espezifikoaren Batzorde Akademikoak baimena ematen badu.

b) Eta Ikasleen Gaietarako errektoreordeak berariazko baimena ematen badu.

2.–Ikasturte bakoitzean, graduko ikasketetan 30 ECTS hartuko dira gutxienez matrikulan; unibertsitate masterrekoetan, berriz, 15 ECTS. Salbuespenez, Ikasleen Gaietarako errektoreak aukera izanen du kreditu gutxiago matrikulatzeko baimena emateko, hori justifikatzeko nahikoa arrazoi badago.

3.–Graduko oinarrizko eta nahitaezko irakasgaien eta unibertsitate masterreko nahitaezko irakasgaien matrikula bata bestearen segidan egin behar dute ikasleek, ikasmaila baxueneko irakasgaietatik hasita.

4.–Irakasgai batean lehenbizikoz matrikulatu baino lehen, aurreko ikasturteetan gainditu gabeko irakasgai guztiak hartu behar ditu matrikulan ikasleak. Betebehar horretatik salbuetsiak daude mugikortasun programa batean parte hartzen duten ikasleak mugikortasun programak dirauen bitartean ematen diren irakasgaietarako.

5.–Aukerako irakasgaietan matrikulatzen diren ikasleek, gainditzen ez badituzte, zilegi izanen dute irakasgai horiek utzi eta beste batzuetan matrikulatzea, eta ez da kontuan hartuko erabili ote den gainditu gabeko lehenagoko aukerako irakasgaien deialdirik edo egin ote den halakoen matrikularik.

6.–Matrikula-eskubideaz baliatzeak ez du inolaz ere behartuko tituluaren ardura duen ikastegiak ezarritako ordutegi-araubidea aldatzera.

25. artikulua. Ofiziozko jarduketa matrikula-eskaerei dagokienez.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasleen espedienteak blokeatuko ditu honako kasu hauetan:

a) Matrikularen prezio publikoak ezarritako epeetan ordaintzen ez baditu ikasleak.

b) Ikasleak ez badu aurkezten matrikula egiteko nahitaez eskatzen diren dokumentuetakoren bat.

c) Ikaslearen aurka diziplina-espediente bat abiarazi bada.

2.–Espedientea blokeatuz gero, ezin izanen da titulurik edo ziurtagiririk eman, ez espedientea beste unibertsitate batera lekualdatu, ez eta bestelako kudeaketa akademiko-administratiborik egin ere. Hortik kanpo gelditzen da ikasleen kalifikazioak irakasgai baten aktan sartzea, jakinik kalifikazioak ez direla agertuko ezein ziurtagiritan, ez eta bestelako ezein kudeaketa akademiko-administratibotan ere.

3.–Interesdunari espedientea blokeatu zaiola esanen zaio, jakinaren gainean egon dadin, besterik gabe.

BIGARREN ATALA

Matrikularen behin-behineko edukia

26. artikulua. Behin-behineko edukia duen matrikularen kasuak.

Matrikularen edukia behin-behinekoa izanen da kasu hauetan, kapitulu honetako hirugarren atalean jasoa dagoena galarazi gabe:

a) Lehenagoko ikasketak edo esperientzia profesionala aitortzeko eskatu duenean ikasleak, eskaerari buruzko ebazpena eman eta, bidezkoa bada, matrikula aldatu arte.

b) Atzerrian egindako ikasketen parte bat aitortzeko eskatu duenean ikasleak, edo atzerriko unibertsitate titulua homologatzeko zain dagoenean edo unibertsitate aurreko ikasketak Batxilergo espainiarrarekin homologatzeko zain, eskaerari buruzko ebazpena eman eta, bidezkoa bada, matrikula aldatu arte.

c) Atzerrian egindako ikasketen maila akademikoa erabaki behar denean, ebazpena ematen den arte.

d) Ikasketaz edo unibertsitatez aldatzeko eskatu duenean ikasleak, Graduko Ikasketen Atalak ziurtagiri akademiko ofiziala, jatorrizko unibertsitateak emana, jaso arte.

e) Arduraldi murriztuko ikasle izatea eskatu duenean ikasleak.

27. artikulua. Behin-behineko edukia duen matrikularen ondorioak.

1.–Behin-behineko matrikula noiznahi uzten ahalko da bertan behera matrikulako datuak gezurrezkoak badira.

2.–Behin-behineko matrikulek ez dute ondoriorik izanen gorago baldintza gisa adierazitako egoerak ikaslearen alde ebazten ez badira.

Hirugarren atala: Matrikula aldatzea.

28. artikulua. Matrikula aldatzeko kasuak eta epeak.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpen baten bidez arautuko da zein kasutan izanen duten zilegi ikasleek matrikula aldatzea. Matrikula-aldaketetan sartzen dira taldez aldatzea, irakasgaiak ordeztea, irakasgaiak gehitzea eta matrikula partzialki baliogabetzea.

2.–Seihileko bakoitzaren hasieran eskatzen ahalko dute ikasleek matrikula aldatzeko, egutegi administratiboak ikasturte bakoitzerako ezartzen dituen epeetan (5. artikuluan ezarria dagoen egutegi administratibokoetan).

3.–Epe horiek bukatu eta gero, ezin izanen da matrikula aldatu, non eta ez den matrikula (partzialki edo osorik) baliogabetzen ustekabekoren batengatik edo kredituak aitortzeko eta transferitzeko prozedura baten ebazpenaren ondorioz.

4.–Matrikula aldatzeko epe berezi bat ezarriko da aurreko ikasturtean gainditu ez den ikasketa amaierako lanaren matrikula egin ahal izateko.

29. artikulua. Matrikula aldatzearen ondorioak.

1.–Matrikula aldatu nahi den ikasturtean ebaluazio aktan kalifikaziorik ez duten kreditu matrikulatu, aitortu edo baliokidetu guztiei eragiten ahalko die aldaketak.

2.–Nolanahi ere, matrikula aldatzeak ez du eraginik izanen irakasgaiaren antolamendu akademikoan, eta ez du handituko irakasgaian baimendutako taldeen kopurua.

3.–Hasieran matrikulan hartuak zeuden kredituen eta aldatuko diren kredituen artean ezin dira gainditu 24. artikuluan ezarriak dauden muga minimoak eta maximoak.

4.–Matrikula arrunta ez ordainduz gero edo eperen bat bukatua egonez gero, baliteke matrikula ezin aldatu izatea.

5.–Matrikula-aldaketaren likidazio ekonomikoa epe bakar batean egin behar da, eta matrikula formalizatu ondoren ekarriko du irakasleen zerbitzuez baliatzeko eskubidea.

LAUGARREN ATALA

Matrikula baliogabetzea

30. artikulua. Matrikula erabat baliogabetzea.

1.–Ikasleek eskubidea dute inolako justifikaziorik gabe matrikula erabat baliogabetzeko, horretarako ezarritako epeetan.

2.–Matrikula baliogabetzeko eskaera Unibertsitateko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, matrikula egiten denetik aurrera edozein unetan eta ikasturtea hasten denetik hilabete igaro baino lehen. Matrikula ikasturtea hasi eta gero egin bada, matrikula egin den egunetik hasiko da zenbatzen matrikula baliogabetzeko eskatzeko hilabeteko epea.

3.–Aurreko puntuan ezarritakoa galarazi gabe, ikasleak ikasturtearen edozein unetan eskatzen ahalko du matrikula baliogabetzeko baldin eta gerora sortutako eta behar bezala justifikatutako salbuespenezko inguruabarrak gertatu badira eta, horien ondorioz, ikasleak ezin badu bere ikasketekin jarraitu ikasturtearen gainerako aldian.

4.–Matrikulan hartutako irakasgaietako bat jada ebaluatu eta kalifikatu badute eta kalifikazioa ebaluazio aktetan jasota baldin badago, matrikula ez da erabat baliogabetuko, aldatu baizik, oraindik ebaluatu eta kalifikatu gabe dauden irakasgaiak bertatik kentzeko.

5.–Kasu guztietan, Ikasleen Gaietarako errektoreordeak ebazpen baten bidez ebatziko ditu matrikula-baliogabetzeak.

31. artikulua. Baliogabetzearen ondorioak.

1.–Lehenbiziko ikasmailan estreinakoz matrikulatua badago ikaslea eta aparteko egoeraren bat, behar bezala justifikatua, bat-batean gertatu zaiolako baliogabetu badu matrikula, hurrengo ikasturtean ikasketa horietan matrikulatzeko eskubidea gordeko du aurreinskripzio prozesuan berriz parte hartu beharrik gabe, baldin eta egoera hori aditzera eman badu matrikula baliogabetzeko eskaeran.

3.–Matrikula baliogabetzen bada, matrikulatu, aitortu edo baliokidetu diren kredituengatik ordaindutako prezio publikoen % 100 itzuliko da, betiere kreditu horiek ebaluazio aktan kalifikaziorik ez badute matrikula baliogabetu nahi den ikasturtean.

4.–Inolaz ere ez dira itzuliko espedientea irekitzeagatik ezarritako prezio publikoak, ezta kudeaketa administratiboari dagozkionak ere.

ZAZPIGARREN KAPITULUA

Azterketen deialdiak eta ebaluazio prozesuak

32. artikulua. Azterketen deialdiak.

1.–Graduko edo unibertsitate masterreko edozein irakasgaitan matrikulatzeagatik deialdi bat izanen du ikasleak ebaluaziorako, irakasgaia egiten den ikasturtean.

2.–Graduko ikasketetan, sei deialdi erabiltzeko eskubidea izanen du ikasleak irakasgaia gainditzeko. Irakasgai batean lehenbizikoz edo bigarrenez matrikulatu ondoren ebaluazio aktan “Ez aurkeztua” kalifikazioa izanez gero, deialdi horiek ez dira kontuan hartuko ikasleak eskubidea duen deialdi kopurua kalkulatzeko. Alabaina, irakasgaiaren hirugarren matrikulako aktan edo hurrengoetakoetan eman bazaio “Ez aurkeztua” kalifikazioa, orduan bai, deialdia erabili dela ulertuko da.

3.–Unibertsitate masterreko ikasketetan, hiru deialdi erabiltzeko eskubidea izanen du ikasleak irakasgaia gainditzeko. Irakasgai batean lehenbizikoz matrikulatu ondoren ebaluazio aktan “Ez aurkeztua” kalifikazioa izanez gero, deialdi hori ez da kontuan hartuko ikasleak eskubidea duen deialdi kopurua kalkulatzeko. Alabaina, irakasgaiaren bigarren eta hirugarren matrikuletako aktetan eman bazaio “Ez aurkeztua” kalifikazioa, orduan bai, deialdia erabili dela ulertuko da.

33. artikulua. Deialdi motak.

1.–Graduko ikasketetan, irakasgai bakoitzaren lehenbiziko lau deialdiak deialdi arruntak izanen dira, eta azkeneko biak deialdi bereziak.

2.–Unibertsitate masterreko ikasketetan, irakasgai bakoitzaren lehenbiziko bi deialdiak arruntak izanen dira, eta hirugarrena berezia.

34. artikulua. Deialdi berezia.

1.–Ikasleak zilegi du deialdi bereziaren ebaluazioa epaimahai batek egin dezala eskatzea 5. artikuluan ezarria dagoen egutegi administratiboan ezarritako epeetan.

2.–Eskabidea egiteko prozedura, epaimahaiaren izendapena eta osaera, eta ebaluazio prozesuei dagokien guztia Nafarroako Unibertsitate Publikoan ebaluazioari dagokionez indarrean dauden arauek erregulatuko dituzte.

35. artikulua. Ebaluazioa.

Ebaluazio prozesuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai horri buruz indarrean dauden arauek erregulatuko dituzte.

36. artikulua. Ikasketetan jarraitzea eta errendimendua.

Ikasketetan jarraitzeko aukera eta ikasleen errendimendua Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai horri buruz indarrean dauden arauek erregulatuko dituzte, zeinak Gizarte Kontseiluak ezarri baitzituen 2008ko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legearen 7 d) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

ZORTZIGARREN KAPITULUA

Kredituen aitorpena eta transferentzia

37. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai horri buruz indarrean dauden arauek erregulatuko dute kredituak aitortzeko eta transferitzeko sistema.

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

Unibertsitateko titulua eskatzea eta ematea

38. artikulua. Unibertsitateko titulua emateko eskaera.

1.–Graduko eta unibertsitate masterreko ikasketa ofizialen tituluak emateko baldintza orokorrak eta prozedura 1002/2010 Errege Dekretuan daude ezarriak, 2010eko abuztuaren 5ekoan, Unibertsitate Titulu Ofizialak emateari buruzkoan.

2.–Titulua emateko eskaera egitean, ikasleak aukeratu egin behar du zer hizkuntzatan nahi duen titulua ematea unibertsitate gaietan eskumena duen ministerioak.

39. artikulua. Atzerriko hizkuntzako gaitasunari buruzko baldintzak graduko tituluetarako.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko titulu bat lortzeko, ikasleak hizkuntza-gaitasuna frogatu behar du ingelesez, frantsesez, alemanez edo italieraz, B1 mailaren parekoa Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, edo B1 baino maila altuagoa titulua egiaztatzeko memorian hala jasoa badago.

2.–Salbuespenez, beste hizkuntza batzuetako gaitasuna ere egiaztatzen ahalko da; kasu horretan, hizkuntza-gaitasunari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoa bete beharko da.

3.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak definituko du nola egiaztatu behar den hizkuntza-gaitasuna.

40. artikulua. Graduko ikasketen bukaeratzat jotzen den eguna.

1.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ikasleak graduko ikasketak bukatu dituen eguna hau izanen da:

a) Ikasketa-planean eskatutako kreditu guztiak bukatzeko unean hizkuntza-gaitasuna egiaztatua badu ikasleak, titulua lortzeko beharrezkoa den azkeneko kreditua lortu den eguna izanen da;

b) Aldiz, ikasketa-planeko kreditu guztiak lortu eta gero aurkezten badu ikasleak hizkuntza-gaitasuna lortzeko beharrezkoa den akreditazioa, hau izanen da ikasketak bukatu dituen eguna:

–Hizkuntza-gaitasuna egiaztatu den eguna, baldin eta titulua lortzeko beharrezkoak diren kredituak eskuratu baino beranduagokoa bada.

–Titulua lortzeko beharrezkoa den azkeneko kreditua lortu den eguna, baldin eta hizkuntza-akreditazioa kredituak baino lehenago lortu baldin bada.

2.–Titulua lortzeko beharrezko kreditu guztiak lortuak izanik ere hizkuntza-gaitasuna frogatua ez duten ikasleek eskubidea dute hizkuntza-gaitasuna egiaztatzen dutenean titulua eman dakiela eskatzeko, nahiz eta aurrerago ikasketa-planean aldaketak egin edo ikasketa-plana iraungi.

41. artikulua. Unibertsitate masterreko ikasketen bukaeratzat jotzen den eguna.

1.–Ikasleak unibertsitate masterreko titulua lortzeko behar den azkeneko kreditua eskuratu duen eguna izanen da unibertsitate masterreko ikasketak bukatu dituen eguna.

2.–Baldin eta unibertsitate masterreko ikasketetan matrikula baldintzatuaren prozeduraren bidez sartu bada ikaslea, hau izanen da ikasketak bukatu dituen eguna:

a) Unibertsitate masterreko titulua lortzeko behar den azkeneko kreditua eskuratu duen eguna, baldin eta graduko titulua lortu duen eguna baino beranduagokoa bada.

b) Graduko titulua eskuratu duen eguna, baldin eta unibertsitate masterreko titulua lortzeko behar den azkeneko kreditua eskuratu duen eguna baino beranduagokoa bada.

42. artikulua. Titulua ematearen ondorioak.

Titulua emateko eskubideen zenbatekoa ordaindu eta gero, ikaslea ezin izanen da tituluko irakasgai gehiagotan matrikulatu, eta itxia geldituko da haren espedientea. Espedientea itxi ondoren, nahiz eta ikasketak bukatzeko behar direnak baino kreditu gehiagotan matrikulatua egon, ikasleak ezin izanen du geroagoko azterketa-deialdietan aurkeztu, ez aktetan agertu. Horrek ez die eragiten bigarren aipamenei buruzko arauei.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Araudia garatzeko baimena

Irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordetzari baimena ematen zaio araudi hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko. Erabaki hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Arauak indargabetzea

Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2016ko ekainaren 15ean hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko ikasketen araudia onetsi zuena (zeina 2018ko ekainaren 19ko eta 2020ko urriaren 27ko erabakien bidez aldatu baitzen).

Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2020ko ekainaren 29an hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitate masterreko ikasketen araudia onetsi zuena.

Indarrik gabe gelditzen dira erabaki honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Eskumenen titulua

Araudi hau honako bi artikulu hauetan ezarritakoaren babesean eman da: batetik, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 15. artikulua, zeinak Unibertsitateko Gobernu Kontseiluari esleitzen baitio irakaskuntzaren antolamenduaren eremuan ildo estrategikoak eta programatikoak ezartzeko eskumena eta haiek aplikatzeko jarraibideak eta prozedurak ezartzekoa; eta, bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikulua, zeinaren arabera Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean baitago jarraibide orokorrak eta ikasketak antolatzeko arloetan jarraibideak aplikatzeko prozedurak onestea –2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70 zk., 2011ko apirilaren 11koa)–.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarra hartzea

Araudi honek 2022-2023 ikasturtean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2203901