73. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33E/2022 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erakunde sindikalentzako drulaguntza deialdi bat onesten baita laneko arriskuei buruzko proiektuak aurrera eramateko. DDBN identifikazioa: 616130.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 14. artikuluak ezartzen du langileek eskubidea dutela laneko segurtasun eta osasun arloan benetako babesa izateko, eta enpresaburuak bere zerbitzupean dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu behar dituela lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan.

Laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketan txertatzea, arau-eskakizun bat izateaz gain, prebentzio-eraginkortasunarekin lotutako behar bat ere bada, eta haren arrakasta bi faktoreren mende baitago: lehenik, horretarako kultura lantzea, enpresaburuek laneko arriskuen prebentzioarekin duten konpromisoari lotua; bigarrenik, langileek eta haien legezko ordezkariek enpresaren prebentzio sisteman aktiboki, berez eta kontzienteki parte hartzeko prozedurak eta praktikak egotea.

Nafarroan prebentzio politikak aplikatzeko asmoz, egoki ikusi da erakunde sindikal nagusiek lan istripuen aurka borrokatzeko dituzten baliabideak indartzea, entitate horiek, beren ekintza sindikalaren bidez, Nafarroako enpresa gehienetara iristeko ahalmena dutelako.

Askatasun Sindikalari buruzko Lege Organikoaren 6. artikuluak adierazten duenez, sindikatu jakin batzuei aitortutako ordezkaritza sindikal handiagoa izateak posizio juridiko berezia ematen die, bai parte-hartze instituzionalari begira, bai ekintza sindikalari begira.

Horregatik, egokitzat jotzen da dirulaguntza batzuk ematea laneko arriskuen prebentzioari buruzko proiektuak gauzatzen dituzten Nafarroako erakunde sindikal nagusiei, prebentzioaren kultura sustatzeko asmoz.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Erakunde sindikalentzako dirulaguntza deialdi bat onestea laneko arriskuei buruzko proiektuak aurrera eraman ditzaten.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Ebazpen honetatik sortutako konpromisoei erantzuteko, 400.000 euroko gastua baimentzea 2022ko Gastuen Aurrekontuko “Ekintza sindikala laneko arriskuen prebentzioaren arloan” izeneko 810012-81500-4819-494124 partidaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494124: Ekintza sindikala laneko arriskuen prebentzioaren arloan

2022

400.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 20an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honetako laguntzen helburua da Nafarroan lantoki bat daukaten enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren kultura sustatzea, lan istripuen tasa murrizteko asmoz.

Horregatik, aurreikusi da dirulaguntzak ematea enpresa horientzat laneko arriskuen prebentzioari buruzko proiektuak egiten dituzten Nafarroako erakunde sindikal nagusiei.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradun izan daitezke, dirulaguntza eskatzen den unean, Nafarroan ordezkaritza izateaz gainera, honako baldintza hauek betetzen dituzten erakunde sindikalak:

a) Ordezkarien %10 edo gehiago izatea Nafarroako administrazio publiko eta enpresetan. Ordezkaritza hori Nafarroako Hauteskunde Sindikalen Erregistroaren bidez ziurtatzen ahalko da.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidean ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitate eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra bete, eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzekin, halakorik exijitzen ahal bazaie.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan erakunde eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuek bete beharreko baldintzak.

1. Laneko arriskuen prebentziorako proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte dirulaguntza jasotzeko:

a) Laneko arriskuen prebentzioaren arloan sentsibilizatzeko, aholkatzeko eta informatzeko ekintzak jasotzea.

b) Proiektuak 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era arteko epean gauzatzea.

2. Entitate bakoitzari proiektu bakar baterako dirulaguntza emanen zaio.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Goian aipatu proiektuetako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, betiere 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte fakturatzen badira:

a) Entitateak, proiektua gauzatzeko lanetan zuzenean aritzeko, kontratatzen dituen langile teknikoen gastuak, lan horietan diharduten bitartean. Kontzeptu honengatik, gehienez 50.000 euroko soldata-kostua izanen da diruz lagungarria lanaldi osoan urte osorako kontratatzen den pertsona bakoitzeko, eta proportzionalki murriztuko da urte osorako edo lanaldi osokoa ez bada.

b) Entitateak proiektuan laguntzeko kontratatzen dituen administrazio langileen gastuak, lan horietan diharduten bitartean.

c) Proiektuko ekintzak aurrera eramateko langile horien joan-etorrien gastuak, joan-etorri horiek kasuan kasuko nominaren bidez ordaintzen direnean.

d) Aurkezten den proiektuko ekintzekin lotutako edukiak zabaltzeko gastuak, zabalkunde hori materialen eta komunikabideen bidez egiten denean.

Eduki horien zabalkundean ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

Ez dira kontzeptu honetan sartzen langileria gastuak.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Proiektuen xedeko enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduketak egiteak eragindako gastuak, baldin eta jarduketa horiek enpresak berak nahitaez egin beharrekoak badira prebentzio lana antolatzeko modalitateren baten bitartez.

b) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).

3. Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du “Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntza fitxan baitago.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian justifikatu beharko dira.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, baimendutako gastu guztia banatuko da deialdian parte hartzen duten erakunde sindikalen artean, 2021eko abenduaren 31n ezarritako ordezkaritza sindikalaren ehunekoekiko proportzioan.

5. oinarria.–Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da.

2. Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 11. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskabideak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Eskabidearekin batera, egin asmo diren jarduketen proiektua aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita: helburu eta adierazleak; aurreikusitako kronograma; memoria ekonomikoa eta dirulaguntzaren xede diren gastu guztien aurrekontu xehatua, 4. oinarrian adierazitako gastu bakoitzari egotz dakiokeen ehunekoa eta guztizko zenbatekoa adierazita (langile gastuak, joan-etorrietakoak eta zabalkundekoak); proiektuan arituko diren prebentzioko teknikarien kopurua; pertsona bakoitzaren kostua eta lanorduak.

Proiektuaren erredakzioan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira beti.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagoka izanen da; beraz, aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, 4.3. oinarrian (ordezkaritza sindikala) adierazitako ordezkagarritasunaren araberako lehentasun-ordena ezartzeko, eta dirua banatuko da deialdi honetarako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte.

Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, proiektuak jarduteko gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituen ikusiko du, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, adieraziz onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek 2022ko azaroaren 30a baino lehen justifikatu beharko dute egindako proiektua, egun hori barne. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Memoria teknikoa, non justifikatuko baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua.

Zabalkunde gasturik baldin badago, zabaldu den materialaren edukia aurkeztu beharko da, bai eta materiala zabaldu eta jaso dela frogatzen duen dokumentazioa ere.

b) Onuradunak 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean proiektua gauzatzeko egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

2. 2023ko otsailaren 28a baino lehen, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez:

a) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izenen zerrenda, adierazita haien lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egozten zaion ehunekoa.

–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.

–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.

–2022ko azaroaren 30era arte egindako fakturak eta 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko otsailaren 28ra bitartean egindako ordainketen egiaztagiriak, dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dutenak.

b) Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo hura ordaindu beharrik ez badu, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.

3. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan erredaktatu beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Erakunde onuradunek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute uztailaren 31 baino lehen, eta, horretarako, egikaritze-memoria bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita emandako zenbatekoaren gutxienez %30 egikaritu dela.

2. Gainerakoa 2022ko abenduan ordainduko da, 7.1 oinarriaren arabera justifikatu ondoren.

3. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena.

4. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

5. 7.2 oinarriaren arabera aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak organo eskudunari aurkeztuko dio dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpen proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

6. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpena, 7.2 oinarriko justifikazio dokumentazioa aurkezten denetik kontatzen hasita.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua aurrera eramatea eta justifikatzea 7. eta 8. oinarrietan ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan, bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik behera bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.

b) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, erakunde eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin, emaileak izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, beste administrazio publiko batzuk, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuk edo partikularrak, nazionalak nahiz atzerrikoak.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2204169