73. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

129/2022 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita “Bultzada bonuak” dirulaguntzaren 2022ko deialdia. DDBN identifikazioa: 616653.

Nafarroako PIN4 Nazioarteko Planaren erronka nagusietako bat da Nafarroako enpresa txiki eta ertainak gehiago nazioartekotzea.

Bultzada bonuen xedea da kanpora ateratzen hasi diren edo lehen etapetan dauden Nafarroako enpresa txiki eta ertainei laguntza ematea, aholkularitza espezializatuko zerbitzuak kontrata ditzaten.

Nafarroako Gobernuak 2021eko abenduaren 1eko erabaki baten bidez baimena eman zitzaion Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari 2022an “Bultzada bonuak” dirulaguntza emateko, banakako ebaluazio araubidean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “Bultzada bonuak” dirulaguntzaren 2022ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntza hori emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Baimena ematea 150.000 euroko gastua egiteko 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: 810003 81400 4709 431300 “Kanpo sustapenerako ekintzak enpresetarako”.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren aurrean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen.

Iruñean, 2022ko martxoaren 22an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Nazioartekotzeko Bultzada bonuen 2022ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

“Bultzada bonuak” izeneko dirulaguntzaren xedeak dira enpresa esportatzaileen kopurua gehitzea, dagoeneko esportazioan ari direnen nazioartekotzea sendotzea, eta Nafarroako esportazioen bolumena gehitzea.

Horretarako, dirulaguntzak emanen dira kanpo-merkataritzan espezializatutako aholkularitza-zerbitzuak kontrata ditzaten esportatzen hasi diren edo dagoeneko esportatzen hasita egonik bultzada behar duten Nafarroako ETEek.

Kontuan hartuta enpresen beharrizanak desberdinak direla egoeraren, estrategiaren eta aukeren arabera, dirulaguntzak bi modalitate dauzka:

1. Bultzada-hastea bonua, esportazioaren arloan hasieran dauden edo lehen pausoak egin dituzten baina finkatzeko bultzada bat behar duten enpresentzat.

2. Bultzada-sendotzea bonua, atzerriko merkatuetan dagoeneko ari diren enpresentzat.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako baldintza orokor hauek betetzen dituzten enpresak izan daitezke dirulaguntzaren onuradunak:

a) Enpresa txiki edo ertaina izatea, Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioko definizioari jarraikiz.

b) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

c) Esporta daitekeen produktu, zerbitzu edo marka berekia izatea.

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Horrez gain, eskatzen den bonu modalitatea zein den, berariazko baldintza hauek bete beharko dira:

2.1. Bultzada-hastea bonua:

Betekizun hauetako bat bete beharko da:

a) ICEX NEXT programa egina izatea edo egiten egotea. Programari atxikitzeko gutuna aurkeztuz frogatuko da.

b) Enpresaren nazioartekotze ahalmenari dagokion aldeko diagnostikoa izatea. Diagnostiko horren ondorioak eta gomendioak aurkeztuz frogatuko da, hura egin duen enpresak sinatuta. Aholku enpresaren espezialitatea kanpo merkataritza izanen da.

2.2. Bultzada-sendotzea bonua:

a) Azken urteko esportazioen zenbatekoa guztirako fakturazioaren %15 izatea. Zerga aitorpenen edo fakturen bidez frogatuko da.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, baimena ematen da egoitza fiskala eta enpresaren tamaina egiaztatzeko. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak eta egiaztagiriak.

4. Betebehar orokorrak frogatuko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, eta bete beharko dira laguntzen eskaera aurkezteko epea bukatu arte eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean. Adierazpen hori eskabide orrian jasota dago. Berariazko baldintzak, berriz, 4.3 oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztuz frogatuko dira.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, laguntzaren zenbatekoa eta gauzatzeko epea.

1. Bultzada-hastea bonua: Dirulaguntzaren zenbatekoa honako gastu hauen % 60 izanen da (10.000 euro gehienez).

a) Merkatuko azterketa aurreratuak egiteko gastuak. Gastu horietan sartuta dago destinoan elkarrizketak eta inkestak egitea produktu edo zerbitzuaren balio-katean parte hartzen duten agente nabarmenei (bezeroak, hornitzaileak, administrazioa, eta abar), lehen eskuko informazioa lortzeko zenbait gairi buruz: prezioak, marjinak, kalitateak, betebeharrak, eta abar.

b) Nazioartekotzeko plana diseinatzeko edo eguneratzeko lanekin lotutako aholkularitza gastuak.

c) Esportazioen kudeatzaile bati merkataritzako kontratua egitea, gutxienez sei hilabeterako.

d) Aholkularitza eta kudeaketa kontratatzea homologazio eta ziurtapenen gaietarako eta patenteen eta marken erregistrorako:

Atal honetan sartzen dira patenteak eta markak destinoko herrialdeetako erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak, planaren xede den herrialdean nahitaezko homologazioa egiteak dakartzan gastuak (horretarako akreditazioa duten entitateek eginez gero), kanpoko bezero handientzat egindako ziurtapenak eta aurrekalifikazioak, eta horiek tramitatzeko kanpoko aholkularitzek eragindakoak.

2. Bultzada-sendotzea bonua: Dirulaguntzaren zenbatekoa honako gastu hauen %60 izanen da (10.000 euro gehienez).

a) Erabiltzen ahal diren banaketa-kanalak aurkitzeko eta haiei buruzko informazioa biltzeko nazioarteko negozio eta marketin aholkularitza; inportatzaileen, banatzaileen eta preskriptoreen zerrenda “bizia” egitea; enpresaren produktuaren edo zerbitzuaren eskaintza pertsonalizatuak aurkeztea bezero potentzialei; enpresaren produktuaren edo zerbitzuaren merkatu-azterla aurreratua egitea.

b) Aholkularitza eta kudeaketa kontratatzea homologazio eta ziurtapenen gaietarako eta patenteen eta marken erregistrorako:

Atal honetan sartzen dira patenteak eta markak destinoko herrialdeetako erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak, planaren xede den herrialdean nahitaezko homologazioa egiteak dakartzan gastuak (horretarako akreditazioa duten entitateek eginez gero), kanpoko bezero handientzat egindako ziurtapenak eta aurrekalifikazioak, eta horiek tramitatzeko kanpoko aholkularitzek eragindakoak.

c) Aholkularitza juridikoa (merkataritza, zergak, administrazioa eta lana) eta finantza-aholkularitza, nazioartekotzearekin lotutakoak.

d) Destinoko herrialdean merkataritzako agentea edo ordezkaria hautatzeko gastuak.

3. Dirulaguntza jaso ahal izateko, 1.a), b) eta 2.a) ataletan adierazitako zerbitzuak ematen dituen enpresak frogatu beharko du nazioarteko merkataritzaren arloko aholkularitzan gutxienez hiru urteko esperientzia duela; 1.c) atalean adierazitako zerbitzuak ematen dituen enpresak edo autonomoak, berriz, frogatu beharko du nazioarteko merkataritzaren arloan edo export manager gisa hiru urteko esperientzia duela gutxienez.

4. Ez dira inola ere diruz lagunduko jarduera iraunkorrekin edo aldizkakoekin lotutako zerbitzuak, ez eta enpresaren ohiko kudeaketa-gastuekin lotutakoak ere (back office lanak, hala nola kontabilitatea egitea, zerga-aitorpenak, etab.). Helburu zehatzak dituzten lan puntualak baizik ez dira diruz lagungarriak.

5. Dirulaguntza jaso ahal izateko, diruz laguntzen ahal den gastuaren zenbatekoa 2.000 euro izan behar da gutxienez.

6. Diruz lagungarriak diren gastuak egiteko epealdia 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 15era artekoa izanen da, biak barne. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da epe horren barrenean fakturatu eta ordaindu denean.

7. Gastu diruz lagungarrietako bat 12.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela; horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epealdia deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2022ko abuztuaren 31n amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/bonos-impulsa-de-internacionalizacion-2022 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

3. Dirulaguntza eskatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera, agiri bereizietan eta izenaren bidez behar bezala identifikatuta:

a) Eskaera telematikoa, zein bonu eskatzen den zehaztuta; 2.1 oinarrian aipatzen diren baldintza orokorrak betetzen direlako erantzukizunpeko adierazpena erantsi behar zaio.

b) 2.2 oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

c) Enpresak helbide fiskala Nafarroan duela eta Zerga Ogasunarekin nahiz Gizarte Segurantzarekin betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak, 2.3 oinarrian aipatzen direnak, aurkeztu beharko dira, Departamentuari datuak kontsultatzeko baimenik ematen ez bazaio.

d) Zer zerbitzutarako eskatzen den dirulaguntza, horiei buruzko memoria bat, laguntzen fitxan ezarritako egiturari jarraikiz.

e) Zein aholkularitza lanetarako eskatzen den dirulaguntza, horien aurrekontuen kopia. Aurrekontuetan honako epigrafe hauek sartuko dira: xedea, lanerako plana, helburua, entregatzekoa eta eskaintza.

f) Hornitzailearen hautaketaren gaineko justifikazioaren inprimakia eta 3.7 oinarrian ezarritako gainerako agiriak.

g) Zerbitzuak ematen dituzten enpresen baldintzak, eta, behar bada, baldintza pertsonalak betetzen direla ziurtatzea, zerbitzua ematen duten enpresen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, hartan adierazirik eskatutako esperientzia urteetan egindako lanik garrantzitsuenak, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak egiaztatu ahal izateko gisan.

h) Urteko kontu erregistratuak (baita ikuskatuak ere, horretara derrigortuak badaude), itxita dauden azkeneko 2 zerga ekitaldietakoak (laguntzak eskatzen diren egunean itxita daudenak). Eskatzailearen kontuak eta hari elkartutako eta lotutako enpresenak aurkeztuko dira, halakorik bada.

4. Eskaerak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluan aipatutako baldintzak, ez baditu behar bezala biltzen eskatzen zaizkion datuak, edo harekin batera ez badira aurkezten onuradun izateko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, entitate interesdunari eskatuko zaio gehienez 10 egun balioduneko epean eskaera zuzen dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, eskaerak oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko da eta 3. oinarrian ezarritakoa aplikatzearen araberakoa izanen da dirulaguntza.

2. Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan bonuetako bakoitzerako kreditua dagoen bitartean:

  • 75.000 euro Bultzada-hastea bonurako.
  • 75.000 euro Bultzada-sendotzea bonurako.

Bonu mota baterako eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria baldin badago, beste bonuaren eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, aurkezteko hurrenkeraren arabera.

Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzua da laguntzak kudeatzen dituen organoa. Hark ebaluatuko ditu eskabideak, eta gero organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, hartan adierazita onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza jasotzeko betebehar guztiak.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

3. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Dirulaguntza onuradunek 2022ko urriaren 15erako honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki laguntzen fitxaren bidez:

a) “Justifikazioaren inprimakia”, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa.

b) Ordainketen fakturak eta frogagiriak (bankuko agiriak baino ez dira onartuko).

c) Proiektua justifikatzeko memoria, laguntzaren fitxaren gidoiaren arabera egina.

d) Proiektuaren finantzabideei buruzko adierazpena.

e) Emandako dirulaguntzaren publizitatearen frogagiriak.

f) Bultzada-hastea bonua eskatu bada esportazio-kudeatzaile bat kontratatzeko, sinatutako kontratua ere aurkeztu beharko da.

g) Ebaluazio-inkesta (laguntzen fitxan dago).

8. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du frogagiriak aurkezteko epealdia bukatzen denetik bi hilabate igaro baino lehen.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Dirulaguntzaren onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ez da ordaintzen ahalko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako ekintzak 7. oinarrian ezarritako moduan eta epean egin izana frogatzea.

c) Beren webgunean edo, horrelakorik ez badute, eskura duten beste baliabide bat erabiliz adieraztea dirulaguntza baten onuradun direla, eta, horretarako, Nafarroako Nazioarteko Planaren (NNP) logoa ikusgai jartzea. Logoa hemdn deskargatzen ahal da:

https://www.planinternacionaldenavarra.es/.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, dirulaguntza kobratzeko eskubidea gal daiteke, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2013ko L 352. EBAO, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Ondorio horietarako, onuradunek aitortu beharko dituzte, laguntzen eskaerarekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zerga ekitaldi horretan eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bitartez (eskura dago www.nafarroa.eus webgunean).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren https://notificaciones.060.es/PCPublic–publicInfo.action helbidean eskuratzen ahal da gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen-prozeduretarako harpidetza egin beharko da, helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Halaber, laguntzen fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari aurkeztuta, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen.

Iragarkiaren kodea: F2204225