73. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

29E/2022 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau eta zuzenduko dituen oinarriak: “Pirinioetako Planaren lurralde eremuan inskribatutako toki erakundeentzako dirulaguntzak, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten, biztanleriaren finkapena eta inguruko lurralde garapena sustatzen dituzten eta bizitzeko eta lan egiteko espazio baten sorrera bultzatzen duten proiektuen ziozko inbertsioetarako”. DDBN identifikazioa: 615235.

Hala ezartzen baitu bere 28. artikuluan urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da “lurralde garapen jasangarria lortzeko estrategiarako politika publikoak gauzatzea” eta “lurraldea ardazten duten, aurrerapena ekartzen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak” sustatzea, laguntzea eta haien jarraipena egitea, “zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz”.

2017ko maiatzean eratu zen “Pirinioetako Mahaia”, eskualde horretako toki erakundeek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artziko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolakuntzan tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko Ponentziak egindako txostenean jasota daude Nafarroako Pirinioaldeko diagnostikoaren elementu kritikoak: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, etxebizitza lortzeko zailtasunak... Horren aurrean, aldiz, bizimolde berriak ditugu, hirikoa eta herrietakoa parekatzen dituztenak, landa eremuari sustatu beharreko balioa ematen dion ikuspegia agertzen hasi da, bertako ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak eta herritar taldeen bizitasuna ere hor daude... Horiek guztiak Pirinioetako Lurralde Garapen Jasangarriaren pizgarri izan daitezkeen aukerak dira.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat “Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea” da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia bat erabiliz.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan, espazio piriniarrak presentzia zehatz eta nabarmena dauka, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7. kapitulua. Pirinioak eta beste espazio natural eta nekazaritzako batzuk), bai lurraldearen kultura berrirako estrategian (4.5.2. kapitulua. Pirinioak).

Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorren Proiektuak 260.000,00 euroko kreditua aurreikusten du “Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak (tokiko erakundeak)” izeneko Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorren 330000 33100 7609 921100 gastu partidari aplikatua.

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorrita Sektore Publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko urtarrilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, jarraibideak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren erakundeek ematen dituzten dirulaguntzen eta laguntzen informazioa tratatzeko. Ezarritako sisteman, beharrezkoa da bereiztea gastua baimentzeko fasea eta dirulaguntza ematekoa, eta, orobat, ez da onartzen bi faseak batera tratatzen dituen kontabilitateko dokumenturik.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

“Pirinioetako Planaren lurralde eremuan inskribatutako toki erakundeentzako dirulaguntzak, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten, biztanleriaren finkapena eta inguruko lurralde garapena sustatzen dituzten eta bizitzeko eta lan egiteko espazio baten sorrera bultzatzen duten proiektuen ziozko inbertsioetarako” deialdia onartzea.

Dirulaguntza arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

260.000,00 euroko gastua baimentzea 2022ko gastu aurrekontuaren “Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak (toki erakundeak)” izeneko 30000 33100 7609 921110 partidaren kargura.

Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko martxoaren 14an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE EREMUAN INSKRIBATUTAKO TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUZTEN OINARRIAK, ETXEBIZITZA ETA ENPLEGUA LOTZEN DITUZTEN, BIZTANLERIAREN FINKAPENA ETA INGURUKO LURRALDE GARAPENA SUSTATZEN DITUZTEN ETA BIZITZEKO ETA LAN EGITEKO ESPAZIO BATEN SORRERA BULTZATZEN DUTEN PROIEKTUEN ZIOZKO INBERTSIOETARAKO

1.–Xedea eta helburua.

Pirinioetako Planak jatorria du lurralde hartan sortu eta Nafarroako Parlamentuak babestu zuen ekimen batean, eta haren xedea da eremuari eragiten dioten zenbait elementu kritiko indargabetzea, honakoak alegia: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, eta etxebizitza lortzeko zailtasunak. Plana lehenetsitako eta gaika antolatutako proposamenetan egituratzen da: turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak; industriak, ekintzailetza berdea eta LGJ (Lurralde Garapen Jasangarria); abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza; etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.

Aipatutako Plana garatzeko ezinbestekoa da espazioak daudela bermatzea (lurzorua, lokalak, etxebizitzak), biztanleria inguru horretan finkatu ahal izateko. Hala, eta oinarrizko zerbitzuen eta jarduera ekonomikoen garapena eta finkapena sustatzen duten neurrien bidez, despopulazioaren ondorioak arindu, edo, are leheneratzen ahalko dira.

Horrenbestez, deialdi honen bidez Pirinioetako lurralde eremuan dauden toki erakundeen inbertsioak babestu nahi dira, beren udalerrietako lan espazioekin lotutako espazio, lurzoru industrial, lokal, etxebizitza eraikin edo etxebizitza indibidualetan, eta, era berean, honako helburu hauetan aurreratu nahi da: kalitate handiko zerbitzu publiko eta azpiegituren sarbide unibertsala; landa erkidegoen berpizkundea; enplegu aukera berrien sorrera; landa inguruen bultzada; gizarteratzearen eta genero berdintasunaren sustapena; klima aldaketaren ondorioen arintzea eta bizitza profesionalaren eta pribatuaren arteko oreka, Pirinioetako Planaren helburuak lortzen laguntzeko.

Horretarako, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten eta inguruaren lurralde garapena eta biztanleriaren finkapena sustatzen dituzten inbertsioak babestuko dira, honako lerro hauetan:

–A lerroa: Etxebizitza eta lana higiezin berean.

Espazioak, lurzoru industriala, lokalak, etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, alokairu araubidean ohiko etxebizitza iraunkor moduan eta lantoki komun moduan erabiltzeko:

  • A.1: Coliving, hau da, jarduera profesional bati lotutako espazio komunitariok dituzten etxebizitza osagarrien multzoa.
  • A.2: Etxebizitza indibiduala, jarduera profesional bat garatzen den higiezinaren barruan.

–B lerroa: Etxebizitza eta lana hainbat higiezinetan.

Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, alokairu araubidean ohiko etxebizitza iraunkor moduan erabil ditzaten Pirinioetako Planaren lurralde eremuaren barruko beste eraikin batean bizi diren eta coworking erako lantokia (hots, lan espazio kolaboratiboa) partekatzen duten pertsonek.

–C lerroa: Etxebizitza eta lana zerbitzu publikoetan.

Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, sektore publikoko langileek ohiko etxebizitza iraunkor gisa erabiltzeko (halakotzat joko dira Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan sartzen diren erakundeak), baldin eta zerbitzu bat ematen badute Pirinioetako Planaren lurralde eremuan.

–D lerroa: Etxebizitza eta lana sektore pribatuan.

Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, Pirinioetako Planaren lurralde eremuan lan egiten duten sektore pribatuko profesionalen ohiko etxebizitza iraunkor gisa alokatzeko.

Toki erakunde onuradunek horretarako sinatzen dituzten alokairu kontratuen errentaren prezioa ez da izaten ahalko, inola ere, 2022. urterako etxebizitza babestuen errentarako ezarritako gehieneko prezioa baino handiagoa, Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.–Erakunde onuradunak.

Deialdi honetan eskaera egiten ahalko dute uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan zehazten diren toki erakundeek, egoitza Pirinioetako Planaren lurralde eremuan dutenek.

Pirinioetako Planaren lurralde eremuan Pirinioetako Eskualdeak osatzen du, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean definitzen den moduan, eta Artziko eta Orotz-Beteluko udal-mugarteek, baita ondoren Pirinioetako Planean sar litezkeen guztiek ere.

3.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

4.–Inbertsio finantzagarriak eta gastu diruz lagungarria.

4.1. Inbertsio guztiak izan behar dira etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten eta 1. oinarrian aipatzen diren helburuak betetzen laguntzen duten ekimenetarako.

4.2. Gastu diruz lagungarriak:

Dirulaguntzen bidez finantzatuko dira, bakarrik, diruz lagundutako inbertsioaren izaerari dagozkion gastuak, 7. oinarrian ezarritako epean egiten badira. Zehazki, honako gastu kontzeptu hauek diruz lagunduko dira, betiere merkatuko balioetara egokitzen badira.

a) Erakundetik kanpoko laguntza teknikoaren ordainsarien, makinen, materialen eta lanen ondoriozko gastuak, ekintzak garatu eta obren kartelak egiteko beharrezkok direnak.

b) Diruz lagundutako ekintzetarako aurreikusitako erabilerak gauzatu ahal izateko ekipamenduak erosteko gastuak.

c) Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

d) Ondasun higiezinak erosiz gero, erosketaren kostua, notario gastuak eta erregistratzekoak.

e) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako ekintzarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

Honako hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Norberaren kabuz egindako jarduketen laneskuaren kostuak.

b) Banku kontuetako interes zordunak.

c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

d) Prozedura judizialen gastuak.

e) Erakunde(ar)en beraren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.

5.–Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Erosketak edo/eta birgaitzeak diruz lagunduko dira, deialdira aurkezten den inbertsio proiektuari dagokionez eskuratu dituzten balorazio irizpideen arabera lortutako puntuazioari jarraikiz:

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

(100 puntu)

1.– LERRO DIRUZ LAGUNGARRIAK

40 puntu

–A LERROA: ETXEBIZITZA ETA LANA HIGIEZIN BEREAN.

A.1. COLIVING: 40 PUNTU.

A.2. HIGIEZINEAN JARDUERA PROFESIONALA EGITEKO ETXEBIZITZA INDIBIDUALA: 30 PUNTU.

–B LERROA: ETXEBIZITZA ETA LANA COWORKING ERAKO HAINBAT HIGIEZINETAN: 30 PUNTU.

–C LERROA: ETXEBIZITZA ETA ZERBITZU PUBLIKOA: 20 PUNTU.

–D LERROA: ETXEBIZITZA ETA SEKTORE PRIBATUA: 10 PUNTU.

2.–PROIEKTUA

60 puntu

2.1. PROIEKTUAREN JUSTIFIKAZIOA ETA DESKRIBAPENA.

–Inbertsioa gauzatzeko premia.

–Proiekturen deskribapena, inbertsioa erosketa edo birgaitzea izan den adieraziz.

10 puntu

2.2. EROSITAKO EDO/ETA BIRGAITUTAKO ETXEBIZITZA EDO ESPAZIOEN KOPURUA ETA LOTUTAKO LANPOSTUAK.

–Erositako edo/eta birgaitutako espazio edo etxebizitzen kopuru handiena duten proiektuak.

–Ahalik eta lanpostu gehien lotzen dituzten proiektuak.

–Erositako edo/eta birgaitutako espazioen azalera eta aurreko bi puntuekiko proportzioa.

–Tokiko ekonomiaren gaineko eragina, bai exekuzioan, bai ondoren; eraikuntza materialak, hornidura, udalerriko langileak, profesionalen erakarpena, udalerriaren finkapena, eta abar.

10 puntu

2.3. ONURADUNAK.

–Etxebizitzak gazteen (16 eta 30 urte bitartean) edo/eta emakumeen ohiko etxebizitza iraunkor izateko konpromisoa.

–Etxebizitzetan bizi litezkeen familia unitateetako kideen kopurua eta etxebizitzen azalerarekiko harremana.

10 puntu

2.4. MEMORIA EKONOMIKOA ETA AURREKONTU ERABILGARRIA.

–Kostuen taula.

–Egutegia, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

–Proiektuaren kudeaketa eta bideragarritasunari buruzko plana.

10 puntu

2.5. PROIEKTUAREN GARAPEN MAILA.

Eskaria aurkezten den egunean proiektuak duen garapen maila, bertan aurreikusten diren faseei dagokienez; besteak beste, higiezinen prestutasuna, memoria baloratua, birgaitze proiektua, aurretiazko azterlanak, hasitako obrak, proiektuaren inguruko lan kolaboratiboko ekimenen garapen maila eta abar.

10 puntu

2.6. PROIEKTUAREN INGURUMEN, JASANGARRITASUN ETA ERAMANGARRITASUN IRIZPIDEAK.

–Proiektua beste udalerri batzuetara transferitzeko edo errepikatzeko aukerak.

–Proiektuaren jasangarritasun maila (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa).

–Energia-efizientzia.

–Bioeraikuntza.

5 puntu

2.7. UDALERRIKO BIZTANLE EDO KOLEKTIBOEK PARTE HARTZEA.

Proiektuaren faseetan: beharrak hautematean, proiektuaren diseinuan, proiektuaren garapenean edo obrak gauzatzean autoeraikuntzako proiektuen bidez, azpiegituraren kudeaketan... Tokiko boluntariotza ekintzak ere baloratuko dira: lankidetza, belaunaldien arteko parte-hartzea, zenbait kolektiboren gizarteratzea, eta abar.

5 puntu

Eskariaren xedeko proiektu bakoitzari emandako puntuazio osoa aurreko irizpideak aplikatuz lortutako puntuen batura izanen da.

6.–Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

6.1. Deialdi honek, guztira, 260.000 euroko zuzkidura izanen du, 2022ko gastu-aurrekontuko “Pirinioetan bizi eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak (toki erakundeak)” izeneko 330000 33100 7609 921110 partidaren kargura.

6.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako aurrekontuan diruz lagundu daitezkeen gastuen %80 izanen da, eta 260.000 eurokoa, gehienez.

6.3. Eskaerak lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 5. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira aurrekontuko partida ahitu arte. Erabilgarri dauden funtsak eskaera bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, partidan gelditzen den diru kopurua esleituko zaio, partida agortu arte.

6.4. Eman beharreko dirulaguntzak behin-behinekoz esleitu ondoren, esleitu gabeko soberakinik badago, soberakin horiek agortzeko, proiektuak birprogramatzen ahalko dira, baldin eta proiekturik badago legokiokeen dirulaguntza guztia eskuratu ez duena aurrekontuan dirurik ez izateagatik.

6.5. Birprogramazio hori Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Gara-penerako Zerbitzuak eskatuta eginen da, lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz. Ofizioa igorriko zaio erakunde eskatzaileari, eta hark, proposatzen zaion birprogramazioa onartzen badu, horretarako emandako epean erantzun beharko du. Epearen barnean erantzuten ez badu, proposamena ez duela onartu ulertuko da.

6.6. Edonola ere, toki erakunde bat onuradun izan dadin, ezinbestekoa da eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren exekuzio kostuaren %15 baino handiagoa izatea, salbu eta berariaz ziurtatu eta egiaztatzen bada era berean beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso dituela, eta, guztira, proiektuaren exekuzio kostuaren gutxienez %50 ordezkatzen dutela.

6.7. Kreditu nahikorik ez egoteagatik dirulaguntzarik jasoko ez duten proiektuen eskabideak ezetsi eginen dira; horrek ez du galaraziko erreserban gelditzea, puntuazioaren araberako hurrenkeran. Uko egiteengatik edo bestelako inguruabarrengatik aurrekontu kreditu gehiago sortzen bada, honela banatuko da: lehenik eta behin, puntuazioaren arabera, aurrekontuan behar adina diru ez izateagatik legokiekeen dirulaguntza osoa eskuratu ez zuten proiektuen dirulaguntza osatuko da. Aukera hori agortuta, erreserban dauden proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, puntuazioaren hurrenkeran, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez eta hartan adierazitako baldintzetan.

7.–Gauzatzeko epea.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gauzatze epea 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era artekoa izanen da. Horrenbestez, 2021eko urtarrilaren 1etik sinatu diren erosketa edo/eta birgaitze konpromisoak ere sartuko dira, betiere horiek 2022ko azaroaren 15a baino lehen hobetu edo betetzen badira.

Gastuak epe horretan fakturaturik eta ordaindurik daudenean joko da betetzat inbertsioa.

8.–Toki erakundeek aurkeztu beharreko hasierako dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatzen duten toki erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera egiteko inprimakia, behar bezala beteta, I. eranskinaren arabera. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan eskura daiteke, laguntzen fitxan. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen ordezkaritza duenak II. eranskineko ereduaren arabera emana, honako hau adierazten duena:

1. Elkarteak edo erakundeak ez dauka ezarrita dirulaguntzen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako debekuetako bat bera ere.

2. Erakunde eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo erakunde pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

3. Erakunde eskatzaileak ez du galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez du jaso.

4. Erositako edo/eta birgaitutako higiezina deialdi honetan aipatutako eremuetara bideratzeko konpromisoa, gutxienez 7 urtez. Epe hori laburragoa izanen da, baldin eta ezusteko gertaerak gertatzen badira, eta, betiere, Proiektu Estrategikoen Planifikazio eta Garapenerako Zerbitzuari jakinarazi ondoren eta Nafarroako Gobernuak baimena eman ondoren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.5.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Nafarroako Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztea.

d) Toki erakundearen Idazkaritzako titularraren ziurtagiria, BEZaren gaineko aitorpenari buruzko III. eranskineko ereduaren araberakoa.

e) Birgaitze obra egin nahi den espazioaren, lurzoru industrialaren, lokalaren, etxebizitza eraikinaren edo etxebizitza indibidualen jabetza egiaztatzen duen agiria, edo 2021eko urtarrilaren 1aren ondotik sinatutako konpromisoa, zeinaren eskritura publikoa 2022ko azaroaren 15a baino lehen eginen den, edo alokairu kontratua edo beste edozein titulu, dirulaguntzaren onuradun den toki erakundeak birgaitu beharreko higiezinak dirulaguntzaren xederako gutxienez 7 urtez erabiliko dituela egiaztatzen duena.

f) Birgaitze jarduketetarako, aurreproiektua, memoria tekniko baloratua edo eraikuntza enpresaren aurrekontua, non zenbatekoa agertuko baita, honako hauek barne: proiektu kostuak, segurtasun azterlana, obra zuzendaritza, segurtasunaren koordinazioa eta dirulaguntza jaso dezaketen gainerako gastuak.

g) Transferentzia bidezko ordainketa eskaria, Nafarroako Gobernuaren ereduaren arabera, baldin eta laguntza eskatzen den edo daturen bat aldatu den lehen aldia bada.

Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatu bezala.

9.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

9.1. Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Atariko Izapideen Katalogoko loturaren bitartez (www.navarra.es), hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak erakunde interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

9.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki erakundeari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da, eta, horrez gain, abisu bat bidaliko da eskabide ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

10.–Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

10.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

10.2. Eskaerak 5. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

10.3. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, non adieraziko baita erakunde onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

11.–Ebazpena.

11.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

11.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu, jakinarazi ondoko hilabetean, emandako dirulaguntzak, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

12.–Emandako dirulaguntzari uko egitea.

Toki erakunderen batek uko egiten badio emandako dirulaguntzari, uko egite horren ondorioz eskuragarri dagoen kreditua hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, 6 oinarrian ezarritakoaren arabera.

13.–Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

13.1. Jarduketak eskaeran aurkeztutako kronograman zehaztutako denboran eta moduan gauzatu beharko dira, edo bestela, onartutako birprogramazioan ezarri bezala. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik.

13.2. Baimentzen ahal diren aldaketak dira diruz laguntzen ahal diren kontzeptuei buruzkoak. Eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

13.3. Ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz lagun daitezkeen gastuen %10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, urtero emandako laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe.

13.4. Ez da inoiz aldaketa bat baino gehiago onartuko onuradun bakoitzeko, ezta baremazioan lortutako puntuazioa aldatzen duten horiek ere.

13.5. Baloratzeko baimena eskatu beharko da, aldatu baino lehen, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzura zuzendutako instantziaren eta erregistro elektronikoaren bidez, eta azken horrek baimena emateko aukera izanen du, aurrekontu mugen arabera.

14.–Dirulaguntza ordaintzeko beharrezkoak diren frogagiriak eta epea.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak egin ondoren, erakunde onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarri modura onartu diren gastu guztiak. Hala, 2022ko azaroaren 15ean bukatuko da inbertsioa justifikatzeko epea (egun hori barne). Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Proiektua egin dela justifikatzeko memoria, IV. eranskineko ereduari jarraikiz.

2. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa, V. eranskineko ereduaren arabera.

3. Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuren partaidetza agerrarazteko betebeharra betetzen dela egiaztatzen duten agiriak.

4. Egindako ekintzen dokumentu edo/eta argazki bidezko frogak.

5. Beste edozein laguntza edo dirulaguntza motaren berariazko adierazpena, VI. eranskineko ereduaren arabera.

6. Idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek jasoko dituena:

–Toki erakundeak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan aurreikusitako betebeharrak.

–Kontratisten aukeraketan Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legearen aginduak bete direla.

7. Ziurtagiri eguneratuak, egiaztatzen dutenak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela.

Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio erakundek eskatzaileari, beharrezkoak diren frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eginen da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskabidean adierazitako helbide elektronikora.

Errekerimenduari erantzun ezean, benetan justifikatutako gastuen eta ordainketen arabera eginen da ordainketa.

15.–Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntzaren ordainketa. Orokorrean, ordainketa bakarrean emanen da dirulaguntza, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta erakunde onuradunak 14. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren. Transferentzia bidez ordainduko da.

16.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren erakundeek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

17.–Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak izanen du, proiektuen jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

18.–Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, haren xedearekin lotuta:

a) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Higiezinen xede konpromisoak betetzea, bai epeari dagokionez, bai erabilerari dagokionez, bai eta sinatzen diren alokairu kontratuen errentaren gehieneko prezioa ere, 1. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Udalen ardura izanen da maizterrek baldintza horiek betetzen dituztela zaintzea eta hori Nafarroako Gobernuaren aurrean justifikatzea.

c) Dirulaguntzaren xede den edozein ekintza dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako ekintzen kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

d) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela, eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

e) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea instrukzio organoari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, erakunde onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren edozein komunikabideren bidez egiten diren proiektuaren publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu beharko dira: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

i) Erakunde onuradunak jakinarazpena jasotzen duenetik zazpi eguneko epea izanen du eman dioten dirulaguntzari uko egiteko, baldin hala egitea erabakitzen badu. Horretarako, komunikazio bat bidali beharko dio Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari. Uko egindako zenbatekoa beste proiektu batzuei esleitzen ahalko zaie, zehazki, laguntzarik gabe gelditu direnei aurrekontuan krediturik ez izateagatik, lortutako balorazioaren arabera, edo, halako proiekturik ez badago, onuradun atera diren beste proiektuen artean hainbanatuko da.

j) Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek, baldin eta gardentasun betebeharra bete behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

k) Hirugarrenekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren 100eko 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

l) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezarritako baldintzetan jasotzen diren zabalkunderako neurriak hartzea.

m) Debekatuta dago etxebizitza alokairu turistikora edo beste erabilera batzuetara bideratzea, xedea ez bada biztanleria finkatzea, eta debekatuta dago, era berean, etxebizitza azpi-alokatzea ere.

19.–Dirulaguntzak itzultzea.

19.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo zati batean, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak. Kasu horietan, itzulketa tramitatuko da toki erakundearen banaketa kontuan, dagokion espedientea instruitu ondoren.

19.2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diruz lagundutako jarduketa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri arautzaile hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea. Itzulketa eskatzeko prozedurak aipatu artikuluan xedatutakoa bete beharko du.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak. Jarduketaren benetako gastuaren %70 edo gehiago gauzatu denean, betebeharrak ia osorik bete direla iritziko zaio.

20.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

21.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin ere.

22.–Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskaerak aurkezteko inprimakia.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko.

III. eranskina.–Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria, BEZaren gaineko aitorpenari buruzkoa.

IV. eranskina.–Proiektuaren azken memoria.

V. eranskina.–Gastuaren justifikazio kontua.

VI. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuen aitorpena.

Deskargatu I. eranskinetik VI. eranskinera bitarte (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204116