73. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

46/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 6koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zenbait produktu energetikoren azken prezioaren aparteko eta aldi baterako hobaria kudeatu eta itzultzeko prozedura arautzen duena.

Ukrainaren kontrako eraso militarrak eragin duen erregaien prezioaren gorakadak enpresa eta familietan izan duen inpaktua berehalakoan apaltzeko xedearekin, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzeko martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuaren bitartez arautzen da, besteak beste, petrolio-produktu energetiko batzuen prezioan aparteko eta aldi baterako hobari bat egitea. Horrela, energia iturri horien mendetasun handia duten ekonomia-sektoreetako enpresetan, eta, bereziki, garraioaren sektorekoetan, berehala nabarituko dute apaltzen hasiko direla beren egoera ekonomikoan ohiz kanpoko eta bat-bateko prezioen igoerak izan dituen ondorioak. Hobaria gainerako herritarrengana hedatzearen helburua da testuinguruak, zuzenean eta zeharka, etxeko ekonomietan eragiten duen inpaktua murriztea, Ukrainari eraso egin aurretik ere energiaren prezioen garestitzeak eta COVID-19aren krisiak oraindik dituen ondorioek nabarmen erasan baitiete.

Hobariaren bideragarritasuna bermatzeko eta hura ahalik eta azkarren inplementatzen dela ziurtatzeko, ezinbestekoa da haren kudeaketan elkarlanean aritzea txikizkako erregaien hornidura-instalazioen ustiapen-eskubideen titularrekin, bai eta hobariaren xede diren produktuen azken kontsumitzaileei zuzeneko salmentak egiten dizkieten enpresekin ere. Horrela, kontsumitzaileek, hau da, hobariaren onuradunek, haren eragina ezagutu eta zuzenean egiaztatzen ahalko dute produktuak erostean; kasu guztietan, elkarlanerako ereduaren jasangarritasuna bermatuko da konturako aurrerakinen eta itzulketen sistema eraginkor baten bidez.

Bestalde, hobariaren kudeaketan laguntzen dutenek egindako hobarien itzulketa eskatzen ahalko dute, bai eta konturako aurrerakin bat ere, 2022ko apirilaren 15a baino lehen. Aurrerakin horren zenbatekoa, aipatutako Errege Lege-dekretuaren 15. artikuluaren 4. apartatuaren arabera, hobari horren eremu objektiboan sartutako produktuen hileko batez besteko bolumenaren % 90ari legokiokeen hobariaren gehieneko zenbatekoa adinakoa izanen litzateke, laguntzaileak 2021eko ekitaldian saldutakoaren arabera, aipatutako errege lege-dekretuan ezarritako baldintzekin. Hobarien itzulketak eta hobarien konturako aurrerakinak ez dira enbargatu edo konpentsatuko zerga-zorrak azkentzeko.

Era berean, aipatutako 6/2022 Errege Lege-dekretuaren 20. artikuluak ezartzen du Foru Administrazioak duela hobariak kudeatzeko eta itzultzeko eskumena, bai eta laguntzaileei konturako aurrerakinak ematekoa ere, hobaria jaso duten produktuen hornidurak Nafarroako Foru Komunitatean egin badira.

Nafarroako Gobernuaren 2022ko apirilaren 6ko Erabakiaren bidez ezartzen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuak duela 6/2022 Errege Lege-dekretuaren 15. artikuluan aipatzen diren hobariak kudeatzeko eta tramitatzeko eskumena. Egokitzat jotzen da departamentu horren egituraren barruan arlo horren eskumena hartuko duen unitatea Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa izatea.

Horrenbestez, foru agindu honen bidez arautzen da aipatutako 6/2022 Errege Lege-dekretuaren 20. artikuluan aurreikusitakoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagokion prozedura.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Xedea eta aplikazio-eremua.

Foru agindu honen xedea da hobariak kudeatzeko eta itzultzeko prozedura arautzea, bai eta konturako aurrerakinak ematea ere, produktu energetiko eta gehigarri batzuen publikoarentzako salmenta-preziorako aparteko eta aldi baterako hobaria kudeatzen laguntzen dutenei. Hobari hori araututa dago Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzeko martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuaren I. tituluko VI. kapituluan.

Bigarrena.–Hobaria kudeatzeko laguntzaileak.

Foru agindu honen ondorioetarako, aurreko lehenengo puntuan aipatutako hobariaren kudeaketarako laguntzailetzat hartuko dira erregaien txikizkako hornidurarako instalazioen ustiapen-eskubideen titulartasuna dutenak, bai eta hobariaren xede diren produktuen azken kontsumitzaileei zuzeneko salmentak egiten dizkieten enpresak ere, produktu horien hornidura Nafarroako Foru Komunitatean egiten bada.

Hirugarrena.–Hobariak itzultzeko eskaera.

1. Hobaria kudeatzeko laguntzaileek hilero eskatzen ahalko diote Nafarroako Foru Ogasunari aurreko hilean egindako hobariak itzultzeko.

2. Eskaera 2022ko maiatzeko, ekaineko eta uztaileko lehen 15 egun naturaletan aurkeztuko da.

3. Eskaera telematika bidez aurkeztu beharko da nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, www.navarra.es helbidean, Tramiteen Katalogoko fitxan (aurrerantzean, tramitearen fitxa) horretarako gaituko den inprimakia bete eta bidalita; inprimakian jaso beharko da Nafarroako Foru Komunitatean azken kontsumitzaileei erreferentziako aldian hornitutako litro edo kilogramoen bolumenari, dagokionaren arabera, deskontua aplikatuta ateratzen den zenbatekoa.

Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Nafarroako Foru Ogasunak eskatuko dio interesdunari 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

4. Nafarroako Foru Ogasunak itzulketa egingo du, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuan ezarritako baldintzak betetzen direla eta erreferentziako aldian erregai hornidurari buruzko informazioa egiazkoa dela egiaztatu ondoren.

5. Itzulketa banku-transferentzia bidez ordainduko da, eta transferentzia jaso izana itzulketari buruzko ebazpenaren jakinarazpentzat joko da.

6. Laguntzaileek 2022ko apirilaren 15a baino lehen eskatzen ahalko dute konturako aurrerakina, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dena, tramite fitxari dagokion inprimakia bete eta bidalita.

7. Aurrerakina eskatu bada, hobari honek estalitako azken hilabeteari dagokion eskaera aurkezten denean, Nafarroako Foru Ogasunak aurreko apartatuan aipatzen den aurrerakinaren zenbatekoa kenduko du dagokion hileko itzulketan. Itzulketaren zenbatekoa aurrerakinaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, laguntzaileak aldea ordaindu beharko du, dagokion ebazpenean adierazitako lekuan, moduan eta epean.

8. Behin betiko jasotako zenbatekoen doikuntza egiten ahalko da, martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretuaren 17. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz. Azken doikuntza horretatik ateratzen bada laguntzaileak zenbateko bat ordaindu behar duela, dagokion ebazpenean adierazitako lekuan, moduan eta epean egin beharko du.

Laugarrena.–Ezestea eta errekurtsoak.

1. Itzulketaren eskaera aurkezteko epea amaitzen denetik hilabete igarota, aurrerakinaren itzulketa edo ordainketa egin ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

2. Presuntziozko ezespen horren aurka, bai eta errekurtsoa eragin duen beste edozein kausaren aurka ere, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Bosgarrena.–Argitaratzea eta indarra hartzea.

Foru agindu honek 2022ko apirilaren 6an hartuko du indarra, eta argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, www.navarra.es helbidean, Tramiteen Katalogoko fitxan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 6an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2205061