72. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

43/2022 FORU AGINDUA, apirilaren 1ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 9ko 121/2013 Foru Agindua, gasolio profesionala kontsumitzeagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala egiteko prozedura ezartzen duena.

Estatuaren eta Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren laugarren xedapen gehigarriarekin bat, Foru Komunitateak behar diren arauak eman arte, abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 52 bis artikulua aplikatuko da Nafarroan, bertan arautzen baita erabilera profesionaleko gasolioari dagokionez ordaindu edo jasandako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala.

Foru Komunitateko Zerga Administrazioak zergaren itzulketa partziala egiteko prozedura apirilaren 9ko 121/2013 Foru Aginduan jasota dago. Estatuaren eta Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35.5 artikulua betez, foru agindu horretan ezartzen da erregulazioa, otsailaren 19ko HAP/290/2013 Aginduan lurralde erkiderako ezartzen denaren antzekoa.

2022ko martxoaren 30ean argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege-dekretua, zeinaren bidez presako neurriak hartzen baitira Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko Plan Nazionalaren baitan. Arau horren azken xedapenetako hamabosgarrenak otsailaren 19ko HAP/290/2013 Agindua aldatzen du, gasolio profesionalaren itzulketa hilean behin egiteko, hiru hilean behin egin ordez.

Foru lurraldean ere itzulketaren aldizkotasuna hori bera izan dadin, apirilaren 9ko 121/2013 Foru Agindua aldatu beharra dago.

38/1992 Legearen 52 bis artikuluak 7. apartatuan xedatzen duenez, itzulketa egiteko prozedura Ekonomia eta Ogasun Ministerioak ezarriko du. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluaren ondorioz, ulertu behar da gaikuntza hori foru lurraldean zergen arloko eskumena duen departamentuko titularraren alde egiten dela.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak apirilaren 9an emandako 121/2013 Foru Agindua, zeinaren bidez ezartzen baita gasolio profesionala kontsumitzeagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partziala egiteko prozedura.

Apirilaren 9ko 121/2013 Foru Aginduaren manu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.–2.11 artikulua.

“11.–”Erreferentzia aldia”. Hilabete naturala.”

Bi.–8.2.a). Hirugarrena artikulua.

“Hirugarrena. Epea: 2 karaktere (bi zenbaki, hilabetea adierazteko).”

Hiru.–9. artikulua.

“9. artikulua. Kuoten itzulketa, eginiko hornidurengatik.

1. Hilabete natural bakoitza bukatzean, aurreko 6. eta 8. artikuluetan jasotzen diren aurkeztutako zerrendak oinarri hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Administrazioak erabakiko du, hala balegokio, kasuan kasuko kuotak itzultzea, bankuko transferentziaren bidez onuradunak zentsuan inskribatzeko eskaeran zehaztu duen kontura.

2. Itzulketa kalkulatzeko, hornidura egin zen egunean indarra zuten itzulketa tasak aplikatuko dira.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2022ko apirilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2022ko apirilaren 1ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2204890