68. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita, igerileku estaliak edo aire zabalekoak jabetzan dituzten klubei zein elkarteei (eskumendeko kirol kluba dutenei) zuzendua, jarduera fisikoko eta osasuneko programak finantzatu ditzaten 2022an. DDBN identifikazioa: 614052.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol-jarduera fisikoak sustatzea Nafarroako gizarte osoan, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez.

Kirola Sustatzeko Atalari dagokio kirola sustatzeko programak bultzatu eta sustatzea arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren giza taldeentzat, eta kirolaren eta jarduera fisikoaren programen antolaketa sustatzea, toki-erakundeen bidez eta helburu nagusi kirola sustatzea eta bizi kalitatea hobetzea dituzten beste entitate batzuen bidez.

Bestalde, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3.a, 3.f eta 3.t artikuluetan, helburu batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira, eta, hala, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak lortu beharreko helburu bihurtu dira. Honako hauek dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol-jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko jarduera fisikoetan eta kirol jardueretan, kirolean modu jarraituan aritzeko, josteta eta jolaserako eta osasuna hobetzeko.

f) Ahaleginak egitea kirol-jardueren praktika heda dadin Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osora.

t) Kirola sustatzea, osasun ohitura gisa, eta hura bultzatzen duten kirol modu guztiei bulkada ematea.

Halaber, Kirolari buruzko Foru Legearen 33. a) artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol-jarduera sustatuko duela, laguntzen eta dirulaguntzen araubide baten bidez besteak beste.

Igerileku estaliak edo aire zabalekoak dituzten kirol klubei eta elkarteei (azken horietan Nafarroako Foru Komunitatean eskumendeko kirol klubak dituztenean) laguntza ekonomikoak emanez, erabiltzaileen ehuneko handi batengana iristen da, asko baitira horietan eskainitako kirol-jarduera fisikoetan erregulartasunez parte hartzen dutenak.

Halaxe adierazi du “Nafarroako kirol eta aisia entitateen elkartearen gizarte eraginari” buruzko txostenak, 2020an argitaratutakoak. Bertan adierazten denez, dirulaguntza honen onuradun izan daitezkeen eta kirol azpiegitura handia duten 10 erakundetan biltzen da Iruñeko biztanleriaren %35. Hala, kirol, gizarte eta kulturako 100 jarduera mota baino gehiagotan parte hartzen dute, erregulartasunez.

Diruz lagundutako jarduera fisikoko eta osasuneko programek kirol-jarduera fisikoaren praktika sustatu eta indartzea izanen dute helburu, halako jarduerak egiten dituzten pertsonen bizi kalitatea eta osasuna hobetze aldera.

Hori dela kausa, Nafarroako Kirolaren Institutuak laguntza horien deialdiko oinarriak arautzen dituen Foru Agindua onartzeko proposatu du, estalitako edo aire zabaleko igerilekuen titular diren eta kasuan kasuko erregistroetan izena emanda dauden kirol klubei eta elkarteei (azken horietan eskumendeko kirol klubak daudenean) dirulaguntzak ematea errazteko, jarduera fisikoko eta osasuneko programak gara ditzaten.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat onestea, igerileku estaliak edo aire zabalekoak jabetzan dituzten klubei zein elkarteei (eskumendeko kirol kluba dutenei) zuzendua, jarduera fisikoko eta osasuneko programak finantzatu ditzaten 2022an.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen direnak, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

(eurotan)

A50002-A5100-4819-336108: Jarduera fisikoko eta osasuneko programetarako laguntzak igerilekuen jabe diren klubetan

2022

100.000

4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hori guztia eta gainerako eranskinak entitate interesdunen esku egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian.

5. Foru Agindu eta deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

Iruñean, 2022ko martxoaren 8an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea dirulaguntzak emateko igerileku estaliak edo aire zabalekoak jabetzan dituzten klubei zein elkarteei (eskumendeko kirol kluba dutenei), jarduera fisikoko eta osasuneko programen antolaketa, kudeaketa eta gauzatzea finantzatu ditzaten 2022an. Klubek zein elkarteek Nafarroako Foru Komunitateko kasuan kasuko erregistroetan izena emanda egon beharko dute.

2. Helburua.

Deialdi honen helburua da jarduera fisikoaren praktika sustatu eta indartzeko laguntza ekonomikoak ematea, halako jarduerak egiten dituzten pertsonen bizi kalitatea eta osasuna hobetzeko tresna diren aldetik.

Egiten den jarduera fisikoa adinaren eta egoera fisikoaren arabera egokituko dira, kontuan hartuta profesionalek zuzendutako praktika erregularrak eragin positiboa izanen duela egoera fisikoa eta psikikoa hobetzeko orduan.

3. Entitate onuradunak.

3.1. Dirulaguntzen araubide honetan parte hartzen ahal dute:

–Estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen titularrak diren kirol klubek, Nafarroako Kirol Erregistroan izena emanda badaude.

–Estalita edo/eta aire zabalean dauden igerilekuen titular diren elkarteek, eskumendeko kirol klub bat txertatuta badute eta Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan kasuko erregistroetan eskumendeko klub moduan nahiz elkarte moduan izena emanda badaude.

3.2. Entitate onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 14. artikuluan oro har ezartzen diren betebeharrak, bai eta oinarri arautzaile hauek aurreikusten ahal dituztenak ere.

4. Diruz lagundutako jarduerak.

4.1. Diruz lagungarriak izanen dira 2022ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitarte garatzen diren jarduerak (bi egun horiek barne).

4.2. Entitate eskatzaile bakoitzak jarduera fisikoko eta osasuneko programa bakarra aurkeztu beharko du, eta, bertan, honako jarduera hauek sartzen ahal dira:

A) Kualifikatutako langileek zuzendutako kirol-jarduera fisikoak:

–Jarduerak muskulazio-gelan.

–Jarduerak uretan:

  • Aquagyma.
  • Aurreigeriketa.
  • “Igerian ikasteko” eskolak.
  • Haurdunentzako igeriketa.
  • Adinekoentzako igeriketa.
  • Desgaitasuna dutenentzako igeriketa.

–Kirol-jarduera fisikoak aretoan:

  • Aerobic-a.
  • Body Tonic-a, Body Balance-a, Body Combat-a, Body Pump-a, Cross fit-a.
  • Box-a.
  • Cross Training-a.
  • Core-a.
  • Dantza eta antzekoak.
  • EasyTone-a.
  • GAPa.
  • Mantentzeko gimnastika.
  • Hipopresiboak.
  • Pilatesa.
  • Jarreraren berrantolaketa.
  • Spinning-a.
  • Stretching-a.
  • Tai-jia.
  • Tonifikazioa.
  • TRX-a.
  • Yoga eta Yogilatesa.
  • Zunba.

Uretako eta aretoko kirol-jarduera fisikoen zerrenda hau zenbait aukera baino ez ditu adierazten, ez da mugatzailea. Hori dela eta, aipatutako horien helburu berak izan arren beste izen bat duten jarduerak ere sartzen ahal dira.

B) Kirol eta jolaseko jarduera fisikoak (hiriko kanpalekuak, campusak...) 18 urtera bitarteko neska-mutikoentzat, Aste Santuan eta udan soilik eskaintzen direnak.

5. Jardueren ezaugarriak.

5.1. Klubaren berezko instalazioetan egin beharko dira.

5.2. Jarduerak bazter geldituko dira baldin eta, kirol espezialitate batekin lotuta egonik (atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, gimnasia, judoa, igeriketa, tenisa, padela, patinajea eta abar), kirol horretan hobekuntza nahiz errendimendua lortzera edo lehiara bideratzen badira.

5.3. Kanpo geldituko dira federazioko lizentzia beharrezko duten jarduera guztiak.

5.4. Diruz lagundutako jarduera guztiak kualifikatutako langile tituludunek zuzenduko dituzte.

5.5. Jarduerak hartzaileen beharrizan eta ezaugarrien arabera egokituko dira, eta ez dute mugarik izanen parte hartzen duten pertsonen adina, sexua, egoera fisikoa eta desgaitasun fisiko edo psikikoa dela-eta.

5.6. Programa garatu bitartean, jarduerek errespetatu beharko dituzte COVID-19ari loturik indarrean diren neurriak eta baldintzak, eskudun diren osasun eta kirol agintariek ezarritakoak.

5.7. Jarduketek ezin izanen dute inolaz ere dirulaguntzarik jaso apustu enpresek (barne direla apustu makinen operadore diren enpresak) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten badituzte.

Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten jarduerak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.

6. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbateko osoa gehienez ere 100.000 eurokoa izanen da, eta 2022ko aurrekontu orokorretako A50002 A5100 4819 336108 aurrekontu partidari egotziko zaio, “Jarduera fisikoko eta osasuneko programetarako laguntzak igerilekuen jabe diren klubetan” izenekoari.

7. Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagundutako programen izaerari dagozkion gastuak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak eta, zehazki, honako hauek:

–Aurkeztutako programaren koordinatzailearen Gizarte Segurantzako gastuak eta soldaten gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako jarduerak kontrolatzen eta antolatzen ematen duen denborari dagokion gastua egotziko da.

–Monitoreen Gizarte Segurantzako gastuak eta soldaten gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

–Diruz lagundutako jardueren kirol material suntsikorra. Atal honetan ez dira sartzen musika tresnak eta tresna informatikoak.

–COVID gastuak, garbiketako eta desinfekzioko produktuei dagozkienak, 1.000 euroko mugaz.

8. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

8.1. Dirulaguntza eskaerak eta hasierako dokumentazioa deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera aurkezten ahalko dira, eta argitalpenetik 15 egun naturaleko epean, hori barne.

8.2. Dirulaguntza eskaerak eta justifikazio agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoa erabiliz. Helbide horretan esteka bat izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko.

8.3. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Ez dira aurkeztutzat hartuko dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki aurkezten ez direnak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz (aurrerantzean, APAPEL). Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horietan ezin izanen da zuzenketarik egin.

8.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

9. Hasierako dokumentazioa.

9.1. Laguntzak eskatzeko dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan.

9.2. Eskaeran aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1.–II. eranskina. Eskaera-orria.

2.–III. eranskina. Jarduera fisikoko eta osasuneko programa

3.–IV. eranskina. Monitoreak. Zerrenda eta titulazioak

4.–V. eranskina. Jarduera fisikoko eta osasuneko programako diru sarrera eta gastu guztien aurrekontu osoa.

5.–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena klubak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo, bestela, NKIri baimena emateko agiria, kontsulta egin dezan.

6.–Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena klubak egunean dituela tributu betebeharrak, edo, bestela NKIri baimena emateko agiria, kontsulta egin dezan.

9.3. Eskaera egin ostean, zehazki, dirulaguntza emanen dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, aurkeztu beharreko dokumentazioa, 19. oinarri arautzailearekin bat:

VI. ERANSKINA

Gardentasunari buruzko adierazpena

10. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

11. Antolamendua eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

12. Balorazio irizpideak.

Jarraian zehazten dira balorazio irizpideak, zein bere haztapenarekin, zeinen bidez lehentasun-hurrenkera bat ezarriko baita, honako atalekin bat:

A) Kualifikatutako langileek zuzendutako kirol-jarduera fisikoak:

a.1. Jarduera zuzenduak talde egonkorretan:

I.–1 puntu jarduera bakoitzeko.

II.–0,5 puntu talde bakoitzeko.

a.2. Bonuetan eskainitako jarduerak:

III.–1 puntu jarduera bakoitzeko.

IV.–0,25 puntu saio bakoitzeko.

a.3. Aretoko langile teknikoak: Aholkularitza eta jarraipena: 0,1 puntu ordu bakoitzeko.

a.4. –60 urtetik gorakoei soilik zuzendutako jarduerak: 0,50 puntu jarduera bakoitzeko.

a.5. 14 eta 30 urte artekoei soilik zuzendutako jarduerak: 0,50 puntu jarduera bakoitzeko.

a.6. Desgaitasunen bat dutenei soilik zuzendutako jarduerak: 0,50 puntu jarduera bakoitzeko.

B) Kirol eta jolaseko jarduera fisikoak (hiriko kanpalekuak, campusak...) 18 urtera bitarteko neska-mutikoentzat, Aste Santuan eta udan soilik eskaintzen direnak.

Kanpaleku, campus edo dena delako bakoitzean neska-mutikoek egiten dituzten kirol-jarduera fisikoak baloratuko dira soilik, ez besterik:

–Partaide bakoitzak egunean kirol-jarduera fisikoan emandako 3 ordura arte: 3 puntu campus, kanpaleku edo dena delakoko bakoitzeko.

–Partaide bakoitzak egunean kirol-jarduera fisikoan emandako 3 ordutik gorako aldirako: 5 puntu campus, kanpaleku edo dena delakoko bakoitzeko.

(Adibidez, xakeko campus batean partaide batek ordubeteko saioa badauka, campusa goiz guztian zehar eman arren, “xakeko campusak” 3 puntu izanen ditu.

Hiriko kanpaleku batean partaideak kirol-jarduera fisikoa 9:00etan hasi eta 14:00etan amaitzen badu, hiriko kanpaleku horrek 5 puntu izanen ditu).

13. Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

13.1. Laguntza hauek norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat; aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, haien artean lehentasuna ezarriko baita 12. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

13.2. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, 12. oinarrian agertzen den baremoa aplikatu ondoren eskaerak guztira lortutako puntuazioa biderkatuko da puntuari emandako balioarekin. Puntuaren balioa zein izanen den jakiteko honako eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

13.3. Entitate onuradun bakoitzari esleitutako kopurua ezin izanen da izan aurkeztutako jarduera fisikoko eta osasuneko programaren defizita baino altuagoa. Era berean, programa bakoitzari esleitutako kopurua ez da izanen 12.000 eurotik gorakoa, salbu eta hurrengo atalean ezarritako kasuan.

13.4. Kreditu erabilgarria ez bada agortzen, geratzen den saldoa lehentasun-hurrenkeran puntuaziorik altuenak lortu dituzten entitateen artean banatuko da, kreditu erabilgarriaren honako ehuneko hauek aplikatuz: lehenengo dagoen entitateari, %40; bigarrenari, %30; hirugarrenari, %20, eta laugarrenari; %10. Kasu horietan soilik, entitate bakoitzari eman beharreko dirulaguntza guztira 12.000 eurotik gorakoa izaten ahalko da programa bakoitzeko. Hala ere, ezin izanen da inola ere izan aurkeztutako defizita baino altuagoa, ez eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoaren %100 baino altuagoa ere.

13.5. Lehentasun-hurrenkerako azkeneko tokian berdinketarik baldin badago, puntuazioaren arabera dagokien kopurua esleituko zaie, hainbanaturik, erabilgarri dagoen kopurua agortuz gero.

13.6. Dirulaguntzako zenbatekoak 2022ko aurrekontu orokorretako A50002 A5100 4819 336108 aurrekontu partidari egotziko zaizkio, “Jarduera fisikoko eta osasuneko programetarako laguntzak igerilekuen jabe diren klubetan” izenekoari.

14. Ebazpenak.

14.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateko kasuan kasuko ebazpena emanen du, zeina entitate interesdunei jakinaraziko baitzaie, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 90 egun naturaleko epean gehienez.

14.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

14.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

14.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, laguntzen zenbatekoa, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen da inola ere izan eginen den jardueraren kostua baino handiagoa.

14.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Kirolaren Institutuko iragarki taulan argitaratuko dira deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien entitate onuradunen zerrenda.

15. Programaren frogagiriak eta memoria.

15.1. Programaren frogagiriak aurkezteko azken eguna 2022eko urriaren 24a izanen da.

15.2. Frogagiriak eskaneatuta aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, bereizita eta beren izenaz behar bezala identifikaturik. Honako hauek dira aurkeztu beharrekoak:

1.–VII. eranskina. Jarduera fisikoko eta osasuneko programaren memoria.

2.–VIII. eranskina. Programaren diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua.

3.–IX. eranskina: Gastuen justifikazioko kontua:

Diruz lagundutako jarduerengatik eta programagatik ordaindutako gastu guztiei (ez diruz lagungarrienak bakarrik) dagozkien fakturak eta frogagiriak agertzen dituen zerrenda zenbakidun eta zehatza. Zerrendan hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaindu den eguna adieraziko dira.

4.–Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren kontura ordaindutako fakturen kopiak bakarrik. Aurkeztutako zerrendan (IX. eranskina) dagokien zenbakia adieraziko da fakturen kopietan, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

5.–X. eranskina. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.

6.–XI. eranskina. Hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko inprimakia.

7.–XII. eranskina. Azpikontratazio-inprimakia.

8.–Diruz lagundutako jardueren publizitatea egiteko euskarria, non 18.8 oinarriarekin bat, Nafarroako Gobernuaren logoak agertu beharko baitu (liburuxkak, klubaren web-orriko pantaila-argazkia, etab.).

15.3. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

16. Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta behin onuradunak 15. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztutakoan; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Kasu guztietan, ebazpen hori 2022ko ekitaldian eman eta jakinaraziko da.

17. Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutua arduratuko da, Kirola Sustatzeko Atalaren bitartez, programaren jarraipena egiteaz eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeaz eta ebaluatzeaz.

18. Betebeharrak.

18.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek, eta hala egiten dutela agiri bidez frogatuko; orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak onartuko dituzte, eta haiek egin daitezen lagunduko.

18.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

18.3. Dirulaguntzen onuradunek egunean izan beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

18.4. Onuradunek adierazi beharko dute ez direla zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari, edo, edonola ere, ez daudela zehapen- eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (II. eranskinean –eskaera-orria– geratuko da adierazita).

18.5. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea dirulaguntzen onuradun izateko debeku egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan ageri dira. (II. eranskinean –eskaera-orria– geratuko da adierazita).

18.6. Begiratuko da Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), proiektua zein udaletan garatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

Ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak betetzen dituztenak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

18.7. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

18.8. Dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, onuradunek nahitaez erabili beharko dute Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat, betiere, urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuari jarraikiz, haren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

18.9. Onuradunek nahitaez bete beharko dituzte, programa gauzatu bitartean egiten dituzten jarduera guztietan, osasun eta kirol arloko agintari eskudunek COVID-19ari loturik ezartzen dituzten neurri eta baldintzak.

18.10. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

18.11. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta 28.3 artikuluen arabera.

18.12. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

19. Gardentasun betebeharrak.

Entitatearen onuradunek telematika bidez aurkeztuko dute, eskaeraren inprimakiaren VI. eranskinaren bidez (eskaera-orria), dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, eta, behartuta badaude, eskatutako dokumentazioa aurkeztuko dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluen ezarritakoari jarraituz, foru lege horren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak (VI. eranskina).

20. Azpikontratazioa eta entitate hornitzaileen kontratazioa.

20.1. Azpikontratazioa:

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Enpresek, gehienez ere, diruz lagundutako jarduerari emandako dirulaguntzaren %50 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.

20.2. Entitate hornitzaileen kontratazioa:

Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago.

21. Ez-betetzeak.

21.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, datuak faltsutzeak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

21.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.

22. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

22.1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

22.2. Deialdi honen prozeduran egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoaren helbide berari loturik.

23. Datu pertsonalen babesa.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen XIII. eranskinean, eskaintzen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa.

24. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin. 20.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak foru agindu hau aplikatuz ematen dituen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

25. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2203594