66. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

9/2022 FORU LEGEA, martxoaren 12koa, Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legearen 3. eta 4. artikuluak aldatzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN FAMILIA GURASOBAKARRAK EGIAZTATZEARI BURUZKO OTSAILAREN 7KO 5/2019 FORU LEGEAREN 3. ETA 4. ARTIKULUAK ALDATZEKOA.

HITZAURREA

Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legeak xedetzat du familia gurasobakarraren edo gurasobakartasun-egoerako familiaren izaera aitortzeko beharrezkoak diren betekizunak zehaztea. Kasuko dokumentazioa familia osatzen duten pertsonetako bakoitzarentzat jaulkiko da, eta Nafarroako Foru Komunitate osoan izanen du balioa. Ezartzen diren laguntzak erregelamendu bidez zehaztuko den per capita errentaren araberakoak izanen dira.

Baina legeak ez du ezein kasutan aipu berariazkorik egiten jatorriz atzerritarrak diren pertsonek osaturiko familiei buruz:

1. Kasuak, zeinetan guraso batek kondena betetzen baitu herrialdetik kanporatzeko aginduaren bitartez, eta Nafarroan beste gurasoa eta haien ondorengoak geratzen baitira.

2. Kasuak, zeinetan jatorrizko herrialdean gurasoetako bat desagertua baitago gatazka armatu baten ondorioz edo migrazio-prozesuan zehar, eta Nafarroan beste gurasoa eta haien ondorengoak bizi baitira.

Lehenbiziko kasuan, egoera zaila da epe laburrean leheneratzen; izan ere, egoera administratibo irregular batengatik herrialdetik kanporatua izan den pertsona batek zailtasun asko izan ohi ditu bizileku-baimen bat lortzeko, itzuli ahal izateari begira.

Bigarren kasukoak izan ohi dira nazioarteko babesa eskatzen duten familiak, migrazioaren ibilbidean zehar edo jatorrizko herrialdeko gatazka armatu baten ondorioz bereizirik suertatu direnak beren gogoz kontra, eta kontaktua galdu dutenak.

Bi kasu horietako gehienetan, ama izan ohi da Nafarroan seme-alabak ardurapean izanik gelditu ohi dena.

Muntazko arau-hutsunea deritzogu, jatorri atzerritarreko familien eskubideak urratzen dituena eta bereziki ukitzen dituena emakumeak eta haurrak, ezen haurrei murriztu egiten zaizkie aukerak, eta berdintasunik gabe tratatuak dira.

Artikulu bakarra.

Bat. 3.2. artikulua aldatzen da. Familia gurasobakarraren eta gurasobakartasun-egoerako familiaren kontzeptuak.

“2. “Gurasobakartasun-egoerako familia”tzat jotzen da honako kasu hauetakoren batean egotea aitortzen zaiona:

a) Semearen edo alabaren edo seme-alaben zaintza eta jagoletza esklusiboki gurasoetako batek duenekoa, baldin eta familia-unitatearen diru-sarrerek ez badute 1,7 aldiz gainditzen Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren (ERREGEROSNA) adierazlea.

b) Familia bat non bere kargura semeak edo alabak edo seme-alabak dituen gurasoak beste gurasoarengandik genero-indarkeria pairatu duen, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

c) Elkarrekin bizi diren gurasoetako bat urtebetez edo gehiagoz espetxeratuta daukana, baldin eta familia-unitatearen dirusarrerek ez badute 1,7 aldiz gainditzen Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren (ERREGEROSNA) adierazlea.

d) Elkarrekin bizi diren gurasoetako bati Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak mendekotasun handia, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia aitortu dionekoa, baldin eta familia-unitatearen dirusarrerek ez badute 1,7 aldiz gainditzen Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren (ERREGEROSNA) adierazlea. Kasu horretan, gurasobakartasun-egoerako familia-unitatea osatuko dute mendekotasun handiko edo baliaezintasun handiko egoeran ez dagoen pertsonak eta haren semeak edo alabak edo seme-alabek.

e) Elkarrekin bizi diren gurasoetako bat ebazpen irmoz kanporatze-agindua jaso izanaren ondorioz nazio-lurraldetik kanpo dagoenekoa, harik eta itzultzeko moduko bizileku-baimena lortzeko moduan egon arte, baldin eta familia-unitatearen dirusarrerek ez badute 1,7 aldiz gainditzen Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren (ERREGEROSNA) adierazlea.

f) Elkarrekin bizi diren gurasoetako bat zaurgarritasun-egoeran dagoenekoa, elkarbizitza-kide duen beste pertsona non dagoen ez jakiteagatik, horrek bere jatorrizko herrialdea gatazka armatu baten ondorioz utzi ondoren edo migrazio-ibilbidean zehar harekiko kontaktua galdu ondoren, baldin eta familia-unitatearen dirusarrerek ez badute 1,7 aldiz gainditzen Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren (ERREGEROSNA) adierazlea”.

Bi. 16. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da. Dokumentazio orokorra, 3. eta 4. artikuluetan ezarritako familia-egoeraren arabera aurkeztu beharrekoa.

“2. Aurkeztu beharreko dokumentazio berezia, aurreko puntuan adierazitako dokumentazio orokorraz gainerakoa.

3.1 artikuluan jasotako familia-egoeren arabera, arestian aipatutako dokumentazio orokorraz gainera:

a) Semea edo alaba edo seme-alabak Erregistro Zibilean guraso bakar batek inskribatuta egotearena. Erantzukizunpeko adierazpena, bikote egonkor bat ez osatzeari eta beste pertsona batekin ezkondu ez izateari buruzkoa.

b) Alarguna den edo egoera baliokidean dagoen pertsona batek semearekin edo alabarekin edo seme-alabekin osatzen duena: beste pertsona batekin bikote egonkorra (edo izatezko bikotea) ez osatzeari eta ezkonduta ez egoteari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Hil egin den aurreko ahaidearen heriotza-ziurtagiriaren kopia, familia-liburuan jasota ez badago.

c) Pertsona batek adingabe bat edo gehiago harreran hartzen dueneko kasua, dagokion ebazpen administratibo edo judizialaren bitartez, urtebeterako edo gehiagorako: beste pertsona batekin bikote egonkorra ez osatzeari eta ezkonduta ez egoteari buruzko erantzukizunpeko adierazpena Harrerari buruzko ebazpen administratibo edo judiziala, haur-gaietan eskudun den zuzendaritza nagusiak emana. Dokumentazio hori ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Foru Komunitateko harrerako familien kasuan.

3.2 artikuluan jasotako familia-egoeren arabera, arestian aipatutako dokumentazio orokorraz gainera:

a) Aitak edo amak seme-alaben zaintza edo jagoletza esklusiboa edo erabatekoa duenean: erantzukizunpeko adierazpena, beste pertsona batekin bikote egonkorrik ez osatzearena eta ezkonduta ez egotearena.

b) Familia bat non seme-alabak bere kargura dituen amak genero-indarkeria pairatu duen, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko Foru Legearen 4. artikuluan jasotako arauen araberako frogagiria. Horri gehituko zaizkio, salbuespen-izaerarik gabe, honako hauen txosten teknikoak: 1. Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuak, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazio publikoarenak. 2. Osasun zerbitzuak, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazio publikoarenak. 3. Osasun mentaleko zentroak. 4. Harrera-baliabideak, autonomia erkidegoko edo tokiko administrazio publikoarenak. 5. Emakumeentzako laguntzarako udal zerbitzuak, badauzkatenak arreta integralerako profesionalak. 6. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza.

c) Elkarrekin bizi diren gurasoetako batek mendekotasun handiko edo baliaezintasun handiko egoera bat aitortuta duenekoa: Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jaulkitako baliaezintasun handiaren ziurtagiria edo mendekotasun handiko gradua aitortzen duen ebazpen administratiboa, autonomia pertsonala sustatzearen eta mendekotasunerako laguntzaren arloan eskudun den departamentuak emana.

d) Gurasoen egoera zaintza partekatukoa denean: egoera hori frogatzen duen epai judiziala.

e) Elkarrekin bizi diren gurasoetako bat ebazpen irmoz kanporatze-agindua jaso izanaren ondorioz nazio-lurraldetik kanpo dagoenekoa, harik eta itzultzeko moduko bizileku-baimena lortzeko moduan dagoen arte: kanporatze-ebazpen administratibo edo judiziala.

f) Elkarrekin bizi diren gurasoetako bat zaurgarritasun-egoeran dagoenekoa, elkarbizitza-kide duen beste pertsona non dagoen ez jakiteagatik, horrek bere jatorrizko herrialdea gatazka armatu baten ondorioz utzi ondoren edo migrazio-ibilbidean zehar harekiko kontaktua galdu ondoren: nazioko edo nazioarteko erakunde eskudunen frogagiria eta/edo autonomia erkidego nahiz tokiko administrazio publikoaren oinarrizko laguntzako gizarte-zerbitzuek jaulkitako txosten teknikoa.

A, c, d, e eta f kasuetan beharrezkoa izanen da, gainera, azken PFEZ aitorpena aurkeztea, salbu eta horretarako betebeharrik ez dagoenean, ezen orduan zilegi izanen baita erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea, edo autonomia erkidegoko nahiz tokiko administrazio publikoko oinarrizko laguntzako gizarte-zerbitzuek jaulkitako txosten bat, non adierazten den ezen familia-unitatearen diru-sarrerek ez dutela 1,7 bider baino gehiago gainditzen ERREGEROSNA-Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren adierazlea”.

Hiru. 24. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da. Tituluen indarraldia.

“2. Familia gurasobakarra izatearen tituluak indarraldi berezia izanen du kasuotan:

a) Tituluak ikasketengatik berritzen badira, tituluak gehienez 26 urtera arteko indarraldia izanen du.

b) Iraupen jakin bat duen harreraren kasuan, tituluak iraupen bereko indarraldia izanen du. Harreran hartutako pertsonak 18 urte betetzen dituenean, titulua berritu ahalko da baldin eta familia-unitate berarekin bizitzen jarraitzen badu. Kasu horretan, indarraldia bi urtekoa izanen da.

c) Genero-indarkeriarengatik emandako tituluaren kasuan, tituluak bost urteko indarraldia izanen du.

d) Askatasun-gabetzearen, nazio-lurraldetik kanporatzearen edo elkarbizitzako beste pertsona non dagoen ez jakitearen ondoriozko zaurgarritasun-egoeraren kasuan, tituluak urtebeteko indarraldia izanen du.

e) Titulua edo kategoria desgaitasun-graduaren, mendekotasun-egoeraren, lanerako ezintasunaren edo baliaezintasun handiaren baitan badago, aitorpen bakoitzak ezartzen duen indarraldia izanen du.

f) Kategoria familia-unitatearen diru-sarreren baitan dagoenean, urtebeteko indarraldia izanen du”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko martxoaren 22an.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués

Iragarkiaren kodea: F2204504