66. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

6/2022 FORU LEGEA, martxoaren 22koa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzekoa.

HITZAURREA

Nafarroako Foru Komunitateak eskumena du toki ogasunei dagokien arloa arautzeko, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 46. artikuluaren arabera.

Konstituzioaren 142. artikuluak ezartzen duenez, “toki ogasunek behar adinako baliabideak izanen dituzte legeak udalbatzei esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko eta, funtsean, beren tributuez eta Estatukoetan eta autonomia erkidegoetakoetan duten partaidetzaz hornituko dira”.

Era berean, Toki Autonomiaren Europako Gutunak, 1985eko urriaren 15ekoak (Espainiak 1988ko urtarrilaren 20an berretsia), eskubidea aitortzen die toki erakundeei “behar adinako baliabide propioak izateko, eta haietaz libreki baliatzeko, beren eskumenak betetzean”, eta adierazten du, halaber, finantza baliabide horiek Konstituzioak edo legeak aurreikusitako eskumenen araberakoak izan beharko dutela.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak toki ogasunei buruzko VIII. tituluan xedatzen duenez, 259. artikuluan zehazki, Nafarroako toki erakundeek beren eskumenak erabili eta beren esku utzitako helburuak bete ditzaten, toki ogasunei behar adina baliabide emanen zaizkie; Nafarroaren toki araubide berekiko gaia den aldetik, hala aurreikusten baitu Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18.2 artikuluak, baliabide horiek toki ogasunei buruzko foru lege baten bidez arautuko dira, hots, Konstituzioaren 142. artikuluan, lehen aipatutakoan, jasotzen den finantza nahikotasunaren printzipioari mamia emanez.

Horrez gain, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 260. eta 261. artikuluetan ezartzen da ezen toki ogasunen baliabide-iturriak izanen direla, besteak beste, beren tributu propioak eta Foru Komunitatekoetan eta Estatukoetan duten partaidetza.

Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legeak, besteak beste, aldatu zuen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 2ko 2/1995 Foru Legearen 123. artikulua, eta hitzaurrean aipatzen du toki erakundeei finantzaketa egonkorra eman behar zaiela Nafarroako tributuetan duten urteko parte-hartzearen bidez, bai transferentzia arruntei bai kapital-transferentziei dagokienez, eta toki finantzaketarako eredu berria ezarriz, bat etorriko dena printzipio hauekin: finantza nahikotasuna, aurrekontu jasangarritasuna, elkartasuna eta toki autonomia eta lurralde oreka.

Toki finantzaketarako eredu berri hori ezartzeko, lehenengo eta behin Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikulua aldatu beharra dago, agindu hori baita Nafarroako toki erakundeen finantzaketaren gaineko araudi orokorraren egiturazko oinarria; beraz, foru lege honen lehen artikuluaren xedea da aipatutako aginduaren aldaketa.

Artikulu horren testu berrian, toki finantzaketarako eredu berri bat ezartzen da, bermatzen duena Nafarroako toki erakundeek Foru Komunitateko Ogasun Publikoaren tributu-sarreretan parte-hartzea, “Nafarroako toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsa” izenekoaren urteko zuzkiduraren bitartez.

Funts horrek zenbateko finko bat izanen du urtean, transferentzia arrunten funtsaren eta kapital-transferentzien funtsaren bidez egituratua, gehi ekarpen osagarri bat, konpentsazio gisa ekonomia-jardueren gaineko zergaren diru-bilketaren galeragatik.

Horrela, 2022. urtetik aurrera, bi funtsen zenbatekoak eta haien gehikuntzak finkatuta eta bermatuta geldituko dira Nafarroako toki ogasunei buruzko funtsezko arauan.

Ekitaldi bakoitzean, Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeetan finkatuko da toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkidurak egiten duen zenbatekoa, eta, horretarako, 123. artikuluaren testu berrian xedatutakoarekin bat etorri eta hura bete beharko dute, funtsa osatzen duten zatietako bakoitzaren zenbatekoei dagokienez (transferentzia arruntak, kapital-transferentziak eta EJZaren diru-bilketan izandako galeraren konpentsazio gisa urtero jaso beharreko ekarpena).

Toki erakundeek Foru Komunitateko Ogasun Publikoaren tributu sarreretan duten parte-hartzeak, 123. artikuluan arautuak, ez du galarazten funtsari beste ekarpen batzuk egitea edo Nafarroako toki erakundeen finantzaketa gehigarria jasotzea, dela Foru Komunitateko Administrazioarena dela beste administrazio publiko batzuena.

Toki erakundeek Nafarroako tributu sarreretan parte hartzeko duten funtsa haien baliabide propioa denez, partaidetzazkoa eta dirulaguntzaz bestelakoa, toki erakundeek jasotako funts horien itzulketa eskatzen bada, berandutze-interesak itzulketarako ezarritako epea mugaeguneratzen denean sortuko dituzte, eta ez ordainketatik aurrera; itzulitako diru-kopuruek toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren izaera izanen dute.

Izaera espezifiko horren arrazoia eta oinarria toki ogasunen parte-hartzerako funtsaren izaera juridikoan berean datza, zeinak frogatzen baitu euskarria Konstituzioan duela eta aitortza Nafarroako toki araubidearen oinarrizko lege instituzionaletan.

Toki erakundeek Nafarroako Foru Komunitateko Ogasun Publikoaren tributu sarreretan duten parte-hartzea bermaturik dago horrela, haren egituraz, zuzkiduraz eta arautzearen funtsezko alderdiez bezainbatean; izan ere, haren zenbatekoaren banaketarako bi foru lege onetsi behar dira gehiengo soilez, arau honen osagarri.

Alde batetik, Transferentzia Arrunten Funtsaren zenbatekoa banatzeko modua arautuko duen foru legea, banaketarako kontuan hartuz printzipio hauek: justizia, proportzionaltasuna, gizarte-kohesioa eta lurraldekoa, eta finantza nahikotasuna.

Bestetik, Toki Inbertsioen Planen bitartez kapital-transferentzietarako aurreikusitako zenbatekoa banatzeko modua arautuko duen foru legea, zeinaren helburu nagusia baita Foru Komunitate osoan nahitaezko udal zerbitzuak bermatzea.

Hiru foru lege horiekin finantzaketa egonkorra lortzen da eta, horri esker, Nafarroako toki erakundeak dagozkien toki mailako eskumen eta betebeharrei aurre egiteko behar duten finantza nahikotasunaz hornitzen dira, elkartasun, tokiko autonomia, lurralde-oreka eta -kohesioaren printzipioak betez.

Bestalde, 2/1995 Foru Legearen beste agindu bat aldatzea ere beharrezkotzat jotzen da, toki erakundeen finantzaketari loturik ez dagoena, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergen salbuespenei baizik.

Foru lege horren 160.1 artikuluko e) letraren bigarren ordinalaz ari gara; izan ere, horretan salbuespena ezartzen da ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonen izenean matrikulatuta dauden ibilgailuetarako, pertsona horiek, aurreko ezaugarriaz gain, defizit kognitiboa nahiz intelektuala edo nahasmendu mentala ere baldin badute.

Azken kontzeptu hori ulertzeko moduaz sortu diren zalantzak direla-eta, foru lege honen bigarren artikuluak araua aldatzen du, zehaztearren salbuespena aplikatuko zaiela ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonei, baldin eta funtzio mentalen urritasuna ere badute, gutxienez ere jardueraren %25eko muga aitortzea dakarrena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 artikuluan, eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren Testu Bateginaren 152. eta 153. artikuluetan ezarritakoarekin bat, foru lege hau onesteko gehiengo osoa beharko da.

Lehenengo artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikulua aldatzen da. Honako testua izanen du:

“123. artikulua.

1. Nafarroako toki erakundeek Foru Komunitateko Ogasun Publikoaren tributu sarreretan parte hartzeko bidea Nafarroako toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkidura izanen da.

2. Nafarroako toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren urteko zuzkidura Transferentzia Arrunten Funts baten eta Kapital-transferentzien Funts baten bidez egituratuko da, urteroko ekarpen batekin osatuta, zeinak konpentsatuko baitu Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (EJZ) erreformak diru-bilketan eragindako galera.

3. Transferentzia Arrunten Funtsaren zuzkidura 257.859.026 eurokoa izanen da 2022ko ekitaldian.

Hurrengo ekitaldietan, zenbatekoa izanen da aurreko ekitaldiko aurrekontuan Transferentzia Arrunten Funts gisa jasotakoa, gehi Nafarroako Foru Komunitateak aurreko ekainean daukan urterik urteko Kontsumoko Prezioen Indizean ezarritako zenbatekoa adinakoa, gehi ehuneko bi puntu.

4. Transferentzia Arrunten Funtsaren zenbatekoa banatuko da dagokion foru lege arau-emaileak zehazten duen moduan, justiziaren, proportzionaltasunaren, gizarte- eta lurralde-kohesioaren eta finantza-nahikotasunaren printzipioen arabera.

Arau horretan jasoko dira Nafarroako toki erakundeak ordezkatzen dituzten elkarte edo federazioentzako ekarpen ekonomikoak, Foru Komunitatean noraino dauden finkatuta begiratuta.

5. Kapital-transferentzien Funtsaren zuzkidura 30.000.000 eurokoa izanen da 2022ko ekitaldirako.

Hurrengo ekitaldietan, zenbatekoa izanen da aurreko ekitaldiko aurrekontuan Kapital-transferentzien Funts gisa jasotakoa, gehi Nafarroako Foru Komunitateak aurreko ekainean daukan urterik urteko Kontsumoko Prezioen Indizean ezarritako zenbatekoa adinakoa.

6. Kapital-transferentzietarako aurreikusitako zenbatekoaren banaketa eginen da toki inbertsioen planak arautzen dituzten foru legeetan ezartzen den moduan, eta horien helburu nagusia izanen da Foru Komunitateko esparru osoan nahitaezko udal zerbitzuak bermatzea.

7. Toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkidura urteroko ekarpen batekin osatuko da, konpentsazioa izan dadin ekonomia jardueren gaineko zergaren erreformaren ondorioz diru-bilketan izandako galeragatik. Erreforma hori abenduaren 29ko 22/2020 Foru Legearen bidez egin zen, zeinak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatu baitzuen.

Ekarpen horren zenbatekoa, banaketa eta bilakaera zehazteko, bete beharko da artikulu honetako 4. apartatuan adierazten den Transferentzia Arrunten Funtsari buruzko foru legean horretarako ezartzen dena.

8. Ekitaldi bakoitzeko Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legean jasoko da toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkidurak egiten duen zenbatekoa, bereizita transferentzia arrunten zatia, kapital-transferentziena eta EJZaren diru-bilketan izandako galera konpentsatzeko urteroko ekarpena.

Zenbateko hori gastu aurrekontuko kredituetan jasoko da, eta haiei kargatuko zaizkie kasuan kasuko toki erakundeen alde aitortzen diren ordainketa betebeharrak, aurrekontuaren betearazpeneko prozedura arruntekin bat.

9. Ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezarritako Transferentzia Arrunten Funtsaren eta Kapital-transferentzien Funtsaren zuzkidurek, ekitaldiko azken egunean betebeharren aitortza izan ez dutenek, gerakin atxikiaren izaera hartuko dute.

Atxikitako gerakin horrekin handitzen ahalko da hurrengo ekitaldietako kredituen zuzkidura, kreditu horiekin bete behar badira funts horri egotz dakizkiokeen aurrekontu betebeharrak.

Toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zuzkidurak gauzatzen diren aurrekontu kredituak handitzen ahalko dira, aurreko paragrafoan definitutako gerakin atxikiaren kargura, toki erakundeei eskatutako diru-itzulketetatik datozen sarreren kargura eta izaera bereko beste kreditu batzuen kargura finantzatuz.

10. Nafarroako tributuetako parte-hartzeak, artikulu honetan arautzen denak, ez du galarazten funtsari beste ekarpen batzuk egitea edo Nafarroako toki erakundeek finantzaketa gehigarria jasotzea, dela Foru Komunitateko Administrazioarena dela beste administrazio publiko batzuena.

Funtsari egiten zaizkion ekarpen gehigarriak ez dira kontuan hartuko hurrengo ekitaldietako Transferentzia Arrunten Funtsaren eta Kapital-transferentzien Funtsaren zenbatekoen gehikuntzak kalkulatzeko, artikulu honen 3. eta 5. apartatuetan araututa daudenak, hurrenez hurren.

11. Toki erakundeek Nafarroako tributu sarreretan parte hartzeko duten funtsa partaidetzazkoa eta dirulaguntzaz bestelakoa denez, toki erakundeek jasotako funts horien itzulketa eskatzen bada, berandutze-interesak itzulketarako ezarritako epea mugaeguneratzen denean sortuko dituzte, eta ez ordainketatik aurrera.

Eskatutako itzulketa horietatik datozen diru-kopuruek toki erakundeek Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren izaera izanen dute”.

Bigarren artikulua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 160.1 e) Bigarrena artikulua aldatzen da. Honako testu hau izanen du:

“Bigarrena. Funtzio mentalen urritasuna izatea, gutxienez ere jardueraren %25eko muga aitortzea dakarrena.”

Xedapen gehigarri bakarra.

Kontuan hartuz toki erakundeen eta Nafarroako Foru Komunitatearen eginkizunen banaketa, unean-unean indarra duena, eta banaketa horren ondoriozko finantzaketa beharrak, handituz edo gutxituz aldatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikuluan jasotako zenbatekoak.

Hiru urteko gehieneko epean, foru lege honek indarra hartu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuak toki erakundeen eskumen banaketa argitzeko proposamena igorriko du Parlamentura, bertan aurreikusirik, halaber, toki erakundeei esleitzen zaizkien eskumenetarako finantza nahikotasuna bermatzeko beharrezkoak diren baliabideen zuzkidura.

Xedapen iragankor bakarra.

2022an, Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren (EJZ) erreformaren ondorioz haren diru-bilketan izandako galeraren konpentsazio gisa eman beharreko ekarpena 13.900.000 eurokoa izanen da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indargabetu egiten da Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen zortzigarren xedapen iragankorra.

Azken xedapen bakarra.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den egunean bertan.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2021ko martxoaren22an.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2204501