66. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CINTRUÉNIGO

Kudeaketa-esleipena, administrazio zerbitzuak emateko

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikuluan ezarritakoari jarraituz eta bi alderdiek 2022ko martxoaren 10ean sinatu ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman da Cascanteko, Cintruenigoko eta Fiteroko Ur Mankomunitatearen eta Cintruenigoko Udalaren arteko kudeaketa-esleipenaren hitzarmena, eranskinean agertzen dena.

Cintruenigon, 2022ko martxoaren 10ean.–Alkatea, Oscar Bea Trincado.–Lehendakariordea, José Yanguas Jiménez.

KUDEAKETA-ESLEIPENAREN HITZARMENA, CASCANTEKO, CINTRUENIGOKO ETA FITEROKO UR MANKOMUNITATEAREN ETA CINTRUENIGOKO UDALAREN ARTEKOA, ADMINISTRAZIO ZERBITZUAK EMATEKO

Cintruenigon, bi mila eta hogeita biko martxoaren hamarrean.

Bildurik:

Alde batetik, Cintruenigoko alkate Oscar Bea Trincado, Cintruenigoko Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, bat etorriz Udalak 2022ko martxoaren 2ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren.

Eta beste aldetik, Cascanteko, Cintruenigoko eta Fiteroko Ur Mankomunitateko lehendakariorde José Yanguas Jiménez, haren izenean eta hura ordezkatuz, bat etorriz Batzarrak 2022ko otsailaren 1ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin.

Noren izenean ari diren kontuan hartuz, bi alderdiek elkarri aitortzen diote hitzarmen hau gauzatzeko behar den gaitasuna, eta, beraz,

Honakoa adierazten dute:

Lehena.–Cascanteko, Cintruenigoko eta Fiteroko Ur Mankomunitateak, behar bezala funtzionatzeko, administrazio zerbitzuak behar ditu 133,28 orduz urtean, gutxi gorabehera.

Entitateak ez du administrazio-langilerik eta lanaldia horren murriztua izanik, ezinezkoa da lanpostu hori sortzea Mankomunitatearen plantilla organikoan. Horrez gain, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak murriztapenak egin zituen, eta, 19. artikuluan, honako hau ezarri zuen: “Lau. Ezin izanen da aldi baterako langilerik kontratatu, ez eta estatutupeko langilerik eta bitarteko funtzionariorik izendatu ere, ezohiko kasuetan eta premiazko behar atzeraezinak asetzeko salbu.” Hala ere, arauak agindu du aurreko legeen aginduek ezartzen zituzten murrizketak ezabatzeko, lehentasunezkotzat jotzen diren edo funtsezko zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragiten dioten sektoreetan, funtzioetan eta kategorietan bakarrik baimentzeari dagokionez.

Gaur egun, aipatu mankomunitateak ez du bere funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren administrazio zerbitzuak emateko langilerik eta baliabiderik. Ondorioz, beharrezkoa da Cintruenigoko Udalarekin lankidetza bat egituratzea, kudeaketa-esleipenaren teknika erabiliz. Horretarako, esleipenak bi toki entitate desberdini eragiten dienez, entitate horien gobernu organoek baimendu behar dute.

Bigarrena.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera material edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko entitate bati esleitu ahal izanen zaizkio, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, dela eraginkorragoak izateko, dela jarduera horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Hirugarrena.–Cascanteko, Cintruenigoko eta Fiteroko Ur Mankomunitatearen Batzarrak, 2022ko otsailaren 1ean egin bilkuran, erabaki zuen Cintruenigoko Udalari esleituko zizkiola deskribatutako administrazio zerbitzuak emateko beharrezkoak diren jarduerak. Esleipena egiten duen Mankomunitateari dagokio lan horiek finantzatzea, eta lehendakariordeari ahalmena eman zaio dagokion hitzarmena sinatzeko eta esleipena argitaratzeko.

Cintruenigoko Udalak, 2022ko martxoaren 2ko osoko bilkuran, erabaki zuen aipatutako kudeaketa-esleipena onartzea, eta alkateari eman zion hura sinatzeko ahalmena.

Nolanahi ere, dagokion aldizkari ofizialean argitaratu behar da kudeaketa-esleipena formalizatzeko tresna, eraginkorra izan dadin. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikulua.

Kudeaketa-esleipenak lau urteko indarraldia izanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, eta urtez urte luzatzen ahalko da.

Hori guztia dela eta, alderdiek kudeaketa-esleipenaren hitzarmen hau sinatzea adostu dute, eta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritako esparruaren barruan eta Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearekin bat,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehena.–Hitzarmen honen xedea da: Cascanteko, Cintruenigoko eta Fiteroko Ur Mankomunitateak kudeaketa-esleipen bat egitea Cintruenigoko Udalari, Cintruenigoko Udaleko langile funtzionarioek beharrezkoak diren jarduerak egin ditzaten, Mankomunitateari administrazio zerbitzuak emateko, urtean 133,28 orduz gutxi gorabehera. Hori guztia, bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluarekin.

Bigarrena.–Hitzarmenaren indarraldia.

Kudeaketa-esleipenak lau urteko indarraldia izanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, eta urtez urte luzatzen ahal da, baldin alderdiren batek bi hilabete lehenago berariaz salatzen ez badu behintzat.

Hirugarrena.–Esleipen honen ondorioz emandako zerbitzuen gastuak Cascanteko, Cintruenigoko eta Fiteroko Ur Mankomunitatearen aurrekontu partidaren kargura izanen dira, eta Mankomunitateak Cintruenigoko Udalari ordainduko dizkio. Hitzarmena indarrean egon bitartean, zerbitzuak honela kobratuko dira: Foru Komunitatearen Administrazio Publikoen Zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren (251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onartutakoa) C mailari dagokion hasierako soldataren %10,47, gehi Gizarte Segurantzari dagokion kostua.

Laugarrena.–Hitzarmena suntsiaraztea.

Hitzarmen hau iraungiko da xede dituen jarduketak betetakoan edo suntsiarazteko arrazoietako bat gertatzen denean.

Honako hauek dira suntsiarazteko arrazoiak:

a) Bi alderdiek adostea.

b) Hitzarmenaren deuseztasuna aitortzen duen epai judiziala.

c) Legeetan ezarritako beste edozein arrazoi, aurreko horietatik desberdina.

Bosgarrena.–Hitzarmenaren izaera.

Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta izenpetzen da urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluaren babesean (lege horrek hizpide du Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa).

Hitzarmen hau interpretatu eta betetzerakoan sortzen diren auzi guztiak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan aztertu eta epaituko dira, hura arautzen duen legearekin bat etorriz.

Eta adostasun frogatzat balio dezan, eta erabakitako guztia jasota geldi dadin, hitzarmen honen bi ale sinatzen dira.

Iragarkiaren kodea: L2203687