66. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

125E/2022 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, 2022. urterako, toki-erakundeei dirulaguntzak emateko enplegu sozial babestuko proiektuak gara ditzaten. DDBN identifikazioa: 615660.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen helburuen artean honako hauek daude: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta, gizartearen, ekonomiaren, politikaren, lan munduaren, kulturaren eta hezkuntzaren arloetan, haien normalizazio, partaidetza eta integrazioa sustatzea, pertsonen eta gizataldeen bizikidetzaren alde egitea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, eta pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea.

Arauen garapen horren bukaera gisa, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Zerbitzuen Zorroan, gizarteratzearen arloan bermatuta ez dauden prestazioen atalean, enplegu sozial babestuko proiektuen garapena jaso zen.

Uztailaren 15eko 48/2020 Foru Dekretuaren bidez, oinarrizko gizarte zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema arautu ziren. Bada, foru dekretu horretan jasota dago ezen Enplegu Sozial Babestuaren Programari laguntzeko langileak finantzatuko direla foru dekretu horrek arautzen duen finantzaketaren kalkuluaren bidez, eta ez urteko dirulaguntzen deialdien bidez.

Orobat, Europar Batasunaren 2014-2020ko kohesio politikak garrantzi handia du inbertsio, hazkuntza eta enplegurako eragile gisa, betiere kide diren estatuen esparruan. Zehazki, Europako Gizarte Funtsa da enplegua sortu eta hobetzera, giza kapitalaren hobekuntzara eta hezkuntzara eta beharrik handiena duen jendea gizartean eta lan munduan integratzera bideratzen den tresna. Helburu horiekin bat, programatu da Europako Gizarte Funtsak, kohesio politikaren esparruan, Nafarroako Foru Komunitateari 2014tik 2020ra emanen dizkion 20 milioi euro ingurutik 6,2 milioi euro bideratzea enplegu sozial babestuko ekintzetarako; horrela, proiektu horietarako sostengua indartuko da Europar Batasunetik heldu diren finantza-baliabide gehiago txertatuz. Hori horrela, enplegu sozial babestua sartuta dago Nafarroako 2014-2020 programa operatiboaren 9. helburu tematikoan, “Gizarteratzearen sustapena eta pobreziaren eta edozein bereizkeriaren kontrako borroka” izenekoan. Programa hori 2023ko amaierara arte lagundu daiteke diruz.

Aurten, enplegu sozial babestuko programak finantzaketa gehigarria jaso du REACT funtsen bitartez. Oinarri arautzaile hauetan jasotako laguntzak %100eko tasarekin kofinantzatzen ahal dira REACT EB baliabideekin, Nafarroako EGIF programa operatiboaren berariazko helburu honen bidez: “OE REACT EB 2. Laguntzea pertsona kalteberak lan-merkatura eta gizarte sistemetara sartzen, gizarteratze neurriak eta pobrezia errotik erauztea”.

Abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen aurreikuspenek eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketak ezarritako helburuek bat egin behar dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearenekin. Foru lege horretan ezarrita dago onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak horien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Oinarri arautzaile hauen helburua da toki-erakundeetan enplegu sozial babestuko proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea. Enplegu sozial babestuko proiektuen funtsa da lanerako aldi baterako kontratatzea Errenta Bermatua jaso duten familia-unitateetako onuradunak edo gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak edo horren arriskuan daudenak eta babestu gabeko lanpostuak eskuratzeko arazoak dituztenak, laneratzeko aukerak hobe ditzaten interes orokorreko jarduera batean arituz eta gizarteratzeko eta laneratzeko trebetasunetan eta lanbideko abilezietan trebatuz.

Eskubide Sozialetako Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gizarte gaien arloan esleitu zaizkion eskumenak erabiltzea, departamentu horren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatuaren arabera.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Toki-erakundeei enplegu sozial babestuko programarako dirulaguntzak emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea (foru agindu honen I. eranskinean bildu dira).

2. 3.000.000,00 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: “900003-91600-4609-231604 [PEP:E-22/000439-01]: REACT Enplegu sozial babestua. PE EGIF 2014-2020”; bai eta 5.255.593,00 eurokoa ere, 2022ko gastu-aurrekontuko partida honen kargura: “900003-91600-4609-231602 [PEP: E-14/000106-01]: Enplegu sozial babestua. PE EGIF 2014-2020”.

3. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora, eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, baita Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera ere.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki-erakundeek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko martxoaren 16an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, toki-erakundeei enplegu sozial babestuko proiektuetarako dirulaguntzak emateko

Lehena.–Xedea, jarduketa eremua eta helburua.

1. Oinarri hauen xedea da araubide bat ezartzea toki-erakundeei dirulaguntzak emateko, enplegu sozial babestuko proiektuak gara ditzaten Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Dirulaguntza horien bidez, toki-erakundeek sustatutako interes orokorreko eta irabazi-asmorik gabeko proiektuak finantzatuko dira, zertarako eta, gizarte-bazterketa egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonak aldi baterako kontrata ditzaten; zehazki, lan munduan eta gizartean txertatzeko aukerak hobetuko dizkien gizarteratze ibilbide bat egiteko gizarte akonpainamendua behar duten pertsonak kontratatu beharko dira.

3. Enplegu sozial babestuko proiektuek, zein den ere beren tipologia, genero ikuspegia jaso beharko dute, hala horiek prestatzean nola gauzatzean, jarraikiz Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoari, hartan ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoen jarduketa-printzipio batzuk, Konstituzioan jasotako emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eskubidea egiazkoa eta eraginkorra izan dadin Foru Komunitateko bizitzaren eremu eta etapa guztietan.

Bigarrena.–Erakunde eskatzaileen eta kontratatutako pertsonen betebeharrak.

1. Nafarroako toki-erakundeek eskuratzen ahal dituzte deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

2. Proiektuak egiteko kontratatzen diren pertsonek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Lan egiteko adina izatea.

b) Dirulaguntza honen babesean egonik guztira lanaldi osoan dauden pertsonen edo hilabeteen %60, gutxienez, programaren bidez kontratatzen diren unean Errenta Bermatua jasotzen ari diren unitateetako onuradunei egindako kontratuak izan behar dira.

c) Guztira ematen diren hilabeteen edo pertsonen %40, gehienez, Errenta Bermatua jasotzen ez duten pertsonei egindako kontratuak izan daitezke, betiere gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan badaude eta gizarte akonpainamendua behar badute gizarteratze ibilbidea egiteko. Azkeneko kasu horretan, oinarrizko gizarte zerbitzuaren txostenaren bidez frogatu beharko da gizarte-bazterketa egoera. Txostena egiteko SIDIS tresnaren kodiagnostikoaren aplikazioa erabiliko da. Gizarte Zerbitzuak baimena izan beharko du Errenta Bermatua jasotzen ez duten pertsonak kontratatzeko. Portzentaje hori handiagoa izaten ahal da udalerri horretan ez badago Errenta Bermatua jasotzen duen inor. Errenta Bermatua jasotzen ari ez diren pertsonak proiektuak irauten duen denbora osorako kontratatzen ahalko dira. Kasu horretan, aipatutako %40 hori handitzen ahalko da.

d) Kontratazioen edo kontratazio hilabeteen %50, gutxienez, emakumeei egindako kontratuak izanen dira, salbu eta frogatzen bada Errenta Bermatuaren emakumezko titularrik edo onuradunik ez dagoela.

e) Kontratua amaitu eta hilabeteko epean pertsona berberak kontratatzen badira, ulertuko da 2. puntu honetan ezarritako baldintzak betetzen jarraitzen dutela.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

1. Kontratazioari dagokionez:

a) Erakunde eskatzaileek ezin izanen dute enplegu sozial babestuko proiektu bat baino gehiago aurkeztu. Proiekturen bat beste toki-erakundeekin batera aurkezten duten erakundeek ezin izanen dute bakarka beste proiekturik aurkeztu.

b) Proiektuak 2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartean egin behar dira. Langileak egun desberdinetan has daitezke lanean, lanean hastea egokituz laneratzeko eta gizarteratzeko daukaten ibilbidera.

c) Lan-kontratuak aldi batekoak izanen dira, eta indarra duten legeetan baimendutako aldi bateko edozein kontratazio mota erabiltzen ahalko da. Langile bakoitzaren kontratuaren iraupena zehazteko orduan, kontuan hartuko da kontratuak bide eman behar duela etorkizunean lana lortzeko behar diren ohiturak eta kualifikazioa eskuratzeko.

d) Lanaldien iraupena zehazteko orduan, kontuan hartuko da aplikatu beharreko hitzarmenetan jasotakoa. Kontratatu beharreko pertsonen ezaugarriak direla eta, astean 30 orduko lanaldiak onartuko dira lanaldi osotzat. Astean 30 orduko lanaldi mota horiek egiteko kontratatzen denean, lanaldi erdia astean 15 eta 21,5 ordu artekoa izanen da, eta hiru laurdenekoa, berriz, astean 22 eta 29 ordu artekoa. Laneko denboran sartuta dago proiektuan aurreikusitako jarduera guztiak betetzeko erabiltzen dena.

2. Egin beharreko lanei dagokienez:

a) Bete beharreko lanek errentagarritasuna izanen dute helburu, hau da, langileek lana lortzeko dituzten aukerak hobetzea, eta, beraz, jardueren bitartez, kasuan kasuko jarduketa eremuan atzematen diren enplegu-sorguneen araberako kualifikazioa emanen zaie langileei. Jarduera garatuko da parte hartzen duten toki-erakundeen eskumen eremuaren barrenean.

b) Garrantzi berezia emanen zaio emakumeek lana aurkitzeko aukerak hobetuko dituzten ekintzen diseinuari.

3. Sostenguari dagokionez:

a) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak aukeratuko ditu proiektuen parte-hartzaileak, zerbitzu horretan arreta jaso dutenen artetik, baloratu ondoren baliabidea nola egokitzen den haien premietara eta laneratzeko eta gizarteratzeko daukaten ibilbidean zein puntutan dauden.

b) Proiektuetan oinarrizko gizarte zerbitzuaren sostengua aurreikusiko da, funtsean, hau izanen dena: lan jardueraren eta prestakuntza jardueren helburuak eta lan plangintza bat finkatzea parte-hartzaile bakoitzarentzat, bai eta haren eguneroko funtzionamenduaren jarraipen indibiduala ere (bertaratzea, puntualtasuna, produktibitatea,...).

4. Prestakuntza jarduerei dagokienez:

a) Hauek izanen dira prestakuntza jardueren xedeak:

–Kontratuaren xedeko lanak egiteko ezagutzak eta/edo trebetasunak eskuratzea.

–Prestakuntza maila edo gaitasun profesionalak lan-merkatuko eskakizunetara egokitzea.

–Norberaren egonkortasuna, bizikidetza orekatua, gizarteratzea eta gizartean parte-hartzea bultzatzeko behar diren elementuak eskuratzea.

b) Prestakuntza jarduerak bi modutan eskaintzen ahalko zaizkie erabiltzaileei:

–Obra-lekuko monitorearen figura kontratatuz. Figura horrek banakako jarraipena egiten du, lanposturako kontratatutako pertsonei prestakuntza ematen dien bitartean, kontratatutako plazen emakida 30,61 hilabetekoa edo handiagoa duten proiektuen kasuan (50.000,00 euro).

–Prestakuntza ekintzak garatuz taldeko kohesioa sustatzeko, jardueran sor daitezkeen gatazkak konpontzeko, parte-hartzaileen trebetasun pertsonalak eta sozialak sustatzeko eta prestakuntza emateko lanpostua betetzeko gaitasun profesionalei buruz. Emakidak 30,61 hilabetekoak edo gutxiagokoak baldin badira lanaldi osoan (50.000,00 euro), aukeratzen ahalko da modalitate honen edo aurrekoaren artean (obra-lekuko monitorea kontratatzea).

Laugarrena.–Bateragarritasuna.

1. Oinarri arautzaile hauetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

2. Hala ere, diruz lagundutako zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik– ez du gaindituko erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

3. Aurrekoa gorabehera, oinarri hauen ondorioetarako, honako hau hartuko da kofinantzaketa gisa: erakunde onuradunak berak, oinarri arautzaile hauen 5. oinarrian adierazten denaren arabera, diruz lagungarriak diren kontzeptuetarako bere borondatez jartzen duen kopurua.

Bosgarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Enplegu sozial babestuko proiektuak egiteko dirulaguntzetan gehienez ere kontzeptu eta zenbateko hauek sartuko dira:

a) Dirulaguntza, lanpostuengatik: 1.633,34 euro kontratazio-lanaldi osoko hilabete bakoitzeko, hau da, otsailaren 23ko 152/2022 Errege Dekretuak ezarritako Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %140. Kontzeptu horren barnean sartuta daude ordainsaria, aparteko bi ordainsarien hainbanaketa, gizarte segurantza, kitapenak eta balizko kalte-ordainak.

Zenbateko hori ezarri da kostu sinplifikatu gisa, kontzeptu horrengatiko gastua Europako Gizarte Funtsari aurkezteko. (Unitate kosturako baremo estandarra, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 67. artikuluan ezarritakoarekin).

b) Dirulaguntza, prestakuntza jarduerengatik: lanpostuengatik ematen den dirulaguntzaren zenbateko osoaren %15 biltzen du. Zenbateko hori tasa finko gisa ezarri da, lehen aipatutako 67. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta honako aukera hauetako bat izan dezake:

–Obra-lekuko monitorearen figura kontratatzea. Figura horrek eguneroko funtzionamenduaren banakako jarraipena egiten du, asistentziari, puntualtasunari, produktibitateari eta abarri dagokienez, erabiltzaileak lanpostua betetzeko prestatzen dituen bitartean.

Kasu horretan, obra-lekuko monitoreak lanaldi osoan egiten duen hilabetearen %9,46 kontratatu beharko da gutxienez, lanpostuen atalean diruz lagundutako lanaldi osoko hilabete bakoitzeko. Aukera hori nahitaezkoa da lanpostu baten emakida 30,61 hilabetekoa edo handiagoa (50.000,00 euro) baldin bada lanaldi osoan lanpostuen atalean.

–Prestakuntza ekintzak egitea taldeko kohesioa sustatzeko, jardueran sor daitezkeen gatazkak konpontzeko, parte-hartzaileen trebetasun pertsonalak eta sozialak sustatzeko eta prestakuntza emateko lanpostua betetzeko gaitasun profesionalei buruz. Kasu horretan, justifikatu beharreko gastuak langileriaren zuzeneko gastua baino ez du barne hartuko, hau da, prestakuntza ematen duten pertsonen gastua, dela langile propioen bidez, dela kontratatutako zerbitzu profesionalak kontratatuz. Bigarren aukera hori eskatzen zaie, soilik, lanpostuen kontzeptuan 30,61 hilabete (50.000 euro) edo gutxiagoko dirulaguntza jasotzen duten erakundeei. Beraz, dirulaguntzaren eskaeran adierazi beharko da zer aukera hautatzen den baldin eta erakundeak 30,61 hilabete (50.000 euro) baino gutxiago jasotzen baditu kontratatutako lanpostuen kontzeptuan.

2. Ez da inola ere diruz lagunduko aurrekoez bestelako kontzepturik.

Seigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Erakunde sustatzaileek 15 egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute eskaera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Erakunde interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko ditu eskaera horiek.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira. Horretarako, erakundeak gaitutako helbide elektronikoa (GHE) izan beharko du, deialdi honekin loturiko jakinarazpenak jaso ahal izateko.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira. Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuen atarian argitaratutako fitxara jo beharra dago (aurrerantzean, laguntzen fitxa). Nafarroako Ataritik sar daiteke hara (www.nafarroa.eus). Eskaerak Gizarte Inklusiorako eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atalera bidaliko dira.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroan (González Tablas 7, 31005 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidaliz sincluss@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Erakunde eskatzaileek sincluss@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.

4. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntzen fitxan argitaratutako inprimaki ofizialean aurkeztuko dute eskaera erakunde eskatzaileek. Fitxa Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuen atarian argitaratuta egonen da eta Nafarroako Ataritik sar daiteke hara (www.nafarroa.eus). Sinatuta aurkeztu beharko da fitxatik deskargatzen ahal den eskaera.

Enplegu sozial babestuko proiektuan aurretik parte hartu gabeko erakunde sustatzaileak direnean, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera ere erantsi beharko dute.

Zortzigarrena.–Antolatu, instruitu eta ebazteko prozedura.

1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitako moduan.

2. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

3. Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin, toki-erakunde eskatzaileari errekerituko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari. Errekerimendu hori kasu hauetan eginen da:

a) Eskabidean identifikazio daturik ez dagoenean, dela eskatutako dirulaguntzari dagozkionak, dela erakunde eskatzaileari buruzkoak.

b) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak daudenean (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako kasuetako edozeinetan.

Bederatzigarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Deialdi honetako gastuei aurre egiteko 8.255.593,00 euro erabiliko dira, honako partida hauetatik:

3.000.000,00 euro, 2022ko gastuen aurrekontuko 900003-91600-4609-231604 aurrekontu-partidaren kargura [PEP: E-22/000439-01]: REACT Enplegu sozial babestua. PE EGIF 2014-2020,

5.255.593,00 euro, 2022ko gastuen aurrekontuko 900003-91600-4609-231602 aurrekontu-partidaren kargura [PEP: E-14/000106-01]: Enplegu sozial babestua. PE EGIF 2014-2020.

Hasiera batean, lehenengo partida agortuko da, eta emakidak bigarrenarekin osatuko dira.

2. Onartutako proiektuetarako guztira eskatutako diru kopurua ez bada handiagoa helburu horretarako bideratutako aurrekontu-kreditua baino, eskatutako diru guztia emanen da.

Bestela, zenbatekoaren banaketa proportzionala eginen da, honako banaketa-irizpide hauen arabera:

%30, segun zer zenbateko kalkulatzen den oinarrizko gizarte zerbitzuei 2021ean egiturazko kostuak finantzatzeko (uztailaren 15eko 48/2020 Foru Dekretuan dago ezarrita finantzaketa).

%20, segun zenbat familia-unitatek jasotzen duten eskualdean 2021ean Errenta Bermatua.

%15, segun zenbat langabe dauden eskualdean 2021ean urteko batez bestekoan.

%15, segun zein den txirotasun larriaren tasa eskualdean. (Txirotasun larriko egoeran dauden pertsonen kopurua. Azken datu ofiziala).

%20, segun zer batez besteko emakida jaso den azken hiru urtean antzeko deialdietan diruz lagundutako enplegu sozial babestuko proiektuetarako.

–Emakidan, gutxienez 6 hilabetez kontratatuko dira parte-hartzaileak, eta gehienez 1.140 hilabetez; beraz, ezin izanen da sei hilabete baino gutxiago edo 1.140 hilabete baino gehiago eskatu lanaldi osoan.

–Banaketa-irizpide horiek aplikatu ondoren soberakinik badago, erakunderen batek zenbateko txikiagoa eskatzeagatik atal honetan ezarritako irizpideen aplikazioaren arabera zegokiona baino, soberako zenbateko horiek proportzionalki banatuko dira, hurrengo eragiketaren arabera (zuzeneko hirukotearen erregela).

F2204052_0.pdf

Azalpena:

X = Banatu beharreko zenbatekoa.

A = Aurreko banaketaren arabera emandako zenbatekoa.

B = Aurreko banaketa aplikatu ondoren, partidan gelditzen den soberakina.

C = A-n lortutako zenbateko guztien batura.

Hamargarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio-organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzunaldia emateko tramitea egin daiteke, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluarekin (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea). Tramite hori posta elektronikoaren bidez eginen da, eta dirulaguntzak kudeatzeko Extr@ aplikazioaren bidez.

Aldez aurretik jakinarazten ahalko da diruz laguntzeko proposatutako zenbatekoa, kontzeptuen arabera banatuta.

Proposatutako zenbatekoa jakinarazi ondoren, erakunderen batek dirulaguntzari uko egiten badio, gelditzen den diru kopurua bederatzigarren oinarrian ezarritakoaren arabera onetsitako gainerako proiektuen artean banatuko da.

Hamaikagarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Prozeduraren instrukzioa bukatuta, eta aurkeztutako eskaerak ebazteko proposamena egin ondoren, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio ebazpena ematea, erabiliz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak.

2. Ebazpen horretan honako hauek jasoko dira: dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, helburua, lanaldi osoko zenbat hilabete lagunduko diren diruz, emandako zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epea, horiek justifikatzeko modua eta epea, prestakuntzaren atala justifikatzeko aukera, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketaren jakinarazpena, eta gainerako eskaeren ezespena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta lau hilabeteko epean ebazpen espresik jakinarazten ez bada, ukatu direla ulertuko da, deusetan galarazi gabe Administrazioak ebazteko duen beharkizuna.

Hamabigarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Horrez gain, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, aldian behin, Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitatearen web-orrian argitaratuko du (http://www.mitramiss.gob.es/uafse/es/listado-operaciones/index.htm) laguntza hauen erakunde onuradunen zerrenda, EGIFek kofinantzatzen dituenez, Nafarroari esleitutako egitura funtsei gardentasuna eta publizitatea ematearren.

Dirulaguntzak jasotzearekin batera, erakunde onuradunek onartzen dute beren izena eta jasotzen dituzten zenbatekoak agertzea argitaratu beharreko zerrendetan.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Oro har, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, 14. oinarrian xedatutakoari jarraikiz. Ordainketa partzialak egiten badira, modu proportzionalean ordainduko dira, jarduera egin izana justifikatu ondoren. Justifikazioa aurkezten den egunera arte lanaldi osoan egindako hilabete kopurua justifikatu beharko da, eta lanaldi osoan justifikatutako hilabete bakoitzeko 1.878,34 euro ordainduko dira.

2. Organo deitzaileak ordainketa aurreratua egin dezake, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarri bezala, betiere justifikatzen bada funtsak aldez aurretik behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko. Horretarako, funts horniduraren beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du erakundeak, honako hauek erantsita: likideziaren behar iragankor hori frogatzen duen txostena, ordezkariaren ziurtagiri bat, erakundearen izenean dauden banku kontuak agertzen dituena, bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena, edo dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

3. Ordainketa aurreratua egitea bidezkoa den kasuetan, honela jokatuko da:

a) Ematen den dirulaguntza 150.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, ordainketa bakarrean ordainduko da dena, aurrerakin gisa, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera.

b) Ematen den dirulaguntza 150.000 eurotik gorakoa bada, honela eginen da: esleitutako zenbateko osoaren %50, ebazpena sinatzearekin batera, eta beste %50a, aurrerakina eta kofinantzaketa (halakorik balego) justifikatu ondoren.

4. Nolanahi ere, ordainketa egiteko azkeneko txostena, beranduenez, 2022ko abenduaren 5ean aurkeztu beharko da.

5. Ordainketa aurreratuak hurrengo oinarrian ezarritakoaren arabera justifikatu beharko dira azkenean.

Hamalaugarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Erakunde onuradunek telematikoki aurkeztuko dituzte, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, kontratatutako pertsonen lan-kontratuak, kontratatu zirenetik hilabeteko epean, bai eta obra-lekuko monitore deritzenen kontratuak ere.

Era berean, deialdia ebatzi ondoren, modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte proiektuan parte hartzen duten pertsonen eta obra-lekuko monitoreen kontratu guztiak, baldin eta haien kontratuak emakida-ebazpenaren aurretik sinatuta badaude.

2. Erakundeak benetan lanaldi osoan egindako hilabeteen ziurtagiriaren bidez justifikatu beharko du emandako dirulaguntza.

Era berean, deialdi honetan aurreikusi bezala gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak kontratatzeko, hauetako bat aukeratu behar da beti:

a) Obra-lekuko monitoreak, eguneroko funtzionamenduaren banakako jarraipena egiten dutenak, asistentziari, puntualtasunari, produktibitateari eta abarri dagokienez, lanposturako kontratatutako pertsonei prestakuntza ematen dieten bitartean. Gutxienez diruz lagundutako dira obra-lekuko monitorearen lanaldi osoko kontratazioaren hilabeteen %9,46, lanpostuetarako lanaldi osoan diruz lagundutako hilabete bakoitzeko.

Obra-lekuko monitoreak berariaz kontratatzen ahalko dira eginkizun horretarako, edo erakundeak beste eginkizun batzuetarako kontratatuta dituen pertsonek betetzen ahalko dute eginkizun hori. Beraz, justifikazioa erakundeko idazkariaren edo fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiri bidez eginen da. Ziurtagiri horretan kontratuaren datuak jasoko dira: hasiera, amaiera, lanaldi mota eta, aldez aurretik kontratatutako langileen kasuan, edo beste eginkizun batzuk dituztenen kasuan, programan izan duten egozpen-maila orduka.

b) Berariazko prestakuntza ekintzak egitea taldeko kohesioa sustatzeko, jardueran sor daitezkeen gatazkak konpontzeko, parte-hartzaileen trebetasun pertsonalak eta sozialak sustatzeko eta prestakuntza emateko lanpostua betetzeko gaitasun profesionalei buruz.

Aukera horretan justifikatu beharreko gastua gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonak kontratatzeko emandako dirulaguntzaren %15ekoa da, eta justifikazio gisa soilik onartzen da prestakuntza ekintzak egiten dituztenen langileria-gastu zuzena, dela zerbitzu profesionalak kontratatuta, dela erakundearen kudeaketa propioaren bitartez.

3. Ordainketa partzialak. Erakundeak ordainketa partzialak eskatzen ahalko ditu, proiektua gauzatzen doan heinean.

Tarteko ordainketa partzialak egiteko txosten partziala justifikazio-kontu bat izanen da, eta elementu hauek izanen ditu:

a.1) Diruz lagundutako programa nola garatzen ari den azaltzen duen txosten labur bat, horretarako ezarritako ereduari jarraikiz egina. Tarteko txosten horiek aurkeztuta ere, programaren azken txostena aurkeztu beharko da hura bukatutakoan.

a.2) Erakundeko idazkariaren edo fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria, egiaztatzen duena kontratatutako plazen kontzeptuagatik emandako dirulaguntza lanaldi osoko hilabeteetan gauzatu dela, honako hauekin batera:

–Proiektuan parte hartzeko kontratatu diren pertsonen zerrenda, eredu normalizatuaren araberakoa, kontratu bakoitzaren iraupena eta lanaldia adierazita.

Aurkeztutako justifikazio partziala 1.878,34 eurokoa izanen da justifikatutako lanaldi osoko hilabete bakoitzeko.

Dirulaguntzaren azken ordainketarako eskubidea ematen duen azken txosten partziala aurkezteko azken eguna 2022ko abenduaren 5a izanen da.

4. Memoria eta azken justifikazioa, 2023ko otsailaren 10a baino lehen (egun hori barne) aurkeztu beharko dena, eta honako dokumentazio hau bilduko duena:

4.1) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren arabera prestatua, gutxienez honako atal hauek jasoko dituena, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:

–Lortutako helburuen zehaztapena.

–Lortutako emaitzak.

–Gauzatzearen adierazleak eta emaitzen adierazleak.

–Egindako jarduerak.

4.2) Proiektuaren justifikazio ekonomikoa, honako ziurtagiri hauekin:

a) Erakundeko idazkariaren edo fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria, jasotzen duena proiektuan parte hartzen dutenen zerrenda, haiei buruzko ordaintzeko justifikazioa aurkeztu bada. Bertan, hauek ere jaso behar dira: justifikatzeko aurkeztutako aldia, lanaldiaren irismena eta erakundeak jasandako gastua (soldata eta Gizarte Segurantza).

b) Erakundeko idazkariaren edo fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria, honako hauek jasotzen dituena: obra-lekuko monitoreak, halakorik balego, kontratuen iraupena, lanaldiaren irismena eta erakundeak jasandako gastua (soldata eta Gizarte Segurantza). Baldin eta obra-lekuko monitore izateko berariaz kontratatu ez den pertsona bat aurkezten bada obra-lekuko monitorearen justifikazioan, edo hura beste eginkizun batzuetan ere aritzen bada, dedikazioaren denboraren ziurtagiria eta egozpen ehunekoa erantsi behar dira.

c) Erakundeko idazkariaren edo fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria, prestakuntzaren atalaren berezko gastuen zerrendarekin batera; zehazki, prestakuntza hori ematen duten zerbitzu profesionalak edo hizlariak kontratatzeagatik sortutako gastuen zerrenda.

Erakundeak b eta c puntuetan adierazitako ziurtagirietako bat aurkeztu beharko du, eskaeran zer aukeratu den prestakuntzaren ataleko justifikazioaz.

d) Proiektua gauzatzean proiektuan parte hartu duten pertsona guztien artean bildu diren adierazleen multzoa, gauzatzeari zein emaitzei dagokienez, horretarako ematen den ereduaren arabera.

Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, finantzatutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

5. Erakundea behartua dago gastu guztien frogagiriak eta egiaztagiriak gordetzera (gastuen frogagiriak, ordainagiriak, fakturak, banku-laburpenak, etab.), baita sinatutako kontratuak ere, bai proiektuan parte hartzen duten langileenak, bai obra-lekuko monitoreenak, dokumentazio hori berrikusi beharra gertatzen den kasuetarako. Zehazki, hamaseigarren oinarriaren f) puntuan ezarritako epea igaro arte gorde beharko dira, han adierazitako baldintzetan.

6. Jarduerak, dirulaguntza honetaz gain, funts berekiekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatzen badira, hori ziurtagiri bidez frogatu beharko da, honako hau adierazita: funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan izan duten aplikazioa. Ziurtatu beharko da proiekturako hartutako finantzazioak ez duela proiektuaren guztirako gastuaren %100 gainditzen. Toki-erakundeko idazkari lanak egiten dituenak ziurtatu beharko du hori.

7. Azken txostena, beranduenez, 2023ko otsailaren 10ean aurkeztu beharko da.

8. Justifikazio partzialak eta azken justifikazioa eskaeraren fitxatik eginen dira. Fitxa Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuen atarian argitaratuta egonen da eta Nafarroako Ataritik sar daiteke hara (www.nafarroa.eus). Justifikazio desberdinetarako aurkeztu beharreko ereduak laguntzaren fitxan egonen dira eskuragarri, eta Gizarte Inklusiorako eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atalak partzialki beteta ematen ahalko ditu, aldez aurretik eskatuz gero.

Hamabosgarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

1. Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, proiektuaren prestakuntza jardueretan baino ez da onartuko azpikontratazioa. Azpikontratazio gisa hartuko da hirugarrenekin hitzartzea dirulaguntzaren xedeko jardueraren exekuzio partziala. Erakunde onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratazioa egitean, gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte-bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo erakundeei emanen diete lehentasuna erakunde onuradunek, betiere erakunde horiek egin ditzaketen prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita.

Erakunde onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, justifikatu beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

2. Hornitzaileak kontratatzea. Toki-erakunde onuradunek frogatu beharko dute Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak arlo horretan ezartzen dizkieten betebeharrak betetzen dituztela.

Hamaseigarrena.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Toki-erakundeak honako hauetara daude behartuak:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak eskaeraren eta ebazpenean onetsitako aurrekontuaren arabera gauzatzea, baita oinarri arautzaile hauetan jasotako baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera ere, eta dirua zer helburutarako ematen den, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horretan sartzen da, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea, baita beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea. Azken memoria teknikoak nahiz ekonomikoak 14.4) oinarrian ezarritakoa edukiko dute eta ezarritako ereduen arabera aurkeztuko dira. Ereduak parte hartzen duten erakundeei emanen zaizkie eta laguntzen fitxan eskuratzen ahalko dira. Fitxa Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuen atarian argitaratuta egonen da eta Nafarroako Ataritik sar daiteke hara (www.nafarroa.eus). Azken memorian, besteak beste, proiektua gauzatu bitartean bildutako adierazleak jasoko dira, hala gauzatzeari buruzkoak, nola emaitzei buruzkoak, gero Europar Batasunari jakinarazteko.

Erakundeak adierazleei buruz emandako informazioa osatzeko, erakunde kudeatzaileak, Gizarte Segurantzari kontsulta telematikoak eginez, lan-egoera egiaztatuko du eragiketaren irteera-datan, handik lau astera eta sei hilabetera.

c) Proiektuen zabalkundea eta publizitatea egitean, diruz lagundutako erakundeek dirulaguntza nork eman dien adierazi beharko dute, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak uztailaren 2an emandako 212/2010 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, bai eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa ere. Gainera, foru agindu horren 2. artikuluaren baldintza orokorrak eta 4.1.b) artikuluaren berariazko baldintzak bete beharko dituzte, honela:

Erakunde onuradunak EGIFen ekarpena jendaurrean paratu beharko du, web-orrian ondokoa ikusgai jarriz, diruz lagundutako proiektuak irauten duen bitartean gutxienez:

Toki-erakunde honek laguntza bat jaso du, %100eko tasarekin kofinantzatua REACT EB baliabideekin, Nafarroako EGIF programa operatiboaren berariazko helburu honen bidez: “OE REACT EB 2. Laguntzea pertsona kalteberak lan-merkatura eta gizarte sistemetara sartzen, gizarteratze neurriak eta pobrezia errotik erauztea”.

Era berean, argi eta garbi adierazi eta identifikatu beharko da, enplegu sozial babestuko proiektuak kudeatzen diren toki eta lokaletan, proiektuak irauten duen bitartean behintzat, DIN A3 neurriko kartel bat, non Europako Gizarte Funtsaren logoa paratuko baita, oinarri honetan jasotako ereduaren arabera.

F2204052_1.pdf

Era berean, foru agindu hau argitaratzen denetik aurrera egiten diren kontratu guztietan adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatzen dituztela.

d) Nafarroako Gobernuak, Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, Europako Batzordeak edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko edozein kontrol eta fiskalizazio organok egiten dituzten egiaztapenak eta litezkeen kontrolak onartzea, eta berorietan laguntzea.

e) Erakunde bakoitzaren izaeraren arabera dagozkion kontabilitate-betebeharrak betetzea. Era berean, kontabilitate sistema bereizi bat eraman beharko dute, edo kontabilitate kode egoki bat, kofinantzaketarako aurkeztutako eragiketei dagokienez (proiektuan parte hartzen duten langileen gastuak eta diru-sarrerak). (1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 125.4.b) artikulua).

f) Bat etorriz 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak noiz aurkezten dizkion Europako Batzordeari eragiketaren gastuak biltzen dituzten kontuak, hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren ardura izanen da Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea noiz hasten den epe hori, horrek, bere aldetik, erakunde onuradunei jakinaraz diezaien.

g) Kudeaketaren arloan eraginkorrak diren neurri proportzionalak aplikatzea iruzurrari aurre egiteko: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes-gatazken kontrola, faltsutzeak kontrolatzea, etab.

h) Aldaketarik baldin badago kontratatutako pertsonen eta proiektuari esleitutako obra-lekuko monitoreen artean, horren berri ematea Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuari.

i) Kontratatutako langileei dagokienez, proiektua gauzatzeak berekin dakartzan lan betebeharrak betetzea.

j) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

k) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

l) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak betetzea.

m) Gizarte Inklusiorako eta Gutxiengoei Arreta Emateko Atalera igortzea, deialdiaren fitxaren bidez, parte-hartzaileen kontratuak, hilabeteko epean, kontratazioaren egunetik hasita. Fitxa Administrazio Publikoaren esparruko zerbitzuen atarian argitaratuta egonen da eta Nafarroako Ataritik sar daiteke hara (www.nafarroa.eus).

n) Dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa finkatzeko aintzat hartutako edozein baldintza aldatu nahi izanez gero, erakunde onuradunek Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu eta lortu beharko dute.

o) Betiere, pertsonei buruzko datuak, azken onuradunenak izan edo esku hartzen duten langileenak izan, sexuaren arabera bananduta egonen dira, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 20. artikuluarekin eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin.

p) Erakunde eskatzaileak behartuak daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritako gardentasun betebeharrak betetzera, zehazki, urtebeteko epean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Proiektua gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, salbuespen gisa, dirulaguntza jasotzen duten erakundeek baimena eskatzen ahalko dute diruz lagundutako proiektuaren edukia aldatzeko, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Hamazazpigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Aurrekoa gorabehera, erakunde onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa edo dirulaguntzaren azken ordainketatik gutxitu beharrekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Baldin azken justifikazioan ez-betetze formalak baino ez badira gertatzen, kontuan hartuko da zenbat egunez aurkeztu diren dagozkion dokumentuak epez kanpo, eskala honen arabera:

  • Egun baliodun batetik hirura bitarteko atzerapena: %5eko murriztapena arte.
  • Lau eta sei egun baliodun arteko atzerapena: %50eko murriztapena.
  • Sei egun balioduneko atzerapena baino gehiago: dirulaguntza osoa itzultzea edo galtzea.

4. Aurreko apartatuetan xedatutakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.

Hemezortzigarrena.–Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.

Oinarrien kontra eta berariazko eta ustezko ebazpenaren kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute toki-erakundeek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazten denetik bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auziak arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Hemeretzigarrena.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarritakoaz gainera, aplikatzekoak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea, Gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duen 69/2008 Foru Dekretua, eta apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretua, Gizartetik bazterturik dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze programak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena, aurrekoei kontra egiten ez dieten heinean.

Hogeigarrena.–Europar Batasuneko Egitura Funtsen kofinantzaketa.

Oinarri arautzaile hauetan jasotako laguntzak %100eko tasarekin kofinantzatzen ahal dira REACT EB baliabideekin, Nafarroako EGIF programa operatiboaren berariazko helburu honen bidez: “OE REACT EB 2. Laguntzea pertsona kalteberak lan-merkatura eta gizarte sistemetara sartzen, gizarteratze neurriak eta pobrezia errotik erauztea”.

Kofinantzatutako proiektuak hautatzeko irizpidea diruz lagundutako zenbatekoaren araberakoa izanen da, handienetik txikienera.

Hortaz, aurreko paragrafoan adierazitako laguntzen onuradun diren erakundeak Europar Batasunaren aurrekontuetatik datorren finantzabidearen onuradun ere izanen dira, eta, horrenbestez, hamaseigarren oinarriko b), c), d), e), f) eta g) puntuetan kofinantzaketari buruz adierazitakoa aplikatuko zaie.

Iragarkiaren kodea: F2204052