66. ALDIZKARIA - 2022ko apirilaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

5/2022 FORU LEGEA, martxoaren 22koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOARI BURUZKO UZTAILAREN 2KO 6/1990 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

HITZAURREA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 19.1.a) artikuluak aitortzen dion legegintza-ekimena erabiliz, Nafarroako Gobernuak, 2021eko irailaren 1ean hartutako Erabakiaren bidez, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Lege proiektua igorri zion Nafarroako Parlamentuari.

Kontuan izanik azken xedapenetako bigarrenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 166. eta 170. artikuluen aldaketa jasotzen duela, eta aldaketa hori onesteko gehiengo osoa behar dela, bidezkoa da bereiztea aipatu Foru Legeari dagokion edukia, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 152.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Artikulu bakarra.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari aldaketa hauek egiten zaizkio:

Bat. 166. artikuluari laugarren apartatu bat gehitzen zaio, eduki honekin:

“4. Era berean, egurrezko eta zurezko produktuak lehiaketa bidez saltzen ahalko dira, kalitate-prezio eskaintzarik onena oinarri harturik, baldin eta prezioa ez bada besterentzea egiteko irizpide erabakigarri bakarra. Horrelakoetan, puntuazioaren erdia gutxienez formula objektiboak aplikatuz kalkulatu beharko da, salmentaren baldintza-agiri arautzaileetan ezarriko direnak, eta haietan, irizpide bakoitzaren haztapen erlatiboa zehaztuko da. Era berean, irizpide sozialak eta ingurumenekoak ezartzen ahalko dira. Lehiaketa hutsik gelditzen bada, baimenduta egonen da lotea zuzenean adjudikatzea, eskaintzaren aldeko txostena eman ondoren, baso administrazioak aurrez eskatzen badu. Kasu horretan, toki erakundeak zur eta egurretako aprobetxamenduak besterentzen ahalko ditu, foru lege honen 170. artikuluan ezarritakoarekin bat”.

Bi. 170. artikuluko 1.b) apartatua aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

“b) Presakotzat jotzen diren eta interes publikoari eragiten dioten herrilanak edo lan pribatuak direla-eta egiten badira, eta era berean, Espainiako Gobernuak edo Nafarroako Gobernuak presako egoeratzat jo dituzten kasuetan”.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko martxoaren 22an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2204500