65. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

140/2020 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia eta dirulaguntza horien oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 613340.

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia da birgaitze-sektore bat aktibatzea Espainian, epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko duena eta eraikitako parkearen berritze jasangarriaren erritmoa bermatuko duena epe ertain eta luzean, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Komunikazioan ezarritako “Europarako berritze-bolada”ren ildotik. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak azkarrago betetzea ahalbidetuko duten birgaitze energetikoko tasak lortu nahi ditu; hori guztia, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategiaren barnean. Era berean, etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia hobetzearekin eta energia-iturri berriztagarriak integratzearekin batera eraikinen irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa hobetu daitezen.

Aurrekoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Orokorrak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua onartu du, eta zenbait laguntza-programa ezarri ditu etxebizitzen birgaitzearen arloan. Horietako bat da, hain zuzen, 3. programa (“Eraikin mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa”), sartuta dagoena 2. osagaian (C02.I01 inbertsioan), zeina arautua baitago aipatutako errege-dekretuaren IV. kapituluan (30.etik 39.era bitarteko artikuluak). Hain zuzen, 35. artikuluan xedatuta dago autonomia-erkidegoei dagokiela programa horretako laguntzen deialdiak egitea, eta, hortaz, agindu hori betetzea da oinarri hauen helburua.

Laguntzak erabili behar dira nagusiki bizitegi-erabilerakoak diren etxebizitza-eraikinak hobetu edo birgaitzeko jarduketetarako. Eraikinek 20 urte eduki behar dituzte, gutxienez, eta jarduketok honako hauek lortzera bideratu behar dira:

a) Energia primarioaren kontsumo ez-berriztagarriaren adierazlea gutxienez %45 murriztea, ziurtapen energetikoari dagokionez,

b) Eta familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozteko urteko energia-eskari globala murriztea, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren klima-sailkapenaren arabera, honako hau gutxienez:

c) %35, D eta E zona klimatikoetan.

d) %25, C zona klimatikoan.

Emango den gehieneko laguntzaren zenbatekoa 10.000 eta 16.000 euro artekoa izanen da, udalerriaren tamainaren eta lortutako energia-aurrezkiaren arabera. Zenbateko horri zaurgarritasun ekonomikoko egoerengatiko laguntza pertsonala eta amiantoa kentzeagatiko laguntza gehitzen ahalko zaizkio.

Dirulaguntzak emateko prozedura 853/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa izanen da, hots, banakako ebaluazioa, eskaerak aurkezteko ordenaren arabera. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea betez, Nafarroako Gobernuaren 2022ko urtarrilaren 19ko Erabakiaren bidez banakako ebaluazioaren araubidearen bitartez izapidetzea baimendu da, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.6 artikulua betez, Nafarroako Gobernuaren 2022ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez 2023ko eta 2024ko ekitaldietarako proposatutako urte anitzeko gastu-konpromisoa baimendu da.

Ikusirik espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak, non agerian gelditzen baita, hurrenez hurren, bai deialdiaren egokiera eta interes soziala, bai oinarri arautzaileen legezkotasuna, eta urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, bertan ezartzen baita Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa,

EBAZTEN DUT:

1. Lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea, 853/2021 Errege Dekretuaren arabera, baita dirulaguntza horien oinarri arautzaileak ere. Testua ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 10.000.000 euroko gastua baimentzea: 2.000.000 euro 2023ko aurrekontuko partidaren kontura, eta 8.000.000 euro 2024koaren kontura. Partida horiek 2022ko gastuen aurrekontuko 320000-32100-7800-261405 partidaren baliokide dira (“MRR, birgaitze babestuko Europako funtsen dirulaguntzak); PEP E-21/000433-01 elementua.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Iruñean, 2022ko martxoaren 4an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Eneko Larrarte Huguet.

LEHENDIK DAUDEN ERAIKINETAN BIRGAITZE ENERGETIKOKO JARDUKETAK EGITEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK, 853/2021 ERREGE DEKRETUAN XEDATUTAKOARI JARRAIKIZ (ERAIKINEN PROGRAMA)

Lehena.–Onura publikoko xedea eta helburua.

Oinarri hauen helburua da arautzea nola emanen zaizkien dirulaguntzak, banakako ebaluazioaren araubidean, energia-efizientzia hobetu dutela egiaztatzen duten azken hartzaileei (bigarren oinarrian adierazitakoak). Arreta berezia jarriko zaio, hain zuzen, bizitegi kolektiboko tipologia duten eta nagusiki bizitegi-erabilerakoak diren eraikinetako inguratzaileari, bat etorriz urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuan xedatutakoarekin (Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren laguntza-programak arautzen dituena, bizitegiak birgaitzeari eta etxebizitza sozialei dagokienez) eta, zehazki, erreparatuz haren IV. Kapituluan araututakoari (“Eraikin mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa).

Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri-sorta bat adostu zuen, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko. Neurri horiek bat egiten dute 2021-2027rako etorkizuneko urte anitzeko finantza-esparruarekin (MFP) eta 2018ko prezio konstanteetan 750.000 milioi euroko balioa duen Suspertzerako Europako Tresna bat (“Next Generation EU”) abian jartzearekin. Espainiako Estatuak 140.000 milioi euro jasoko ditu transferentzietan nahiz maileguetan Suspertzerako Europako Tresna horren bidez. Testuinguru horretan, Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana (aurrerantzean, SEEP) onetsi zen 2020ko urriaren 7an; Espainiako ekonomia modernitzatzeko ibilbide-orria, alegia. Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana geroago arautu zen –abenduaren 30eko 36/2020 Errege Dekretuaren bitartez– eta herrialde-proiektu bat da, eragile ekonomiko eta sozial guztien, gobernu-maila guztien eta administrazio publikoaren baliabide guztien inplikazioa eskatzen duena.

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia da birgaitze-sektore bat aktibatzea Espainian, epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko duena eta eraikitako parkearen berritze jasangarriaren erritmoa bermatuko duena epe ertain eta luzean, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Komunikazioan ezarritako “Europarako berritze-bolada”ren ildotik. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak azkarrago betetzea ahalbidetuko duten birgaitze energetikoko tasak lortu nahi ditu; hori guztia, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategiaren barnean. Era berean, etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia hobetzearekin eta energia-iturri berriztagarriak integratzearekin batera eraikinen irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa hobetu daitezen.

Lehendik dauden eraikinek azken energiaren %30 inguru kontsumitzen dute. Hortaz, eraikin-parke horren birgaitze energetikoa lehentasunezko neurri bat da Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Bateratuaren arabera. Horregatik, plan horretako helburuetako bat da, 2030erako, 1.200.000 etxebizitzaren birgaitze energetikoa egitea. Helburu bera jaso da Espainiako eraikingintzaren sektoreak, birgaitze energetikoari dagokionez, epe luzerako duen estrategian. Era berean, eraikinen birgaitze energetikoa Nafarroako 2018-2028 Etxebizitza Planaren ildo estrategikoetako bat da.

Bestalde, COVID-19ak eragin duen krisiaren inpaktu ekonomikoaren ondoren, beharrezkoa da enpresa-sektore batzuetan ekonomia suspertzea, gure herrialdeak behar duen trantsizio energetikorantz orientatzeko. Sektore horietako bat eraikingintza da. Ildo horretan, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren neurri espezifikoetako bat da etxebizitzak birgaitzeko jarduketak ugaldu beharra.

Aurrekoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Orokorrak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua onartu du, eta zenbait laguntza-programa ezarri ditu etxebizitzen birgaitzearen arloan. 2021ean, Estatuko 2021erako Aurrekontu Orokorren Legearen 17.50.99.260A.750 aurrekontu-partidan, 1.151 milioi euro bideratu ziren errege-dekretu horretan araututako 1etik 5era bitarteko laguntza-programetako dirulaguntzetara, eta Nafarroako Foru Komunitateak 15.883.800 euro jaso zituen. Horietako bat da, hain zuzen, 3. programa (“Eraikin mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa”), sartuta dagoena 2. osagaian, C02.I01 inbertsioan (“Birgaitze-programa, suspertze ekonomikoa eta soziala bultzatzeko egoitza-inguruneetan”), zeina sartua baitago 025 bis esku-hartze eremuan eta arautua aipatutako errege-dekretuaren IV. kapituluan (30.etik 39.era bitarteko artikuluak). Hain zuzen, 35. artikuluan xedatuta dago autonomia-erkidegoei dagokiela programa horretako laguntzen deialdiak egitea, eta, hortaz, agindu hori betetzea da oinarri hauen helburua.

Bigarrena.–Onuradunak.

1. Honako hauek izanen dira laguntzen azken hartzaileak, betiere egoitza fiskala Espainian badute eta etxebizitzak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan badaude:

a) Familia bakarreko etxebizitza bakartuen edo lerroan elkartuen jabeak edo gozamendunak eta lehendik dauden eta etxebizitza kolektiboko bizitegi-tipologia duten eraikinen jabeak edo gozamendunak, bai eta haien etxebizitzenak ere, pertsona fisikoak izan edo nortasun juridiko pribatua edo publikoa izan.

b) Administrazio publikoak eta zuzenbide publikoko organismoak eta gainerako erakundeak, bai eta enpresa publikoak eta merkataritza-sozietateak ere, baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena higiezinen jabe diren administrazio publikoena bada.

c) Jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak, eratutakoak Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan edo aplikatzekoak diren foru-arauetako artikulu baliokideetan ezarritakoaren arabera.

d) Jabeak, baldin eta, elkartuta, Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eraikinen jabeak badira eta jabetza horizontalaren titulu eratzailea eman ez badute.

e) Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten etxebizitzen edo eraikinen jabeek osatutako kooperatiba-sozietateak, bai eta Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan edo aplikatu beharreko foru-arauetako artikulu baliokidean ezarritakoaren arabera eratutako jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak osatzen dituzten jabeek eta etxebizitzen erabilera lagatzeko araubidean dauden kooperatibek osatutako kooperatiba-sozietateak ere.

f) Eraikinen enpresa errentariak edo emakidadunak, bai eta izaera hori egiaztatzen duten kooperatibak ere. Indarrean dagoen kontratuaren bidez egiaztatu behar dute berariazko ahalmena aitortuta dutela programaren xede diren birgaitze-lanak egiteko.

Laguntzen azken hartzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

Azken onuradunek eta hartzaileek aplikatzekoa zaien Europako eta Espainiako araudia bete beharko dute –eta, bereziki, MRR Erregelamendua–, baita Estatuaren Laguntzak erregulatzen dituen araudia eta aplika daitekeen Europako eta Espainiako gainerako araudia betetzearen ondoriozko betebeharrak ere, eta, gehienbat, iruzurra, ustelkeria, interes-gatazka edo finantzaketa bikoitza saihesteko neurriak hartu beharko dituzte; hori guztia, Batasunaren finantza-interesak babestearren.

Jabeen erkidegoen elkarteen kasuan, legez eratutako elkarteak izanen dira, indarreko legediak onartzen dituen formetatik edozein aukeratuta, eta indarreko estatutuak izan beharko dituzte. Eskaeran, berariaz adierazi beharko da elkartearen osaera eta kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa. Proiektua eta inbertsioa erabat exekutatzearen erantzukizuna elkarte osoaren gain egonen da, baina elkarteak ordezkari bat izendatu eta eskuordetu beharko du laguntza eskaera tramitatzeko, inbertsioaren justifikazioa egiteko, eman litekeen laguntza jasotzeko eta, gero, kideen artean banatzeko.

2. Ezin dira laguntza hauen azken hartzaile izan dirulaguntzak itzultzeko betebeharra izan eta horien ordainketa egin gabe dutenak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoarekin (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Testuinguru horretan, azken hartzaileak, laguntza eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, non adieraziko baitu ez duela inolako dirulaguntza edo laguntza itzultzeko betebeharrik, edo, hala badagokio, horiek bete dituela, aipatutako 21. artikuluan ezarritakoarekin bat. Azken hartzaileak ezin du egon dirulaguntzen onuradun izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 22/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan, salbu eta artikulu horietako e) letran ezarritako debekua (“indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak egunean ez izatea”).

3. Azken hartzaileek jasotzen duten laguntzaren zenbateko osoa kasuan kasuko jarduketa diruz lagungarriak ordaintzera bideratuko dute. Hartzaileak jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak direnean, arau hori berdin aplikatuko da, kontuan hartuta, dena den, bai laguntzaren zenbatekoa, bai obren kostua etxebizitzen eta lokalen jabeei jasanarazi behar zaiela, Jabetza Horizontalari buruzko legedian ezarritako arauei jarraikiz. Dena dela, jabeen erkidegoko edo jabeen erkidegoen elkarteko kideren bat debeku horietako batean bada, hots, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoren batean, jabe horri ez zaio egotziko jasotako laguntzatik legokiokeen zati proportzionala, eta erkidegoko edo elkarteko gainerako kideen artean hainbanatuko da.

4. Dirulaguntzen azken hartzaileek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoaz gain, berehala jakinarazi beharko diote Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari, eskabidea izapidetzen ari den bitartean ere, laguntza izateko eskubidea galtzea ekar lezakeen edozein baldintza aldaketa. Aldaketa horiek ez jakinaraztea nahikoa arrazoi izanen da bidegabe kobratu diren zenbatekoak itzultzeko espedientea hasteko.

5. Espedientea izapidetzen ari den bitartean ondasunaren titulartasuna aldatzen bada, titular berriak onuradun izateko aitorpena eskatu beharko du egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu aurretik. Kasu horretan, aintzat hartuko da zein diren bere familiaren diru-sarrera ponderatuak onuradun berri gisa sartzeko eskaera egiten den unean.

Pertsona fisikoen heriotzaren kasuan:

a) Espedientea tramitatzen ari dela onuraduna hiltzen bada, jaraunsleek espedientean onuradun berri gisa sartzeko eskaera egiten ahalko dute, erregistroko titulartasuna aldez aurretik frogatzen badute. Eskaera hori bi hilabeteko epean egin beharko da, heriotzaren egunetik zenbatzen hasita, eta, nolanahi ere, egindako jarduerak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu aurretik.

b) Egindako jarduerak justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu ondoren eta dirulaguntza ordaindu baino lehen hiltzen bada onuraduna, jaraunsleak direla egiaztatzen dutenei ordainduko zaie, gehienez urtebeteko epean, egindako jarduerak justifikatzen dituzten agiriak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita.

Nolanahi ere, 2026ko urriaren 1a baino lehen erregistroko titulartasun berria egiaztatuta eta jarduketa justifikatuta egon beharko da. Bestela, dirulaguntza ez da ordainduko eta hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Hirugarrena.–Jarduketa eta kostu diruz lagungarriak.

1. Laguntzak erabili behar dira nagusiki bizitegi-erabilerakoak diren etxebizitza-eraikinak hobetu edo birgaitzeko jarduketetarako. Jarduketok honako hauek lortzera bideratu behar dira:

a) Energia primarioaren kontsumo ez-berriztagarriaren adierazlea gutxienez %45 murriztea, ziurtapen energetikoari dagokionez.

b) Eta familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozteko urteko energia-eskari globala murriztea, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren klima-sailkapenaren arabera, honako hau gutxienez:

  • %35, D eta E zona klimatikoetan.
  • %25, C zona klimatikoan.

2. Inguratzaile termikoaren hobekuntzak Eraikingintzaren Kode Teknikoko eskakizunak bete beharko ditu (CTE-DB-HE.1 Energia-eskaria mugatzea). Orobat, justifikatuko da inguratzaile termikoaren osagai bakoitzaren transmitantzia termikoaren mailak (U) ez duela gainditzen 3.1.1.a-HE taularen gehieneko balioa (Ulim). Salbuespena izanen dira zureriako baoak (2,70 W/m².K-ko transmitantzia termikoa eta ≤ 27 m³/h.m²-ko aire iragazkortasuna), bere horretan mantentzen ahalko baitira eskatutako transmisio koefiziente globalak (k) betez gero. Ondorio horietarako, eraikinaren inguratzaile termikotzat hartuko da kanpoko giroarekin kontaktuan dauden eraikuntza-elementu guztien multzoa: kanpoko eta barruko fatxadak, estalkia eta ataripeen eta hegalen gaineko forjatuak.

3. Aitortutako ingurune baten parte izateagatik edo balio arkitektoniko edo historiko berezia izateagatik babes-mailaren bat duten eraikinen kasuan, inguratzaile termikoa osatzen duten elementuen gaineko jarduketak mugatuta baitituzte, ez da beharrezkoa izanen hirugarren oinarri honetako lehen apartatuko b) letran ezarritako eskakizuna (energia-eskaria mugatzearena, alegia) betetzea. Hala ere, inguratzaileko elementuek, haietan esku hartzea dagoenean, eta hala dagokionean, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren energia-aurrezpenari buruzko DBHE Oinarrizko Dokumentuaren 3.1.1.a-HE1 eta 3.1.3.a-HE1 tauletan transmitantzia termikoaren eta aire iragazkortasunaren gainean ezarritako gehieneko balioak bete beharko dituzte.

4. Halaber, azken lau urteetan energia-efizientzia hobetzeko esku-hartzeak egin diren eraikinetan, baldin eta egiaztatzen bada berokuntzaren eta hoztearen urteko energia-eskari globala hirugarren oinarri honetako lehen apartatuko b) letran ezarritako ehuneko berean edo handiagoan murriztu dela, ez da bete beharko berokuntzaren eta hoztearen urteko energia-eskari globala murrizteko baldintza. Esku-hartze horiekin ezarritako ehunekoaren pareko edo goragoko murrizketarik lortzen ez bada, baldintza hori betetzat jo ahal izanen da, baldin eta aipatutako esku-hartzeetan egindako jarduketak eta dirulaguntza eskaera honen xede den jarduketan egindakoak batera kontuan hartuta ezarritako ehunekoan murrizten bada energia-eskaria. Lorpen hori energia-efizientziaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da.

5. Aurreikusitako jarduketek honako printzipio hau errespetatuko dute: “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea” (do no significant harm-DNSH printzipioa) eta printzipio hori aplikatzeko araudia, eta honako hauek bereziki: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena; 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa (Taxonomia Erregelamendua), eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa.

6. Honako jarduketa hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Oin berriko eraikinetan egindakoak;

b) lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta, horrekin batera, eraikinaren erabilera aldatzen bada;

c) inbertsio-jardunak jatorri fosileko erregaia erabiltzen duten sorgailu termikoetan.

7. Laguntza hauek pizgarri gisa erabili nahi direnez, soilik onartuko dira azken hartzaileek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera abiarazitako jarduketak. Hortaz, ez da hautagarri izanen data hori baino lehenago fakturatutako ezein exekuzio-kostu.

8. Laguntzak emateko, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eraikinak lehendik altxatua egon beharko du, eta 20 urtetik gorako antzinatasuna izanen du, eraikuntza bukatu zen egunetik kontatuta. Hori justifikatuko da ondasun higigarriaren katastroko datuen azalpen deskriptibo eta grafikoaren bidez.

b) Eraikinaren erabilerari buruzko laguntza aplikatzeko, etxebizitzetarako erabiltzen den edo beste erabilera bat daukan, sestraren gainean eraikitako azalera aintzat hartuko da, eta hori katastro-kontsultaren bidez justifikatuko da. Ildo horretan, eraikin baten erabilera etxebizitzetarako dela ondorioztatzeko, sestraren gainean eraikitako azaleraren ehuneko berrogeita hamar edo gehiago erabili beharko da kontzeptu horretarako. Kasu horretan, laguntzaren zenbatekoa jarduketaren xedeko azalera osoari aplikatuko zaio etxebizitzetarako erabilera gisa, erabilera oso-osoa etxebizitzetarako ez bada ere.

c) Eraikuntza lekuan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen %70 gutxienez (pisuan), –alde batera utzita 2000/532/EC Erabakiak ezarritako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala–, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta beste material batzuk berreskuratzeko prestatuko dira, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen, bat etorriz Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako kutsadura-hierarkiarekin eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko Europako protokoloarekin.

d) Operadoreek hondakinen sorrera mugatu beharko dute eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, EBko eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz eta eskura dauden teknika onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz, substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen-sistemak erabiliz.

Era berean, eraispena ahal dela gaika eginen da, eta sailkapena hondakinak sortzen diren lekuan eginen da lehentasunez.

e) Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasunaren alde egingo dute, eta ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute batez ere, nola diseinatuta dauden baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko.

f) Birgaitze energetikoari dagokionez, neurri honetan aurreikusitako jarduerak garatzeko erabilitako osagaiek eta eraikuntzako materialek ez dute amiantorik izanen, ez eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskinean jasotzen den baimena behar duten substantzien zerrendatik abiaturik identifikatutako substantzia oso kezkagarririk ere (Bertan substantzia eta prestakin kimikoen (REACH) erregistroa, ebaluazioa, baimena eta murrizketa arautzen dira). Erregelamendu horren bidez Substantzia eta Prestakin Kimikoen Europako Agentzia sortzen da, 1999/45/EE Zuzentaraua aldatzen da, eta Kontseiluaren 793/93 (EEE) Erregelamendua eta Batzordearen 1488/94 (EE) Erregelamendua indargabetzen dira, bai eta Kontseiluaren 76/769/EEE Zuzentaraua eta Batzordearen 91/155/EEE, 93/67/EEE, 93/105/EE eta 2000/21/EE Zuzentarauak ere.

Ildo beretik, amiantoa duten eraikuntza-produktuak eraikinetik edo jardun-eremutik kendu beharko dira. Amiantoa legez baimendutako enpresa batek kendu beharko du, xedapen honetan ezarritakoari jarraikiz: 396/2006 Errege Dekretua, martxoaren 31koa, amiantoaren eraginpeko arriskua duten lanpostuei aplikatu beharreko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituena. Eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuari jarraituko zaio prozesuan sortutako hondakinak kudeatzeko.

9. Eskaera aurkezten den unean, laguntzaren xedeko jarduketek kasuan-kasuan aplikatu behar zaien indarreko araudia bete beharko dute, baita eskatzen diren betebeharrak ere, eta behar diren lizentzia eta baimen administratiboak edukiko dituzte, horrelakorik behar izanez gero. Eraikinen Ebaluazio Txostena edo, bestela, Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua baduela egiaztatu beharko da:

a) hala eska daitekeenean, Eraikinen Ebaluazio Txostena arautzen duen azaroaren 12ko 108/2014 Foru Dekretuaren 3. artikuluan edo Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 34. artikuluan eta hamalaugarren xedapen iragankorrean xedatutakoari jarraikiz,

b) eta, betiere, jarduketak eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzea aurreikusten duenean.

10. Kostu diruz lagungarritzat hartuko dira deialdi honetako energia-helburuak lortzeko beharrezkoak direnak, bai eta honako kostu orokor hauek ere:

a) Teknikari eskudunari ordaindu beharreko ordainsari profesionalak, egin dezan uztailaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan aurreikusitako energia-efizientziari buruzko ziurtagiria.

b) Laguntza-eskaeraren kudeaketaren kostuak.

c) Laguntzaren xede den jarduketari lotutako proiektu teknikoak idazteko kostuak.

d) Jarduketen zuzendaritza fakultatiboaren kostuak.

e) Obrak eta/edo instalazioak exekutatzeko kostuak.

f) Ekipoetan eta materialetan egindako inbertsioa.

g) Laguntza hauek eskatzeko eta justifikatzeko beharrezkoak diren txostenak eta gainerako dokumentazioa idazteko kostuak.

h) Jarduketak egin izanaren justifikazioaren kudeaketa gastuak.

i) Beste partida beharrezko batzuk (lagungarriak edo ez), jarduketa-mota bakoitzerako espezifikoak.

Ez dira kostu diruz lagungarritzat hartuko lizentziei, tasei, zergei edo tributuei dagozkienak. Alabaina, BEZa eta zeharkako zerga baliokidea diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, baldin eta erabat edo partez ezin direnean berreskuratu edo konpentsatu.

Kostu diruz lagungarriek ordainduta egon behar dute; obrak edo lanak egiten dituzten pertsonei edo erakundeei ordainduko zitzaizkien, kreditu- edo zordunketa-txartelaren, banku-transferentziaren, txeke izendunaren edo kreditu-erakundeetako kontuen bidez. Ez dira inolaz ere justifikatutzat joko legezko eskudirutan ordaindutako kopuruak.

11. Gastu diruz lagungarrietakoren bat 30.000 eurotik gorakoa bada (obra exekutatzeko kostuaren kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo-ondasunak eskuratzeko edo kontsulta edo aholkularitza zerbitzuak kontratatzeko kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, memoria bat aurkeztu beharko du, non hautatu duen hornitzailea bidezko arrazoiak emanez justifikatu beharko baitu, batez ere eskaintza ekonomikoena hautatu ez bada.

12. Oinarri hauen bitartez araututako dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak bete beharko dira eskabidea aurkezten den egunean.

13. Ezin izanen dira gorantz berrikusi laguntzak emateko ebazpen administratiboko dirulaguntzen zenbatekoa eta portzentajea, salbu eta errekurtso bidean edo ofiziozko berrikuspen bidean egiten bada.

Laugarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Deialdiaren zenbatekoa, hasiera batean, 10.000.000 eurokoa da, eskuragarri dagoena 2023ko eta 2024ko aurrekontuetako partidetan (2.000.000 eta 8.000.000 euro, hurrenenez hurren). Partida horiek, hain zuzen, 2022ko gastuen aurrekontuko 320000-32100-7800-261405 partidaren baliokide dira (“MRR, birgaitze babestuko Europako funtsen dirulaguntzak).

2. Eskaerei erantzuteko, aurkezpen ordenari jarraikiko zaio zorrotz, aurrekontua agortu arte. Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (10.000.000 euro) bukatzen duen azken laguntza-eskaera erregistratzen den unean. Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatu ez bada, eskaera gehiago erregistratzen ahalko dira behin-behineko erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza-eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezespen bat gertatzeagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.

3. Gehienez ere 4.000.000 milioi euro bitarteko kreditu osagarria aurreikusi da, Estatuko funts gehiagorekin finantzatuko den kredituaren bidez sortuko dena. Kasu horretan, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Diru gehigarri horren eraginkortasuna kreditu gehigarrirako baimena izatearen menpe dago, lehen adierazitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Jarduketa mota honetarako programaren barruan emanen diren laguntzak kontraprestaziorik gabeko diruzko laguntzak izanen dira.

5. Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kasu bakoitzean aplika daitekeen oinarrizko laguntza, amiantoa kentzeko laguntza eta laguntza pertsonala batuko dira, hurrengo apartatuetan ezarritakoaren arabera.

5.1. Oinarrizko laguntza: Eraikin bakoitzeko emango den oinarrizko dirulaguntzaren edo laguntzaren gehieneko zenbatekoak ezin izanen ditu muga hauek gainditu:

a) 1. taulan edo 1bis taulan ezarritako gehieneko ehunekoa bider diruz lagun daitezkeen jardueren kostua eginda lortzen den zenbatekoa.

b) 1. taulan edo 1bis taulan etxebizitza bakoitzeko ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoa eraikineko etxebizitza kopuruarekin biderkatuz lortzen den kopurua, gehi, hala badagokio, merkataritza-lokalaren sestra gainean eraikitako azaleraren metro koadro bakoitzeko edo etxebizitzaz bestelako erabileretarako 1. taulan edo 1bis taulan finkatutako laguntzaren zenbatekoa, jarduketaren bidez lortutako lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoaren aurrezpen-mailaren arabera. Sestra gaineko merkataritza-erabilerako edo beste erabilera batzuetako metro koadro bakoitzeko ezarritako zenbatekoa zenbatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko onibarrek jarduketa gauzatzeko kostuetan parte hartzea.

1. taula.

JARDUKETAREKIN AURREZTUTAKO ENERGIA

JARDUKETAREN KOSTUTIK DIRUZ LAGUN DAITEKEEN EHUNEKOA, GEHIENEZ

ETXEBIZITZA

MERKATARITZAKO LOKALAK EDO BESTE ERABILERA BATZUK

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, etxebizitza bakoitzeko

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa,
m² bakoitzeko

%45 ≤ ∆Cep,nren < %60

65

10.000 euro

40 euro

∆Cep,nren ≥ %60

80

12.000 euro

65 euro

1bis taula aplikatuko da 5.000 biztanle arteko udalerrietan eta hirikoak ez diren 20.000 biztanle arteko udalerrietan, beren biztanle-entitate berezi guztiak 5.000 biztanle artekoak badira:

1bis taula.

JARDUKETAREKIN AURREZTUTAKO ENERGIA

JARDUKETAREN KOSTUTIK DIRUZ LAGUN DAITEKEEN EHUNEKOA, GEHIENEZ

ETXEBIZITZA

MERKATARITZAKO LOKALAK EDO BESTE ERABILERA BATZUK

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, etxebizitza bakoitzeko

Gehieneko laguntza,
m² bakoitzeko

%45 ≤ ∆Cep,nren < %60

65

11.600 euro

40 euro

∆Cep,nren ≥ %60

80

16.000 euro

65 euro

5.2. Amiantoa kentzeko laguntza: amiantoa duten elementuak kendu behar diren kasuetan, laguntzaren gehieneko zenbatekoa handitu ahal izanen da, amianto-hondakinak legez baimendutako enpresen bidez kendu, manipulatu, garraiatu eta kudeatzearen kostuei dagokien kopuruan, gehienez 1.000 euro birgaitu beharreko etxebizitza bakoitzeko edo 12.000 euro eraikin bakoitzeko.

5.3. Laguntza pertsonala: ukitutako etxebizitzaren jabe edo gozamendun diren pertsona fisikoak, kalteberatasun ekonomikoko egoeran badaude, laguntza gehigarri baten onuradun izan daitezke. Laguntza hori banakako espediente batean bideratuko da, esklusiboki haientzat, eta honako zenbateko hauek izanen ditu:

–Familiaren diru-sarrera haztatuak ERREGEROSNA adierazlearen halako 0,75 baino txikiagoak badira: lanen kostutik etxebizitza bakoitzari egotz dakiokeen zenbatekoaren eta dirulaguntzagatik lorturiko zenbatekoaren arteko aldearen % 100, etxebizitza bakoitzeko 6.000 euro gehienez ere.

–Familiaren diru-sarrera haztatuak ERREGEROSNA adierazlearen halako 0,75 eta 1 artean badaude: lanen kostutik etxebizitza bakoitzari egotz dakiokeen zenbatekoaren eta dirulaguntzagatik lorturiko zenbatekoaren arteko aldearen % 100, etxebizitza bakoitzeko 3.000 euro gehienez ere.

6. Kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonatzat hartuko dira babes ofizialeko etxebizitzak alokatzeagatik dirulaguntzak jasotzeko indarrean dauden baldintzak betetzen dituztenak, baldintza horiek betetzetik salbuetsita etxebizitzaren edota haren zati alikuotaren titulartasunari buruzkoa. Etxebizitzaren edo haren zati alikuotaren titular izateko onartutako salbuespena birgaitutako etxebizitzaren titulartasunari soilik aplikatuko zaio. Familiaren diru-sarrera haztatuak zehazteko, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan jasotako arauak eta irizpideak aplikatuko dira (Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu foru dekretu horrek).

Laguntza pertsonala jasotzeko arrazoi diren etxebizitza birgaituak jabeen edo gozamendunen ohiko bizileku iraunkor gisa erabili beharko dira gutxienez bost urtez, dirulaguntza ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik zenbatzen hasita. Orobat, laguntza pertsonala jaso duen etxebizitza baten jabetza edo hura erabili eta gozatzeko eskubidea edozein tituluren bidez laga edo eskualdatzen duenak dirulaguntza ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik hasita bost urte igaro baino lehen, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dio Nafarroako Gobernuari, berandutze-interesa gehituta. Eskualdaketak ondasunaren jabeen zati baten eskubideak ukitzen baditu bakarrik, itzuli beharrekoa eskualdatzen den zatiaren eskubideek jabetza osoarekin alderatuta hartzen duten partaidetza-ehunekoaren araberakoa izanen da. Jasotako laguntzen zati proportzionala itzuli beharko da, orobat, ezkontza baten banaketaren edo dibortzioaren ondorioz edo bikote egonkor bat bereiztearen ondorioz, ondasunaren titularkide bati esleitzen bazaio dirulaguntza, ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik hasita bost urte igaro baino lehenago. Apartatu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko “mortis causa” lagapenei.

7. Birgaitutako etxebizitzetan dirulaguntzaren onuraduna merkataritza-sozietate bat izan bada, eta etxebizitza horien jabetza edo erabilera- eta gozamen-eskubideak, edozein tituluren bidez, dirulaguntza ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik hiru urte igaro baino lehen lagatzen edo eskualdatzen badira, jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa itzuli beharko zaio Nafarroako Gobernuari. Eskualdaketak etxebizitzako edo etxebizitzetako jabe diren merkataritza-sozietateen zati baten eskubideak ukitzen baditu bakarrik, itzuli beharrekoa eskualdatzen den zatiaren eskubideek jabetza osoarekin alderatuta hartzen duten partaidetza-ehunekoaren araberakoa izanen da.

Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, bat etorriz 853/2021 Errege Dekretuaren 35.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte.

2. Laguntzaren azken hartzailea jarduera ekonomiko edo komertzialak egiten dituen pertsona fisiko edo juridikoa bada, estatu-laguntzen arloko honako araubide hau aplikatuko da:

a) Azken 3 zerga-urteetan emandako laguntzen eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 eurotik beherakoa bada, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita.

b) Azken 3 zerga-urteetan emandako laguntzen eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 euro edo hortik gorakoa bada, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, energia-efizientziarako neurriak hartzeko inbertsioetarako laguntzetarako salbuespena aplikatuta (38. artikulua). Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Aurrekoaren ondorioetarako, laguntzen azken hartzaileek uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, ezarritako mugak betetzen direla zehaztuz. Era berean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute adierazteko enpresa ez dagoela krisian, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan “krisian dagoen enpresa”rako ezarrita dagoen definizioaren arabera.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Laguntza-eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (I. eranskinean dago), behar bezala beteak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak ere sinatuak, II. eranskinean adierazten den dokumentazioarekin batera.

2. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, goizeko 9:00etan, eta 2022ko abenduaren 31n bukatuko.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduak, familia bakarreko etxebizitzaren eraikinaren jabe diren pertsona fisikoen eta laguntza pertsonala eskatzen duten pertsona fisikoen kasuan izan ezik Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, II. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

4. Laguntza pertsonala eskatzeko, ezinbestekoa da laguntzen azken hartzaileetako batek aldez aurretik eskatu izana oinarrizko laguntza. Azken hartzaileak oinarri hauen bigarren klausulan daude zehaztuta.

5. Eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

6. Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileen kasuan, dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eta izapidetzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

Dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Eskaeraren sarrera-datatik hasita hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko da. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Berariazko edo isiltasun administratiboaren bidezko ezespenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza nola eta noiz ordainduko den.

1. Laguntza eman ondoren, hogeita sei hilabeteko epea izanen da xedeko jarduketak bukatzeko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik hasita. Obra diruz lagungarriak laguntza-eskaera egin aurretik hasita egon daitezke, baina inolaz ere ez 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen. Ezin izanen dira amaituta egon eskaera egiten den unerako.

2. Jarduketak exekutatzeko finkatutako epeak luzatzeko baimena emanen da, bakar-bakarrik, behar bezala justifikatutako ustekabeko inguruabarrak gertatzen direnean, baldin eta horien ondorioz ezinezkoa izan bada jarduketak gauzatzea, nahiz eta laguntzen azken hartzaileek hartuak izan beharrezkoak ziren gutxieneko neurri teknikoak eta planifikaziokoak. Nolanahi dela ere, ez da baimenik emanen laguntzaren xedeko jarduketa exekutatzeko epeak luzatzeko baldin eta guztirako epea hogeita hamasei hilabetetik gorakoa bada, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatuta. Nolanahi ere, jarduketek 2026ko ekainaren 30a baino lehen egon beharko dute amaituta.

3. Laguntzaren azken hartzaileek hiru hilabeteko epean justifikatu beharko dute instrukzio organoaren aurrean laguntzaren xedeko jarduketak exekutatu dituztela, jarduketak exekutatzeko emandako gehieneko epea bukatzen den egunetik hasita. Horretarako, laguntzaren azken hartzaileak Europako funtsen baterako finantzaketa justifikatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du, bat etorriz 853/2021 Errege Dekretuaren 35.7. artikuluan azaldutakoarekin eta oinarri hauen III. eranskinean ezarritakoarekin. Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, III. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

4. Egindako jarduketen eta lanen multzo ordezkagarri bat obra-tokian bertan egiaztatzeko prozedura bat gauzatuko da (guztira emandako dirulaguntzen %70ean, gutxienez), eta laguntzen azken hartzaileek aitortzen duten kostuaren ehuneko ehun aztertu eta baliozkotuko da administrazioaren aldetik.

5. Behin egiaztaturik laguntzen azken hartzaileak jarduketa exekutatu duela eta aurreko apartatuetan eskatutako dokumentazio guztia ezarritako epeetan aurkeztu dela, dirulaguntzak ofizioz ordainduko dira, ordainketa bakarrean, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (Nafarroako Foru Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat), berariaz adieraziz funtsen jatorria, eta horretarako aipatuko dira: Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa (edo unean uneko ministerio eskuduna etxebizitzaren arloan) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketa, eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana.

6. Bizitegi-eraikin kolektiboan birgaitze energetikoko jarduketagatiko laguntza pertsonalaren onuradun diren pertsona fisikoen kasuan, laguntza beren kontura eta haien izenean ordainduko zaie jabeen erkidegoari edo pertsona juridiko baliokideari.

7. Laguntzen azken hartzaileak betetzen ez baditu aurreko apartatuan ezarritako justifikazio betebeharrak, dirulaguntza ez da ordainduko, eta hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

8. Jarduketaren aurretik eta ondoren eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiriak alderatuta –biak onartutako ziurtapen-programa berarekin eginda–, ikusten bada azkenean lortutako energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren aurrezpen-maila proiektuan hasiera batean zenbatetsitakoa baino txikiagoa dela, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan lortutako aurrezpen-mailara egokituko da, 1. taulan edo 1bis taulan xedatutakoaren arabera. Azkenean lortutako energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren aurrezpen-maila %45etik beherakoa bada, edo ez badira betetzen familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozkuntzako urteko energia-eskari globala gutxienez %35 edo %25 (kasua zein den) murrizteari buruzko eskakizunak, edo 853/2021 Errege Dekretuan ezarritako beste edozein eskakizun, laguntza ezeztatu eginen da.

9. Laguntzaren azken hartzaileak espedienteari uko egiten badio hura eman ondoren, ezinen du eskatu beste laguntzarik “Eraikin mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa”ren barnean, salbu eta uko egite horretatik hamabi hilabete baino gehiago igaro badira.

Hamargarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Oinarri hauei jarraikiz emandako dirulaguntzak ez dira bateragarriak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren II. kapituluan (“Auzo mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa”) araututakoekin.

Ez dira bateragarriak, orobat, honako xedapen hauetan birgaitze babesturako araututako dirulaguntzekin, baldin eta dirulaguntza jarduketa babesgarri bererako bada: 61/20213 Foru Dekretua, irailaren 18koa, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituena; 234/2020 Ebazpena, urriaren 16koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko laguntzen deialdia onesten duena, abuztuaren 4ko 737/2020 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera eta 273/2021 Ebazpena, azaroaren 3koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza deialdi bat onesten duena, 691/2021 Errege Dekretuari jarraikiz, erronka demografikoa duten udalerrietan lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko.

2. Oinarri hauei jarraikiz emandako dirulaguntzak bateragarriak dira urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren V. kapituluan araututakoekin (“Etxebizitzetako energia-efizientzia hobetzeko jarduketetarako laguntza-programa”), baldin eta egiaztatzen bada dirulaguntzok ez dutela kostu bera estaliko.

Hamaikagarrena.–Itzulketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 5eko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, bidezkoa izanen da eskatzea laguntzen azken hartzaileak edo onuradunak jasotako zenbatekoak itzul ditzala, baita berandutze-interesa ere, dirulaguntza ordaindu zen unetik aurrerakoa.

Hamabigarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen aurka eta dirulaguntza emateko eta ordaintzeko ebazpenen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Hamahirugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Edozein hedabidetan laguntzak jaso dituen jarduketari erreferentzia egiterakoan, programaren irudiari buruzko eskuliburuan ezarritako betekizunak bete beharko dira, zeina eskuragarri baitago Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren web orrian (http://www.mitma.es), bai eta erregelamendu honetan publizitateari buruz ezarrita dauden neurriak ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.

Gainera, hala badagokio, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa bete beharko du, 853/2021 Errege Dekretuaren xedeko laguntzen publizitate-betebeharrei dagokienez.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak urtero ematen diren dirulaguntzak argitaratuko ditu etxebizitza gaietarako informazio webgunean (www.vivienda.navarra.es), behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak), etxebizitzen kokapena eta bakoitzak hartutako diru kopurua.

3. Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igorriko da, nola eta, komunikazio betebehar hori gauzatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 20. artikuluan ezarrita dagoen bezala, kontuan hartuta, orobat, betebehar hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoa.

Hamalaugarrena.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hauek adierazita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren entitate publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean ordaindutako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Entitate onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, goian adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Hamabosgarrena.–Finantzaketa bikoitza eta informazioa eskuratzeko eta emateko betebeharrak.

1. Finantzaketa bikoitza debekatuta dago, eta onuradunak informazioa eman beharko du diruz lagun daitezkeen kostu berberak finantzatzen lagundu dioten beste edozein funts publiko edo pribaturi buruz.

2. Onuradunak:

–Baimena ematen du Foru Komunitateko Administrazioak eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan adierazitako organoek Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko.

–Baimena ematen du informazioa trukatzeko sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

–Beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak ematen ditu, bermatu dadin Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela, bat etorriz Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. zenbakiko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin. Hain zuzen, laguntza eman ahal izateko, ezinbestekoa izanen da baimen hori (I. eranskinean jasota dago).

3. Onuradunak eskatzen zaion eta laguntza emateko beharrezkoa den informazio guztia emanen du, bai eta hura emateko baldintzak eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan xedatutakoa betetzen dituela frogatzeko beharrezkoa den informazioa ere. Laguntzen azken jasotzaileari buruzko datuak eman beharko ditu, jasotzailea bera ez bada, eta kontratistei eta azpikontratistei buruzkoak, azken jasotzailea botere adjudikatzailea bada.

Hamaseigarrena.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, honako hauek aplikatuko dira: urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua, Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

I. ERANSKINA

Eskaera-orria (DOC).

II. ERANSKINA

Eraikinen programako laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa

Honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen datuak, izen-abizenak edo sozietatearen izena adierazita, eta IFZren kopia. Ordezkaria egotekotan, haren datuak, abizenak eta izena adierazita, eta IFZren kopia, baita duen ordezkaritzaren egiaztagiria ere, aplikatzekoa den araudi espezifikoaren arabera.

b) Birgaitu beharreko eraikinaren edo etxebizitzaren jabetzaren, gozamenaren, alokairuaren edo antzeko eskubideen egiaztapena, laguntzaren azken hartzailea oinarri hauetako bigarren oinarriko 1. puntuko a), b) edo f) letretan jasotakoren bat denean. Jabetza, gozamena eta eskubide errealak jabetza erregistroko ziurtagiriaren edo ohar soilaren bidez frogatuko dira. Zaharberritze-lana eragotziko lukeen beste inolako karga edo eskubide errealik ez dagoela adierazi behar da agiri horretan. Eraikinen enpresa errentarien edo emakidadunen kasuan, bai eta izaera hori egiaztatzen duten kooperatiben kasuan ere, indarrean dagoen kontratuaren bidez egiaztatu behar dute berariazko ahalmena aitortuta dutela programaren xede diren birgaitze-lanak egiteko.

c) Jarduketak egingo diren higiezinaren katastroko datuen kontsulta deskribatzailea eta grafikoa, etxebizitzaren erabilera edo beste erabilera batzuk egiaztatzen dituena, laguntzaren zenbatekoa zehazteko erabileraren eta eraikuntza-urtearen arabera. Orobat, birgaitu beharreko eraikineko etxebizitza kopurua eta, hala badagokio, lokal kopurua zehaztu beharko dira, azalera eraikia eta solairu kopurua (beheko solairua barne) adierazita. Eraikinen Ebaluazio Txostena edo Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua badituela dioen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, horien erregistroko kodea zehaztuta, baldin eta birgaitu nahi den eraikinak edo etxebizitzak horietako bat nahitaez eduki behar badu. Aitortutako ingurune baten parte izateagatik edo balio arkitektoniko edo historiko berezia izateagatik babes-mailaren bat duten eraikinen kasuan, babes hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzailearen ordezkariak sinatua, non honako hauek adieraziko baitira, zehatz-mehatz, jarduketaren eskatzaileari edo eskatzaileei buruz:

1. Ez daudela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere, artikulu horietako e) letran aurreikusitako debekua izan ezik, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betebeharrari buruzkoa. Orobat, berariaz aipatu beharko da ez dutela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, edo, izanez gero, zorrotz bete dituztela betebehar horiek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

2. Ez dutela beste laguntzarik eskatu edo jaso jarduketa edo helburu bererako. Beste laguntzaren bat eskatu badute, eskatutako –edo, kasua bada, jasotako– laguntzaren zenbatekoa adierazi behar da, eta, hala badagokio, baita laguntza eman duen administrazio, organismo edo erakunde publikoa ere.

e) Egin beharreko jarduketaren proiektua edo, halakorik ezean, jarduketa justifikatzeko memoria, ondoan duela azken hartzailearen adostasuna jasotzen duen agiria. Memoria horrek, gutxienez, alderdi hauek jaso beharko ditu: deskribapena, jarduketa-eremuen arabera banakatutako aurrekontua eta planoak. Edonola ere, kostu diruz lagungarritzat jo daitezkeen ordainsariak eta kudeaketa-gastuak zehaztu beharko dira. Halaber, jarduketa-proiektuaren dokumentazioan edo jarduketa justifikatzeko memorian, dagokionaren arabera, honako hauek jasoko dira: hasierako egoerarekin alderatuta energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoan zenbat aurreztea aurreikusi den; hasierako egoerarekin alderatuta zenbatean murriztuko den berokuntzaren eta hoztearen energia-eskari globala; diruz lagun daitekeen inbertsioa eta eskatutako laguntzaren zenbatekoa.

f) Lehendik dagoen eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiria, egungo egoerarena, ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan eskatutako edukiarekin, teknikari eskudunak sinatua eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (edo horren ordezko organoan) erregistratua, eta lortutako energia-efizientziaren ziurtagiria, proiektuan aurreikusitako jarduketak gauzatutzat joz, esku-hartzearen aurretiko ziurtagirirako erabilitako ziurtapen-programa aitortu berarekin egina, eta teknikari eskudunak sinatua. Ziurtagirian laguntza lortzeko ezarri ziren baldintzak bete direla ziurtatuko da. Ziurtagiriak baliozkoak izateko, ezinbestekoa izanen da bi urte baino gehiago igaro ez izana ziurtagiriak ematen direnetik eskabidea aurkezten den arte.

g) Hala badagokio, idazkariak edo administratzaileak sinatutako akta edo ziurtagiria, jasotzen duena erkidegoak, behar bezala elkartutako jabekideen erkidegoek edo kooperatibaren batzarrak laguntzen xede diren birgaitze-obren exekuzioa onartzeko hartutako erabakia.

h) Hala badagokio, idazkariak edo administratzaileak sinatutako akta edo ziurtagiria, non jasoko baita dirulaguntza eskatzeko ordezkari baimenduaren izendapena.

i) Sinatutako kontratua edo eskaintza, eta partiden arabera banakatutako aurrekontua, neurketak, unitateko prezioak eta guztizkoak, BEZa edo dagokion zeharkako zerga baliokidea banakatuta eta jabeen erkidegoak berariaz onartuta. Kapituluen araberako laburpen-orrian, enpresaren sinadura eta zigilua, IFZ eta data jaso beharko dira. Adierazi beharko da dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak berreskuratzea edo konpentsatzea badagoen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera.

j) Hirigintzako eskaera eta/edo lizentzia, beharrezkoa denean, edo udalaren antzeko baimena. Obrak hasita badaude, obrak hasi izanaren ziurtagiria, teknikari tituludun eskudunak sinatuta, edo zuinketa-akta, eraikuntza-enpresako obra-zuzendariak sinatuta eta data jarrita, eta jabeen oniritziarekin.

k) Birgaitze-jarduketek ukitutako eremu guztien eta eraikinaren fatxada nagusiaren argazki-erreportajea, ahal dela koloretan.

l) Egokitasunaren aldeko ebaluazioa edo “ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena gehitu beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildoan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du erregelamendu horrek).

m) Amiantoa kentzeagatiko laguntza eskatzen dutenek, amianto-hondakinak erretiratu, manipulatu, garraiatu eta kudeatzeko kostuen kalkulua aurkeztu beharko dute. Lan horiek legez baimendutako enpresa batek egin beharko ditu.

n) Banakako espedientean kalteberatasun ekonomikoagatiko laguntza pertsonala eskatzen duten pertsona fisikoek honako hauek soilik aurkeztu beharko dituzte: birgaitu beharreko etxebizitzaren jabetzaren edo gozamenaren egiaztagiria, Jabetza Erregistroaren ziurtagiri edo ohar soil informatiboaren bidezkoa; birgaitutako etxebizitza ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzeko konpromisoa; dagokion urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopia eta jaso beharreko laguntza jabeen erkidegoari edo pertsona juridiko baliokideari lagatzeko dokumentua.

o) Laguntzen azken hartzaileak enpresak badira edo merkataritzako jardueran aritzen badira, bosgarren oinarriaren 2. puntuan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute.

Aurreko guztia gorabehera, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalak, instrukzio-organoa den aldetik, jarduketak egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak prestatzen ahalko ditu, baldin eta beharrezkoa bada jarduketa zailtasun handikoa izateagatik edo laguntzaren zenbatekoa oso handia izateagatik. Orobat, erantzukizunpeko adierazpen edo justifikazio txosten osagarriak aurkezteko ere eska dezake, unean-unean onesten diren jarraibide eta ereduei jarraikiz. Jarraibide eta eredu horiek eguneratuta argitaratuko dira Nafarroako etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean: http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/.

III. ERANSKINA

Egindako jarduketak frogatzeko eskatzen den dokumentazioa

Laguntzen azken hartzaileek laguntzaren xedeko jarduketak exekutatu dituztela justifikatu beharko dute instrukzio-organoaren aurrean (Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala). Horretarako, laguntzen azken hartzaileak eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta bete egin beharko ditu Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa; honako hau: “Batasuneko funtsak jasotzen dituztenek finantzaketa horren jatorria aipatu beharko dute, eta ikusgarritasuna ematea zainduko dute, barne dela, hala dagokionean, Europar Batasunaren ikurra erabiltzea eta finantzaketaren deklarazio egoki bat, “Europar Batasunak finantzatua - Next Generation EU” adierazten duena. Hala jokatutako da bereziki ekintzak eta haien emaitzak sustatzen direnean, informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanez, askotariko hartzaileei zuzendua, hedabideak eta jendea, oro har, barne”.

Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, aurrez aurre edo telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (pertsona juridikoek nahitaez aurkeztu behar dute telematikoki):

a) Jarduketek proiektua behar badute, benetan exekutatutako obraren proiektua.

b) Obra bukaerako ziurtagiria, obra zuzendariak edo obrak exekutatzeko zuzendariak sinatua, hala badagokio.

c) Instalazio termikoaren ziurtagiria, hala badagokio, instalazioaren zuzendariak edo instalatzaile baimenduak sinatua, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (edo hura ordezten duen organoan) erregistratua.

d) Energia-efizientziaren ziurtagiria, jarduketak egin ondoren eskuratutakoa, eta esku-hartzearen aurreko ziurtagirirako erabilitako ziurtapen-programa aitortu berarekin egindakoa. Teknikari eskudunak sinatua egon behar du, eta ziurtatu behar du laguntza jasotzeko ezarritako betekizunak bete direla. Orobat, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (edo hura ordezten duen organoan) erregistratuta egon behar du.

e) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla frogatzeko jarduketa memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean eskatutakoarekin bat. Memoria hori teknikari tituludun eskudun batek egin eta sinatuko du, hots, proiektuaren egileak edo jarduketa exekutatzeko zuzendariak, eta bertan, jarduketen bukaera data ere azalduko da. Memorian jasoko da aplikatzekoa zaion araudia, nahitaez bete beharrekoa, betetzen duela.

f) Exekutatutako obren argazkiak, ahal dela koloretan.

g) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen gaineko erantzukizunpeko adierazpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

h) Egindako jarduketei dagozkien kontratuen eta/edo eskaeren kopia eta zerrenda ziurtatua.

i) Aurkeztutako aurrekontuarekin eta kontratuekin zerikusia duten faktura guztien zerrenda ziurtatua, baita faktura horien eta bankuko ordainagirien kopiak ere, egindako inbertsioari dagozkionak.

j) Otsailaren 1eko 853/2021 Errege Dekretuaren 32. artikuluko a) letran adierazitakoa betetzen dela justifikatzeko dokumentazioa. Horretarako, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzko azterlana jasotzen duen proiektua edo memoria teknikoa aurkeztu beharko da, bai eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzko plana ere. Plan hori nola aplikatuko den zehaztu beharko da, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen 105/2008 Errege Dekretuan araututakoarekin bat. Aurreko hori honela frogatuko da:

i. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen %70 balorizatu dela behar bezala egiaztatzeko (853/2021 Errege Dekretuko 32.a) 1 artikulua), sortutako hondakinen guztizko kopurua jasotzen duen laburpen-memoria aurkeztuko da, Hondakinen Europako Zerrendako kodeen arabera sailkatuta, eta hondakinak jasotzen dituzten kudeatzaileen ziurtagiriak, instalazio bakoitzean lortutako balorizazioaren ehunekoa adierazten dutenak. Balorizatu ezin diren hondakin arriskutsuak ez dira kontuan hartuko helburu hori lortzeko.

ii. Eraispen selektiboa egiteko neurriak ezarri direla egiaztatzeko, kudeatzaileek emandako ziurtagirietan jasotako EHZ kodeak erabiliko dira, sortutako hondakinak entregatu direla justifikatzeko. Kode horiek gaika kendutako zatikiei dagozkienak izanen dira, adibidez: 170101, 170102, 170201, 170202, 170203, 170402, 170403 edo 170405.

iii. Obran bertan hondakinen bat balorizatuz gero, esleipendunak balorizatutako kopuruei buruzko informazioa sartuko du laburpen-memorian, EHZ kodearen eta erabilitako bitartekoen arabera sailkatuta (instalazio mugikorra, kudeatzailea, etab.).

iv. Hondakinetatik heldu diren agregakin birziklatuak erabiliz gero, esleipendunak material horiek erosiak direla frogatzeko dokumentazioa erantsi beharko du laburpen-memorian, eta material kopurua eta mota adierazi beharko ditu.

v. Amianto-hondakinak sortzen badira, tratamendu egokia jaso dutela frogatu beharko da. Horretarako, amianto-hondakinak sortu diren lekutik hondakinak kudeatzeko plantara lekualdatu aurretik jakinarazpen bat igorri beharko da, eta baita mugimendu horiei lotutako hondakinen lekualdaketak identifikatzeko dokumentuak ere, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.

Edonola ere, jarduera egin eta justifikatzeko epea bukatzen denean gastuen zati bat baino ez bada ordaindu, proportzionaltasun printzipioa aplikatuko da, laguntza jasotzeko eskubidea galtzearen ondorioetarako.

Aurreko guztia gorabehera, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalak, instrukzio-organoa den aldetik, jarduketak egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak prestatzen ahalko ditu, baldin eta beharrezkoa bada jarduketa zailtasun handikoa izateagatik edo laguntzaren zenbatekoa oso handia izateagatik. Orobat, erantzukizunpeko adierazpen edo justifikazio txosten osagarriak aurkezteko ere eska dezake, unean-unean onesten diren jarraibide eta ereduei jarraikiz. Jarraibide eta eredu horiek eguneratuta argitaratuko dira Nafarroako etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean: www.vivienda.navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2203357