65. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

62E/2022 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita hondakin organikoen biometanizazio planta baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Mendigorriko udal mugartean dago, eta titularra Bioenergía Mendi SL da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eta lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimena eman ziren eta ingurumen eraginaren adierazpena egin zen Granja El Saso SLren txerri ustiategi baterako eta Bioenergía Mendi SLren hondakin organikoen biometanizazio planta baterako, biak batera hartuta. Izan ere, hasierako proiektuaren planteamendua izan zen biometanizazio plantan abeltegiko simaurren tratamendua egitea funtsean, hondakin horiek nekazaritzan ongarri gisa erabili aurretik.

Garai hartan abere ustiategia baino ez zegoen sailkatuta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen eta Europako Kontseiluak kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuei buruz 1996ko irailaren 24an emandako 96/61/EE Zuzentarauaren I. eranskineko kategorietako batean. Beraz, abere ustiategia zen ingurumen baimen integratuaren araubidearen pean zegoen instalazio zatia.

Denboraren buruan, ordea, hasierako proiektuak eboluzionatu egin du eta biometanizazio planta dagoeneko ez da abeltzaintzako ustiategiaren menpeko unitate teknikoa, funtzionamendu autonomoa duen instalazioa baizik. Abeltegiaz kanpotik ekarrita biometanizazio plantan tratatzen diren hondakin organikoen kopurua handituz joan da, eta hondakin motak ere bai, eta gaur egun gutxi dira abeltegitik bertatik plantara eramaten diren abere hondakinak.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bidez, industria isurketei buruz (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuak) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren transposizioa egin zen Espainiako antolamendu juridikora.

Ondorioz, industria jarduera gehiago sartu ziren Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskinean (testu hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Besteak beste, 5.4.a) kategoria gehitu zen: hondakin ez-arriskutsuen balorizazioa tratamendu biologikoaren bidez, instalazioak egunean 100 tonatik gorako ahalmena badu, hondakinen tratamendua digestio anaerobikoa izanez gero.

Gaur egun, batetik, biometanizazio plantak abere ustiategitik bereiz funtzionatzen du, eta bestetik, egunean 100 tona hondakin tratatzeko ahalmenaren atalasea gainditu du. Beraz, jarduera hori, berez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskinean azaltzen diren kategorietako batean sailkatzeko modukoa da.

Gainera, oraintsutik baldintza berriak aplikatu behar dira hondakinak sortu eta kudeatzeari buruzko araudian, hain zuzen ere ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuak indarra hartu duenetik. Dekretu horrek hondakinak Estatuko lurraldearen barnean lekualdatzea arautzen du, eta uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan ezarritakoa garatzen du, martxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren egitura eta ildo orokorrak errespetatuz, baina prozedura hobetuz, Europako erregelamenduari estuago jarrai diezaion eta lekualdaketen tramitazio elektronikoa egin dadin.

Eskakizun berri horien ondorioz, hondakinen lekualdaketetan prozedura elektroniko bat aplikatu behar da. Hala, 2021eko uztailaren 1etik aurrera, administrazio publiko eskudunek 553/2020 Errege Dekretuari egokitu behar izan dizkiote lekualdaketaren prozedura eta agiriak. Nafarroako Gobernuak jada egina du egokitzapen hori, baina, gainera, Bioenergía Mendi SLren instalazioaren ingurumen baimen integratua egokitu beharra dago. Hura egokitu gabe ezin dira modu elektronikoan izapidetu hondakinen lekualdaketak eta ezin dira mugitu hondakinak, ez instalaziora sartzeko, ez handik ateratzeko. Beraz, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26.4 artikuluko e) letra aplikatuz, ofizioz berrikusi behar da ingurumen baimen integratua.

Hori guztia dela-eta, bereizi egin behar dira abere ustiategiaren ingurumen baimen integratua eta hondakin organikoen biometanizazio plantaren ingurumen baimen integratua.

Biometanizazio planta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskineko 5.4.a) kategorian dago sartua, bai eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 5.3.b) i) kategorian ere (testu bategina).

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren lehen xedapen iragankorrak xedatzen du ingurumen baimen integratuak emateko organo eskudunak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzeko.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra, eta eragina izan dezakete aipatu instalazioan; esate baterako, uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi dira, eta lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloratu, eta erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Kasu honetan, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26.4 artikuluaren e) letran adierazten diren inguruabarrak gertatzen dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), eta horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, Industriako Isuriei buruzko Erregelamenduaren 16.5 artikuluan ezarritako administrazio-prozedurarekin bat (erregelamendu horrek Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatzen du, eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoari jarraikiz, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak baliatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ingurumen baimen integratua eguneratzea Bioenergía Mendi SLk Mendigorriko udal mugartean duen hondakin organikoen biometanizazio plantari, halako eran non instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko baitituzte.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena mantentzea, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren bidez emana, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta kontuan hartuta ebazpen honen VIII. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra.

Hirugarrena.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko baimena ematea instalazioari, eta Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan inskribatzea, 15G04167090012021 erregistro zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena).

Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Instalazioaren titularrak Nafarroan badu helbide soziala eta operadore-ustiatzaile gisa jarduten badu instalazioan, instalazio berriaren eskaera ere operadore-ustiatzaile horren eskaeratzat joko da, eta, beraz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak kudeaketa-instalazioaren eskaeran jaso ziren baldintza berberen pean emanen du ustiatzaile baimena.

Laugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Instalazioko digestatoak kudeatzeko 1670070428/4/1 plana onestea. Ebazpen honen VII. eranskinean dago. Plan horrek VI. eranskinean dagoen protokoloan ezarritako baldintzak bete beharko ditu (abere ustiategietako minda, digestatoa eta/edo simaurra egoki kudeatzeko protokoloa).

Seigarrena.–2022o apirilaren 17a baino lehen, titularrak instalazioa egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, Batzordearen abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakian ezarritakoa betetze aldera. Betearazpen erabaki horren bidez ezarri ziren hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat. Hori guztia abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz egin behar da.

Zazpigarrena.–Ingurumen baimen integratuaren baldintzak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak berrikusten ahalko ditu, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoarekin.

Zortzigarrena.–2022ko maiatzaren 31 baino lehen, titularrak dokumentazio hau aurkeztu behar du Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Jarduketen programa bat, non azalduko baititu lurzorura eta lurpeko uretara irits daitezkeen emisio kutsagarriak ekiditeko aurreikusi dituen neurriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak, instalazioak ongi funtzionatzen duela segurtatzeko.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

–Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzearen ondorioz administrazio honekiko sortzen diren betebehar guztien bermea jarri izanaren agiriaren kopia, ebazpen honen V. eranskinean xedatutakoarekin bat. Agiri hori instalazioaren ingurumen baimen integratuko oinarrizko dokumentazioari erantsiko zaio.

–Jarduera garatzen den lursailetako bakoitzaren egoerari buruzko txostena, 9/2005 Errege Dekretuaren 3.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Txostenaren norainokoa eta edukia Nafarroako Gobernuaren web orriko zerbitzuen katalogoan jasotakoak izanen dira: www.navarra.es (Kutsaturik egon daitezkeen lurzoruen egoerari buruzko txostena).

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak ingurumeneko diziplina neurriak hartzea dakar, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Hamargarrena.–Ingurumen baimen integratu hau ematen da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 Erregelamendua.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau igortzea Bioenergía Mendi SLri, Mendigorriko Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko martxoaren 7an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2203547