65. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

58/2022 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez sarrera-proba espezifikoak arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetarako eta horietarako deialdia egiten baita 2022-2023 ikasturterako, iraupen-eskiaren modalitatean.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluak xedatzen du kirol irakaskuntzak araubide bereziko irakaskuntza gisa integratuko direla hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan irakaskuntza horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da irakaskuntza mota bakoitzaren curriculuma ezartzea, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartuta betiere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol irakaskuntzetako zikloetara sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. apartatuan xedatzen da titulua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dituen errege dekretuak egitura, irakastorduak, edukia eta proba espezifikoen ebaluazio irizpideak zehaztuko dituela, bai eta kasuan kasuko ziklora sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.

Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol irakaskuntzetara sartzea arautzen du, eta 1. apartatuan xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol irakaskuntzetara sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol irakaskuntzetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da beharrezkoak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murriztapenik ekar ez dezan.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako irakaskuntzen indarraldia ezartzen du, eta 2. apartatuan, berriz, adierazten du honako hauek irakaskuntza horietara sartzeko proba espezifikoetatik salbuetsiak egonen direla: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean, autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat hartzen dituztenak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak izan direla edo sailkatu direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. apartatuko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du, irakaskuntza horietara sartzeko, Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifiko bat gainditzea eskatzen ahalko dela. Artikulu horren 4. apartatuarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol irakaskuntzetan sartzerakoan.

Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ezartzeak berekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen eredu baten alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin lankidetzan aritzea ere.

Martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu neguko kirolen espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak arautzen.

Abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak, 9. artikuluan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legeari buruzkoa), martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen zenbait manuren testu berria ezartzen du 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin; horietako bat “Bat bis. 99. artikulua” da, 16. eta 17. tarifa sortzen dituena, hain zuzen ere, araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoan izena emateari buruzkoa eta neguko kirolen modalitateetako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoan izena emateari buruzkoa.

Ikusita Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena, Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak, 2022-2023 ikasturteari dagozkionak, egiteko deialdiari buruzkoa, eta erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Errege Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Sarrera-proba espezifikoak arautzea, 2022-2023 ikasturteari dagozkionak, Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetarako, eta horietarako deialdia egitea, ebazpen honen eranskinean ageri diren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzuari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari, Eskolatze Bulegoari, Orientazio Bulegoari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari eta ukitutako ikastetxeei.

Iruñean, 2022ko martxoaren 14an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Oinarriak

ALDERDI OROKORRAK

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen bidez, 2022. urterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikaskuntzetara sartzeko proba espezifikoetarako, 2022-2023 ikasturterako, iraupen-eskian.

2.–Proba espezifikoa egitetik salbuetsita egotea.

1. Sartzeko proba espezifikoa egitetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hartan inskribatu beharko dute eta, inskribatzeko inprimakian, salbuespena eskatuko dute, horretarako adierazitako atalean. Horretarako, behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.

2. Kirol espezialitate bakoitzari dagokion sarrera-proba arautzen duen errege dekretu bakoitzean aurreikusitakoak dira salbuesteko arrazoiak, eta, horretaz gain, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan eta bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako arrazoiak, harik eta abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren babespean ezarritako modalitate eta espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortzen diren arte.

3. Kirol espezialitate bakoitzeko epaimahai ebaluatzaileek ebatziko dituzte salbuesteko eskaerak. Horretarako, inskripziorako ikastetxeek eskaera horien oinarri diren agiriak igorriko dizkiote epaimahai ebaluatzaileari, inskribatzeko epea bukatu eta hurrengo lanegunean.

3.–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarrera-probak.

1. Desgaitasuna duten pertsonek erakunde eskudunak luzatutako minusbaliotasunaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute sarrera-proba espezifikoak egiteko inskripzioarekin batera.

2. Hezkuntza Departamentuak txostena eskatuko dio erakunde eskudunari, epaimahaiak baloratu ahal izan dezan izangaiak gai ote diren irakaskuntza hauek probetxuz egiteko –bakoitzaren desgaitasunaren eta mugen maila eta ezaugarriak kontuan harturik–, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidean aritzeko ere.

3. Epaimahaiak baldintza horietan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera-proba espezifikoak egokitzen ahalko ditu. Nolanahi ere, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak errespetatu beharko dira, bai eta kasuan kasuko tituluak, gutxieneko irakaskuntzak eta horietara sartzeko baldintzak ezartzen dituzten errege dekretuetan kirol irakaskuntzetarako definitzen diren helburuak ere.

INSKRIPZIOA

4.–Sarrera-proba espezifikoetarako inskripzioa.

1. Izena honela ematen ahalko da:

a) Bertaratuta: aukeratutako kirol irakaskuntzak ezarrita dauden ikastetxeko bulego administratiboetan.

b) Telematika bidez, online, dagokion tramiteen fitxatik. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea:

–“Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak: Iraupen-eskia”.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Esqui-de-Fondo

c) Posta elektronikoaren bidez, helbide hauetara igorriz:

IKASTETXEA / HELBIDE ELEKTRONIKOA

KIROL IRAKASKUNTZAK

Irunberriko “FP Lumbier” IBP

ieslumbi@educacion.navarra.es

Iraupen-eskiko kirol teknikaria

2. Izangai bakoitzak izena emateko eskabide bakarra bete beharko du, tramiteen fitxan ageri den 2. eranskineko ereduaren arabera.

Eskabidea hartzen duen ikastetxeak inskripzioa eskatu izanaren frogagiri bat emanen du.

3. Taula honetan ageri da kirol irakaskuntza bakoitzean sartzeko proba espezifikoetarako inskripzioa aurkezteko epea:

EPEA

KIROL IRAKASKUNTZAK

2022ko apirilaren 1etik 5era (14:00ak arte), biak barne

Iraupen-eskiko kirol teknikaria

5.–Dokumentazioa.

Inskripzio eskabidearekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarraren nortasun txartelarena.

–Erdi mailako edo goi mailako kirol irakaskuntzetan sartzeko eskakizun akademikoa, eskatzen denaren arabera, betetzen dela frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.

6.–Inskripzio tasak.

Hauek dira probetan inskribatzeko tasak, martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasak eta prezio publikoak, eta abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak aldatu zuen, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzekoak):

Neguko kiroletako erdi mailako lehen mailan sartzeko probak. Iraupen-eskiko lehen maila:

–Tarifa arrunta: 80 euro.

–Familia ugari orokorreko edo 1. kategoriako kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 40 euro.

–Familia ugari bereziko kideak; ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak; langabeak, frogatzen baldin badute langabezian egon direla gutxienez sarrera-probetan inskribatu aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez) edo 2. kategoriako familia ugariko kideak: doan.

ONARTUEN ETA BAZTERTUEN ZERRENDA

7.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

1. Deitutako probetan, gehienez 30 izangai onartuko dira iraupen-eskiko lehen mailarako proban.

2. Inskribatzen diren izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada, onartuen zerrenda prestatzeko, lehentasun irizpide hauek erabiliko dira:

a) Iraupen-eskiko lehen mailan sartzeko probak:

–Lehenbizikoa: Nafarroako Neguko Kirolen Federazioak emandako lizentzia indarduna duten izangaiak, hala badagokie.

–Bigarrena: Neguko kirolen beste federazio batek emandako lizentzia indarduna duten izangaiak.

–Hirugarrena: Federazio lizentzia indardunik ez duten izangaiak.

Irizpide horiek aplikatu ondoren lortutako taldeen hurrenkera ezartzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian 2021-2022 ikasturteko onarpen-prozedurarako egindako zozketaren emaitzari jarraituko zaio.

3. Izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira, baita arestian aipatutako kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan ere.

Zerrenda horietan adieraziko da, halaber, izangaiek eskatutako salbuespenen eta probaren egokitzapenen gaineko ebazpena.

4. Erreklamazioak kasuan kasuko ikastetxean aurkezten ahalko dira, dagokion tramiteen fitxako ereduaren arabera, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiko buruari zuzenduko zaizkio.

5. Erreklamazioak ebatzitakoan, onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, oinarri honen 5. apartatuan adierazitako egunetan, kasuan kasuko ikastetxeetan eta kasuan kasuko tramiteen fitxan.

6. Zerrendak argitaratzeko eta erreklamazioetarako egunak honako hauek dira:

KIROL IRAKASKUNTZAK

PROZEDURAREN FASEA

EGUNAK

Iraupen-eskiko kirol teknikaria

Behin-behineko zerrenda

2022-4-6

Erreklamazioak

2022-4-6tik 8ra

Behin betiko zerrenda

2022-4-12

SARRERA-PROBA ESPEZIFIKOAK

8.–Iraupen-eskiko lehen mailara sartzeko proba espezifikoa.

Iraupen-eskiko erdi mailako ikasketen lehen mailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. apartatuetan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu neguko kirolen espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

9.–Informazio bilera.

Sarrera-proba espezifikoak egin baino lehen, informazio bilera bat egiten ahalko da kasuan kasuko ikastetxeen instalazioetan, eta izangai onartuek joateko aukera izanen dute. Bileran, honako alderdi hauei buruzko argibideak emanen dira: probaren edukia eta ezaugarriak, probak egiteko behar diren jantziak eta kirol materiala, eta probekin loturiko beste alderdi batzuk.

Informazio bilerarik egiten bada, garaiz eginen da horretarako deialdia kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta dagokion tramiteen fitxan argitaratuz.

10.–Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordutegia eta tokia.

Proba espezifikoak egun batean baino gehiagotan egiten ahalko dira, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba zenbait egunetan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.

Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egun hauetan eginen dira:

DATAK (1)

KIROL IRAKASKUNTZAK

2022ko apirilaren 19a eta 20a

Iraupen-eskiko lehen maila

(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira. Nolanahi ere, datak garaiz argitaratuko dira kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta “Kirol irakskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web-orrian dago fitxa hori).

Proba egiteko eguna, ordua eta tokia proben aurreko informazio bileretan jakinaraziko dira, bai, halaber, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta baita kirol modalitate eta espezialitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan, behar den denborarekin.

Probak hasteko ezartzen den ordua baino ordu erdi bat lehenago eginen da proba bakoitzerako deia. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo atzerritarraren nortasun txartela aldean dutela agertu beharko dute, eta ariketak egiteko beharrezkoa den materiala eta ekipamendua eraman beharko dute.

11.–Proba espezifikoak gidatzeko eta betebehar espezifikoak baloratzeko epaimahaia.

1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.

2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira, ebazpen honen 8. oinarritik 12.era bitartekoetan adierazitako errege dekretuetan xedatutakoaren arabera.

3. Kirol modalitate eta espezialitate guztiei dagozkien irakaskuntzak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, sarrera-proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako, Hezkuntza Departamentuak kasuan kasuko Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak izenda ditzake.

4. Epaimahai bakoitzeko buruaren zeregina izanen da bermatzea sarrera-proba garatzen dela ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz.

5. Epaimahai bakoitzeko idazkariaren zeregina izanen da sarrera-probari buruzko aktak egitea, eta egiaztatzea proba hori ebazpen honetan ezarritakoarekin eta gainerako araudi indardunarekin bat egiten dela. Halaber, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.

6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da proba egiteko tokiak antolatu eta prestatzea hura modu egokian garatu ahal izateko, probaren garapen teknikoa kudeatzea eta izangaiak ebaluatzea proba osatzen duten ariketetan, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, beraiek bakarrik baloratuko dute proba.

7. Epaimahaiek proposatzen ahalko diote Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariari aholkulariak izenda ditzan; horien zeregina izanen da probak prestatzeko eta egiteko aholkularitza eta laguntza ematea. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da, baita ere, aholkulari horiek izendatzeaz.

8. Epaimahaiei dagokie sarrera-proba espezifikoak martxan jartzean eta garatzean sortzen ahal diren kontu tekniko eta logistiko ororen berri izatea eta horiek ebaztea. Halaber, epaimahaiek ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen dute proben garapenarekin lotutako alderdietan eta, aipatutako gaiei dagokienez, oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.

9. Salbuesteko eskaerak ebaztea ere epaimahai ebaluatzaileei dagokie.

10. Epaimahaikideei, baita epaimahaietan parte hartzen duten aholkulariei ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak dagozkie. Ebazpen horren bidez, proben epaimahaietako kideek jaso beharreko konpentsazioak ezartzen dira.

PROBEN EMAITZAK ETA ERREKLAMAZIOAK

12.–Azken kalifikazioa.

Sarrera-proba espezifikoak “Gai” edo “Ez gai” terminoekin kalifikatuko dira. “Gai” balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideen arabera.

13.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.

1. Proben behin-behineko emaitzak kasuan kasuko ikastetxeetako iragarki-taulan eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan argitaratuko dira.

Proba bakoitza bukatu ondoko hiru eguneko epean argitaratuko dira sarrera-proba espezifikoen behin-behineko emaitzak.

2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera-probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan dagoen ereduaren arabera.

3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak bi eguneko epean argitaratuko dira, probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko epea bukatzen denetik kontatzen hasita, bai kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan, bai kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxan.

Behin betiko emaitzak argitaratzearekin beteko da epaimahai ebaluatzaileak aurkezten diren erreklamazioei buruz hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura.

AKREDITAZIOAK

14.–Proba espezifikoen balioa eta egiaztapena.

Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko duen. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak emanen du egiaztagiri hori.

Interesdunek hartzen ahalko dituzte, inskripzioa egin zuten ikastetxean eta eta behin betiko emaitzak argitaratu ondoko zazpi eguneko epea iragandakoan, ebazpen horren xede diren kirol irakaskuntza ezberdinetarako sarrera-proba espezifikoak gainditu izanaren gaineko egiaztagiriak. Inskripzioa modu telematikoan egiten duten izangaiek Hezkuntza Departamentuan (Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuan) jasotzen ahalko dituzte ziurtagiriak, aurretik ezarritako epean.

Ez da inola ere emanen probaren zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk.

Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

Deskargatu 2. eranskina.–Sarrera-probarako inskripzioa (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2204023