65. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

592/2022 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdiak onesten baitira bide, ubide eta portuetako ingeniarien lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko hautaproben bidez; bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioetarako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat bide, ubide eta portuetako ingeniarien lanpostuetan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, eta bestetik, zerrenda bat aipatutako lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratudun gisa. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza jaso nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzeko abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Bide, ubide eta portuetako ingeniarien lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko, salbu Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistroaren Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko martxoaren 7an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (196/2019 Foru Agindua, abenduaren 18koa), Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuko zuzendaria, Raquel San Martín Ederra.

I.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, BIDE, UBIDE ETA PORTUETAKO INGENIARIEN LANPOSTUETAN ARITZEKO, PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN

Hauek dira

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da bide, ubide eta portuetako ingeniarien lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C edo D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Bide, ubide eta portuetako ingeniariaren unibertsitate-titulua izatea, edo araututako lanbide horretan aritzeko gaitzen duen unibertsitate-gradua eta -masterra, edo titulu hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria edukitzea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

f) Bide, ubide eta portuetako ingeniari gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

g) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.

2.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.

Deialdietarako arau komunetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, BIDE, UBIDE ETA PORTUETAKO INGENIARI GISA ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hauek dira

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da bide, ubide eta portuetako ingeniarien lanpostuetan arituko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Bide, ubide eta portuetako ingeniariaren unibertsitate-titulua izatea, edo araututako lanbide horretan aritzeko gaitzen duen unibertsitate-gradua eta -masterra, edo titulu hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria edukitzea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.

2.2. Aurreko apartatuan jasotako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Hautapen prozesuaren nondik norakoak.

Deialdietarako arau komunetan xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehendabizikoa.–Eskaerak eta dokumentazioa.

1.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdiotan parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdiok Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

1.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu hauetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa Enplegu publikoko deialdien barnean, deialdi honi dagokion aipamenean, hain zuzen.

Eskaera-orrian, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaera-orrian; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean. Pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hautapen prozesua kudeatzen duen organoaren bidez, espedientea izapidetzeko eta ebazteko behar diren nortasunari, adinari eta titulazioari buruzko datuak kontsultatuko ditu. Datuetara sartuko da, hain zuzen, Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko (SVCD) Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez edo sistema balikideen bidez, salbu eta izangaiak uko egiten badio modu arrazoituan. Uko egiten badio, nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu beharko du, eskaneaturik.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.–Izangaiak onartzea.

2.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila www.nafarroa.eus helbidean.

Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiari buruz dagoen aipamenetik abiatuta.

2.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak egiteko epea amaituta, eta horiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez onetsiko dira izangaien behin betiko zerrendak. Zerrendok www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko dira, deialdian adierazitako hautaproba zer egun, ordu eta tokitan eginen den zehaztuta.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi hauetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

2.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Tercera.–Tribunal calificador.

3.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: José Francisco López García jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Raúl Sainz Gómez jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Eraikuntzako Segurtasunaren eta Kalitate Kontrolaren Ataleko burua.

Batzordekidea: María Carmen González Martínez andrea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Proiektuen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Estela Moso Sarasa andrea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekidea: Gabriel Morezuelas Igualador jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Proiektuak Zuzendu eta Burutzeko Bulegoko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Inmaculada de las Cuevas Terán andrea, Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekidea: María Mar Suárez Sanabria andrea, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Pablo Azpiroz Iribas jauna, Langileen Batzordeak izendatutako ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: José Gabriel Iriarte Rived jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Martín Orradre Artieda jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

3.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

3.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburu eta idazkari lanak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Hautapen prozesuko proba teorikoa izanen da, eta idatziz garatu beharko dira bi gai, I. eranskineko zerrendan jasotakoetatik. Kalifikazio epaimahaiak zozketa bidez hautatuko ditu bi gai horiek.

Proba idatzi hori egiteko 3 ordu izanen dira gehienez.

Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

4.2. Probak 100 puntuko kalifikazioa izanen du, gehienez ere. Gai bakoitzak gehienez ere 50 puntuko balorazioa izanen du. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

4.4. Proba egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskaera-orrian eskatu badute.

Bosgarrena.–Emaitzak.

5.1. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren aipamenean), izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

5.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, kalifikazio epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak ebazteko zozketa bakarra eta berariazkoa eginen du kalifikazio epaimahaiak. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak deialdiaren web fitxan argitaratuko dira.

5.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzi ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus helbidean argitaratutako ditu honako zerrenda hauek, bereizita:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

5.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio probak gainditu dituzten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Seigarrena.–Bide, ubide eta portuetako ingeniari lanpostuan aritzeko izangaien zerrendak eta izangaiei dei egitea.

6.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira izangaien zerrendak. Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da.

6.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

6.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

6.4. Deia jasotzen dutenek eskatutako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte. Hala bada, ubide eta portuetako ingeniariaren unibertsitate-tituluaren edo araututako lanbide horretan aritzeko gaitzen duen unibertsitate-graduaren eta -masterraren kopia aurkeztu beharko dituzte, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria. Halaber, B motako gidabaimenaren kopia aurkeztu beharko dute.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Zazpigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdien, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoa zer egintzaren kontra jarri nahi den, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–5/2007 Foru Legea, martxoaren 23koa, Nafarroako Errepideei buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua: Planifikazioa, proiekzioa eta eraikuntza. IV. titulua: Bideen jabari publikoaren babesa eta jabetzari ezarritako mugak. V. titulua: Hiri barneko tarteak eta errepideetako zeharbideak.

2. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena: II. titulua. Lurralde eta hirigintza arloko antolamendua. Lurraldearen antolamendua. Udalen hirigintza-planeamendua: hirigintza-antolamenduko determinazioak, Udal Plan Orokorra eta garapenerako planeamendua. III. titulua. Lurzoruaren hirigintza-araubidea.

3. gaia.–1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, eraikuntza obretako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituena.

4. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua (1-2 artikuluak). I. titulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Kontratistak (12-21 artikuluak). III. kapitulua. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa (27-38 artikuluak). IV. kapitulua. Kontratu publikoen kontratu-kudeaketarako printzipioak eta arauak (42-45 artikuluak). V. kapitulua. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak (46-103 artikuluak). VI. kapitulua: Kontratuak gauzatzea (104-115 artikuluak). VII. kapitulua. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk (116-120 artikuluak). III. titulua. Administrazio publikoen kontratuen araubide juridikoa (162-217 artikuluak).

5. gaia.–21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen ebaluazioari buruzkoa: II. titulua: II. kapitulua. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa proiektuetan (33-48 artikuluak). 17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena: Atariko titulua: Printzipio eta xedapen orokorrak. I. titulua: Ingurumen arloko esku-hartzea, ingurumen-baimen bateratuaren bidezkoa: I. kapitulua: Ingurumenean esku hartzeko tresnak (7-11 artikuluak); II. kapitulua: Ingurumenean esku hartzeko tresnetarako xedapen komunak (12-14 artikuluak). IV. kapitulua: Ingurumen-ukipenen ebaluazioaren bitartezko ingurumen esku-hartzea.

6. gaia.–Trafikoaren azterlana. Inkestak. Intentsitatea. Abiadura. Ahalmena. Zerbitzu-mailak.

7. gaia.–Azterlan geologikoak eta geoteknikoak. Materialen iturriak.

8. gaia.–Lur-berdinketak. Lurrezko obren proiektuak eta horiek gauzatzea. Masa diagrama. Arauak eta zehaztapenak.

9. gaia.–Drainatzea. 5.2-IC jarraibidea. “Azaleko drainatzea”. Lurpeko drainatzea proiektatu eta eraikitzeko gomendioak (17/2003 Agindu zirkularra). Azaleko urak hustea. Higadura. Ezpondak. Drainatze motak eta haien diseinua.

10. gaia.–3-1 IC Araua. “Trazadura” (otsailaren 19ko FOM/273/2016 Agindua): 3. kapitulua. Trazadura aztertzeko oinarrizko datuak. 4. kapitulua. Oinplanoko trazadura. 5. kapitulua. Altxaerako trazadura. 6. kapitulua. Oinplanoko eta altxaerako trazaduraren koordinazioa. 7. kapitulua. Zeharkako sekzioa. 8. kapitulua. Errei gehigarriak eta trazaduraren beste elementu batzuk.

11. gaia.–Bidegurutzeak: funtzionamendua, sailkapena, elementuak, motak eta proiektu irizpideak. Loturak: elementuak, adarrak, egiturak, bide biltzaileak eta banatzaileak, lotura bat proiektatzeko datuak. Motak. Proiektu irizpideak.

12. gaia.–Errepideetako tunelak. Aplikatzekoa den araudi indarduna. Proiektu irizpideak. Eraikuntza. Kontserbazioa.

13. gaia.–Zoladurak: granulu-geruzak. Lurzoru egonkortuak eta legar tratatuak. Azaleko tratamenduak: erabiltzen diren materialak, materialei buruzko arau eta zehaztapenak, eraikuntza.

14. gaia.–Zoladura malguak. Proiektu irizpideak. Egituraren azterketa. Erabiltzen diren materialak. Materialei buruzko arau eta zehaztapenak. Eraikuntza.

15. gaia.–Zoladura latzak. Proiektu irizpideak. Egituraren azterketa. Erabiltzen diren materialak. Materialei buruzko arau eta zehaztapenak. Eraikuntza.

16. gaia.–Elementu osagarriak: seinaleztapena, balizamendua, argiztapena eta defentsa. Zerbitzu lagungarriak. Informazioa.

17. gaia.–470/2021 Errege Dekretua, ekainaren 29koa, Egitura Kodea onartzen duena: 2. titulua. Hormigoizko egiturak. 11. kapitulua. Hormigoizko egiturak exekutatzea.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2203548