60. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

35E/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 23koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira dirulaguntza honen 2022ko deialdia eta oinarri arautzaileak: “Nafarroako toki erakundeentzako laguntzak, memoriaren, biktimen, giza eskubideen, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren arloko jarduerak egiteko”. DDBN identifikazioa: 612005.

Bakea eta bizikidetza Nafarroako gizarte osoak gogo biziz eskatzen dituen bi nahi dira, eta Gobernuaren programaren eta ekintzaren lehentasunezko helburuak dira.

Nafarroako errealitate sozial eta politikoa motibazio politikoko indarkeriak markatu du azken hamarkadetan. Indarkeriak kalte konponezinak sortu ditu, pertsonaren duintasunaren aurka egin du, giza eskubideak sistematikoki urratu ditu eta, neurri handi batean, zatiketa eta urruntze sakona ekarri du norbanako, talde, familia, herri, erakunde eta hizkuntza, kultura eta politika arloko unibertsoen artean, eta kalte larria eragin bizikidetza harremanetan.

Gainera, bereziki azken urteotan, bizikidetza nahaspilatuz joan da gure erkidegoaren zenbait esparrutan etnia, kultura, zibilizazio eta erlijio proposamen desberdinen artean ageri den mesfidantza eta diskriminazioagatik.

Errealitate horiek agerian uzten dute ahalegin bat egin beharra, egindako kalteak gainditzeko eta gatazka eta indarkeriazko eszenatoki berrien agerpena galarazteko. Horretarako, memoria historikoari buruzko legeetan xedatutakoa betetzeko asmoz, ezinbestekoa da gertatu denarekiko memoria bizia eta kritikoa indartzea, begirada biktima izan direnei zuzenduta, egia, justizia eta erreparazioa merezi baitute. Aniztasuna onar eta errespeta dadila sustatzea ere beharrezkoa da, bakearen kultura bultzatuz. Alde horretatik, ideologia, etnia, kultura, zibilizazio eta bizipen erlijioso desberdinen arteko harremanek, bizikidetzak eta topaketak balio positiboa eta aberasgarria izan behar dute gure gizarte demokratikoarentzat; betiere, aintzat hartuta pertsonaren duintasuna eta Giza Eskubideak erreferentzia etiko unibertsal eta ukaezina direla desberdinen arteko harremanetan.

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Nafarroako toki erakundeen ahalik eta inplikazio handiena sustatu gogo du memoria historikoaren, bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekimenak sustatu eta garatzeko.

Toki erakundeek funtsezko zeregina dute bizikidetza inklusibo berri baten eraikuntzan, herritarrengandik hurbil daudelako eta benetako parte-hartze demokratiko errespetuzkoaren eszenatokiak sortzeko aukerak dituztelako. Erakunde multzo horren bete-beteko sostengu irmoa funtsezkoa da bake iraunkorreko eta errespetuzko bizikidetzako eszenatoki berria sendotuko bada.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezartzen da zer araubide juridiko ororkor aplikatzen zaien Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Deialdi honen xedea da toki erakundeei laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea, memoriaren, biktimen, giza eskubideen, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren arloko jarduerak egin ditzaten 2022an.

Deialdiak bide ematen die erakunde interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia ados egonik.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako toki erakundeei memoriaren, biktimen, giza eskubideen, bakerako hezkuntzaren, bizikidetzaren eta kultur dibertsitatearen arloko jarduerak egiteko emanen zaizkien laguntzen 2022ko deialdia onestea.

2. 60.000,00 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B20002 B2100 4609 232503: Toki erakundeentzako dirulaguntzak, bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jarduerak egiteko

2022

30.000,00

B20002-B2100-7609-232500: Toki erakundeentzako dirulaguntzak, memoriaren, biktimen eta giza eskubideen arloko jarduketetarako

2022

30.000,00

3. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Foru agindu hau jakinaraztea Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari, eta igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, haren Kontabilitate Zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko otsailaren 23an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

NAFARROAKO TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZAK, MEMORIAREN, BIKTIMEN, GIZA ESKUBIDEEN, BAKERAKO HEZKUNTZAREN ETA BIZIKIDETZAREN ARLOKO JARDUERAK EGITEKO 2022AN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Laguntzen xedea da Nafarroako toki erakundeek jarduketa hauetakoren bat egitea:

I. Inbertsioak memoriaren, biktimen eta giza eskubideen arloan:

1. 1936ko kolpe militarraren eta ondoko errepresio frankistaren biktimak gogoratzeko eta errekonozimendua egiteko elementuak jartzea (plakak, panelak, oroitarriak, etab.).

2. Terrorismoaren biktimak gogoratzeko eta errekonozimendua egiteko elementuak jartzea (plakak, panelak, oroitarriak, etab.).

3. Frankismoaren memoriari lotutako ondare elementuei esanahi berri bat ematea, elkarbizitza sustatzeko eta giza eskubideen inguruan hausnartzeko guneak izan daitezen.

4. Ikur eta elementu frankistak kentzea eremu publikotik, 33/2013 Foru Legean xedatutakoaren arabera.

II. Bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko jarduerak.

Gizarte osoaren parte-hartzeari irekitako jarduerak antolatzea, hala nola:

1. Erakusketak, foroak, hitzaldiak, eztabaidak, topaketak, lehiaketak eta ekitaldiak, helburu dutenak hausnarketa eta konpromisoa sustatzea bake eta bizikidetza kulturaren balioen gainean, bai eta giza eskubideen urraketak ez errepikatzearen gainean ere.

2. Bizikidetza lortze aldera egindako jarduerak, helburu dutenak topaketa, elkar ezagutzea eta elkarrizketa sustatzea sentsibilitate politiko desberdinetako pertsona eta taldeen artean, eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinetakoen artean.

3. Bizikidetza eraikitzeko tokiko planak garatzea.

Deialdi honen xedetik kanpo gelditzen dira kulturen arteko bizikidetza berariaz sustatzeko tokiko planak; izan ere, horiek diruz lagunduko dira Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak bere garaian egindako deialdien bidez.

2.–Jarduketa eremua eta helburua.

Dirulaguntzaren xedeko proiektu eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean garatuko dira, argi eta garbi erakutsi beharko dute zer ahalmen pedagogiko eta sozial duten memoriaren, bakerako hezkuntzaren eta bizikidetzaren alde, eta helburu hauetakoren bat bultzatu beharko dute:

–Gure indarkeriaren historia nola sortu eta garatu den eta haren ondorioak ikasten laguntzea, berriro gerta ez dadin bermatzeko, giza eskubideen zapalketekiko memoria kritikoa bultzatuz.

–Giza eskubideen errespetua sustatzea, eta biktimek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubideari erantzutea, betiere biktima bakoitza bere biktima izaeraren testuinguruan hartuta.

–Sentsibilitate politiko desberdinetako eta unibertso kultural, erlijioso eta ideologiko desberdinetako pertsona eta taldeen arteko topaketa eta gogoeta, analisia eta elkarlanaren esperientzia sustatzea, adiskidetzea, bakea eta bizikidetza helburu duten jarduera eta ekitaldien bitartez.

–Laneko batzorde edo talde egonkorrak bultzatzea, lan egin dezaten bakearen eta bizikidetzaren aldeko programa edo proiektuak sustatzen.

–Herritarrak, batez ere belaunaldi gazteenak, inplikatzea bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren kultura sustatzen, ideologia, sinesmen, uste edo iritzi desberdinetako herritarren artean haustura sozial berriak agertu baino lehen.

Laguntza horiek Nafarroako Bizikidetzaren I. Plan Estrategikoan aurreikusitako ekintzen parte dira.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako udal, kontzeju eta mankomunitateek jasotzen ahalko dituzte oinarri hauetan arautu diren laguntzak.

Aurkezten diren erakundeek betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

4.–Jarduerek bete beharrekoak.

Laguntzaren xedeko jardueren ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.

Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 25era bitarte egin beharko dira.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako prestatu diren ereduen arabera, I. eranskinean jaso baitira. Eredu horiek entitateen eskura egonen dira Nafarroako Atariaren tramiteen katalogo fitxan:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17154/Ayudas-a-entidades-locales-de-Navarra-para-la-realizacion-de-actividades-en-materia-de-memoria-victimas-derechos-humanos-educacion-para-la-paz-y-convivencia-2021-copia

Eskaerak aipatutako fitxaren bidez (“Tramitatu” botoia) aurkeztuko dira edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Eskaerak Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, destinoko atala: 10007859.

Erakunde interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak, ezarritako ereduen arabera prestatuak (ereduak erakunde interesdunen eskura daude 5.1 oinarrian ezarritako tokietan), erakundearen ordezkariak behar bezala sinatuak aurkeztu beharko dira, honako dokumentazio hau erantsita:

a) Toki erakundeko organo eskudunak laguntza eskatzeko hartutako erabakiaren ziurtagiria, eskatzen den diru zenbatekoaz gainera, jarduerak egiteko, aurreikusitako gastu-aurrekontuaren guztirako zenbatekoa adierazita.

b) Behar diren ziurtagiriak, egiaztatzeko ezen zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko edo haren erakunde autonomoekiko zorrak ordainduak dituela.

c) Toki erakundearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoera batean ere ez dagoela dioena.

d) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo erakunde publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, toki erakundeek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela dioena.

e) Mankomunitateen kasuan, estatutuen fotokopia aurkeztu beharko dute, eta jarduera mota eta izaera juridikoa adierazi.

f) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, behar bezala betea (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu horretaz ari dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu erakunde onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak du eskumena dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko.

7.–Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Baremo hauei jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

7.1. Bakar-bakarrik inbertsioak sartzen dituzten proiektuen kasuan (oroigarriak jartzekoak edo ikurrak kentzekoak):

a) Egin beharreko inbertsioaren irismena eta begien bistako eragina: 60 puntu arte:

a1. Kaleetan, eraikinetan, auzoan, natura eremuan edo ondare elementuan ukitutako eremua edo azalera: 40 puntu arte.

a2. Inbertsioaren begien bistako eragina: 20 puntu arte.

b) Beste erakunde publiko eta/edo pribatu batzuekin elkarlanean egindako ekimenetako inbertsioak (Parlamentua, Nafarroako Gobernua, memoriaren inguruko elkarteak, biktimen elkarteak, fundazioak, etab.): 20 puntu.

c) Inbertsioaren aurrekontuaren eragimena: 20 puntu arte.

7.2. Gainerako proiektuen kasuan, hots, ohiko gastuetan oinarritutako jarduerak sartzen dituztenak edo ohiko gastuak eta inbertsioak aurreikusten dituztenak:

a) Jardueren proiektuaren kalitate teknikoa: 65 puntu arte.

a1. Jardueren tipologia, definizioa eta abian jartzeko plana: 20 puntu arte.

–Jardueren zehaztasun maila: 10 puntu arte.

–Jardueren aniztasuna: 5 puntu arte.

–Jarduerak abian jartzeko plangintza: 5 puntu arte.

a2. Berariazko helburuen hedadura, eragina eta espero diren emaitzak: 20 puntu arte.

–Berariazko helburuen hedadura eta justifikazioa: 7 puntu arte.

–Eraginaren kalitatea eta espero diren emaitzak: 13 puntu arte.

a3. Jende mota ezberdinak parte hartzea aurreikusten bada (toki erakundeko langileek, elkarteek, gazte taldeek, herritarrek etab.): 15 puntu arte.

a4. Aurrekontuaren eragimena: 10 puntu arte.

b) Jarduerak bakearen eta bizikidetzaren helburuarekin lan egiten duten beste udal egitura edo/eta plan zabalago batzuetan sartzea: 10 puntu arte.

c) Jarduerak egiteko hartu diren zeharkako neurrien intentsitatea (genero berdintasuna, aukera berdintasuna, gaztelania eta euskara erabiltzea, ingurumen arloko neurriak jardueren eragina gutxitu edo/eta zuzentzeko): 10 puntu arte.

d) Jardueren zabalkunderako planaren kalitatea: 15 puntu arte.

7.3 Laguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

8.–Laguntzaren zenbatekoa adjudikatzea.

Eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 artekoa izaten ahalko da esleitzen den laguntzaren zenbatekoa, kontuan izanda proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izaten ahal dela. Toki erakunde bakoitzak deialdi honen babesean laguntzea eskatzen dituen jarduera guztiak jaso beharko dira proiektuan, inbertsioak barne.

Inbertsioen partidan edo ohiko gastuen partidan aurreikusita dagoen diru zenbatekoa gaindituz gero, eskatutako eta onartutako zenbatekoaren gainean portzentaje-tarte hauek aplikatuko dira dirulaguntza kalkulatzeko lortutako puntuazioaren arabera (aurrekontuko partida bakoitza bere aldetik hartuta):

TARTEAK

PORTZENTAJEA %

50 eta 54 artean

55

55 eta 59 artean

60

60 eta 64 artean

65

65 eta 69 artean

70

70 eta 74 artean

75

75 eta 79 artean

80

80 eta 84 artean

85

85 eta 89 artean

90

90 eta 94 artean

95

95 eta 100 artean

100

Aurreko irizpidea aplikatu ondoren aurrekontuko kontsignazioa gainditzen bada oraindik ere, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da aurreko irizpidearen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoetatik abiatuta.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, entitate interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 60.000,00 euro ditu 2022ko gastuen aurrekontuan deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko, partida hauen kargura hain zuzen:

• 30.000,00 euro “Toki erakundeentzako dirulaguntzak bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei loturiko jardueretarako” izeneko B20002 B2100 4609 232503 partidaren kargura.

• 30.000,00 euro “Toki erakundeentzako dirulaguntzak memoriaren, biktimen eta giza eskubideen arloko jarduketetarako” izeneko B20002 B2100 7609 232500 partidaren kargura.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 22ra bitarte egiten diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu hautagarritzat hartzeko, gastu horiek zuzeneko lotura izan beharko dute jardueraren garapenarekin, zalantzarik gabe, eta toki erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu xehatu eta zehaztuan jasota egon beharko dira.

Inbertsio gastuei dagokienez, oroigarriak jartzearekin eta/edo ikur frankistak kentzearekin zuzenean lotutako gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

Ez dira inoiz diruz lagungarritzat hartuko erakunde eskatzailearen ohiko funtzionamenduaren ondoriozko gastuak, ez eta langileen gastuak ere.

Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (adibidez, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ez dira diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarrien barrenean, diruz lagunduriko jardueraren zabalkunde gastuetatik kontuan hartuko dena ez da izanen jardueraren aurrekontuaren %20 baino handiagoa.

Toki erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntzaren muga zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.

Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta bertan adieraziko dira dirulaguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Hala ere, diru zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da, eta berandutze-interesa eskatuko da.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

12.1. Laguntza ordainduko da, jarduerak egin ahala, horiek justifikatu eta deskribatu ondoren, eta egutegi honen arabera:

–Jarduera guztiak abuztuaren 31 baino lehen, egun hori barne, amaitu dituzten proiektuen kasuan, amaitu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, 2022ko irailaren 7a izanik aurkezteko azken eguna.

–Jarduera guztiak abuztuaren 31ren ondoren amaitu dituzten proiektuen kasuan, amaitu ondorengo edozein unetan aurkezten ahalko dira justifikazioak, 2022ko abenduaren 2a izanik aurkezteko azken eguna.

12.2. Justifikazio ekonomikoak eginen dira diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontu bat aurkeztuz, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gastuen atalean dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen azalduko dira; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Frogatzeko kontu horrek dagozkion frogagiriak eduki beharko ditu. Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Nolanahi ere, dirulaguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.

12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, ebaluazio memoria tekniko bat aurkeztu behar da Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrarekin batera, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari zuzendua, 12.1 puntuan ezarritako datak baino lehen. Memoria horrek datu kuantitatibo eta kualitatiboak jaso behar ditu diruz lagundutako jarduketa bakoitzaren gauzapenari buruz, eta V. eranskinaren araberakoa izanen da. Nahi izanez gero, erakunde onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla bermatzeko. Ebaluazio memoria teknikoaren zein erakunde onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza eman eta hilabeteko epean, onuradunek gardentasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen VI. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat; izan ere, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen ditu.

Horrez gainera, laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Berariazko oinarri arautzaileetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Dirulaguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate guztian. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen erakundearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta betiere jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

f) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

h) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Jarraipena.

12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, instrukzio organoak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu diren, zer hedadura izan duten eta entitate onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak diren egiaztatzeko.

15.–Baldintzak aldatzea.

Erakunde onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera bateragarriez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Salbuespen gisa, programa gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek zilegi izanen dute dirulaguntza jasotzen duen/duten programaren/programen edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Instrukzio organoak %10etik beherako aldaketa ekonomikoak onartzen ahalko ditu kontzeptu diruz lagungarrietan, betiere horien ondorioz proiektuaren helburuak aldatzen ez badira edo baremoan lortutako puntuazioa jaitsi beharra gertatzen ez bada.

16.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitaude, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Entitate interesdunek zilegi dute deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

ERANSKINAK

I. eranskina.–Laguntza eskabidearen eredua.

II. eranskina.–Dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez egotearen adierazpena.

III. eranskina.–Eskatutako beste laguntza batzuen erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskina.–Diru-sarreren eta gastuen justifikazio kontuaren eredua.

V. eranskina.–Ebaluazio memoriaren eredua.

VI. eranskina.–Gardentasun betebeharrak betetzen direla adierazteko eredua.

Deskargatu eranskin guztiak DOC formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2202798