6. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

137/2021 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzaileak (2022-2030) jendaurrean jartzen duena.

Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak ezartzen duenez, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak dira mugikortasun arloko plangintza, koordinazioa, antolamendua, kudeaketa eta jarraipena, baita mugikortasun arloko politikak, planak, proiektuak eta azterketak prestatzea ere.

Eginkizun horiek betetzeko, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jakinarazi du Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzailearen (2022-2030) prestaketa sustatu duela, onesteko tramitean den Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzentzailean aurreikusten zen ekintza garatzeko, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren (S3) helburua betetzeko xedez, helburu hau, alegia: “jasangarritasun handiagoa lortzea, Nafarroako ingurune naturalaren balioa azpimarratuz, natura-baliabideak babestuz eta berorien erabilera efizientea sustatuz, ingurumenaren kalitatea mantentzeko eta hobetzeko helburuarekin”, energia-efizientziaren adierazleak hobetzeko asmoz (energia kontsumoa gutxiagotzea), eta berotegi efektuko gasen emisioak gutxiagotzeko.

Era berean, aipatu zerbitzuak jakinarazi du Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzailea bat datorrela Nafarroako Klima Aldaketarako Ibilbide Orriaren (HCCN 2017-2030-2050) helburuekin, berotegi efektuko gasen emisioak arintzeari dagokionez, eta, halaber, Nafarroako Lurralde Estrategia indartu nahi duela; izan ere, haren 3.2.3 helburua mugikortasun indibiduala interes kolektiboarekin uztartzea da.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak adierazi du proposamenak prestatzeko garaian kontuan hartu direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zenbait organismok bultzatu dituzten proiektuak. Horien artean, azpimarratzekoak dira Ederbidea eta Bicimugi proiektuak, EuroVelo sarea Nafarroan garatzeko.

Halaber, Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzaileak sakontzen eta laguntzen ditu lurralde koordinazioaren eta mugikortasun jasangarriaren helburuak, zeinak jaso baitziren uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan (arau horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina). Legegintzako foru dekretu horretan ezartzen da mugikortasun jasangarriari buruzko determinazioak ezarri beharra, eta, horretarako, proposatzen da hirigintza-planeamendu orokorrak mugikortasun jasangarriko politikak ezartzea, honakoak integratuz: oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun-irizpideak, bide-segurtasunaren kontzeptua kaleen eta espazio publikoen diseinuan, eta herritarrek garraio publiko eta kolektibora eta inpaktu txikiko gainerako garraio-sistemetara erraz iristeko modua izatea.

Esparru global horretan, eta Nafarroak garraioaren eta mugikortasunaren arloan duen interes orokorra bilatuz, Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzailearen helburua da 2030era arte garatu beharreko jarduerak formulatzea, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako irisgarritasuna hobetzeko eta motorrik gabeko garraiobideen erabilera sustatzeko, bai eguneroko joan-etorrietan, bai jolas eta kirol eremuetan, eta, horrela, erabilera partikularreko bitarteko motordunak alde batera uzten joatea.

Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak parte-hartze prozesu publiko bat egin du; parte hartzeko lantegi batzuk egin ditu 2021eko ekainean eta uztailean, eta ekarpenak jaso ditu Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian. Azkenik, prozesua burutzeko, 2021eko azaroaren 25ean itzulera-saio bat egin da. Jasotako ekarpenak kontuan hartuz, Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzailearen (2022-2030) zirriborroa prestatu da.

Proposamenak ukitzen duen lurraldearen handia eta zer aplikazio eremu hartzen duen kontuan hartuta, aipatutako zerbitzuak proposatzen du zirriborro hori jendaurrean jartzea hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarri ondoren.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzailea (2022-2030) jendaurrean jartzea hilabeteko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik.

Ondorio horietarako, Nafarroako Mugikortasun Aktiboaren Plan Zuzentzailearen (2022-2030) hasierako bertsioa eskuragarri egonen da, kontsultatzeko, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuan (Iruñeko Emilio Arrieta kalea 25, lehen solairua, bulegoko ordutegian), eta Gobernu Irekiaren Atariaren web-orrian, helbide honetan:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/partaidetza/prozesuak/nafarroako-mugikortasun-aktiboaren-plan-zuzentzailea-2022-2030

Epe horretan, pertsona interesdunek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkezten ahalko dituzte Lurralde Kohesiorako Departamentuan dagoen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (San Ignazio etorbidea 3, beheko solairua, 31002, Iruña, Nafarroa), edo helbide honetan azaltzen diren Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetatik beste edozeinetan: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/AtencionCiudadana/Oficinas.htm Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan adierazitako bulegoetan eta erregistroetan aurkezten ahalko dira, eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Interneteko atarian adieraziko den helbide elektronikoaren bidez ere bai (https://gobiernoabierto.navarra.es/es).

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari jakinaraztea, bere ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 20an.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2117924