51. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

370/2022 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita goi mailako kirol teknikariaren hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko.

Azaroaren 25eko 85/2020 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2020ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, 2020ra arte luzatutako Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan, besteak beste, goi mailako kirol teknikariaren hiru lanpostu huts sartu ziren, funtzionario-araubidekoak eta A mailakoak.

Orobat, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak abenduaren 16an emandako 2965/2020 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako kirol teknikarien lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 19ko 1499/2021 Ebazpenaren bidez, deialdi hori bete gabe deklaratu zen.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko goi mailako kirol teknikariaren hiru lanpostu betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera-prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta dagozkion oinarriak onestea goi mailako kirol teknikariaren hiru lanpostu sarrera-prozeduran eta oposizio bidez betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Egituraren, Lanpostuen Antolaketaren eta Langileen Plantillaren Zerbitzuari, Nafarroako Kirolaren Institutuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei.

Iruñean, 2022ko otsailaren 15ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

GOI MAILAKO KIROL TEKNIKARIAREN HIRU LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea goi mailako kirol teknikariaren hiru lanpostu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko; lanpostu horiek A mailakoak eta funtzionarioen araubidekoak dira, eta ebazpen honen II. eranskinean zehazten dira horien zenbakiak, betebeharrak eta destinoak.

1.2. Hiru lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–Lanpostu bat txanda irekian.

–Bi lanpostu igoera txandan.

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien lizentziadun edo gradudun titulua izatea, edo baliokidetzat deklaratutako titulua, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoak izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak, eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute, baldin betetzen badituzte igoera txandan parte hartzeko gainerako betebeharrak.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

2.1.3. Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Betebehar hori egiaztatzearren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututako Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion ziurtagiri hori, edo, bestela, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.1 apartatuan agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, “Enplegu publikoko deialdiak”, deialdi honen aipamenean sartuta.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 41,60 euroko tasa ordaindu beharko da.

Telematika bidez ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Hautapen proben deialdia argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu, egiaztatzeko aurreko paragrafoan adierazitako salbuespen egoera (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badu eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badu, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 apartatuan jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.

Hiru.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiari buruz dagoen aipamenetik abiatuta.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Primitivo Sánchez Sanz jauna, Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren zuzendariordea.

–Ordezko epaimahaiburua: José Ramón Santesteban Úriz jauna, Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren zuzendariordea.

–Epaimahaikidea: Juan Tomás Apezetxea Aizpuru jauna, Nafarroako Kirolaren Institutuko Entitateen eta Kirol errendimenduaren Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Ana Luisa Onaindia Salaberria andrea, Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirola Sustatzeko Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Diego Reyero Díez jauna, Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaria.

–Ordezko epaimahaikidea: Andoni Irujo Pérez de Eulate jauna, Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Jokoen Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Jesús Javier Elizalde Esteban jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: David Calavia Erce jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Idazkaria: Esteban Imaz Vacas jauna, Nafarroako Kirolaren Institutuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Ordezko idazkaria: Juan Carlos Orenes Ruiz jauna, Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2022ko irailetik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean eskatu badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Proba teorikoa izanen da. Test motako 100 galderari –gehienez– erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko 2 ordu izanen dira gehienez.

Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 40 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.2. Bigarren proba:

Teorikoa izanen da, eta idatziz garatu beharko dira bi gai: bata, deialdiaren I. eranskinean jasotako gai-zerrendako 2. zatian (Kirol kudeaketa espezifikoa) daudenetakoa, eta bestea, 3. zatian (Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa, KAIMZ) daudenetakoa. Horretarako, epaimahaiak zozketaz aterako ditu aipatutako zati bakoitzeko bi gai, eta izangaiek horietako bat, nahi dutena, aukeratu eta garatu beharko dute.

Proba idatzi hori egiteko 3 ordu izanen dira gehienez.

Bigarren proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Gai bakoitzak gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Kanporatu eginen dira garatu beharreko gai bakoitzean gehienezko puntuazioaren %50 gutxienez lortzen ez duten hautagaiak.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Proba hau plika sistemaren bidez eginen da.

6.3.3. Hirugarren proba:

Teoriko-praktikoa: idatziz garatu eta ebatzi beharko da epaimahaiak planteatutako kasu teoriko-praktiko bat. Bi kasu teoriko-praktiko planteatuko ditu: batak lotura izanen du deialdiaren I. eranskineko gai-zerrendaren 2. zatian (Kirol kudeaketa espezifikoa) jasotako gaiekin eta lanpostuaren berezko eginkizunak garatzeko beharrezkoak diren ezagutzekin, eta besteak lotura izanen du deialdiaren I. eranskineko gai-zerrendaren 3. zatian (Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa, KAIMZ) jasotako gaiekin eta lanpostuaren berezko eginkizunak garatzeko beharrezkoak diren ezagutzekin. Izangaiek planteatu zaizkien bi kasuetako bat garatu beharko dute.

Proba idatzi hori egiteko ordu 1 eta 30 minutu izanen dituzte gehienez.

Ariketak, ondoren, jendaurreko ekitaldian irakurriko dituzte izangaiek epaimahaiaren aurrean, epaimahaiak zehaztutako egunean, orduan eta tokian. Ekitaldi horretan, epaimahaiak galderak egiten ahalko ditu izangaiak garatutako kasu praktikoaren edozein alderdiri buruz, eta izangaiak ahoz erantzun beharko ditu, gehienez ere hamar minutuko epean.

Proba honi dagokion puntuazioa 20 puntukoa izanen da gehienez ere.

Probaren balorazioa bateratua izanen da, hau da, idatzizko zatia eta epaimahaiak egindako galderei ahoz emandako erantzuna osotara baloratuko dira.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza eta kalkulagailua izan ezik.

6.4. COVID-19aren araberako osasun-egoera.

6.4.1. Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, hautapen prozedura batean probaren bat egiteko eguna, ordua eta lekua zehaztuta dagoenean, egoera epidemiologikoa dela-eta komeni ez bada proba egitea, deialdia egiten duen organoak proba hori atzera dezake, egoera epidemiologikoak horretarako bide eman arte, horren berri emanda deialdiaren web fitxan.

6.4.2. Beharrezkoa izanez gero, epaimahaiak berariazko deialdi bat egiten ahalko du deialdi honetako oposizioaldiko edozein proba egiteko, zuzenduta egonen dena COVID-19 gaixotasuna diagnostikatuta egonik medikuak agindutako isolamendu-aldia amaitu ez duten pertsonei, edo, COVID-19aren sintomak edo diagnostikoa izan dituen pertsona batekin kontaktu estua izateagatik, osasun-agintaritzak agindutako etxeko berrogeialdian dauden pertsonei.

Aurreko paragrafoan deskribatutako egoeraren batean dauden izangaiek egoera horren berri izan bezain laster jakinarazi beharko dute, eta, kasu guztietan, azterketa hasteko eguna eta ordua baino lehen.

Horretarako, hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, balorazioa egiteko eta, hala badagokio, geroago deitzeko probara.

Ez dira baloratuko azterketa egiten hasi ondoren jakinarazitako egoerak.

Ohiz kanpoko proba hori egiteak ez du ekarriko atzerapenik, gutxituko duenik gainerako izangaiek prozesua arrazoizko denboran ebatzita egoteko duten eskubidea.

6.5. Proba bakoitza bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxaren barnean), izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Gainditzen duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera banatuta. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egin daitezen.

7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, lehendabiziko proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta, hala ere, berdinduta segitzen badute, bigarren proban eta hirugarrenean lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan.

7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan atera den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten ezartzen den bidea erabiliz:

a) Deialdiko 2.1.1.c) apartatuan eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatibo baten bidez (abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautua) frogatuko da 2.1.3 apartatuko baldintza, baldin eta eskabidean Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari ez bazaio baimenik eman hura lortzeko.

8.2. Tramite hori egin eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangai bakoitzak jakinaraziko du, horretarako ezarritako epearen barrenean, lanpostu hutsak betetzeko daukan lehentasun hurrenkera.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, alde batera utzita desgaitasuna dutenen txandako izangaien salbuespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen horretan, probak gainditu eta eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak egonen dira.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean:

A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adieraziz ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako foru araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, jatorrizko administrazioan jardunean daudela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, betiere bete beharreko baldintzak betetzen baditu, eta horrekin aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostuen esleipena ere eginen da.

10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.4. Izangairen bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 apartatuak agintzen duen moduan beteko da.

10.5. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

11.–Jarduketen publizitatea.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Interneten argitaratuko da, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, “Enplegu publikoaren deialdiak” atalean, deialdi honi dagokion aipamenean.

12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

1. Hautapen prozesu osoa gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

2. Hautapen prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatua:

a) Hautapen prozesuko probaren bat gainditu duten izangaiak.

b) Hautapen prozesuko lehen probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez %30 lortzen duten izangaiak.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, bai hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, bai hautapen prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

Hautapen prozesu osoa gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrendan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena, handienetik txikienera. Probak gainditu gabe lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendan, berriz, irizpide hauek erabiliko dira ordena finkatzeko: lehenbizi, prozesuan gainditutako proba kopurua (proba gehien gainditzen dutenak aurretik), eta bigarrenik, gainditutako probetan lortutako puntuazio guztien batura, salbu eta aurreko apartatuko b) letran ezarritakoa; izan ere, kasu horretan lehenengo proban lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.

Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan, 7.3 oinarrian proben puntuazioari eta zozketari buruz aipatzen direnak, hain zuzen.

12.3. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

12.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

Sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

12.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdien, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoa zer egintzaren kontra jarri nahi den, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. zatia.–Oinarrizko araudia.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.

3. gaia.–Europako Erkidegoko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europako Erkidegoko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

6. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, parlamentuaren kontrola eta parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoen organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.

9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: “Xedapen orokorrak”. II. titulua: I. kapitulua, “Foru Administrazio Publikoa”. II. kapitulua, “Foru Administrazio Publikoaren antolaketa”. III. kapitulua, “Eskumenen erabileraren araubide juridikoa”. IV. kapitulua, “Kide anitzeko organoak”. III. titulua: I. kapitulua, “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa”. VI. titulua: I. kapitulua, “Pertsonen eskubideak”.

10. gaia.–Administrazio egintzak: administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

11. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: administrazio prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena

12. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

13. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Zerga Ogasuna. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.

15. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak eta laguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzultzea.

16. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio Elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

17. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

18. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

19. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

2. zatia.–Kirol kudeaketaren zati espezifikoa.

1. gaia.–15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa (I. zatia): kirola Nafarroan. Oinarrizko printzipioak. Kirol politikaren helburuak. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak eta Nafarroako udalerri eta kontzejuenak.

2. gaia.–15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa (II. zatia): kirol jarduerak: oinarrizko kontzeptuak, tipologia eta sustapena. Nafarroako selekzioen aipamena.

3. gaia.–15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa (III. zatia): Kirol arloko zehapen-araubidea: zehatzeko ahalmenaren eremua eta erabilera. Kirol arloko ikuskaritza. Kiroleko diziplina-araubidea: kiroleko diziplina-ahalmenaren eremua, erabilera eta diziplina-prozedura motak. Kirol justizia Nafarroan.

4. gaia.–80/2003 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirolaren Erregistroa arautzen dituena (I. zatia): kirol klubak eta kirola sustatzeko Nafarroako entitateak: arau orokorrak, estatutuak, eraketa eta aitortza. Kirol klub filialak.

5. gaia.–80/2003 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirolaren Erregistroa arautzen dituena (II. zatia): Nafarroako kirol federazioak: arau orokorrak. Eraketa eta aitortza ofiziala. Estatutuak. Gobernu organoak. Araubide juridikoa, ekonomikoa eta dokumentala. Erantzukizuna eta harremanak Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioarekin.

6. gaia.–80/2003 Foru Dekretua, apirilaren 14koa, Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirolaren Erregistroa arautzen dituena (III. zatia): Nafarroako Kirolaren Erregistroa: xedea, egitura eta funtzionamendua.

7. gaia.–359/2015 Foru Agindua, ekainaren 24koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako kirol federazioen hauteskunde prozesuak arautzen dituena.

8. gaia.–Nafarroako kirol entitateen zerga-araubidea: zerga aplikagarriak eta betebeharrak.

9. gaia.–18/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroan Kirol Lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzkoa: xedea eta aplikazio eremua. Kirol arloko lanbideak: izenak, eskudantziak eta eskatu beharreko kualifikazioak. Kirol arloko lanbideetan hastea eta aritzea.

10. gaia.–326/2019 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutu bihurtzen duena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua, eta haren estatutuak onesten dituena. Izaera eta eskumenak. Egitura organikoa.

11. gaia.–971/2007 Errege Dekretua, uztailaren 13koa, goi mailako eta errendimendu handiko kirolarien gainekoa: definizioak, izaera lortzeko eta egiaztatzeko baldintzak eta balorazio-irizpideak. Laguntza neurriak.

12. gaia.–Nafarroako errendimenduko kirola (I. zatia): 9/2012 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen dituena: definizioa. Mailen eta estamentuen sailkapena. Nafarroako errendimenduko kirolean sartzeko bideak, prozedura eta baldintza orokorrak. Sustapen-neurriak eta onurak. Nafarroako errendimenduko kirolaren plana.

13. gaia.–Nafarroako errendimenduko kirola (II. zatia): 240/2015 Ebazpena, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana: Nafarroako goi mailako kirolaritzat hartzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak (alderdi kontzeptualak eta betebehar horien azterketa). Nafarroako errendimenduko kirolari, teknikari edo epaile izaeraren iraunaldia. Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroan jardunean dauden errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak.

14. gaia.–Nafarroako errendimenduko kirola (III. zatia): 329/2015 Foru Agindua, maiatzaren 29koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, prozedura arautzen duena Nafarroan goi errendimenduko kirolean, hobekuntzako kirolean eta oinarrizko errendimendukoan sartzeko: kirol arloko baldintza teknikoak eta prozedurak Nafarroako goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarrizko errendimenduko kirolean sartzeko.

15. gaia.–100/2021 Foru Dekretua, azaroaren 24koa, Nafarroako Foru Komunitateko kirolaren goresmen sariak arautzen dituena: tipologia, kontuan hartu beharreko merezimenduak eta emateko prozedura.

16. gaia.–15/2007 Foru Dekretua, otsailaren 26koa, Nafarroako Kirolaren Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena: helburuak, izaera, atxikipena eta eginkizunak. Osaera, antolaketa eta funtzionamendua.

17. gaia.–248/2011 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituena: xedea eta aplikazio eremua, kontzeptua eta xedea, helburuak eta printzipioak. Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolaketa akademiko orokorra. Kirol irakaskuntza ofizialen eta federazio irakaskuntzen arteko aldea. Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren menpeko titulartasun publikoko ikastetxeak baimentzea.

18. gaia.–356/2000 Foru Dekretua, azaroaren 13koa, kirol jarduera jakin batzuk interes sozialeko deklaratzea arautzen duena. Kirol babesletzaren aipamen berezia: definizioa eta zerga-araubidea.

19. gaia.–Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (KAIMZ). Izaera, egitura organikoa, funtzioak eta eskainitako zerbitzuak.

20. gaia.–Miguel Induráin fundazioa (I. zatia): izaera, araubide juridikoa eta fundazioaren helburuak. Fundazioaren gobernua eta funtzionamendu-araubidea. Araubide ekonomikoa.

21. gaia.–Miguel Induráin fundazioa (II. zatia): jarduketa eremuak eta garatutako programa nagusiak. Nafarroako Kirol Eskola.

22. gaia.–Nafarroako Foru Komunitatean lehiaketak eta kirol jarduerak antolatzea, kontuan izanik Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legea eta Nafarroako ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea: pertsona eta entitate antolatzaileen baimenak, lizentziak eta betebeharrak. Zehapen-araubidea

23. gaia.–Xedea, helburua, kontzeptu diruz lagungarriak eta prozedurak Foru Komunitateko Kirol Administrazioak onetsitako eta indarrean dauden dirulaguntzak emateko deialdietan, zuzenduta daudenean Nafarroako kirol federazioei, dela beren jardunerako, dela beren kirol errendimenduko programak garatzeko.

24. gaia.–Xedea, helburua, kontzeptu diruz lagungarriak eta prozedurak Foru Komunitateko Kirol Administrazioak onetsi dituen eta indarrean dauden dirulaguntzak emateko deialdietan, zuzenduta daudenean kirol klubei, kirol klub filialei eta kirola sustatzeko erakundeei, dela lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, dela kirol ekitaldiak eta jarduerak antolatzeko.

25. gaia.–Osasun-laguntza eta kirolarien babesa Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean. 11/2021 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, kiroleko dopinaren aurka borrokatzekoa: dopinaren aurka borrokatzeko administrazio-antolamendua. Dopin-kontrolak.

26. gaia.–19/2007 Legea, uztailaren 11koa, Kirol ikuskizunetan egon daitekeen indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantziaren aurkakoa: xedea eta aplikazio eremua. Kirol lehiaketen eta ikuskizunen antolatzaileen erantzukizunak eta betebeharrak, ikusleenak eta bertaratuenak. Kiroleko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako Estatuko Batzordea. Zehatzeko eskumenak Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

27. gaia.–Kirol Kontseilu Gorenaren erregulazioa Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legean: izaera eta araubide juridikoa. Eskumenak eta erakundearen egitura. Kirol Gaztea fundazioa: helburuak eta jarduketa ildoak.

28. gaia.–Espainiako Batzorde Olinpiarra eta Espainiako Batzorde Paraolinpiarra: izaera, printzipioak, helburuak eta eskumenak. Antolaketa egitura. Jarduerak eta programak.

29. gaia.–Ebazpena, 2014ko urtarrilaren 10ekoa, Kirol Kontseilu Gorenak emana, goi mailako kirola eta lehiaketako kirola egiteko kirol instalazioak eta programak sailkatzen dituena: zentroen eta programen tipologia, sailkatzeko irizpideak eta sailkatzeko prozedura.

30. gaia.–Espainiako kirol federazioen erregulazioa Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legean eta abenduaren 20ko 1835/1991 Errege Dekretuan: izaera, araubide juridikoa eta eginkizunak. Nazioarteko ordezkaritza. Kirol federazio autonomikoekiko harremana: integrazioa eta ordezkagarritasuna. Lizentziak ematea lehiaketa ofizialetan parte hartzeko.

31. gaia.–Liga profesionalen eta kirol sozietate anonimoen erregulazioa Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legean eta abenduaren 20ko 1835/1991 Errege Dekretuan. 1006/1985 Errege Dekretua, ekainaren 26koa, kirolari profesionalen lan-harreman berezia arautzen duena: kirolari profesionalaren kontzeptua, aplikazio eremua, kontratu-harremanaren iraupena eta alderdien eskubideak eta betebeharrak.

32. gaia.–Kirola Europar Batasunean: lehentasunak, mugaz gaindiko proiektuak eta Batasunaren ekimenak. Kirolari buruzko liburu zuria.

33. gaia.–Europako Kirolaren Gutuna: edukia eta analisia.

34. gaia.–Nafarroako Kirol Jokoak: programaren izaera. 466/2021 Ebazpena, irailaren 1ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako XXXV. Kirol Jokoen deialdia egiten duena: araudi orokorra, finantzaketa, antolaketa, egitura, helburuak, kategoriak, baldintzak eta parte hartzeko irizpideak.

35. gaia.–Eskola-adinean kirola sustatzeko programak, Nafarroako Kirolaren Institutuak finantzatuak: programa motak, helburuak eta ezaugarriak.

36. gaia.–Kirol boluntariotza Nafarroako Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen arabera: xedea eta definizioak Boluntarioen eskubideak eta betebeharrak. Boluntariotza entitateak eta boluntariotza programak dituztenak Nafarroako Foru Komunitatean. NAFARROA OROTAN LAGUN boluntariotzaren informazio eta koordinazio gunea. Nafarroako Boluntariotzaren Plana: ildo eta helburu estrategikoak.

37. gaia.–Emakumearen partaidetza sustatzea eta genero ikuspegia kirol arloan Nafarroako Foru Komunitatean: arau-esparrua, “Kirola eta emakumea” izeneko ekintza plana, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren beste jarduketa batzuk.

38. gaia.–Kirola eta desgaitasuna: kirol egokituaren antolaketa eta egitura federatua Espainian eta Nafarroan. Kirol egokitua eta inklusiboa Kirol Kontseilu Gorenak eskola-adinekoentzat antolatutako Espainiako txapelketetan. Nafarroako Kirolaren Institutuak desgaitasuna dutenen kirola babesteko sustatutako ekintzak.

39. gaia.–Kirolaren balioak (I. zatia): Nafarroako Kirolaren Institutuak 2021ean egindako Kirolaren Balioen Plana: helburuak, xedea eta ekintzak. Nafarroako kirol eremuan balioak sustatzen dituzten figurak. Kirolaren Balioei buruzko Prestakuntza Eskuliburua, Nafarroako Kirolaren Institutuak egina.

40. gaia.–Kirolaren balioak (II. zatia): Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol arloko Bitartekaritza Bulegoa. Nafarroan kirolen testuinguruan jazarpen-egoeren aurrean jarduteko protokoloa.

41. gaia.–Teknologia digitalen erabilera arduratsua adin txikikoak dituzten kirol entitateetan: jardunbide egokiak, protokoloak, esparru etikoa eta arau-esparrua.

42. gaia.–Bertako kirolak Nafarroan sustatzea: euskal pilota Nafarroan bultzatzeko azterlana eta plana. Nafarroan herri kirolak sustatzeko ekintza plana.

43. gaia.–197/2011 Foru Dekretua, irailaren 7koa, Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko kirol bidexken sorrera eta kontserbaziorako baldintzak arautzen dituena: egitura eta edukia. Nafarroan bideak markatu eta kontserbatzeko dirulaguntzak eta laguntzak.

44. gaia.–NIDE 1 arauak: Zelai txikiak: erregelamendu-arauak eta proiektu-arauak. NIDE 2 arauak: zelai handiak eta atletismoa: erregelamendu-arauak eta proiektu-arauak.

45. gaia.–NIDE 3 arauak: igerilekuak: erregelamendu-arauak eta proiektu-arauak. NIDE 4 arauak: izotz-kirolak: erregelamendu-arauak eta proiektu-arauak.

46. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Instalazioen Plan Gidaria, 2022-2025: lege-esparrua. Nafarroako kirol instalazio publiko eta pribatuen aurrekariak. Kirol federatua egiteko kirol instalazioen eskaria aztertzea. Aisialdiko kirolerako, osasunerako eta jostetarako kirol instalazioen eskariak aztertzea. Diagnostikoa. Ardatz estrategikoak.

47. gaia.–Nafarroako erabilera publikoko kirol instalazioen erregulazioa eta kirol instalazioen plangintzarena Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean. Nafarroako kirol instalazioen errolda. 38/2009 Foru Dekretua, apirilaren 20koa, kirol instalazioen eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituena: Kirol instalazioen eta ekipamenduen xedapen orokorrak eta oinarrizko betekizunak.

48. gaia.–Nafarroako titulartasun publikoko kirol instalazioak: kirol instalazioen tokiko planak egiteko protokoloa. Udalaren kirol instalazioen erabilera partekatua. Nafarroako Gobernuaren kirol instalazioak: harremana eta kudeaketa motak. Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako kirol instalazioen erabilerarako sinatutako hitzarmenak.

49. gaia.–Kudeaketa aurreratuko eredua Nafarroako kirol entitateetan: elementuak eta ebaluazioa.

50. gaia.–Kirol sektorearen berrikuntza, modernizazioa eta digitalizazioa: Kudeaketa digitalizatzea kirol erakundeetan eta kirol instalazio adimendunetan.

51. gaia.–Kirol erakundeen kudeaketaren oinarrizko elementuak: plan estrategikoa (egitura, azterketa-, definizio- eta prestatze-prozesuak), urteko planak (definizioa eta prestaketa) eta aginte taula integrala/BSC (ekintza-ildoak, helburuak, adierazleak, jomugak, arduradunak eta denboralizazioa).

52. gaia.–Osasunaren Mundu Erakundearen jarraibideak jarduera fisikoari eta jokabide sedentarioei buruz: egikaritze-laburpena.

3. zatia.–Zati espezifikoa. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (KAIMZ).

1. gaia.–Kirol errendimenduan eragina duten faktoreak: neke motak, non sortzen den eta zer ezaugarri dituen. Iraupen labur, ertain eta luzeko jarduerei eragiten dieten faktoreak (10 segundo edo gutxiagokoak, 10 segundotik 3 minutu artekoak, 3 minututik 20 minutu artekoak, 21 minututik 60 minutu artekoak eta ordu 1etik 4 ordu artekoak).

2. gaia.–Metabolismoa eta ariketa fisikoa: energia-eskakizunak atsedenean. Atsedena-ariketa trantsizioak. Erantzun metabolikoak ariketa egitean: iraupenaren eta intentsitatearen eragina (ariketa intentsoa, laburra, luzea eta inkrementala). Ariketan zenbateko energia-substratuak erabiltzen diren zenbatestea. Energia-substratuen baldintzatzaileak deskribatzea (intentsitatearen eta iraupenaren eragina). Karbohidratoen eta koipeen metabolismoaren interakzioa, energia-substratuen iturriak ariketa egitean.

3. gaia.–Nerbio-sistemaren egitekoa: egitura eta mugimenduaren kontrola. Nerbio-sistema zentralaren (NSZ) funtzioak. Nerbio-sistema zentralaren antolamendua (neuronaren egitura eta neuronen jarduera elektrikoa). Erreflexuak eta informazio sentsoriala (propiozeptoreak artikulazioetan eta muskuluan). Kimiorrezeptoreak. Motoneuronak eta funtzio motorra. Oreka eta aparatu bestibularra. Garunaren funtzioak kontrol motorrean (garuna, zerebeloa eta enbor entzefalikoa). Orno-muinaren funtzio motorrak. Funtzio motorren kontrola. Nerbio-sistema autonomoa. Indar-entrenamenduaren bidezko egokitzapen neuralak. Ariketa fisikoak garunaren osasunean duen zeregina.

4. gaia.–Sistema muskulueskeletikoa: egitura eta zereginak. Sistema muskulueskeletikoaren egitura. Lotura neuromuskularra. Muskuluaren uzkurdura. Muskuluen nekea eta ariketa fisikoa. Giharretako karranpak azaltzen dituzten kausak. Gihar-zuntzen motak (uzkurdura ezaugarriak eta ezaugarri biokimikoak, funtzionalak, errendimendua eta zuntz motak). Ekintza muskular motak. Tentsio-indarra erregulatzea sistema muskulueskeletikoan.

5. gaia.–Muskuluaren propietate biomekanikoak: luzeraren eta tentsioaren arteko erlazioa, indarraren eta abiaduraren artekoa eta potentziaren eta indarraren artekoa. Erlazio horiek azaltzea, bai eta erlazio horiek zuntzean, muskuluan eta muskuluen antolamenduan eta artikulazio-sisteman azaltzen dituzten faktoreak ere. Inplikazioak abiadura-kontrolean oinarritutako entrenamenduaren balorazioan eta preskripzioan.

6. gaia.–Zirkulazio sistemaren erantzunak ariketa egitean. Zirkulazio sistemaren antolaketa (bihotzaren egitura, biriketako zirkuituak eta zirkuitu sistemikoak). Bihotza: miokardioa eta bihotz-zikloa (miokardioa, bihotz-zikloa, arteria-presioa, arteria-presioan eragina duten faktoreak eta bihotzaren jardun elektrikoa). Bihotz-gastua (bihotz-maiztasunaren erregulazioa, bihotz-maiztasunaren aldakortasuna, eiekzio-bolumenaren erregulazioa). Hemodinamika (odolaren ezaugarri fisikoak). Presioaren, erresistentziaren eta fluxuaren arteko loturak. Erresistentzia baskularraren jatorriak. Aldaketak muskuluko oxigeno-horniduran ariketa egitean (aldaketak bihotz-gastuan eta oxigeno-diferentzia arteria eta zainetan ariketa egitean. Fluxua birbanatzea eta fluxu lokala erregulatzea ariketa egitean). Zirkulazio sistemaren erantzunak ariketa egitean (eragin emozionala, trantsizioa).

7. gaia.–Arnas sistemaren erantzunak ariketa egitean. Arnas sistemaren funtzioa. Arnas sistemaren egitura. Arnasketaren mekanismoak (arnasa hartzea eta botatzea. Arnasbideen erresistentzia. Biriketako aireztapena. Biriketako gaitasunak eta bolumenak. Gasen hedapena. Odol-fluxua birikan. Aireztapenaren eta perfusioaren erlazioa. O2 eta CO2 odolean garraiatzea (hemoglobina eta 02 garraiatzea). Oxi-hemoglobinaren disoziazio-kurba. Oreka azido-alkalinoa eta aireztapena. Gasen erantzunak odolean eta aireztapenean. Aireztapena kontrolatzea. Birikak entrenamendura egokitzea. Biriketako sistemaren muga errendimenduan.

8. gaia.–Tenperatura erregulatzea. Beroaren balantzea ariketa egitean. Tenperatura neurtzea ariketa egitean. Beroa sortzea eta galtzea. Aurreko hipotalamoko eremu preoptikoko gorputz-termostatoa. Gertaera termikoak ariketa egitean. Ariketa fisikoa muturreko beroan. Ariketa fisikoa muturreko hotzean.

9. gaia.–Entrenamendu aerobikoaren eta anaerobikoaren ondorio fisiologikoak. Entrenamenduaren printzipioak. Entrenamendu aerobikoa eta VO2max-a. Zergatik hobetzen du entrenamendu aerobikoak VO2max-a? Entrenamendu kardiobaskularrak errendimenduan eta homeostasian dituen ondorioak (aldaketak zuntz motetan eta kapilaritatean). Muskulu-zuntzen eduki mitokondriala handitzea, eta aldaketak egitea muskulu-substratuen erabileran eta muskuluaren ahalmen antioxidatzailean. Aldaketak oreka azido-alkalinoan.

10. gaia.–Ariketa aerobikora eta muskulu-indarra hobetzera egokitzearen oinarri molekularrak. Zelula barneko seinaleztapena. Seinaleztapen molekular primarioa eta sekundarioa. Seinaleztapen molekularrak ariketa kardiobaskularrak egitean eta muskuluen indarra eta masa hobetzean. Indar-entrenamendura eta entrenamendu kardiobaskularrera egokitzeko ardura duen seinaleztapen molekularra.

11. gaia.–Egokitzapen neuromuskularrak eta hormonalak indar-entrenamenduarekin. Aldaketak sistema neuralean. Aldaketak muskulu-sisteman (zuntzak, oxidazio-sistema, kapilaritatea, sistema entzimatikoa). Lotailuen eta tendoien egokitzapenak. Egokitzapenak hezurren eduki mineralean. Hipotalamo-hipofisi ardatz gonadala. Hipotalamo-hipofisi ardatz adrenala.

12. gaia.–Indar-entrenamenduak eragindako hipertrofia muskularrerako bidean, seinale-gertaeren bilakaera denboran zehar. Proteinen sintesiaren bilakaera denboran zehar. Hormonen egitekoa giharren hipertrofian. Zelula sateliteen egitekoa. Indar-entrenamenduak eragindako aldaketen influentzia genetikoa. Zelula-barneko seinaleztapena, indar-entrenamenduak eragindako proteinen sintesia areagotzen duena.

13. gaia.–Gaixotasun kroniko ez-transmitigarrien prebentzioa. Ariketa fisikoaren eta jarduera fisikoaren egitekoa. Jarduera fisikoa eta osasuna. Dosi-erantzun erlazioa. Arrisku-faktoreak gaixotasun kronikoetan. Arrisku-faktoreak gaixotasun koronarioan (jokabide sedentarioa eta edozein kausagatiko hilkortasuna, jarduera fisikorik ezaren eta pantaila aurreko denboraren egitekoa, jarduerarik ezaren arriskuak vs. fisikoki aktiboa izatearen onurak). Jarduera fisikoa, ariketa fisikoa eta hipertentsioa, bihotz-gutxiegitasuna eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa.

14. gaia.–Ariketa fisikoaren egitekoa prebentzioa eta tratamendua egitean II. motako diabetesa, I. motako diabetesa, sindrome metabolikoa eta obesitatea duten pazienteekin. Kontzeptu-esparrua. Gomendioak.

15. gaia.–Ariketa fisikoa eta minbizia. Ariketa fisikoaren egitekoa minbiziaren prebentzioan eta tratamenduan eta biziraupenean. Muskulu-masaren galera eta hezurren dentsitate mineralarena tratamendu kimioterapikoa jaso duten pazienteetan. Jarduera fisikoa eta minbizia dutenen biziraupena. Ariketa fisikoa, jarduera fisikoa kimioterapian zehar. Jarduera fisikoaren egitekoa minbiziaren paziente terminaletan.

16. gaia.–Osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko ariketa fisikoa agintzea. Erantzun-dosia. V02max-a eta osasuna. Vo2max-aren balorazioa eta estimazioa. Gaitasun funtzionalaren balorazioa eta estimazioa. Berezko gaitasuna eta lotutako faktoreak. Muskulu-indarraren balorazioa eta estimazioa. Ariketa fisikoaren osagai anitzeko programak. Erorikoen prebentzioa. Adinekoentzako ariketa fisikoko programak.

17. gaia.–Indarraren ebaluazioa kirol entrenamenduaren kontrolean. Indarrarekin erlazionatutako gaitasunak neurtzeko metodoak ekintza isometrikoetan, isoinertzialetan, eszentriko-zentrokideetan eta isozinetikoetan. Exekuzio-abiaduraren kontrola: entrenamenduaren neurria eta preskripzioa.

18. gaia.–Kirol tekniken azterketa. Jaurtiketen eta kolpeen patroia. Bulkada-patroiak. Eraginkortasun-aldagaiak. Printzipioak eta ezaugarriak.

19. gaia.–Analisi biomekanikoaren metodologia. Printzipio biomekanikoak. Mugimenduaren faseak. Ezaugarri kritikoak. Mugimenduaren helburuak eta printzipioak. Akatsak atzematea.

20. gaia.–Mugimenduaren behaketa, analisia eta egitura. Kirol teknika, eredu teknikoak eta estilo pertsonala. Mugimenduaren egitura eta analisia. Behaketa eta analisia banakako eta taldeko kiroletan.

21. gaia.–Kirol teknikaren ebaluazioa. Helburuak. Ebaluazio- eta kontrol-metodoak. Teknika ebaluatzeko prozesuaren faseak. Eraginkortasunaren ebaluazioa. Maisutza teknikoa baloratzea. Teknikaren barietatearen eta bolumenaren adierazleak. Trebetasun teknikoen barneratze-mailaren adierazleak.

22. gaia.–Kirol errendimendurako eta osasunerako jarduera fisikoa aztertzeko aplikazio teknologikoak.

23. gaia.–Indar aerodinamikoak hainbat kiroletan: txirrindularitza eta atletismoa. Tenperaturaren eta altitudearen eraginak. Aurrealdeko eraginak. Janzkeraren eraginak: arropa, kaskoa, bizikleta. Gurpilari itsatsita joatearen eraginak. Atletismoa eta arraste-indarra. Arroparen eta drafting-aren eraginak atletismoan. Indar aerodinamikoen eragina jauzi eta jaurtiketetan.

24. gaia.–Kirol lesioekin lotutako karga mekanikoen ezaugarriak. Material biologikoen jokabidea eta propietate mekanikoak jarduera fisikoaren aurrean (hezurra, kartilago muskularra, lotailuak eta sistema muskulueskeletikoa). Kirol materiala, kirol oinetakoak eta lesioen prebentzioa. Materialak, karga mekanikoak eta lesioak. Esfortzuak, propietate mekanikoak eta materialen nekea. Lokomozio-aparatuaren lesio-mekanismoak.

25. gaia.–Muskulu-uzkurdura eszentrikoa: oinarriak eta aplikazioak. Ezaugarri neurofisiologikoak. Uzkurdura eszentrikoak eragindako kaltearen bilakaera. Lesio mekanikoa. Estres oxidatiboa eta kalte muskularra. Ariketa muskular eszentrikoak eragindako egokitzapenak.

26. gaia.–Arreta ematea bihotz-geldialdiari kirol ingurunean. Kanpoko desfibriladore automatizatuen instalazioa eta horiek erabiltzeko prestakuntza erregulatzea. Lehen esku-hartzailea kirol ingurunean. Biziraupen-katearen katebegiak. Oinarrizko bizi-euskarria (bihotz-biriketako bizkortze oinarrizkoa) eta desfibriladorearen erabilera.

II. ERANSKINA

Goi mailako kirol teknikarien lanpostu hutsak

DEPARTAMENTUA

ATXIKIPEN ESPARRUA

HERRIA

ESKUALDEA

ARAUBIDE JURIDIKOA

SEXU DELITUEN ZIURTAGIRIA

5071

KULTURA ETA KIROL DEP.

NAFARROAKO KIROLAREN INSTITUTUA

IRUÑA

MISTOA

FUNTZIONARIOA

7411

KULTURA ETA KIROL DEP.

KIROLAREN AZTERLAN, IKERKETA ETA MEDIKUNTZAKO ZENTROA

IRUÑA

MISTOA

FUNTZIONARIOA

X

10357

KULTURA ETA KIROL DEP.

NAFARROAKO KIROLAREN INSTITUTUA

IRUÑA

MISTOA

FUNTZIONARIOA

Iragarkiaren kodea: F2202755