51. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

Ordenantza orokorra, dirulaguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena Vianako Udalak, 2021eko abenduaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Vianako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorra.

Hasiera batez onesteko erabakia 2022ko 2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 4an, eta jendaurreko epean inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Vianan, 2022ko otsailaren 18an.–Alkate udalburua, M.ª Blanca Yolanda González García.

DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA OROKORRA

ZIOEN AZALPENA

I.–Vianan gizarte egitura egunetik egunera hazten ari da, bai zenbakitan neurturik, bai, bereziki, komunitatearen, partaidetzaren eta konpromisoaren ezagutzan neurturik, egungo bizia garatzeko alor ugaritan: kultura, elkartasuna, berdintasuna, kirola, boluntario lana, ingurumena, eta bizikidetzarako eta kulturen arteko trukaketarako, gizarte partaidetzarako eta herritartasuna eraikitzeko eta abarretarako espazioak.

Vianako Udala ohartua da egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko parte-hartzaile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, gero eta partida handiagoak ematen ditu elkarteen lana erraztu eta, aldi berean, jardueraren balorazio soziala aitortu beharrez.

Aspalditik, Vianako Udalak egokitzat jo du ondasun eta zerbitzu batzuk erabiltzeko kostu guztiak edo haien zati bat finantzatzea, dagozkien dirulaguntzak emanez, bai eta inbertsio pribatua sustatzea ere sektore estrategikoetan, hazkunde ekonomikoa eta produkzio-baliabideen erabilera sustatzeko.

Dirulaguntzak sustapen teknika bat dira, bai eta Administrazioa partikularrekin elkarlanean aritzeko tresna ere, interes orokorrekotzat jotzen diren jarduerak kudeatze aldera, besteak beste, ondoko esparruetan: gizarte ekintza, gizakion eta herrien arteko lankidetza eta elkartasuna, etxebizitza, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola, ingurumena, merkataritza, interes publikotzat jotako zenbait jarduera pribaturen sustapena, aisia eta astialdia edo, halaber, herritarren partaidetza, hori zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoaren eskakizuna den aldetik.

II.–Bestalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko VI. kapituluak arauak ezartzen dituenean Nafarroako toki-erakundeek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei, tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez, laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, dirulaguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

Aipatu printzipioekin batera, plangintza bat ere ezartzen da: dirulaguntzei buruzko plan estrategiko bat prestatzea, hala helburuak eta lortu nahi diren ondorioak nola aurreikusten diren kostuak eta finantzabideak zedarritzeko. Plan horrek posible eginen du, dirulaguntzak ezartzeko proposamena egin duten organoendako, gero kontrolatzea eta ebaluatzea planaren aplikazioaren ondorioz lorturiko emaitzak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak –zeina, 3.1.b. eta 3.2. artikuluetan ezarritakoa betez, aplikatzekoa baita hala Vianako Udalean– 9.2 artikuluan ezartzen du dirulaguntzak eman baino lehen horien kontzesioa arautzen duten oinarri arautzaileak onetsi beharko direla, lege horretan ezarritako baldintzetan; ondoren, dagokion Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira. Aipatu legearen 17.2 artikuluaren arabera, bestalde, tokiko korporazioen dirulaguntzak arautzen dituzten oinarri erregulatzaile horiek onetsi behar dira aurrekontua betearazteko oinarrien esparruaren barnean, dirulaguntzen ordenantza orokor baten bidez edo, bestela, berariazko ordenantza bat eginez, dirulaguntza modalitate bakoitzerako.

Aurreko paragrafoan azaldutakoa betetzeko, beharrezkoa da onestea esparru juridiko egoki bat, Vianako Udalak eman beharreko dirulaguntzen oinarriak arautuko dituena. Esparru juridiko hori, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrari egokitu behar zaio. Hori, hain zuzen, Dirulaguntzen Ordenantza Orokor honen bidez gauzatuko da, zeinak arautuko baitu, dirulaguntzen alorra dela eta, berariazko ordenantzarik indarrean ez dutenen araubide juridiko orokorra. Aitzitik, dirulaguntzen gainean berariazko ordenantza duten alorretan –aipatutako azaroaren 17ko 38/2003 Legeari egokitu ondoren–, eta etorkizunean berariazko ordenantza izanen duten alorretan, berariazko ordenantza horien arabera egonen dira arauturik; nolanahi ere, ordenantza hau osagarri aplikatzekoa izanen zaie.

III.–Hori dena ikusirik, udal ordenantza honek bere baitan hartu nahi ditu aipatutako esparruetan egiten diren jarduera guztiak, eta aurrerapena dakar Udalerriaren finantza-sistema hobetzeko eta arrazionalizatzeko bidean.

Azken batean, ordenantza hau oinarritzen da administrazioaren jardun guztia gidatu behar duten printzipio orokorretan eta, horien artean, objektibotasun eta efizientzia printzipioetan eta, dirulaguntzen jarduera-eremu zehatzari dagokionez, lehen aipatutako berdintasun, publikotasun eta kongruentziako printzipioetan, gardentasun eta objektibotasun printzipioekin batera.

HIZKERA EZ SEXISTAREN ADIERAZPENA

Agiri honetan pertsona, gizatalde edo entitateak gaztelaniaz genero maskulinoarekin aipatzen direnean, markatu gabeko genero gramatikaltzat erabiltzen da eta, beraz, emakumeak nahiz gizonak aipatzen ahal dira horrela.

1. artikulua. Dirulaguntzaren objektua.

Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra finkatzea Vianako Udalak, bere eskumenen esparruan, ematen edo ezartzen dituen dirulaguntzak eskatzeko, emateko, justifikatzeko eta ordaintzeko, bai helburu batzuk zehazteko, baita herritar eta entitateei bermatzeko ere denek baldintza beretan izatea aukera, onura publiko edo interes sozialeko xede zehatz bati erantzuten dioten zerbitzu eta jardueretarako laguntzetarako.

Ordenantza hau osatzeko, dirulaguntza bakoitzaren deialdiaren berariazko arauak emanen dira; horiek ezin izanen dira kontraesanean etorri ordenantza honetan xedatzen denarekin, eta, betiere, elementu hauek arautuko dituzte:

a) Dirulaguntzaren xedea.

b) Onuradunek bete beharreko baldintzak eta horiek frogatzeko bidea.

c) Gehieneko dirulaguntza.

d) Berariazko balorazio baremoa.

e) Eskabideak aurkezteko epea.

f) Batzorde kalifikatzailearen osaera.

g) Dirulaguntzaren xedea bete dela justifikatzeko epea eta modua.

h) Interes publikoen aldeko bermeak, halakoak komenigarriak direnean.

Dirulaguntza esaten zaio, Udalak pertsona edo entitate publikoei nahiz pribatuei dirua emateari, baldin eta baldintza hauek betetzen baditu:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe eman behar da.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezi bat har dadila (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo egoera bat gertatzea; eta onuradunari betebehar material eta formal batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak izan behar du onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat bulkatzea edo xede publikoren bat sustatzea.

Honako hauek ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude:

a) Vianako Udalaren eta beste administrazio publiko batzuen arteko diru-ekarpenak.

b) Udalak kuota edo derrama gisa egiten dituen diru-ekarpenak (ohikoak nahiz ezohikoak) toki-erakundeen elkarte edo federazioetan, Udala horietako kide denean, interes erkideak babestu eta sustatzeko helburuz.

Gauzazko laguntzen araubide juridiko berezia:

Doan emandako ondasun eta eskubideak arautuko dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tiluluaren I. kapituluan xedatutakoaren arabera eta hura garatzen duten xedapenei jarraikiz. Aurrekoa gorabehera, emandako ondasun, eskubide edo zerbitzuei ordenantza hau aplikatuko zaie, haiek hirugarren bati baino ez emateko eskuratzen dituenean Vianako Udalak.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

Lege honetan arautzen diren dirulaguntzak ondoko printzipioei jarraituz kudeatuko dira:

a) Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza eta kontrola.

b) Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

c) Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

d) Kongruentzia bitartekoen eta laguntzak ematea justifikatzen duten helburuen artean.

Dirulaguntzak eman beharko dira onesten diren oinarri arautzaileetan aurreikusitako irizpide, xede eta prozedurei jarraikiz. Oinarriak onetsi aurretik, aginduzkoa izanen da xede horretarako dirua aurreikustea aurrekontuetan.

3. artikulua. Laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Dirulaguntza bil dezakete dirulaguntzen deialdi bakoitzari dagokion aldian Vianako udalerriaren lurralde-eremuan egiten diren jarduera programatuek, arlo hauetakoak badira:

a) Kultura.

b) Hezkuntza.

c) Euskararen sustapena.

d) Kirolak.

e) Gazteria.

f) Berdintasuna.

g) Gizarte laguntza.

h) Merkataritza eta turismoa.

i) Hirigintza.

j) Laguntza humanitarioa eta/edo garapenerako lankidetza programak hirugarren munduko herrietan.

k) Interes sozialeko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateendako laguntzak.

l) Irabazi-asmorik gabeko herri entitate eta taldeendako laguntzak, herritarren partaidetzaren arloan.

m) Jasangarritasunaren eta ingurumenaren alde ari diren entitateendako laguntzak.

n) Osoko Bilkurak erabakitzen duen beste edozein.

Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu edo hobetzen direnean, honako arau hauek beteko dira:

a) Oinarri arautzaileetan zehaztuko da onuradunak noiz arte erabili beharko dituen ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako. Nolanahi ere, gutxienez bost urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira.

Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

b) Aurreko paragrafoan ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, foru lege honen II. tituluko II. kapituluan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.

Honako kasu hauetan ez da bete gabetzat joko aurreko apartatuan ondasunak dirulaguntzaren xederako erabiltzeko ezarritako betebeharra:

a) Erregistro publikoan inskribatu ezin diren ondasunei dagokienez, horiek ordezten badira dirulaguntza ematea eragin zuen xederako antzeko eran erabiltzeko moduko beste batzuez, eta erabilera horrek lehengo ondasunei ezarritako epea bete arte irauten badu. Dirulaguntza eman duen udalak baimendu beharko du ordezte hori, betiere.

b) Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunei dagokienez, dirulaguntza eman duen administrazioak baimendu badu erabilera aldatzea, besterentzea, edo kargaren bat ezartzea. Kasu honetan, eskuratzaileak bere gain hartuko du ondasunen xedeari buruzko baldintza bete beharra, epea bukatu arte, eta, bete ezean, dirulaguntza itzuli beharra ere bai.

Dirulaguntzen oinarri arautzaileetan ezarriko dira, behar izanez gero, ondasun inbentariagarrien amortizazioari buruz egokitzat jotzen diren arau bereziak. Hala ere, amortizazio-gastua dirulaguntza jaso dezakeen gastua izan dadin, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dirulaguntzak ondasunak erosteko baliatu ez izana.

b) Amortizazioa kalkulatzeko, oro har onartutako kontabilitateko arauak erabiltzea.

c) Kostua diruz lagungarria den epealdikoa bakarrik izatea.

Finantza-gastuak, lege- edo finantza-aholkularitzako gastuak, notario eta erregistro gastuak, dirulaguntza jaso duen proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, horiek guztiak dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xede den jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz burutzeko, betiere, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero. Salbuespen gisa, banku-bermearen gastuetarako dirulaguntza eman ahalko da, dirulaguntzari buruzko araudi erregulatzailean hala aurreikusiz gero.

Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

Zeharkako kostuetatik, onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduerari egotziko dio zati egokia, guztiek onartzen duten kontabilitateko printzipio eta arauei jarraituz kalkulatua, eta, betiere, halako kostuak jarduera benetan egin den aldiari dagozkion heinean.

4. artikulua. Dirulaguntzen plan estrategikoa.

1.–Dirulaguntzak ezartzea proposatzen duten organoek, aurretik, dirulaguntzei buruzko plan estrategiko bat egin beharko dute, eta bertan honako alderdi hauek zehaztu:

–Dirulaguntzen xedea, hura zehazten ahal bada plan estrategikoa prestatzen den unean.

–Dirulaguntzak aplikatuz lortu nahi diren helburu eta ondorioak. Lortu nahi diren xedeek merkatuari eragiten badiote, argi eta garbi identifikaturiko akatsak zuzentzera bideratu behar dira, eta haien ondorioek ahalik eta distortsiorik txikiena ekarri behar dute.

–Eskuratzeko behar den epea.

–Aurreikusitako kostuak.

–Finantzabideak.

2.–Horiek horrela, Udalaren alorrek eta erakunde autonomoek dirulaguntzak ezarri nahi badituzte, plan bat prestatuko dute –bakoitzak bere esparru materialaren barnean–, eta bertan aurreko zenbakian aipatu alderdiak jasoko dituzte.

3.–Aipatutako plan horrek ahalbidetuko die dirulaguntzak ezartzeko proposatu duten organoei kontrola eta ebaluazioa egin dezaten gero, planaren aplikazioaren ondorioz lorturiko emaitzen gainean.

5. artikulua. Onuradunak.

1.–Dirulaguntzen onuraduntzat joko dira dirulaguntza ematea zertan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duten pertsona edo entitatea edo dirulaguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran daudenak.

2.–Onuraduna pertsona juridikoa denean, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta haren kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3.–Onuradun izan daitezke pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak –publikoak nahiz pribatuak–, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo portaerak gauzatu baditzakete edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen badira.

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean bai emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Batasunaren ordezkari edo ahalordedun bakar bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin, harik eta ordenantza honen 47. eta 58. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarrietan ezarri ahalko da dirulaguntza publikoak entitate laguntzaile baten bidez eman ahalko zaizkiela onuradunei. Halakoetan, lankidetza-hitzarmena sinatuko da Udalaren eta entitate laguntzailearen artean, horrek bere gain hartzen dituen betebehar eta baldintzak arautzeko.

6. artikulua. Onuradun izateko baldintzak.

1.–Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo ordenantza honetan eta deialdian adierazitako egoera dutenak.

Entitate, erakunde eta elkarteen kasuan, helbidea Udalerrian izan beharko dute, edo bertan ordezkaritza iraunkor bat izan, garapenerako laguntzen deialdietan izan ezik, orduan ez baita halako baldintzarik eskatuko.

Pertsona fisikoen kasuan, jende talde baten ordezkari gisa, baldin eta udalerrian bizi badira, eta ekimenak berariazkoak eta irabazteko asmorik gabeak badira.

2.–Pertsona edo entitateak ezin dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, ondoren aipatzen diren arrazoietako bat dagoenean, betiere dirulaguntzaren izaera kontuan izanik, deialdian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Konkurtso baten deklarazioa eskatua izatea, ezein prozeduratan kaudimengabea deklaratua izatea, konkurtso baten partaide deklaratua izatea, esku-hartze judizialaren menpe egotea eta Konkurtsoei buruzko Legearen bidez ezgaitua egotea, konkurtsoa kalifikatzen duen epaian finkatutako ezgaitasun aldia bukatu gabe dela.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua izatea, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoak, merkataritzako sozietateen administratzaileek edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek bateraezintasuna izatea kontratua egiteko, kasu bakoitzari aplikatzen zaion legerian jasota baitago, edo Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak arautzen dituen hautapen bidezko karguetako bat izatea, hartan ezarritako moduan.

e) Dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egiten den unean, bete gabe izatea zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, indarra duten xedapenek behartzen dutenez.

f) Egoitza fiskala izatea erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

g) Udal honek edo haren erakunde autonomoek emandako dirulaguntzak itzultzera beharturik, haiek ordaindu gabe izatea.

h) Dirulaguntza eta laguntza publikoen arloan edo zerga kontuan arau-haustea egin eta administrazio prozedura batek emandako epai irmo bat dela bide, dirulaguntzarik hartzeko aukera galdu izatea zehapen gisa.

i) Ordenantza honen 5. artikuluaren 3. apartatuko bigarren paragrafoan aipatzen diren elkarteak ezin izanen dira onuradun izan, haien kideetako edozeinek aurreko debekuetakoren bat badu.

3.–Ezin izanen dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak. Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin eta etenik badaukate erregistroan inskribatzeko administrazio-prozedura, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak atzeman eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedaturikoa aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4.–Vianako Udalarekin zorrak izan eta premiamendu bidez kobratzeko prozeduran dauden partikular edo entitateei ere ez zaie laguntza edo dirulaguntzarik emanen, ezta toki-erakundearekin zerga arloko eginbeharrak bete gabe dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu edo zerga arloko eginbeharrak betetzen diren arte. Ofizioz egiaztatuko dira inguruabar horiek.

Hala eta guztiz ere, salbuespen gisa, dirulaguntzaren izaera nolakoa den, aldez aurretik Vianako Udalak ofizioz kitatzen ahalko ditu dirulaguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, zenbateko horiek osorik edo parte batean konpentsatuta dirulaguntzen bidez; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek jasota egon beharko du kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ordenantza honen 7. artikuluan aipatutako ebazpenean, eta espedientean justifikatu beharko dira, halaber, neurri horren salbuespen egoera egiaztatzen duten arrazoiak, txosten tekniko baten bidez.

5.–Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honetako 2. eta 3. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute, eskatzaileak egiletsia. Gainera, deialdian bestelako frogabideak ezar daitezke. Betiere administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpen edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko.

7. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedurak.

Dirulaguntzak zuzenean eman daitezke norgehiagokako prozeduraren araubideari jarraikiz.

Dirulaguntzak emateko ohiko prozedura izapidetuko da norgehiagokako prozeduraren araubideari jarraikiz. Deialdi publikoaren bidez. Norgehiagokako lehiatzat hartuko da dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleitzea, kreditu erabilgarrien muga gainditu gabe.

7.1 artikulua. Dirulaguntzak zuzenean ematea.

Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

a) Erakundearen Aurrekontu Orokorretan modu izendunean aurreikusitakoak, hitzarmenetan eta ordenantza honetan jasotako baldintzetan.

Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, dirulaguntzaren xedea eta haren zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan zehaztuko dira mota honetako dirulaguntzak; horiek ebazpen, erabaki edo hitzarmen bidez gauzatuko dira, eta hartan ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa zehaztuko dira.

b) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

c) Salbuespen gisara, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

Udal aurrekontuan dirulaguntza horiek emateko erabiliko den urteko diru-izendapena jasoko da.

Vianako Udalaren Osoko Bilkura da organo eskuduna dirulaguntza horiek emateko urteko diru-izendapena jasoko duen udal aurrekontua onesteko. Alkate udalburua izanen da organo eskuduna dirulaguntza guztiak ematea edo ukatzea ebazteko.

Eskabideak aurkezteko epea urte natural guztian egonen da zabalik.

Eskabidearekin batera, eskatzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte: egin beharreko jardueren programa xehatua; jarduera horien aurrekontu guztia, banakatua, zeinetarako eskatzen baita dirulaguntza; eta onuradun izateko baldintzak, legean ezarritakoak, betetzen dituztela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

Jarduera baterako dirulaguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

Ebazpenean, akordioan edo hitzarmenean ezarriko dira dirulaguntza horiei aplikatu beharreko era guztietako baldintzak, eta alderdi hauek jaso beharko dituzte:

–Dirulaguntzaren xedea eta haien onuradunak zehaztea, aurrekontuko diru-izendapenaren arabera.

–Dirulaguntzaren gastua, eta zenbatekoa egozten zaion aurrekontu-kreditua, eta, behar izanez gero, onuradun bakoitzarentzat banakaturik, bat baino gehiago badira.

–Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, etorrita ere edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik.

–Dirulaguntza ordaintzeko epeak eta moduak, ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukerak, baita, behar bada, onuradunek ekarri behar dituzten bermeen araubidea ere.

–Epea eta modua, justifikatzeko onuradunak dirulaguntzaren xedea bete duela eta jasotako funtsak aplikatu dituela.

–Dirulaguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.

–Dirulaguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik behar bada, horien zehaztapena.

7.2 artikulua. Dirulaguntzak ematea norgehiagokako araubidean.

Vianako Udalaren Osoko Bilkura da dirulaguntzen deialdietako oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo deuseztatzeko organoa. Alkate udalburua izanen da organo eskuduna ebazteko dirulaguntza guztiak ematea edo ukatzea.

Eskabide epeak deialdi bakoitzean finkatzen dira.

A) Ofizioz hastea:

Prozedura ofizioz hasiko da, organo eskudunak onetsi, eta gutxienez honako eduki hau izanen duen deialdi baten bidez:

–Berariazko ordenantza argitaratzeari buruzko aipamena.

–Dirulaguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion eta, eskuragarri diren kredituen zenbatekoa kontuan harturik, dirulaguntzek guztira zenbat jotzen duten, edo, bestela, dirulaguntzen zenbatespena.

–Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

–Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen direla adieraziko da.

–Dirulaguntza eskatzeko betebeharrak eta haien frogabideak.

–Prozedura instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak zeintzuk diren azaltzea.

–Eskaerak aurkezteko epea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 23.3 artikuluko aurreikuspenak aplikatuta.

–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

–Eskaerari erantsi beharreko dokumentu eta argibideak.

–Behar bada, eskabideak birformulatzeko aukera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 27. artikuluan xedatutakoaren arabera.

–Ebazpenak administrazio bidea bukatzen duen edo ez adieraztea, eta, bestela, zer organori jarri behar zaion errekurtsoa.

–Eskaerak baloratzeko irizpidea: Irizpide bat baino gehiago kontuan hartzen denean, horietako bakoitzari emandako haztapen erlatiboa zehaztu beharko da. Balorazio prozedura zenbait fasetan antolatzen bada, adieraziko da, halaber, zein fasetan aplikatuko diren irizpideak, bai eta eskatzaileari balorazio prozesuan jarraitzeko eskatzen zaion gutxieneko puntuazio-atalasea ere.

Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik ezin bada zehaztu hautatutako irizpide bakoitzari dagokion haztapena, irizpide guztiek eskabideen balorazioa egiteko pisu erlatibo bera izanen dute.

–Jakinarazteko edo argitaratzeko bitartekoa, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42., 43., 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoarekin.

B) Eskaeren aurkezpena:

Eskaera alkate udalburuari zuzenduko zaio eta Udalaren sarrera erregistroan aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideetako edozeinetan.

Eskaerari deialdian ezarritako dokumentazioa erantsiko zaio.

Jarduera baterako dirulaguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

Eskatutako agiriak Udalaren eskuetan badaude, eskatzaileak, bost urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, horiek ez aurkezteko duen eskubidea erabil dezake, ohartaraziz noiz eta zer organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren.

Eskabideak modu telematikoan aurkez daitezke, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoarekin.

Ez badira betetzen deialdian ezarritako betekizun guztiak, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utzi duela iritziko dela. Aitzinetik ebazpena emanen da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedaturik daudenekin bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

C) Prozeduraren tramiteak egitea:

Aurkeztutako eskabideak aztertzeko, lantalde bat eratuko da, organo eskudunaren aholkulari aritzeko. Lantalde horrek ebatziko du dirulaguntza ematea, kasu bakoitzean diruz lagundu daitekeen zenbatekoan eta ehunekoan, kasuan kasuko inguruabarrak baloratuta.

Lantaldea honako hauek osatuko dute: alkateak (batzordeburua izanen da) eta udalbatzan ordezkaritza duen udal talde bakoitzeko kide batek. Idazkariak, kontu-hartzaileak eta/edo arlo bakoitzeko udal teknikariek lagun diezaiekete eskatzen zaienean.

Egin beharreko jarduerak honako hauek dira:

–Ebazteko beharrezkotzat jotzen diren edo dirulaguntza arautzen duten arauek eskatzen dituzten txosten guztiak eskatzea.

–Eskaeren edo eskarien ebaluazioa, kasuan kasuko dirulaguntzari buruzko arauan edo, hala behar badu, deialdian aurreikusitako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Eskabideak ebaluatu ondoren, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena bidaliko zaio, behar bezala arrazoituta, organo emaileari. Horrek honako hauek jaso beharko ditu:

–Dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzaileen zerrenda.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

–Ebaluazioaren eta hura egiteko erabili diren irizpideen zehaztapena.

D) Ebazpena:

Ezin izanen da ebazpenik eman harik eta espedienteko aurrekontuan behar besteko kontsignazioa dagoela egiaztatu arte.

Ebazpen proposamena onetsi ondoren, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 88. artikuluan eta, hala badagokio, kasuan kasuko arauan edo deialdian aurreikusitakoaren arabera, organo eskudunak arrazoituta ebatziko du prozedura, eta, betiere, emandako ebazpenaren oinarriak eta onuradunek hartutako konpromisoak egiaztatu beharko dira (1).

(1) Emakidaren ebazpenean argi eta garbi identifikatu beharko dira onuradunek beren gain hartutako konpromisoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 62. artikuluak ezartzen duen bezala (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

Prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez. Gehieneko epe hori ebazpena jakinarazi gabe bukatzen bada, interesdunek zilegi izanen dute ezetsitzat jotzea dirulaguntza emateko eskaera, administrazio isiltasunaren bidez.

Prozedurari buruzko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoarekin. Jakinarazpen edo argitalpen hori egiteko, aipatu legearen 42., 43., 44. eta 45. artikuluetan jasotako xedapenak bete beharko dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoak, 63.3 artikuluan ezartzen duen bezala, oinarrietan eskabide guztien zerrenda ordenatua jaso daiteke, onuradun izateko oinarri arautzaileetan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak betetzen badituzte eta ez badira onartu, deialdian ezarritako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditu delako. Adierazi beharko da bakoitzari eman zaion puntuazioa, aurreikusitako balorazio irizpideen arabera.

Onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak erabakiko du, beste deialdi bat egin behar izan gabe, puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada eskaera bat bederen aintzat hartzeko. Aukera hori interesdunei jakinaraziko zaie, hamar eguneko epe luzaezinean dirulaguntzaren proposamena onar dezaten. Proposamena onartu ondoren, administrazio organoak dirulaguntza emateko egintza emanen du, eta jakinarazi eginen du, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean eta hura garatzeko erregelamenduan ezarritako moduan.

Dirulaguntzak emateko irizpideak:

Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira dirulaguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:

a) Jardueraren interes orokorra Vianako Udalarendako.

b) Programa hauetan herritarrek aktiboki parte hartzea eta jarduerek eragin soziala izatea.

c) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleriaren bizi mailaren hobekuntza eragin dezaketen alderdiei mesede egitea.

d) Proiektua zer neurritan egokitzen zaien baldintza sozialei, kulturalei edo gauzatuko den esparruari dagozkion beste baldintza batzuei.

e) Jarduerak Vianako herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

f) Boluntarioen parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

g) Gisako jardueren urritasuna.

h) Oinarriko kirola eta kultura sustatzea.

i) Dirulaguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

j) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen nahiz genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

k) Antzinatasuna eta esperientzia, gisako proiektuetan.

l) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

8. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

a) Xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea, edo dirulaguntza jasotzeko behar den jokabidea izatea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta dirulaguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

d) Organo emaileari komunikatzea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta beti, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Ebazpen proposamena eman baino lehen, frogatzea egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

g) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Behar bezalako publizitatea eginen diote diruz laguntzen diren edozein motatako programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

i) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

9. artikulua. Zenbatekoa.

Oro har, eta berariazko ordenantzak bestelakorik xedatzen ez badu, Udalak norgehiagokako araubidean ematen dituen dirulaguntzek ezin izanen dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren %100.

Halere, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik.

Udalak dirulaguntzak ematea bateragarria izanen da beste edozein dirulaguntza edo laguntza motarekin (2).

(2) Kontuan izan behar da oinarriak ematen dituen arauan zehaztu daitekeela ea dirulaguntzak bateragarriak edo bateraezinak diren helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu nazional batzuetatik edo nazioarteko erakundeetatik datozenekin.

Alkate udalburua izanen da organo eskuduna dirulaguntza guztiak ematea edo ukatzea ebazteko.

10. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza (3).

(3) Kontuan hartu beharra dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa.

Dirulaguntza jasotzeko Udalari aurkeztu behar zaio dokumentazio hau:

–Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

Egindako jardueraren memoria, gutxienez honako datu hauekin: arduradunaren identifikazioa, parte-hartzaileen kopurua, egindako jarduerak, parte hartzen duen herritik kanpoko jarduerak, balorazio orokorraren emaitza eta etorkizunerako lan proposamena.

–Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak. Fakturek dirulaguntza ematen den urteko edo ikasturteko data izan beharko dute, eta honako datu hauek jaso beharko dituzte: hartzailearen eta jaulkitzailearen izena, helbidea eta NANa edo lizentzia fiskala, faktura zenbakia, horniduraren edo zerbitzuaren deskribapen nahikoa eta fakturatutako zenbatekoa, berariaz adierazita zerga-kuota edo aplikatu ez dena (salbuetsia).

–Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren frogagiriak.

–Dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko aitorpena.

–Agiriak edo, behar bada, adierazpenak, frogatzen dutenak onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela.

–Adierazpenak, diotenak kontzeptu guztiengatik jasotako diru-sarrerek ez dituztela gainditu diruz lagundutako jardueratik sortutako gastuak.

Justifikazio agiriak dirulaguntza eman den urte naturala bukatu baino lehen aurkeztu beharko dira, deialdian beste epe berariazko bat ezarri ezean (4).

(4) Bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 71. artikuluan ezarritakoarekin, dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen administrazio-organoak ikusten badu onuradunak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak badaudela, horiek adieraziko dizkio, eta hamar eguneko epea emanen dio akatsak zuzentzeko.

Dirulaguntza ematen duen organoak justifikazioa aurkezteko ezarritako epea luza dezake, oinarri arautzaileetan jasotako kontrako agindurik ezean. Epea ez da hurrengo urtearen erditik gorakoa izanen, eta, betiere, hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.

Lantaldeak aztertuko du espedientea, eta ordainketaren onespena proposatuko dio alkateari. Egokia bada, onestea eta ordaintzea alkateari dagozkio, eginen den gastua bere eskumenen barnean badago.

Onuradunak ezin badu emandako dirulaguntzaren zenbateko guztia behar bezala justifikatu, zerbitzu arduradunak ofizioz izapidetuko du dirulaguntzaren zenbatekoa murriztea, justifikatu beharreko zenbatekoaren eta ongi justifikatutako zenbatekoaren artean dagoen proportzio berean.

11. artikulua. Itzultzea.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta berandutze-interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, kasu hauetan (5):

(5) Itzulketa prozedura abiarazten duen erabakian adieraziko dira abiarazte horren arrazoia, bete gabe utzitako betebeharrak eta laguntzaren zenbatekoa. Erabakia onuradunari edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileari jakinaraziko zaio, eta hamabost eguneko epea emanen zaio egokitzat jotzen dituen agiriak alega edo aurkez ditzan. Itzulketa-prozeduraren ebazpenak honako hauek identifikatuko ditu: itzultzera behartuta dagoena, bete ez diren betebeharrak, itzulketaren zergatia, zeina egonen den Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa zergatien artean, eta itzuli beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, berandutze-interesen likidazioarekin batera. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta dagokion itzulketa egiteko eskatuko zaie, Diru-bilketaren gaineko Erregelamendu Orokorrak ezarritako epean eta moduan. Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izanen da, prozedura hasteko erabakia hartu zen egunetik aitzina.

a) Dirulaguntza lortu izana horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uztea, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea ez hartzea.

c) 38/2003 Legearen 30. artikuluan edo dirulaguntzari buruzko arauetan ezarritako justifikazioa ez egitea, edo behar adinako justifikazioa ez egitea.

d) Aipatu 38/2003 Legearen 18. artikuluko 4. apartatuan adierazitako zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.

e) 38/2003 Legearen 14. eta 15. artikuluetan ezarritako egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihestea edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzea, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko, Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

f) Administrazioak onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak ez betetzea, baldin eta konpromiso horiek ikusteko badute dirulaguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

g) Administrazioak onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

h) Europar Batasunaren Itunaren 87. artikulutik 89. artikulura bitarte ezarritakoaren arabera, dirulaguntza itzuli beharra erabakitzea.

i) Dirulaguntzari buruzko arauetan aurreikusitako gainerako kasuetan.

Organo emaileak izanen du eskumena onuradunari edo erakunde laguntzaileari dirulaguntzak itzultzeko eskatzeko, araututako prozedura ebatziz, baldin eta zenbatekoak itzultzeko kasuren bat dagoela ikusten badu. Ofizioz hasiko da, eta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izanen da, prozedura hasteko erabakia hartu zen egunetik hasita.

12. artikulua. Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak.

Berariazko oinarri arautzaileek aurreikus dezakete konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egitea, eta kasu horietan ezarriko dituzte onuradunek aurkeztu beharreko bermeak.

13. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzule izanen dira, egitez edo ez-egitez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean arau-hauste gisa tipifikatutako kasuetan erortzen direnak, eta bereziki:

–Dirulaguntzen onuradunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluaren 2. apartatuan eta 3. apartatuaren bigarren paragrafoan aipatu diren pertsonak nahiz entitateetako kideak, dirulaguntza zein jarduerak hartu duten, horiexek gauzatzeko hartutako konpromisoaz den bezainbatean.

–Entitate laguntzaileek.

–Egintzarako gaitasunik ez duten onuradunen legezko ordezkaria.

–Dirulaguntzaren xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten pertsonak edo entitateak, baldin eta laguntzeko betebeharra badute, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan xedatutakoa betez eskatutako adina agiri eman behar badute, nahitaez.

14. artikulua. Erantzukizunetik salbuestea.

Lege horretan tipifikatutako egite edo ez-egiteek ez dute erantzukizunik sortuko dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboagatik, honako kasu hauetan:

–Jarduteko gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

–Ezinbestekoetan.

–Erabakia anitzen artean hartua denean, botoa gorde zutenentzat edo erabakia hartu zeneko bileran egon ez zirenentzat.

15. artikulua. Finantza-kontrola.

1.–Onuradunei eta, hala dagokionean, entitate laguntzaileei eginen zaie finantza-kontrola, honako hauek egiaztatzeko helburuz: funtsak bidezko eran lortu izana; jasotako funtsak aplikatzeko betebeharrak betetzea; dirulaguntzaren justifikazio egokia; aurkeztutako justifikazioaren arabera dirulaguntzaren bidez finantzatu diren eragiketen errealitatea eta erregulartasuna; diruz lagundutako jarduerak behar bezala finantzatu izana, kontrolatzeko dirulaguntzen zenbatekoa ez izatea handiagoa –berez edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuk gehituta– dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino, eta badauden ala ez deklaratu ez diren gertaera, inguruabar edo egoeraren batzuk, eragina izan lezaketenak diruz lagundutako jardueraren finantzaketan, dirulaguntzaren eskuratze, erabilera edo justifikazio egokian edo dirulaguntzarekin finantzaturiko eragiketen benetakotasunean edo erregulartasunean.

2.–Aurreko apartatuaren ondorioetarako, hona finantza-kontrola zer modutan egin daitekeen:

a) Kontabilitate-erregistroak, kontuak edo finantza-orriak aztertzea, bai eta horien oinarri diren agiriak ere.

b) Banakako eragiketa zehatzak aztertzea.

c) Alderdi partzial eta zehatzak egiaztatzea emandako dirulaguntzei lotutako edo haietan eragina izan dezaketen egintza batzuen inguruan.

d) Finantzatutako inbertsioen egiaztatze materiala.

e) Dirulaguntza arautzen duen kasuan kasuko araudi, lankidetza-hitzarmen edo, kasua bada, emateko ebazpenaren arabera egin behar diren kontrol jarduketa zehatzak.

f) Diruz lagundutako jardueren ezaugarri bereziak direla-eta, beharrezko diren beste egiaztapen batzuk.

3.–Kontrol araubide horri onuradunek eginen diete men, eta, hala behar badu, entitate laguntzaileek ere, halako moduan non behartuak egonen baitira laguntza ematera bai eta aipatu eginkizunak gauzatzean organo eskudunak eskatzen ahal dien agiriak oro ematera, Administrazio honek jasota ez baditu. Horretarako, organo eskuduneko langileek izanen dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako ahalmenak eta eginbeharrak.

Betebehar hori ez betetzea jarkitze, desenkusa, oztopo edo ukotzat hartuko da, eta hori dirulaguntza itzularazteko arrazoia izan daiteke, ordenantza honetan aurreikusitako ondorioetarako, deusetan galarazi gabe kasu bakoitzean ezar daitezkeen zehapenak.

Finantza-kontrolaren prozedura.

Udalaren Kontu-hartzailetzak du eskumena Udal honek eta beronen erakunde autonomoek emandako dirulaguntzen gaineko finantza-kontrola egiteko.

Onuradunen gainean eta, hala behar badu, entitate laguntzaileen gainean finantza-kontrola gauzatzeko jarduketak hasteko, jakinarazpena helaraziko zaie, eta bertan adieraziko, garatu beharreko jarduketen izaera eta helmena, Udalaren Kontu-hartzailetzaren eskuetan hasiera batean utzi behar den dokumentazioa eta beharrezkotzat jotzen den beste edozein alderdi. Onuradunek eta, halakorik bada, entitate laguntzaileek argibideak jaso behar dituzte jarduketak hastearekin batera, horietan dituzten eskubide eta betebeharrei buruz.

Jarduketa horiek 12 hilabeteko epean burutu behar dira, behin jarduketen hasiera jakinarazi eta hortik aitzina.

Onuradunen eta, halakorik bada, entitate laguntzaileen gaineko finantza kontroleko jarduketak bukatzeko, kasuan kasuko txostena emanen da; hartan jasoko dira agerian jarritako egintzak eta horietatik atera daitezkeen ondorioak.

Txostenok kontrolaren xede izan diren onuradunei edo entitate laguntzaileei jakinaraziko zaizkie. Dirulaguntza Udaleko zein alor edo erakunde autonomo kudeatzailek eman zuen, horrexeri igorriko zaio txostenaren kopia bat, bertan adierazita, behar izatera, itzultzeko eta zehatzeko espedienteak abiatzeko beharra.

Udalaren Kontu-hartzailetzak emandako txostenean dirulaguntza osorik edo hein batean itzultzea bidezko jotzen bada, Udaleko alor edo erakunde autonomo kudeatzaileak, aipatu txostena oinarritzat hartuta eta hilabeteko epean, itzultzeko espedientea hastea erabaki beharko du, betiere horren berri onuradunari edo entitate laguntzaileari jakinaraziko diolarik. Horrek, bestalde, 15 eguneko epea izanen du, haren defentsarako egoki iruditzen zaizkion alegazio guztiak aurkezteko.

16. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat hartzen da ordenantza honetan eta dirulaguntzen oinarri arautzaileetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako betebeharrak ez betetzea, arau-hauste horiek astunak edo oso astunak ez direnean, eta zehapena graduatzeko eragile ez direnean. Bereziki, honako jokaera hauek izanen dira arau-hauste arinak (6):

(6) Zehapen-prozedura administratiboa izanen da abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak onetsitako zehatzeko ahala erabiltzeko prozeduraren erregelamenduak araututakoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean eta hura garatzen duen Erregelamenduan dauden berezitasunekin.

a) Hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatzeko kontuak epez kanpo aurkeztea.

b) Aurkeztutako justifikazio kontuak ez-zuzenak edo osatugabeak izatea.

c) Artikulu honetako gainerako paragrafoetan berariaz aurreikusi ez baina dirulaguntza jasotzearen ondorioz onuradunek beren gain hartu dituzten betebehar formalak ez betetzea, erregelamenduz ezarritako moduan.

d) Kontabilitateko edo erregistroko betebeharrak ez betetzea, eta zehazki, honako hauek:

–Eragiketa bat edo gehiago doitu edo egin gabe uztea, legeek galdatutako kontabilitate eta erregistroetan.

–Ondokoak eraman edo gordetzeko betebeharra ez betetzea: kontabilitatea, legeek ezarritako erregistroak, horien euskarri gisa erabili beharreko informatika programak eta artxiboak, eta erabilitako kodifikazio sistemak.

–Jarduera eta ekitaldi ekonomiko berari buruzko kontabilitate desberdinak eramatea, horrek entitatearen benetako egoera jakitea galarazten duenean.

–Kontuak, kasuan-kasuan nolakoak diren, haien esanahiez besteko batez erabiltzea, baldin horrek diruz lagundutako jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

e) Egiaztagiriak edo horien agiri baliokideak gordetzeko betebeharra ez betetzea.

f) Entitate laguntzaileek 38/2003 Legean ezarritako betebeharrak ez betetzea.

g) Finantza kontroleko jarduketen aurreko jarkitzea, desenkusa, oztopoa edo ukoa.

Inguruabar horiek badaudela iritziko zaio, baldin dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzuleak, hari horretarako jakinarazpena behar bezala eginda, egin baditu udal funtzionarioen jarduketak luzatzera, oztopatzera edo galaraztera bideratutako jarduketak, finantza-kontroleko eginkizunak betetzean.

Besteak beste, honako jokabide hauek dira erresistentzia, oztopoa, aitzakia edo ezezkoa:

–Dokumentuak, txostenak, aurrekariak, liburuak, erregistroak, fitxategiak, frogagiriak, kontabilitate-idazpenak, programa eta artxibo informatikoak, sistema eragileak eta kontrol-sistemak eta egiaztatu beharreko beste edozein datu ez aurkeztea edo ez ematea.

–Errekerimenduren bati ez erantzutea.

–Arrazoi justifikaturik izan ezean, adierazitako lekuan eta denboran ez agertzea.

–Bidegabeki ukatzea edo eragoztea sartzea edo bertan egotea onuradunak edo erakunde laguntzaileak jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren errealitatea eta erregulartasuna behar bezala justifikatzeko zantzuak dauden negozio-lokaletan eta gainerako establezimendu edo lekuetan.

–Finantza-kontrola egiten duten kontrolatzaileak derrigortzea.

h) Laguntza emateko betebeharra duten pertsonek edo entitateek betebehar hori ez betetzea, horrek berekin badakar ezin dela egiaztatu onuradunak edo entitate laguntzaileak emandako informazioa.

i) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste arintzat jotako gainerako portaerak.

17. artikulua. Arau-hauste astunak.

Portaera hauek arau-hauste astunak dira.

a) Ordenantza honek adierazitakorekin bat, organo emaileari edo entitate laguntzaileari xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu direla komunikatzeko betebeharra ez betetzea, hain zuzen ere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluaren 1. apartatuaren d) paragrafoan aipatutakoa.

b) Ezarritako baldintzak ez betetzea, dirulaguntza emateko arrazoi izan ziren helburuen funtsa nabarmen aldatuz.

c) Funts publikoak zertan erabili diren ez justifikatzea, behin hori egiteko ezarritako epea iragan eta gero.

d) Entitate laguntzailearen izaera eskuratzea, halakoa izateko dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatutako baldintzak faltsutuz edo halakoa izatea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

e) Entitate laguntzaileek beren betebeharra ez betetzea, dirulaguntzak emateko erabakigarriak diren baldintzak edo betebeharrak benetan betetzea egiaztatzeari dagokionez, horiek ez betetzeak dirulaguntza itzultzeko betebeharra sortzen duenean.

f) Administrazioek, organismoek eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari informazioa emateko betebeharra duten gainerako entitateek informazioa ez ematea.

g) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste astuntzat jotako gainerako jokaerak.

18. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Jokaera hauek arau-hauste oso astunak dira:

a) Dirulaguntza eskuratzea hura emateko eskaturiko baldintzak faltsutuz edo ematea baztertuko edo mugatuko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Dirulaguntza zertarako eman zen, bestelako helburuetarako erabiltzea jasotako zenbatekoak, osorik edo hein batean.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako kontrol-jarduketei aurre egitea, haietarako trabak jartzea, haiek eragoztea edo haiei uko egitea.

d) Entitate laguntzaileek onuradunei ez ematea lorturiko funtsak, hala ezarri denean, dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan adierazitako irizpideen arabera.

e) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste oso astuntzat jotako gainerako portaerak.

19. artikulua. Zehapenak.

–Arau-hauste arinen zehapenak:

a) Arau-hauste arin bakoitza 75etik 900 eurora bitarteko isunarekin zehatuko da, hurrengo apartatuan xedatutakoaren kasuan izan ezik.

b) Ondoko arau-hausteak, kasuan-kasuan, 150etik 6.000 eurora bitarteko isunaz zehatuko dira:

–Eragiketa bat edo gehiago doitu edo egin gabe uztea, legeek galdatutako kontabilitate eta erregistroetan.

–Kontabilitatea eta legeek ezarritako erregistroak eramateko betebeharra ez betetzea.

–Jarduera bat eta berari buruzko kontabilitate ezberdinak eramatea, eta horrek entitatearen benetako egoera jakitea eragoztea.

–Kontuak, kasuan-kasuan nolakoak diren, haien esanahiez besteko batez erabiltzea, baldin horrek diruz lagundutako jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

–Kontrol-organoek eskatutako frogak eta agiriak ez aurkeztea edo horiek ez erakustea.

–Entitate laguntzaileek ez betetzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. artikuluan ezarritako betebeharrak.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluak aipatzen dituen laguntzeko betebeharrari eta dokumentazioa ematekoari loturik dauden pertsonek edo entitateek betebehar horiek ez betetzea, horrek berekin badakar onuradunak edo entitate laguntzaileak emandako informazioa egiaztatzeko ezintasuna.

–Arau-hauste astunen zehapenak:

Arau-hauste astunak zehatuko dira kasuan kasuko zenbatekoa halako bi den diruzko isun proportzional batekin, alegia, bidegabeki eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den zenbatekoa halako bi, edo, entitate laguntzaileen kasuan, bidegabeki aplikatu edo justifikatu diren funtsak halako bi.

Arau-hauste astunari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoa erakunde laguntzaileek emandako dirulaguntzaren edo jasotako zenbatekoen ehuneko 50 baino handiagoa denean, eta 30.000 eurotik gorakoa denean, eta aldi berean gertatzen denean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 60. artikuluaren 1. apartatuaren b) eta c) letretan aurreikusitako inguruabarretako bat, arau-hausleei honako zehapen hauek ezar dakizkieke:

a) Administrazioarengandik edo bestelako erakunde publikoengandik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, hiru urteko epean gehienez.

b) Hiru urte arteko epean Administrazioarekin edo beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, gehienez ere hiru urteko epean.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.3 paragrafoan jasotako administrazioek, organismoek edo erakundeek informazioa emateko betebeharra betetzen ez badute, 3.000 euroko isuna jarriko zaie, ohartarazpena egin ondoren. Isuna hilero errepika daiteke, betebeharra bete arte. Ez-betetzea Estatuko Administrazio Orokorreko organo batean gertatzen bada, aplikatuko da Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean arau-hauste astunetarako aurreikusitako zehapen-araubidea, eta Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioko organo eskudunari dagokio zehapen-prozeduraren instrukzioa egitea.

–Arau-hauste oso astunen zehapenak:

Arau-hauste oso astunak zehatuko dira kasuan kasuko zenbatekoa halako bitik hirura bitarte doan diruzko isun proportzional batekin, alegia, bidegabeki eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den zenbatekoa halako bitik hirura bitarte, edo, entitate laguntzaileen kasuan, bidegabeki aplikatu edo justifikatu diren funtsak halako bitik hirura bitarte.

Hala ere, ez dira zehatuko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 58. artikuluaren b) eta d) letretan jasotako arau-hausteak, baldin eta arau-hausleek zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak aldez aurretik errekerimendurik egin gabe itzuli badituzte.

Arau-hauste oso astunari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean, eta aldi berean gertatzen denean Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 60. artikuluaren 1. apartatuaren b) eta c) paragrafoetan aurreikusitako inguruabarretako bat, arau-hausleei honako zehapen hauek ezar dakizkieke:

a) Administrazioarengandik edo bestelako erakunde publikoengandik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

b) Bost urte arteko epean Administrazioarekin edo beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, gehienez ere bost urteko epean.

Zehapen horiek ezartzeko eskumena duen organoak erabaki dezake horiek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratzea.

20. artikulua. Indarra hartzea.

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu guztia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

Iragarkiaren kodea: L2202812