51. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DEIKAZTELU

Ordenantza, Udalaren lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzeko arauak ematen dituena. Behin betiko onespena

Deikazteluko Udalak, 2021eko azaroaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzeko arauak ematen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2022ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 11n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, aipatu ordenantza behin betiko onesten da eta agintzen da osorik argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 235. artikuluan xedatuarekin.

Deikaztelun, 2022ko otsailaren 25ean.–Alkatea, Mikel Azcona Molinero.

ORDENANTZA, UDALAREN LOKALEN ERABILERA HERRITARREN ELKARTEEI LAGATZEKO ARAUAK EMATEN DITUENA

I. TITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Xedea.

1.–Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra ezartzea udal lokalen erabilera lagatzeko hala eskatzen duten elkarteei.

Erabakiak ezartzen duen bezainbat iraunen du lokalaren lagapenak, eta hura doakoa eta prekarioan egina izanen da, eta inoiz ere ezin izanen da pentsatu eskubide ekonomikorik edo errentamendukorik sortzen duenik inolako alderdirendako.

2.–Erabilera-lagapenek espazio bat emanen diete gizarte-erakundeei beren jarduerak egiteko, eta haien xedea erabilera publikokoa edo gizarte interesekoa izanen da, gure bizilagunen onerako.

3.–Ordenantza honetatik kanpo gelditzen dira unean uneko beharrak asetzeko aldi baterako lagapenak, udal baimen egokiaren bidez arautuko baitira, eta orobat berariazko araudia duten higiezin edo ekipamenduen lagapenak.

2. artikulua. Lagako diren espazioak.

1.–Deikazteluko Udalak, hala erabakita, gisa honetako lokalak prekarioan lagako dizkie eskaera egiten duten herriko elkarteei, ahal duen heinean:

a) Udalaren titulartasuna duten ondare-ondasunak, osotara edo partez lagatzen ahal direnak.

b) Titulartasuna Udalarena ez duten ondasunak, Udalak haien gainean eskubideren bat baldin badu, eta eskubide horrek, indarra duen legeriarekin bat, haien erabilera aipatu erakundeei eskualdatzeko bidea ematen badio.

3. artikulua. Ordenantza honi heltzen ahal dioten erakundeak.

1.–Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean legez eratutako elkarteek udal lokala eskatu ahal izanen dute beren xede sozialari lotutako jardueretarako; ezinbesteko baldintza izanen da elkarte interesduna irabazteko asmorik gabea izatea eta izena emana egotea Nafarroako Foru Komunitateko erregistro egokian eta, hala behar badu, Deikazteluko Elkarteen Udal Erregistroan. Elkarteek herritar guztien ona izan behar dute xede, bakoitzak bere arloan.

2.–Elkartea irabazi asmorik gabekotzat joko da estatutuetan hala adierazten denean eta inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo, izanez gero, jarduera ekonomikoaren helburu bakarra estatutuetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.

4. artikulua. Eskaerak.

Elkarteek idatziz eskatuko diote Udalari lokal baten lagapena. Idazkiari erantsiko zaio laga beharreko lokalean eginen diren jarduera eta zerbitzuen urteko proiektua eta zein diren aurreikusten diren ordutegiak.

Udalak eskabide bakoitza aztertuko du eta horren gaineko txostena eginen du ekipamenduen eskuragarritasunaren arabera. Haren proposamenean erabilera-arauak sartuko dira. Osoko Bilkurak onetsi beharko du.

5. artikulua. Lagapena.

1.–Erabilera lagatzeko erabakian zehatz adieraziko da zertarako erabiliko diren ondasunak, eta egokitzat jotzen diren baldintza, muga eta berme guztiak ezarriko dira. Horietakoren bat hausteak ondasuna erabiltzeko lagapena galtzea ekarriko du. Arau orokor gisa, erabilera urtebeterako lagako da, eta luzapenak egin ahalko dira, gehienez ere 5 urtera arte. Epe hori iraganik, erabilera berriz laga ahal izanen da, elkarteak lehengo baldintzei eusten badie, baina lagapenaren baldintzak berrikusi eginen dira.

2.–Erabakiari ondasun higigarrien inbentarioa erantsiko zaio, horien erabilera ere lagatzen bada.

3.–Erabilera lagatzeko erabakian beste kontu batzuk ere sartzen ahalko dira, Udalaren eta erakunde onuradunaren arteko elkarlanari eragiten diotenak.

4.–Udalak ez ditu zuzentzen ezta onesten lagatako lokaletan egitekoak diren jarduerak. Elkarteek ez dute Udalarekin inolako mendekotasun harremanik, eta hark ez ditu bere gain hartuko, ez zuzenean ez subsidiarioki, lokalaren barnean gerta daitezkeen kalte material, pertsonal edo moralak.

6. artikulua. Betebeharrak.

1.–Lokal baten erabileraren lagapena jasotzen duen elkarteak bete beharko ditu ordenantza honetako xedapen eta arauak, baita lagapen erabakian ageri direnak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako guztiak ere.

2.–Lagapen erabakia hartu eta berehala, erakunde onuradunak hilabeteko epea izanen du baieztatzeko jarduera eta zerbitzuen proiektua, Osoko Bilkurak erabakia hartu duen urteari dagokiona. Urte natural bakoitzaren hasieran elkarte adjudikaziodunak proiektu berri bat aurkeztuko dio Udalari.

II. TITULUA

Lokalak erabiltzeko arau orokorrak

7. artikulua. Erabilerak.

1.–Erabilera esklusiborako lagatzen diren espazioak bere eginkizun edo jardueretarako erabili ahal izanen ditu erakunde onuradunak, estatutuetan ezarrita dituen helburuei jarraikiz. Lagapen erabakian edo erabilera baimenean gai hori zehatzago arautu ahal izanen da, hala behar duten puntuetan.

2.–Lokal bat entitate bakarrari lagatzen ahal zaio edo zenbaiti, elkarrekin erabil dezaten.

3.–Aurrekoez bestelako erabilera guztiak Deikazteluko Udalak baimendu beharko ditu.

8. artikulua. Mantentze-lanak.

1.–Elkarteek behar bezala zaindu behar dituzte erabilera esklusiboko espazioak, erabilera orokorrekoak eta higiezin osoa, baita altzariak ere. Elkartekide edo erabiltzaileek egitez edo ez-egitez eragiten dituzten kalteen erantzuleak elkarteak izanen dira, eta lehenbailehen konpondu beharko dituzte kalteak beren kontura, Udalari baimena eskatu eta gero. Apartatu hau ez da aplikatuko erabiliaren erabiliaz edo ustekabekoen ondorioz lokala hondatzen denean, erakunde onuradunak errurik izan gabe.

2.–Erakunde onuradunaren egitekoa izanen da lagatako ondasun higigarriak mantendu eta konpontzea. Garbitasuna eta ordena zainduko dituzte. Erabiltzen den egun bakoitzean, lokala garbitu eta hango altzariak eta barne elementuak antolatuko dituzte.

3.–Elkarte bakar batek erabiltzeko lagatzen diren lokaletan, elkarte onuradunak ordainduko ditu bere jarduerarako behar dituen argindarra, ura, gasa, berokuntza eta garbiketa. Telefono finkoa, haren alta eta ordainketa elkartearen kontura izanen dira, baita behar diren baimenen tramitazioa ere.

4.–Erabilera partekatuko lokaletan, Udala arduratuko da horien horniduraz, eta halako formula batzuk bilatuko dira erakunde bakoitzak bere kontsumoari dagokion atala ordain dezan. Erabilera partekatuko lokal horien garbiketa elkarteen kontura izanen da. Elkarte bakoitzak ordena eta garbitasuna zainduko ditu, beste elkarteek ere lokala erabili ahal dezaten.

5.–Lagapena erabakita, giltzak emanen zaizkie interesdunei, lokalak ireki eta ixteko; horiexek izanen dira haien zainketaren eta behar bezalako erabileraren erantzuleak. Alkateak espresuki baimendu ezean ezin izanen dute kopiarik egin. Kopiak eginez gero, denak itzuliko zaizkio Udalari eraikinak eta lokalak erabiltzeko epea bukatutakoan.

6.–Deikazteluko Udalak errekerimendu egiten dionean, elkarteak aldi baterako etengo du lokalean egiten duen jarduera, beharrezkoa ikusten bada udal ekitaldiak egiteko, edo beharturik eta nahitaez egin behar direnak egiteko bada. Hala izanez gero, elkarteak ezin hobeki ordenaturik utzi beharko du lokala, eta Udalaren jarduera egiteko trabarik gabe, Udalak horretarako igortzen duen adierazpenean zehazten den epearen barnean.

9. artikulua. Ordutegiak.

1.–Banakako erabilera.

Lokala elkarte bakar bati lagatzen zaionean, elkarteak nahi duen ordutegia ezarri ahal izanen du lokala ireki eta ixteko. Ordutegia betiere bateragarria izanen da indarra duen araudiarekin, eta lokala zabalik egonen da astean hogei orduz, gutxienez bost egunetan banatuta.

Nolanahi ere, azken kontuari dagokionez, Udaleko Osoko Bilkurak lagatzeko hartzen duen erabakian zehazten ahalko da irekitzeko bestelako ordutegi bat, segun eta nolakoak diren jarduerak, lokala elkarteari edo taldeari lagatzea justifikatzen dutenak.

2.–Erabilera partekatua.

a) Lokal bat zenbait elkarteren artean elkarrekin erabiltzeko lagatzen denean, lagapen erabakietan zehaztuko da zein egun eta ordutan erabili ahal izanen duen lokala elkarte bakoitzak.

b) Herritar guztiendako irekita dauden zentroak direnean, Deikazteluko Udalak askatasunez ezarriko du zentroa irekitzeko ordutegia.

c) Erakunde bakoitzari esleitutako erabilera-ordutegia ez badator bat jendearendako irekita dagoen ordutegiarekin, erakundeek lokala erabili ahal izanen dute, baina zentrorako sarbidea itxi beharko dute, bertan sartzen eta ateratzen direnean.

3.–Nolanahi ere, beranduenera astegunetan 22:00etan itxiko da eta asteburuetan 24:00etan.

10. artikulua. Eremu komunak.

Zenbait erakundek partekatzen dituzten lokaletan, Deikazteluko Udalak zehaztuko du zein diren zentro bakoitzean guztiek erabiltzeko espazioak, eta zertarako eta nola erabil daitezkeen.

11. artikulua. Onartzen ez diren jarduerak.

Lagatako lokalaren barnean, elkartearen autonomia ukatu gabe, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea, arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta.

Debeku da lagapen erabakien bidez jasotzen diren espazioak elkartearen estatutuetan ageri ez diren jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuak egiteko. Instalazioetan ez da ostatu zerbitzurik izaten ahal.

Ezin da paper, kartoi eta material sukoirik pilatu, erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jarriko litzatekeelako. Lokal guztietan Larrialdi eta Suteetarako Plana eduki behar da. Udalak eginen du, kasuan kasuko elkartearekin lankidetzan.

12. artikulua. Obrak.

1.–Deikazteluko Udalak aurretik baimena eman ezean, erakunde onuradunek ezin izanen dute inolako obra edo jarduketarik egin erabilera esklusiborako lagatako espazioan, ez ondasun higigarrietan, ezta, oro har, higiezin osoan ere.

2.–Obra edo jarduketak ondasun higiezinaren mesedetan eginen dira eta haiengatik ez da inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasoko.

3.–Artikulu honetako 1. apartatuan xedatua urratzen bada, Udalak lokalaren erabilera elkarteari lagatzeko erabakia ezeztatu ahal izanen du, edota ondasuna jatorrizko egoerara lehengoratzeko agindu ahal izanen du, kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik gabe. Erabiltzaileak egin ezean, haren ordez Udalak egin ahal izanen ditu lehengoratze obrak eta erakundeak ordaindu beharko du kostua. Lehengoratzea ezinezkoa bada ondasunari kalterik egin gabe, kalteen eragileak kalte-ordaina eman beharko du eragindako galerengatik.

13. artikulua. Erantzukizun zibila eta fidantza.

1.–Erakunde bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako espazioetan bere kide eta erabiltzaileek egitez edo ez-egitez, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.

2.–Elkarte bakoitzak aseguru poliza bat kontratatu beharko du lagapenak dirauen denbora guztirako. Horrek estaliko ditu bai lokalean uzten diren ondasunak lapurretetatik, suteetatik eta kalteetatik, eta baita erantzukizun zibila ere, jarduerak hirugarrenei eragiten ahal dizkien kalte-galerengatik.

Lagatako lokal bakoitzak bermatu beharreko estaldura mailakatuko da lagapen erabakian bertan.

3.–Elkarte onuradunak behar bezala frogatu beharko du aseguru poliza ordaindu duela. Udalaren zerbitzu teknikoek noiznahi eskatu ahalko dizkiote ordainagiriak.

4.–Udalak fidantza eskatzen ahalko du, legez onartutako edozein modutan. Fidantza izanen da Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak behar bezala erabiltzeko eta lagapenaren aurretik zeuden horretara lehengoratzeko betebeharrei erantzuteko.

Halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan kalte-galerarik eragin bada, erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten kalte-ordainen berme izanen da fidantza.

Horretaz gain, erabiltzen ahalko da ordenantza honen aplikazioaren ondorioz ezartzen diren zehapenak ordaintzeko. Fidantzaren zenbatekoa Udaleko Osoko Bilkurak zehaztuko du, aplikatu behar den araudiari jarraituz.

III. TITULUA

Elkarte eta erakundeen betebeharrak. Betetzearen kontrola

14. artikulua. Elkarte eta erakundeen betebeharrak.

Herritarren elkarte eta erakunde guztiek ordenantza honetako arau orokorrak bete behar dituzte, eta zehazki:

a) Errespetatuko dituzte lagapen erabakian ezarritako ordutegiak edo Deikazteluko Udalak baimentzen dizkienak.

b) Lagatako espazioa erakundearen xedeetarako erabili behar dute eta, beraz, beren jarduera programa betetzeko, eta lagapen erabakian ezartzen diren helburuetarako edo Udalak baimentzen dituenetarako.

c) Lokalean ez dute eginen hirugarrenen inolako publizitate komertzialik, Udalaren baimena izan ezean. Publizitatetzat joko da komunikazio mota oro, baldin eta haren xedea bada zuzenean edo zeharka eragin edo sustatzea zerbitzu eta/edo ondasun higigarri nahiz higiezinen salerosketa edo kontratazioa.

d) Lokala erabiltzen duten beste entitate edo elkarteei esleitutako tokiak errespetatu behar dituzte, haien jardueretan trabarik egin gabe.

e) Erabilera komuneko espazioen xedea eta helburua errespetatzea.

f) Lokalak erabiltzen dituzten orduetan ez diete eragozpenik sortuko auzokoei eta ez dute inguruko lasaitasuna hautsiko. Horretarako, indarra duen araudian ezarritako neurriak hartuko dituzte.

g) Erabiltzeko lagatzen zaizkien espazioak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasun eta higienearen aldetik.

h) Zentroko giltzak zainduko dituzte eta zentroa itxiko dute, erabiltzen azkenak badira, salbu eta lagapen erabakian besterik xedatzen denean. Gainera, lagatako espazioak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

i) Hirugarrenei ez diete lagako esleituriko espazioaren erabilera, ez osorik ez zati batean, hirugarren horiek elkarteko kide izan zein ez.

j) Jendearendako zabalik dauden lokaletan, funtzionamendu orduetan, ez diote inori sarrera galaraziko bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu joeragatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

k) Gertatzen diren anomalia, gorabehera edo arazoen berri emanen diote Deikazteluko Udalari, eta larrialdiak badira, berehala jakinaraziko dituzte.

l) Erabilera lagatzeko erabakia iraungi edo ezeztatuz gero, espazioak eta ondasunak Deikazteluko Udalari itzuliko dizkiote lehengo hartan, erabileraren ondoriozko higadura salbu.

m) Une oro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen utziko diote, begiratu ahal dezan betetzen direla ordenantza hau, indarra duten arauak eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia. Leku guztietara sartzen utziko diote eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak emanen dizkiote. Udala betiere sartzen ahalko da lokalean, berehala gertatzeko dagoen kalte edo traba larria eragotzi beharrez.

15. artikulua. Betebeharrak betearazteko kontrolaren araubidea.

Lokalak erabiltzen dituzten erakundeen arau-haustetzat joko dira honako hauek:

a) Udalaren eraikin eta lokalak haren baimenik gabe okupatzea.

b) Baimena izanik okupaturiko lokal edo egoitza egunero garbitzeko lanak ez egitea, ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Kalteak eragitea lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan.

d) Erabiltzen diren eraikin edo lokaletako giltzen kopiak egitea alkatearen baimenik izan gabe.

e) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betikoz alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.

f) Beste edozein arau-hauste, ordenantza honen kontra.

16. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

Arau-hauste arinak izanen dira aurreko artikuluko b), e) eta f) letretan agertzen direnak.

Arau-hauste astunak izanen dira aurreko artikuluko c) eta d) letretan agertzen direnak.

Arau-hauste oso astuna izanen da aurreko artikuluko a) letran agertzen dena.

17. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinengatik, 100dik 500 eurora bitarteko isuna.

b) Astunengatik, 501etik 1.000 eurora bitarteko isuna.

c) Oso astunengatik, 1.001etik 1.800 eurora bitarteko isuna.

Alkatetza da zehapen horiek ezartzeko organo eskuduna. Zehapena ezartzeaz gainera kalte-galeren ordaina eskatuko da, bidezkoa denean.

Arestian aipatu erantzukizun eta zehapenak, nork bere borondatez ordaindu ezean, dagokien fidantza betearaziz gauzatuko dira eta, bestela, premiamendu bidez.

IV. TITULUA

Udalaren ahalmenak eta betebeharrak

18. artikulua. Ikuskapen ahalmena.

a) Deikazteluko Udalak ahalmena izanen du lagatako lokalak noiznahi ikuskatzeko. Ikuskapenaren ondorioz, erakunde onuradunaren ez betetze astun edo oso astunen bat agerian gelditzen bada, Udalak zilegi izanen du arauak betetzeko eskatzea edo lokalak erabiltzeko lagapena edo baimena ezeztatzea.

b) Erakunde edo herritarrek arrazoizko eskaera egin ondoan, lagatako lokala jarduera puntualetarako erabiltzeko baimena ematen ahalko du Udalak, aldez aurretik elkarte edo talde lagapen-hartzailarekin adostuta, eta, betiere, errespetatzen badira erabilera lagatzeko erabakiaren onuradun den elkarte edo taldeak programaturiko jarduerak.

Jarduera puntualetarako baimenak emateko epea ez da astebete baino luzeagoa izanen.

Aldi baterako erabilerak dirauen bitartean, lokalaren erabileraren eta zainketaren arduradunak izanen dira puntualki baimen hori dutenak.

19. artikulua. Udalaren betebeharrak.

Tuterako Udalak betebehar hauek ditu:

a) Ordenantza honetatik eta indarra duen legeriatik sortzen direnak.

b) Lokaletan espazio komunak egoera onean edukitzea, osasungarritasun eta higienearen aldetik.

c) Deikazteluko Udalari dagozkio egiturazko mantentze-lanak, hau da, eraikinaren egitura, fatxadak eta estalkiak eta kanpoaldeko zerbitzu-harguneak mantentzeko konponketak eta berrikuntzak, baldin eta zentroaren erabilera arrunt eta ohikoaren ondoriozkoak badira. Halaber Udalari dagokio ur, argi, berokuntza eta gas horniduretarako loturak egitea.

V. TITULUA

Erabileraren lagapena azkentzeko arrazoiak

20. artikulua. Udalak prekarioan lagako ditu ordenantza honen xede diren lokalak. Prekarioan egindako lagapenaren araubidea Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki arrazoituaren bidez amaituko da. Udalak erakunde onuradunari bi hilabeteko epea emanen dio lokala itzultzeko, behar den errekerimendua eginez.

Lagapen erabakia arrazoi hauengatik azkendu daiteke:

a) Hasieran ezarritako epea edo horren luzapenak amaituta.

b) Bi alderdiak ados jarrita.

c) Erakundeak uko egiten dielako lagatako espazioei, edo ez dituelako benetan erabiltzen.

d) Lagapen erabakian onartu ez diren edo ordenantza honekin bat ez datozen jarduerak, zerbitzuak edo bestelakoak, batez ere, partikularrei irabaziak dakarzkieten jarduera ekonomikoak, etengabe egiten direlako edo horiek bakarrik egiten direlako.

e) Erakundea desegin delako.

f) Lokalaren beharra dagoelako, behar adina arrazoitua, beste zerbitzu publiko batzuk egiteko.

g) Betiere, ordenantza honen 15. artikuluko arau-hauste oso astun bat baino gehiago, bi arau-hauste astun baino gehiago eta sei arau-hauste arin egiteagatik.

21. artikulua. Arrazoi horietako batengatik erabileraren lagapena azkentzen denean, erakunde edo elkarteak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko.

22. artikulua. Erabilera lagatzeko erabakia suntsiarazi edo iraungi ondotik, elkarteak 15 egun naturaleko epea izanen du Deikazteluko Udalari itzultzeko lagatako tokia eta ondasunak. Hala egin ezean, atzerapenak ekar ditzakeen kalte-galeren erantzulea izanen da.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza hau onestean Udalaren lokal, eraikin edo instalazioak erabiltzen ari diren erakundeek, behar puntual edo behin-behinekoetarako ez badira edo, berariazko baimena eta dagokion baldintza-agiria ez badituzte, erabiltzen ari diren lokalaren erabilera lagatzeko eskabide berria aurkeztu beharko dute 2 hilabeteko epean, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita; gero, ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: L2202830