51. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUNBERRI

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez

Irunberriko Udaleko alkateak, otsailaren 22ko 29/2022 Ebazpenaren bitartez, deialdia onetsi zuen, honako oinarri hauekin bat etorriz:

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Irunberriko Udalaren plantilla organikoko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat (5 zenbakiduna), lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi osoan.

Prozedura eginen da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan xedatuari jarraikiz, ezartzen baitu hautaproben deialdia egin daitekeela beren funtzionarioei murrizturik, eraginkortasun eta ekonomia arrazoiek komenigarri egiten dutenean aldaketak egitea lanpostuen antolaketa eta eginkizunetan, eta horiek nahitaez goragoko maila batean sailkatzea eragiten dutenean, betiere baldintza izanik deialdiko lanpostu hutsek ez ekartzea plantillan diren lanpostuen kopurua handitzea.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak C mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarra duen araudian zehaztutako moduan, eta Irunberriko Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.

1.3. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa; eutsiko dio Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari.

1.4. Lanaldi osoa bete beharko da, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da. Administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete hori.

1.5. Bete beharreko eginkizunak izanen dira ordura arte betetzen zituenak, deusetan ukatu gabe mailakatze berritik eratorritako beste batzuk agindu ahal izatea, lehengoekin eta funtzio publikoan sartzeko bidea eman zion deialdian ezarritakoarekin batera.

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontideek edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude. Gauza bera haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin legez bananduta ez badaude eta hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergo titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Gutxienez bost urteko antzinatasun aitortua izatea Nafarroako administrazio publikoan, edo gutxienez 8 urtekoa, eskatutako titulazio akademikorik ez badu.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

g) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoerako abiaburuko lanpostuan.

h) Irunberriko Udaleko lan-kontratudun langile finkoa izatea eta zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan egotea D mailan.

i) Gidatzeko baimena edukitzea, gutxienez B motakoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean bete beharko dira.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (Irunberriko Udalari zuzendua) aurkeztu beharko da Irunberriko Udaleko erregistro orokorrean (Kale Nagusia, 46, 31440 Irunberri), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Eskabidearekin batera, izan beharko baita I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoa, aurkeztuko dira lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak justifikatzen dituzten dokumentuak.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Irunberriko Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.lumbier.com web-orrian argitara dadila aginduko du, bai eta Irunberriko Udalaren iragarki-taulan ere.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Irunberriko Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta www.lumbier.com web-orrian argitaratzeko aginduko du, oposizioko ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia adierazita.

4.4. Gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.lumbier.com) emanen dira argitara.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia, nahiz eta behin betiko osaera zehazten ahalko den izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean:

–Epaimahaiburua: Rocío Monclús Manjón. Irunberriko Udaleko alkatea.

Ordezko epaimahaiburua: titularrak izendatuko du.

–Lehen epaimahaikidea: Ignacio Juan Ustarroz Córdoba. Irunberriko Udaleko Hirigintzako zinegotzia.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: titularrak izendatuko du.

–Bigarren epaimahaikidea: Jesús Alzueta Trigueros. Irunberriko Udaleko zinegotzia.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: titularrak izendatuko du.

–Hirugarren epaimahaikidea: Jordi Gual Zaldain. Soysanako mantentze-lanetako enplegatua. Enpresa horrek Irunberriko kirol instalazioak kudeatzen ditu.

Hirugarren epaimahaikidearen ordezkoa: titularrak izendatuko du.

–Idazkaria: Beatriz Beroiz Erdozain. Irunberriko Udaleko idazkaria.

Ordezko idazkaria: titularrak izendatuko du.

5.2. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Irunberriko Idazkaritza Alorrari hala jakinarazi, baldin indarreko legerian horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko arrazoiengatik edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabil dezake.

6. oinarria.–Hautapen prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautapen prozesua bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da proba non, noiz eta zer ordutan hasiko den.

6.1. Lehiaketaldia:

Lehiaketaldian 30 puntu lor daitezke gehienez, eta ez da baztergarria izanen. Hartan izangai bakoitzaren merezimenduak baloratuko dira. Betiere deialdiko lanpostuetako eginkizunekin zuzenean ikusteko dutenak hartuko dira kontuan.

Epaimahaiak II. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak; horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Agiriak jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira; bestela, aurkeztu gabetzat joko dira.

Parte hartzen dutenek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eska ditzake epaimahaiak, edozein unetan.

6.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldiak ariketa bat izanen du; hartan, gehienez ere 70 puntu lor daitezke.

Plika sistema erabiliz eginen da, eta III. eranskineko gaiei buruzko galderak erantzun beharko dira idatziz. Erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakar bat izanen da zuzena. Ariketa gainditzeko gutxienez ere 35 puntu erdietsi beharko dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den.

Oposizioaldiko ariketaren zuzenketa burututakoan, behin-behineko kalifikazioen zerrenda emanen du argitara epaimahaiak, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Alegazioak aurkezteko 3 egun baliodun emanen dira, eta, haiek ebatzirik, behin betiko kalifikazioak argitaratuko dira web-orrian eta iragarki-taulan.

Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo, bestela, izangaiaren nazionalitatea eta nortasun datuak frogatzen dituen beste agiri baliokide bat. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.3. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

7.1. Gainditu dutenen zerrenda.

7.1.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Irunberriko Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera.

7.1.2. Epaimahaiak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izanen da. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.1.3. Proposatuak aurkeztu beharko ditu deialdian eskatutako frogagiriak, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Aitzineko oinarriak aipatzen duen hautapen prozedura bukatuta, alkateak ebazpena emanen du eta, hala badagokio, proposatutako izangaia izendatuko du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izendatutako pertsonak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean. Aipatu epean eta ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, lanpostu berrirako eskubide guztiak galduko ditu.

9. oinarria.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

–Irunberriko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2. f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo udal webgunearen bidez.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A. Lanbide-esperientzia (20 puntu gehienez).

Administrazio Publikoetan zerbitzuetako enplegatuen lanpostuan egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak berezko dituen eginkizunetan, 2 puntu urte oso bakoitzagatik eta gehienez ere 20 puntu.

Zerbitzu egin bada osoa baino lanaldi laburragoetan eta urtebete baino gutxiago iraun badu, hainbanaketa eginen da dagokion heinean.

Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak administrazio kontratatzailearen ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Agiri horretan honako hauek agertuko dira: lanpostua, maila profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua adierazi beharko da) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera datak. Zerbitzuak kontuan hartuko dira lan nahiz administrazio araubidean, behin-behinean zein finko gisa, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik eginak.

B. Prestakuntza osagarria (10 puntu gehienez).

B.1. Deialdirako eskatzen den titulazioaz gain –Batxilergoa, bigarren graduko lanbide heziketa edo baliokidea– beste bat izatea, lanpostuaren eginkizunekin ikusteko duten espezialitateetan: 5 puntu titulu bakoitzeko (gehienez ere 5 puntu).

B.2. Lanpostuko eginkizunekin ikusteko duten prestakuntza ikastaroengatik, gehienez ere 5 puntu.

–20 ordutik beherako ikastaroak: 0,50 puntu ikastaro bakoitzeko.

–20 ordu eta hortik gora, 40 ordura iritsi gabe: puntu bat ikastaro bakoitzeko.

–40 ordu eta hortik gora, 100 ordura iritsi gabe: 1,5 puntu, ikastaro bakoitzeko.

–100 ordu eta hortik gorako iraupena: 2 puntu.

III. ERANSKINA

1. gaia.–Irunberriko udalerria: udalerriaren ezagutza orokorra; kaleen, parajeen eta udal eraikin eta instalazioen izenak.

2. gaia.–Igeltserotza: kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak.

3. gaia.–Mekanika: maneiatzea; mantentze-lanak; udal makineria, lanabesak eta tresnak ikuskatzea eta haien ohiko konponketak.

4. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lana: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak. Iturgintzako eskemak ulertzea.

5. gaia.–Elektrizitateko eta argiteria publikoko eta eraikinen barnealdeko argiztapeneko instalazioak: banaketa koadroak eraikinetan, potentzia kontrolatzeko etengailua, etengailu magnetotermikoak eta diferentzialak. Elektrizitate eskemak ulertzea. Suteen aurka babesteko osagarriak. Argiteria publikoko lanparak, zeharkako kontaktuen babesa, lur-hargunea.

6. gaia.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak.

7. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak. Bide segurtasuna: lehen sorospenak. Metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak modu seguruan erabiltzea.

Irunberrin, 2022ko otsailaren 22an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

Iragarkiaren kodea: L2202699