45. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

20E/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 8koa, Herritarrekiko Harremanetako Kontseilariak emana, “Toki entitateentzat laguntzak 2022. urtean euskara erabiltzeko eta sustatzeko” izeneko dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 609712.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen helburuak garatzeko, eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berresteko tresnan onartutako konpromisoak betez, foru agindu honek udal esparruan euskara erabili eta sustatzeko programak egitea sustatzen du.

Deialdi honek toki entitateek proposatutako jarduketa programetarako laguntzak banatzeko oinarriak ezartzen ditu.

Euskararen sustapena eta erabilera izanen dira programa horien helburu berariazkoak:

–Gizarte erabilera: euskararen erabilera areagotzea eta erraztea gizarte-eremu guztietan.

–Hiztun berriak: euskararen hiztunen kopurua handitzea, Nafarroa osoan eta baldintzarik onenetan hizkuntza bereganatzeko prozesua, bai haurrena bai helduena, gauzatuko dela bermatuz.

–Zerbitzu publikoak: administrazio publikoak beren zerbitzuak euskaraz eskaintzeko gaitzea eta zerbitzu publikoetan euskarazko eskaintza handitzea.

–Izen ona eta erakargarritasuna: euskara gizartearen balio positiboekin lotzea.

Aldi horretarako deialdia I. eranskinean ageri diren oinarrien arabera eginen da eta gehienez ere 875.000 euro izanen ditu. Diru hori B30002 B3200 4609 334100 partidaren kargura ordainduko da, 2022ko Gastuen Aurrekontuko “Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen programa” izenekoa.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak aldeko txostena eman du, eta APTak (arlo juridikoa) eta kontu-hartzailetza delegatuak, aldiz, adostasuna.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Toki entitateentzat laguntzak 2022. urtean euskara erabiltzeko eta sustatzeko” izeneko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, ondotik adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; diru zenbateko horretan aldaketak egiten ahalko dira jasotako eskaera kopuruaren arabera:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4609-334100: Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen programa

2022

875.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ogasun eta Finantza Politikako Departamentuak Herritarrekiko Harremanetakoan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Ataleko Kontabilitate Zentrora, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko otsailaren 8an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30a bitarte Nafarroako toki entitateek euskara sustatu eta erabiltzeko egiten dituzten programazioak finantzatzeko laguntzak emateko.

2.–Modalitatea eta aurrekontua.

2.1. Deialdi honek modalitate hauek ditu:

a) A modalitatea: toki entitate eskatzailearen eskumen esparruan egindako programak. Honetarako aurrekontu zuzkidura 400.000 eurokoa da.

b) B modalitatea: zenbait toki entitatek batera egindako programak. Honetarako aurrekontu zuzkidura 275.000 eurokoa da. Zenbateko horretatik 80.000 euro esleituko zaizkio balorazio onena jasotzen duen programari, eta 195.000 euro gainerako programen artean banatuko dira.

c) C modalitatea: herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen hobekuntza. Honetarako aurrekontu zuzkidura 200.000 eurokoa da. Kopuru horretatik, 100.000 euro erabiliko dira euskara zerbitzu teknikoak sortu eta finkatzeko, 50.000 euro toki entitateetako langileek euskara ikas dezaten, 25.000 euro hizkuntza-paisaia modu integralean hobetzeko, eta 25.000 euro ikerketa soziolinguistikoetarako eta hizkuntza-plangintzan gogoeta- eta partaidetza-prozesuak gauzatzeko.

2.2. Laguntzak 2022ko gastuen aurrekontuko “Udal esparruan euskara garatzeko laguntzen programa” izeneko B30002 B3200 4609 334100 partidaren kargura finantzatuko dira, eta gehienez ere 875.000 euroko zuzkidura izanen dute, geroago, aurrekontu aldaketen ondorioz gorabeherak gertatzea baztertu gabe.

2.3. Deialdiaren B edo C modalitateetako programen zuzkidura ekonomikoa ahitzen ez bada, A modalitateko zuzkidura ekonomikoari gehituko zaio, kultura eta gizarte arloko sustapen-programetarako, deialdi honen 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Onuradunak izan daitezke udal esparruan euskara erabili eta sustatzearen aldeko programak onartu eta garatzen dituzten toki entitateak.

3.2. Euskara zerbitzuak emateko mankomunitateetan elkartuta dauden udalek banaka ere parte har dezakete deialdian, mankomunitate horren helburuak betetzen lagunduko duen programazio berariazkoa eta osagarria eginez, baldin eta egiten dituzten jarduerak deialdi honen helburuetarako badira.

4.–Programazioa egin eta koordinatzen duten langileek bete beharreko eskakizun teknikoak.

4.1. Baldin eta toki entitateari dagokion gune soziolinguistikoan biztanleen %10 edo gehiago euskaldunak badira –kontsultatu deialdi honetako 5. puntua–, programazioaren prestaketa eta garapena langile teknikoek edo kargu instituzionalek eginen dute, baldin eta, gutxienez, titulazio hau badute:

a) Diploma edo gradu bat.

b) Euskarazko C1 titulua edo baliokidea.

4.2. Baldin eta toki entitateari dagokion gune soziolinguistikoan biztanleen %10 baino gutxiago euskaldunak badira –kontsultatu deialdi honetako 5. puntua–, euskara zerbitzua dagoenean hizkuntza normalizazioko teknikariek eginen dute lan hori, edo, bestela, diploma edo gradu bat duten langile teknikoek edo kargu instituzionalek.

4.3. Deialdi honen C modalitatearen babesean kontratatzen den pertsonak 4.1 puntuan ezarritako profila bete beharko du.

5.–Irizpide soziolinguistikoak.

Deialdi honen ondorioetarako, 6 gune soziolinguistiko bereiziko dira eskualdeka, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legeak aurreikusten dituen eskualdeen arabera eta 2018ko Gizarte eta Bizi Baldintzen gaineko Inkestak (GBBIak), Nafarroako Estatistika Institutuak egindakoak, ematen dituen euskaldunei buruzko datu soziolinguistikoak aintzat harturik.

BIZTANLE EUSKALDUNEN EHUNEKOA

ESKUALDEAK

EUSKALDUNEN* EHUNEKOA ESKUALDEKA

EUSKALDUN HARTZAILEEN**
EHUNEKOA ESKUALDEKA

%0-< %5

Erribera eta Erriberagoiena

Zangozerria eta Erdialdea

%1,6

%4,6

%2,8

%7,0

%5-< %10

Izarbeibar-Novenera

Estellerria

%7,4

%8,1

%6,3

%6,7

%10-< %20

Iruñerria

%12,6

%9,4

%20-< %50

Pirinioaurrea

Pirinioak

Sakana

%20,8

%27,3

%42,0

%14,2

%16,1

%14,2

%50-< %80

-

-

-

%80-%100

Baztan-Bidasoa eta Larraun-Leitzaldea

%80

%6,8

(*) Euskalduna: euskara ongi edo nahiko ongi ulertzeko eta hitz egiteko gai da.

(**) Euskaldun hartzailea: euskararen nolabaiteko ezagutza badu, ongi edo nahiko ongi ulertzera edo hitz egitera iritsi gabe.

6.–Programazioaren edukiak eta jarduera diruz lagungarriak.

Jarduerak onartzeko, kontuan hartuko dira 2018ko Gizarte eta Bizi Baldintzen Inkestaren datu soziolinguistikoak, deialdi honetako 5. puntuan azaldutakoak.

6.1. Programak multzotan banatuko dira, A, B eta C modalitateen arabera.

6.1.1. A modalitateko programak:

Euskara bizitza kulturalean eta sozialean sustatu eta erabiltzeko programak, toki entitateek banaka egindakoak, horien barnean honakoak:

a) Gizarte eta kultura arloko jardueren programa.

b) Errotulazio eta argitalpen programa.

c) Lantegien edo prestakuntza ikastaroen programa.

a) Gizarte eta kultura arloko jardueren programa: zinema, antzerkia, literatur lehiaketak, ipuin-kontalariak, hitzaldiak, 4 orduz beherako ikastaroak edo lantegiak, bertsolaritza saioak, erakusketak, musika emanaldiak eta eremu horietan kokatutako produktu digitalak.

Musika emanaldietarako laguntzak ondoko baldintza hauek zuzenduko dituzte:

–%10eko edo gehiagoko biztanleria euskalduna duten eskualdeetako herrietan, gehienbat kantu emanaldiak diren euskarazko musika jarduerak lagunduko dira diruz, herriko jaietan egiten direnak izan ezik.

–%10 baino gutxiagoko biztanleria euskalduna duten eskualdeetako herrietan, gainera, herriko jaietan egiten direnak ere diruz lagunduko dira.

b) Errotulazio eta argitalpen programa, jarduera hauekin: errotulazioa (kaleak, bideak, eraikinak, bulegoak eta antzekoak), argitalpen inprimatuak (afixak, egutegiak eta agendak, liburuxkak eta antzekoak, udal buletinen itzulpena edo udalaren webguneenak); horrez gain, ikerlanak eta zabalkunde lanak, inprimatuak, multimediakoak edo ikus-entzunezkoak.

Laguntzak ondoko baldintza hauek zuzenduko dituzte:

–%80ko edo gehiagoko biztanleria euskalduna duten eskualdeetako herrietan, dirulaguntzak emanen dira ikerketarako eta zabalkunderako lanak formatu inprimatuan, multimedian edo ikus-entzunezkoan argitaratzeko, baita euskararen erabilera sustatzeko sentsibilizazio kartel eta liburuxkak argitaratzeko ere.

–%10 baino gehiagoko eta %79 baino gutxiagoko biztanleria euskalduna duten eskualdeetako herrietan, aurreko atalean aipatutako jarduerez gain, dirulaguntzak emanen dira udal buletinetako itzulpenetarako, errotulaziorako eta kartel eta liburuxka elebidun inprimatuak (euskararen eguna eta antzekoak) argitaratzeko.

–%10eko edo gutxiagoko biztanleria euskalduna duten eskualdeetako herrietan, aurreko bi ataletan aipatutako jarduera guztiak lagunduko dira diruz, herriko jaiekin lotutakoak barne.

c) Entitateak antolatutako lantegien edo prestakuntza ikastaroen programak, gutxienez 4 ordukoak eta euskara erabiltzeko berariaz diseinatuak: ludotekak, udalekuak, Mintzakide edo Solaslaguna programak eta antzekoak.

Ludoteken eta udalekuen balorazioan kontuan hartuko da antolatutako taldeetako bakoitza; Mintzakide edo Solaslaguna programa, aldiz, unitate bakar bat bezala baloratuko da. Euskara zerbitzurik ez duten udalerrietarako kanpalekuak edo ludotekak antolatzen badira, edo eskaera horren bidez aurkezten ez badute, proiektua baloratu beharreko laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharko dute. Hizkuntza-dinamizazioko lanak egiten dituztenek horretarako berariazko ikastaro bat egin dutela egiaztatu beharko dute.

6.1.2. B modalitateko programak.

Euskara bizitza kulturalean eta sozialean sustatu eta erabiltzeko programak, aurreko puntuan jasotakoak, gutxienez hiru toki entitateren artean egindakoak.

6.1.3. C modalitateko programak.

Herritarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko programak.

a) Euskara zerbitzu teknikoak sortu eta sendotzeko programak.

b) Euskara ikasten ari diren toki entitateetako langileak ordezteko laguntzak. Ikaskuntza hori Administrazio Publikoetan Euskara Garatzeko Zerbitzuaren euskaltegiak 2021eko urritik 2022ko irailera bitartean (biak barne) B1, B2 eta C1 mailetan eskaintzen dituen ikastaro trinkoetan eginen da. Horietan, gutxi gorabehera, ordu hauek daude kalkulatuta: B1 (400 ordu), B2 (600 ordu), C1 (750 ordu). Eskatzaileak azken bi urteetan Euskarabideko euskaltegiko, Zubiarteko edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasleak izan badira, ikastetxe horietan lortutako maila aurkeztu beharko dute eskabidean, edo bestela, maila proba bat egin beharko dute.

c) Hizkuntza-paisaia modu integralean hobetzeko programak. %10eko edo gutxiagoko biztanleria euskalduna duten eskualdeetako herrietan, bereziki lagunduko zaie udal eskumeneko hiri-seinaleztapen publikoaren proiektu integralei (kale-plakak, informazio plakak, plaka turistikoak eta trafikoa arautzeko testua duten seinaleak). Proiektu horiek udalerri osoa hartu behar dute kontuan, eta bertako plakek presentzia eta ikuspen bera izan behar dute beti euskaraz eta gaztelaniaz. Dirulaguntza jaso ahal izateko, Euskarabideak hizkuntza aldetik baliozkotu beharko ditu. Seinale eta plaken testuen zerrenda Euskarabidera bidaliko da. Seinaleak eta informazio plakak badira, erakundeak Euskarabideari bidaliko dio zerrenda, itzulpen proposamen batekin batera. Udalaren kale-izendegia bada, erakundeak Euskarabidera bidaliko du bi hizkuntzetako izen ofizialen zerrenda.

d) Ikerketa soziolinguistikoak egiteko laguntzak eta hizkuntza-plangintzan gogoeta- eta partaidetza-prozesuak gauzatzeko. Eskaerarekin batera, txosten labur bat aurkeztuko da, honako informazio hauekin batera: helburuak, metodologia, kronograma, komunikazio-estrategia, gastua eta kontratatutako enpresa.

6.2. Programan sartutako jardueren deskribapenean, A edo B modalitatekoak diren argi bereiziko da, eta gutxienez ere atal hauek zehaztuko dira: helburua, modalitatea (kalkulu-orrian dagokiona hautatuko da), programatutako jarduera, gauzatzeko tokia eta eguna, pertsona arduraduna (edo udal saila), ebaluazio adierazlea (zenbakiz neurtzeko modukoa) eta aurreikusitako gastu eta sarreren aurrekontua.

6.3. Hurrengoak deialdi honetatik kanpo geldituko dira:

a) Entitate eskatzailearen kultur jarduera edo aisialdiko jarduerak, urte osoan jarraipena dutenak.

b) Toki entitateek Nafarroako Gobernuaren eskumen esklusiboko eremuetan egindako jarduerak, ekintzak edo kanpainak.

c) Ikastetxeen curriculumeko ordutegian egindako jarduerak, azaroaren 15eko 593/2018 Ebazpena aplikatuz, horren bidez arautzen baita eskolaldi etengabearen eta eskolaldi malguaren ezarpena.

d) Toki entitateez kanpoko elkarteek edo erakundeek antolatutako jarduerak.

e) Entitate pribatuekiko hitzarmenak.

f) Ekitaldi gastronomikoak eta antzekoak.

g) Kirol jarduera erregularizatuak.

h) Toki entitateak pertsona edo erakundeentzat eskaintzen dituen dirulaguntzak.

i) Komunikabideetako publizitatea.

j) Argitalpenen harpidetzak, salbu eta dohainik banatzeko erosten badira.

k) Argitalpenak banatzeko, liburuxkak postontzietan banatzeko edo kartelak jartzeko gastuak.

l) Antzeko ezaugarriak dituzten beste batzuk.

6.4. Plantillako langileek beren eginkizunak betetzeagatik jasotzen dituzten lansariei dagokiena ez da gastutzat hartuko, salbu eta C.a) eta C.b) modalitateetan.

6.5. Programetan genero berdintasuna sustatuko da edukien diseinu eta garapenean, eta, horretarako, hizkera ez sexista eta emakumeen eta gizonen irudi ez-estereotipatua erabiliko dira.

Toki entitateek antolatutako jardueretan gizonen eta emakumeen parte-hartzearen berri izateko, lantegietako parte-hartzeari buruzko datuak sexuaren arabera zehaztuko dira justifikatzeko fasean, berdintasun irizpideak betetzeko.

7.–Euskararen erabilera.

7.1. Deialdi honen babesean egiten diren jarduerak euskaraz eginen dira, eta, hizkuntzaren araudiari eta erabilera zuzenari dagokienez, Euskaltzaindiak ezarritakoa beteko dute.

7.2. Salbuespen gisa, gaztelaniaz egiten ahalko dira erdaldunei zuzendutako jarduerak, euskararekiko jarrera positiboak sustatzen dituztenak.

8.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

8.1. Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak, nahitaez, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren webguneko Tramiteen Katalogoko fitxa erabiliz: https://labur.eus/RYgMI.

8.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.3. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo toki entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun naturaleko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera hori deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

8.4. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da.

9.–Dokumentazioa.

Dokumentu hauek aurkeztuko dira:

9.1. Laguntzaren eskabidea (II. eranskina).

9.2. Programazioa (III. eranskina), kalkulu-orriaren formatuan deskargatuko den ereduaren arabera.

9.3. Toki entitateko idazkaritzak emandako ziurtagiria (IV. eranskina). Organo eskudunak (alkateak, gobernu batzordeak edo osoko bilkurak) programazioa onesteko hartutako erabakiari buruzkoa eta programazio hori 4. oinarrian jasotako zehaztapenen arabera koordinatuta dagoela adierazten duena.

Gainera, hala badagokio, sortu edo finkatu beharreko euskara zerbitzu teknikoetako langileen kontratazioak bilduko ditu.

9.4. Udal mankomunatuendako ziurtagiria (V. eranskina).

Euskara zerbitzuak emateko mankomunitateetan elkartuta dauden udalek, beren toki esparrurako programazio berariazkoa aurkezten badute, mankomunitate horretako idazkariaren ziurtagiri bat ere aurkeztu beharko dute, programazio hori osagarria dela eta mankomunitatearen helburuak betetzen laguntzen duela frogatzeko.

9.5. Gardentasun betebeharra (VI. eranskina).

Entitate onuradunek bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

Dokumentazio hau igortzeko epea hilabetekoa da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hasita. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Euskarabideari zuzendua.

Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, apartatu honetan agindutako informazioa ez aurkezteak berekin ekarriko du onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua).

Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

10.–Prozeduraren instrukzioa.

10.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari dagokio, zeina Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen artikuluetan ezarritakoarekin bat arituko baita.

10.2. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako programaren garapenean gertatutako edozein gorabehera, eta edozein aldaketa egiteko zerbitzu horren adostasuna beharko da aldez aurretik.

11.–Balorazio irizpideak.

Programak baloratzeko, esparru hauek hartuko dira kontuan:

11.1. A modalitateko programak. Atal honetako gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da.

Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako ibarretako egoera sozioekonomikoa aztertzeko Parlamentuak 2018an eratu zuen ponentziaren txostenean dauden toki entitateei (Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Erroibar, Artzibar, Nabaskoze, Orotz-Betelu, Orreaga, Luzaide eta Auritz), euskarazko kultura eta gizarte jarduerekin lotutako ekimenetan, apartatu honetan puntu bakoitzeko 1,2 puntuko balioa emanen zaie; izan ere, ponentzia hartan dei egiten zitzaion Nafarroako Gobernuari bere politikak garatzean kontuan har zezan Pirinioak bizi duen egoera kritikoa.

11.1.a.) Gizarte eta kultura esparruko jardueren programa. Gehieneko puntuazioa 35 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

–500 euro arteko gastua, puntu bat.

–501etik 1.000 euro arteko gastua, 2 puntu.

–1.001etik 2.000 euro arteko gastua, 3 puntu.

–2.001etik 3.000 euro arteko gastua, 4 puntu.

–3.001 eurotik gorako gastua, 5 puntu.

11.1.b.) Euskarazko argitalpenen eta errotulazioaren programa. Gehieneko puntuazioa 5 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

–500 euro arteko gastua, puntu bat.

–501etik 1.000 euro arteko gastua, 2 puntu.

–1.001etik 2.000 euro arteko gastua, 3 puntu.

–2.001etik 3.000 euro arteko gastua, 4 puntu.

–3.001 eurotik gorako gastua, 5 puntu.

11.1.c.) Euskaraz emandako lantegien edo prestakuntza ikastaroen programa. Gehieneko puntuazioa 60 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

–4 ordutik 20 ordura bitartekoak, 5 puntu.

–21 ordutik 60 ordura bitartekoak, 10 puntu.

–61 ordukoak edo hortik gorakoak, 15 puntu.

11.2. B modalitateko programak.

Gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izanen da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan jarduerak baloratzeko:

a) Parte hartzen duten toki entitateen kopurua, 10 puntu gehienez ere.

–3 toki entitatetik 15era bitarte, 5 puntu.

–16 toki entitate edo gehiago, 10 puntu.

b) 40 puntu emanen zaizkio onartutako aurrekontu altuena duen programari, eta gainerakoei puntuak onartutako aurrekontuarekin proportzioan esleituko zaizkie.

c) Programen kalitatea: 10 puntu gehienez ere.

–Programen diseinua: euskarri grafikoak, multimedia euskarriak, edukiak eta programatutako jarduerak, gehienez ere 5 puntu.

–Programen zabalkundea, ale kopurua, argitaratutako liburuxkak eta aldizkariak, web-orriak izandako bisita kopurua, gehienez ere 5 puntu.

d) 40 puntu emanen zaizkie euskararen ahozko erabilera aktibatzeko helburua duten eta Nafarroako Foru Komunitate osoan gauzatzen diren programei.

11.3. C modalitateko programa.

C.a) modalitatea. Euskara zerbitzu teknikoak sortu eta sendotzeko programa. Euskara zerbitzuetako teknikarien gastu onartua hartuko da kontuan.

C.b) modalitatea. Toki entitateetako langileek euskara ikasteko programa. Eskatzaileak lortu duten puntuazioaren arabera aukeratuko dira; hala ere, Baloraziorako Batzorde Teknikoak haztatzen ahalko du postuak eskaera egin duten toki entitateen artean nola banatzen diren. Horretarako, gehieneko puntuazioa 25 puntu izanen da, eta lanpostuaren ezaugarriak kontuan hartuko dira irizpide hauen arabera:

–Herritarrei arreta zuzena ematea (ahoz edo bitarteko elektronikoz): txikia, puntu 1; aski, 2 puntu, eta handia, 3 puntu.

–Haur eta gazteei arreta zuzena ematea (ahoz edo bitarteko elektronikoz): txikia, puntu 1; aski, 2 puntu, eta handia, 3 puntu.

–Dokumentuak euskaraz sortu eta kudeatzea: gutxi, puntu 1; aski, 2 puntu, eta asko, 3 puntu.

–Kultura koordinazioaren, kirol koordinazioaren, gizarte lanaren edo antzeko lanpostu teknikoa: ez 0 puntu, eta bai, 3 puntu.

–Euskarazko profila plantilla organikoan: ez, 0 puntu, eta bai, 6 puntu.

–Egin beharreko ikastaro trinkoen eskaera: ikastaro bat, 3 puntu eta bi ikastaro jarraitu, oinarrietan ezarritako edozein mailatan, 7 puntu.

C.c) modalitatea. Hizkuntza-paisaia modu integralean hobetzeko programa, %10eko edo gutxiagoko biztanleria euskalduna duten eskualdeetan egina, diruz lagunduko da programaren zenbatekoa agortu arte eta programa honetarako onartutako aurrekontuaren proportzioan.

C.d) modalitatea. Ikerketa soziolinguistikoen eta hizkuntza-plangintzan gogoeta- eta partaidetza-prozesuen programan, ondoko irizpideak hartuko dira kontuan:

–Metodologia aztergaiari egokitzea, gehienez 5 puntu.

–Azterlanak euskara sustatzeko eta erabiltzeko duen erabilgarritasuna, gehienez 5 puntu.

Ikerketa soziolinguistikoak edo hizkuntza-plangintzako prozesuak Nafarroako Gobernuaren plan estrategiko helburuekin bat eginen du. Horretarako, Euskarabideko kide batek parte hartuko du batzorde teknikoan.

12.–Laguntzaren zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa ez da izanen ezein modalitatetan onartutako aurrekontuaren %85etik gorakoa, salbu eta B modalitatean baloraziorik onena jasotzen duen programa, 2.1 oinarrian ezarritako zenbateko osoa emanen baitzaio, programaren defizit onartua gainditu gabe betiere.

12.1. A modalitatea: atal honetan euskara gizarte eta kulturaren arloan sustatzeko ezarritako zenbatekoa lortutako puntuekin proportzionala izanen da.

12.2. B modalitatea: programa bakoitzerako ezarritako zenbatekoa lortutako puntuen proportzioan banatuko da, eta ondoren onartutako gastuaren arabera esleituko zaie onuradunei.

12.3. C modalitatea: modalitate honetarako ezarritako zenbatekoa irizpide hauen araberakoa izanen da:

a) Euskara zerbitzu teknikoak sortu eta sendotzea. B mailako euskara teknikariak kontratatzearen ondorioz sortzen den gastuaren zenbatekoa, kontratazio egunetik

b) Toki entitateetako langileek euskara ikastea. Ikasketa programan parte hartzeko aukeratu diren langileak ordezkatzeko kontratatu behar diren langileen ondorioz sortzen den gastuaren zenbatekoa.

Modalitate honetako zenbatekoa kalkulatzeko, nomina eta Gizarte Segurantzako enpresaren kuota sartuko dira; kontratu amaierarengatik kontratatutako langileei legozkiekeen kalte-ordainak ez dira izanen diruz lagungarriak.

c) Hizkuntza-paisaia elebiduna hobetzeko plan integralak. Ezarritako zenbatekoa onartutako aurrekontuaren eta dauden eskaeren arabera banatuko da.

d) Azterketa soziolinguistikoak eta hizkuntza-plangintzan hausnartzeko eta parte hartzeko prozesuak. Ezarritako zenbatekoa onartutako aurrekontuaren eta dauden eskaeren arabera banatuko da.

C modalitateko programaren baten zenbatekoa agortzen ez bada, modalitate bereko gainerako programen artean banatuko da, ezarritako irizpideak betez.

13.–Baloraziorako Batzorde Teknikoa.

13.1. Baloraziorako batzorde tekniko bat eratuko da deialdi honen baldintzak betetzen dituzten eskaerak aztertu eta baloratzeko.

13.2. Batzorde horren kide izanen dira:

a) Batzordeko burua: Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, edo berak eskuordetzen duena.

b) Batzordeko kideak:

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Prestakuntza eta Egiaztapena Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia ordezkatzen duen pertsona bat.

c) Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan arituko dena, hitza eta botoa dituela.

13.3. Baloraziorako Batzorde Teknikoak esleituak ditu eskaeren gaineko txostena eta balorazioa egiteko eginkizunak, betiere deialdi honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

14.–Ebazpen proposamena.

Baloraziorako Batzorde Teknikoak eskaerak baloratuko ditu, eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari igorriko dizkio bere jarduketak jasotzen dituzten aktak; zerbitzu horrek ebazpen proposamena aurkeztuko dio Euskarabideko zuzendari kudeatzaileari, hark ebatz dezan.

Proposamen horretan adierazita egonen da zein eskatzaile proposatzen diren laguntzak emateko eta laguntzen zenbatekoa, balorazioa ezarritako irizpideen arabera zehaztuta; horrekin batera, onartutako programa eta jarduerak azalduko dira, bai eta ezetsitako eskaerak ere, arrazoia barne.

15.–Ebazpena.

Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean, laguntzak emateko. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da.

16.–Argitalpena.

Euskarabideak Nafarroako Gobernuaren webgunean eta bere web-orrian (http://euskarabidea.es) argitaratuko du deialdi honen ebazpena, eta bertan azalduko dira laguntza hauen onuradun diren toki entitateen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko dirua eta baztertu diren entitateen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak barne.

17.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak dira xede bererako jaso daitezkeen beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin. Halere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

18.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta epeak.

18.1. Dirulaguntzaren onuradunak, behin dirulaguntza eman ondoren, beharturik egonen dira jasotako funtsak zer helburutarako eman ziren, horretan erabiltzera, eskaeran aurkeztutako proiektuarekin bat. Euskarabideak egiaztatzen ahalko du diruz lagundutako proiektuak gauzatu diren.

18.2. 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era egindako jarduerak eta haiei dagozkien gastuak onartuko dira.

18.3. Programetako gastuak frogatzeko dokumentazioa Euskarabidean aurkezteko epea 2022ko urriaren 14an amaituko da, eta egun horretara bitarte ordaindutako fakturak onartuko dira.

Dokumentazioa aurkeztuko da laguntzak emateko ebazpenarekin bat eta proiektuan adierazitako moduan.

19.–Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa.

19.1. Kalkulu-orria, toki entitate bakoitzera igorriko dena bete dezan, eskatutako datuak biltzeko (VII. eranskina).

A eta B modalitateetako programetarako, gastuei, sarrerei eta balorazioari buruzko datuak, eremu hauekin: jarduera, aurrekontua, faktura edo antzekoa jaulki zen data, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura zenbakia, ordaindutako zenbatekoa, ordainketa data, beste instituzio publiko batzuen dirulaguntza, beste sarrera batzuk, sarrera data, ebaluazioa / lantegietan parte hartu duten pertsonen kopurua, sexuaren arabera zehaztuta, eta sortutako materiala.

C.a) eta C.b) modalitateetako programarako, kalkulu-orrian zehaztuko dira nomina moduan eta Gizarte Segurantzako enpresaren kuota moduan egindako ordainketak.

C.c) eta C.d) modalitateetako programarako, gastuen datuak, jarduera, fakturaren jaulkipen-data edo antzekoa, hartzekodunaren identifikazioa eta faktura-zenbakia, ordaindutako kopurua eta ordainketa-data.

19.2. Idazkaritzaren ziurtagiria, dirulaguntza zertarako eman zen, helburu hori bete dela frogatzen duena, bai eta kalkulu-orrian aurkeztutako datuak ere (VIII. eranskina).

19.3. Baliabide eta material guztien lagin bana, paperean edo euskarri digitalean, eta, argitaratutako liburuen kasuan, bina ale.

20.–Dirulaguntza ordaintzea.

20.1. Organo kudeatzaileak 19. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aztertu ondoren ordainduko da laguntzen zenbatekoa. Balorazio irizpideekin bat modu egokian gauzatutako programei osorik ordainduko zaie laguntzak ematean ezarritako zenbatekoa.

20.2. Balorazio irizpideekin bat egin ez diren programen zenbatekoa proportzioan gutxituko da.

20.3. Deialdi honen indarraldian, proiektu bererako beste dirulaguntza bat ematen bazaio, toki entitateak deialdiaren organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Horren harian, dirulaguntza gutxitu eginen da baldin eta haren zenbatekoa, bakarrik edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandakoekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa bada.

21.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

21.1. Entitate onuradunak ez badu modu egokian justifikatzen programak egin izana, ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze larritzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da ezer ere ordainduko. Kasu batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Baloraziorako Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

21.2. Aurrekoa gorabehera, bidezkoa izanen da eskubidea azkentzea eta jasotako diru-kopuru osoa itzultzea, baldin eta, toki entitateak hala erabakita eta bidezko arrazoirik gabe, sortu zenetik gutxienez hiru urtez euskara zerbitzu teknikoak iraun ez badu.

Alde horretatik, entitate onuradunek dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Euskarabidea- Euskararen Nafar Institutuari.

21.3. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

22.–Beste betebehar batzuk.

22.1. Entitate onuradunek Nafarroako Gobernuak, laguntzen fiskalizazio eta xedearen kontrol eginkizunak betetzeko, eskatzen dien informazio guztia eman beharra dute.

22.2. Programa egiteko hornitzaileen kontratazioa 12.000 eurotik goitikoa bada, toki entitateak frogatu beharko du kontratazio hori efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz egin dela, salbu eta, gastuaren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

23.–Emandako laguntzen publizitatea.

Idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, onuradunak Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen du. Dirulaguntzaren ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori. Aipamen hori Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan jasotako oharrekin bat eginen da: http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/, kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.

Euskarabideak, entitate titularrari jakinarazi eta harekin ados jarri ondoren, euskararen sustapenerako interes handiena duten jardueren zabalkundea egiten ahalko du.

24.–Aplikatzekoa den legeria eta errekurtsoak.

24.1. Oinarri hauetan aurreikusirik ez dagoen guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko du, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra, eta, bestetik, maiatzaren 23ko 25/2012 Foru Dekretuak, udal eremuan euskara erabiltzeko eta sustatzeko laguntzak arautzen dituenak.

24.2. Deialdi honen eta haren oinarrien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

II. ERANSKINA.–Laguntzaren eskabidea.

III. ERANSKINA.–Programazioa (XLSa).

IV. ERANSKINA.–Idazkaritzaren ziurtagiria dirulaguntzak eskatzeko.

V. ERANSKINA.–Idazkaritzaren ziurtagiria udal mankomunatuentzat.

VI. ERANSKINA.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

VII. ERANSKINA.–Eskatutako datuak (XLSa).

VIII. ERANSKINA.–Idazkaritzaren ziurtagiria gastuak justifikatzeko.

Deskargatu II., IV., V., eta VIII. eranskinak (DOCa).

Iragarkiaren kodea: F2202058