45. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MILAGRO

Deialdia, udaltzain-agentearen lanpostu bat betetzeko oposizio bidez

Alkatetzaren otsailaren 23ko 2022-0066 Ebazpenaren bidez, onetsi ziren deialdi bat eta haren oinarriak, oposizio bidez betetzeko udaltzain-agentearen lanpostu bat, funtzionarioen araubidean, Milagroko Udalaren zerbitzukoa. Hala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea, txanda irekian, udaltzain-agentearen lanpostu bat, Udaleko plantilla organikoan dagoena, eta destinoa Milagroko Udalean duena.

1.2. Deialdi honen bidez polizia izendatzen den izangaiak beteko ditu poliziei dagozkien eginkizunak, eta izanen ditu azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak (aipatutako foru legea da Nafarroako Poliziei buruzkoa); gainera, C mailan sailkatuko da, foru lege horretan ezarritako mailen artetik.

1.3. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintzak hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) 18 urte beteak izatea eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarreko legeekin bat.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide den titulu bat, edo edukitzeko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian eskuratutako tituluak edukiz gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar diren gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea deialdiaren xede den lanpostua betetzeko, eta ez izatea deialdi honen IV. eranskinean jasotako bazterbide medikorik.

e) Kondenatua ez egotea dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.

g) Konpromisoa, aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko. Eskatzailearen adierazpen baten bidez adieraziko da.

h) Adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere; hori dena, bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin (lege horren bidez aldatu zen haurrendako eta nerabeendako babes sistema).

3.2. Baldintza horiek denak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen, 3.1.f) oinarrikoa izan ezik. Horri dagokionez, nahikoa izanen da betetzen bada oinarrizko prestakuntza-ikastarorako izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako (deialdiko 7.3.5 apartatuan aipatzen da ikastaro hori).

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren:

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

b) Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Milagroko Udalaren erregistro orokorrean, dela aurrez aurre (Joaquín Corti 1, 31320 Milagro), dela egoitza elektronikoan (https://milagro.sedelectronica.es), edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (lege horrek hizpide ditu administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea). Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdi honetan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

c) Baldin eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik eta Milagroko Udalaren Erregistro Orokorrera igorri aurretik.

d) Eskabidearen eredu ofiziala ageri da deialdiaren I. eranskin gisa, eta eskuratuko da Milagroko Udalaren Erregistro Orokorrean, Udalaren web-orrian, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdia argitaratzen duen iragarkian.

4.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharreko beste agiri batzuk:

1. Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena egoera onean dagoela deialdian aipatutako proba fisikoak egiteko.

2. Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

3. Deialdian eskatutako titulu akademikoaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 apartatuetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onetsiko duena onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

5.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, deklaratzeko deialdiko lanpostua bete gabe utzi dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira, eta argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan. Ebazpenak zehaztuko ditu hautapenaldiko ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua. Hautapenaldi hori eginen da gutxienez bi hilabetera, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, jarraikiz 718/2003 Foru Dekretuaren 15. artikuluari.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera:

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: José Ignacio Pardo Blanco, herriko alkatea.

Ordezkoa: María Belén Cerdán León, Milagroko Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Gorka Busto Hidalga, Azagrako Udaleko Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: Marcos García Martínez, Azkoiengo Udaleko Udaltzaingoko burua.

–Epaimahaikidea: Carlos Echeverría Redrado, funtzionarioen ordezkaria.

Ordezkoa: César Blanco García, funtzionarioen ordezkaria.

–Epaimahaikidea: Sergio Sáenz Santiago, lizentziaduna jarduera fisikoan eta kirolean. Azkoiengo kiroldegiko kudeatzailea.

Ordezkoa: Víctor Gutiérrez Mora, lizentziaduna jarduera fisikoan eta kirolean.

–Idazkaria: Mari Carmen Chueca Murillo, MIlagroko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Eva María López Soto, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

6.2. Eraketa eta jarduna:

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, baldin suertatzen badira administrazio-prozedurari buruzko arauetan abstenitzeko aurreikusitako arrazoiak (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa, 23. artikulua).

Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin gertatzen badira aipatutako egoerak (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa, 24. artikulua).

Epaimahaiak aholkularien laguntza jasotzen ahalko du, proba guztietan edo haietakoren batean. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioak bi fase izanen ditu:

–Lehen fasea: baztergarria izanen da; eginen dira ezagutzei buruzko probak, proba fisikoak, proba psikoteknikoak eta proba medikoak.

–Bigarren fasea: oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

7.2. Deialdi bakarra eginen da hautapenaldiko probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena (edo epaimahaiak izangai bakoitzaren nortasuna frogatzeko askiesten duen agiria). Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Proba bakoitzaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkezteko. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira, eta horiek ere argitaratuko iragarki-taulan eta udal web-orrian. Azalduko da proba gainditu duten izangaien eta bazterturik gelditutakoen zerrenda, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

7.3.1. Prozeduraren faseak:

Hautapen prozesuaren lehen fasean honako proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, II. eranskineko gai-zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Galde-sorta gehienez ere 150 punturekin baloratuko da: 1,5 puntu, zuzen erantzuten den galdera bakoitzeko. Zigortu eginen dira erantzun okerrak, galderaren balioaren heren bat kenduta, hots, 0,50 puntu. Izangaiek bi ordu izanen dituzte gehienez ariketa hori egiteko.

Bazterturik geldituko dira gutxienez 75 puntu ateratzen ez dituztenak.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: egin beharko dira deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak, eta haietako bakoitza izanen da baztergarria. Ariketetan “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da. “Ez gai” kalifikazioa emanen zaie deialdiaren III. eranskinean ezartzen diren gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiei. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba.

–Ur inguruneko trebetasun probak (50 metro estilo librean).

–Erresistentzia-proba (Cooperren testa).

–Behe-atalaren indar- eta potentzia-proba (luzera-jauzia).

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Hala, debeku izanen dira hainbat substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazio, hain zuzen ere jasota daudenak Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2021eko azaroaren 25eko Ebazpenaren I. eranskinean; ebazpen horren bidez onetsi zen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2021eko 290. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 4koa).

“Ez gai” kalifikazioa emanen zaie deialdiaren III. eranskinean ezartzen diren gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiei, bai eta dopinaren kontrako kontrol batean positiboa ematen dutenei ere, edo kontrola onartzen ez dutenei.

c) Proba psikoteknikoak:

Nafarroako Administrazio Publikoak eginen du proba, eta haren balorazioa loteslea izanen da epaimahaiarendako.

Probaren xedea eta nola eginen den.

–Profil profesiografikoa zehaztea:

Psikologia Aplikatuaren Atalak proposatuko du, kalifikazio epaimahaiarekin batera, profil profesiografikoa, organo horren aholkulari teknikoa den aldetik. Horretarako, lanpostua aztertuko du Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, baita epaimahaiak izendatzen dituen langileek ere, lanpostuaren beharrak eta baldintzak ezagutzen dituztenek. Azterketa hori eginda, zehaztuko da zer gaitasun eta eskakizun behar diren eginkizunak ongi egiteko, probei hasiera eman aurretik.

Kalifikazio epaimahaiaren ardura izanen da argitaratzea zer faktore baloratuko diren azterketan jasotakoetatik, baita, NAPIrekin koordinaturik, zer beste gai hartzen diren garrantzitsutzat, eta zuzentzeko eta nota jartzeko zer irizpide hartzen diren aintzat, egoki diren bitartekoen bidez.

–Probak bi zati izanen ditu:

  • Lehenbizikoan ariketa psikotekniko bat edo batzuk eginen dira. Galde-sortak izanen dira, oro har nortasunari buruzkoak nahiz laneko gaitasunei eta/edo trebetasunei buruzkoak. Orobat, informazio osagarria bildu daiteke aurretik izandako lan-esperientziari buruz eta prestakuntza- edo lanbide-interesei buruz, bigarren zatia testuinguruan jartzeko, eta inola ere ez merezimenduen balorazioaren ondorioetarako.
  • Bigarrenean, elkarrizketa pertsonalak eginen dira, eta/edo talde-lanekoak, eta, hala, lehenbiziko zatiko galde-sortarekin konparatuko dira.

Probek 50 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Bazterturik geldituko dira gutxienez 25 puntu lortzen ez dituztenak.

Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte proba psikoteknikoak.

d) Proba medikoak: Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira, eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, osasun probak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiaren 3.1 apartatuaren d) letran ezarritakoari jarraikiz. Milagroko Udalaren Lan Osasunaren Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa.

Izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira, igorritako txosten medikoen arabera. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

7.3.2. Lanpostuaren adjudikazioa.

a) Adjudikazioaren ekitaldia eginen da prestakuntza-ikastaroaren aurretik, zehazteko nork duten benetan sarbidea bete beharreko lanposturako.

b) Ekitaldi horren helburua da lanpostua betetzea, azkenik lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak zerrenda bat eginen du horretarako, guztirako puntuazioa ordenatuta handienetik txikienera. Izangaiei dei eginen zaie, ordenaren arabera, lanpostu hutsa adjudikatzeko.

d) Ekitaldi honetan lanpostua lortzen duen izangaia behin-behinekoz proposatuko da oinarrizko prestakuntza-ikastarorako. Proposatutakoen kopurua ez da inola ere izanen deialdiko lanpostu kopurua baino handiagoa. Epaimahaiak argitara emanen du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, zehaztuta bakoitzaren kalifikazio orokorra.

7.3.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, izangaiak frogatu beharko du, hamar egun naturaleko epean, ikastarorako onartutakoen behin-behineko zerrenda Milagroko Udaleko ediktuen taulan jendaurrean jartzen denetik, betetzen dituela deialdiaren 3. oinarriko e), f), g) eta h) baldintzak. Horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko du Milagroko Udalaren Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Ziurtagiria, Justizia Ministerioaren menpeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralak egina, frogatzen duena ez dagoela erregistro horretan aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena armak eramateko konpromisoa, legeak hala baimenduz gero eta Udalak hala eskatuz gero.

–Ziurtagiria, Justizia Ministerioaren mendeko Sexu Delitugileen Erregistro Zentralarena. Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (lege horren bidez aldatu zen haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

–Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala behar denean, deialdiaren 8.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.

Aurreko izapideak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera, adierazita zer izangai onartu diren oinarrizko prestakuntza ikastaroan. Baldin oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinean onartutako izangairen batek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, horren ordez beste bat jarriko da, hain zuzen ere probak gainditu eta baldintzak betetzen dituztenen artean puntuazio handiena duen izangaia.

7.3.4. Praktiketako funtzionarioaren izendapena.

Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duten izangaiak izendatuko dira Milagroko Udaleko praktiketako funtzionario, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu eta aurretik baldin baziren Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioak.

7.3.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, eta baztertzailea izanen da. Ikastaroak jarraituko die irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei (aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).

Jarraikiz azaroaren 20ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluei, izangai batek jada gainditua badu deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, aski izanen da ikastaro hori baliozkotzea Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, frogatzen dituena ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetasuna, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Frogagiri hori interesdunak eskatuko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren eginkizunetako bat izanen da osorik edo partez baliozkotzea eginkizun berberak edo antzekoak dituzten erakunde publikoek emandako ikastaro eta diplomak, bai eta eskolak berak lehenago emandakoak ere, baldin eta eduki-baliokidetasuna badago. Horrelakoetan, behar den puntuazioa esleituko du.

Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, jasoko dituzte C mailaren oinarrizko ordainsari pertsonalak, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik afiliatuta badaude Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du galtzea oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera. Hori gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak emanen dio baja horren berri Udalari.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako mediku-azterketaz gain, ikastaroa bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek pasatu beharko dituzte agintzen zaizkien proba mediko guztiak, frogatzeko segitzen dutela betetzen deialdiaren 3.1.d) atalean aipatzen den baldintza. Proba horien bidez atzematen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du horiei baja emateko hautapen prozesutik, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, baldin hautapen-prozesuan baja ematen ez bazaio gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionarioa izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak aipatutako ikastaroan ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira.

7.3.6. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, hautapen-prozesu guztiko puntuazioak batuko dira.

8.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Izendapena.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta gainditu duena izendatzeko proposamena igorriko du.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiak zin egin edo hitzeman beharko du Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta defendatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta zintzo beteko dituela karguari dagozkion betebeharrak.

Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, alkatearen ebazpen baten bidez, Milagroko Udaleko funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, aurreko apartatuan ezarritakoa bete badu.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Jabetza hartzea.

Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izatetik gelditzea.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak eskubide guztiak galduko ditu Milagroko Udalean sartzeko.

Deialdiaren xedeko lanposturako izendatzen den, Udalean sartzen den eta funtzionario bihurtzen den izangaia afiliatuko da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago, edo izena emanda badago Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko du babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

10.–Datuak babesteari buruzko informazioa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin bat etorriz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Milagroko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Hona oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean direla iragarki-taulan eta gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joaz. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak, IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa: Botere Judiziala.

2.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak, I. atala: xedapen orokorrak, II. atala: udal antolaketa, III. atala: biztanleria, IV. atala: udal-mugartea. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea, I. kapitulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua, II. atala: udalen funtzionamendua.

4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

5.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.

6.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: II. titulua: datuak babesteko printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.

7.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, arautzen duena Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea.

8.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

9.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua. Zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. liburua. I. titulua. Zigor arloko arau-hausteak. II. titulua. Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. V. titulua. Delituetatik eta prozesuko kostuetatik eratorritako erantzukizun zibila (I. eta II. kapituluak).

10.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

11.–Apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

12.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. II. eta III. tituluak.

13.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena. II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: prozedura bereziak, II. titulua: prozedura laburtua, II. kapitulua: polizia judizialaren eta Fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.

14.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, “Habeas Corpus” prozedura arautzen duena.

15.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

16.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

17.–Martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa, Herritarren segurtasuna babesteari buruzkoa.

18.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

19.–Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

20.–Irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretua, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

21.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea, legea betearazi behar duten funtzionarioendako (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko estatuei emandako 2001/10 Gomendioa, Poliziaren Etikaren Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

22.–Milagroko Udalaren ordenantzak:

–Udal ordenantza, animaliak edukitzea arautzen duena (2003ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 14koa).

–Udal ordenantza, arautzen duena edukitzea arriskutsuak izan daitezkeen animaliak eta bestelakoak (2003ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 14koa).

–Udal ordenantza, bideen eta eremu publikoen garbiketari buruzkoa (2003ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 5ekoa).

–Ordenantza, arautzen dituena Milagroko udal-mugarteko bide publikoen erabilera eta trafikoa (1996ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 30ekoa).

–Ibien ordenantza (2022ko 17. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 25ekoa).

23.–Milagrori buruzko ezagupen orokorrak: historia, arkitektura, industria, Milagroko kaleak, geografia, landaredia, fauna.

24.–Milagroko Udala: osaera eta funtzionamendua.

Oharra: gai guztiak baloratuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

III. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak (gaitasun fisikoa)

1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba.

–Deskripzioa: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak euste-zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 38 kilokoa izanen da gizonentzat, eta 20 kilokoa emakumeentzat. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, neurtuta barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

  • Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.
  • Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

–Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

Gizonak

30 baino gutxiago

Emakumeak

25 baino gutxiago

2.–Uretako trebetasun proba (50 metro estilo librean).

Baloratuko da arnasa hartzeko mekanismoen kontrola eta ur ingurunean nola egokitzen den.

–Deskripzioa: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteera-plataformara igo gabe.

Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpekaritzako beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.

–Nola eginen den: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretara bota eta 50 metro igerian eginen ditu (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metro itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik irten beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ez da igoko inolako irteera-plataformatara edo euskarritara.

Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

  • Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak erabiltzen baditu euskarri moduan edo bulkatzeko.
  • Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.
  • Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz bulkada hartzen badu.
  • Kalez aldatzen bada.
  • Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.
  • Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

–Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa ondoko eskalaren arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

Gizonak

45’’ edo gehiago

Emakumeak

50’’ edo gehiago

3.–Erresistentzia-proba (Cooperren testa).

–Deskripzioa: lasterka, 12 minutuan ahalik eta tarterik luzeena egin beharko da.

–Hasierako posizioa: zutik, irteera-lerroaren atzean.

  • Gizonezkoak: 2.340 metro baino gutxiago (bederatzi aldiz zirkuitua), ez gai; 2.340 metro baino gehiago (bederatzi aldiz zirkuitua), gai.
  • Emakumezkoak: 2.080 metro baino gutxiago (zortzi aldiz zirkuitua), ez gai; 2.080 metro baino gehiago (zortzi aldiz zirkuitua), gai.

–Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da zehaztutako denboran egindako distantziaren arabera, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK DISTANTZIA

EZ GAI

Gizonak

2.340 metro baino gutxiago

Emakumeak

2.080 metro baino gutxiago

4.–Behe-atalaren indar- eta potentzia-proba (luzera-jauzia).

–Azalpena: ariketa honen helburua da gorputzaren behe-atalaren indarra eta potentzia baloratzea.

–Jarrera: izangaia jarriko da lurrean markatutako marra baten atzeko aldean; metro bat luze eta 0,05 metro zabal izanen du.

–Egiteko modua: prest dagoenean, izangaiak beheko atala flexionatuko eta luzatuko du azkar, zertarako eta bi oinak lurzoruan bermatuz gorputza aurreraka proiektatzeko, eta ahalik eta distantzia handiena egiteko. Baimendurik dago oinaren punta-orpoan kulunkatzea, edo orpoa altxatzea jauziaren aurretik, eta erortzean tokian mantendu behar da, orekari eutsiz, eta bermatu ondoren oinak mugitu gabe.

–Neurketa: neurtuko da irteera-marratik atzeren dagoen oinaren orporaino (irteera-marratik hurbilen dagoenera). Metrotan eta zentimetrotan neurtuko da.

Gehienez ere hiru saio egiten ahalko dira, ondoren azaltzen den moduan. Aurreneko bi saioak libreak izanen dira, eta egiten ahalko dira lehenbizikoa ez baliogabetu arren; horietatik, distantzia luzeena zeinetan lortu den, horixe hartuko da kontuan. Hirugarrena ez da horien jarraian eginen, eta lehenbiziko biak baliogabetu baldin badira soilik eginen da.

Baliogabetzeari dagokionez, hauek hartuko dira aintzat:

  • Abiada hartzeko urratsak egitea, jauzi egin aurretik.
  • Lurzoruan oinak ez bermatzea batera, baizik lehenik bat eta gero bestea.
  • Behin oinak lurretik bereizirik, ezin izanen dira berriz bermatu azken bulkada hartzeko.
  • Debeku da marra zapaltzea bulkada hartzeko unean.
  • Jauzia baliogabetu eginen da baldin izangaiak oinak mugitzen baditu erori ondoren.
  • Jauzia baliogabea izanen da baldin izangaiak eskuak lurrean bermatzen baditu erori ondoren.

–Puntuazioa: “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen da egindako distantziaren arabera, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK DISTANTZIA

EZ GAI

Gizonak

1,80 metro baino gutxiago

Emakumeak

1,60 metro baino gutxiago

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da 120°-tik beherakoa izan plano horizontalean, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizketa.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Giharren eta eskeletoaren aparatua.

–Artikulazioren baten galera anatomikoa edo ankilosia, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta bihotzeko erritmoaren edo eroapenaren nahasmendu guztiak, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarraren blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 14 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa 25 < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Bulkaden kontrolaren eta nortasunaren nahasmenduak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin poliziaren eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute haien zabalerarengatik, ondorio funtzionalengatik eta kokapenarengatik.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio epaimahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Ohar orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio epaimahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.

Milagron, 2022ko otsailaren 23an.–Alkatea, José Ignacio Pardo Blanco.

Iragarkiaren kodea: L2202732