45. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

7/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Iruñeko Iturrama auzoko 40 jabeen erkidegotarako (“P.I.G. Rinaldi” 32. esp.).

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aipatutakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da 320 etxebizitzatarako, 40 ataritan banatuta, Iruñeko Iturrama auzoan. Hauek dira:

–San Joan Bosco zeharkalea, 1, 3 eta 5 zenbakiak.

–San Juan Bosco kalea, 1, 3 eta 5 zenbakiak.

–Erletokieta kalea, 5, 6, 7, 8, 9, 10 eta 12 zenbakiak.

–Rinaldi multzoa, 1etik 25era bitarteko zenbakiak.

–Ezkirotz kalea, 5 eta 7 zenbakiak.

Multzo arkitektonikoak 7 eraikinek osatzen dute, eta horietatik 6k etxe-sail independenteak osatzen dituzte. Eraikinen konfigurazioa antzekoa da: beheko solairua, merkataritzarako erabilera duena, eta 4 altuera. Solairu bakoitzean 2 etxebizitza daude. Esku-hartze orokorreko proiektuko etxebizitza guztiak etxebizitza-sustapen bakar batean eraiki ziren, 1963. eta 1964. urteen artean. 1973tik, eremuak berokuntza-sistema komunitarioa du.

Jarduketaren bidez, inguratzaile termikoak, instalazioak eta irisgarritasuna hobetuko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Iruñeko Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Iruñeko Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Iruñeko Iturrama auzoko jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea (“P.I.G. Rinaldi” 32. esp.):

–San Joan Bosco zeharkalea, 1, 3 eta 5 zenbakiak.

–San Juan Bosco kalea, 1, 3 eta 5 zenbakiak.

–Erletokieta kalea, 5, 6, 7, 8, 9, 10 eta 12 zenbakiak.

–Rinaldi multzoa, 1etik 25era bitarteko zenbakiak.

–Ezkirotz kalea, 5 eta 7 zenbakiak.

Proiektua erkidego guztiei aplikatuko zaie, atari hauetakoei izan ezik: Rinaldi 1. multzoa, Rinaldi 7. multzoa, Rinaldi 16. multzoa eta Erletokieta 6, erkidego horiek ez baitira atxiki proiektuari. Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko diote etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi direla, eta hori nahikoa izanen da proiektua atari horietan ere aplikatzeko.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Iruñeko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 16an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2202429