45. ALDIZKARIA - 2022ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

224/2022 EBAZPENA, otsailaren 11koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen Gaietarako errektoreordeak emana, betebehar espezifikoko kontratupeko irakasle doktore bat kontratatzeko lehiaketarako deia egiten duena.

Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 27an hartutako erabaki baten bidez onetsi zen irakasle eta ikertzaileen 2019ko lan publikoaren eskaintza. Eskaintzan kontratupeko irakasle doktore baten lanpostu bat dago, Ramón y Cajal programa edo Espainiako nahiz nazioarteko beste bikaintasun programa bat amaitu duen eta I3 egiaztagiria daukan ikertzaile doktore bat kontratatzeko, Estatuaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.Bat.3.i) artikulua aplikatuz.

2020ko azaroaren 4ko ebazpen baten bidez, Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiak prozedura bat ezarri zuen I3 ziurtagiriak emateko, Estatuaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezarritakoaren ondorioetarako (2020ko azaroaren 10eko BOE).

Gobernu Kontseiluak 2022ko otsailaren 10ean onetsitako erabaki baten bidez, 1. motako kontratupeko irakasle doktorearen 4215 zenbakidun lanpostuaren deialdia onetsi zen (Ramón y Cajal programa eta I3 ziurtagiria), baita hautaketaz arduratu behar duen Kontratazio Batzordearen izendapena ere.

Ikusirik Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 48. artikulua eta hurrengoak, unibertsitateak irakasleen eta ikertzaileen lan-kontratazioa egiteko gaitzen dituztenak.

Kontuan izanik 2009ko apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle eta ikertzaileen araubidea arautzen duena, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuak arautzen dituen arautegia, 2016ko irailaren 7ko Gobernu Kontseiluak onetsi zuena.

Ikusirik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Unibertsitateko Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalak eta Kontuhartzailetzak txostena eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Betebehar espezifikoko kontratupeko irakasle doktore bat kontratatzeko lehiaketaren deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Kontratazio Batzordeko kideei aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentura, Unibertsitateen Idazkaritza Nagusira, ukitutako saileko zuzendariari, Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzara eta kontu-hartzaileari helaraztea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, haren kontra, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2022ko otsailaren 11n.–Irakasleen Gaietarako errektoreordea, Inés Olaizola Nogales, .

BETEBEHAR ESPEZIFIKOKO KONTRATUPEKO IRAKASLE DOKTOREAK KONTRATATZEKO LEHIAKETAREN DEIALDIA (I3 ZIURTAGIRIA)

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Kontratupeko irakasle doktore bat kontratatzeko lehiaketa arautzea da oinarri hauen xedea (I. eranskinean ageri den lanpostua betetzeko).

1.2. Deialdi hau arau hauetan ezarritakoak zuzenduko du: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuak (maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsiak), apirilaren 20ko 36/2009 Foru Dekretua (Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle eta ikertzaileen araubidea arautzen duena), Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuen araudia (2016ko irailaren 7ko Gobernu Kontseiluak onetsia) eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, deialdi honen oinarriak eta aplikatzekoak gerta litezkeen beste edozein arau orokor.

1.3. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (3. oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/irakasle-eta-ikertzaileen-deialdiak

2.–Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Lehiaketan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 16 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

b) Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren egiaztapena izatea kontratupeko irakasle doktoreen lanpostuetarako edo unibertsitateko edozein irakaskidegotako lanpostuetarako.

c) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

d) Ez egotea baztertuak edozein administrazio publikotako zerbitzutik diziplinako espediente bat dela kausa, ez egotea ezgaituak funtzio publikoak betetzeko, edo irakaskuntzarekin bateraezina den kargu edo funtzioren bat edukitzea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izanen da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.

e) Bukatua izatea Ramón y Cajal programa edo Espainiako nahiz nazioarteko beste bikaintasun programa bat, hots, Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiak 2020ko azaroaren 4an emandako ebazpeneko zerrendan jasoak daudenetako bat –ebazpen horrek I3 ziurtagiriak emateko prozedura ezartzen du Estatuaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezarritakoaren ondorioetarako (2020ko azaroaren 10eko BOE)–, eta I3 ziurtagiria edukitzea.

f) Izangaiak Europar Batasunekoak ez badira, Espainian legez bizitzea.

Espainian bizi ez diren atzerritarrek ere parte hartzeko aukera izanen dute, baldin eta parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazioa egin ahal izateko atzerritartasunari buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.

3.–Eskaerak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Ebazpena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan emanen da argitara. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena.

3.2.1. Hautaketa-prozesuan parte hartzeko, helbide honetan dagoen eskabidea erabili beharko da:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/irakasleentzako-lehiaketa

3.2.2. Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute eskaera, helbide honetako “Hasi tramitea” botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/irakasle-ikertzaile-+oposizioa-lehiaketa

Horretaz gainera, zilegi da eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztea (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, autonomia erkidegoetako administrazioetako eta administrazio lokala osatzen duten erakundeetako erregistroetan, posta-bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztekotan, gutun-azal irekian eginen da, posta-zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Behar bezala betetako eskaerarekin batera, izangaiak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren kopia.

b) Doktore tituluaren kopia.

c) Kalitatea Egiaztatu eta Ebaluatzeko Agentzia Nazionalak jardueraz emandako ebaluazio positiboaren egiaztagiriaren kopia.

d) Honako hau egiaztatzen duen dokumentazioa: izangaia ikertzaile doktore aritu dela eta bukatua duela Ramón y Cajal programa edo Espainiako nahiz nazioarteko beste bikaintasun programa bat, hots, Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiak 2020ko azaroaren 4an emandako ebazpeneko zerrendan jasoak daudenetako bat –ebazpen horrek I3 ziurtagiriak emateko prozedura ezartzen du Estatuaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko 2018ko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezarritakoaren ondorioetarako (2020ko azaroaren 10eko BOE)–.

e) I3 ziurtagiriaren kopia.

f) Laugarren oinarriak aipatzen duen tasa ordaindu duela egiaztatzen duen agiria.

3.4. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikusten badu izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat edo agiriak faltsutu dituela, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.

3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Diru-kopuru hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 zenbakidun kontu-korrontean sartuko da, eta frogagirian izangaiaren izena eta “Kontratupeko irakasle doktoreen lehiaketa” identifikazioa agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak enplegu-eskatzaile gisara izena emanda.

Behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da hori, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4. Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, irakasleen gaietan eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du, Unibertsitateko iragarki-ohol elektronikoan (deialdi honi dagokion atalean), lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, baita baztertzeko arrazoiak ere, halakorik izan bada. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

5.2. 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, haiek zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean.

5.4. Eskaerak osatzeko eta zuzentzeko epea bukaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da (deialdi honi dagokion atalean) lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.

5.5. Lehiaketako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inolaz ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza orokorrak edo partikularrak betetzen dituztela. Kontratatzeko proposatutako izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, dokumentazio egiaztagarria aurkeztu beharko baitute 12. oinarrian adierazitakoarekin bat.

5.6. Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, irakasleen gaietan eskudun den organoak arrazoi horregatik lanpostua hutsik geratzen dela aldarrikatuko du, eta dagokion Sailari jakinaraziko dio.

6.–Kontratazio Batzordea.

6.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuak arautzen dituen arautegiko 13. artikuluak ezartzen duen Kontratazio Batzordeak epaituko du lehiaketa. Kontratazio Batzordeen osaera oinarri hauen II. eranskinean dator.

6.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak zuzenduko du Kontratazio Batzordea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onartzen duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak. Aipaturiko legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, Batzordeko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

6.3. Kontratazio Batzordeko buruak, gainerako batzordekideekin kontsultatu eta gero, informazio hau jakinaraziko die interesdunei, gutxienez ere hamabost egun naturaleko aurrerapenaz:

–Kontratazio Batzordea non, noiz eta zer ordutan eratuko den, gehienez ere hiru hilabeteko epean, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik kontatzen hasita. Eratzen den unean, Kontratazio Batzordeak finkatu eta jendaurrera zabalduko ditu izangaien balorazioa egiteko erabiliko dituen irizpideak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuak arautzen dituen Arautegiaren I. eranskineko kontratazio baremoaren arabera (8. oinarrian dago jasoa).

–Lehiaketan parte hartzeko onartuak izan diren izangaien aurkezpen-ekitaldia. Ekitaldi horretan, lehiaketara atera den lanpostuaren jakintza-arloko irakasgai baten programa zehatza emanen diote izangaiek Kontratazio Batzordeari (hiru kopia, hain zuzen). Honako hauek jaso behar ditu programak: gai zerrenda, bibliografia, helburuak eta irakasteko metodologia; horretaz gainera, izangaiaren curriculum vitaea, orain arte egindako ikerketak eta hemendik aurrera egin nahi dituen ikerketen proiektua. Izangaiek alegatutako irakaskuntzako eta ikerketako merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztu behar dituzte; merezimenduren bat behar bezala egiaztatzen ez bada, ez da aintzat hartuko. Kontratazio Batzordeak, halaber, lehen probarako dei eginen die izangaiei. Deialdian zehaztuko du proba zer tokitan, egunetan eta ordutan eginen den. Lehiatzaile bat baino gehiago badira, proba egiteko hurrenkera zozketatu eginen da. Azkenik, probarako deialdia eta proba egiteko hurrenkera argitaratuko ditu.

7.–Hautaketa-prozedura.

7.1. Izangaiak hautatzeko prozesuak bi proba hauek edukiko ditu:

a) Lehen proban, gehienez ere ordubete iraunen duen ahozko azalpena eginen da Kontratazio Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraunen duen eztabaida izanen da berarekin honako hauei buruz: izangaiaren curriculum vitae agiria, irakaskuntza proiektua eta aurkeztutako ikerketa-proiektua.

Lehen proba bukatuta, Kontratazio Batzordeko kide bakoitzak Batzordeko buruari txosten arrazoitu bat emanen dio, izangai bakoitzak azaldu dituen curriculum vitae agiria, eta irakaskuntza- eta ikerketa-proiektuak baloratzeko, eta zenbakizko puntuak emanen zaizkio. Eskatutako gutxieneko puntuazioa edo handiagoa lortu duten eta bigarren proba eginen duten lehiatzaileen zerrenda ordenatua onetsiko du Kontratazio Batzordeak. Lehen probako emaitzak argitaratu ondoren, Kontratazio Batzordeak argitaratuko du noiz, non eta zer ordutan eginen den bigarren proba.

b) Bigarren proban, gehienez ere ordubete iraunen duen ahozko azalpena eginen da Kontratazio Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraunen duen eztabaida izanen da berarekin, izangaiak bere irakaskuntza-proiektuan aurkeztutako eta berak hautatutako gai bati buruz. Kontratazio Batzordeak izangai bakoitzaren balorazio arrazoitua eginen du, eta zenbakizko puntuak esleituko dizkio.

7.2. Bi probetako puntuazioak batu eta gero, lehiatzaileek baremoa aplikatuta lortu dituzten kalifikazioen zerrenda ordenatu bat eginen du Batzordeak. Berdinketarik balego, Kontratazio Batzordeko kideek bozketa bat eginen dute hurrenkera erabakitzeko; bozketa horretan berdinketarik badago, batzordeburuaren kalitateko botoak erabakiko du.

8.–Kontratazio baremoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuak arautzen dituen arautegiko I. eranskinak kontratazio baremo hau ezartzen du:

1. Ahozko lehen proba: 80 puntu gehienez ere. Gutxienez 40 puntu lortzen ez dituzten lehiatzaileak baztertuta geldituko dira.

Izangaien jardueraren eta lanpostuaren profilaren arteko lotura baloratzeko, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Izangaiek egindako ikerketak eta argitalpen zientifikoak, dokumentu bidez egiaztatuak (30 puntu gehienez).

b) Unibertsitateko irakaslanak, kontratu bidez eta irakaskuntza-jarduera baloratzen duen txostenaren bidez behar bezala egiaztatuak (20 puntu gehienez).

c) Irakaskuntza-proiektua (10 puntu gehienez).

d) Ikerketa-proiektua (10 puntu gehienez).

e) Beste merezimendu batzuk (5 puntu gehienez). Atal honetan, honako hauek baloratuko dira, Kontratazio Batzordearen irizpidearen arabera: unibertsitatetik kanpo egindako lan profesionala, hizkuntzak, espezializazio ikastaroak, beste titulazio batzuk, bekak, sariak eta lehiakideak eman eta egiaztatutako beste edozein datu.

f) Unibertsitateko irakaskidegoetarako egiaztapena izatea: 5 puntu.

Kontratazio Batzordeko kide bakoitzak bere aldetik baloratuko ditu izangaien merezimenduak, eta izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da proba honen puntuazioa.

2. Ahozko bigarren proba: 20 puntu gehienez ere. Irizpide orokor gisa, bai azaldutako edukiak bai azalpenaren beraren irakaskuntza-kalitatea baloratuko dira. Gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten lehiatzaileak baztertuta geldituko dira.

Kontratazio Batzordeko kide bakoitzak bere aldetik baloratuko ditu izangaien aurkezpenak, eta izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da proba honen puntuazioa.

3. Azken puntuazioa bi probetako puntuazioen batura izanen da.

9.–Kontratazio proposamena.

9.1. Bigarren proba egiten denetik 7 egun balioduneko epean gehienez ere, Kontratazio Batzordeak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda ordenatua eta kontratazio proposamena, eta proposamena igorriko dio irakasleen gaietan eskumena duen organoari.

9.2. Ez da zilegi Kontratazio Batzordeak lehiaketaren xede den lanpostu kopurua baino izangai gehiago proposatzea, baina bai ordea txikiagoa den kopurua. Halaber, zilegi da Kontratazio Batzordeak lanpostua hutsik geratzeko proposamena egitea, lanpostuaren baremo espezifikatua aplikatu eta izangaietako inork ez duenean lortzen eskatzen den gutxieneko puntuazioa.

9.3. Kontratazio proposamena eginez emanen zaio amaiera Kontratazio Batzordearen jarduerari.

10.–Kontratazio proposamenaren aurkako erreklamazioak.

10.1. Interesdunek zilegi dute erreklamazioa aurkeztea Kontratazio Batzordearen kontratazio proposamenaren aurka Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hamar egun balioduneko epean proposamena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

10.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan kontratupeko irakasle doktoreak kontratatzeko hautaketa-prozesuei buruzko araudian ezarritako Erreklamazio Batzordeak aztertuko ditu kontratazio proposamen aurkako erreklamazioak.

Erreklamazio Batzordeak lehiaketaren prozedurari lotutako alderdiak baino ez ditu baloratuko, eta izangaien aukera-berdintasuna eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua une oro bermatzen direla zainduko du.

Erreklamazio Batzordeak ezin izanen du inola ere ordezkatu Kontratazio Batzordeak izangaien egokitasunari buruz egindako balorazio sakona.

10.3. Kontratazio proposamenaren aurkako erreklamaziorik jasoz gero, eta betiere Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen duela irizten bazaio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebazpen bat emanen du erreklamazioa tramitera onartzeko eta hautaketa prozesua erreklamazioa behin betiko ebazten den arte eteteko.

Aitzitik, Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen ez badu, erreklamazioa ez da onartuko.

10.4. Erreklamazioren bat tramitera onartuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuak tramitera onartu diren erreklamazioak helaraziko dizkie izangai guztiei, eta hamar egun balioduneko epea emanen die izangaiek nahi dutena alega dezaten erreklamazioak jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Kontratazio Batzordeari ere bidaliko dizkio tramitera onartu diren erreklamazioak, haiei buruzko txostena egin dezan.

10.5. Erreklamazio Batzordeko kideek dokumentazioa aztertu eta erabaki hauetako bat har lezakete, gehienez ere hiru hilabeteko epean erreklamazioa aurkeztu den egunetik kontatzen hasita.

a) Baldin eta uste badu berdintasun, merezimendu edo gaitasun printzipiorik ez dela urratu, Kontratazio Batzordearen proposamena zuzenean berrestea.

b) Baldin eta uste badu baremoko puntuazioen baturan kalkulu akats ageriko eta nabarmenen bat egin dela, atzemandako akatsa zuzentzea Kontratazio Batzordearen proposamenean. Horrek ondorioak izanen ditu Kontratazio Batzordearen proposamenean, aldatu eginen baitu izangaien hurrenkera.

c) Baldin eta uste badu prozedura-akatsen bat izan dela eta horrek babesik gabe utzi duela erreklamazioa jarri duen alderdia, hautaketa-prozedura formazko akatsa egin den unera eramatea atzera.

d) Baldin eta uste badu berdintasun, merezimendu edo gaitasun printzipioren bat urratu dela, Erreklamazio Batzordeak ez du berretsiko Kontratazio Batzordearen proposamena.

10.6. Erreklamazio Batzordeak bere kideen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta, bozketan berdinketarik badago, erabakigarria izanen da batzordeburuaren botoa. Erabakiak hartzeko, Erreklamazio Batzordeak aukera izanen du Unibertsitatearen Zerbitzu Juridikoaren txosten juridikoa eskatzeko.

10.7. Erreklamazio Batzordeak erreklamazioari buruz hartzen duen erabakia loteslea izanen da errektorearentzat. Errektoreak ebazpen bat emanen du Erreklamazio Batzordearen proposamenarekin bat etorriz, eta zilegi du lanpostua hutsik utzi dela deklaratzea.

Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea bi hilabeteko epean Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

Hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.

11.–Behin betiko kontratazio proposamena.

Behin betiko kontratazio proposamena daukan ebazpenak hautaketa-prozesua amaitzen du, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, deialdi honi dagokion erreseinarekin. Argitaratze horrek interesdunei egiten zaien jakinarazpenaren balioa edukiko du ondorio guztietarako.

Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka zilegi da administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

12.–Kontratuen formalizazioa eta sinadura.

12.1. Bost egun balioduneko epean, behin betiko kontratazio proposamena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, lanpostua eskuratu duenak, 5.5 oinarrian aipatutako dokumentazioaz gainera, ondotik zehazten diren agiriak aurkeztu beharko ditu Giza Baliabideen Zerbitzuan, dagokion kontratua formalizatu ahal izateko:

a) Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko afiliazio-txartelaren fotokopia, bidezko denean.

b) Bankuko datuak nomina sartzeko.

c) Bateraezintasunik ez izatearen aitorpena.

12.2. Ezarritako epean, ezinbesteko arrazoirik egon ezean, agiriak aurkezten ez dituztenek edo, agiriak azterturik, lanpostua betetzeko eskatzen den betebeharreko baldintzaren bat betetzen ez dutenek kontratatuak izateko eskubidea galduko dute.

12.3. Arautegi honen eta dagozkion deialdien ondorio den lan-kontratua Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 48. artikuluak eta ondorengoek ezartzen dutenaren mende egonen da.

12.4. Kontratuak idatziz eginen dira, dagozkien ereduetan. Kontratua sinatzearen ardura norberarena eta besterenezina da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuan eginen da. Eginkizunak betetzen hasi baino lehen sinatuko da kontratua, gehienez ere 10 egun naturaleko epean lanpostuaren ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Kontratua adierazitako epean sinatzen ez bada, interesdunak lanpostuari uko egiten diola ulertuko da. Kasu horretan, hurrengo izangaiari deituko zaio, Kontratazio Batzordeak proposatutako ordezkoen zerrendaren arabera, eta izangai horrek epe bera izanen du kontratua formalizatzeko.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “Giza Baliabideak” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen eta Kontratazio Batzordearen jardunen ondoriozko egintza administratibo ororen aurka zilegi da errekurtsoak jartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasuetan eta forman, 10. oinarrian aurreikusitako kontratazio proposamenaren aurkako erreklamazioaren aurka izan ezik.

Deialdi honen oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Oharra: Genero maskulinoko pertsona edo kargu akademikoei buruzko aipamenak genero gramatikal neutroan egindakotzat hartzen dira, eta, beraz, bai emakumeak bai gizonak aipatzeko aukera hartzen dute barnean.

I. ERANSKINA

Deialdiko lanpostua

Lanpostu zk.: 4215. Kategoria: Kontratupeko irakasle doktorea. Saila: Zientziak. Jakintza-arloa: Materia Kondentsatuaren Fisika. Irakaskuntza-eskakizuna: Jakintza-arloarena. Ikerketa-eskakizuna: Gaitasun anitzeko nanopartikula magnetikoak.

II. ERANSKINA

Batzorde titularra:

Batzordeburua: M. Pilar Marín Palacios, unibertsitateko katedraduna Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

1. batzordekidea: Vicente Recarte Callado, unibertsitateko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

2. batzordekidea: Luis Angel Elcoro Cengotitabengoa, unibertsitateko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean.

Ordezko 1. batzordea:

Batzordeburua: María Vélez Fraga, unibertsitateko katedraduna Oviedoko Unibertsitatean.

1. batzordekidea: Ignacio Pérez de Landazábal Berganzo, unibertsitateko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

2. batzordekidea: Miriam Jaafar Ruiz-Castellanos, kontratupeko irakasle doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.

Ordezko 2. batzordea:

Batzordeburua: Patricia M. de la Presa Muñoz del Toro, unibertsitateko katedraduna Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

1. batzordekidea: Jesús Rodríguez Fernández, unibertsitateko katedraduna Kantabriako Unibertsitatean.

2. batzordekidea: César Luis Folcia Basa, unibertsitateko katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean.

Iragarkiaren kodea: F2202210