40. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako dirulaguntzen 2022. urteko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 607927.

1985az geroztik, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua edo jarduerak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia, interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako 2022ko dirulaguntzen deialdia onestea, horretarako 95.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako dirulaguntzen 2022. urteko deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua baimentzea, partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

A20003-A2300-4816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Funtzionamendu eta jarduera gastuak

2022

95.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 26an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO MUSEOEN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORREN FUNTZIONAMENDURAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2022. URTEKO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren 2022. urteko funtzionamendurako.

2.–Aurrekontua.

Deialdi honetara 95.000 euro bideratuko dira, 2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Funtzionamendu eta jarduera gastuak” izeneko A20003-A2300-4816-333100 partidaren kargura.

3.–Laguntzen helburua.

Eskatzen ahal diren laguntzak bi motakoak dira:

–Funtzionamendurako laguntza. 10.000 euroko laguntza finkoa entitatearen funtzionamenduaren eta eraikinaren mantentze-lanen ondoriozko gastuetarako, irizpide honen arabera:

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik goiti duten zentroak: plantillan komisariotzaren arloan dauden langileen gastuak diruz lagunduko dira, lanaldi osoa izan nahiz partziala.

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik beheiti duten zentroak: langileen, horniduren, mantentze-lanen eta zerbitzu profesionalen gastuek jasoko dute dirulaguntza.

Laguntza hau 11.1 puntuan jasotako balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren arabera emanen da, atal honi esleitutako dirua agortu arte, hots, 80.000 euro, betiere eskaeran aurkezten den aurrekontutik datorren defizita gainditu gabe.

–Bildumaren prebentzioko kontserbazio-lanetarako laguntzak. Laguntza hauen kopurua ez da finkoa, eta 11.2 puntuan lortzen den balorazioaren lehentasun ordenaren arabera emanen dira, atal honi esleitutako dirua agortu arte, hots, 15.000 euro, honela:

–Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %80 emanen zaie proiektuei, gehienez ere 3.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.

–Aurkeztu den aurrekontuari kenduko zaizkio diruz lagungarriak ez diren gastuak, deialdi honetan ezartzen direnak. Atalak onetsiko duen aurrekontua eragiketa horren ondorioz ateratzen dena da.

–Baloraziorik txikiena duen proiektuari gerakina ematen ahal zaio, baldin eta 14.b) puntuaren balorazioan (proiektuaren kalitatea) %50 lortzen badu.

Eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu prebentzioko kontserbazioaren laguntza modalitatean, baina proiektu bakar bati emanen zaio dirulaguntza, hain zuzen ere 11.2 puntuko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari, proiektuen arteko lehentasun-hurrenkerari jarraikiz. Onuradun berari beste proiektu baterako dirulaguntza emanen zaio, bakar-bakarrik baldin dirulaguntzak banatzeko lehenbiziko fasea itxi ondoren aurrekontuan diru erabilgarririk gelditzen bada.

Diruz lagunduko diren lanak exekuzio fasean edo bukaturik egon daitezke, baina betiere 2022. urtean egin beharko dira.

Funtzionamendurako laguntza finkoetarako esleitutako kopurua (80.000 euro) osorik banatzen ez bada, gelditzen den hondarra erabiliko da prebentzioko kontserbazio-lanetarako laguntzen aurrekontua handitzeko.

Prebentzioko kontserbazio-lanetarako zenbatekoa osorik esleitzen ez bada, erabilgarri dagoen saldoa baliatuko da esleipenaren lehenbiziko fasean laguntza finkorik lortu ez duten entitate eskatzaileei emateko. Hala ere gerakinik badago, proportzionalki banatuko da entitate onuradunen artean, 11.1 puntuko baremoa aplikatuta lortutako puntuazioaren arabera.

4.–Gastu diruz lagungarria.

Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 3. puntuan definitzen diren kontzeptuei badagokie inolako zalantzarik gabe. Ez dira diruz lagungarriak izanen Museoen Atalak tramitatzen dituen beste bi deialdietako edozeinetan (Inbertsioak, eta Zabalkunde jarduerak eta jarduketak) laguntzak jasotzen dituzten gastuak.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

5.–Entitate onuradunak.

Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete dirulaguntza hauek.

Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako museoak.

–2022ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan funtzionamendurako partida izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

6.–Betebeharrak.

Entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.

b) Egunean izatea tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

7.–Dokumentazioa.

Entitate eskatzaileek eskabidea (1. eranskina) aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatuta, agiri hauekin batera:

–Entitate eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).

–Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2021. urteari dagozkionak.

Memoriak honako hauek jaso beharko ditu:

–11.1.b) oinarrian baloratu beharreko atalak.

–2022. urterako jardueren plana, adierazita zenbat orduz irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekiko den.

–2022rako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Museoen Atalak emanen dio entitate bakoitzari gastuen eta diru-sarreren taula-eredua edo justifikazio kontua.

–Hala zuzendaritza-taldea nola kudeaketa-talde artistikoa osatzen dutenen sexuaren araberako banaketa.

–Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak funtzionamendurako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko adierazpen berariazkoa. Laguntza eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

–Laguntzaren xedeko bildumen prebentzioko kontserbazio-lanen zerrenda edo horren proiektua, dagokion aurrekontuarekin. Proiektuek baliozkoturik egon beharko dute, eta horretarako proiektuen ardura profesionala hartzen duen pertsona edo enpresa batek izenpetu beharko ditu. Aurrekontu orokor bateratua erantsi beharko zaie proiektuei, kontzeptuak xehekaturik. Kronograma bat ere eransten ahalko zaie, adierazteko nork hartuko duen eginkizun bakoitzaren ardura proiektuaren fase bakoitzean; plantillako langileek eginen badute lanaren zati bat edo lan osoa, adierazi beharko da lanaldiaren zer ehuneko emanen duten proiektu horretan lanean.

Prebentzioko kontserbazio-lanen proiektuek bat etorri beharko dute 6. eranskinean adierazitako ereduarekin. Prebentzioko kontserbazio-lanetarako laguntza eskatzea aukerakoa da.

8.–Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da (larunbat eta jaiegunak barne), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.–Eskaerak aurkezteko tokia.

Eskatzaileek telematika bidez aurkeztuko dute eskaera Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Gobernuko Atariaren zerbitzuen katalogoan agertzen den tramiteen katalogoaren bitartez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

10.–Tramitazio faseak.

10.1. Zuzenketa eta aldez aurretiko ebaluazioa.

Museoen Atalak tramitatuko ditu eskaerak.

Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Ataleko teknikariek eginen dute aurkezten diren eskaeren aurretiko ebaluazio teknikoa.

Dirulaguntza eskaera osorik ez badago edo akatsen bat baldin badu, Museoen Atalak errekerimendua eginen dio eskatzaileari zuzendu dezan, eta horretarako zazpi egun naturaleko epea emanen dio (larunbatak eta jaiegunak barne), akatsak zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Entitate eskatzaileak dokumentazioa epearen barrenean aurkezten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta espedientea artxibatuko da.

Jakinarazpena posta elektronikoaren bidez eginen da, eskabidean (1. eranskina) adierazten den helbide elektronikora.

10.2. Balorazioa.

Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauekin:

Batzordeburua:

–Celia Martín Larumbe andrea, Museoen Ataleko burua. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Batzordekide idazkaria:

–Pilar del Valle de Lersundi Manso de Zúñiga andrea, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Carmen Valdés Sagüés andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko arte jardueretako goi mailako teknikaria.

Kideak:

–Iñaki Diéguez Uribeondo jauna, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Marta Arriola Rodríguez andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko goi mailako teknikaria.

–Ana Berta Balduz Azcárate andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea. Ordezkoa: Violeta Romero Barrios andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea.

Batzordeak 11. puntuan ezarritako irizpideen arabera baloratuko ditu eskaerak, hamabost egun naturaleko epean gehienez, eskatutako azkeneko dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita. Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Museoen Atalak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Nafarroako Zuzendaritza Nagusiari.

11.–Balorazio irizpideak.

11.1. Onartzen diren funtzionamendu gastuetarako laguntza eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 20 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu.

b) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2021. urtean kultura arloan egindako bidea (50 puntu gehienez), honen arabera:

Erakundearen jarduera: gehienez 15 puntu. Alderdi hauek baloratuko dira: Genero ikuspegia (hizkera inklusiboa, bilduma iraunkorrari eta aldi baterako erakusketei aplikatutako genero ikuspegiaren metodologia), digitalizazioa (eguneratutako webgunea, online jarduera eta argitalpenak -erabiltzaileak-, museorako bisita eta sarrera birtualak, sare sozialak), lotura xedeko lurraldearekiko eta komunitatearekiko (tokiko beste eragileekiko lankidetza, lurraldetik kanpoko instituzioekiko lankidetza, obren mailegua), Museoen Nazioarteko Egunean parte hartzea, bildumaren balioa nabarmentzeko jarduerak, Museoen Zerbitzuak programatutako jardueretan parte hartzea, Museoen Zerbitzuak antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea, aldi baterako erakusketak, bisita gidatuak, tailerrak, audiogidak, material didaktikoa.

Erakundean egindako hobekuntzak: gehienez 15 puntu. Ebaluatu eginen dira erakundeak honako arlo hauei dagokienez egindako ekintzak: ikerketa, dokumentazioa (erregistroa eta inbentarioa), irisgarritasuna (egiturei zein aparatu kritikoari dagokienez), eraikinean egindako hobekuntzak, bilduma egonkorrean egindako hobekuntzak (bilduma handitzea) eta bilduma iraunkorrean egindakoak (aparatu kritikoa eta museografia), kontserbazioa, zaharberritzea, eta teknikari kualifikatuen kontratazioa.

Jendearendako ordutegia/doakotasuna: gehienez 5 puntu. Kontuan hartuko da hilabetean osotara zenbat orduz irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

Bisitari kopurua: 5 puntu gehienez, Museoen Atalaren publikoaren datuak biltzeko Eskuliburuan agertzen denaren arabera.

Euskararen erabilera: gehienez 5 puntu. Kontuan hartuko da haren erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, zabalkunde euskarriak, bisita gidatuak, webgunea, gizarte sareak eta erabiltzaileendako arreta.

Gaztelania eta euskara ez diren hizkuntzak erabiltzea: gehienez 5 puntu. Kontuan hartuko da haien erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, zabalkunde euskarriak, bisita gidatuak, webgunea, gizarte sareak eta erabiltzaileendako arreta.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde garapenean egiten duen ekarpena (gehienez 30 puntu), honen arabera:

–5.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 30 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 20 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

Baremo hau aplikatuz eskatzaileek lortzen duten puntuazioak ezarriko du dirulaguntzak emateko lehentasun-hurrenkera laguntza finkoen modalitaterako.

11.2. Bildumen prebentzioko kontserbazio gastuetarako onartzen diren eskaerak 20 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Prebentzioko kontserbaziorako aurkeztutako proiektua nola egokitzen den museoko bildumaren edo bilduma museografiko iraunkorraren behar eta ezaugarrietara (gehienez 10 puntu).

b) Proiektuaren kalitatea: metodologia, ekipoa, antolakuntza eta kronograma (gehienez 10 puntu).

Ez dute laguntzarik jasoko 11.2 oinarriko balorazioan gutxienez 12 puntu (%60) lortzen ez dituzten prebentzioko kontserbazioko proiektuek (6. eranskina). Baremo hau aplikatuz eskatzaileek lortzen duten puntuazioak ezarriko du dirulaguntzak emateko lehentasun-hurrenkera prebentzioko kontserbazio proiektuen modalitaterako.

Lehenbiziko fasean, entitate onuradun bakoitzak aurkezten duen proiektu bakar bati emanen zaio laguntza, hain zuzen ere 11.2 oinarriko balorazio irizpideak aplikatuz puntuaziorik handiena lortzen duenari. Behin lehenbiziko fasea bukaturik, aurrekonturik badago, eskatzaile berberari beste proiektu baterako dirulaguntza ematen ahalko zaio.

12.–Ebazpena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez emanen dira laguntzak, entitate eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Deialdia eman gabe gelditzen ahal da, osorik edo partez.

13.–Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak epe bakarrean ordainduko dira, agiri hauek aurkeztuta eta proiektuak amaituta, prebentzioko kontserbaziorako laguntzen kasuan, 2022ko azaroaren 15era arte, egun hori barne:

–2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte honako hauetarako egindako gastuen eta ordainketen eta diru-sarreren frogagiriak:

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik goiti duten zentroak: plantillan komisariotzaren arloan dauden langileen gastuak, lanaldi osoa izan nahiz partziala.

–Urteko aurrekontua 50.000 eurotik beheiti duten zentroak: langileen, horniduren, mantentze-lanen eta zerbitzu profesionalen gastuak.

–2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean eginiko gastuak justifikatzeko ordainagiriak, justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduta egon behar dutenak (azaroaren 15a baino lehen).

–Prebentzioko kontserbazio proiektuen kasuan, egindako jarduketaren memoria aurkeztuko da.

–Jardueren memoria, 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko datuekin. Urteko memoria osoa, hau da, 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko datuak jasotzen dituena, 2023ko urtarrilaren 31n aurkeztu beharko da beranduenez.

–Museoen Atalak kontzesioaren ostean ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen konturako, behar bezala beteta.

14.–Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa eta epeak.

Gastuen eta ordainketen justifikazioa eta diru-sarrerena honela eginen da:

–Museoen Atalak kontzesioaren ostean ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen konturako, beteko dira, eta horiei fakturak eta bankuko ordainagiriak erantsiko zaizkie, modu korrelatiboan.

–Frogagiriak 2022an datatuak izan beharko dira, eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen ordainduak (2022ko azaroaren 15era arte, egun hori barne). Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera bete beharko dira.

–Onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

–Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak. Diruzkoak ez diren ekarpenak ez dira inola ere onartuko.

14.1. Justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko prozedura normalizatua:

–Dokumentazioa kapituluka edo kontzeptuka bereizita aurkeztuko da PDF formatuko fitxategietan, fakturak eta ordainagiriak modu korrelatiboan multzokatuta. (Adibidez: 1. zenbakiko faktura/1. ordainketa-frogagiria, eta abar)

–Atalak kontzesioaren ostean ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen konturako, beteko dira.

Zeharkako zergak ez dira dirulaguntzaren xede izanen, entitate eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).

Toki erakundeek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuak eta ordainketak dirulaguntzaren indarraldiaren barrenean eginak izan beharko direla (gastuak urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte, eta ordainketak 2022ko azaroaren 15era arte, egun hori barne). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Toki erakundeetako edo beren mendeko entitateetako langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

15.–Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

15.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira, baldin eta lege horren 4. artikuluan adierazitako pertsona edo entitateren batek egiten baditu. Horretarako, entitate eskatzaileek 5. eranskina bete beharko dute, dirulaguntzaren esleitzen zaienean.

15.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekoak deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

15.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

16.–Entitate onuradunen betebeharrak.

–Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Museoen Atalak ezarritako jarraibide teknikoekin.

–Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

–Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Museoen Atalari, justifikazioa egiten den egunean.

–Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Museoen Atalari, haren adostasuna beharko baita.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea entitate onuradunaren izena aditzera ematen duten informazio euskarri guztietan, aurretik testu hau duela: Laguntzailea.

–Sarreran, ikusteko moduan adieraztea Nafarroako Gobernuak laguntza eman duela.

–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

–Entitateak museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren 2022ko jardueren memoria eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak) aurkeztu beharko ditu, 7.oinarrian (dokumentazioa) adierazitakoa barne harturik. Memoria horretan adierazi beharko da dirulaguntzaren eskaeran aurkeztutako ekintza plana noraino bete den, alderdi guztiak aintzat harturik.

–Deialdi honetan diruz laguntzen diren prebentzioko kontserbazio-jardueretan eta haiek zabaltzerakoan aintzat hartu beharko dira Nafarroako Berdintasunerako Institutuak generoaren aldetik baztertzailea ez den hizkerari buruz argitaratutako gomendioak:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

–Dirulaguntza emanen dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztea gardentasunari buruzko betebeharraren edo betebehar ezaren gaineko adierazpena (4. eranskina). Betebeharra badago, PDF formatuan erantsiko da eskatutako informazioa, salbu eta lehendik Nafarroako Gobernuaren beste dirulaguntza batzuetarako aurkeztu bada (zer dirulaguntzatarako adierazi beharko da).

–Ezarritako epean aurkeztea gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru-sarrerenak eta urteko jardueren memoria.

17.–Baldintzak ez betetzea.

16. puntuan adierazitako betebeharrak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

18.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, baldin haien baturak ez badu gainditzen diruz lagunduriko jardueraren kostua. Deialdi honen bidez ematen den zenbatekoa eta beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuetatik edo jardueraren berezko funtsetatik datorrena baturik jardueraren kostua gainditzen bada, ordaindu beharreko dirulaguntzari muga bat ezarriko zaio, jarduerak ez dezan superabitik izan.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

1. eranskina.–Eskabidea.

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

3. eranskina.–2022ko aurrekontua.

4. eranskina.–Gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena.

5. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu 1. eranskinetik 5.era bitartekoak (DOC).

6. ERANSKINA

Prebentzioko kontserbazioko proiektua egitean bete beharreko baldintzak

1. Proiektuaren xedea eta egokitasuna bildumaren beharrak eta ezaugarriak kontuan hartuta.

2. Lan metodologia: helburua lortzeko egin beharreko ekintzen zehaztapena.

3. Profesionalen taldea: Enpresa/profesionala identifikatzea, curriculuma, egokitasuna proiektua egiteko.

4. Aurrekontua.

5. Kronograma.

Iragarkiaren kodea: F2201667