40. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

16/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez giza eskubideen arloan lan egiten duten ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzen 2022rako deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira, Nafarroan izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egin eta zabaltzeko. DDBN identifikazioa: 609098.

271/2019 Foru Dekretuak, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa zehazten duenak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zeregin hauek adjudikatzen dizkio, besteak beste: bakearen eta bizikidetzaren aldeko kultura bultzatzeko politikak sustatu eta koordinatzea, giza duintasunean eta giza eskubideekiko konpromisoan oinarriturik betiere, eta memoria historikoari eta memoria hurbilari buruzko politika publikoak zehaztea. Orobat, aipatutako dekretuaren arabera, haren eskumena da onesten ahal diren eta, gaia dela eta, zuzendaritza nagusiaren eskumenen arloari dagozkion dirulaguntzen deialdiak proposatzea eta ebaztea.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak sustatu ditu giza eskubideen arloan lan egiten duten ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzen 2022rako deialdia eta oinarri arautzaileak, Nafarroan izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egin eta zabaltzeko. Horrekin, ekimen instituzionalen, akademikoen eta sozialen arteko osagarritasuna sustatu nahi da, Nafarroan giza eskubideen aplikazioaren ezagutza hobea eta zehatzagoa garatzeko.

Dirulaguntzen xedea da giza eskubideen balizko urraketei buruzko txostenak egitea, 1948ko Giza Eskubideen Gutunak eta gutun horrek ondoren eduki dituen arau-garapenek definitu zituzten eremuetako edozeinetan, Nafarroako Foru Komunitatean agian gertatu direnak edo gertatzen ari direnak. Laguntza deialdi honen bidez, giza eskubideen aplikazioaren azterketaz eta ebaluazioaz arduratzen diren eta eskarmentua duten ikerketa zentroen, unibertsitate institutuen eta bestelako gizarte erakundeen lana finantzatu nahi da, informazioa izateko Nafarroan gertatu diren edo gertatzen ari diren giza eskubideen urraketei buruz, edo Nafarroako pertsonei eragiten dietenei buruz, Foru Komunitatea ez den beste leku geografiko batzuetan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Deialdiak bide ematen die erakunde interesdun guztiei baldintza berberetan parte hartzeko, eta bermatzen du, aldi berean, dirulaguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen du espedienteak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia ados egonik.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Giza eskubideen arloan lan egiten duten ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzen 2022rako deialdia onestea, Nafarroan izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egin eta zabaltzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. 70.000,00 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B20002-B2100-4819-232510: Ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzak, Nafarroan izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egiteko.

2022

70.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

5. Foru agindu hau jakinaraztea Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari, eta igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera, haren Kontabilitate Zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko otsailaren 3an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

OINARRI ARAUTZAILEAK, GIZA ESKUBIDEEN ARLOAN LAN EGITEN DUTEN IKERKETA ZENTRO EDO INSTITUTUENTZAKO ETA ERAKUNDEENTZAKO 2022RAKO DIRULAGUNTZENAK, NAFARROAN IZANDAKO GIZA ESKUBIDEEN URRAKETEI BURUZKO TXOSTENAK EGIN ETA ZABALTZEKO

1.–Laguntzen xedea.

Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, bere eskumenen artean, honako hau dauka: “Bakearen eta bizikidetzaren aldeko kultura bultzatzeko politikak sustatu eta koordinatzea, betiere giza duintasunean eta giza eskubideekiko konpromisoan oinarriturik” (Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren “a” apartatua).

Nafarroako Bizikidetzaren 2021-2024 Plan Estrategikoak, Gobernuaren 2021eko abenduaren 29ko bilkuran onetsiak, biltzen du bere programazioan A1 kodearekin identifikatzen den programazio bat, aurreikusten duena Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak abian jarriko duela “ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzen deialdi bat, Nafarroako Foru Komunitatean izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egin eta zabaltzeko”. Neurri honen bidez, ekimen instituzionalaren, akademikoaren eta sozialen osagarritasuna sustatu nahi da, Nafarroan giza eskubideen aplikazioaren ezagutza hobea eta zehatzagoa garatzeko.

Laguntzak norgehiagokako araubidean aplikatuko dira, dirulaguntzen erakunde hartzaileek egin gogo dituzten txostenen irismena eta garrantzia kontuan hartuta.

Txostenak txosten “itzal” edo txosten alternatibo motakoak izanen dira.

Txosten “itzal” motakoaren kasuan, landutako giza eskubidearen aplikazioa aztertzeaz gain, prestatutako informazioa erreferentzia gisa hartzen diren gobernuaren beste txosten edo iturri batzuen informazioarekin alderatuko da, txostenari izaera kritikoa emateko.

Txosten alternatiboen kasuan, hau da, errealitate horien gainean gobernuaren txostenik ez dagoenean edo daudenak zaharkituak daudenean, aztertutako giza eskubidearen aplikazioa aztertzeaz gain, aztertutako egoera hobetzeko proposamen bat gaineratuko da.

Lanen emaitzak, behin amaituz gero, herritarrei aurkeztuko zaizkie, publikoki, baita dirulaguntzen xede diren txostenekin loturiko giza eskubideak aplikatzeko ardura duten maila guztietako erakundeen aurrean ere: tokikoak, estatukoak, Europakoak edo nazioartekoak.

2.–Jarduketa eremua eta helburua.

Laguntza deialdi honen bidez, giza eskubideen aplikazioaren azterketaz eta ebaluazioaz arduratzen diren eta eskarmentua duten ikerketa zentroen, unibertsitate institutuen eta bestelako gizarte erakundeen lana finantzatu nahi da, informazioa izateko Nafarroan gertatu diren edo gertatzen ari diren giza eskubideen urraketei buruz, edo Nafarroako pertsonei eragiten dietenei buruz, Foru Komunitatea ez den beste leku geografiko batzuetan.

Diruz lagundutako proiektuek lagundu behar dute zorroztasunez egiten 1948ko Giza Eskubideen Gutunean eta gutun horrek ondoren eduki dituen arau-garapenetan zehaztutako edozein eremutan giza eskubideen aplikazioari eta giza eskubide horien balizko urraketei buruzko ebaluazio-txostenak.

Alabaina, lehentasuna edukiko dute ondoko gai hauetan gertatutako giza eskubideen urraketak salatzen dituzten txosten-proposamenek:

a) Terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimak.

b) Migratzaileak eta errefuxiatuak.

c) Egiturazko desberdintasun sozial eta ekonomikoa.

d) Emakumeen eta gizonen desberdinkeria, emakumeen aurkako indarkeria barne.

e) LGTBI+fobia.

f) Desgaitasuna duten pertsonak.

g) Haurrak.

h) Ingurumen seguru, garbi, osasungarri eta jasangarrian bizitzeko eskubidea.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Honako hauek har ditzakete oinarri hauetan araututako laguntzak:

–Unibertsitateen menpeko departamentu, katedra eta institutuetako Giza eta Gizarte Zientzien ikerketa zientifikoko taldeak.

–Irabazi-asmorik gabeko gizarte erakundeak, baldin eta beren estatutuetan giza eskubideen sustapena eta defentsa jasotzen badute 2. oinarrian definitutako eremuren batean.

Deialdi honetara aurkezten diren entitateek baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Dirulaguntzen onuraduna izateko gainerako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jaso baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

4.–Jarduerek bete beharrekoak.

Laguntzaren xedeko proiektuen ezaugarriak eta helburuak hurrenez hurren 1. eta 2. oinarrietan ezarritakora egokituko dira.

Laguntzaren xedeko jarduera guztiak 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 25era bitarte egin beharko dira.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Entitate interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute horretarako prestatu diren ereduen arabera, I. eranskinean jaso baitira. Eredu horiek entitateen eskura egonen dira Nafarroako Atariaren tramiteen katalogoko fitxan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-centros-o-institutos-de-investigacion-y-organizaciones-que-trabajan-para-la-realizacion-y-difusion-de-informes-acerca-de-vulneraciones-de-los-derechos-humanos-en-navarra-2022

Eskaerak aipatutako fitxaren bidez (“Tramitatu” botoia) aurkeztuko dira edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautzen duen Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorraren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Eskaerak Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari zuzendu beharko zaizkio, destinoko atala: 10007859.

Erakunde interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskaera, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean.

Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak, ezarritako ereduen arabera prestatuak (ereduak erakunde interesdunen eskura daude 5.1 oinarrian ezarritako tokietan), erakundearen ordezkariak behar bezala sinatuak aurkeztu beharko dira, honako dokumentazio hau erantsita:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Txostena idatzi duen taldearen osaerari buruzko deskribapen laburra, datu hauek edukiko dituena, gutxienez: idatzi duen taldearen koordinatzailearen izen-deiturak, taldea osatzen dutenen izen-deiturak, bakoitzaren titulazioa eta gaitasunak, azken hiru urteetan egindako lan eta argitalpen garrantzitsuenen zerrenda.

c) Eskaera izenpetzen duen ordezkariaren gaitasun juridikoa frogatzen duen dokumentua, eta pertsona horren nortasun agiri nazionalaren kopia.

d) Irabazi-asmorik gabeko erakundeen kasuan, Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiriaren edo beste dokumentu baten kopia.

e) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

f) Behar diren ziurtagiriak, egiaztatzeko ezen zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko edo haren erakunde autonomoekiko zorrak ordainduak dituela.

g) Erakundearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, II. eranskineko ereduaren araberakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoera batean ere ez dagoela dioena.

h) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, III. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo erakunde publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, entitateek erantzukizuneko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela dioena.

i) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea (eskaera lehen aldiz aurkezten dutenentzat eta banku kontuko zenbakia aldatu dutenentzat bakarrik).

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen aipatutako betebeharrak, edo harekin batera ez badira aurkezten aginduzko agiriak, instrukzio organoak erakunde interesdunari eskatuko dio akatsak gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari esleitu zaizkio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak, laguntzak emateari begira. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu horretaz ari dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 7. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu erakunde onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak du eskumena dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko.

7.–Balorazioa.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Baremo honi jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

1. atala.–Txostena prestatzeko planteamendu orokorra: 30 puntu, gehienez.

–Txostenak zer beharri erantzuten dion, helburuak eta metodologiaren deskribapena: 15 puntu, gehienez.

–2. oinarrian definitu diren lehentasunezko eremuren batekiko lotura: 10 puntu.

–Proiektuaren lanen planifikazioa eta egutegia: txostena prestatzea, emaitzen aurkezpen publikoa eta zabalkunde instituzionala: 5 puntu, gehienez.

2. atala.–Txostenean aintzat hartuko diren gaien irismena eta sakontasuna: 45 puntu, gehienez.

–Txostenaren egitura eta edukiak. Txostenean agertuko diren analisien definizioa: 25 puntu, gehienez.

–Erabili beharreko informazio-iturriak: 20 puntu, gehienez.

3. atala.–Txostena jendaurrean aurkezteko eta instituzioei komunikatzeko proposamena: 25 puntu, gehienez.

–Txostena jendaurrean aurkezteko diseinua eta bitartekoak: 10 puntu, gehienez.

–Emaitzak instituzioei komunikatzeko diseinua eta bitartekoak: 15 puntu, gehienez.

Laguntza lortzeko, proiektuek lortu behar dituzte puntuen %60, gutxienez, lehen definitu diren hiru ataletako bakoitzean. Hau da: 1. atalean, gutxienez 18 puntu lortu beharko dira. 2. atalean, 27 puntu. Eta 3. atalean, 15 puntu.

8.–Laguntzaren zenbatekoa adjudikatzea.

Laguntzaren zenbatekoa eskatutako eta onartutako aurrekontuaren %100era irits daiteke, 50.000 euroko gehieneko intentsitatearekin.

Laguntzak puntuazio-hurrenkerari jarraituz adjudikatuko dira, aurrekontuko kontsignatzea agortu arte.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 70.000,00 euro dauzka 2022ko gastuen aurrekontuan deialdi honetan aurreikusten diren laguntzetarako, “Ikerketa zentro edo institutuentzako eta erakundeentzako dirulaguntzak, Nafarroan izandako giza eskubideen urraketei buruzko txostenak egiteko” izeneko B20002 B2100 4819 232510 partidaren kontura.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

2022ko urtarrilaren 1etik azaroaren 22ra bitarte egiten diren gastuak izanen dira diruz lagungarriak.

Gastu hautagarritzat hartzeko, gastu horiek zuzeneko lotura izan beharko dute proiektuaren garapenarekin, zalantzarik gabe, eta entitate eskatzaileak aurkezten duen proiektuaren aurrekontu xehakatu eta zehaztuan jasota egon beharko dira.

Gastu diruz lagungarriak izanen dira zerbitzu-sari profesionalen ordainketak ekarritakoak; betiere, behar bezala frogatuko dira, lan kontratuen, nominen eta kotizazio agirien eta txostenen bidez, non agertuko baita zenbat ordu bete diren, langileek eta horien arduradunek sinatuta. Nominen kasuan, txostenaren idazle guztiek jasotako kontzeptu guztiak bilduko dituzte, barnean direla joan-etorriek eta/edo dietek ekarritako ordainak.

Halaber, diruz lagungarritzat joko da beste entitate batzuekin lan espezializatuen kanpoko kontratazioa, proiektuaren planteamenduan justifikatu eta onartu bada, eta fakturen zenbateko osoa ez bada 15.000 euro baino handiagoa (BEZa kanpo), eta ez bada proiektuaren aurrekontu osoaren %30 baino handiagoa.

Halaber, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira ondasun suntsikor bat erostea dakartenak, baldin erosketa behar bezala justifikatzen bada eta beharrezkoa bada proposatutako jarduerak garatzeko. Fakturak eta ordainagiriak aurkeztuz frogatuko dira.

Instrukzio organoak irizten baldin badu gasturen bat ezin zaiela egotzi dirulaguntzaren xedeari eta helburuari, diruz lagungarri ez den gastutzat hartzen ahalko du.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Inbertsio gastuak ez dira diruz lagungarriak. Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak (hala nola, BEZa) eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez dira diruz lagungarriak.

Entitate eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan diruz lagungarria ez den gasturen bat baldin badago edo gastuak neurriz kanpokoak badira nabarmen, kendu eginen dira, laguntza zehazteko orduan oinarri gisa hartuko den gastu diruz lagungarrien aurrekontua finkatzearren.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.–Prozeduraren ebazpena eta publizitatea.

Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzen gainean.

Ebazpena erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, eta bertan adieraziko dira dirulaguntza emateko arrazoiak, hura jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, halakorik bada. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako Atariaren webguneko “Laguntzak eta bekak” atalean argitaratuko da, 5.1 oinarrian adierazitako fitxan.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 4 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira proiektua garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, edo diru-sarrera batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko erakunde onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua. Halakoetan, diruz lagundutako proiektuaren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da eta berandutze-interesa eskatuko da.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

12.1. Laguntza ordainduko da jarduerak egin ahala, jardueren justifikazioa eta deskribapena egin ondoren, eta frogagiriak aurkezteko azken eguna 2022ko abenduaren 2a izanen da.

12.2. Justifikazio ekonomikoak eginen dira diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontu bat aurkeztuz, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gastuen atalean dokumentuaren zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zeneko data, zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona) eta egiazki noiz pagatu zen azalduko dira; eta diru-sarreren atalean, jatorria eta zenbatekoa (BEZarekin edo BEZik gabe, dagokiona). Frogatzeko kontu horrek dagozkion frogagiriak eduki beharko ditu. Egiaztagiri gisa, banku laburpenak, ordainagiriak (behar bezala izenpetuak) eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen. Nolanahi ere, dirulaguntzaren azken likidazioa proiektuei benetan egozten zaizkien gastu eta sarreren araberakoa izanen da.

12.3. Justifikazio teknikoa egiteko, egindako lanen memoria deskribatzaile bat aurkeztu behar da, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari zuzendua, 12.1 puntuan ezarritako data baino lehen. Memoria horrek datu kuantitatibo eta kualitatiboak jaso behar ditu diruz lagundutako jarduera bakoitzaren gauzatzeari buruz, eta V. eranskinaren araberakoa izanen da. Nahi izanez gero, erakunde onuradunak bestelako agiriak aurkezten ahalko ditu, idatziak edo grafikoak, diruz lagundutako jarduketak ongi egin direla bermatzeko. Ebaluazio memoria teknikoaren zein erakunde onuradunak bere borondatez aurkezten duen dokumentazioaren parte diren datuak, elementu grafikoak eta idazkiak erabiltzen ahalko ditu Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak txosten, memoria, informazio kanpaina eta bere eginkizunen ondoriozko edozein jardueratan.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Laguntza ematea eragin duten proiektua gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaile orokorren eta berariazkoen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.

b) Berariazko oinarri arautzaileetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Dirulaguntzaren jatorri publikoa adieraztea jardueren zabalkunde eta publizitate guztian. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen erakundearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

f) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Dirulaguntza ordaindu aurretik eta hilabeteko epean, laguntza ematen denetik aurrera, entitate onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean gardentasunari buruz ezartzen diren informazioaren gaineko xedapenak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Horretarako, “Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena” izeneko dokumentua bete beharko dute (VI. eranskina).

h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Jarraipena.

12. oinarri arautzailean adierazten diren ordainketak egin aurretik, instrukzio organoak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak eginen ditu, justifikatutako jarduerak behar bezala gauzatu diren, zer hedadura izan duten eta entitate onuradunak aurkeztutako gastuak onargarriak diren egiaztatzeko.

15.–Baldintzak aldatzea.

Erakunde onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera bateragarriez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko orduan kontuan hartutako baldintzetan gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko diote Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuari. Betiere, funtsezkoak diren aldaketak organo eskudunak baloratu eta onartu beharko ditu.

Proiektua gauzatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero, salbuespen gisa, dirulaguntza jasotzen duten entitateek baimena eskatzen ahalko dute diruz lagundutako proiektuaren edukia aldatzeko, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

16.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Laguntza eskabidearen eredua.

II. eranskina.–Entitatearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, adierazten duena dirulaguntzen onuradun izateko ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako debeku egoera batean ere.

III. eranskina.–Entitatearen erantzukizunpeko adierazpen berariazkoa, eskatutako beste laguntza batzuei buruz.

IV. eranskina.–Diru-sarreren eta gastuen justifikazio kontuaren eredua.

V. eranskina.–Emaitzen txostenaren eredua.

VI. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena(PDFa).

Deskargatu I. eranskinetik V. eranskinera bitarte (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2201742