40. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LATASA

Ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Latasako Kontzejuak, 2022ko urtarrilaren 30ean egindako batzarrean, behin betiko onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena Latasako Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduak. Aurretik, hasiera batez onetsi zuen, 2021eko maiatzaren 28an egindako batzarrean, eta ez da alegaziorik jaso testuaren kontra. Agintzen da argitara daitezela erabaki hau eta ordenantzaren testu osoa.

Latasan, 2022ko otsailaren 1ean.–Alkatea, Aritz Gorostiaga Eskubi.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA LATASAKO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Latasako Kontzejuaren mugarteko herri-lurretako ondasunak administratzeko, erabiltzeko, zaintzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Honako hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Latasako Kontzejuari dagozkio herri-lurretako ondasunak xedatzeko, administratzeko, aprobetxatzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen gainean Latasako Kontzejuak hartutako erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, hala behar denean urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren arabera (horren bidez onetsi zen Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua).

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Latasako Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, erabiliko dena baldin desagertzen badira edo betetzen ez badira egintza horien helburuak edo baldintzak.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek berriz ere itzuliko dira Latasako Kontzejuaren ondarera, herri-ondasun gisa.

Jarraituko zaio 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari (foru lege horrek hizpide du Nafarroako toki administrazioa).

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Latasako Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari edo horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Latasako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Latasako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Kontzejuko Batzordeak hartu beharko du jakinarazpen horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Baldin Latasako Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

11. artikulua. Latasako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du, beti, iraungi daitezen herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, hain zuzen ere sortu direnak baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz, betiere horretarako baliatuz ahalmen hertsatzaileak. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Latasako Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

13. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Epaitzen aprobetxamenduak.

c) Herri-lurretako baratzeen aprobetxamendua.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

14. artikulua. Oro har, familia-unitateak edo norbanakoak izanen dira herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunak, baldin eta beren aziendak alta emanik badituzte abere aberastasunaren erregistroan, Latasako Kontzejuan inskribaturik, eta beste baldintza hauek ere betetzen badituzte:

Familia-unitateak:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Latasako biztanle gisa inskribaturik egotea Udaleko Erroldan.

c) Latasako Kontzejuan bizitzea egiazki, gutxienez urtebetez jarraian.

d) Inolako zor fiskalik ez izatea Latasako Kontzejuarekin.

Norbanakoak:

Abeltzaintzan edo nekazaritzan aritu nahi dutenak beren familia-unitatetik kanpora, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez ere urte bateko antzinatasunez.

c) Herri-lurraren titularra den herrian bizitzea urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian.

d) Urtean bederatzi hilabetez jarraian bizi ez direnek, baldin hiru hilabetetik bederatzi hilabete bitartera bizi badira eta erroldaturik badaude, urte bakoitietan eskatzen ahalko dute epaitza.

e) Onuraduna zer toki-erakunderi dagoen lotua, zerga betebeharrak eguneratuak izatea haiexekin.

15. artikulua. Nekazaritzan urte anitzeko laboreetan jardun nahi duten partikularrek eskaera egin beharko diote Kontzejuari, eta kasu bakoitza aztertu ondoren baimena emanen du, hala erabakitzen badu.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

16. artikulua. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun izanen dira ordenantza honen 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak. Horretarako, azienda alta emanda eduki beharko dute Azienden Erroldaren Erregistroan (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua), eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

17. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamendua eta lagapena.

18. artikulua. Adjudikatzeko aldia 2 urtekoa izanen da, eta beste 2 urtez luzatzen ahal da, aldez aurretik eskatuta, arrazoituta. Ondoren, enkantera aterako da.

19. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla baldintzak, hain zuzen ere ezartzen direnak azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan (foru lege horrek hizpide du herri-larreetan bazkatzen den aziendaren babesa), eta bete beharko dira Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako gainerako baldintza guztiak.

20. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Latasako Kontzejuak urtero ezarriko ditu aziendak larreetara sartzeko eta haietatik ateratzeko epeak.

21. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartuta eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 30 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek eska dezaten larreen adjudikazioa, enkante bidez.

22. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

23. artikulua. Herritarren arteko banaketan hutsik gelditzen diren larreak edo eman gabe gelditzen direnak adjudikatuko dira enkante publiko orokorra eginez, 2 urterako, jarraikiz egungo arautegi indardunari, bai eta ordenantza honetan xedatutakoari ere, aplikatzekoa den horretan. Behin aldi hori iraganik, berrik ere bizilagunen arteko enkantera aterako da.

III. KAPITULUA

Epaitzaren aprobetxamendua

Ordenantza espezifikoa aplikatuko da, argitaratu zena 2010. 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 8koan.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako baratzeen aprobetxamendua

24. artikulua. Familiek gozatzeko baratzeak 5 urterako adjudikatuko dira, herritarrendako enkantearen bidez, jarraituz 14. oinarrian ezarritako irizpideei. Epe hori iraganda, berriz ere aterako da enkantera. Baratzerik gelditzen bada eman gabe, eskatu daitezke enkanteen artean, Kontzejuak eman ditzan, erreserban dauden lizitatzaileen zerrendaren arabera, hurrengo enkantea egiten den arte.

25. artikulua. Lurzatiek behar bezala ordenatuta eta garbi egon beharko dute; jar daitezke berotegiak eta ur-biltegiak; araudiaren araberakoa izanen da itxitura. Baimena beharko da behin-behineko eraikinak instalatzeko, nekazaritzako lanabesak gordetzeko. Eraikuntza horiek, betiere, desmuntagarriak izan beharko dute, adjudikazioa bukatutakoan kentzeko.

26. artikulua. Kontzesioa erabiltzen ez bada, eta lekua abandonatzen bada, gutxienez bi urtez, kontzejuak kontzesioa deuseztatzen ahal du, aldez aurretik abisatuta.

27. artikulua. Jasotako eskaeren arabera mugatuko dira baratzetarako herri-lurrak, enkante-arauak iragartzeko epean, abiapuntutzat harturik partzelazio historikoa, eta ahal den neurrian eskaera guztiei erantzunen zaie, betiere arrazoizko gutxieneko azalerarekin.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

28. artikulua. Latasako Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, 15 egunean gutxienez jarri beharko da jendaurrean, eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

29. artikulua.

1 Latasako Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Herri-lurrak hobetzea.

b) Proiektu sozialak egitea, laguntzeko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

2 Proiektu horiek sustatzen ahal dituzte Udalak nahiz herritar interesdunek berek.

3 Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4 Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordaindu eginen zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

30. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki ondoren, eta Kontzejuak ebatzi ondoren aurkezten diren alegazioak.

VII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

31. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Herri-lurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Herri-lurrak lantzea adjudikaziorik edo baimenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan.

f) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta arbolak etab.), baimenik izan gabe.

g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

h) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

i) Hildako abereak bertan uztea.

j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

k) Herri-lurretako zuhaitzak botatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

m) Herri-lurretako aprobetxamendua bukatzen denean finkak behar bezala zaindurik ez egotea.

32. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, ukatu gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.

Aipatutako g) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea.

Gainerako arau-hausteengatik, zehapena izanen da egindako kaltearen balioa halako bostetik hamar bitarte ordaintzea. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L2201697