40. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa, ordenantza honetan: 13. ordenantza fiskala, prezio publikoak arautzen dituena erabiltzeko uda-neguetako igerilekuek, gune hidrotermalak eta instalazio osagarriek osatzen dituzten kirol-instalazioak, eta kirol abonuko jarduerak egiteko

Antsoaingo Udalak, 2021eko azaroaren 24an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea Udalaren ordenantza honetan: 13. ordenantza fiskala, prezio publikoak arautzen dituena erabiltzeko uda-neguetako igerilekuek, gune hidrotermalak eta instalazio osagarriek osatzen dituzten kirol-instalazioak, eta kirol abonduko jarduerak egiteko. Iragarkia argitaratu zen 2021eko 285. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 21ekoan.

Jendaurreko aldia igaro denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, jarraituz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325,1. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; artikulu hori aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Antsoainen, 2022ko otsailaren 2an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

13. ORDENANTZA FISKALA, PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA ERABILTZEKO UDA-NEGUETAKO IGERILEKUEK, GUNE HIDROTERMALAK ETA INSTALAZIO OSAGARRIEK OSATZEN DITUZTEN KIROL-INSTALAZIOAK, ETA KIROL ABONUKO JARDUERAK EGITEKO

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraituz 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalari (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Toki Ogasunak) eta babes harturik haren 28. artikuluko baimena.

Ordaindu beharra

2. artikulua. Ordainarazpen hauek ordaintzera beharturik daude igerilekuetako erabiltzaileak, gune hidrotermalekoak, instalazio osagarrietakoak eta kirol abonuan izena emandakoak.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da sarrera edo udal baimena eskuratzen denean, sartzeko igerilekuetan, gune hidrotermalean eta instalazio osagarrietan, baita kirol abonuaren jardueretan izena ematean ere.

Tarifak

4. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen dira aplikatu beharreko tarifak.

Kudeaketa arauak

5. artikulua. Instalazioetan sartzeko unean eginen dira egun bateko balioa duten txartelak edo sarrerak eta hilabeteko abonua. Horretarako, arau berezia gisa, instalazioetako diru-bilketa zerbitzuei ordaindu beharko zaie prezioa. Haiek eginen dituzte txartelak, eta ordainketaren frogagiri izanen dira.

6. artikulua. Instalazioak abonu bitartez erabili nahi dituztenek –abonu hori izan denbora mugarik gabea nahiz denboraldikoa– Udalak finkatzen duen moduan eta baldintzetan eskuratuko dute.

7. artikulua. Urtero Udalak erabakiko du noiz hasi eta noiz bukatuko den igerilekuen denboraldia, baita instalazio bakoitza zer ordutan ireki eta itxi ere.

Igerileku estalia eta gune hidrotermala ezin dira itxita eduki arrazoi teknikoengatik baino, hau da, berariazko mantentze-lanetarako edo matxurak konpontzeko, horretarako beharrezkoa bada instalazioa gelditzea, ezinbestekoa den denboran; horrelakoetan ez zaie kalte-ordainik emanen erabiltzaileei, baldin eta arrazoitutako itxiera ez bada luzeagoa urtean ondoz ondoko 50 egun baino.

Gainera, lan egutegiaren arabera, itxirik egonen dira urtarrilaren 1ean eta abenduaren 24an, 25ean eta 31n.

Honako ordutegi hauek ezarri dira:

Uda-neguetako igerilekuak.

–Neguko denboraldia:

  • Astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era eta 15:00etik 22:00etara.
  • Larunbatetan, 9:30etik 22:00etara.
  • Igande eta jaiegunetan, 9:30etik 14:30era.

Batean nahiz bestean, instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago itxiko dira igeri-ontziak.

–Udako denboraldia:

  • Egunero, 10:00etatik 21:30era.

Instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago itxiko dira igeri-ontziak.

Gune hidrotermala.

–Astelehenetik larunbatera, 9:30etik 22:00etara.

–Igande eta jaiegunetan, 9:30etik 14:30era.

Batean nahiz bestean, instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago itxiko da igeri-ontzien esparrua.

Gimnasioa.

–Astelehenetik larunbatera, 7:30etik 22:00etara.

–Igande eta jaiegunetan, 9:00etik 14:30era.

Aretoa instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago itxiko da.

Ordu tarteak eta edukieren kontrola

Kirol-instalazioen erabilera optimizatzeko, edo indarrean dagoen araudia betetzeko, gerta daiteke kirol-instalazioek izatea erabiltzeko ordu tarteak, eta edukierak kontrolatzea. Erreserba-prozedura behar besteko denboraz jakinaraziko zaie erabiltzaileei.

Instalazioak erabiltzeko arauak

8. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte txartelak –sarrera erosi izanaren frogagiria edo sartzeko txartela, indarrekoa– eta arduradunei erakutsi, eskatzen badiete, bestela kanporatuko baitituzte.

9. artikulua. Instalazioetan sartzen diren guztiek men egin beharko diete ikusgai dauden funtzionamendu arauei. Beraz, instalazioen erabiltzaileek une oro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioa erabiltzekoak, zeinak ikusgai baitaude.

10. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko, abonatuak nahitaez eduki beharko ditu ordainduta kuotak, tarifen eranskinean zehazten direnak.

Erabiltzaileek, baja eskatu gabe, hiru ordainagiri ordaindu ez badituzte, Udalak baja emanen die, ofizioz, instalazioen erabilpenean. Horrek ez du kenduko bajaren eguna arte sortu diren kuotak ordaintzeko beharra.

Kirol abonua erreserbatzeko sistemaren arauak

11. artikulua. Kirol abonurako izena eman dezakete honako hauek:

–Antsoaingo Udalaren kirol-instalazioetako abonua dutenek.

–Antsoainen erroldaturik egon ez, eta Antsoaingo Udalaren kirol-instalazioetako abonua ez dutenek.

–Antsoainen erroldaturik egon ez, eta Antsoaingo Udalaren kirol-instalazioetako abonua ez dutenek.

12. artikulua.

a) Indarreko araudia –barnean direla kirol abonuari buruz sor litezkeen aldaketak– instalazioetako iragarki-taulan egonen da ikusgai, baita Udalaren eta IDAKI kirol-zentroaren web-orrietan ere.

b) Kirol abonuaren erreserba-programa erabiltzeko, beharrezkoa da bertan izena emanik egotea. Izen-ematea izapidetuko da horretarako gaitutako web-orrian edo kirol-instalazioetako harreragunean.

c) Izen-emateen eta bajen tramitazioa eta prozedura, baita zerbitzu hau erabiltzeko baldintzak ere, ikusgai egonen dira instalazioetako iragarki-taulan eta horretarako gaitutako web-orrian.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

14. artikulua. Arau-hauste arinak.

–Hona hemen arau-hauste arinak:

1.–Esparruko instalazioak zuzen ez erabiltzea.

2.–Behar bezalako oinetakoak ez erabiltzea bai berdeguneetan bai igeri-ontzien esparruan.

3.–Jatea edo edatea horretarako eremuetatik kanpora.

4.–Ez erabiltzea paperontziak, hautsontziak eta instalazioa garbi edukitzeko gainerako elementuak.

5.–Esparruan sartzea bizikletak, trizikloak, patinak, etab.

6.–Zortzi urtetik beherakoak igerilekuen instalazioetan sartzea ondoan heldurik ez dutela. Helduak haurra babestu beharko du, eta portaera egokia duela begiratuko: etengabe gainbegiratuko du instalazioetan dagoen bitartean, eta, bereziki, igeri-ontzietan dagoen bitartean.

7.–Hamalau urtetik beherakoak gune hidrotermalaren instalazioetan sartzea ondoan heldurik ez dutela. Helduak adingabea babestu beharko du, eta portaera egokia duela begiratuko: etengabe gainbegiratuko du instalazioetan dagoen bitartean.

8.–Igerilekuan edo eremu hezeetan dutxatu gabe sartzea.

9.–Uretan erabiltzea uretako gauzaki edo bestelakoak, besteei traba egiten ahal dietenak, edo arriskuan jar dezaketenak norberaren nahiz besteen osotasun fisikoa. Orobat, jostatzea jaurtitzen diren gauzakiekin edo besteei traba egiten dietenekin.

10.–Bainatzeko txanorik gabe bainatzea neguko igerilekuan eta gune hidrotermalean.

11.–Helduak txipli-txaplako igerilekuan egotea beharrik gabe.

12.–Txipli-txaplako igerilekuan sartzea bainujantzirik edo pixoihalik gabe.

13.–Txipli-txaplako igerilekuaren barnean jatea edo jatera ematea.

14.–Erretzea gune itxietan, igeri-ontzietan, hondartzetan eta haurrendako jostaketa eremuetan.

15.–Aulkiak eta mahaiak okupatzea gainean gauzak ezarriz, berehalakoan erabiltzeko asmorik gabe.

16.–Aire zabaleko jantokia zikin uztea erabili ondoan.

17.–Kasurik ez egitea instalazioko langileek egiten dituzten oharrei, erabilera dela eta (begiraleek, sorosleek, udal langileek eta oro har mantentze lanetakoek egiten dituztenei).

18.–Instalazioko edozein arau ez betetzea, ez denean arau-hauste astuna edo oso astuna.

15. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek dira arau-hauste astunak:

1.–Txartelaren titularra ez denak hura erabiltzea, salbu salaketa baldin badago hura galtzeagatik edo norbaitek ebasteagatik. Txartelaren titularra izanen da arau-hauste honen erantzulea.

2.–Egun berean bi falta arin egitea.

3.–Instalazioan animaliak sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.

4.–Bainulariei traba egitea.

5.–Basakerietan aritzea.

6.–Horditurik edo edozein drogaren eraginpean bainatzea.

7.–Beste edozein arau ez betetzea, eragiten ahal badio beste erabiltzaileen segurtasunari edo arau-hauslearen beraren segurtasunari, bereziki honako hauek gaizki erabiltzaileari dagokionez: igerilekuak, bainu turkiarrak, hidromasajea, terma, presioko dutxak, jacuzzia eta aldagelak.

8.–Kalte egitea instalazioko edozein higigarri edo higiezini.

9.–Instalazioaren barnean ordena publikoa asaldatzea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

10.–Iraintzea edo mespretxatzea langile arduradunak eta instalazioan lan egiten dutenak.

11.–Instalazioetan sartzea hordi itxura nabarmenarekin edo drogen eraginpean.

12.–Armairua itxirik uztea eguneko erabilpenaren ondotik.

16. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

1.–Falta astunak errepikatzea.

2.–Instalazioaren barnean egiten diren falta astunak, bereziki eragiten dietenak bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari.

3.–Faltsutzea instalaziora sartzeko txartelak edo giltzak.

4.–Instalazioko materiala edo besteen ondasunak lapurtzea eta ebastea.

5.–Beste edozein eraso, larritzat hartzen dena, erabiltzaileen edo instalazioko langileen kontra.

6.–Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.

7.–Instalaziora sartzea edozein arma aldean eramanik.

8.–Sarbideen kontroletatik sartzea edo sartzen saiatzea abonatua izan gabe edo dagokion sarrera erosi gabe; edo sartzea edo sartzen saiatzea aurreikusitako sarbideak ez diren beste edozein lekutatik.

9.–Jendaurreko ordutegitik kanpo sartzea instalazioetara, bidea edozein dela ere.

Zehapenak

17. artikulua. Arau-hausteak honela zehatuko dira:

Arau-hausteak kalifikazioaren arabera zehatuko dira, kontuan haratuta ekintzen larritasuna, honako hauei dagokienez:

–Pertsonen segurtasuna, errespetua eta osasuna.

–Instalazioetan egindako kaltea.

–Indarrean dagoen araudia betetzea.

–Ekintzaren intentzionalitatea, errepikapena edo berrerortzea, eta arau-haustea astundu edo arindu dezaketen beste inguruabar batzuk.

Faltak, kalifikazioaren arabera, honela zehatuko dira:

–Falta arinek ekarriko dute ohartarazpena edo kirol-instalazioetara sartu ezina, erabiltzeko eta gozatzeko, egun 1etik 20 egunera bitarte.

–Falta astunek ekarriko dute ohartarazpena eta kirol-instalazioetara sartu ezina, erabiltzeko eta gozatzeko, 30 egunetik 180 egunera bitarte.

–Falta oso astunek ekarriko dute abonatu edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak etetea, 180 egunetik 2 urtera bitartean, eta, kasu oso larrietan, kirol-instalazioetatik behin betiko kanporatzea.

Abonatua izan gabe edo dagokion sarrera erosi gabe instalazioetan sartuz gero sarbideen kontroletatik, edo sartzen saiatuz gero, horrek berekin ekarriko du zehapen ekonomikoa; zehazki, 16 urtetik gorakoen eguneko sarreraren zenbatekoa bider hamar egitearen emaitza.

Abonatua izan gabe edo dagokion sarrera erosi gabe instalazioetan sartuz gero ezarritako sarbideak ez diren beste edozein lekutatik, edo jendaurreko ordutegitik kanpo, horrek berekin ekarriko du 300,00 euroko zehapen ekonomikoa.

18. artikulua. Zehapenak aplikatzea:

Instalazioetako arduradunek (mantentze-lanetako langileak, sorosleak, sarbideen kontroletako langileak, zaintzaileak eta garbitzaileak) ofizioz jardun dezakete instalazioen funtzionamendu arauak bete daitezen, arau-hausleari hitzez jakinarazita arau-hausteari buruz, ohartarazita horrek dakartzan ondorio eta zehapenei buruz, eta kautelazko zehapena ezarrita.

Zehapenak larritasun-mailaren arabera aplikatuko dira, honela:

–Kirol-instalazioko langileek aplikatuko dituzte lehenik falten edo ez-betetze arinen zehapenak. Honako hauek egiten ahal dituzte:

  • Arau-hauslea kautelaz zehatzea, debekua ezarrita kirol-instalazioetara sartzeko eta instalazio horiek erabiltzeko, gehienez ere 72 orduz, zehapenaren arrazoien berri emanda eta gertaeren berri emanda Kirol Zerbitzuari, eta hark baloratuko du beharrezkoa den 17. artikuluari heltzea.
  • Arau-hauslea adingabea bada, kirol-instalazioen arduradunak baloratuko du ea aplikatzen dituen zehapen murriztaileak, kirol-instalazioetara sartzeko eta instalazio horiek erabiltzeko debekua, edo pedagogikoak diren beste neurri batzuk. Bigarren kasuan, arau-haustea salatu duen instalazioko langilea izanen da arduraduna jarraipena egiteko ea zehapena betetzen ote den.

–Kirol-instalazioko arduradunak aplikatuko ditu falta edo ez-betetze astunen zehapenak, eta honako hauek ezartzen ahalko ditu:

  • Arau-hauslea kautelaz zigortzea kirol-instalazioetara sartzeko debekuarekin eta instalazio horiek erabiltzeko debekuarekin, zehapen-espedientea izapidetzen ari den bitartean (30 egun, gehienez ere), eta arau-hausleari jakinaraztea zigorraren arrazoiak eta izapideak.
  • Diziplinazko espedientea irekitzea.

–Antsoaingo Udalak aplikatuko ditu falta edo ez-betetze astunen zehapenak, eta honako hauek ezartzen ahal ditu:

  • Arau-hauslea kautelaz zigortzea kirol-instalazioetara sartzeko debekuarekin eta instalazio horiek erabiltzeko debekuarekin, zehapen-espedientea izapidetzen ari den bitartean (30 egun, gehienez ere), eta arau-hausleari jakinaraztea zigorraren arrazoiak eta izapideak.
  • Diziplinazko espedientea irekitzea.
  • Neurri eta prozedura judizialak jartzea

19. artikulua. Falten azkentzea eta preskripzioa:

1.–Faltek sortzen duten erantzukizuna honako kasu hauetan azkentzen da:

a) Zehapena betetzeagatik.

b) Faltak preskribatzeagatik.

c) Zehapenek preskribatzeagatik.

d) Titularraren heriotzagatik.

e) Zehapena kentzeagatik, dagokion errekurtsoa jarri ondoren.

2.–Faltek preskribatzea.

Falta arinek bi hilabeteren buruan preskribatuko dute, astunek lau hilabeteren buruan, eta oso astunek egin direnetik urtebeteren buruan.

Preskripzioa eten eginen da zehapen-espedientea hastea erabakitzen denetik, eta preskripzio-epea berriz zenbatuko da baldin espedientea geldirik badago bi hilabete baino gehiagoz.

20. artikulua. Prozedura.

–Arau-hauste arin edo astun bat egin dela jakiten denean, kirol-instalazioen arduradunak espedientea ebatziko du, entzunaldia eman ondoren interesdunari edo, adingabea bada, haren legezko tutoreari.

–Egindako arau-haustea falta oso astuntzat jo daitekeenean, Antsoaingo Udalak espedientea hastea erabakiko du, gertakariak argitzeko eta erantzukizunak zuritzeko. Horretarako, instruktorea eta idazkaria izendatuko ditu, eta interesdunari helaraziko dizkio egotzitako egitateak eta egindako izendapenak, eta entzunaldia emanen dio.

Instrukzioa bukatutakoan, Antsoaingo Udalak dagokion erabakia hartuko du, espedientetik ondorioztatzen denaren arabera. Erabaki hori interesdunari jakinarazi beharko zaio idatziz.

–Ezarritako zehapena betetzen hasiko da zehapena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera.

–Kontuan hartuz egindako faltaren izaera, inguruabarrak eta aurreikus daitekeen kalifikazioa eta zehapena, alkateak diskrezionalitatez xedatzen ahalko du espedientaturiko abonatuari edo erabiltzaileari debekatzea instalazioetan sartzea eta horiek erabili eta gozatzea, edo etetea abonatu gisa dituen eskubide guztiak, espedientea izapidetzen ari den bitartean; nolanahi ere, eta gehienez ere bi hilabetez, denbora hori kontuan hartuko da, ezartzen den zehapena betetzerakoan, hala badagokio.

–Antsoaingo Udalak edo hark eskuordetutako pertsonak ezarritako zehapen guztien aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Udalari, hamar egun naturaleko epean; falta astun eta oso astunengatik ezarritako zehapenak badira eta aldez aurreko eta nahitaezko berraztertzeko errekurtsoa ezetsi bada, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Udalaren osoko bilkurari zuzendurik, ohiko nahiz ezohiko hurrengo bileran, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko da 30 eguneko epean, berraztertzeko errekurtsoaren ezestearen jakinarazpena egiten denetik aurrera kontatzen hasita.

TARIFEN ERANSKINA

Kirol-instalazioak: uda-neguetako igerilekuak, gune hidrotermala eta instalazio osagarriak

I. epigrafea.–”Ura Abonua”ren tarifak, denbora mugarik gabe inskribatzen diren erabiltzaileentzat.

–A eta B apartatu hauetako kuotak ordainduko dituzte:

A apartatua.

A.1. Banakakoen inskripzio kuotak:

–5 eta 15 urte bitartekoak: 53,00 euro.

–16 urtetik gorakoak: 79,00 euro.

–Erretirodunak eta pentsiodunak, baldin betetzen badituzte ordenantza honetako tarifen aplikaziorako arauen 9. apartatuko baldintzak: 53,00 euro.

A.2. Inskripzio kuota murriztuak (26 urtetik beherako familiako hirugarren kidetik aurrera):

–5 eta 15 urte bitartekoak:

  • Hirugarren kidea: 40,00 euro.
  • Laugarren kidea: 27,00 euro.
  • Bosgarren kidea eta hurrengoak: 14,00 euro.

–16 urtetik gorakoak:

  • Hirugarren kidea: 59,00 euro.
  • Laugarren kidea: 40,00 euro.
  • Bosgarren kidea eta hurrengoak: 21,00 euro.

B apartatua.

B.1. Hiruhilekoko kuotak, igerilekua eta gune hidrotermala erabiltzeko (banakakoak):

–5 eta 15 urte bitartekoak: 33,50 euro.

–16 urtetik gorakoak: 61,50 euro.

–Erretirodunak eta pentsiodunak, baldin betetzen badituzte ordenantza honetako tarifen aplikaziorako arauen 9. apartatuko baldintzak: 40,00 euro.

B.2. Hiruhilekoko kuotak, igerilekua eta gune hidrotermala erabiltzeko (murriztuak) (26 urtetik beherako familiako 3. kidetik aurrera):

–5 eta 15 urte bitartekoak:

  • Hirugarren kidea: 25,70 euro.
  • Laugarren kidea: 18,00 euro.
  • Bosgarren kidea eta hurrengoak: 10 euro.

–16 urtetik gorakoak:

  • Hirugarren kidea: 47,00 euro.
  • Laugarren kidea: 32,00 euro.
  • Bosgarren kidea eta hurrengoak: 17,00 euro.

II. epigrafea.–Denboraldiko abonuak.

5etik 15 urtera bitarte:

–Udako denboraldia: 95,00 euro.

–Neguko denboraldia: 214,00 euro.

16 urtetik gorakoak:

–Udako denboraldia: 150,00 euro.

–Neguko denboraldia: 282,00 euro.

–Erretirodunak eta pentsiodunak, baldin betetzen badituzte ordenantza honetako tarifen aplikaziorako arauen 9. apartatuko baldintzak:

–Udako denboraldia: 78,00 euro.

–Neguko denboraldia: 214,00 euro.

III. epigrafea.–Hileko abonua, hilabete naturala. (Salbu ekaina, uztaila eta abuztua).

–5 eta 15 urte bitartekoak: 32,50 euro.

–16 urtetik goitikoak: 48,70 euro.

IV. epigrafea.–Eguneko sarrerak:

–5 eta 15 urte bitartekoak: 9,50 euro.

–16 urtetik gorakoak: 13,50 euro.

V. epigrafea.–Sarreretarako bonuak.

5etik 15 urtera bitarte:

–Honako hau da zenbait saiotarako bonuen zenbatekoa:

  • Bost saiotarako bonua, hiru hilabetean agortu beharrekoa: 38,00 euro.
  • Hamar saiotarako bonua, sei hilabetean agortu beharrekoa: 50,00 euro.

–16 urtetik gorakoak:

  • Bost saiotarako bonua, hiru hilabetean agortu beharrekoa: 47,25 euro.
  • Hamar saiotarako bonua, sei hilabetean agortu beharrekoa: 87,75 euro.

VI. epigrafea.–Bestelako zerbitzuak.

Gim abonua, (“Ura abonua” + Gimnasioa) hiruhilekoa:

–“Ura abonua”ri dagokiona, kategoriaren arabera, gehi 30 euro hiruhilekoko.

Kirol PLUS abonua, (“Ura abonua” + Kirol abonua) hiruhilekoa:

“Ura abonua”ri dagokiona, kategoriaren arabera, gehi 58,5 euro hiruhilekoko.

Idaki abonua, (“Ura abonua” + Gimnasioa + Kirol abonua) hiruhilekoa:

“Ura abonua”ri dagokiona, kategoriaren arabera, gehi 82,5 euro hiruhilekoko.

–Kirol abonua (jarduera zuzenduen programa).

Oharrak:

1. Gimnasioan alta eskatzeko, aldez aurreko baldintza da denbora mugagabeko abonua izatea kirol-instalazioetan.

2. Kuota sortuko da hiruhileko natural bakoitzeko lehen egunean. Alta hiruhileko naturala hasirik eskatzen bada, ordainduko da hiruhilekoa bukatzeko falta den egunen artean hainbanaturik.

3. Orobat, bajak, noiz egiten diren, ondoko hiruhileko naturalean egonen dira indarrean, eta idatziz eskatu beharko dira.

4. Uztailean, Kirol Abonua, Kirol PLUS Abonua eta Idaki Abonua izeneko programek ez dute izanen jarduera gidaturik.

Udalak ordainketaren zenbatekoa itzultzen ahalko du, behar bezala dokumentatutako justifikazio berezien aurrean (hala nola mediku txostenak, aholkatzen dutenak jarduera ez egitea, behar bezala justifikatutako eta gerora sortutako egoera ekonomikoak edo etxebizitzaz aldatzea, horrek biziki zailtzen badu jarduerara joatea).

–Txartelak egitea edo berriz egitea galtzeagatik edo hondatzeagatik: 7,60 euro, salbu eta egin behar diren txartelak 5 urte baino zaharragoak badira; orduan doakoa izanen da.

Kirol abonuaren prezioak:

–Udalaren kirol-instalazioetan abonua dutenek: 27 euroko kuota hilean.

–Antsoainen erroldatuak egonik, Udalaren kirol-instalazioetako abonurik ez dutenek: 35 euroko kuota hilean.

–Antsoainen erroldatuak ez egonik, Udalaren kirol-instalazioetako abonurik ez dutenek. 42 euroko kuota hilean.

Kirol abonuari buruzko oharrak:

–Kuota hilabete bakoitzaren hasieran ordaindu beharko da. Hilabetea hasita dagoela eskatzen bada alta, hileko kuota egun kopuruaren arabera hainbanatuko da, alta eman den egunetik zenbatzen hasita.

–Bajak abian den hilabetea bukatu aurretik bideratu behar dira, eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunean izanen dute eragina.

VII. epigrafea.–Antsoaingo bizilagunek kirol pistak erabiltzea.

VII.1. Pilotalekua:

Pilotalekua erabiltzea pilota partidetarako:

a) Argi guztiarekin: 14,00 euro orduko.

b) Argi oinarrizkoarekin: 10,10 euro orduko.

c) Argirik gabe: 7,40 euro orduko.

Pilotalekua bestelako kirol erabileretarako:

a) Argi guztiarekin: 43,70 euro orduko.

b) Argi oinarrizkoarekin: 38,40 euro orduko.

c) Argirik gabe: 27,40 euro orduko.

VII.2. Kiroldegia:

Kiroldegia erabiltzea:

a) Argiarekin: 38,50 euro orduko.

b) Argirik gabe: 27,30 euro orduko.

VIII.3. Futbol zelaia:

–129,70 euro partida bakoitzeko, argirik gabe.

–174,30 euro partida bakoitzeko, argiarekin.

TARIFEN APLIKAZIORAKO ARAUAK

1. Erabiltzaile bakoitzak dagozkion kuotak ordainduko ditu, honako arau hauei jarraikiz:

2. Inskripzio kuotak behin bakarrik ordainduko dira, instalazioetan alta ematean, eta lehen ordainagiriarekin batera igorriko dira.

3. Ez dute inskripzio kuotarik ordainduko kirol-instalazioetan lehen aldiz abonatzen direnek, ezta data hori baino bi urte lehenago baja emanik berriz ere alta ematen dutenek ere.

4. Mugarik gabeko inskripzioa egiteak behartzen du abonatu gisa egotera lau hiruhileko naturalez gutxienez, eta lehentasuna emanen du instalazioak erabiltzeko, igerilekuen edukiera betez gero.

5. Kirol-instalazioak erabiltzeko kuotak hiruhilekoetan ordainduko dira. Alta hiruhileko naturala hasirik eskatzen bada, hiruhilekoa bukatzeko falta diren egunen artean hainbanaturik ordainduko da kuota hori, alta egiten den hila barne.

Tarifan agertzen den adin tarte bakoitzeko kuotak hainbanaturik ordaintzen hasiko dira hiruhileko naturala bukatzeko falta diren egunen araberan, behar den adina betetzen den hilabetea barne dela.

6. Orobat, bajak, noiz egiten diren, ondoko hiruhileko naturalean egonen dira indarrean, eta idatziz eskatu beharko dira.

7. Betiere nahitaezko betebeharra izanen da banku batean helbideratzea, behar diren kuotak kobratzeko.

8. Kuota murriztuak izateko baldintzak:

Kuota murriztuak 26 urtetik beherakoei aplikatuko zaizkie, bi baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Familiako 2 kide igerilekuko ohiko abonatu mugagabe izatea, banakako kuotak ordaintzen dituztenak murrizketarik gabe.

b) Familiako kide horiek izatea aita, ama, legezko tutoreak edo 26 urtetik beherakoak, eta bere guraso edo legezko tutoreetako batekin bederen bizitzea.

–26 urtetik gorako anai-arrebek ez dute murrizketarako eskubiderik sortzen, eta ez dute kuota murrizturako eskubiderik.

–Udalak noiznahi egiaztatzen ahal ditu murrizketarako eskubidea ematen duten familia-egoerak, eta, betiere, hiru hilabetero berrikusiko dira.

–Izena emanik edo hiruhilekoko ordainagiria eginik familiaren inguruabarrak aldatzen badira, ez dira kontuan hartuko hurrengo hiruhilekoa arte.

9. Erretiratuek eta pentsiodunek izan dezaten gizarte sektore horretarako ezarritako kuota, frogatu beharko dute dutela lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez duen diru-sarrera, kontuan hartuz familia-unitatearen per capita errenta.

10. Etenik geldituko da bai hiruhilekoko kuotaren kobrantza bai kirol-instalazioko sarrera, nahitaezko lekualdatze bat gertatzen delarik, gutxienez ere hiruhileko bat irauten duena, lana edo irakaskuntza arautuak direla eta. Egoera horiek frogatzeko, erakutsi beharko da egoki den lan-kontratua, enpresaren agiria edo ikastetxeko matrikula ofiziala. Salbuespenez, aldi baterako eteten ahalko dira hiruhilekoko kuotaren eta kirol-instalazioetarako sarreraren kobrantza, baldin frogatzen bada etxebizitzatik kanpo egonen dela hiru hilabetetik gora.

11. 5 urtetik beherako bat behin betiko abonatzeko kirol-instalazioetan, beharrezkoa izanen da haren ama, aita edo legezko tutorea behin betiko abonatua izatea.

12. Behin betiko bajen prozeduran, Udalak egindako ordainketaren zenbatekoa itzultzen ahalko du, hiruhilekoa edo hiruhilekoaren zati bat amaitzeko falta diren egunen proportzioan hainbanatuta, idatzizko eskaera aurkeztu ondoren, behar bezala dokumentatutako justifikazio bereziengatik (adibidez, jarduera ez egitea aholkatzen duten txosten medikoak, gerora sortutako eta behar bezala justifikatutako egoera ekonomikoak, eta kausa larriagoko beste batzuk).

Udalak egoki irizten dion dokumentazioa eskatzen ahalko die eskatzaileei, salbuespenezko inguruabar horiek behar bezala justifikatzeko.

Udalak erabakiko du, egoera eta aurkeztutako justifikazioa aztertu ondoren, inguruabar horiek gertatzen diren ala ez, edo inguruabar horiek behar bezala justifikatuta dauden, eskatutako itzulketa egiteko.

Iragarkiaren kodea: L2201655