40. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LODOSA

Deialdia, zerbitzu anitzetako udal enplegatua aldi baterako kontratatzeko

Alkatetzaren urtarrilaren 28ko 12/2022 Ebazpenaren bidez, deialdi hau onetsi zen. Jarraian ematen dira haren oinarriak.

Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, zerbitzu anitzetako udal enplegatuaren lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko Lodosako Udalean.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, oposizio bidez, Lodosako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan aritzeko, lan-araubidean, Lodosako Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Zerrenda erabiltzen ahalko da bitarteko kontratu bidez lanpostu hutsak betetzeko, bai eta behin-behineko ordezkapenak egiteko ere, laneko bajak, oporrak edo udal zerbitzuak indartu beharra dakarten unean uneko zeinahi premia dagoenean, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.a) artikuluan ezarritakoarekin.

1.2. Lanpostuak izanen ditu D mailako ordainsariak, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (maila horretako eginkizunak dituelako) eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak edo lan-harremanean zehazten direnak, baita hitzarmen kolektiboaren bidez lortzen ahal direnak ere.

1.3. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia izanen dira Lodosako Udalak lanpostu horretarako ezarritakoak; zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu. Lanpostua Obra Alorrekoa edo Lorezaintzako Alorrekoa denez, lanaldian sartzen ahalko dira igande eta jaiegunetan egin beharreko lanak.

Lanaldia osoa nahiz partziala izan daiteke.

1.4. Kontratatutako pertsonak hilabeteko probaldia gainditu beharko du. Epe horretan alde batek nahiz besteak hutsaltzen ahal du kontratua, aldebakarreko erabakia hartuta. Lanpostu hutsa aldi batez betetzeko kontratatzen den pertsonak lanpostua utzi beharko du lanpostuaren titularrak lanpostuaren jabetza hartzen duenean edo lanpostu hutsa jabetzan betetzeko hautatutako pertsonak hartzen duenean.

1.5. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan, arau hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina); Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari (onetsi zen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez); eta aplikatu beharreko gainerako arauei.

2. oinarria.–Eginkizunak.

Egin beharreko lanak deialdiaren kategoriari dagozkionak izanen dira, bere mailakoak, mantentze-lan orokorren eta obren lantaldearen berezko jarduketekin ikusteko dutenak; hona hemen horietariko batzuk, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

Eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

–Udal zerbitzuak eta egoitzak mantentzeko, garbitzeko eta zaintzeko lanak egitea: pilotalekua, kiroldegia, eskolak, bideak, udaletxea (gela guztiak), kontsultategia, gizarte-etxea, udal-igerilekuak eta 0-3 urte bitarteko haur eskola (lorezaintzako, iturgintzako, elektrizitateko, pinturako, igeltserotzako, soldadurako, arotzeriako eta abarretako lanak).

–Udal zerbitzuak eta instalazioak mantentzeko, garbitzeko eta zaintzeko lanak: (lorezaintzako, iturgintzako, elektrizitateko, pinturako, igeltserotzako, soldadurako, arotzeriako eta abarretako lanak).

–Azpiegituretan eta instalazioetan mantentze eta konpontze lanak egitea: ura, saneamendua (iturgintza, elektrizitatea, mekanika, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, garbiketa, zangak ireki eta ixtea...).

–Lorezaintza eta nekazaritza lanak arboladietan, lorategietan, espazio publikoetan eta udal finketan.

–Ibilgailuak gidatzea eta Udalaren makineria, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Lanean erabiltzen diren ibilgailuak zaintzea. Ibilgailuak gidatzea eta zerbitzuaren makineria erabiltzea (hondeamakina, erraztatzeko makina, orgadun autoa, dumperra, traktorea... B motako gidabaimena arte, hori barne).

–Zerbitzu anitzak, loturik daudenak instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren brigadaren jarduerekin, eta horiei jarraipena egitea, egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Hiri-altzariak eta tresnak lekuz aldatzea, instalatzea eta mantentzea: zutoinak, seinaleak, farolak, bankuak, iturriak, agertokiak, hesiak, jaietako eta ekitaldi publikoetako tresnak, etab.

–Kontrolatzea Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak, eta bultzatzea zerbitzuen hobekuntza eta hartan laguntzea, eta, hartara, proposatzea hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak.

–Laguntzea Lodosako Udalak programatzen dituen jaietarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan, bai eta Lodosako Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, betetzeko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatzea eta begiratzea, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea jasotzen eta betetzen ote den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, bide publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Era guztietako udal zerbitzuak egitea, eta hala Alkatetzak nola eskuordetza duten organoek haren esku uzten dituzten zereginak, guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

–Materialaren edo tresnen erosketa aurreikustea eta egitea, edo zerbitzuak kontratatzea, organo eskudunak ikus-onetsi ondoan, eta erosketak kontrolatzea.

–Udal zerbitzuei laguntzeko lanak eta mandatuak egitea: jakinarazpenak, iragarkiak, bandoak, Udalaren publizitatea banatu eta jartzea, bankuekikoak, agiriak eramatea, gauzak garraiatzea eta pertsonak leku batetik bestera eramatea.

–Agintzen zaion bide garbiketa egitea, horretarako erabiliz Udalak dauzkan baliabideak.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako eginkizun orokor hauek:

  • Udal azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan atzemandako gabezia, matxura eta akatsen berri ematea zerbitzu anitzetako arduradunari hala behar denean, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz hobekuntza horretarako.
  • Zerbitzuak hobetu daitezen sustapena egitea eta laguntzea, proposatuz hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak.
  • Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak.
  • Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, bere lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.
  • Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta proposamenak egitea haien mantentze-lanetarako eta/edo hobekuntzarako.
  • Hala Alkatetzak nola organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean; barnean dela goragoko mailetakoei laguntzea eta haien lanak egitea.
  • Landabideak, kaleak, hiri barruko bideak eta mendiak, udal-eraikinak eta -jabetzak mantentzea, eta udal-hilerria mantendu eta garbitzea.
  • Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu (NBE) egokiak.
  • Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatzea eta begiratzea, eta ikuskapen lanak egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea jasotzen eta betetzen ote den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, bide publikoaren okupazioa, isurketak eta agintzen zaizkionak.
  • Bide eta espazio publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, bai eta udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea; barnean dira lanak gauzatzea eta laguntza-lanak egitea goragoko mailetan.
  • Hiriguneko berdeguneetako mantentze-lanak (belardiak, zuhaixkak, landareak, zuhaitzak, lore-konponketak eta ureztatze-sistemak), baita udal-makaldiak ere. Oro har, kale eta plazetako lorategi eta zuhaitzetan aritzea, eta beraz erein, landatu, ureztatu, inausi, lurra lantzea, ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioak egitea, eta parke eta lorategietako mantentze-lanen esparruko beste batzuk. Sastrakaz garbitzea, lurra prestatzea, jorratzea, berrereitea eta behar diren gainerako lanak. Zeregin horiek dakarte honako hauek erabiltzea: eskuzko erremintak, makineria astuna, inauskailuak, sasi-garbitzeko makinak, altuerako inausketarako eskailerak, plataforma jasotzaileak, eta lorategietako eta zuhaitzen mantentze-lanetarako erremintak eta makinak. Altueran eta plataforma jasotzailearekin inausteaz arduratuko da.

3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Lanpostua lortzeko lehiatzen direnek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Orobat, parte har dezakete espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako ezkontideek edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea zerbitzu anitzetako enplegatu/igeltsero baten lanpostuaren eginkizunetan aritzeko.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea bereizia administrazio publikoren baten zerbitzutik.

f) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean ere beharko dira bete.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

4. oinarria.–Eskabideak.

4.1. Eskabideak Lodosako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, bulegoak irekita dauden orduetan, 10:00etatik 14:00ak arte, astelehenetik ostiralera, egun baliogabeetan izan ezik, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako zeinahi modutan aurkezten ahalko dira.

4.2. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

4.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia.

b) Eskatutako titulazioaren kopia.

c) B motako gidabaimena izatea.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzentzen ahalko dira berariaz horretarako ezarriko den 5 egun balioduneko epean.

4.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko denboran edo baliabideetan, eskaera-orrian adieraziko dute, aparteko orri batean azalduz nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaituak direla frogatzen duen agiria ere, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, organo eskudunak emandakoa.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lodosako alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.

5.2. Behin-behineko zerrenda iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo bost egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Lodosako Udaleko Erregistro Orokorrean.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Lodosako Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du, deialdi honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia: eraketa eta jarduketak.

6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Lourdes San Miguel Rojo, arkitektoa, Lodosako Udaleko alkatea. Ordezkoa: Laura Remínez Noguera, Lodosako Udaleko lehen alkateordea.

Lehen epaimahaikidea eta ordezkoa: Lodosako Udaleko alkateak izendatu beharrekoak.

Bigarren epaimahaikidea eta ordezkoa: Lodosako Udaleko alkateak izendatu beharrekoak.

Hirugarren epaimahaikidea eta ordezkoa: Lodosako Udaleko alkateak izendatu beharrekoak.

Epaimahaikide-idazkaria: Francisco Javier Pérez Azagra, Lodosako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Raquel Martínez Jiménez, Lodosako Udaleko erdi mailako teknikaria.

6.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko eginen diote, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude indarreko araudian abstenitzeko ezartzen diren egoeretako batean, eta izangaiek haiek errekusatzen ahalko dituzte, arrazoi horietako bat gertatuz gero.

6.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak erabil dezake kalitateko botoa.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek dagokien espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7. oinarria.–Oposizioaren garapena eta balorazioa.

Oposizioa 2022ko martxotik aurrera hasiko da.

Gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Lodosako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian soilik argitaratuko dira.

7.1. Oposizioko ariketak:

Oposizioan 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Lanpostuarekin zerikusia duen 40 galderako test bat egin beharko da, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoa. Galderek 3 edo 4 erantzun-aukera izanen dituzte. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira. Bazterturik geldituko dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den. Oker erantzundako galderengatik 0,25 puntu kenduko zaizkio azterketaren guztizko puntuazioari.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak. Epaimahaiak erabaki dezake idatziz edo idatzi gabe egitea. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira. Bazterturik geldituko dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hauek egiteko zer denbora izanen den.

7.2. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat. Oposiziotik baztertuko dira probara agertzen ez direnak edo nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak.

Kontratazio zerrendan sartzeko bi probak gainditu beharko dira. Probak bata bestearen ondoren egin ahal izanen dira, edo egun bereizietan.

Minusbaliotasun frogatua dutenentzat (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuek agiriak aurkeztea.

8.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, Lodosako Udalaren iragarki-taulan. Gero, Lodosako Udaleko alkateari igorriko dio kontratazio zerrendaren proposamena, onets dezan.

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioen hurrenkeraren araberakoa, Lodosako Udalean maila horretako ordezkapenak egin behar direnerako erabiliko da, zerbitzuen beharren arabera eta deialdiko xedearekin bat, 5 urteko eperako edo beste deialdi bat egin arte.

8.2. Proposatzen den izangaiak, kontratualdia hasi aurretik, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Lodosako Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) NANaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua edo titulua lortzeko azterketa eskubideak ordaindu izanaren agiriarena (deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen).

c) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.

d) Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.

e) Zinpeko aitorpena, bere erantzukizunpean, adierazten duena ez dagoela desgaitua ez gabetua eginkizun publikoetarako eta ez dutela bereizi inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

f) Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko du, bere estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, bizileku-txartela.

h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.

i) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena.

j) Lodosako Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

8.3. Behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu aipatutako epean agiri horiek aurkezten, ezin izanen da kontratatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, alde batera utzi gabe eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzukizuna.

9. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

9.1. Kontratazio zerrendek bost urte iraunen dute edo beste deialdi bat egin arte.

9.2. Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.

Lokalizaturik egon daitezen, izangaiek gutxienez harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat jakinarazi behar dituzte, eta informazio hori une oro eguneraturik eduki beharko dute.

Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. apartatuan.

Kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari bi dei, bederen, eginen zaizkio emandako komunikazio bideen bitartez.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

B) Uko egitea:

Izangairen batek uko egiten badio eskainitako lanpostuari, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo ama izateagatik edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3.–Zaindu beharra izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua.

4.–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.

5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.

Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaini zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Deia ekarri duen zerrendatik kanpo geratuko dira izangaiak honako kasu hauetan:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea astebeteko epean.

9.3. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko dira eta hartan kidetuko; beraz, haien kargura izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

10. oinarria.–Kontratazioa eta kontratuaren hasiera.

10.1. Lodosako Udaleko alkate udalburua izanen da organo eskuduna sinatzeko izangai proposatuaren aldi baterako kontratazioa, lan-araubidekoa, deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoarekin bat. Betiere, izangaiak bete behar izan du oinarrietan ezarritakoa.

10.2. Izangai kontratudunak lanpostua betetzen hasi beharko du formalizaturiko kontratuaren arabera hala dagokion egunean edo, bestela, bete beharreko lanpostua orain betetzen duen pertsonak erretiroa hartu eta hurrengo lanegunean.

10.3. Hilabeteko probaldia ezarri da, kontratazio egunetik hasita.

11. oinarria.–Aplikazio osagarria.

Deialdi honetan aldi baterako kontratazioa kudeatzeko ezarrita ez dagoen orotan, aplikatuko da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoa, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

12. oinarria.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra edo DBEO), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Lodosako Udala da.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, non informazio gehiago baitago eskura.

–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

13. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, ondoko errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

d) Kalifikazio epaimahaiaren erabakien kontra, posible da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Lodosako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Lodosan, 2022ko urtarrilaren 28an.–Alkate udalburua, Lourdes San Miguel Rojo.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

3. gaia.–Lodosako hiribildua: geografia. Zer eremu eta alderdi dauden jakitea. Datu soziodemografikoak eta populaziokoak. Udal ondasunen eta instalazioen ezaugarriak eta erabilera. Lodosako historiari, kulturari eta tradizioei buruzko ezagutza orokorrak.

4. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.

5. gaia.–Mekanika. Udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Biltegiaren kontrola.

6. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze lanak. Pintura.

7. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuari buruzko ezagutza.

8. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta hormak egitea. Obrak zaintzea eta mantentze-lanak. Obra txiki eta ertainetako makineria maneiatzea.

9. gaia.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak.

10. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

11. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lana: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak. Instalazio termikoetan efizientzia energetikoa hobetzeko sistemak ezagutzea (eguzki-energia termikoa, energia geotermikoa, biomasa).

12. gaia.–Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta mendiko produktuak, makinak eta erremintak (sasi-garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra, altueran inausteko plataforma jasotzailea). Fitosanitarioen aplikazioa.

13. gaia.–Arbolak, zuhaixkak eta landaresiak landatzea. Soropila berriztatzea eta ereitea. Alorrak eta parterrak prestatzea.

14. gaia.–Kimaketa lanak: zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak inaustea. Inausketaren printzipioak. Ureztatze sistemak. Ureztatzeko sareak instalatzea, mantentzea eta programatzea.

Iragarkiaren kodea: L2202033