40. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

101E/2022 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita deialdi honetarako gastua: “Ekonomia sozialeko enpresak sortu eta sustatzeko dirulaguntzak” deialdia. DDBN identifikazioa: 607928.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, horien oinarri arautzaileak 2022. urtea baino lehen onetsita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Hortaz, bidezkoa da 2022. urterako gastua baimentzea, ekonomia sozialeko enpresak sortu eta sustatzeko dirulaguntzen deialdirako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 20ko 2296/2018 Ebazpenaren bidez, ekonomia sozialeko enpresak sortu eta sustatzeko dirulaguntzak arautu ziren.

Horrenbestez, azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, bere 12. artikuluan ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 80.000 euroko gastua baimentzea ekonomia sozialeko enpresa berrien sorrera diruz laguntzeko, 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: 950001 96100 4709 241203 partida, “Ekonomia sozialeko enpresentzako laguntzak enpresak sortzeko eta laguntza teknikoa emateko” izenekoa. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 20ko 2296/2018 Ebazpenaren bidez arautu ziren. DDBN: 607928.

2. 100.000 euroko gastua baimentzea laguntza teknikoko ekintzak diruz laguntzeko, 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: 950001 96100 4709 241203 partida, “Ekonomia sozialeko enpresentzako laguntzak enpresak sortzeko eta laguntza teknikoa emateko” izenekoa. Dirulaguntza horiek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 20ko 2296/2018 Ebazpenaren bidez arautu ziren. DDBN: 607928.

3. 2021eko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2022ko aurrekontuaren kargura erantzutea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 4an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2201770