40. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

84E/2022 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita deialdi honen gastua: “Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan-sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzak” deialdia. DDBN identifikazioa: 607922.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, horien oinarri arautzaileak 2022. urtea baino lehen onetsita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Hortaz, bidezkoa da 2022. urterako gastua baimentzea, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan-sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzetarako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 21eko 195E/2019 Ebazpenaren bidez, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan-sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzak arautu ziren.

Horrenbestez, azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, bere 12. artikuluan ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 697.000 euroko gastua baimentzea deialdi honetarako: “Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan-sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzak”. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 21eko 195E/2019 Ebazpenaren bidez arautu ziren dirulaguntza horiek (607922 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean), eta 2022ko gastuen aurrekontuko “Ekonomia sozialeko enpresen inbertsiorako laguntzak” izeneko 950001 96100 7709 241200 partidaren kargura ordainduko da gastua.

2. Aurreko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2022ko aurrekontuaren kargura erantzutea.

3. 140.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2022ko otsailaren 3an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2201771