40. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

6/2022 FORU DEKRETUA, otsailaren 9koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuen higiene, osasun eta segurtasun baldintzak ezartzen dituen urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

2018an, urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretua onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuen higiene, osasun eta segurtasun baldintzak ezartzen dituena, batetik, maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretua (erabilera kolektiboko igerileku baldintza tekniko-sanitarioak ezartzen dituena) indarrean sartu ondoren onetsitako arauetara egokitzeko asmoz gai horri buruzko araudia, eta bestetik, igerilekuen instalazioetarako eskakizun berriak arautzeko asmoz.

Urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean muga-egun bat ezarri zen foru dekretuan ezarritako eskakizun berriak betetzeko, alegia, 2021eko urtarrilaren 1a, betiere egokitzapen horrek instalazioak edo eraikuntza elementuak aldatzea eskatzen bazuen eta erabiltzaileen osasuna edo segurtasuna nabarmen arriskuan jartzen ez zuten akatsak baziren. Muga-egun hori mantendu egin zen. Egun horretan, aipatutako arauaren aplikazio eremuko igerilekuetako instalazio guztiek arau horretan jasotako eskakizun berriak bete behar zituzten.

Igerilekuen titular diren udalek eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuek azken urteotan bizi izan duten egoera ekonomiko eta finantzario larriaren ondoriozko arazo ekonomikoak direla eta, igerilekuen instalazioen titular askok ezin izan dute beren gain hartu instalazioak egungo araudian jasotako eskakizunetara egokitzeko gastua, ez behintzat araudian ezarritako datarako.

Instalazioen titular horietako batzuek 2020. urtean zehar obrak egiteko asmoa zuten. Hala ere, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz eta alarma-egoeraren eta administrazio epeak etetearen ondorioz, horietako askorentzat ezinezkoa izan da instalazioak arauzko baldintzetara egokitzeko beharrezkoak diren obrak egitea 2021eko urtarrilaren 1erako.

Egoera horren aurrean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposatzen du beste epe bat ezartzea instalazioak urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuan eskatutako baldintza jakin batzuetara egokitzeko, instalazioak egokitzeko epea 2025eko urtarrilaren 1era arte luzatuz, baldin eta indarreko araudira egokitzen ez diren baldintzek ez badute arriskuan jartzen erabiltzaileen osasuna edo segurtasuna.

Horren ondorioz, eta igerilekuen instalazio askorentzat ezinezkoa izan denez indarreko araudiaren eskakizun guztiak betetzea 2021eko urtarrilaren 1erako, instalazio horiek egokitzeko beste epe bat eman behar da, titularrek obrak egiteko denbora nahikoa izan dezaten eta aipatutako araudiaren ez-betetze gisa har ez dadin.

Adierazitakoaren ondorioz, Osasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak adierazitakoari jarraikiz, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko otsailaren bederatzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Eskakizunak betetzeko laugarren xedapen iragankor berri bat eransten da, testu hau duena:

Laugarren xedapen iragankorra.–Eskakizunak betetzeko epeak.

1. 2025eko urtarrilaren 1a izanen da igerilekuek foru dekretu honetan xedatutako eskakizunak betetzeko muga-eguna, betiere, egokitzapen horrek instalazioak edo eraikuntza elementuak aldatzea eskatzen badu eta erabiltzaileen osasuna edo segurtasuna nabarmen arriskuan jartzen ez duten akatsak badira.

2. Igerilekuen titular guztiek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan, titular diren pertsonek sinatua. Adierazpen horretan, arau honetako eskakizun guztiak betetzen dituzten edo ez adieraziko da, arauan jasotako araudi sektorialak barne. Betetzen ez badira, ez betetzeko ohiz kanpoko arrazoiak justifikatu beharko dituzte.

3. Epe berriari heltzea eskatzen bada, teknikari eskudun batek sinatutako ziurtagiri bat erantsiko zaio erantzukizunpeko adierazpenari. Ziurtagiri horretan, instalazioan antzemandako akatsen deskribapen zehatza eginen da, urriaren 24ko 86/2018 Foru Dekretuari dagokionez –bertan jasotako araudi sektorialak barne–, eta akats horiek egiturazko berritze lanak behar dituztela justifikatuko da. Berritze lanak egin arte akatsek eragindako arriskuak murrizteko hartuko diren neurri gehigarriak ere azalduko dira, eta, hala badagokio, erabiltzaileei horren berri emateko modua ere bai.

4. Eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutako moduan aurkeztu beharko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Hiru hilabeteko epea ezartzen da, foru dekretu hau indarrean sartzen denetik, 35 bis artikuluan aipatzen diren erantzukizunpeko adierazpenak eta dokumentazioa aurkezteko.

Bigarrena.–Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko otsailaren 9an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués. Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2201870