4. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

444/2021 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, Geografiako gradua duten pertsonentzako prestakuntza-beka bat emateko deialdia aurretiaz onesten duena. Beka hori Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuan aritzeko da, 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, helburu zehatza izanik prestakuntza jasotzea Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietako muga jurisdikzionaletako marrak berreskuratzeko eta hobekuntza geometrikoa egiteko lanen arloan. DDBN identifikazioa: 602011.

Urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Foru dekretu horretan zerrendatzen dira Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren eginkizunak, besteak beste, honako hau: izapidetzea Nafarroako udalerriak mugatzeko, horien arteko mugarteak aldatzeko, geometrikoki hobetzeko eta errekuperatzeko espedienteak.

Zerbitzuak proposatu du prestakuntza beka bat emateko deialdia onestea, Geografiako graduko unibertsitate tituludunak direnentzat, ezagutza teorikoak eta praktikoak eskura ditzaten “Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietako muga jurisdikzionaletako marrak berreskuratzeko eta hobekuntza geometrikoa” egiteko lanekin lotuta.

Beka hau aurretiaz izapidetzen da, baldin eta 2022rako kreditu egokia eta nahikoa badago (172/2004 Foru Dekretuaren 6 artikuluko n) letra eta 11/2005 Foru Legearen 30.2 artikulua). Aldez aurretik izapidetu beharra dago, Nafarroako udalerriak mugatzeko, horien arteko mugarteak aldatzeko, geometrikoki hobetzeko eta errekuperatzeko lanetan laguntzeko eta ikasteko premia larria dagoelako. Gaur egun, gero eta gatazka gehiago sortzen dira mugakide diren toki erakundeen artean, bi muga-marra daudelako, bata Estatuarena (Geografia Institutu Nazionalarena), eta bestea Nafarroako Foru Komunitatearena (Lur-ondasunen Zerbitzuarena). Administrazio publiko eta enpresa pribatu batzuek bata nahiz bestea erabiltzen dituzte, eta horrek gainjartzeak eta hutsune espazialak eragiten ditu, batzuetan oso nabarmenak; izan ere, bi geometrien arteko distantzia, batzuetan, ehun metrotik gorakoa da.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Geografiako graduko unibertsitate tituludunentzako beka bat emateko deialdia eta hura emateko oinarri arautzaileak aldez aurretik onestea, Nafarroako udalerriak mugatzeko, horien arteko mugarteak aldatzeko, geometrikoki hobetzeko eta errekuperatzeko lanekin lotutako ezagutza teorikoak eta praktikoak eskura ditzaten. Bekaldia 2022ko urtarrilaren 1ean hasi eta abenduaren 31n bukatuko da. Iraupen bereko luzapenak egiten ahalko dira, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako aldia eta luzapenak barne.

2. 13.540,92 euroko gastua baimentzea 2022ko gastuen aurrekontuan horretarako gaitzen den 2021eko aurrekontuko “Bekak” izeneko 210000 21000 4809 922100 partidaren partida baliokidearen kargura. 2022. urterako baimendu beharreko zenbatekoak barne hartzen du hilean 48,41 euroko kopurua, Gizarte Segurantzaren enpresa-kuota ordaintzeko. Kuota hori 2021erako onetsi da, eta kopuru horretan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako dagokion zenbatekoaren atxikipena eginen da. 2022. urterako, zenbateko hori izanen da Gizarte Segurantzako kotizazioei buruzko kasuan kasuko ministro-aginduan ezartzen dena.

Nolanahi ere, beka emanen da baldin eta horretarako egokia eta aski den kreditua badago bekaren ondoriozko betebeharrak finantzatzeko.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzura eta Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atalera.

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 22an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

ERANSKINA

Beka bat Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuan aritzeko. Deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da prestakuntza beka bat sortzea, Geografiako graduko unibertsitate tituludunentzat, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuan aritzeko, helburu zehatza izanik prestakuntza jasotzea Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietako muga jurisdikzionaletako marrak berreskuratzeko eta hobekuntza geometrikoa egiteko lanen arloan.

Bigarrena.–Iraupena eta izaera.

Bekak 12 hilera arteko iraupena izanen du. Beka luzatzen ahalko da, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak hala eskatuta, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

Prestakuntzako bekadunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak gainbegiratuko dituzte Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko funtzionario edo kontratudunek, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak.

Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

Bekadunak astean 30 orduko dedikazioa izanen du gehienez.

Hirugarrena.–Aurretiazko izapidetzea eta zenbatekoa.

Beka hau aurretiaz izapidetzen da, baldin eta 2022rako kreditu egokia eta nahikoa badago (172/2004 Foru Dekretuaren 6 artikuluko n) letra eta 11/2005 Foru Legearen 30.2 artikulua). Aldez aurretik izapidetu beharra dago, Nafarroako udalerriak mugatzeko, horien arteko mugarteak aldatzeko, geometrikoki hobetzeko eta errekuperatzeko lanetan laguntzeko eta ikasteko premia larria dagoelako. Gaur egun, gero eta gatazka gehiago sortzen dira mugakide diren toki erakundeen artean, bi muga-marra daudelako, bata Estatuarena (Geografia Institutu Nazionalarena), eta bestea Nafarroako Foru Komunitatearena (Lur-ondasunen Zerbitzuarena). Administrazio publiko eta enpresa pribatu batzuek bata nahiz bestea erabiltzen dituzte, eta horrek gainjartzeak eta hutsune espazialak eragiten ditu, batzuetan oso nabarmenak; izan ere, bi geometrien arteko distantzia, batzuetan, ehun metrotik gorakoa da.

Bekak 13.540,92 euro izanen ditu urtean, hau da, hilean 1.080,00 euroko 12 hilabete-sari gehi 48,41 euro Gizarte Segurantzarengatik. Urteko kotizazioa egiteko, Enpleguari eta Gizarte Segurantzari buruzko indarreko Aginduari jarraikiko zaio, horren bidez garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizazioaren legezko arauak.

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, garatzeko Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da parte-hartzailea noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Beka jaso duenari ematen zaion dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Geografiako graduko titulua izatea, Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua.

f) Eskatutako titulua eskuratua izatea prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean.

g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira, f) letran adierazitakoa salbu, hori betetzea eskaerak aurkezteko unean eskatuko baita.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun naturalean aurkeztuko dira.

2. Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetako edozeinetan aurkezten ahalko dira, eskaerak aurkezteko unean horretarako gaituta dauden horietan, alegia. Horien zerrenda hemen agertzen da:

https://www.navarra.es/eu/herritarren-arreta/bulegoetako-arreta

Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan ere aurkezten ahalko dira eskaerak.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, non nahitaez adieraziko baitira jakinarazpenetarako helbide elektronikoa eta harremanetarako telefonoa.

b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, espresuki aipatuta zein deialditan gainditu zituen.

d) Seigarren oinarriko 2. atalean adierazten diren gainerako merezimenduen agiri bidezko egiaztapena.

e) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

f) Nortasun Agiri Nazionalaren edo horren balio bereko beste agiri baten fotokopia.

g) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egiten diola. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira, eta gehienez 8,75 puntu lortzen ahalko dira:

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

–Batzordeburua: Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria. Ordezkoa: Toki Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendariari atxikitako geografoa. Ordezkoa: Toki Azpiegituren Bulegoko burua.

–Idazkaria: Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Ataleko burua. Ordezkoa: Arauen Garapenerako eta Toki Antolamendurako Ataleko burua.

2. Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, irizpide hauen arabera (8,75 puntu gehienez):

a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

–Nahikoa: 1 puntu.

–Oso ongi: 2 puntu.

–Bikain: 3 puntu.

–Ohorezko matrikula: 4 puntu.

b) Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea: ingelesa, frantsesa eta alemana. Gehienez ere: 1,5 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu emanen dira hizkuntza bakoitzarengatik.

B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira. B2 mailatik beherako tituluei ez zaie punturik emanen.

c) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. Gehienez ere 2,5 puntu eskuratzen ahalko dira.

–Doktoretza: 2 puntu.

–Masterra: 1 puntu.

–Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.

d) Elkarrizketa pertsonala. 0,75 puntu gehienez.

Elkarrizketa pertsonala eginen zaie a), b) eta c) atalak batu ondoren 6 kalifikazio altuenak dituzten pertsonei. Elkarrizketa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eta geografia eremuari buruzko ezagutzak baloratuko dira, gehienez ere 0,75 punturekin. Ebaluazio batzordeko kide batek gutxienez eginen ditu elkarrizketak.

Interesdunei posta elektronikoz deituko zaie, 72 orduko aurrerapenarekin gutxienez. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da, eta hautapen prozesutik baztertu eginen da agertzen ez dena; halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio, adierazitako 0,75eko gehieneko mugarekin.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Lurralde Kohesiorako Departamentuko iragarki-taulan (Arrieta kalea 12, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan ere.

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Beka onuradunari esleitu zaiola eta, kasua bada, gainerako eskaerak ukatu direla administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta jakinarazpen hori Lurralde Kohesiorako Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (Arrieta kalea 12, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere. Bekaren adjudikazioari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Bekadunak jabetza intelektualaren eta jabetza industrialaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Lurralde Kohesiorako Departamentuak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardueran, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ematea ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun araubidea eta betebehar orokorrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra).

2. Jarduerak hasten diren unean, onuradunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

3. Onuradunak sei hilean behingo txostenak eta amaierako txosten bat egin beharko ditu, eta tutoreari aurkeztuko dizkio, beka behar bezala aprobetxatu dela ebaluatu eta baliozkotu dezan.

4. Aurreko atalak ez betetzea, aprobetxamendu eza barne, baztertzeko arrazoia izanen da, eta zerrendan hurrengoa deitzea ekarriko du.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio, zeinak eginkizun zehatzak ezarriko dizkion, ordutegiak finkatuko dituen eta begiratuko duen bekadunak bere betebeharrak eta jarduerak betetzen dituen, haren ardura izanen baita bekadunak gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekadunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

Bekadunak eskubidea du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik, izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F2117988