36. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

13E/2022 FORU AGINDUA, otsailaren 1ekoa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez, deialdia eta oinarri arautzaileak onesteaz gainera, gastua baimentzen baita “Aniztasuna, aberastasun iturri” izeneko V. eskola lehiaketarako, 2022. urterako. Lehiaketa Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak sustatu du.

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren bidez, eskola lehiaketa bat egin nahi du Nafarroako ikastetxeen artean “Aniztasuna, aberastasun iturri” gaia jorratzeko, eta izenburu hau eman dio: “Aniztasuna, aberastasun iturri” V. eskola lehiaketa. Lehiaketaren bukaera gisa, sari batzuk emanen zaizkie eskola-lan irabazleei.

Sariak hauexek izanen dira: plaka grabatuak ematea sariren bat irabazten duten ikastetxeei, eta, kategoria bakoitzean irabazle suertatzen diren ikasleentzat, egun bateko egonaldia ordaintzea Nafarroako Foru Komunitateko jolas-parke batean.

Lehiaketa Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako (1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiei zuzenduta dago. Sormen lehiaketa da, eta horren bidez lortu nahi da gizarteak balioa eman diezaiola aniztasunari, hura aberastasun gisa ikusiz, sentituz eta biziz; gizarteak desberdina dena errespeta dezala; eta desberdintasun hori erabil dezala ikaskuntza baliabide gisa.

Sari horiek emateko gastuei aurre egiteko, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko gastu aurrekontuan, bada partida bat “Sariak, lehiaketak eta sariketak” izenekoa, B20002 B2100 2268 232500 partida, alegia. Partida horretan dagoen gerakina nahikoa da eskola lehiaketa honetan emanen diren sarietako gastuei aurre egiteko.

Espedientean, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jaso da, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiaren adostasunarekin, baita txosten juridikoa ere.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Aniztasuna, aberastasun iturri” izeneko V. eskola lehiaketaren 2022ko deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, foru agindu honen bukaeran txertatu direnak.

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari, eta igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera, haren Kontabilitate Zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko otsailaren 1ean.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ANIZTASUNA, ABERASTASUN ITURRI
NAFARROAKO GOBERNUKO BAKEAREN, BIZIKIDETZAREN
ETA GIZA ESKUBIDEEN ZUZENDARITZA NAGUSIAK ANTOLATURIKO V. SORMEN LEHIAKETA 2022

Justifikazioa: Aniztasuna aberastasun modura ikusi, sentitu eta bizi duen gizartea ederragoa da. Ezberdintasuna errespetatu eta ezberdintasuna ikasbide bihurtzen duen gizartea ederragoa da. Begirada koloretsua duen gizartea ederragoa da. Bizikidetza osasuntsua izan nahi duen gizarteak aniztasuna izan behar du oinarri.

Zergatik sormen lehiaketa bat? Herritarra modu aktiboan, kritiko izanez, begiratzera, sentitzera eta hausnartzera bultzatzen duelako.

ESKOLA LEHIAKETAREN OINARRIAK

1. Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako (1., 2., 3., 4., 5. eta 6. maila) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasleek parte hartzen ahalko dute.

2. Parte-hartzea taldekakoa izanen da (ikasle talde osoa gehi irakasle arduraduna).

3. Talde bakoitzak lan bakarra aurkeztuko du.

4. Lanak euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkez daitezke.

5. Gaia.–Aniztasuna, aberastasun iturri-Ezagutu nazazu. Lehiaketako gai nagusi eta orokorra Aniztasuna, Aberastasun Iturri izanik, aurtengo gai zehatza Ezagutu Nazazu da. Ezagutzea bestearengana hurbiltzea da; ezagutzea entzutea da, hitz egitea, elkarreraginean aritzea; ezagutzea harago ikustea da; ezagutzea beste historia batekin bat egitea da; ezagutzea errespetatzea da; ezagutzea bestearekin kokatzea da; ezagutzea elkargurutzatzea da; ezagutzea ezberdintasunak aitortu eta ezberdintasun horiek geure burua eta ingurua aberasteko erabiltzea da.

6. Modalitateak:

Lehen Hezkuntzako (LH 1 eta LH 2) ikasleek ondoko modalitatean aurkeztu beharko dituzte lanak:

A.–Zer aurkeztu: marrazki kolektibo bat (teknika librea: akuarela, collage-a, estanpazioa, ikatz-ziria) eta esaldi bat marrazkian txertatua.

Lehen Hezkuntzako (LH 3, 4, 5 eta 6) ikasleek ondoko modalitatean aurkeztu beharko dituzte lanak:

B.–Zer aurkeztu: argazki bat eta argazkian oinarriturik idatzitako laurogei eta ehun hitz artean dituen testua (deskribapena, testu literarioa, ipuin laburra, olerkia edo bertsoa). Biek proposaturiko gaiarekin (EZAGUTU NAZAZU) izan behar dute erlazioa. Testuari izenburu bat jarriko zaio.

Bigarren Hezkuntzako ikasleek ondoko modalitatean aurkeztu beharko dituzte lanak:

C.–Zer aurkeztu: gehienez 60 segundo izanen dituen bideo bat. Ikus-entzunezkoaren helburua gizarteari mezu argi bat bidaltzea da; horretarako, mezu horrek “Ezagutu nazazu” ideia izan behar du bere baitan, betiere proposatutako gaiarekin lotuta.

7. Argazkiek eta testuek originalak izan behar dute eta lehiaketarako propio sortuak.

8. Ez argazkian, ez testuan, ez da taldearen erreferentziarik azalduko (ez izenik, ez logorik). Azalduko balitz, lanek ez lukete saria jasotzerik izanen.

9. Lanak aurkezten ahalko dira lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. Lanak aurkezteko azken eguna: 2022ko martxoaren 24ko (osteguna) 14:00ak baino lehen.

11. Lanak bizikidetza@navarra.es helbide elektronikora bidaliko dira; “Aniztasuna lehiaketa” izenpean.

12. Aurkezpena:

–A Modalitatea. Bidalitako mezuan bi artxibo atxikiko dira: marrazkia eskaneatua “Marrazkia” izenpean eta “Datuak–ikasmaila zehaztu artxiboaren izenean” izenpean taldearen datuak jasoko dituen dokumentu bat (ikastetxea, maila eta gela, taldeko ikasle kopurua, zein ikasgaitan landu den lana eta irakaslearen izen-abizenak eta bere helbide elektronikoa).

–B Modalitatea. Bidalitako mezuan hiru artxibo atxikiko dira: argazkia (jpg formatuan) “Argazkia” izenpean, testua (Word edo bateragarria den formatuan) “Testua” izenpean eta “Datuak–ikasmaila zehaztu artxiboaren izenean” izenpean taldearen datuak jasoko dituen dokumentu bat (ikastetxea, maila eta gela, taldeko ikasle kopurua, zein ikasgaitan landu den lana eta irakaslearen izen-abizenak eta bere helbide elektronikoa).

–C Modalitatea. Bidalitako mezuan bi artxibo atxikiko dira: bideoa mp4 formatuan “Bideoa” izenpean, eta “Datuak–ikasmaila zehaztu artxiboaren izenean” izenpean taldearen datuak jasoko dituen dokumentu bat (ikastetxea, maila eta gela, taldeko ikasle kopurua, zein ikasgaitan landu den lana eta irakaslearen izen-abizenak eta bere helbide elektronikoa).

13. Epaimahaiak apirilaren 4an emanen du hautatutako lanen berri, eta ondoren erabakia jakinaraziko zaie epaia parte hartu duten guztiei.

14. Epaimahaia Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko bi teknikarik eta Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko beste bi teknikarik osatuko dute.

15. Epaimahaiak kontuan izanen dituen alderdiak:

–A modalitatea:

• Proposaturiko gaiarekiko marrazkiak duen originaltasuna.

• Marrazkiaren kalitatea, trazua, kolorea, konposaketa.

• Esaldiaren zehaztapena eta marrazkiarekin duen lotura.

• Lanak bere osotasunean helarazten duen mezu baikor eta eraikitzailea.

–B modalitatea:

• Proposaturiko gaiarekiko argazkiak duen originaltasuna.

• Argazkiaren kalitatea.

• Testuaren eta argazkiaren arteko lotura.

• Testuaren kalitate literarioa.

• Lanak bere osotasunean helarazten duen mezu baikor eta eraikitzailea.

–C modalitatea:

• Proposaturiko gaiarekiko mezuak duen originaltasuna.

• Gidoiaren kalitatea.

• Irudien kalitatea.

• Lanak bere osotasunean helarazten duen mezu baikor eta eraikitzailea.

16. Sari banaketa Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak apirilean antolatzen dituen Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Jardunaldietan eginen da.

17. Sariak:

–Lehen Hezkuntza:

• LHko 1. eta 2. mailetako ikasleen artean:

  • Bi sari nagusi, bat hizkuntza bakoitzeko: Nafarroako abentura parke batean egun pasa + oroigarria.

• LHko 3. eta 4. mailetako ikasleen artean:

  • Bi sari nagusi, bat hizkuntza bakoitzeko: Nafarroako abentura parke batean egun pasa + oroigarria.

• LHko 5. eta 6. mailetako ikasleen artean:

  • Bi sari nagusi, bat hizkuntza bakoitzeko: Nafarroako abentura parke batean egun pasa + oroigarria.

–Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa:

• DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleen artean:

  • Bi sari nagusi, bat hizkuntza bakoitzeko: Nafarroako abentura parke batean egun pasa + oroigarria.

• DBHko 3. eta 4. mailetako eta Lanbide Heziketako ikasleen artean:

  • Bi sari nagusi, bat hizkuntza bakoitzeko: Nafarroako abentura parke batean egun pasa + oroigarria.

18. Aurkeztutako lanak Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak erabiltzen ahalko ditu helburu hezitzaile eta dibulgatzaileekin.

19. Lehiaketa honetan parte hartzeak baldintza hauek onartzea dakar berekin.

20. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero: 848426048 / bizikidetza@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2201581