36. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

3/2022 FORU LEGEA, otsailaren 9koa, Nafarroako Logopeden Elkargoa sortzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO LOGOPEDEN ELKARGOA SORTZEKOA.

HITZAURREA

Espainiako Konstituzioak 36. artikuluan ezartzen du lege bidez arautuko direla lanbide elkargoen araubide juridikoari dagozkion berezitasunak eta tituludun lanbideen jarduna. Adierazten du, halaber, elkargoen barne-egiturak eta funtzionamenduak demokratikoak izan behar dutela.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.26 artikuluan, xedatzen du Nafarroak eskumen esklusiboa duela elkargo ofizialen eta tituludun lanbideen jardunaren arloetan, legeria orokorrari jarraikiz betiere.

Eskumen horiek erabiliz eman zen Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduaz garatua. Bertan ezartzen dira lanbide elkargo bat sortzeko eskaerarako baldintzak eta prozedura.

Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen 8. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean lanbide elkargoak foru lege bidez sortuko dira eta beharrezkoa izanen da horretarako eskaera egitea Nafarroan helbidea izan eta elkargoa sortzeko eskaeraren xede den jardunerako titulazio ofiziala duten profesional gehienek.

Aipatutako arauan xedatutakoarekin bat, eta kontuan izanik Nafarroako Foru Komunitateak lanbide elkargoen arloan bere gain hartutako eskumenak, Itxaso Badell Lizarraga andreak, logopediako 53 profesionalen izenean, Nafarroako Gobernuari eskatu dio Nafarroako Logopeden Elkargoa sortzeko.

Logopediaren aitortza akademikoa eta prestakuntza-antolamendua ezarrita daude honako agindu hauetan: abuztuaren 30eko 1419/1991 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baita logopediako diplomadunaren unibertsitate titulu ofiziala, bai eta titulu hori lortzeko ikasketa planei dagozkien jarraibide orokorrak ere; urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, zeinaren bidez ezartzen baita unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendua; eta martxoaren 18ko CIN/726/2009 Agindua, zeinaren bidez ezartzen baitira logopeda lanbidean jarduteko gaikuntza ematen duten unibertsitate titulu ofizialak egiaztatzeko betebeharrak.

Logopedia diziplina bat da, barne hartzen dituena giza komunikazioko nahasmenduen eta ahotsaren, mintzamenaren, hizkuntzaren (ahozkoa, idatzizkoa eta keinuzkoa), entzumenaren eta funtzio orofazialen patologia- eta asaldura-agerpenen azterketa, prebentzioa, ebaluazioa, diagnostikoa eta tratamendua, hala haurrei nola helduei dagokienez.

Osasungintzako lanbide bat da, arautua eta aitortua dagoena (Osasungintzako Lanbideen Antolaketari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 7. artikulua) eta eginkizun sozial garrantzitsua betetzen duena, logopedak giza komunikazioaren eta haren nahasmenduen eremuetan hainbat zereginetan aritzen baitira osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte ongizatearen arloetan: prebentzioa, hautematea, administrazioa, ebaluazioa, diagnostikoa, tratamendua, errehabilitazioa, gaikuntza, pronostikoa, orientazioa, aholkularitza, irakaskuntza eta ikerketa.

Azaldutakoa dela-eta, eta kontuan hartuz interes publikoko arrazoiak daudela Nafarroako Logopeden Elkargo bat egoteko, foru lege honen bidez lanbide elkargo hori eratzen da, halako moldez non bertako kide bilakatzea nahitaezko baldintza izanen baita Nafarroan lanbide horretan aritzeko, non eta ez den frogatzen lanbide bereko beste elkargo bateko kidetasuna izatea beste lurralde-eremu batean.

1. artikulua. Foru legearen xedea.

Nafarroako Logopeden Elkargoa eratzen da.

2. artikulua. Lanbide elkargoaren izaera juridikoa.

1. Lanbide elkargoa zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridiko propioa duena foru lege honek indarra hartzen duenetik, bai eta bere helburuak betetzeko nahiz bere eginkizunak aurrera eramateko jardute-gaitasun osoa ere, bere gobernu-organoak eratzen direnetik.

2. Lanbide elkargoak barne egitura eta funtzionamendu demokratikoak izan behar ditu, eta honakoetara moldatu behar du bere jarduna: bere estatutuetan xedatutakoa, foru lege hau, Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea eta hura garatzen duen araudia, eta lanbide elkargoen arloko oinarrizko estatu-araudia.

3. artikulua. Lurralde-eremua.

Nafarroako Logopeden Elkargoaren jarduteko lurralde-eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldea izanen da.

4. artikulua. Pertsona-eremua.

Nafarroako Logopeden Elkargoko kide bilakatzen ahalko dira:

a) Logopediako diplomako unibertsitate-titulua edo graduko unibertsitate-titulua dutenak, bat etorriz abuztuaren 30eko 1419/1991 Errege Dekretuan xedatuarekin, zeinaren bidez ezarri baitzen Logopediako diplomaren unibertsitate-titulu ofiziala eta titulu hori lortzera bideraturiko ikasketa-planen jarraibide orokorrak, bai eta Unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen zuen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuarekin, eta logopeda-lanbidean aritzeko gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialak egiaztatzeko betekizunak ezartzen zituen martxoaren 18ko CIN/726/2009 Aginduan xedatutakoarekin ere.

b) Agintaritza eskudunak behar bezala homologaturiko atzerriko titulu bat dutenak.

c) Europar Batasuneko araudiaren araberako aitorpen profesionala duen titulu bat dutenak, logopeda-lanbidean aritzeko gaikuntza ematen duena.

d) Lehen xedapen iragankorrean ezarritako moduan horretarako eskaera egiten dutenak.

5. artikulua. Nahitaezko kidetzea.

Nafarroako Foru Komunitatean logopeda-lanbidean jarduteko baldintza nahitaezkoa izanen da aurretiaz Nafarroako Logopeden Elkargoan kidetzea, deusetan galarazi gabe Nafarroako lanbide elkargoei buruzko legediak eta estatuko oinarrizko legediak ezartzen dutena.

6. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanak.

Alde instituzional eta korporatiboei dagokienez, Nafarroako Logopeden Elkargoak lanbide elkargoen arloko departamentu eskudunaren bitartez bideratuko ditu Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanak. Lanbideari berari dagozkion alderdiei buruzko gaietarako, berriz, arlo horren eskumena duen departamentuaren bitartez bideratuko da harremana.

Xedapen gehigarri bakarra.–Lanbide Elkargoen Kontseiluaren eginkizunak.

Nafarroako Logopeden Elkargoak, zeinak izaera orokorra baitu Nafarroako Foru Komunitateko lurralde guztian hedatuta dagoelako, bere gain hartuko ditu, bidezkoa denean, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak Nafarroako Lanbide Elkargoen Kontseiluentzat zehazten dituen eginkizunak.

Lehen xedapen iragankorra.–Beste titulu batzuk dituzten profesionalak sartzea.

Nafarroako Logopeden Elkargoan sartzen ahalko dira, baldin eta horretarako eskaera egiten badute foru lege honek indarra hartu ondoko bi urteko epean, logopediako diploma edo gradua eduki gabe hizkuntza- eta entzumen-nahasmenduen arloan lan egin dutenak edo lan egiten dutenak, egoera hauetakoren batean badaude:

1. Abuztuaren 30eko 1419/1991 Errege Dekretuak indarra hartu aurreko bost urteko gutxieneko epean lanbidez logopediaren arloan jardun dutela frogatzen duten pertsonak, titulu hauetakoren bat badute:

a) Entzumenaren eta ahozko eta idatzizko hizkuntzaren nahasmenduetan espezializatutako irakaslearen titulua, hezkuntzaren arloko eskumena duen ministerioak jaulkitakoa.

b) Hizkuntzaren eta entzumenaren nahasmenduen arloko espezialistaren diploma ofiziala (logopedia), edozein unibertsitatek jaulkia eta ondoren hezkuntzaren arloko eskumena duen ministerioak homologatua.

2. Abuztuaren 30eko 1419/1991 Errege Dekretuak indarra hartu zuenetik logopediako diplomadun ofizialen lehen promozio nazionala atera arte 1995eko abenduaren 31 baino lehen logopediaren arloan lanbide-jardunean aritu izana frogatzen duten pertsonak, aurreko paragrafoan aipatzen diren tituluetakoren bat badute.

3. Osasun Zientzien edo Hezkuntzaren arloko unibertsitate-titulu bat, lizentzia bat edo diploma bat daukaten pertsonak, baldin eta frogatzen badute logopediari dagozkion lanetan osasungintzaren esparruan gutxienez hamar urteko lanbide-esperientzia dutela, foru lege honek indarra hartu aurrekoa.

Bigarren xedapen iragankorra.–Kudeaketa Batzordea.

Eskatzaileek beren artean aukeratuko dute behin-behineko kudeaketa-batzorde edo gobernu-batzorde bat, zeinak foru lege honen indarraldia hasten denetik sei hilabeteko epean onetsi beharko baititu Nafarroako Logopeden Elkargoaren behin-behineko estatutuak.

Estatutu horietan elkargoaren eratze-batzarra arautu beharko da, batzar horretarako deialdia egiteko modua eta batzarra bera egiteko prozedura zehaztuz.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Elkargoaren eratze-batzarra eta estatutuak.

1. Elkargoaren eratze-batzarraren deialdiari ahalik eta publizitate handiena ematen zaiola bermatu beharko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitateko hedapen handieneko egunkarietan argitaratzearen bitartezkoa.

2. Elkargoaren eratze-batzarraren eginkizunak hauek izanen dira:

a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onestea.

b) Elkargoaren organoetan kasuan kasuko karguak bete behar dituzten pertsonak hautatzea.

3. Elkargoaren behin betiko estatutuak, onetsiak izan ondoren, elkargoaren eratze-batzarraren aktaren ziurtagiriarekin batera, igorri beharko zaizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lanbide elkargoen arloko eskumena duen departamentuari, eta horrek, legezkotasun-kalifikazioa eman eta gero, aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruña, 2022ko otsailaren 9an.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2201993