31. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 11

6. BESTELAKO IRAGARKIAK

6.2. PARTIKULARREN IRAGARKIAK

NAFARROAKO ERRIBERAREN GARAPEN ESTRATEGIETARAKO PARTZUERGOA (EDER PARTZUERGOA)

Estatutuen aldaketaren eta berregitearen behin betiko onespena

EDER Partzuergoaren estatutuen aldaketa jendaurrean egon izanik, batere alegaziorik aurkeztu ez denez, Kontseilu Nagusiak hasierako onespena emateko hartutako erabakia behin betiko onetsita geratu da, 2021eko azaroaren 26an; ondoren argitaratzen da testu berregina oso-osorik.

Tutera, 2022ko urtarrilaren 17an.–EDER Partzuergoaren idazkaria, José Huguet Madurga.

ESTATUTUEN ALDAKETA ETA BERREGITEA

1994ko martxoaren 22an, Tuterako San Adriango Markesaren jauregian elkartutako bilkuran, Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategietarako Partzuergoa eratu zen, eta haren estatutuak onartu ziren, aho batez, Batzar Eratzailean, eta oso-osorik argitaratu ziren Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 137. zenbakian, 1994ko azaroaren 14an; egiaztatu da Partzuergoa inskribatu dela Nafarroako Gobernuaren Entitateen Erroldan, G31513260 identifikazio kodearekin, notariotza protokoloaren zenbakia 1474, 1994ko urriaren 28an.

Ondoren, 1998ko apirilaren 17an, San Adriango Udalaren batzar aretoan egindako bilkuran, arestian aipatutako Estatutuen zenbait aldaketa onartu ziren, eta orobat onartu zen Eder Partzuergoaren Estatutuen testu berregina; testu hori argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 43. zenbakian, 1999ko apirilaren 9an.

2001eko apirilaren 10ean, Alesbesko Udalaren Kultur Etxean egindako bilkuran, Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategietarako Partzuergoaren Estatutuen 23. artikuluan eta 26. artikuluan zenbait aldaketa egitea onartu zen, eta argitara eman ziren Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 63. zenbakian, 2001eko maiatzaren 23an.

2001eko urriaren 15ean, Eder Partzuergoaren egoitzan egindako bilkuran, 3. artikuluan eta 46. artikuluan hainbat aldaketa egitea onartu zen, eta orobat, 23.bis artikulua eranstea Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategietarako Partzuergoaren Estatutuei; haien testua argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 152. zenbakian, 2001eko abenduaren 17an.

2004ko ekainaren 16an, Eder Partzuergoaren egoitzan egindako bilkuran, Kontseilu Orokorrak onartu zuen Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategietarako Partzuergoaren Estatutuak aldatzeko proposamena, Batzorde Betearazleak prestatu zuena 2004ko maiatzaren 24an.

Era berean, 2005eko ekainaren 14an, Eder Partzuergoaren egoitzan egindako bilkuran, Kontseilu Nagusiak onetsi zuen Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategietarako Partzuergoaren Estatutuen 23. artikuluaren 3. paragrafoa aldatzeko proposamena.

2007ko azaroaren 27an, Eder Partzuergoaren egoitzan egindako bilkuran, Kontseilu Nagusiak onartu zuen Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategietarako Partzuergoaren Estatutuak aldatzeko proposamena, Batzorde Betearazleak prestatu zuena 2007ko urriaren 31n, Tokiko Ekintza Talde gisa funtzionatzeko bete beharreko arautegiaren arabera egokitzeko.

Era berean, 2010eko urriaren 6an, Kontseilu Nagusiak hainbat artikuluren aldaketa onetsi zuen (5, 25.3, 27 eta 35). Aldaketaren iragarkia 2010eko azaroaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 134. zenbakian, argitaratu zen.

Era berean, 2010eko azaroaren 26an, Kontseilu Nagusiak hainbat artikuluren aldaketa onetsi zuen (1, 4, 5, 40-bis eta 45). Iragarkia argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 277. zenbakian, 2021eko abenduaren 10ean; hona hemen aldaketa horiek jasotzen dituen testu berregina:

NAFARROAKO ERRIBERAREN GARAPEN ESTRATEGIETARAKO PARTZUERGOAREN (EDER PARTZUERGOA) ESTATUTUEN TESTU BERREGINA

I. TITULUA

Izena eta toki araubidea

1. artikulua. Tuteran (Nafarroa) eratu da Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategietarako Partzuergoa (Eder Partzuergoa).

Partzuergoa borondatezko elkarte bat da, irabazi asmorik gabea, bere nortasun juridiko berezia duen entitate publikoaren izaera duena, eta ahalmen osoa duena bere helburuak betetzeko; hainbat administrazio publikoren ekimenez sortu da, entitate pribatuen partaidetzarekin, haien guztien intereseko jarduerak aurrera eramateko, beren eskumenen esparruan.

Hauek arautuko dute; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 212. artikulua, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 118. eta 127. artikuluak, eta bere estatutuak. Eta izaera osagarria izanen dute apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta abenduaren 21eko 27/2013 legean, Toki Administrazioaren arrazionalizazioari eta iraunkortasunari buruzkoan, Tokiko partzuergoei buruz ezarritako arauek.

Partzuergoa Tuterako Udalari atxikia geratzen da, administrazio horrek, biztanle kopuruagatik, duelako boto kopuru gehien Kontseilu Orokorrean.

Hala ere, EDER Partzuergoa atxikia geratuko da, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, bere gobernu organo gorenean, alegia, Kontseilu Orokorrean, boto gehien duen administrazio publikoari.

Administrazio publikoarekiko adskripzioan aldaketarik izanez gero, arrazoia edozein dela ere, Partzuergoaren estatutuen aldaketa egin beharko da, sei hilabetetik beherako epean, adskripzioaren aldaketa gertatu den aurrekontu ekitaldiaren hurrengo aurrekontu ekitaldiaren hasieratik kontatuta.

2. artikulua. Partzuergoaren izena izanen da “Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategietarako Partzuergoa” (Eder Partzuergoa).

II. TITULUA

Egoitza eta osaera

3. artikulua. Partzuergoa muga-eperik gabe eratzen da, eta egoitzaren helbidea hau da: Tutera 31500, Yehuda Ha-Levy Plaza, z/g. Beste hainbat egoitza ezartzen ahalko dira nahi den herrian, Batzorde Betearazleak erabakiz gero, eta ahalmena izanen du, orobat, egoitza nagusia nahiz gainerakoak aldatzeko.

4. artikulua. Partzuergoa osatzen dute Nafarroako Erriberaren garapeneko interes publiko eta soziala helburu duten Nafarroako hainbat toki entitatek eta entitate pribatuk. Hona hemen haien zerrenda: Udalak: Ablitas, Arguedas, Azagra, Barillas, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Fustiñana, Martzilla, Milagro, Monteagudo, Murchante, Azkoien, Ribaforada, Tutera, Tulebras, Valtierra, Alesbes; entitateak: Errege Bardeako Komunitatea, AER, Aplus, Aturina, ANEL, merkataritza Ganbera, CC.OO., UAGN eta UGT.

III. TITULUA

Helburuak eta lurralde eremua

5. artikulua. Partzuergoaren helburua izanen da Nafarroako Erriberaren garapen integrala sustatzea, horretarako tresna gisa erabiliz Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategien prestaketa eta egikaritza (Eder Partzuergoa), era honetan laburbildu daitezkeenak:

1. Jarduera ekonomikoak eta enplegua sortzeko arazoak konpontzea. Helburu honek aukera eman behar du “eskaera handikoak” deitzen diren sektoreetako jarduera ekonomikoen etorkizuneko garapenak eskualdean dituen eragozpenik handienak detektatzeko eta gainditzeko. “Eskaera txikiko” jarduerak berriz orientatzea, nolabaiteko espezializazioa erakusten duten azpieskualdeetan, helburu honen funtsezko partea dela ulertu behar da, Merkatu Bakarrak etorkizuneko aukera gutxi eskaintzen baititu haientzat.

2. Eskualdea etorkizunerako lehiarako kokalekurik onenean kokatzea, horretarako eginahalak eginez hiru norabidetan:

–Lehiakortasuna, lan indarra eta teknologia hobetzeko funtsezkotzat jotzen diren produkzio faktoreen hornikuntzaren hobekuntza ekarriko duten neurri egokiak ezartzea, oinarriak ezarriz, eskualdeko giza baliabideen kualifikazio hobea ziurtatzeko eta teknologia hobetzeko.

–Azpiegiturak hobetzea zentzurik zabalenean, alegia, Ebroko erregio sistemako azpi-arroen edo/eta bigarren mailako ardatzen arteko lotura sustatu beharra duen komunikazio bideen sistema gisa ulertzeaz gain, telekomunikazioen sistema gisa ere ulertu behar da, hiri-hornikuntzako azpiegiturak, saneamendua...

–Gizarte eta zerbitzu ingurune bat sustatzea, jarduera ekonomikoa erraztuko duena, izan ere, kolektibitateak garapenaren aldeko jarrera erakutsita, eta zerbitzu sektorearen hedapen egoki eta modernizatu batekin, bestela nekez ziurtatuko da hazkundearen aldeko testuinguru egoki bat.

3. Gizarte eragile eta eragile ekonomiko guztien parte hartze aktiboa lortzea gaurko arazoak elkarlanean konpontzeko prozesuan, haien inplikazioa sustatuz, bai gogoeta prozesuan, bai eskualdearen etorkizuneko diseinuan.

4. Eskualdea berriro integratzea Ebro ibarreko erregio sisteman, posizio orekatuago batetik, hobeki aprobetxatzeko hedapen prozesuak, eta etorkizunean bermatzeko eskualdea osatzen duten nukleoen iraunkortasuna eta ongizatea.

5. Hauek ere Partzuergoaren helburuak izanen dira:

–Eskualdearen garapen ekonomikoa eta soziala gauzatzeko behar diren ekintzak planifikatzea eta egikaritzea.

–Eskualdean egiten diren jarduerak eta inbertsioak finantzatzeko behar diren baliabide ekonomikoak lortzeko ekimen publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

–Partzuergoan elkartutako entitateen ekimenak bideratzea eta sustatzea.

–Partzuergoaren funtzionamendua eta hark sustatuko dituen jarduerak finantzatzeko behar den finantzazioa kudeatzea.

–Eskualdeko gizarte sarea sentsibilizatzea arazoen inguruan eta haren garapenaren interesentzat lagungarriak izanen diren baliabideen, ekintzen eta proiektuen inguruan.

–Gizarte eragile eta eragile ekonomiko guztien parte hartze aktiboa lortzea gaur eskualdean eragina duten arazoak elkarlanean konpontzeko prozesuan.

–Erakustazokak sustatzea, kudeatzea eta haien garapenaren gaineko kontrola eramatea, hala nola bestelako jarduera batzuk ere, esaterako, lehiaketa teknikoak, industrialak eta komertzialak, edo erakusketak, eskualdearen balio ekonomikoak ezagutarazteko lagungarriak izanen direnak.

–Zerbitzuak ematea, eta lanak, aholkularitzak eta enkarguak gauzatzea.

–Eskualdearen garapen turistikoa planifikatzea, kudeatzea eta sustatzea, espazio turistikoa egituratzen duen elementu gisa, Partzuergoaren jarduketaren esparruan, gai horren gainean udalek duten eskumena kaltetu gabe.

–Sektore publiko eta pribatutik turismoari buruz heldu diren proposamenak koordinatzea.

–Turismo jasangarria eta eskualdeko kultura eta natura ingurunearekiko errespetua gordeko duena lortzeko behar diren azterketak egitea, ondarea erabiltzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren araudiak proposatuz.

–Turismoaren sektorean egiten diren jarduera eta inbertsioak finantzatzeko behar diren baliabide ekonomikoak lortzeko ekimen publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

–Oro har, Nafarroako Gobernuaren edo Partzuergoan elkartutako udalen aginduz egin behar dituen udalez gaindiko lanak egitea eta zerbitzuak eskaintzea.

–Partzuergoak aukera izanen du Nafarroako I+G+b sistemako Eragile Betearazle gisa onartua izateko, Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat, entitate berezi gisa akreditatuta. Beraz, Partzuergoaren xede eta helburuak izanen dira I+G+b arloa gauzatzea, koordinatzea eta ezagutaraztea, eta orobat:

a) Zientzia arloko zabalkuntza eta dibulgazio jarduerak egitea gizartearentzat, oro har, ume nahiz helduentzat edo enpresentzat, bereziki, ikus-entzunezkoen sektoreko enpresentzat: ikerketa zientifikoak egitea ikus-entzunezkoen sektorean aplikatzeko, kalitate eta egokitasun irizpideen arabera; dibulgazio materialak sortzea, erakusketak, proiekzioak, ekitaldiak, sariketak, ikastaroak edo bestelakoak; prestakuntza eta zientziaren ezagutza sustatzea ikus-entzunezkoen sektorean.

b) Lankidetzan aritzea I+G+b egiten duten eragileekin eta eragileen koordinatzailearekin, Nafarroako I+G+b Sistemako eragileen I+G+b emaitzen dibulgazioan eta hedapenean.

6. Partzuergoak gaitasuna du bere xedeak betetzeko behar diren egintzak egiteko, besteak beste, honako hauek:

a) Dirulaguntzak eta bestelako laguntzak eskatzea tokiko, eskualdeko, estatuko nahiz Europar Batasuneko entitate publikoei, eta haiek kudeatzea.

b) Partzuergoak udalei nahiz gainerako kideei ezarritako kuotak biltzea.

c) Entitate pribatuen dirulaguntzak edo laguntzak kudeatzea, bere eskumenen esparruan.

d) Banketxeei eta aurrezki kutxei kredituak eta maileguak eskatzea.

e) Hitzarmenak eta obra edo zerbitzu kontratuak sinatzea, baita bere funtzionamendurako behar diren gainerako egintza guztiak ere.

f) Partzuergoaren xedeak garatzeko behar diren zerbitzuak antolatzea.

g) Langileak kontratatzea.

h) Entitatearen funtzionamendua garatzeko behar diren inbertsioak egitea.

6. artikulua. Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategiak gauzatzeko erreferentziazko eremu geografikoak 36 udal biltzen ditu guztira, ikuspegi fisiko-natural batetik honako eskualde hauetan biltzen ahal direnak:

1. Ega ibarra: Andosilla, Azagra, Cárcar eta San Adrián;

2. Aragoi ibarra: Caparroso, Zarrakaztelu (Figarol Kontzejua), Mélida, Murillo el Cuende (Murillo el Cuende, Arrada eta Traibuenas Kontzejuak), Murillo el Fruto eta Santakara;

3. Arga-Aragoi ibaien arro-artea: Faltzes, Funes, Martzilla, Milagro eta Azkoien.

4. Ebro Behereko ezkerraldea: Arguedas, Cabanillas, Cadreita, Fustiñana, Valtierra eta Alesbes.

5. Ebro Behereko eskuinaldea: Castejón, Alhama ibarra –Cintruénigo, Corella eta Fitero–, Queiles ibarra –Ablitas, Barillas, Cascante, Monteagudo, Murchante eta Tulebras–, Buñuel, Cortes, Fontellas, Ribaforada eta Tutera.

6. Errege Bardea.

IV. TITULUA

Partzuergoko kideak

7. artikulua.

1. Partzuergoko kide izaten ahalko dira Foru Komunitateko Administrazioa eta aurreko artikuluan definitutako lurralde eremuko Toki Administrazio Publiko guztiak (36 udal eta Nafarroako Errege Bardeako Komunitatea, gehi Murillo el Cuende, Arrada, Traibuenas eta Figaroleko Kontzejuak); ekimenari atxiki, haren Estatutuak onartu eta Partzuergoaren Eratze Eskritura sinatu behar dute; gainera, kide izaten ahalko dira, baita ere, Nafarroako Erriberan garrantzi berezia duten eta irabazi asmorik gabekoak diren elkarte, erakunde, fundazio eta entitate pribatuek.

Batzarra eratu ondoren, eskatzailearen legezko ordezkariak sinatuko du sartzeko eskaera, Elkarte honetan sartzeko erabakiaren ziurtagiria eta eskatzen ahal den gainerako dokumentazioa aurkeztuta.

2. Partzuergoko lehendakariak Batzorde Betearazlera eramanen du eskaera, eta hark hurrengo lehen bilkuran hartu beharko du erabakia.

3. Sartzeari ezezkoa ematen bazaio, ez da inolako errekurtsorik aurkezten ahalko.

8. artikulua. Arrazoi hauek direla medio utziko zaio partzuer izateari:

1. Partzuerrak bere borondatez uko egiteagatik. Partzuerrek noiznahi eskatzen ahalko dute baja.

2. Partzuergoari eusteko Kontseilu Orokorrak ezartzen dituen kuotak ez ordaintzeagatik.

Partzuer izateari uzteak ez du salbuetsiko bete gabe dituen betebehar eta konpromisoak betetzetik.

9. artikulua. Honako eskubide hauek dituzte Partzuergoko kideek:

a) Partzuergoaren helburuak lortzen parte hartzea.

b) Batzorde Betearazlean, lan batzordeetan edo Partzuergoko edozein organo kolegiatutan edo pertsona bakarreko organotan parte hartzeko hautatuak nahiz hautatzaileak izatea.

c) Kontseilu Orokorrean parte hartzea, botoa eta hitza dituztela.

d) Informazioa eskatzea Partzuergoaren edozein alderdiri buruz, hartan interesa izanez gero.

e) Partzuergotik askatasunez ateratzea, une horretaraino atxiki dituen betebeharrak bete ondoren.

f) Hartutako erabakiei kontra egitea, horretarako eskatzen diren baldintzak eta beharkizunak beteta.

10. artikulua. Partzuerrek betebehar hauek dituzte:

a) Estatutuak eta Partzuergoaren gainerako agiriak eta legez onetsitako eta hartutako erabakiak bete eta betearaztea.

b) Kontseilu Orokorraren bilkuretara joatea.

c) Hautatuak edo izendatuak badira, kargu eta izendapen horiek onartzea eta behar bezalako prestasunez betetzea.

d) Sarrerako kuota, aldizkakoak eta apartekoak ordaintzea, haien aplikazioa onetsita badago.

V. TITULUA

Partzuergoaren araubide funtzional eta juridikoa

11. artikulua. Partzuergoa ordezkatu eta zuzenduko duten organoak Lehendakaritza, Lehendakariordetzak, eta Batzorde Betearazlea eta Kontseilu Orokorra, kide anitzeko organo gisa, izanen dira, beren eskumenen baitan.

12. artikulua. Partzuergoaren kide anitzeko organoen bilera guztien akta jasoko du idazkariak, bertan adieraziz nor elkartu diren, azterturiko gaien laburpena, bozketen emaitza eta, halakorik balitz, hartutako erabakiarekin bat ez datozen boto partikularrak, hala nola, interesgarria iruditzen zaion bestelako edozein gertakizun.

Hartutako erabakiarekin bat ez datozen botoak eta abstentzio motibatuek berekin ekarriko dute erabakitik erator daitezkeen erantzukizunetatik salbuetsita egotea.

I. KAPITULUA

Kontseilu Orokorra

13. artikulua. Kontseilu Orokorra herritarrek eta erakundeek Partzuergoan parte hartzeko duten organoa da, eta bertan elkartutako entitate guztien ordezkaritza biltzen du.

Erabakiak Kontseiluan elkartu diren Partzuergoko kideen botoen gehiengo soilez hartuko dira.

Bilkuretara joaten ahalko dira inguruabarren arabera lehendakariak bertara joateko deitu dituen pertsonak. Hitza izanen dute, baina botorik ez.

14. artikulua. Kontseilu Orokorreko bilkurak ohikoak eta ezohikoak izanen dira.

15. artikulua. Kontseilu Orokorra modu baliozkoan eratuko da, lehenengo deialdian, baldin eta kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira. Bigarren deialdian, modu baliozkoan eratuko da bertaratzen diren kideen kopurua edozein dela ere, beti ere, bazkide guztien bosten bat baino gehiago badira.

Bigarren deialdia gauzatuko da lehenengo deialdirako ezarritako ordutik hamabost minutura, eta ez da beharrezkoa izanen espresuki adieraztea gauzatzen dela.

16. artikulua. Partzuergoan elkartutako entitateek beren ordezkariak izanen diren pertsona fisikoak aukeratuko dituzte, eta behar den egiaztagiria emanen zaie.

17. artikulua. Kontseilu Orokorraren ohiko bilkura gutxienez urtean behin elkartuko da. Gai-zerrendan jaso litezkeen bestelako gaiez gain, aztertu eta onartu beharko dira urteko kontuak eta aurrekontuak, aurreko urteari dagozkion kontuak likidatzea eta betetzea, eta Batzorde Betearazleak urteko kudeaketaren inguruan eman beharreko azalpena.

18. artikulua. Kontseilu Orokorraren bestelako edozein deialdi ezohikoa izanen da.

19. artikulua. Ezohiko Kontseilu Orokorraren deialdia eginen da lehendakariak edo Batzorde Betearazleak egokia ikusten dutenean, edo elkartutako entitateen bosten batek, gutxienez, Kontseiluko botoen %20 ordezkatzen duenak, eskatzen duenean. Azken kasu honetan, eskaera idatziz aurkeztu behar da, eta egiaztatuta utzi behar dira eskatzaileen sinadurak, eztabaidarako eta baloratzeko proposatzen diren gaiak, Kontseilu Orokorraren gai-zerrendan jaso beharko direnak; eskaeratik bi hilabetera, gehienez ere, elkartuko da Kontseilu Orokorraren bilkura. Epe hori deialdirik egin gabe igaroz gero, Kontseiluaren deialdia egiteko aukera izanen du eskaera egin duen kolektiboak.

20. artikulua. Kontseilu Orokorraren ahalmenak dira:

a) Estatutuak, Barne Araubiderako Erregelamendua eta munta duten bestelako dokumentu organikoak onestea eta aldatzea.

b) Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategietarako Planaren garapen maila desberdinak gainbegiratzea eta onartzea: Diagnosiak, helburuak, helburu estrategikoak eta ondorioen dokumentua.

c) Partzuergoaren aurrekontuak eta kontu orokorrak, eta orobat Batzorde Betearazlearen kudeaketaren gaineko urteko txostena, onestea.

Kontseilu Orokorraren eskumena da, orobat, proiektuak onestea honako hauei dagokienez: obrak, zerbitzuen kudeaketa eta, orokorrean, Batzorde Betearazleari aurkezten zaizkion jarduera guztiak, Partzuergoaren xedeak betetzearekin lotutakoak badira, eta urte bateko edo gehiagoko zorpetzea behar badute.

d) Garapen estrategiak ezartzeko prozesua sustatzea, prestatzeko prozesua amaitu ondoren.

e) Partzuergoa desegitea.

f) Kontseilu Orokorraren lehendakariordeak eta Partzuergoan elkartutako Toki Entitateen ordezkari gisa joanen diren Batzorde Betearazleko kideak hautatzea, ukatu gabe 24.2 artikuluak lehendakariari esleitzen dion eskumena, Batzorde Betearazleko lehendakaria proposatzeko, horretarako hautagairik ez badago.

Kontseilu Orokorrak Batzorde Betearazlearen esku delegatu dezake egoki iruditzen zaizkion eginkizunak, salbu eta a), c), e) eta f) puntuetan jaso direnak.

21. artikulua. Kontseilu Orokorra biltzeko deia egitea, bai ohikoa, bai ezohikoa, lehendakariari dagokio, Partzuergoan elkartutako entitateen eskaeraz biltzeko kasurako aurreikusitakoa ukatu gabe.

Idatziz jakinaraziko zaie Partzuergoko kideei, bilkura egin baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Komunikazioan adierazi behar dira, gutxienez, Kontseilua elkartzeko lekua, eguna eta ordua, eta gai-zerrendako gaiak.

Deialdiaren eta elkartzeko unearen arteko epean, elkartutako entitateen eskura egonen da, Partzuergoaren egoitzan, gai-zerrendan jasotako gaien inguruko dokumentazioa.

22. artikulua. Kontseiluan eztabaidatuko dira, orobat, helburu sozialari dagozkion eta Batzorde Betearazleak, edo Partzuergoan elkartutako entitateen bosten batek, proposatu dituen gaiak, Kontseilua elkartu aurretik gutxienez hamar eguneko aurrerapenez proposatu badituzte; Partzuergoan elkartutako entitateei jakinarazi behar zaizkie proposatutako gai berriak, Bilkura elkartu baino hiru egun natural lehenago, gutxienez.

23. artikulua.

1. Kontseilu Orokorra osatzen dute lehendakariak, lehendakariordeek eta Partzuergoan elkartutako entitateen ordezkariek.

2. Kontseilu Orokorreko bozketak arautzeko, talde hauek ezarri dira sektoreen ordezkari gisa:

–Tokiko udal erakundeak.

–Nafarroako Errege Bardeako Komunitatea.

–Langileen ordezkaritza handieneko sindikatuak.

–Enpresaburuak ordezkatzen dituzten elkarteak.

–Nekazarien erakundeak ordezkatzen dituzten entitateak.

–Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala.

3. Kontseilu Orokorrean botoa emateko eskubidea izanen dute Partzuergoan elkartutako entitateek, portzentaje honen arabera:

–Tokiko udal erakundeak: 100 boto, udal bakoitzaren biztanle kopuruaren arabera, proportzioan banatuko dira. Udal konposatuen kasuan, ordezkaritza banatzen ahalko da, hura osatzen duten udalen eta kontzejuen artean.

–Nafarroako Errege Bardeako Komunitatea: Boto 1.

–Langileen sindikatuak: Boto 1 ordezkaria duten sindikatu bakoitzak.

–Enpresaburuen elkarteak: Boto 1 ordezkaria duen elkarte bakoitzeko.

–Nekazarien erakundeak ordezkatzen dituzten entitateak: Boto 1 ordezkaria duten entitate bakoitzak.

–Nafarroako Merkataritza Ganbera: Boto 1.

4. Nazioarteko, Europako, estatuko, erkidegoko nahiz toki mailako araudian, edota beste erakunde nahiz entitate baten araudian ezarritakoaren arabera, beharrezkoa denean Partzuergoko kide ekonomiko eta sozial pribatuen, eta administraziotik kanpoko ordezkaritza zuzena edo zeharkakoa duten kideen eta entitate pribatuen ordezkaritza zuzena izatea gutxienez botoa emateko eskubidea dutenen ehuneko berrogeita hamar, eskakizun hori aplikagarri bada eta Partzuergoari eragiten badio, programak gauzatzeko jardueretan, laguntzen nahiz diru-laguntzen eskaeretan, edo Partzuergoak egin nahi dituen edo egiten ari den jardueretan, dela modu zuzenean, edo zeharka, erakunde, filial edo delegazioen bidez, edo bestelako kudeaketa mota baten bidez, edo hitzarmen bidez, honela gauzatuko da ordezkaritza eta botoa emateko eskubidea:

Unean-unean Partzuergoko kide diren entitate publikoen ordezkaritza eskubidea eta, beraz, ematen ahal dituzten botoen kopurua, modu proportzionalean haztatuko dira, entitate horiei dagozkien botoen kopuru osoa izan ez dadin aurreko paragrafoan aipatzen diren eta unean-unean Partzuergoko kide diren entitate pribatuei dagozkien botoen kopuru osoa baino handiagoa.

24. artikulua. Nazioarteko, Europako, estatuko, erkidegoko nahiz toki mailako araudian, edota beste erakunde nahiz entitate baten araudian ezarritakoaren arabera, beharrezkoa denean, hau ezartzen da:

1. Partzuergoak bere Kontabilitate berezi eta independentea izanen du, Nazioarteko, Europako, estatu, erkidego nahiz toki mailako araudian, edota beste erakunde nahiz entitate baten araudian ezarritakoaren arabera eskatzen ahal diren ekintzak gauzatu ahal izateko etorkizunean.

Kontabilitate horrek Nafarroako Gobernuak era honetako toki entitateentzat ezarritako arauak beteko ditu, eta orobat, beteko ditu Kontabilitate Plan Orokorra irabazi asmorik gabeko entitateen arabera egokitzeko arauak ezartzen dituen apirilaren 30eko 776/98 Errege Dekretuan ezarritako zehaztasunak, eta entitate horiek beren aurrekontuen berri emateko kasu honetarako bete behar dituzten arauak ere bai.

2. Ondorio horietarako, erabaki da Administrazio eta Finantza Arduradunaren postua, funts publikoak kudeatzeko eta administratzeko gaitasuna barne dela, betetzen ahalko dutela Partzuergoan elkartutako udal batean gastu publikoa kontrolatu eta fiskalizatzeko funtzioa egiten ari diren langileek.

Zerbitzu hori emateko baldintzak kasuaren arabera aplikagarriak diren lege xedapenei jarraikiz ezarriko dira.

II. KAPITULUA

Batzorde Betearazlea

25. artikulua.

1. Batzorde Betearazlea organo kolegiatu betearazlea eta kudeatzailea da; haren gain daude Nafarroako Erriberaren Garapen Estrategiak prestatzeko ardura, proiektuen urteko plana prestatzea, eta Partzuergoaren gainerako xedeak betetzea.

2. Batzorde Betearazlea hamar bokalek osatuko dute, hitza eta botoa dutela, Partzuergoan elkartutako entitate publiko eta pribatuak ordezkatuz.

Batzorde Betearazleak erabakitzen ahalko du bera osatzen duten kideek konpentsazio ekonomikoa hartzea, bilkuretara joateagatik, eta kalte-ordainak gastu eta dietak konpentsatzeko, tokiko korporazioetako kideentzat ezarritakoen antzera. Konpentsazio edo kalte-ordain horiek bateraezinak dira kontzeptu horiek berak oinarri dituzten bestelako ordainekin.

3. Batzorde Betearazleko kideen artean hautatuko da lehendakaria, botoa duten kideen gehiegoarekin, hautagai bakoitzak aurkezten duen programaren arabera.

Batzorde Betearazleko lehendakari izateko hautagairik ez badago, Partzuergoko lehendakariak proposatuko dio Batzorde Betearazleari egokia iruditzen zaion pertsona edo pertsonak; elkartutako entitatea Partzuergoan ordezkatzen duten pertsonak izan behar dute, eta kasu horretan, Batzorde Betearazleko lehendakaria hautatzeko, boto eskubidea duten kideen gehiengo absolutua behar da.

Hautatutako lehendakaria Batzorde Betearazleko kidea ez bada, botoak haztatuko dira, estatutuen 26.2 artikuluan ezarritako proportzionaltasuna mantentzeko moduan.

Agintaldiak inoiz ez du gaindituko dagokion udal agintaldiko lau urteen epea, eta berriz hautatu beharko da, Partzuergoan elkartutako toki entitateen ordezkariak berritu ondoren, Batzorde Betearazlea eratzeko lehenengo bilkuran. Arrazoi horregatik beragatik, espresuki berritu edo berretsi beharko dira Batzorde Betearazlean ordezkaritza duten entitateen ordezkariak.

Kargu horrek konpentsazioa, kalte-ordaina edo ordainsaria jasotzen ahalko du, Partzuergoaren aurrekontuen kargura.

4. Idazkaritza Orokorra, dagozkion eginkizunak betetzeko, Partzuergoko Batzorde Betearazlearen bilkuretara joanen da eta bileretan parte hartuko du, hitza bai baina botorik ez duela.

5. Partzuergoko kudeatzailea, dagozkion eginkizunak betetzeko, Batzorde Betearazlearen bilkuretara joanen da eta bileretan parte hartuko du, hitza bai baina botorik ez duela.

6. Batzorde Betearazlearen bilkuretara joateko eskubidea dute Partzuergoko lehendakariak eta lehendakariordeak. Hitza bai baina botorik ez dute izanen.

7. Batzorde Betearazleko lehendakariak Batzorde Betearazlearen bilkuretara joateko gonbidatzen ahal ditu egokiak iruditzen zaizkion pertsonak, egoeraren arabera eskatzen bada. Hitza bai baina botorik ez dute izanen.

8. Batzorde Betearazleko kideek kargua utziko dute Estatutuen 33. artikuluan ezarritako arrazoiengatik, beren ordezkaritza kentzen badie ordezkatzen duten entitateak, edo Batzorde Betearazlearen erabakiz.

26. artikulua.

1. Batzorde Betearazlean ordezkaritza duten toki entitateak lau urteko epe baterako aukeratzen dira.

2. Batzorde Betearazlean gainerako entitateek dituzten ordezkariak haiek ordezkari dituzten entitate, elkarte eta erakunde bakoitzak proposatuta izendatuko dira.

27. artikulua.

1. Partzuergoko kideek Batzorde Betearazlean parte hartzeko, Kontseilu Orokorrean ordezkaritza eratzeko antolatutako sektore-talde berak ezartzen dira.

2. Sektore-talde horien ordezkariek proportzio eta kargu hauetan parte hartuko dute Batzorde Betearazlean:

–Lau kide. Partzuergoko kide diren toki entitateen ordezkariak. Ordezkaritza horretan ahalegina eginen da lurralde bakoitzeko ordezkaritza izan dadin: Erribera Goiena (Ega ibarra, Aragoi ibarra, Arga-Aragoi arro-artea), Erribera Beherea (Ebro Beherearen Ezkerraldea, Ebro Beherearen Eskuinaldea Tutera izan ezik) eta Tutera.

–Tuterako ordezkaria hiri horretako Udalak izendatuko du.

–Gainerako hiru kideen aukeraketa, gainerako toki entitateak ordezkatuz, ondoko sistema honen bidez eginen da:

Hautagaitzak aurkeztuko dituzte, zerrenda itxien bidez, Partzuergoko kide diren herrietan ordezkaritza lortu duten alderdi politikoek, hauteskunde koalizioek edo hautesle elkarteek.

Zerrenda horietan hiru titular eta ordezko bat agertuko dira, eta titularren nahiz ordezkoaren kokapenaren hurrenkera adieraziko da.

Zerrenda horiek osatzen direnean, ahalegina eginen da artikulu honetan aipatu diren lurraldeek ordezkaritza izan dezaten, ahal izanez gero.

Hautagai izanen dira aurkeztu eta onartu diren zerrendak, eta Batzorde Betearazleko hiru bokalak esleituko zaizkie zerrenda bakoitzeko hautagaiei, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 163.1 artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraikiz, alegia:

a) Hautagaitza bakoitzak lortutako botoen kopuruak zutabe batean agertzen dira, handienetik txikienera.

b) Hautagaitza bakoitzak lortutako botoen kopurua zatituko da zati bat, zati bi, zati hiru, eta abar, hautatu beharreko bokalen kopurura iritsi arte, LOREG legearen adibide praktikoan agertzen denaren antzeko koadro bat eratuz. Postuak esleituko zaizkie koadro horretan kozienterik handienak lortzen dituzten hautagaitzei, handienetik txikienera.

Batzorde Betearazleko gainerako kideak izanen dira:

–Bi kide. Langileen sindikatuen ordezkariak.

–Bi kide. Enpresaburuen elkarteen ordezkariak.

–Kide bat. Eskualdeko nekazaritza erakundeen ordezkariak.

–Kide bat. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialaren ordezkari bat.

3. 23. artikuluaren 4. apartatuan ezarritako eskakizunak eta gainerako baldintzak betetzen direnean, Partzuergoko kideen osaera aldatuko balitz ere, Batzorde Betearazleak oraingo egiturari eutsiko dio, alegia, entitate pribatuetako kideak izanik oraingo proportzio berean entitate publikoko kideekiko, alegia, 4 publiko eta 6 pribatu.

28. artikulua. Batzorde Betearazleko eskumenak dira Partzuergoaren koordinazioari eta administrazioari dagozkionak, proiektuen urteko plana prestatzea, eta Partzuergoaren gainerako helburuak eta Kontseilu Orokorrak onartutako erabakiak eta proiektuak betetzea.

–Proiektuaren urteko planaren garapenaren fase desberdinen garapena kontrolatzea.

–Garapen estrategien Diagnosiak eta Helburuak prestatzeko ardura duen lantalde teknikoaren lanaren jarraipena egitea.

–Lan Batzordeak eratzea; haien lana antolatzea eta dinamizatzea.

–Lan Batzordeak osatuko dituzten pertsonak izendatzea eta batzordeburuak izendatzea.

–Garapen estrategietan eta Partzuergoaren gainerako helburuak betetzeko eginkizunean parte hartzen duten organo guztien funtzionamendua koordinatzea.

–Proiektuen urteko planean fase bakoitzerako ezarritako erritmoak betetzen direla ziurtatzea, eta orobat, Partzuergoaren helburuak betetzeko beharrezkotzat jotzen diren obra edo zerbitzuetako proiektuen erritmoak.

–Egokiak iruditzen zaizkion gaietan, ospe handia eta eskualdearekiko lotura duten pertsonalitateen iritziak biltzea.

Kontseilu Orokorrari proposatzea, hark onar ditzan, planaren Diagnosiaren, Helburuen eta Ildo Estrategikoen testuak, hala nola, Partzuergoaren helburuak betetzeko beharrezkotzat jotzen diren obra edo zerbitzuetako proiektuak.

–Kontseilu Orokorrak harturiko erabakiak betearaztea.

–Kontseilu Orokorrean aurkeztu beharreko urteko txosten ekonomikoa, aurrekontua, memoria eta jardueren plana prestatzea, hala nola egokiak iruditzen zaizkion bestelako txostenak.

–Estatutuetan eta elkartearen gainerako dokumentuetan jasotzen diren betebeharrak interpretatzea eta aplikatzea.

–Partzuergoko kideek ordaindu beharreko kuoten zenbatekoak, sarrerakoa, aldizkakoak nahiz apartekoak, eta ordaintzeko moduak, erabakitzea, Kontseilu Orokorrean onartutako urteko aurrekontuaren arabera.

–Partzuergoko Estatutuen eta gainerako arauen prestaketa edo aldaketa proposatzea.

–Kontseilu Orokorraren deialdia proposatzea.

–Elkartearen helburuak betetzeko beharrezkoak diren dokumentu publikoak eta pribatuak emateko erabakia hartzea.

–Partzuergoaren parte hartzea beste edozein entitatetan erabakitzea, edo entitateen sorrera sustatzea, bere interesak egoki administratzeko eta helburuak egoki betetzeko lagungarria dela iruditzen zaionean.

–Erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak, laguntzak, kredituak eta abalak eskatzea.

–Partzuergoaren kudeatzailearen izendapena eta kargu uztea erabakitzea, dela Estatutuen 33. artikuluan jasotako arrazoiren batengatik, dela izendapena errebokatzeagatik.

–Partzuergoaren idazkari orokorra izendatzea eta kargutik kentzea, dela Estatutuen 33. artikuluan jasotako arrazoiren batengatik, dela izendapena errebokatzeagatik.

–Laguntzaile teknikoak izendatzea eta kargutik kentzea, dela Estatutuen 33. artikuluan jasotako arrazoiren batengatik, dela izendapena errebokatzeagatik; eta Planarekin lotutako lanen prestaketa kontratatzea, eta haien baldintzak eta formak ezartzea.

–Toki entitateak ez diren Partzuergoko kideak atxikitzea dagokien ordezkapen sektore-taldeari.

–Lege nahiz estatutuetatik datozen eta Partzuergoaren helburuekin bat datozen bestelako eginkizunak, entitatearen ibilera egokirako beharrezkoak direnak, eta beste organo baten eskumena ez direnak.

29. artikulua. Batzorde Betearazlea elkartzeko deialdia Batzorde Betearazleko lehendakariari dagokio, eta kideei jakinaraziko zaie gutxienez bost egun naturalen aurrerapenaz, premiazko kasuetan izan ezik.

Komunikazioa idatziz eginen da, eta adierazi behar dira, gutxienez, Kontseilua elkartzeko lekua, eguna eta ordua, eta gai-zerrendako gaiak.

30. artikulua. Batzorde Betearazleko lau kidek, gutxienez, idatziz eskatzen dutenean hura biltzeko, gairen bat eztabaidatzeko, Batzorde Betearazleko lehendakariak deialdia gauzatzeko betebeharra du, eskatzen denetik zortzi egun naturalen epean.

Batzorde Betearazleko lehendakariak deialdia gauzatuko ez balu, eskaera sinatu duten eskatzaileek deialdia zabalduko diete Batzorde Betearazleko kide guztiei, deialdia egiteko baldintza guztiak beteta, eta bilkura horren buru izanen da urte gehien dituen bokala.

31. artikulua. Batzorde Betearazlearen bilkura balioz eratuko da lehenengo deialdian kideen gehiengoa elkartzen bada. Bigarren deialdian, gutxienez lau kide elkartzen badira.

Erabakiak bertaratutakoen gehiengoz hartuko dira. Bozketaren emaitzan berdinketa gertatuko balitz, Batzorde Betearazleko buru ari den bokalaren botoa erabakigarria izanen da, eta berdinketa hautsiko du.

III. KAPITULUA

Partzuergoko lehendakaria

32. artikulua. Kontseilu Orokorreko lehendakariak du haren legezko ordezkaritza, Kontseilu Orokorra elkartzeko deialdia egiten du eta haren buru da, eta helburuak lortzea sustatzen du.

Lehendakaria Tuterako alkatea izanen da.

33. artikulua. Partzuergoko lehendakariaren kargua bete gabe badago, edo hura kanpoan edo eri badago, lehendakariorde batek ordeztuko du.

34. artikulua. Lehendakariak bere kargua utziko du arrazoi hauek direla medio:

a) Agindutakoa ez betezeagatik.

b) Gorputzeko edo buruko ezgaitasun nabarmena duelako.

c) Karguarekin bateraezinak diren jarduerak egiten dituelako.

d) Kargua betetzean legea hausteagatik zigor-epai irmo baten bidez kondenatua izan delako.

e) Dimisioagatik.

f) Hiltzeagatik.

35. artikulua. Lehendakariordeak: Partzuergoak bost lehendakariorde izanen ditu, Kontseilu Orokorrak izendatuko ditu, Partzuergoko toki entitateen ordezkarien artean, eta honako bost eremu hauek ordezkatuko dituzte:

–Ega-Arga-Aragoi:

  • Azagra, Faltzes, Funes, Martzilla eta Azkoien eta San Adrián.

–Ebro:

  • Arguedas, Cadreita, Castejón, Milagro, Valtierra eta Alesbes.

–Alhama ibarra:

  • Cintruénigo, Corella eta Fitero.

–Queiles ibarra:

  • Ablitas, Barillas, Cascante, Monteagudo, Murchante eta Tulebras.

–Ebro Hegoa:

  • Buñuel, Cabanillas, Cortes, Fontellas, Fustiñana eta Ribaforada.

Haien eginkizuna da Partzuergoaren lehendakariari laguntzea Partzuergoaren helburuak zuzen bete daitezen, eta haren ordezkoak izanen dira, lehendakaria kanpoan edo eri bada.

Lehendakariordeak izendatuko dira, lehenengotik bosgarrenera, ordezkatzen dituzten lurralde eremuetako biztanle kopuruen hurrenkeran.

Lehendakaria eta bost lehendakariordeak gutxienez hiru hilean behin elkartuko dira, Batzorde Betearazleko lehendakariarekin, Batzorde Betearazlearen lanen nondik-norakoak ezagutzeko.

IV. KAPITULUA

Batzorde Betearazleko lehendakaria

36. artikulua. Batzorde Betearazleko lehendakaria 25.3 artikuluan ezarritakoaren arabera aukeratuko da, haren funtzionamendua koordinatuko du eta proiektuen urteko plana betetzea bultzatuko du.

37. artikulua. Batzorde Betearazleko lehendakariaren ahalak dira: Batzorde Betearazlea deitzea eta haren buru izatea, eztabaidak zuzentzea, haren bozeramaile izatea, eta Estatutu hauen edukitik sortzen ahal diren gainerako ahal guztiak.

V. KAPITULUA

Partzuergoko kudeatzailea

38. artikulua.

1. Partzuergoko kudeatzailea teknikari kualifikatu bat izanen da, Partzuergoaren helburuei dagozkien betearazpen eta kudeaketa eginkizun ugari izanen dituena, autonomia eta erantzukizun osoarekin, eta muga bakarra Partzuergoaren gobernu eta administrazio organo gorenetatik sortzen diren zuzeneko jarraibideak izanen dituena.

2. Partzuergoko kudeatzaileari dagozkio eginkizun hauek, Batzorde Betearazleko lehendakariaren zuzeneko ikuskapen eta agindupean:

a) Partzuergoaren lana koordinatzea, haren funtzionamendua sustatzea eta haren administrazioa eta kudeaketa zuzentzea, ordainketak aginduz, eta Partzuergoaren ohiko kudeaketarako eta haren helburuak eta xedeak betetzeko beharrezkoak diren dokumentuak eta kontratuak sinatuz.

b) Kontseilu Orokorraren eta Batzorde Betearazlearen erabakiak betearaztea.

c) Legeek edo Partzuergoko organoek delegazioz ematen ahal dizkioten gainerako eginkizunak.

VI. KAPITULUA

Partzuergoko Idazkaritza Nagusia

39. artikulua.

1. Partzuergoko Idazkaritza Nagusia da Kontseilu Orokorraren eta Batzorde Betearazlearen idazkaritzaren eginkizunak beteko dituen organoa, eta Partzuergoko Kudeatzaileari lagunduko dio, dagozkion eginkizunetan.

2. Partzuergoko Idazkaritza Nagusiaren eginkizunak honako hauek izanen dira:

a) Sartzeko eskaerak jasotzea eta bideratzea.

b) Partzuergoko kideen erregistro liburua eramatea.

c) Organoen bilkuretako aktak jasotzea eta horretarako dagoen liburura eramatea, Kontseilu Orokorreko lehendakariaren edo Batzorde Betearazleko lehendakariaren oniritziarekin, organoaren arabera.

d) Ziurtagiriak egitea.

e) Partzuergoarentzako funtsak bildu eta zaintzea.

f) Kontabilitatea zaintzea.

g) Elkartearen diru-sarreren berri izatea eta haien kontua eramatea.

h) Arlo ekonomikoko eragiketa guztien kontu hartzea aurrekontuetan, eta kudeatzaileak ematen dituen ordain-aginduak betetzea.

i) Memoria, aurrekontua eta balantzea prestatzea, Batzorde Betearazlean aurkezteko.

j) Batzorde Betearazleak dagozkion eginkizunetan ari dela agintzen ahal dizkion lanak zuzentzea.

VII. KAPITULUA

Batzorde Teknikoak eta Lan Batzordeak

40. artikulua. Batzorde Teknikoak eta Lan Batzordeak lantalde gisa eratuko dira. Batzorde aholku-emaileak dira, eta haien sorrera eta bukaera Batzorde Betearazleari dagozkio.

Batzorde Tekniko eta Lan Batzorde bakoitzean landu beharreko gaietan adituak diren pertsonak arituko dira. Haien izendapena Batzorde Betearazlearen esku izanen da. Operatiboak izateko, batzorde bakoitzak izanen ditu lehendakari bat, idazkari tekniko bat, eta batzordeari esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko izendatutako gainerako kideak.

Batzordeen eginkizunak izanen dira haiek eratzeko erabakian zehazten direnak.

40.bis artikulua. Partzuergoko langileen araubidea.

Adskripzioaren aurretik ari ziren langileak EDER Partzuergoko langileak izaten jarraituko dute, eta Partzuergoa unean-unean atxikia dagoen administraziotik guztiz kanpo eta erabat bereiziak. Beraz, adskripzioak ez du berekin ekartzen langile horien integrazioa adskripzio berriko administrazioan, eta hala izanen da, adskripzio aldaketa gertatzen den bakoitzean.

Partzuergoko kide diren administrazioetatik heldu eta haren zerbitzuan ari diren langileek, funtzionarioak izan nahiz kontratatuak izan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 121. Artikuluan xedatutakoa beteko dute.

Partzuergoak bere langileak ditu, haien araubidea langile kontratatuen araubidea izanen da, Langileen Estatutuan xedatutakoari eta aplikatu beharreko hitzarmen kolektibo edo enpresa akordioari atxikia, eta ez zaizkio aplikatzen ahalko Partzuergoan elkartutako entitateetako araubideak.

EDER Partzuergoak bere langileak kontratatzen ahalko ditu, bere eginkizunak betetzea ezinezkoa denean parte hartzen duten administrazioetako langileekin, eta baimena eman beharko du Partzuergoaren adskripzioa duen administrazioak, horrek ekarri gabe inongo inkorporaziorik, ez eta loturarik ere, harekiko.

Partzuergoa administrazio publiko zehatz bati atxikitzeak ez du berez ekartzen ez integraziorik, ez loturarik ere, EDER Partzuergoko langileen aldetik, atxikia dagoen administrazioarekiko, eta aplikagarriak izanen dira, modu esklusiboan, EDER Partzuergoaren lan baldintzak, aplikagarria den lan arautegia betez.

VIII. KAPITULUA

Partzuergoaren funtzionamendua Tokiko Ekintza Talde gisa edo horren antzera

41. artikulua. Partzuergoak Tokiko Ekintza Talde gisa funtzionatzen ahalko du, Europako ekimenek hala eskatzen badute, esaterako Leader II eta Leader Plus, edo beste edozein ekimenek, eta halaber, beste edozein forma hartuta, estatutuekin bateragarria bada eta dagokion arautegi europarrak hala eskatzen badu.

42. artikulua. Partzuergoak Tokiko Ekintza Talde gisa edo aurreko artikuluan aipatu bezala, beste modalitate batean ari denean, funtzionamendu arau hauek jarraitu beharko ditu:

–Tokiko Ekintza Taldearen erabakitze organoa, hartzen duen izen zehatza edozein dela ere, Partzuergoko Batzorde Betearazlea izanen da, eta kideak izanen dira, Estatutuek ohiko jardunerako ezartzen dituztenez gain, beste kide gehigarri hauek, haiek ere hitza eta botoa izanen dutela, erabakitze organo horretan:

  • Partzuergoaren eremu geografikoko nekazaritza kooperatiben ordezkari bat.
  • Partzuergoaren eremu geografikoko emakumeen elkarteen ordezkari bat.
  • Partzuergoaren eremu geografikoko gazteen elkarteen ordezkari bat.
  • Europako arautegiak eskatzen ahal duen bestelako edozein ordezkaritza.

Ordezkari horiek hautatuko dira haien ordezkaritza organoen bitartez, modu orekatuan, eta beti ere herrian edo eskualdean ordezkaritza badute, Partzuergoaren eremu geografikoaren baitan.

43. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen kideek Partzuergoan izanen duten estatusa guztientzat ezarritako bera izanen da, berezitasun hauekin:

–Kuota borondatezkoa izanen da.

–Ez dute parte hartuko eztabaidan eta bozketan, aztergaia ez badagokio Partzuergoa Tokiko Ekintza Talde edo antzeko erakunde gisa duen jarduketari, modu esklusiboan, salbu eta Partzuergoko eskubide osoko kide gisa onartzeko eskaera egin eta onartuak badira, estatutuen 7. artikuluarekin bat.

VI. TITULUA

Dokumentu araubidea

44. artikulua. Liburu hauek osatzen dute Partzuergoaren dokumentu araubidea:

–Partzuerren erregistro liburua: hartan jasoko dira izena, erregistro zenbakia, helbidea eta dagokion ordezkaritzako sektore-taldea edo eskualdea.

–Akta liburua: hartan jasoko dira Kontseilu Orokorraren eta Batzorde Betearazlearen bilkurei dagozkien aktak. Aktak idazkari nagusiak sinatuko ditu eta onespena emanen diete Partzuergoko lehendakariak eta Batzorde Betearazleko lehendakariak, kasuen arabera.

–Kontabilitate liburuak: haietan jasoko dira ondarea osatzen duten ondasunen zerrenda, eskubideak ete obligazioak.

–Indarra duen legeriaren arabera partzuergo izaerako pertsona juridikoentzat nahitaezkoak diren liburuak.

VII. TITULUA

Aurrekontuen, kontabilitatearen, kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta ondare kontrolaren araubidea.

45. artikulua.

1. Eder Partzuergoa, eratu zenean, zero euroko ondarea zenbatu zuen.

2. Eder Partzuergoak adskribatuta dagoen administrazio publikoaren aurrekontu, kontabilitate eta kontrol araubidea atxikiko du, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusitakoa atxiki beharra ukatu gabe.

3. Partzuergoan elkartutako administrazioen finantzazioa zehazteko, kontuan hartuko dira, bai estatutuetan edo hitzarmen bidez lotutako konpromisoak, bai benetako finantzazioa, horretarako aztertu ondoren egindako ekarpenetatik benetan gauzatu diren ordainketak.

4. Nolanahi ere, urteko kontuen auditoretza eginen da, Partzuergoa atxikia dagoen administrazioaren kontrol organoaren ardurapean.

5. Partzuergoa atxikia dagoen administrazio publikoaren aurrekontuetako parte bat izanen da, eta haren kontu orokorrean sartuko da.

6. Partzuergoa atxikia dagoen administrazio publikoaren ondare-arautegiaren arabera arautuko da.

46. artikulua. Partzuergoa baliabide ekonomiko hauetatik elikatuko da:

a) Partzuergoko kideen kontribuzio eta kuotetatik.

b) Partzuergoari egiten zaizkion dohaintza eta legatuetatik.

c) Instituzio publiko nahiz pribatuetatik ematen ahal zaizkion dirulaguntzetatik, instituzio horiek nazionalak izan, atzerrikoak nahiz udalez gaindikoak izan.

d) Partzuergoaren xedeekin bat heldu diren jarduera zilegien bidez lortzen ahal dituen diru-sarreretatik.

e) Indarra duen legediak baimentzen duen bestelako edozein diru-sarreretatik.

47. artikulua. Aurrekontua urtero prestatuko da, Batzorde Betearazleari dagokio hura formulatzea, eta Kontseilu Orokorrari onartzea, ez onartzea edo aldaraztea.

48. artikulua. Partzuergoak bere baliabideak bere helburuak betetzeko baliatuko ditu, Estatutuetan ezarritakoaren arabera.

49. artikulua. Batzorde Betearazleak aurrekontuen aldaketak onartzen ahalko ditu, gastu-partida berriak sortzeko, edo aurreikusitakoak handitzeko, beste partida batzuen murrizketaren babesean, edo haiekin lotura zuzena duten sarrera-partida berrien babesean; era berean, gastu-partida berriak onartzen ahalko dira, edo aurreikusitakoak handitu, aurreikusitako sarreren gaineko hazkundeen kargura, guztia ere, aurrekontua egikaritzeko oinarriek, edo unean-unean aplikagarria den legediak, ezartzen dituzten zenbatekoa eta prozedura betez.

50. artikulua. Partzuergoan elkartutako udal entitateek partzuergoaren gastuei beren ekarpena eginen diete, biztanle kopuruaren arabera, Kontseilu Orokorrak, Partzuergoaren aurrekontua onartzen duenean, ezartzen duen biztanleko kuota ordainduz.

Gainerako entitate, elkarte eta erakunde bakoitzak, gutxienez, seiehun euro jarriko dituzte.

Adierazitako kantitateak urtero eguneratuko dira, aurreko ekitaldian izaten ahal diren gora-beheren arabera, esparru nazionalerako Estatistikako Institutu Nazionalak zehazten duen Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera, edo haren ordezko indizearen arabera, oinarritzat hartuta eguneratzeko unean indarra duen kuota.

Arestian esandakoa hala dela ere, Partzuergoak eta udal entitate batek edo batzuek, edo Partzuergoko kide diren bestelako entitate, elkarte edo erakundeek, aurrera eramaten dituztenean proiektuak, jarduerak, programak edo bestelako kudeaketa espezifikoak, kide guztien gaineko eraginik ez dutenak, horien eragina partekatzen duten kideei aparteko kuotak ezartzen ahalko dizkie Partzuergoak, jarduera horien kostuaren arabera, eta bi aldeek jarduera horiek aurrera eramateko lotu duten hitzarmenaren arabera.

Partzuergoak ezartzen ahal dituen kuota arruntak edo apartekoak kobratzeko, Estatutuetan ezarritakoaren arabera, Partzuergoko entitateek baimena ematen diete haientzako funtsak kudeatzen edo gordetzen dituzten edozein entitate publiko nahiz pribaturi, funts horietatik kentzeko Partzuergoari zor dizkioten kantitateak.

VIII. TITULUA

Desegitea eta likidazioa

51. artikulua. Partzuergoa desegite eta likidazio egoeran sartuko da ondoko arrazoi hauengatik.

a) Partzuergoko kideen gogoa delako, ezohiko batzar orokorrean erabakita, aldeko botoa emanik bertan dauden edo ordezkatuta dauden Partzuergoko kideen bi herenak.

b) Partzuergoaren helburuak bete direlako.

52. artikulua.

1. Partzuergoa desegin ondoren, likidazioa eginen da.

2. Batzorde Betearazlea arduratuko da ondareaz, eta dauden obligazioak kitatuko ditu, halakorik balego. Gerakina, halakorik balego, Partzuergoko entitateei emanen zaie.

Iragarkiaren kodea: L2201794